|

Alfonso Antxia espeleologia elkarteko sei kide Dominikar Errepublikan egon dira, Haitises Naturgunea aztertzen. Hamazortzi eguneko espedizioa egin dute Natur Parke horretan eta ingurunea kartografiatu eta lurrazpiko altxorrak aztertzeaz gain, abentura zirraragarriak ere ez zaizkie falta izan. Haitises Parkea hobeto ezagutzeko ezinbestekoa izan da Alfonso Antxia Elkartearen lana eta horregatik, Dominikar Errepublikako Gobernuaren babesa ere izan dute.
Espedizio buru, Jabier Les mahatsorria ibili da eta BERTON aldizkariari azaldu dionez, esperientzia gogoangarria izan da Haitises Parkekoa. Dominikar Errepublikako naturgunerik handiena da hori, ia 2.000 metro koadro da eta orain arte ezezagunak izan dira parkearen ezaugarri geologiko asko. Horregatik, Jabier Lesek gidatutako espedizioari laguntza handia eman dio bertako gobernuak. Domingo Abreu, Dominikar Errepublikako ingurugiro idazkari eta zientzialaria, egon da euskal espeleologoekin eta baliabide materialak ere eman dizkie: āHelikopteroak eskura izan dituguā, gogoratu du Jabier Lesek. āUharteko parke naturalik handiena da eta ia ez dute ezagutzen, normala da gobernuak interesa izateaā. Azterketa hidrokimikoa egin dute oihanean, lurrazpiko uren zirkulazioa ezagutzeko. Gune karstikoa da Haitises Parkea eta, ikusi dutenez, hango urak abiadura bizian ibiltzen dira lurrazpiko kobazuloetan barrena. Leizezuloetako mikrobiologia ere ikertu dute eta ingurugiroa babesteko balioko duten datuak ere batu dituzte. Deforestazioaren arazoa larria da han, āegoera tamalgarrian topatu ditugu leku batzuk, zuhaitzik gabeā. Horregatik, Haitises Parkea babestea ezinbestekoa da. Mogote izeneko mila mendixka karstikok osatzen dute naturgunea eta itsasoan barneratzen da parkearen mutur bat, paradisuaren pareko oihana da, beraz. EZUSTEAK KOBAZULOETAN Haitises Parkea aztertzera, sei laguneko lan taldea eraman du Alfonso Antxia elkarteak. Espainiako hiru aditu eta Dominikar Errepublikako beste bost gehitu zaizkie. Disziplina askotako adituak egon dira espedizioan, izan ere, euren jarduna ez da espeleologia lanera mugatu. Adibidez, kobazuloen barruan, antzinako gizakiek egindako irudi eta petroglifoak aurkitu dituzte. Giro bikaina egon da lan taldean eta egoera xelebreak gogoratzen ditu Jabier Lesek: āEspedizioko kide batzuek arazoak izan zituzten oihaneko eltxo erraldoiekin, ondo prestatuta joan behar daā. Indar txikiko lurrikara pare bat ere nabaritu zituzten eta horrek gogora ekarri zien aste gutxi batzuk lehenago uhartearen beste puntan, Haitin, gertatutako lurrikara bortitza. Hezetasunak eta oihan itxiak nekatu ditu espedizio kideak, eta komunikazioa ere ez da erraza izan. Espeleologia lana uste baino bizkorrago amaitu zutenez, etxera itzuli baino lehen, Karibeko itsasoan baleak ikusteko aukera izan zuten. MAGIA BELTZA? Dominikar Errepublikako herritarrekin izan dute kontaktua, nekazariekin batez ere, Jabier Lesen esanetan: āJende abegikorra eta atsegina diraā. Hori bai, egun batean herritar guztiak asaldatu zituzten. Uren ibilbidea ikertzeko kolorazioa egin zuten, hau da, urari tinta berdea eman zioten eta herrietako ibaietan ur berdea agertu zenean, budua edo magia beltza zela pentsatu zuten nekazariek. Lanak izan zituzten espeleologoek azaltzen prozedura zientifiko arrunta baino ez zela, osasunerako kaltegarria ez dena. Jabier Les 2003an eta 2004an egon zen Haitises Parkean, Dominikar Errepublikako gobernuak gonbidatuta. Aztertzeko lurralde interesgarria zela ikusi zuen eta orduan hasi zen aurtengo espedizioa prestatzen, Dominikar Errepublikako Domingo Abreu espeleologoarekin eta Funkarst fundazio publikoarekin batera. Urte bukaera honetan edo hurrengoaren hasieran, berriro bueltatuko dira euskal espeleologoak Haitisesera, lana bukatzera. Parkearen ia 2.000 kilometro koadroak goitik behera kartografiatu eta aztertu nahi dituzte, eta kobazuloen sistema konplexua ere bai. Antzeko lana egin du Jabier Les eta bere lan taldeak Ozeano Bareko Rapa Nui uhartean eta, behin hori amaituta, Dominikar Errepublikak gordetzen duen altxor handiena, Haitises Parkea, da helburu nagusia. Informazio gehiago: http://haitises2010.wordpress.comĀ eta www.sociedadalfonsoantxia.org helbideetan.
|