|

Zuhaitzen adar berezi batzuen bila aldapa malkartsuetan ibiltzen da. Adar horiekin lerroak irudikatzen ditu eta lerro artekoa iradoki. Bere azken lanetako batzuk erakusgai izan ditu Jose Angel Lasa eskultoreak eta pozik izan duen harrerarekin. Mahatserrian urte luzez bizi eta lan egindako legorretar bilbotartuak luze hitz egin digu arteaz, artista ikuspuntutik eta baita Arte Eder fakultateko irakasle ikuspuntutik ere.
Zelako harrera izan du Lerro artean zure erakusketak Lumbreras galerian ikusgai eman duen hilabetean? Galeristak ‘ondo’ esan dit. Unibertsitateko ikasle eta arte munduko jende asko etorri da; hori ona izaten da berez. Eta gero lagun asko. Bestelakoak ere etorri dira. Iritzi onak jaso ditu zure erakusketak. Dakitenek, hau da, artistek eta galerietako arduradunek ondo hartu dute. Kristoren ilusioa ematen du horrek. Artista umilik ez dago. Elikatu egin dut pixka bat nire harrotasuna. Zelakoak dira Lerro artean erakusketa osatu duten obrak? Lerroak eta lauak, bi kontzeptu horiekin jokatu dut. Nik lerroak aportatzen ditut, lerro ordenatuak, naturatik hartutakoak. Normalean, zuhaitzaren zura erabiliz egiten da eskultura. Nik masa ez den hori hartu dut, adarrak; horiek dira lerroak. Eta lerroa erakustean lerro tartean dagoena ere jendeari erakusten ahalegindu naiz; arrazionala, ez arrazionala, eremu anbiguo hori. Erabili dituzun adarrak ez dira edonolakoak izan. Edozelakoak ez dira arrazoi bategatik. Normalean, zuhaitz baten adarra angelu zuzenean ateratzen denean, ez da naturala. Erreka zuloetan eta troketan zuhaitza erortzen denean, esaterako lurra mugitu delako, adarrak zer egiten du, argitara jotzen du. Hor agertzen da angelua, eta horrek bide ematen dit istorio bat kontatzeko. Ziklogenesiak iaz botatako zuhaitzetako adarrak dira batzuk. Haizeak bota zituen. Sollube inguruan ikusi nituen, eskatu eta horrela lortu nituen. Praktikoki adar denak Sollubekoak dira. Kilometro zero egin dut. Adar bilketa lan gogorra al da? Troka eta erreka zuloetara jaitsi egin behar izaten dut eta, ez hori bakarrik, gero adarrak igo ere. Leku malkartsuak dira, lur txarrekoak zama lanetarako. Ahal dela ateratzen ditut, sokekin lotuta. Ez dakit zenbat denbora gehiago jarraitu ahalko dudan hori egiten, horrek muga bat dauka. Nondik datorkizu naturaren hondakinekin artelanak egiteko duzun zaletasuna? Garai batean zuraren oso zalea nintzen eta halako batean naturak eskaintzen zidana erabiltzea pentsatu nuen, normalean bota egiten ditugun adarrak, alegia. Hori orain dela 100 urte baino gehiago arte munduan planteatzea ezinezkoa zen. Arteak ezin zuen onartu galkorra zen material bat. XX. mendean Picasso puñeteroa collageak egiten hasi zen unetik aldaketa izugarria gertatzen da, eta dena da posible arte munduan. Ondo egitea da zaila, hori da putada. “Dena da posible” esateak, zer esan nahi du zehazki? Denak balio duenez, dena ona da, pentsatuko du norbaitek. Ez. Dena erabiltzeko aukera izateak ez du esan nahi dena ona denik. Unibertsitatean hori asko nabari dugu. Imajina ezazu lau ariketa bi saiotan planteatzen dugunean zer gertatzen den, 160 ariketa ateratzen dira aste batean. Hori orain dela urte batzuk pentsaezina zen. EHUko Arte Ederretako ikasleak zelan aldatu dira? Gaurko gazteak dira egungo gizarteko gazteak. Gaztedi zoragarria dugu. Ni belaunaldi txatxu batekoa naiz, 1968an 20 urte genituelako badirudi mundua asmatu genuela; ez da egia. Gazteengandik hurbil bizi garenontzat errazagoa da hori ikustea. Orain gutxi Madrileko Malasaña auzoan egon naiz. Zelako plazerra, han dena gazteek egin dute. Zelako sormena dagoen bertan, eskura, dena zabalik dago, edonork har dezake parte. Zein ikasle mota daukazue Arte Eder fakultatean? Ez dira artistak etortzen Arte Ederretara, artean interesa dutenak baizik. Oso jende gutxik nahi du artista izan Arte Ederretan, eta garbi esaten dizute. Ez zaie gustatzen artearen inguruan dagoen muntaia, eta ez da harritzekoa. Zelakoa da muntaia hori? Ezin da ihes egin? Artea merkatuan dagoen produktu bat da eta merkatu horren atzean dauden gauzak ez dira batere eleganteak batzutan. Gazteek hori ikusten