Nekane Alonso: “Oraindik, kasu askotan, emakumeak bere etxetik irten behar du” PDF Inprimatu E-posta
Berton - Bakarka
Lur Mallea/Iñigo Azkona-k idatzia   
osteguna, 2011 irailak 29. 14:15

 

 

Bost urte darama zinegotzi bezala (EAJ), Batzar Nagusietatik Bilboko Udalera salto egin zuenetik Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarren saila zuzentzeko. Aste Nagusiko Deisy Mendozaren erailketaz hitz egin digu eta baita genero indarkeriaren aurrean udalak ematen duen zerbitzuari buruz ere. Gazteek arduratzen dute eta, batik bat, beraiekin berdintasun erreala lantzeko premiak. Santutxuar peto-petoa izanik, Mahatserriko kontuak ez ditu aipatu gabe utzi.

Bizkartzaina nori jarri, emakumeari ala erasotzaileari, eztabaida sortu da. Zein iritzi duzu?
Eskolta asko dago lanik gabe eta beste funtzio batzuk betetzeko prest. Baina bizkartzaina jarrita birritan ari gara emakume hori biktimizatzen. Ez da bidezkoa. Erasotzaileei kontrol gehiago ezartzearen aldekoa naiz. Bizkartzaina erasotzaileari jarrita? Eskumuturreko elektronikoa jarrita? Dena den, bizkartzainak ere ez du bermatzen erabateko babesa.
Telefono mugikorrean GPS gailua izango dute eskatzen duten emakumeek arrisku egoera batean Ertzaintzak arinago lagun ditzaten.
Botoi bat sakatuta Ertzaintzak non zauden jakitea erosoagoa da bizkartzain bat leku guztietara eramatea baino. Teknologia berriak aplikatzea ondo deritzot, ikusiko dugu zelan funtzionatzen duen.
Lautik batek baino ez du salaketa jartzen azken datuen arabera. Babes neurriek %100ean funtzionatzen ez dutelako izan daiteke?
Eragina izan dezake, baina bestelako arrazoiak ere badira. Onena salaketa jartzea da, hori argi dago, baina ez da beti erraza. Emakume guztiak ez dira berdinak, emakume biktimaren perfilik ez dagoelako eta edozeini gerta dakiokeelako. Udal bulegoetara datozen emakume asko atzerritarrak dira, bakarrik bizi dira hemen edo umeekin. Emakume horiek ez dute lagunduko dien inor inguruan. Familiaren eta lagunen babesa izanda errazagoa da salaketa jartzea. ‘Salaketa jarriz gero nora noa ni?’, izaten da askoren zalantza. Beste batzuen kezka, aldiz, urteetan bikote izan duten tipoari edota beren seme-alaben aita denari salaketa jartzea izaten da. Horrelakoak egunero entzuten ditugu bulegoan. Beldurra izaten da beste arrazoi bat, beldur direlako ez dute salaketarik jartzen askok. 
Biktimen %31 atzerritarra da Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera.
Bilbon etorkinen kopurua biztanleen %8koa da. Kaletarrei galdetuz gero, “etorkinak pilo bat dira, leku guztietan ikusten dira”, erantzungo dizute. Zer gertatzen da? Genero indarkeriaren azken biktimen artean asko kanpotarrak izan dira. Horregatik jende askok uste du erasoak eta indarkeria matxista kanpotar emakumeek besterik ez dutela jasaten. Baina ez da horrela eta datuak hor daude.
Erakundeak, polizia eta justiziaren arteko koordinazio falta aipatzen da genero indarkeriaren aurkako borrokaren hutsune gisa. Oraindik ere horrela da?
