| Euskal Herri euskalduna amets |
|
|
|
| Berton - Berton dugu | ||||||||||
| Berton-k idatzia | ||||||||||
| astelehena, 2009 azaroak 30. 01:00 | ||||||||||
|
30 urte pasa dira Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak 1979ko azaroaren 4an Durangoko Azokan bere burua aurkeztu zuenetik. Euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan, “izaera erreibindikatzailea eta borrokatzailea” izatea adostu zuen eta hala mantentzen du gaur egun ere. Erdara hutsezko ikur eta kartelen ‘Ezabaketa Astea’-n eta ‘A ereduaren gripearen aurkako kanpaina’-n harrapatu ditugu Mahatserriko EHEko kideak.
Asko aldatu da Euskal Herrian Euskaraz 30 urte hauetan Pitxuren arabera. Baliabideak eta metodologia, batez ere. Haiseran komunikazio guztia egoitzen bitartez zuzentzen bazen, “orain Internet eta telefono mugikorrei esker, gauzak arinago egiten dira”, aipatzen du. Abiadura irabazteaz gain, EHEko kideek formakuntza ere irabazi dute: “Metodologia, plangintza, mintegiak jarraitzen ditugu gaur egun eta formakuntza hobea da”. Baina bada ezer gutxi aldatu den zerbait; taldekide kopurua, alegia. “Jendez makal geunden lehen eta antzera gaude orain”. Gutxi diren arren egun, are gutxiago ziren 90. hamarkadan, Bilboko euskal komunitatea txikiagoa baitzen. “EHE talde marjinalagoa zen, ideologizatuagoa, apur bat talibanak ginen eta oraindik ere bagara”. Izan du, bai, bestelako ondoriorik taldekide gutxi izateak, Euskal Herrian Euskarazek bi bizitza izan baititu Uribarrin eta Guadiana errekak beste gorabehera Santutxun. Heldu da errelebua Taldea desagertzear zela eta, ekainean bost bat gazte sartu ziren Santutxuko Euskal Herrian Euskarazen. Tartean dago Marti. “Auzoa %100 euskalduna ez delako”, egin zuen bat berak. Gogotsu ikusten du taldea: “animotsu gaude lanerako”, diosku. Besteak beste, erdara hutsezko kartelen presentzia ikustarazteko, ‘Bertso-Ezabaketa-Kalejira’ antolatu zuten azaroaren 27an Santutxun zehar. Emanaldia eta luntxa izan ziren kalejiraren ondoren. Uribarrin Rebeka da taldeko kide berrienetakoa. Bi pertsonako taldea indartzeko sartu zen beste batzuekin batera. “Esperientzia ona izan da orain artekoa, auzoaren tamaina kontutan hartuta, hainbat ekintza kaleratu dugu”, dio. Horien artean dago, ikastetxeetako matrikulazio garaian burututakoa: “Egungo hizkuntz ereduekin, hirutik bi ume ez dira euskalduntzen eskolan. Errealitate hori kaleratzeko, pankartak eta pegatinak jarri ditugu auzoan eta nahiko oihartzun lortu dugu; hainbat eskolaren haserrean igarri dugu hori”. Etorkizunari begira Itziar Villafañez Santutxuko EHEko arduraduna baikorra da etorkizunari begira. “Santutxun jende gaztea dago, Deustuko taldean ere bai eta Alde Zaharrean sortzen ari da. Euskararekiko sentsibilitatea handia da eta gure esku dago jendea mugitzea”. Rebekak irakaskuntza arloan ikusten du eman dezakeela euskarak aurrerapausoa epe laburrean. Ume txikiekin egiten du lan ikastetxe batean eta hasita dago aldaketa igartzen: “Geroz eta guraso gehiago da euskalduna, beste guraso belaunaldi bat da oraingoa. Gaur egun euskaraz egin dezakezu bilera beraiekin eta lehen ez”. Itziarrek antzera pentsatzen du: “Irakaskuntza estrategikoa da euskararen aurrerabidean, Celaa saiburuaren lanagatik ematen ez duen arren”. Ezagutzaz gain, euskararen erabilera sustatzea da beste gakoetako bat. Azkenaldian proiektu “politak” ari dira burutzen Pitxuren esanetan. Berbalaguna proiektua, esaterako. “Lehen hutsune bat zegoen, euskaltegitik kanpo ez zegoen euskara erabiltzen jarraitzeko aukerarik” eta egun Berbalagunak betetzen du zulo hori. Eskarmentu gehien duena izanik, azti lanak egiteko eskatu diogu Pitxuri. Aurrera begira jarri eta hauxe bota digu erdi desio, erdi iragarpen modura: “Ea euskaldunok 30 urte barru gure hizkuntz eskubideak bermatuta ditugun”.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



