|
Azaroaren 14an hil zen Kepa Mallea era lazgarrian. Ez dute, ez, santutxutarrek egun hori erraz ahaztuko gizon zoro batek labanaz sei pertsona zauritu eta Kepa hil baitzituen. Agur egin nahi izan diote bere lankide, ikasle, lagun eta berbalagun izan zirenek BERTON aldizkariaren bidez.
Sormena bilatu eban, baita topau be Kepa zelan gogoratzen dodan? Beroan: bertsoaren mundu zoragarrirako ateak zabaldu eustazan irakaslearentzako eskerrak baino ez daukadaz; badakit badakiela. Hotzean: nire Kepa zera da, Transmisinoa eta Autoridadea. Eta goxotasuna. OHOko 8. mailan geunkan euskera irakasle. Erabilereari emoten eutsan garrantzi handia, eta oso ‘astuna’ zan kontu horregaz. Egunero gogorarazoten euskun patioan, pasiloetan… Momentuko bonbardeoaren eragina denboreagaz igarri da gutako askorengan. Eta zer esan bertsolaritzaz. Keparen zaletasunak bat egiten eban ikasleok jaso beharreko euskal kulturearen gitxieneko ezagutzeagaz. Eta teoria bai, baina horretan be erabili gengian arduratu zan. Sormena bilatu eban, baita topau be. Astero-astero gaia imini eta bakotxak gure bertsoa idazten genduan, taldean kantau eta gehien gustetan jakuna aukeratu. Hil zorian gagozala, hagineko minari, Ikastolari, udabarriari, Maradonaren garaiko Athletic-Barca partidari, maiteari (Unai Basterraren bertso gogoangarria zenbat aldiz kantauko gendun Zazpi Kaleetako asteburuetan!)… Zaletu ere egin ginan batzuk. Ordurako Santutxuko Bertso Eskola martxan ebilen ikastolan bertan, eta harako animau ginduzan Kepak. JR Etxebarriak segidu eban hak hasitako lana. Irakasle gogorra zan. Exijidu egiten eban, baina baekien barre egiten geugaz, eta gutaz arduratzen zan. Besoak erremangetan gogoratzen dot… eta hartu neban zaplaztekoa be bai (amarena lez, harena jakin barri eta arrazoia jakin orduko). Ez dot gitxiago maite horregaitik. Merezi neban, eta punto. Gaur irakasle naz neu be, eta Kepa lako irakasleak gogoan, saiatzen naz autoridadea irabazten, goxo izaten eta maite dodana konpartiduten. Iñaki Aurrekoetxea, ikasle ohia Zenbat ikasi dudan zugandik! Asko eman zenion Ikastolari, Kepa. Asko dizugu zor. Bertan, lehenengo, Ikastolatik kanpo gero, poza eta aurrera egiteko gogoa transmititu didazu beti. Pertsonekin zein egoerekin, onenarekin gelditzeko gaitasuna eta gaitasun hori kutsatzeko ahalmena zeneukan. Zenbat ikasi dudan zugandik! Eguraldi zoragarria genuela esaten zenuen, ona egiten zuenean, eta hain ona egiten ez zuenean, aldiz, ederra. Joan zarenetik eguraldia tristeago dago, baina giro tristean ere jakingo dut ederra bilatzen. Besarkada bat, Kepa; nik zurea faltan hartzen dut. Amaia Urresti, irakaslea eta lankide izandakoa Kasu ez egiteagatik, eskerrik asko Kepa orain dela urtebete ezagutu nuen alabaren bitartez. Berbalagunerako laguntzaile bat behar nuen goizez aritzeko eta Lurrek, alabak, aita agian prest egongo zela esan zidan, erretiratu berritan zegoen eta. Berarekin kontaktuan jarri eta esfortzu barik konbentzitu nuen. Bueno, esfortzu barik… Egia esateko, kostatu zitzaidan ulertaraztea zein behar zuen izan bere paperak horrelako taldeetan. Ez irakaslearena, mintzalaguna, elkarrizketa laguna, eredu bat gehienez jota bere taldeko beste partaideentzat. Baina Kepa irakaslea zen senez eta ekintzez. Gerora enteratu naizenez, irakasle lanak bete zituen niri kasu handiegirik egin gabe. Eta hori dela-eta, agian, nirekin urtetan egondako berbalagun horiek (neurekin aritzen baitziren berarekin baino lehen) urte betean, zegozkien Hizkuntz Eskakizunak lortu, barnetegietan izena eman, haien bizitza idatziz kontatu eta, garrantzitsuena, bere burua euskaldun sentiaraztea lortu zuen Kepa Malleak. Horregatik guztiagatik, eta bereziki niri kasu ez egiteagatik, eskerrik asko Mallea jauna. Aitor Argote, Mahatserriko Berbalaguneko koordinatzailea Flash batzuk Gizon arduratsua eta konpromiso handikoa zen, berdin gai txikietan zein garrantzitsuetan baina ez zuen ezinbesteko lider antzera jokatzen. Nire ustez, Bertol Brechtek testu batean aipatzen zituen pertsonen tankerakoa zen: “Badagoz bizitza osoan zehar ekinean jarraitzen dutenak, horiek dira nahitaezkoak”. Horietakoa zen. Egin behar dena, egin eta ekin, lanean eta lanetik kanpora. Zeukan jakituria eta