Lan handia egin da. Bilboko Udalak protokolo bat du orain bi urtetik eta bertan Berdintasun Saila, Gizarte Ekintza eta Segurtasun Saila gaude. Iaz Bilboko Ertzain-etxea sartu zen eta baita Osakidetzako Bilboko osasun zentroak ere. Orain Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Justizia Sailak parte har dezaten ari gara lanean. Azken finean, emakumea izan behar da ardatza eta erakundeok egon behar dugu emakumearen inguruan, eta ez emakumea zoratu hara eta hona joateko esanez. Une horretan emakumea ez dago bueltak emateko. Koordinazioa oso garrantzitsuena da. Gainera, indarra denon artean egiten badugu, ez da hainbeste bitarteko alperrik galduko.
Ematen diren erantzunak arazoaren neurrikoak dira?
Ez dira nahikoa. Argi dut, lan asko egiten dela. Baina lana batik bat prebentzioan, hezkuntzan egin behar dela uste dut, hasieratik neska-mutilekin. Horretan ari gara gu tailerren bidez. Emakumeen aurkako indarkeria ezberdintasunaren ondorio larriena da. Hori errotik ez badugu lantzen ez dugu inoiz berarekin bukatuko.
Hamarretik erasotzaile bat adin txikikoa dela diote azken datuek. Belaunaldi berriak berdintasunean heziagoak zirelakoan geunden.
Larria da. Neska-mutilek indarkeriari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko EHUrekin batera inkesta bat egin genuen. Nahiko kezkatuta geratu ginen emaitzekin. Berdintasuna badela pentsatzen dute, etxeko lan batzuk egiten dituztelako mutilek edota beren aitek. Indarkeria jende nagusiaren kontua edota emakumeen kontua dela uste dute, eta beren etxeetan horrelakorik ez dela gertatuko. Topiko itzelak topatu ditugu.
Aste Nagusian emakume bat erail dute eta eraso homofoak izan dira.
Tamalez, emakume bat –Deisy Mendoza– hil da bere bikotekide ohiaren eskutan, hori horrela, balantzea ezin da ona izan. Bestetik, eraso batzuk ere izan dira, Udaltzaingoak eman digu horien berri. Kanpainak burutu ditugu erasoen kontra konpartsekin batera eta Alde Zaharreko ostalariekin batera. Eraso bat dagoen bitartean balorazioa beti izango da negatiboa. Nahiz eta jaietan denok beste era batera bizi, kalean gehiago egon edota gehiago edan, hori ezin da aitzakia izan emakumeak kalean lasai ezin ibiltzeko.
Deisy Mendozaren bikote ohiak urruntze agindua zuen eta hala ere Deisy erail zuen. Zerk huts egin duen jakiteko Bilduk zure agerraldia eskatu du. Agertuko zara?
Oraindik ez naiz agertu arrazoi bategatik, hurrengo astean protokoloaren jarraipen batzarra dugu eta batzar horretan mahaigaineratu nahi ditut kontu ugari. Ertzaintzak zeraman Deisyren kasua. Guk auzokide batzuekin hitz egin genuen eta horietako batek esan zidan: ‘Erasotzailea kalean ibiltzen zen umeak ikusi nahian, buelta-bueltaka. Guk bagenekien zer gertatuko zen’. Zergatik ez zuten salatu? Horrelakoetan salatu egin behar da. Kasu honetan, argi dago, ez dira gauzak ondo egin.
Udala herri akusazio bezala aurkeztuko da Deisyren hitzailearen aurkako auzian?
Bai, beti egiten dugu Bilboko emakume bat erailtzen dutenean, familiak nahi izanez gero. Gaur bertan, Deisyren kasuan pertsonatu ahal izateko, Udal abokatuei boterea emateko eskaria egin dugu notarioaren aurrean.
Iruñean San Ferminetan gertatutako sexu erasoak peñek eta mugimendu feministak egin dituzte publiko, eta ez Iruñeako udalak. Zer deritzozu jarrera horri?
Txarto. Guk argi dugu beti salatu behar dugula, pertsonatu, kanpainak burutu konpartsekin.... Erakundeok lehen lerroan egon behar dugu. Egiten dugun guztia ez da nahikoa izango, horregatik, ez dut ulertzen Iruñeako udalaren jarrera.
