|

Urtarrilean 20 urte beteko ditu Tas-Tas irrati libreak. Ibilbide luze horren erdia egin du Iñigo Muñoz barakaldarrak bertan lanean. Orain, itsasontziaren lema darama Prim kalean kokatuta dauden estudioetatik. Informatikaria ikasketaz, kazetaria ogibidez. Berarekin geratu gara Tas-Tas irratiari buruz hitz egiteko.
Zer da Tas-Tas? Bilbo Handirako emititzen duen irrati librea da. Eragileei begira, beraiek egiten dituzten ekimenen bozgorailu xume bat izatea da gure helburu nagusia. Diala irrati emisoraz beteta dago. Zergatik entzun Tas-Tas? Gurea irrati ezberdina da. Ez dut uste beste inon okupazio mugimenduaren inguruko saioak, emakumeek emakumeentzat egindako saioak zein rap taldeen inguruko saioak entzun daitezkeenik. Beste irrati batzuek eskaintzen ez duten hori ematen diegu entzuleei. Tas-Tas irratiak 20 urte beteko ditu urtarrilean. Bai, badira batzuk. Oraindik datarik itxi ez badugu ere, saio berezi bat prestatuko dugu 20 urte hauetako ibilbidea errepasatzeko. Dena den, nik hamar urte baino ez daramatzat hemen lanean. Guzti hori bazkideen laguntzari esker… Egun 200 bat bazkide ditugu eta beraien babesa ezinbestekoa da. Beraiek dira gure diru iturri nagusia. Horrelako proiektu bat aurrera eramateko nahi eta nahi ez dirua behar da. Duela urte asko, ni sartu baino lehenago, Patastas izeneko patata frijituak saltzeko gurdi bat zuten. Satorrak konpartsaren Aste Nagusiko txosnan txandak egiten hasi ginen eta egun Zaratas izeneko txosna propioa daukagu. Dirua biltzeko beste bide bat da. Publizitatea ere tartekatzen duzue noizean behin. Baina gutxi eta alternatiboa. Sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin lan egiten dugu, komertzio txikien publizitatea… Bazkideak diru iturri nagusia izateak independentzia, aniztasuna eta egonkortasuna ematen dizkigu. Eusko Jaurlaritzak irratietarako 35 lizentziaren banaketa deialdia egin du. Tas-Tas aurkeztekoa da, baina ez dago batere konforme lehiaketako baldintzekin. Lehiaketa hori arautzen duen dekretua irrati komertzialen mesedetan eginda dago. Eusko Jaurlaritzaren dekretua Madrilekoarenaren (Espainia) kopia da. Irrati libreentzako murrizketak batzen dira bietan, adibidez, KB 1eko indarrarekin emititzeko baimena baino ez ematea. Indar horrekin Santutxu osora ere ez ginateke iritsiko. Lizentzia horiek banatzerako orduan gainera ez da euskara kontuan hartuko. Galtzen azkena esperantza izan ohi dela esaten bada ere, ez daukat itxaropen handiegirik. Askok lizentzia hau eskuratzekotan irrati libre izateari utziko zeniekela esan dute. Bakoitzak bere iritzia du, baina nik uste dut garrantzitsuagoa dela gure berdintasunak lantzea, uneoro desberdintasunei begira egotea baino. Nik ez dut uste irrati librea izateak lizentziarik gabe emititzea esan nahi duenik. Besteak beste, irrati komertzial askok lizentziarik gabe emititzen dutelako. Bilbon emititzen diren irrati gehienek ez daukate lizentziarik eta horrek ez ditu irrati libre egiten. Ez dut uste bi gauzak kontrajarriak direnik. Lehen lizentziak banatzerako orduan euskara aipatu duzu. Zein presentzia du euskarak Tas-Tasen? Behar lukeena baino txikiagoa. Programazioaren heren bat inguru baino ez da euskaraz. Saio asko beste irrati batzuekin elkarlanean egiten ditugu. Arrosa irrati sareko kide gara eta horrek beste irrati batzuekin ditugun harremanak hobetzeko aukera eman digu. Halere kontuan izan behar dugu programa hauen elkartrukeak muga batzuk dituela maila lokalean egiten baitugu lan. Orain