| Bustita, baina umoretsu |
|
|
|
| Berton - Batu gurera! | ||||||||||
| Argazkiak: Iñigo Azkona-k idatzia | ||||||||||
| asteazkena, 2011 uztailak 27. 16:50 | ||||||||||
![]() Zirimiria eta euri-jasa, bietatik bota du aurtengo Santutxuko jaietan, eta ugari. Bederatzi jai egunetatik lautan. Eguraldi eskasak, baina, ez du ilundu santutxuarren jaietarako gogoa. Berezia izan zen jaien hasiera, bertsotan bota baitzuten Gaztedi Dantza Taldeko kideek pregoia. Hori baino lehen bazkari goxoa izan zuten 200dik gora lagunek, ez Briñas ikastetxeko jolastokian –espero eta iragarri bezala–, udalaren baimen faltagatik, Basarrate plazan baizik. Lehen gauean bota zituen lehen euri tantak, gauerdi aldera, hurrengo egunetako milaka euri tanten iragarle edo. Jai Batzordeko kideen esanetan, eguraldiak “ez du lagundu”, baina izan den eguraldi eskasa kontutan hartuta, “beste urte batzutan bezalatsu” hurbildu da jendea jaietan parte hartzera.Santutxuko bakailao txapelketa famatuak –53. edizioa– bazuen berrikuntzarik aurten. Lehen igandera aurreratu zuten antolatzaileek eta, iaz baino lau lapiko gutxiago aurkeztu arren, “giro ona” izan zen jaun eta jabe Basarraten. Txosnak zabalik egoteak eta pintxoak eskaintzeak zerikusi handia izan zuen giroari eusteko ahaleginean. Astearteko paella txapelketa ere “oso ondo” baloratu dute batzordekideek, are gehiago “goiz-goizetik euri arrisku handia zegoela nabarmena baitzen”. 14 koadrilak egin zioten aurre eguraldiaren mehatxuari paella bana aurkeztuz. Play back txapelketa berpizten ari dela argi geratu zen ostegun arratsaldean. “Geroz eta parte-hartzaile gehiago dago eta batik bat umeak dira”, Jai Batzordeko kideek adierazi digutenez. Sei talde izan ziren guztira lotsa baztertuta eszenatoki gainera igo zirenak. Musika kontzertu gehienak –Mamba Beat, Tributo Gaua– dilubiotik salbatu ziren, azken larunbateko Ingo al deu? erromeria taldea izan ezik. Euria amorruz ari zuen eta hala ere ez zioten jotzeari utzi. Auzotar askok txosnapean eta karpapean babesturik eman zuten gaua eta beste batzuk, ausartenak, blai eginda eman zuten jaietako azken gaua. Balorazioa eginda, kontuak egitea dagokio orain Santutxuko Jai Batzordeari. Eta ez da ez lan erraza krisi ekonomikoa gain-gainean dugula eta Bilboko Udalaren laguntza 1.022 eurokoa denean. “Horrekin komunak ordaintzeko baino ez dugu”, diote batzordekideek. Komunen kostua apur bat murriztea lortu dute, garbiketa beregain hartu dutenetik. Dena den, udalaren diru-laguntzarekin “ez da ezertxo ere egiten”. Gainera, oso berandu jasotzen dutela aitortu digute: “Iazko laguntza aurtengo maiatzean eman digute, pentsa!”. Bildu alderdiaren proposamenaren inguruan –auzotar bakoitzeko bina euro bideratzea auzoetako jaietara– duten iritzia galdetuta, irribarreak ihes egiten die Jai Batzordeko lagunei: “Horrela balitz, oraingo egoerarekin alderatuz, miloidunak ginateke eta kristoren jaiak izango genituzke Santutxun”. http://santutxukojaiak.blogspot.com
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



