GORKA BENITEZ: “Disko bakoitzean arriskatzen naiz forma eta edukiak aldatuz” PDF Inprimatu E-posta
Berton - Bakarka
Ane Zabala-k idatzia   
osteguna, 2010 abenduak 30. 01:00

 

Gorka Benitez saxofonistak duela 22 urte alde egin zuen Iturribidetik Bartzelonara jazz musika ikasteko asmoz. Harrezkero, Gorka Benitez Triorekin batera bost disko argitaratu ditu. Jazz musika ulertzeko modu asko daude eta, gaurkoan, Gorka Benitezena ezagutuko dugu. Alemaniatik etorri berri egin dugu berarekin hitzordua.

Noiz hasi zinen jazz munduan? Zein izan da zure ibilbide musikala?
Euskal musikan hasi nintzen eta, jende asko bezala, gero pop musikara salto egin nuen. Orduan konturatu nintzen musikan asko zegoela ikasteko. Une hartan aukera bi ikusi nituen, Madrilera edo Bartzelonara alde egitea. Bartzelona aukeratu nuen. Bizitzaren kontuak, bidai batean tipo batekin topo egin nuen, musika modernoko irakaslea zen, eta harek esan zidan Bartzelonan bazeudela ikasteko eskolak. 1989an Bartzelonara joateko erabaki hartu nuen, garai hartan Bilbon, jazz munduari dagokionez, ez zegoen gauza handirik eta nik egonezin ugari nuen. Ondoren New Yorken hiru urte egin nituen eta gero, berriz ere, Bartzelonara bueltatu nintzen.
Euskal musikatik pop musikara pasa zinen, eta noiz hasi zinen saxofoia jotzen?
Egia esan nahiko berandu hasi nintzen saxofoia jotzen, 18 urterekin. Aurretik txirula ikasi nuen Bilboko kontserbatorioan. Edozein instrumentu lehenbailehen ikasten hastea da egokiena, ez da adin bat jarri behar, baina zenbat eta lehenago hobe. Gaztetan zaila izaten da horrelako aukeraketa bat egitea.
Euskal jazz musikari asko kanpora joan dira.
Argi dago zergatia, nire kasua duela urte nahikotxo izan zen eta garai hartan Bilbon bakarrik zegoen kontserbatorioa. Ez dut esango ez nuenik ezer ere ikasi bertan, baina ez asko gehiagorik. Kontserbatorioko hezkuntza motagatik eta hezkuntza helburuengatik ez da batere praktikoa, eta nahiko zaharkituta dago. Horrelako lekuak dira musika alde batera utziarazten dutenak, batez ere nik bizi izan nuen garaian. Egun gauzak asko aldatu dira, Musikene bezalako eskola bat dago Euskal Herrian.  Egoera horrelakoa izanda ere, Bilbon betidanik egon dira musikari handiak.
Gauzak aldatu direla uste duzu? Badira urte batzuk kanpoan zaudela, nola ikusten duzu gaur egun egoera?
Egia esan, gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Musikene bezalako eskola batek bere fruituak emango ditu, suposatzen dut. Baina azken finean eskola bat baino ez da, gauza gehiago egin behar da, esaterako, giroa sortu, kultura musikala sustatu eta instituzioen sostengua lortu. Finean musikaren inguruan giro ona sortu behar da.
Euskal Herrian jazz jaialdi ezagun eta garrantzitsuak ospatzen dira.
Betiko kontuarekin gaude, hau ere betiko galdera izaten da. Berdina pentsa genezake zinemaren ingurua, adibidez, Donostiako Zinemaldia. Horrek zer esan nahi du, Euskal Herrian zinema industria sendo eta egonkor bat dagoela? Jaialdia, azkenean, negozio ona da antolatzen duenarentzat. Horrek ez du esan nahi jazz jaialdiak, sorreran, proiektu on eta zintzoetatik sortu ez zirenik, baina urteekin egoera aldatuz joan da eta jazz jaialdiak ere postal ederra dira. Jaialdiek ez dute musikaren errealitatea proiektatzen, ezta musikarien errealitatea ere.
Beraz, Euskal Herrian gabezia handiak daude jazz munduan?
Euskal Herrian gabezia asko daude; ez dago jazz zirkuiturik eta ikasketak burutzeko ere zaila da.
Hemen gitarra distortsionatuek eta halako musikak arrakasta handiago izan dute.
Gitarra distortsionatua… termino ona da, Euskal Herria orotara dago distortsionatua. Gustatzen zait termino hori, eta egia esan, hori existitzen bada eta existitu behar bada zerbaitegatik izango da. Eta hori oso errespetagarria da. Baina uste dut denerako lekua egon behar dela.
Bost disko argitaratu dituzu, azkena ‘Al otro lado’ deiturikoa. Zaila dago jazz munduan diskoak argitaratzea?
Ez da zaila, diskoetxearekin duzun tratuaren arabera. Gaur egun norberak editatu dezake disko bat, beraz ez da zaila. Diskoetxeak produkzioa ordaintzea, musikariak ordaintzea eta diskoaren promozioa egitea, hori lortzea izaten da neketsuagoa.
