|
Pertsona askok laneratze prozesuan izan dezaketen oztopoak gainditzea, lan merkatuan integrazioa ahalbidetzea eta hau guztia ingurumen zerbitzuekin lotutako ekintzak garatuz egitea da Emaús erakundearen xedea. Orain, Prim kaleko egoitza, Boluetako Bilbao-Galdakao errepideko 10. zenbakira eraman dute, Peñascal Fundazioko eraikin handi eta berrira. Erakunde honen hazkundea hainbat pertsonaren esfortzu eta lanaren ondorioa da eta beraiekin egon gara.
Emaús mugimendua 1989an sortu zen, Frantzian, eta gaur egun 140 herrialdetan dago zabaldurik. Indar askorekin eta arin hazi den mugimendua dugu. Vicky Elorriaga gizartegintzako arduradunak dioskunez, “Emaús ingurugiroaren aldeko ekimenak eta enplegu sozialaren sorrera sustatzen dituen erakundea da”. Emaús Bilbao SCIS 1997an jaio zen eta gaur egun Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan egiten dute lan. Ingurumenarekin harremana duten gaiak lantzea eta gizarteratze zailtasunak dituzten pertsonekin lan egitea dute helburu. Boluetan dagoen egoitzan 30 bat pertsonek lan egiten dute, lantaldea gaztea da eta gehienak emakumezkoak. Gurean oso hedatua dago Emaús, Boluetan eta Santutxun dituzten lokalez gain, Bilbon beste hiru denda dituzte eta Getxon beste denda bat. “Gure jarduera batez ere bilketa eta dendak dira. Baita bizikleten mailegu zerbitzua ere Getxon, Zornotzan eta Leioan eta Elkar izeneko garbiketa lanak egiten dituen enpresa” dio Vickyk. Emaúsekoek jarduera hauek aurrera eramateko jendea kotratatzen dute, eta beraien helburu nagusia ez da saltzea baizik eta baliabide gutxi duten pertsonekin lan egitea. Laneratze enpresa den aldetik, diru-laguntzak jasotzen ditu entitate publikoetatik, adibidez, Eusko Jaurlaritzatik zein Europako Gizarte Funtsaren eskutik, eta erakunde pribatuen lankidetza ere badu. Langilearen profila Talde honek kontratatzen dituen pertsonak orokorrean zerbitzu sozialetatik zein lan zerbitzuetatik datozenak dira. Gehienetan, laguntza sozialak jasotzen dituzten pertsonak dira edota beharrizan handia dutenak. Emaúsek ezaugarri bat kontuan hartzen badu, hori pertsonaren beharrizana da. Beraz, aukeraketa egiterakoan, faktore hori oso kontuan izaten dute. Hala, pertsona horiek laneko peoi bezala zein garbiketan edota bilketan has daitezke lanean. Vickyren ustez, “hainbat faktore daude pertsona bat lan merkatuan sartzea eragozten dutenak eta guk pertsona horiekin egiten dugu lan, azken batean beraien lan merkaturatzea bideratzen dugu zituen trabak gaindituz”. Formakuntza falta eta sozializatzeko zailtasunak zein beste pertsona batzuk (senitartekoak) zaindu beharra, esaterako, izugarrizko trabak bihur daitezke lan merkatuan. Hasteko, pertsona horri lagun diezaiokeen lana bilatu beharra dago, bere egoerari egokitzen zaiona, beti ere, azken helburua pertsona hori lan merkatuan sartu ahal izatea izanik. Emaúsetik “pertsona hau gurekin hasiko da lanean bere erritmoan eta pertsona bat ondoan duela” gehitu dute. Norberaren oztopoak ezagutu eta bakoitzaren nahien araberako aukerak zeintzuk diren aztertu egiten dituzte ondoren –ahal den heinean, noski– errealitate bihurtuz. “Oso lan pertsonalizatua da, gurekin lanean egon daitezke urte betez eta, askoz jota bi urtez, gerora lan merkatura salto eginez. Gurekin lanean dihardutenean kontratua eta soldata daukate beste edozein lanetan moduan”, argitu digu gizartegintzako arduradunak. Bilboko Emaúsek lan hitzarmenak ditu hainbat udalekin: Getxo, Bilbo, Santurtzi, Basauri… Getxon, esaterako, Emaus Getxo denda sortu dute, eraikin bat mugikortasun lanak egiteko… beraz, nahiko pertsona dituzte enplegatuta zonalde horretan. Lanean hasi aurretiko lantegiak Gizarteratze enpresaz gain, tailerrak ere badituzte Emaúsekoek. 2006an zegoen eskaerari aurre egiteko, lanean hasi aurretiko lantegiak martxan jartzea erabaki zuten Europako Gizarte Funtsaren lankidetzarekin. Tailer edota lantegi hauetan dauden pertsonak benetako gizarte-bazterketa pairatu dutenak dira eta mota hauetako tailer hauei esker lanerako gaitasuna eskuratzeko beharrezko denbora hartu eta beraien egoera pertsonala hobetzen dute. Tailer okupazionalak dira, lehen Mahatserriko Prim kalean zituzten eta orain, berriz, Boluetako eraikinera pasa dituzte. Lantegien proiektu honek hazkunde handia du eta laster beste hainbat lekutara zabaltzeko asmoa agertu dute Emaúsekoek. Gizartegintzako arduradunak dioenez, “gaur egun batez ere altzairuen eta metalezko objektuen zaharberritzea egiten dugu, hala, bilketetan lortzen ditugun objektu asko lantzen ditugu gerora saldu ahal izateko”. Helburu produktiborik ez dagoela gogorarazten digute Emaúsetik, beraz, pertsona hauek behar duten denbora izango dute lan zehatz bat egiteko. Emausekin kontaktuan jarri nahi izanez gero, www.emausnet.org web orrian egin dezakezu edota etxean erabiltzen ez dituzuen arropa zein objektuen bilketarako dendetara ere hurbil zaitezkete.
|