Zelan funtzionatzen du Genero Indarkeriaren Aurkako Udal Zerbitzuak?
Hona etortzen diren emakumeek oso ondo baloratzen dute zerbitzua. Oso jende ona dugu lanean, gainera. Gizarte langileak dira, denak emakumeak, jende profesionala.
Noiztik dago martxan?
Orain 10 urtetik. Eduki batzuk erantsi zaizkio, adibidez, biktimentzako etxeak, bost ziren hasieran, zazpi ziren ni heldu nintzenean eta, orain, bederatzi ditugu. Etxeetan babesa emateaz gain, jarraipena ere egiten diegu. Oso lan ona egiten da. Etxeok behar ez izatea litzateke onena, baina, tamalez, gaur egun oraindik kasu askotan emakumeak bere etxetik irten behar du. Hori ez da bidezkoa, baina horrela da.
Murrizketarik izan da zuk zuzentzen duzun sailean?
Aurrekontua oraindik ez dugu onartu baina, orokorrean, murrizketa izango dugu. Hala ere kooperazioan %0,7a mantenduko dugu eta genero indarkeriara bideratutako aurrekontua ere bai. Bi kontuok guretzat funtsezkoak dira.
Krisi ekonomiko garaian nazioarteko lankidetzan aritzea ez da lan erraza izango?
Jende askok dio, ‘zertan ari gara Ruandara edota Kolonbiara dirua bidaltzen hemen jendeak jateko ere ez duenean’. Diskurtso erraz hori desmuntatu behar dugu, horregatik egiten da lan sentsibilizazioan. Iaz eman genuen datua, zergetatik jasotako bilbotar bakoitzaren zortzina euro bideratzen dira lankidetzara; jendeak hori ez daki eta jakin beharko luke. Batzuk ados egongo dira eta beste batzuk ez. Baina gu krisian bagaude eta, egia da bertako jendea oso une latzak pasatzen ari dela, kanpoan ikusten dena, batik bat Afrikan, oso gogorra da. Bilbo beti izan da solidarioa eta konpromiso politikoa dago %0,7a mantentzeko.
Bilboko euskalgintza euskaren ordenantzak eskatzen ari da aspaldion Bilboko Udalari. Noizko?
Ez dakit noizko. Ondo legoke izatea.
Karmelo ikastolan ikasitakoa zara. Zelan jarraitzen duzu leku aldaketa eta Mina del Morro ikastetxearekin batzeko prozesua?
Ikastola ondo dago dagoen lekuan? Hori bertakoek esan beharko dute. Beste instalazio batzuk merezi dituela? Baietz uste dut. Mina del Morrorekin batzea? Horretan nire zalantzak ditut. Tamalez, Hezkuntza Sailak erabakia hartuta duela uste dut. Hori ez dut ondo ikusten. Ikastolak bere nortasuna galduko du, argi dut.
Mahatserriko puntu beltzak hobetzeko lana egin da, baina oraindik lana dago egiteke.
Mapa bat atera dugu eta Herri-lan eta Zerbitzuetako Sailarekin ari gara zer egin den eta zer egin daitekeen aztertzen, gero Auzokide planetan sartzeko. Oso eraikin bereziak ditugu: arkupeak, eskailerak… Aurreko agintaldian barrutietatik lanean jardun dugu. Asko zona pribatuak dira eta, horietan aldaketak egitea, argi puntu bat jartzea bada ere, oso zaila da. Etxe berriek ere arkupeak dituzte, eta hori ez dut ulertzen.
Bada txiste matxistak arbeletan eskegitzen dituen tabernari bat Santutxun. Salatu zuten, baina ez zaio zigorrik ezarri.
Guri heldu zitzaigun kexa, baina konpetentziarik ez dugunez, Emakundera bidali genuen. Horrelako txisteak mesedez kentzeko eta ez eskegitzeko eskatu dio Emakundek. Azkenean, bertan behera geratu da auzia. Tabernariak beti bezala jarraituko duela esan zuen. Nik argi dut taberna horretara ez naizela joango.

