| Alain M. Urrutia: “Batzuek kontrakoa uste duten arren, artearen munduan ere nabaritu dugu krisia” |
|
|
|
| Berton - Bakarka | ||||||||||
| Dabi Piedra-k idatzia | ||||||||||
| ostirala, 2009 urriak 30. 00:00 | ||||||||||
Formatu handiko margolanak egiten ditu Alain M. Urrutia pintore mahatsorriak. Europako hiri askotan erakutsi ditu bere artelanak baina aurten, beste erronka bati ere ekin dio. Hedoi Etxarterekin batera, ‘Ihes Ederra’ nobela grafiko edo irudi eleberria kaleratu du. Bikote baten buruhausteak kontatzen dira bertan, bost pasartetan banatuta. Formatu berritzailea du irudi eleberri horrek, testua, irudia, argazkia, prentsa errekorteak, poemak eta azalpen historikoak nahasten baititu. Santutxun, Zabalbide kalean beste artista batzuekin batera daukan hiru pisuko estudioan egin dugu hitzordua Alainekin.![]() Urrian kaleratu duzue Hedoi Etxartek eta zuk ‘Ihes Ederra’ irudi eleberria; zelako harrera izan du orain arte? Irakurri dutenek ondo hartu dute. Zerbait berria ekarri dio gure irudi eleberriak euskarazko merkatuari. Orain arte, Paul Austerren ‘Kristalezko Hiria’ zen euskarazko nobela grafikoetan aitzindari, Harkaitz Canoren itzulpenarekin. Guk, lehenengo aldiz, sortze prozesu osoa euskaraz egin dugu. Hedoi Etxartek idatzi du eta zuk irudia ipini diozu ‘Ihes Ederra’ liburuari. Nola ezagutu zenuten elkar? Urruneko senideak gara biok eta familia bazkari baten ezagutu genuen elkar, orain hamar bat urte. Gero, tabernetan eta kontzertuetan elkar ikusten genuenean, buruari bueltak ematen hasi ginen. Bera literatur munduan murgilduta dago eta ni margolaria naiz eta azkenean, irudi eleberria egitea otu zitzaigun. Urte bete inguru egin dugu lanean, berak idatzi ahala nik irudiak egiten nituen. Euskaraz dago idatzita ‘Ihes Ederra’. Nahita egin zenuten horrela ala natural irten zitzaizuen? Naturaltasunez erabaki genuen euskaraz idaztea. Hala ere, esan beharra dago, nobelan frantsesezko poemak tartekatzen ditugula eta Iban Zalduak egindako sarrera ingelesez dago, beraz, ‘Ihes Ederra’ lanean euskara da hizkuntza nagusia baina badaude hizkuntza gehiago ere. Irudi eleberria aurkezten zabiltza azkenaldian, baina zu, izatez, artista zara, margolaria hain zuzen. Zein estilo duzu gustuko? Gauza diferente askoren zalea naiz. Orain dela hiru urtera arte, bueltaka ibili nintzen, neure burua topatu guran, eta azkenean lortu dut neure estiloa definitzen duten ezaugarriak aurkitzea, hau da, formatu handiko margolanak, zuri-beltzean eta beti ere argazki itxura ematen ahalegintzen naiz. Izan ere, egunerokotasuna irudikatzea bilatzen dut. Zuri-beltza asko erabiltzen duzu. Beti zuri-beltzean margotzen dut. Gustura nago kolorea erabili barik, naturaltasunez egin nuen zuri-beltzerako saltoa. Aspaldion erakusketa ugari izan duzu, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere. Iaz beka bat lortu nuen BilbaoArten eta harrezkero gauzak etortzen hasi dira. Gasteizko Artiumen, Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon izan naiz. Norvegian ere izan nintzen eta urriaren 31ra arte, Madrilen erakutsi ditut berriro neure lanak. Beka, sari eta diru-laguntza asko lortutakoa zara, BilbaoArteko beka edota Ertibilen, esaterako. Hori da zure diru iturria? Diru iturri nagusia dira, bai. Lehen aire zabaleko lehiaketetan sariak irabaztetik bizi nintzen, baina ez nuen neure burua mundu horretan ikusten. Orain, bekak eta antzekoak dira nire bizibidea. Koadroen salmentei dagokionez, askok esaten dute, artearen merkatua luxuzkoa denez, krisirik ez dagoela. Baina hori ez da egia, geuk ere nabaritu dugu krisia. Euskal artista gazteari ikusten diozu beka sistematik askatu eta libre produzitzeko zirrikiturik? Bai, jakina. Bekei ez zaie muzin egin behar, haiei esker lortzen da artearen merkatuan sartzea, izen ona egitea eta hori da norbere kontura produzitzeko giltzarria. Nire asmoa da, urte batzuez bekak eskatzen jarraitzea eta horri esker, artearen merkatuan erabat sartzea, gero neure kasa ibili ahal izateko. Baina ez dut uste zuzena denik mundu horretatik irteteko ahalegina egitea, hortik berez irten behar da. Hala ere, jende nagusiarentzat ere badaude bekak eta diru-laguntzak eta lagungarriak dira horiek ere. Ertibil sariketan polemika bizia piztu zen iaz, obra bat zentsuratu zutela eta, politikoki onargarria ez zelakoan. Zein iritzi duzu zuk? Politika eta artea nahastu ziren eta hori egitea akats larria da. Politikariak izan dezake iritzi artistikoa, baina ez da kualifikatua. Artelan batek irakurketa asko dauzka eta artistak ikuspuntu bat transmititzea bilatu dezake edo ez eta ikusle bakoitzak gauza bera ulertu dezake edo beste irakurketa bat egin. Ertibileko auzian, politikarien akatsa izan da, euren ikuspuntua baino ez dutela onartu, ez dira konturatu obra horrek berez ez daukala esanahirik eta, beraz, politika arloko ikuspegia ematea obra bera mugatzea dela. Gainera, artistak erabili nahi izan gaituzte propaganda politikoa egiteko. Unibertsitatean ere, ikasketekin jarraitzen duzu, ezta? Bai, tesina amaitu dut dagoeneko, artearen eta merkatuaren gainean. Orain tesia egiten hasiko naiz. Aparkatuta izan dut tesia orain arte, beste gauza batzuek denbora mugatu didatelako, baina berrekiteko asmoz nabil. Magoa ere izan zinen eta Santutxuko bertso-eskolan aritutakoa zara. Non geratu da hura? Zaletasunak hor daude oraindik, lagunartean jarraitzen dut magia egiten edo bertsoren bat botatzen noizean behin, baina jendaurrean ez. Lagun asko egin nituen zaletasun horiei esker eta oraindik batzuk mantentzen ditut. Beraz, orain artean zentratu nahi duzu, baina zu ez zara geldirik egotekoa. Etorkizunerako beste egitasmoren bat badaukazu buruan? Badaude proiektu batzuk, bai, baina oraingoz nahiago dut ezer ez esan. Orain egiten nabilenarekin lotutako zerbait da.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



