|
Larreagaburu esan izan zaio mende askotan Bolueta, Santutxu eta Atxuri artean dagoen mendixkarik garaienari. XIX. mendetik aurrera, ostera, El Morro izena zabaldu eta nagusitu da. Bada, tontortxo horretan gotorleku edo gaztelu txikia egon zen, Bilboren defentsarako lagungarri. Frantsesek egin zuten. Edo italiarrak izan ziren?
1808-1814ko gerran Bilbo sarritan izan zen helburu militarra. Denbora gehiena Napoleonen armadaren mende eman bazuen ere, matxinatuek behin baino gehiagotan eskuratu zuten, hala 1808an bertan nola 1812an. Hala ere, kasu guztietan galdu egin zuten, frantses armadaren nagusitasunak (lehorrean, itsasoa ingelesen esku zegoen eta) ez baitzien aukera handirik eskaini. Bilbo kontrolpean edukiagatik, tarteka frantsesak ez zeuden batere lasai, inguruetan Espainiako armadako tropak (batez ere Mendizabal jeneralarenak) eta gerrillari taldeak (Gaspar Jauregi āArtzaiaā-k zuzentzen zuena, esate baterako) ibiltzen zirelako, hiribildua noiz hartuko.Ā 1812an birritan sartu zen Bilbora Mendizabal baina, gerra-egoerak apur bat aldatzea nahikoa izaten zen frantsesak berriz ere hiriaz jabetzeko. Napoleonen armadak ondo gotortuta eta indartuta zeuzkan SantoƱa, Durango, Donostia, Getaria, IruƱea eta Gasteiz. Ingelesak, ostera, Castron eta Bermeon zeuden, haien itsas-armadaren babesean. Bilbo zen, kate horretako mailarik ahulena. Horregatik, 1813ko otsailean, frantsesek Bilbo aldeko euren indarrak handitu zituzten. Horretarako, Madriletik Palombini jeneralaren italiar dibisioa (2.500 gizon) ekarri zuten. XIX. mende hasiera gatazkatsu hartan Napoleonek Italiako gizartearen sektore batzuen laguntza lortu zuen. Haiek osatu zituzten frantses armadarekin batera borrokatu ziren oste armatuak, Palombini buru zuen dibisioa ādivisione Palombiniā kasu. Palombini Bilbora heldu zenean, lehenengo-lehenengo hiriburua gehiago gotortzeko proposatu zuen, artean defentsa traketsak zeuzkalakoan. Clausel frantses buruzagi nagusiak bere plana onartu eta lanari ekin zioten. Larreagaburuko kanoitegia Defentsa planeko nobedade nagusia Larreagaburun zegoen. Mendixka hori Bilbotik kanpo egon arren, giltzarria zen hiriburua bermatzeko eta, ondorioz, tontorreanĀ gaztelutxoa atontzeaz gain, defentsa lerroaren barruan sartzea erabaki zuten. Lanen diseinatzailea Camilo Vacani izan zen. BegoƱako elizatik eta dorretxetik ekialderantz lubanak atondu eta taketak ipini zituzten Mallonako kanposanturaino; eta berdin gotortu zuten San Agustin komentuaren aldea (gaur egungo udaletxea). Beste horrenbeste egin zuten BegoƱako elizatik Larreagabururaino, leku garrantzitsuenetan. Eta, ibaiaz bestalden, Miribillan eta San Franciscon. Badakigu jakin frantsesek Larreagaburun bost bateria eduki zituztela, denetara hamazortzi artilleria-piezekin hornituta. Defentsa lanok egokiak ote ziren? Laster ikusi zuten. Palombinik Artzaia Gernika aldean inguratu nahi izan zuen batean ā1813ko apirileanā, Mendizabalek Bilbo eraso zuen, barruan tropa gutxi zegoelakoan. Oldarraldi gogorra egin zuten, lehenengo Boluetako Zubibarritik gizon gutxi batzuk eta gero Artxandatik behera multzo handi bietan jaitsita. Lehenengo zutabeak su bizia egin zuen eta bigarrenak BegoƱako elizaren kontra jo zuen eta San Agustineko trokatik behera egin nahi izan zuen. BegoƱako eta Mallonako gotorlekuetatik kanoikadaka erantzun zieten baina, unerik kritikoenak San Agustin aldean gertatu ziren. Azkenean frantses eta italiarrek erasoa geldiarazi zuten. Setiatzaileek, geroago, lehenengo gerra karlistan gertatuko zen bezala, San Agustin komentuaren inguruan topatu nahi izan zuten defentsa lerroan arrakala. Ez zuten, bada, lortu, eta ez zuten lortuko. Frantsesak eta italiarrak ekainean joan ziren Bilbotik, Wellingtonek Gasteizko bataila irabazi eta gero. Orrialde hauetan argitaratu dugun mapan, italiarrek diseinatutako defentsak eta 1813ko apirilaren erasoaren nondik norakoak ikusten dira.
|