ZAZPI GALDERA LABUR
EAJren gehiengo absolutua espero zenuen?
Ez, aurreko agintaldiko 13 zinegotziak errepikatzea espero nuen.
Errodiloa pasako duzue?
Gehiengo absolutuak askotan ez dira onak eta kontuz ibili behar da errodiloa ez pasatzeko.
Zelako lau urte izango dira hurrengoak?
Zailak. Hiru talde daude oposizioan eta hurrengo astean lehen udalbatzarra izango dugu.
Berrikuntzetako bat da Bilduren presentzia.
Ondo deritzot jende asko ez baitzegoen ordezkatuta. Bildurekin batera gauza asko egiteko modua dela uste dut.
Azkunak noiz arte jarraituko du?
Oraingoz hurrengo lau urteetan eta gero berak ikusiko du.
Zelakoa izango da Bilboko Udala Azkunarik gabe?
Desberdina behar bada.
Ibone Bengoetxea izango da EAJren hurrengo alkategai?
Alderdiak esan beharko du hori. Ea emakume bat Bilboko alkate ikusten dugun!

Iruzkinak
Berria gehitu Bilatu
Iruzkina idatzi
Izena:
Emaila:
 
Webgunea:
Izenburua:
UBB kodea:
[b] [i] [u] [url] [quote] [code] [img] 
 
 
:angry::0:confused::cheer:B):evil::silly::dry::lol::kiss::D:pinch:
:(:shock::X:side::):P:unsure::woohoo::huh::whistle:;):s
:!::?::idea::arrow:
 
Mesedez sar ezazu irudian agertzen den spamaren aurkako kodea.

3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."

 

Bakarka

Lorea Soldevilla: “Krisi garaian kooperatiba piloa sortu dira”

Lur Mallea/Iñigo Azkona

article thumbnail   Kooperatibak, enpresa mundua eta ekonomia izan ditugu mintzagai Lorea Soldevilla santutxuarrarekin. Asko daki gai horiei buruz Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOP) goi...
Irakurri osorik

Iñigo Muñoz: “Irrati gehienek ez daukate lizentziarik eta horrek ez ditu irrati libre egiten”

Testua: Ander Barinaga-Rementeria/Argazkiak: Iñigo Azkona

article thumbnail  Urtarrilean 20 urte beteko ditu Tas-Tas irrati libreak. Ibilbide luze horren erdia egin du Iñigo Muñoz barakaldarrak bertan lanean. Orain, itsasontziaren lema darama Prim kalean...
Irakurri osorik

Elkarrizketa gehiago

Betikoak

Kale luzeena

Alberto Ugarte

article thumbnailZabalbide kale barik gatxa izango litzake Begoña ulertzea. Izena lehenengo gerra karlistan desagertu ziren Zabalagoien eta Zabalabarren izeneko bi baserrirengatik etorri ei jaku.
Irakurri osorik

Txabolismoak luze iraun eban

Alberto Ugarte

article thumbnailOtxarkoagan ‘txabolistei’ etxea emon jakien, baina txabolismoa ez zan orduan amaitu. Luze iraun eban Otxarkoagan eta, batez be, Txurdinagan. Baserrien lurrak desjabetu arren, baserri-etxe asko ez...
Irakurri osorik

Gehiago

Berton dugu

Burulana, eskulana eta gerralana

Testua: Lur Mallea/Argazkiak: Txalaparta

article thumbnailApaizentzat mundu mailan egon den kartzela bakarra izan zen Zamorakoa, Estatu espainolaren eta Vatikanoaren arteko konkordatuaren ondorioz sortua. 1968 eta 1976 bitartean 40tik gora apaiz euskaldun...
Irakurri osorik

Gaztedi, 60. urteurrena ospatzeko urtea

Testua: Iker Tubia/Argazkiak: Gaztedi

article thumbnailGaztediren agendan gorriz markatutako egun asko ditu 2011. urteak. Ekimenez beteriko urtea izan da hau, eta ez da gutxiagorako, izan ere, 60 urte bete ditu dantza talde mahatsorriak. Urtarrilean hasi...
Irakurri osorik

Gehiago

Begoñeraz

Bilbo setiaturik bigarren karlistadan (1874)

Hektor Ortega/El estandarte real aldizkaria

article thumbnailOrrialde hauetan ikusten duzuen irudiak ondo baino hobeto azaltzen du Bilbo zelako estu hartu zuten karlistek 1874ko setioetan. Zenbakiekin, erasotzaileen eta setiatuen posizioak ikusten ditugu,...
Irakurri osorik

Delmasen etxea, Begoñako Ibarran

Testua: H.O./Argazkiak: Telesforo Errazkin (Euskal Museoa)

article thumbnailEgunotan, Bilboko Udalaren esku, Juan Eustakio Delmas protagonista daukaten liburu garrantzitsu bi argitaratu dira. Zoritxarrez, liburu horietan Bilbo baino ez da ageri. Baina Delmasek asko idatzi...
Irakurri osorik

Gehiago