lanerako erabiltzen baduzu ere, euskaldun berria zara. Zerk eraman zintuen euskara ikastera? Nik A ereduan ikasi nuen eta konturatu nintzen euskararik ikasi ezean Euskal Herrian bizi nintzenez, herri honen zati bat galtzen ari nintzela. Gogoan dut nire lehenengo elkarrizketa ‘Leihotikan’ taldeari egin niola. Haiek euskaldunak izan arren ni ikasten ari nintzenez ez nintzen ausartu euskara erabiltzera eta gazteleraz elkarrizketatu nituen. Irratiak euskara hobetzen lagundu dit. Nola iritsi zinen Gurutzetatik (Barakaldo) Bilboko Tas-Tas irratira? Musika saio bat egiteko gogoa nuen. Auzokide batzuk Tas-Tas irratian ari ziren lanean. Ni musikazalea naiz eta irrati libreen entzulea. Pentsatu nuen musika saioaz gain konpromisoak hartzeko momentua zela. Militantzia garatzeko unea zela. Batzuetan ez duzu kontuan hartzen zenbateraino aldatuko dizun bizitza erabaki batek. Zer eman dizu Tas-Tas irratiak? Jende interesgarri asko ezagutzeko aukera eman dit hamar urte hauetan. Orain zaharragoa naiz. Pertsona moduan hazteko baliagarria izan da. Elkarrizketa eta une hunkigarriak bizitzeko aukera eman dit. Orain gogoan daukat Santutxuko lagun bati eginiko elkarrizketa. Juan Manuel Totorika elkarrizketatu nuen bere semearen espetxeratzeari buruz. Beti gogoratzen dudan elkarrizketetako bat da. Amaia Urizarren amari egin nion elkarrizketa ere gogoan dut. Duintasun osoz kontatu zuen alabak bizi izandako guztia. Neska mexikar batek ere atxiloaldi masibo bateko transladoan nola bortxatu zuten kontatu zuen. Naturaltasun osoz aritu zen. Egunero entzuten ez diren kontuak dira eta emozionatu egiten zaituzte. Momentu zailak ere izango zenituzten? Kar, kar, kar. Duela urte batzuk hogei bat minutuko elkarrizketa bat programatu genuen saio baterako. Nire lankideak baina, elkarrizketak egiterakoan zaindu behar den urrezko araua hautsi zuen: bai edo ez hitzekin erantzun daitezkeen galderak egitea. Hogei minutuko elkarrizketa minutu batekoa bihurtu zen eta gainontzeko 19 minutuak inprobisatu egin behar izan genituen. Asko inprobisatzen da irratian? Batzutan. Ni baina, ahalik eta gutxien inprobisatzen saiatzen naiz. Besteak beste gaizki egiten dudalako. Irratiak sekretu asko ditu, baina nagusiena gauzak aldez aurretik prestatzea da, bertsolaria ez bazara behintzat. Eta zer eman diozu zuk irratiari? Webgune berria eta ahots berri bat. Galdera hau beste batzuk erantzun beharko lukete. Tas-Tas 97.0 FMn ez ezik, sarean ere aurkitu dezakegu. Bai, Tas-Tasen webgunean (tas-tas.org) hainbat eduki aurki daitezke. Bertan eskegitzen ditugu audioak besteak beste. Twitter (@TTirratia) eta Facebook kontuak ere baditugu. Internetek entzuleen eremu geografikoa zabaltzeko balio izan dizue? Bai. Igartzen da. Noizean behin epostak jasotzen ditugu lehen jasotzen ez genituen lekuetatik. Hego Ameriketatik ere jaso izan dugu baten bat. Etorkizunerako erronkaren bat? Momentuz hemen jarraitzea gustatuko litzaidake. Magazine lokala hobetzea, kolaboratzaile gehiago izatea ere erronka bat litzateke. Unean-unean entzuleak zerk erakarriko dituen jakin behar duzu. Zein izan daitekeen jendearengana heltzeko tresnarik egokiena. GALDERA LABURRAK Beldurrik handiena? Irratia desagertzea Tas-Tas ez den beste hedabide bat? Argia.com-eko ‘Beranduegi’ Prentsa idatzia, irratia ala telebista? Bakoitzak ditu bere abantailak Kazetarien bekatu bat? Kopiatu eta itsastea Nola ikusten duzu irrati libreen etorkizuna? Itsaropentsu Eta kazetaritzarena orokorrean? Ilun
|