| Arbolantxako borrokaldia |
|
|
|
| Berton - Begoñeraz | ||||||||||
| osteguna, 2010 otsailak 25. 04:00 | ||||||||||
![]() Grabatua Becerro eta Lagarde jaunek egindako krokisak islatu zituen. ‘La Ilustración española’ aldizkariak argitaratu zituen 1875eko apirilean. Orrialde batean Nafarroako karlisten kanoi bat, Ziordiako gerra ospitalea eta Elorrioko irudi bat plazaratu zuten, azken horretan mutilak Don Karlosen armadara joateko deialdi publikoaren irakurketa zekartela. Baina irudirik handiena, erdian ipinita, gerra irudi ikusgarria da. Eta hona hemen bere azpian idatzitakoa: “Bilbo: Borrokaldia Arbolantxan otsailaren 26an. Baioneta eskuetan erasoa Avril mendiko trintxeretan”. Jakina, marrazki hori bera da artikulu honekin agertzen dena. Holako erasoen krudelkeria eta gordinkeria izugarriak ziren. Aldizkarian bertan idatzi zutenez, gatazkak Bilbo osoa asaldatu eta aztoratu zuen, hain izan zen latza. BAIONETAZ Otsailaren 26an gertatu ei zen. Bilbotik foru guardiako –liberalen aldeko oste armatua- konpainia bi eta Espainiako Armadako Albuera batailoiko eta Saboya erregimenduko beste batzuk atera ziren. Santo Domingo aldera jo zuten, La Ilustración Españolak zehaztu zuenez, “Abril, Arbolantxa eta Santa Marinako muinoetara”. Bertan karlisten trintxerak zeuden, Bilboren zelatan, Bizkaiko batailoietako mutilen ardurapean. Karlistek atzera egin zuten foru guarden oldarraren aurrean. Liberalek lehenengo trintxera gainditutakoan, Bizkaiko batailoietako mutilek karga egin zuten, baionetak astinduz. Oste bien arteko talka odola gatzatzeko bestekoa izan ei zen. Madrileko aldizkariaren kontakizunaren arabera, “ikaragarria izan zen: borrokalariak elkarren aurka oldartu ziren su izugarri baten erdian, eta foru guardiakoen ausardia gora behera, karlistak berriz ere jabetu ziren trintxera hartaz”. Liberalen bajen artean foru guardiako kapitain bat, teniente bat eta hamaika guardia hil ziren. Gainerako unitateetakoak ez zituzten zehaztu. SETIOAREN ONDOREN Egia esanda, gatazka hori Bilboko setioaren ostean gertatu zen. Izan ere, karlistek 1873ko azken hilabeteetan ekin zioten Bilbo blokeatzeari eta 1874ko otsailean setioa osatu zuten. Espainiako Armada Muskizen zegoen geldirik, behin eta berriro oldartu arren hango mendialdea zeharkatu ezinik. Abanto eta Bilbo bitartean Don Karlosen armada zegoen, baita Bilbo estu hartzen ere. Bigarren karlistadako setio hartan, lehenengo gerratean ez bezala, liberalek Begoñako eliza bere defentsa perimetroan gorde zuten. Handik hurbil, Artaganen eta Santa Monika komentuetan hain zuzen, karlistek euren bateriak ipini zituzten. Setioa 1874ko maiatzaren 2an altxatu zuen Espainiako armadak. Baina, garaipen horrekin ere, ezin izan zuen arriskua uxatu. Bilbo inguruko mendietan segitzen zuten karlistek, sarritan jaun eta jabe. Arbolantxako borrokaldi hura, esan legez, 1875eko otsailean gertatu zen, egin kontu. Bada, gatazka hura izan eta urtebetegarrenean amaitu zen gerra, 1876ko otsailaren 28an Don Karlos Arnegitik Ipar Euskal Herrian sartu zenean.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