2007an plazaratu zenuen zure lehenengo lana eta bertan baduzu lan bat Bilbori eskainia.
Bilboko lagun baten enkargua izan zen lehenengo disko hori. Nire aitaren lagun batek enkargatu zidan, berak bere bezeroei oparitzeko diskoa zen. Disko hori sortzerako orduan konturatu nintzen burua bertan nuela, Bilbon, eta horregatik jarri nion hiriaren izena. Diskoko musikak Bilboko emozioak eta paisaiak islatzen ditu.
Disko batetik bestera zure musikak aldaketa asko du?
Disko batetik bestera istorio ezberdina kontatzen saiatzen naiz, uste dut disko baten helburua hori izan behar dela. Argi dago beti egongo dela zere zigilua, nire kasuan beti lan egiten dut musikari berdinekin. Beraz, hori disko guztietan agertzen da, soinuan nabaritu behar da. Baina disko bakoitzean arriskatzen naiz, forma eta edukiak aldatuz.
Disko bat prest duzu, noizko merkaturatuko da?
Une honetan diskoetxearekin tratuan nabil, laster plazaratzea espero dut badut eta hurrengo proiektua esku artean.
Zuzenekoa nahiago duzu ala diskoan grabatutako musika?
Inolako duda barik zuzenekoa da musikari batentzat benetako musika. Musika maite baduzu zuzenekoetan gozatu eta bizi egiten duzu. Disko bat musikarekin antza duen zerbait da. Disko bat ez da musika. Pertsona batek zuzenean jotzen duenean sortzen da musika edo talde batek edo orkestra batek; hori da musika. Jazz musikari batentzat are gehiago inprobisatu egiten baitugu. Diskoa argazki bat baino ez da.
Duela bi hilabete Bilbon egon zinen zuzenean jotzen. Eskertuko duzu noizean behin etxean jo ahal izatea?
Asko poztu nintzen horrelako jaialdi bat antolatzeaz, eta areto berri batean gainera. Erantzun oso ona izan genuen, pertsonalki kontzertua oso hunkigarria izan zen, ziurrenik urtetan gogoratuko dut. Gustura bueltatuko nintzateke, azken finean, musikariei gustatzen zaiguna jotzea da.
Bartzelonan bizi zara. Nolako jazz giroa dago bertan?
Jazz zirkuitu bat dago eta, egia esan, Bilbon baino leku gehiago dago jotzeko. Bilbon, Bilbaina Jazz Club dago eta ezer gutxi gehiago. Ez dago erregulartasuna duen ezer ere; Bartzelonarekin ezin da alderatu. Naiz eta egun Bartzelonan egoera ez den ona, geroz eta musikari gehiago dago. Jazz klub bakarra dago eta jazz musika jotzen den taberna eta pub asko. Zorionekoa naiz, hemen jotzeko aukera daukat eta gainera kanpora ere ateratzen naiz.
Etorkizunerako baduzu proiekturik?
Alemanian, Holandan eta Belgikan egon naiz orain gutxi. Bihar Ferrolera noa bertan kontzertua daukat eta. Otsailean Indiara goaz. Udan entsegu berezi batzuk egin nahi ditut hurrengo proiektua prestatzeko. Gure laukotearekin eta koral batekin kontzertua prestatzen nabil. Leku askotako jendea elkartu dugu koral hori osatzeko; bertan daude bizkaitar pare bat, gipuzkoarrak eta baita Iruñeako kantari bat ere.
Musikari batek musika sortu eta jotzeaz gain, baditu beste lan neketsuagoak?
Zure lana diskoetxe batera eraman eta behar bezalako tratua jasotzeko egin beharreko lana musikariak berak egin behar du. Musikatik bizitzeko zein zuzenean jotzeko, zuk zeuk mugitu behar duzu. Azkenean ni Gorka Benitez deitzen naiz eta ez James Brokling. Baina kazetariak jazz musikariari beti gauza bera galdetzen dio eta ematen du beti negarrez gaudela, eta ez da horrela inondik inora.
Beraz, musikari moduan zorionekoa zara?
Duda barik, zorioneko pertsona naiz. Musikatik bizi naiz, musikaria naiz eta gainera nire ustez munduko onenekin jotzen dut. Hara eta hona nabil. Diskoak grabatzen ditut, bai nireak eta baita beste musikari batzuentzat ere. Iturribidetik atera nintzenean inondik inora ez nuen pentsatzen hona helduko nintzenik. Baina nire errealitatea ez da musikari guztien errealitatea. Jazz musika oso zabala da kontzeptu moduan, gaur egungo musika undergrounda da, benetako musika da.

 

Iruzkinak
Berria gehitu Bilatu
Iruzkina idatzi
Izena:
Emaila:
 
Webgunea:
Izenburua:
UBB kodea:
[b] [i] [u] [url] [quote] [code] [img] 
 
 
:angry::0:confused::cheer:B):evil::silly::dry::lol::kiss::D:pinch:
:(:shock::X:side::):P:unsure::woohoo::huh::whistle:;):s
:!::?::idea::arrow:
 
Mesedez sar ezazu irudian agertzen den spamaren aurkako kodea.

3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."