|
BILBOKO I. BERBAGUNEA

Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Arloak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiak bultzatuta, “Bilboko I. Berbagunea” izeneko ekitaldia antolatu da irailaren 25ean, Bilboko Alondegian. Erronka euskararen erabilera kalera ateratzea izango da euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin euskaraz berbetan jarriz. Euskara euskaraz konpartitzea da asmoa. NORK PARTE HARTU Euskaraz ulertzeko gaitasuna duen edonork (nahitaezko baldintza, euskarazko solasaldia oztopatuko ez duena, hain zuzen ere). Euskaldunak eta euskaldun hartzaileak batu nahi ditugu. FUNTZIONAMENDUA Egunean zehar lau txanda antolatuko dira (guztira 1.200 bat pertsona). Lehen txanda (300 pertsona), 09:30 – 11:00. Bigarren txanda (beste 300 bat pertsona), 11:00 – 12:30. Hirugarren txanda (beste 300 bat pertsona), 12:30 – 14:00. Laugarren txanda arratsaldean (beste 300 bat pertsona), 17:30 - 19:00. Txanda bakoitzean seinaka jarri mahai baten inguruan eta ordu eta erdiko tartean bi mahai mugimendu egingo ditugu. 20 minutuko hiru txandatan gai bat izango dugu berba egiteko. Mahaikide bakoitzak hiruorriko bat izango du landu behar diren hiru gaiekin. Mahai bakoitzak moderatzailea izango du. Beharrezkoa iruditzen zaigu pertsona hau euskaldun “ona” izatea, kontuan hartuz ikasten ari direnak ere bertan egongo direla. Beraz, mahaiburuaren ezaugarri nagusia euskaraz ondo jakitea izango da eta bere eginkizuna elkarrizketa sustatzea. Gonbidatuta daude gizartean nolabaiteko oihartzuna duten sektore askotako pertsonak: kultur arlokoak (idazleak, bertsolariak, antzerki mundukoak…) kirol arlokoak (Athletic, Euskaltel Euskadi, arraunlariak…) alderdi politiko guztietako ordezkariak eta beste sektore batzuetakoak (abokatuak, sukaldariak…), eta pertsona horiek kaleko jendearekin mahai baten inguruan elkartzea. Ekitaldiaren dinamizatzaile nagusia ETBko aurkezle Julian Iantzi izango da. Esatari lanak egingo ditu megafonia bidez, besteak beste hasieran mahai zenbakia idaztarazi eta mugimenduetarako denborak zehazteko. Mahai mugimenduak batera eta aldi berean egin behar dira, nahasmenik sor ez dadin. Bertsolari eta trikitilarien laguntza ere izango dugu. Ekitaldiaren sustatzaileak Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dira. Hainbat laguntzaile ere badira: IKEA, IMQ, DEIA eta El Corte Inglés, besteak beste. Jendea behar dute arratsaldeko txandarako (17:30-19:00). Bertaratzeko asmorik izanez gero, adierazi mesedez, behean dagoen e-mail eta telefonoan, ahalik eta lasterren, etorriko zareten, jende kopurua ondo kalkulatu ahal izateko. Aldez aurretik eskerrik asko zuen interesagatik, Alondegian elkartuko garelakoan. Aitor Sangroniz Akarregi, Berbagunearen koordinatzailea e-maila:
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
Telefonoa: 679 527 046
|