|

Misioak gertakizun garrantzitsuak izan ziren gure herrietan XVIII. mendetik XX. mendearen hasierara arte. Lantzean behin fraideak herrira etorri eta sekulako astindua eragiten zuten. Predikuen bidez kontzientziak aztoratu eta arimak salbatu egiten zituzten.
XX. mendearen lehenengo herena arte, misiolariak gertakizun handia izaten ziren gurean. Ezustean herri honetan edo bestean agertu eta egun batzuk (aste bi) ematen zituzten fraide haiek haien predikuak lau haizetara zabaltzen. Baina zer ziren herri misioak? Berez, gotzainak bidalita edo bestela, lekuan lekuko abadeek (edo bertako agintariek) eskatuta, herri jakin batera joaten ziren fraide predikatzaileak ziren. Aste bi ematen zituzten herrian, sermoi gogorrak esaten, kontzientziak astintzen, bekatuaren zirrikitu guztiak agerian uzten. Hona hemen bilbotar misiolari batek zelan azaltzen zuen: “Barri onac, eta guztizco onac dacartzueguz, cristiñauac. Pecatupean bizi zareen pecatari errukigarriac, pecatu mortalaren catea gogorracaz loturic, eta catigu zagozanoc, poztu zaitece (…) [Jesusek] atera guraric ceuec ceuen bide okerretatic, biralduten deutsue misiño santu au ceuen errira, ceuei adietan emoteco bene benetan ondu gura badozue; prest dagoala bera, baita ondo prest, ceuei parcatuteco, eta ceuen adiskide izateco”. Lerro horiek idatzi zituena Juan Mateo Zabala bilbotarra da, eta honela amaitzen zuen: “Misiño santua entzunda onduten ezpazare, bildur izan bear tzare, ceuen buruen ganera etorrico dala Jaunaren aserre gogorra”. Abisua zen, duda barik, baina baita misioen bertuteak aitortzeko modu adierazgarria. Belen Altuna ikertzaileak honela definitu ditu misioak: “Baina zer zen misio bat? Shock-tratamendu halako bat, kontzientziak esnatu, arimak astindu eta damua eta zuzenketa-nahia pizteko”. Herriko abadeek eragin ezin zezaketen astindua jotzera joaten ziren. Euskal Herrian jesuitak eta frantziskotarrak izan ziren misioetan gehien aritutakoak. Beste batzuk be ibili dira, pasiotarrak berbarako. Juan Mateo Zabala aitatu dugula, esan dezagun, Belen Altunaren datuei jarraiki, frantziskotar bilbotar horrek 1817 eta 1821 urte bitartean, urtean bederatzi bat herritan egin zuela misioa, bakoitzean hamabost bat egun eginik. Misiolariak ahozkotasunerako dohaiak, ahots ona, karisma eta prestakuntza teologiko egokia behar zituen. Sarritan milaka pertsonen aurrean egin behar zuten berba, eliz atarietan edo kanpoaldean, batere bitartekorik (mikrofonorik, esate baterako) gabe. XVIII. mendetik aurrera ugaldu ziren misioak Hego Euskal Herrian, garaiko elizgizonek herri ohitura ‘lohi’ eta ‘okerrak’ erreformatzeko –zuzentzeko– ahaleginaren tresna nagusietako bat izanik. Begoña 1853 XIX. mendean behin baino gehiagotan agertu ziren misiolariak Begoñan. 1853an, adibidez, azaroaren 13tik abenduaren 4ra egin zuen misioa aita Frantzisko Estarta frantziskotarrak. Normalean binaka joaten ziren misiolariak eta kasu honetan aita Zipriano Etxebarria eduki zuen lagun. Badirudi sermoiak Estartak esaten zituela eta Etxebarriak aitormenak entzuteko ardura eduki zuela. Itxura denez, urte hartan Begoñara bertako abadeek deituta joan ziren misiolariak. Garaiko prentsan irakurri dugun kronika baten arabera, Begoñako eliza jendez lepo beteta egoten zen frai Frantzisko Estartaren sermoiak entzuteko. Fededunek, hala Begoñakoek nola inguruetako eta urrutiko herrietatik etorritakoek, gau batzuk elizaren atarian eman zituzten, ateak noiz irekiko begira. Artean Estarta misiolari ospetsua zen, 49 urtekoa, 60 bat misio egindakoa. Eta mingaina ez zuen makala. Garai hartan bekatuaren kontrako gerran dantzak eta erromeriak izaten ziren helburu nagusia. Bada, Berrizen misioa eman eta gero, herriko jaiak ez egitea erabaki zuten, bekatuari ateak ixteko. Diogun kronikaren arabera, Estarta 1844an ere egon zen Begoñan misiolari. Orduko hartan, 16 sermoi esan zituen euskaraz eta 3 erdaraz. 1853an, ostera, 15 sermoi euskaraz eta 6 erdaraz. Misioek eragiten zuten shock hura gogoratzeko,zer egokiago Txirrita handiak 1916ko Goizuetako misioei jarritako bertso berrietako zati hau baino: “Misionistak izandu dira/Goizuetako partian/oien bisitaz oroituko naiz/bizirik nagoen artian”.
|