informazio handia, apal, neurriz eta kontu handiz erailtzen zuen, ukapena edo haserrea eta batez ere inork mina hartzea ekiditeko... Euskal sen eta arima sutsukoa: Montorzuriko seme honek euskararen tekla guztiak jotzen zituen, batez ere bizkaieraz (hi-zu-berorika) Keparen parekorik ez da egon. ‘Lehenengo berbia euskaraz’ praktikatzen zuen han eta hemen, eta kontuan izan edozeinekin eta edonon hasten zela elkarrizketan, lagun guztiok dakizuenez, horretarako lotsarik batere ez zuelako, elkarrizketan hasteko lotsarik zer zen ere ez zekielako. Zer esango dut, nekatzen ez zen berritsu eta kontalari trebea zen. Hainbat adiskide ezagun eta kontaktu horrela lortzen zituen. Nola ez, euskal kulturan murgildurik zebilen eta hainbat zereginetan haren oinatzak ageri dira. Horrez gain, lagun mordoa erakartzen zuen mundu horretara: liburu azoka, bertsolari, kantaldi, konferentzietara... Aitzineko tankera eta estilora tratatzen zuen bere inguruko jendea, beti enpatiaz, baina ez telefonoz bakarrik, etxeetara bisitak eginaz ohitura zaharrak agintzen duenez; era askotako aitzakiak topatzen zituen: “Horretan zabiltza eta liburu hau interesgarria dok”, barrura. “Nonbaiterako gonbidapena daukat... bai, bai, elkar ikusteko”, listo. “Hainbeste denboran ez zaitut ikusi”, abisua eman eta barrura. “Hemendik pasa gara”, hala, barrura. “Perretxiko hauek eskolako hamaiketakorako”, abian eskolara bisitan. Inoiz: “Gaur, desastre, hamabi senderuela baino ez ditugu hartu baina trankil, Mireni prestatuko dizkiot polito-polito...”, etxera. Saminez, tristuraz beterik dago gure auzoa, koadrila eta familia. Kanpora atera dezagun gure pena, bai: Keparen heriotzak mila zatitan hautsi digu bihotza. Baina badiotsuet, bere presentzia, bere portaera zuhurra eta zuzena gure aldamenean dago. Xabier Bilbao, laguna In memoriam Santutxun, azaroaren 14an Keparen hilketa konfirmatu ondoren, Xabier lagunak helarazi zidan mezu sentikor hau: “OINAZEZ... bai, ikusi dut Miren, I.Anat.Forensearen aurrean... derrepente berba eztitsuak esateko ahalmena galdu dut. Nere basoan aretx bat falta da!”. Eta zinez, niri ere Kepa laguna galdu izanak, egundoko ezintasuna, amorrua eta samina eragin zidan. Oso une latzak izan dira batik bat bere familiarentzat eta baita Kepa ezagutu eta maite izan dugunontzat bera baitzen gutako askorentzat eredu eta hurbileko laguna. Guztiok jakinean gaude gure bizitza bere joanean hauskorra dela, baina nola onartu gizon bakezale eta lagunkide zena, honelako modu tamalgarrian gure artetik erauzi izana! Oraindik ere ezin sinistu nago. Keparekin izan dudan lotura aitzinatik dator. Hamar urteko mutikoak ginela, Oñatiko laterandarren ikastetxean ezagutu ginenetik. Eta orduan gure artean sortutako adiskidetasunak gaur arte, etenik gabe, sendotzen iraun du. Tartean zenbat amets, zenbat bizipoz eta zenbat momentu alai eta neke igaro ditugun elkarrekin! Aitortu behar dut ere, Keparen eragina ez bakarrik nigan, baita gure betiko koadrilan ere nabarmena izan dela. Batez ere, bere izaera jator, sendo eta lagunkoiagatik. Eta dohain hauei esker ‘ondo jausten’ zen tipoa baitzen. Bihotz onekoa, eskuzabala eta beti laguntzeko prest zegoena. Horregatik zen hain onartua eta askotan maitatua. Eta lagunak nonahi zituena! Nola ez aipatu Keparen zaletasunak: naturazale, euskaltzale, bertsozale eta guzti hauen gainetik bakezale ere bai. Eta zaletasun hauek ondo baino hobeto bideratu zituen hezkuntzan. Lehendabizi, gaztaroko urteetan Karmelo Ikastolan, eta azkeneko urteetan berriz, Zamakolako Juan del Mas eskolan. Eskola honetan, Kepak beste irakaskideekin kulturaniztasuna eta bakea uztartzen zuen proiektu esanguratsua martxan jarri zuen. Eta hara, Kepak zein hitz gutxirekin asmatu zuen proiektuaren filosofia adierazten: “Elkar adosten dakigunean, atsegina da bizitza. Gure gatazkak bideratzeko, arma onena da: HITZA”. Eta Kepa oso koherentea zenez, Euskal Herriko garai berri hauen aurrean ere ezinbestekotzat jotzen zuen, gure euskaldun arteko gatazka konpondu nahi bagenuen, elkarrekin hitz egitea eta adostasuna lortzeko bideak urratzea. Aurrerantzean, beraren falta, berarengandik jasotakoa praktikan jartzea baino ez zaigu falta. Hala izan bedi! Josu Arregi, laguna
|