| Amaia Ibañez: “Profesionalek profesionalentzat diseinatutako zentroa da Harrobia” |
|
|
|
| Berton - Bakarka | ||||||||||
| Ane Zabala-k idatzia | ||||||||||
| osteguna, 2011 martxoak 31. 00:00 | ||||||||||
|
Duela bost urtetik da Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkarteko (Eskena) gerentea. Bartzelonan zegoela proposatu zioten karguaren ardura eta etxera bueltatzeko erabakia hartu zuen. Santutxuarrarekin antzerki enpresek bizi duten egoeraz hitz egin dugu eta, bide batez, Otxarkoagan zabaldutako Harrobia zentroa ezagutu dugu. Nola heldu zinen Eskenara?Lagun batek proposatu zidan bertara etortzea duela bost urte Bartzelonan lanean nenbilela. Beti egin izan dut ekoizpen lana. Asko pentsatu gabe Eskenan sartzea erabaki nuen. Zeintzuk dira Eskenaren lanak? Euskal Herriko 28 konpainia profesionalen elkartea da Eskena. Sektore mailan ordezkaritza lanak egiteko gaitasuna duen entitate bakarra da. Sektoreko patronala gara eta urtero Eusko Jaurlaritzarekin diru-laguntzak kudeatzen ditugu. Horretaz gain, EAEn estreinatzen diren antzezlan guztiak grabatu egiten ditugu eta ekoizten diren lanen artxiboa ere kudeatzen dugu. Bestetik, Eskenan dauden taldeen beharrizanak gestionatzen saiatzen gara. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean plan ezberdinak jarri ditugu martxan. Nolakoak dira Euskal Aktoreen Batasunarekin harremanak? Onak dira harremanak. Egia da duela bi urte aktoreekin batera lan hitzarmena sinatzen saiatu ginela, baina bertan behera geratu zen. Aurten Eskenaren 15. urteurrena ospatu duzue. Asko aldatu al dira antzerkiaren eta dantzaren sektoreak? Aldaketa ugari izan dira, batez ere azken urteetan. Egun Euskal Herrian profesional asko ditugu sektorean lanean, antzerki eta dantza enpresez gain, teknikariak, eszenografian jarduten duten enpresak... Bai, aldaketa ugari izan da. Urte hauetan sektoreko profesionalek elkarrekin egin duten bidea oso aberasgarri izan da. Zeintzuk dira Eskenaren helburuak? Elkartea 1995. urtean sortu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako konpainia dinamikoenen eta profesionalen ekimenari esker. Sorreratik helburu berberak izan ditu Eskenak: Arte Eszenikoak sustatzea, sektoreko enpresen garapena bultzatzea, erakundeekin eta arloko gainerako eragileekin etengabeko harremana ahalbidetzea, afiliatuen interesak ordezkatzea, babestea eta sustatzea eta afiliatuen arteko elkartasuna sustatzea. Krisi ekonomikoan bete-betean sartuta gaude. Zein eragin izan du krisiak antzerki eta dantza munduan? Beste sektoreetan bezala, gurean ere, krisiak gogor jo du. Horregatik antzerki enpresek euren lan egiteko era aldatu behar izan dute. Antzerki ekoizpenak jaitsi egin dira eta konpainiak beste lan batzuk egiten hasi dira. Esaterako, galak eta egun bakar baterako ikuskizunak. Ekoizpenei bideratutako diru-laguntzak murriztu dira, baina baita herrietako antzokietan programazioa egiteko aurrekontua ere. Beraz zirkulu bat da, gutxiago ekoizten da eta baita gutxiago programatu ere. Nolako da antzerki eta dantza sektorea? Oso atomizatuta dagoen sektorea da, enpresa asko daude eta bata bestearen artean oso desberdinak dira. Asko txikiak dira. Azken urteetan antzerki ikusleak ere jaitsi egin al dira? Bai, horrela da. Horregatik konpainiek ikuslea oso kontutan izaten duten lan egiteko orduan. Garai batean, agian, hori ez zen lan egiteko forma. Orain, sorkuntza berri baten aurrean enpresek ikusle potentziala kontutan izaten dute. Honen harira, Eusko Jaurlaritzarekin batera ikusleen azterketa egiten ari gara. Otxarkoagako eliza zaharrean Harrobia zentroa zabaldu duzue. Zer izango da Harrobia? Arte eszenikoetan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeaz gain, zentro berrian enpresa egitura duten konpainiei babesa eta aholkularitza eskainiko diegu, ekoizpen prozesuak, ikuskizunen amaierako kalitatea eta berritzeko gaitasuna hobetu ditzaten. Halaber, Harrobian artista berriei eta azaleratzen ari diren kolektibo eszenikoei lan munduan sartzen eta enpresa gisa sendotzen lagunduko diegu. Apustu berezia egingo dugu Bilboko eta Bilboaldeko harrobiaren alde. Funtsean, asmoa da arte eszenikoen alorrean sorkuntza artistikoa sustatzea. Ekoizpen eszeniko profesionalerako errendimendu handiko lehenengo zentroa da, beraz, Harrobia. 1.000 metro koadro inguru ditu, hiru solairutan banatuta, eta prozesu eszeniko osoak hartzeko behar diren azpiegitura tekniko guztiekin hornituko dago. Profesionalek profesionalentzat diseinatutako zentro bat da. Prozesuak berritzearen eta zerbitzu bikainak eskaintzearen aldeko apustua egingo dugu, ekoizten diren ikuskizunak kalitatezkoak izan daitezen. Bertan antzerki eta dantza konpainia profesionalek euren lanak denbora eta baldintza egokietan prestatu ahal izango dituzte. Konpainiek kultura sortzeko, ekoizteko eta kontsumitzeko modu berrietara egokitzeko behar dituzten metodologia, jakintza eta bitartekoak eduki ditzaten. Bilboeszena, Harrobia… Mahatserrian baditugu arte eszenikoekin erlazioa duten lekuak. Bai, egia da. Bilboeszena antzerki amateurrak erabiltzeko zentroa da eta betebehar batzuk eskatzen ditu. Harrobia, berriz, profesionalentzako zentroa izango da. Baina egia da Bilbon areto eta azpiegitura asko ditugula. Badago Arriaga antzokia, BBK hurbiltasun aretoa, Campos antzokia, Alondegiko auditoriuma… beste leku batzutan baino askoz aukera gehiago dago gurean.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