dutenean, askotan, ihes egiten dute, ez dute ezer ere jakiterik nahi izaten. Eta seinale ona da. Bide berriak zabaltzeko modua izan daiteke? Hori egin dute Malasañan. Galeria moduko batean egon nintzen, ez dute inauguraziorik egiten, jende bat dute eta ekartzen dute beste bat, saltzen egoten dira, beti dago aldatzen… istorio berriak dira. Egungo gazteek kolektibitate aukera hori barneratuago dute, guk ez dakigu hori egiten. Merkatuak hurbildu nahiko du gazteen egiteko modu berrietara. Ez duzu uste? Museoek, orokorrean, izugarriak izan behar dute funtzionatzeko, kristoren katxarroak. Eta ezin dute horrela jolastu. Badirudi bi mundu ezberdin direla, dena da artearen ingurukoa, denak izan daitezke oso pertsona onak, baina batak zein besteak funtzionatzeko duten era oso desberdinak dira. Eta biak aldi berean ematen ari dira, eta posible da. XX. mendean abangoardia bat agertzen zenean atzekoa ukatzen zuen. Postmodernitatean planteamendu berria dago eta aurrekoarekin metatu egiten da. Orain, horrela ari gara, metatu, metatu, metatu… eta denok dugu aukera. Zure ikasleek, orduan, zer dute buruan? Bitxia da, lehen mailan etortzen dira eta buruan dituzte galeriak eta museoak. Bigarren urtetik aurrera, beste zirkuitu batzuk ere existitzen direla ikasten dute. Eta batzuk, bukaerarako, zirkuitu berri horietan sartuta daude. Orain ospatu da fakultatearen 40. urtemuga. Hasieran 100 ikasle inguru ziren, ni sartu nintzenean, 1987an, ikasle kopuru maneiagarria zen oraindik. Hazi, hazi eta hazi joan zen eta, aurten ere, jendea kanpoan geratu da. Iaz baino eskari gehiago izan dugu eta, gainera, batezbesteko media igo egin da. Ez dakigu zergatia azaltzen. Bolonia Planak zelan eragin dio Arte Eder fakultateari? Planteamendua gustuko dut, baina ez izan duen bilakaera. Hasteko, aurretik genuen plana oso txarra zen. Horregatik, beste hau pozik hartu nuen. Ez dakit zenbateraino ekonomiaren eskua lehen baino nabariagoa den Bolonian, eta ikasketa planak orain ez dira ez hobeak ez okerragoak. Burokratizazioak Bolonia jan eta xurgatu egin du eta Bolonia honek ez du zerikusirik paperetan, asmoetan zegoenarekin. Bilbo eta Euskal Herria arte ikuspuntutik indartsu ikusten dituzu? Konparatu dezaket gure fakultatea beste batzuekin, eta oso maila onean gaude estatu mailan, eta Europan mailan ere oso maila polita dugu. Hemengo ikasle bat Berlinera joaten denean ez dago galduta, oso ondo funtzionatzen du. Eta hangoak etortzen direnean, ez gara harritzen. Aurretiaz Karmelo ikastolako irakasle izan zinen eta lan hura utzi zenuen eskultore izateko. Erabaki zaila izan al zen? Egun batetik bestera ikusi nuen garbi utzi behar nuela. ‘Ya está’ pentsatu nuen. Hurrengo egunean Tasio Erkiziari esan nion, ‘hurrengo urtean ez nator’. Sentitu nuen amaitu zela eta eskulturan hasten ahalegindu nintzen, 1979-80an izan zen hori. Gogoan dut 15 urterekin, irakasle bati ‘nik eskultorea izan nahi dut’, esan nion. Eta erantzun zidan ‘hori ez da ikasten’. Baina nik eskultura egin nahi nuen. Ikasketa gabe hasten zarenean, bata eta beste egin behar da; inguruetara jo nuen. Zelakoa izan da eskultore izateko bidea? Arraroa, oso zaila zelako hortik bizitzea. Bikoizketan ere ibili nintzen, baina oso txarra nintzen. Agoantatu nuen eta bitartetan tailerra martxan jarri nuen. Tarteka, denetik egin dut, ateratzen ziren gauzak. Une batean Foru Aldundiaren beka bat lortu nuen bi urterako eta hori bukatzean Soziologiako reválida egin behar izan nuen Deustun, bota egin nindutelako. Orduan atera ziren plaza batzuk EHUn eta 1987tik nago bertan. Hainbat sari lortu dituzu eta zure eskulturak han-hemenka ikus daitezke. Zein izan da bereziena? Arte Eder museoan dagoen pieza, zalantzarik gabe. Bertigoa eman zidan, oso zaila baita museoan sartzea, Pradoren ostean bigarren museoa da askoren ustez. ‘Zure obra bat nahi dugu’, esaten zidaten. Patronatuaren tramite denak pasa nituen eta han dago. ‘Arraioa, eskultorea zara’, nire buruari esateko balio izan zidan. Zure obra lekuz aldatzeak haserretuko zintuzke? Mugitu dute, beti ere kontsultatuta. Ez du leku finkorik eta beti joan izan naiz ni kentzera eta jartzera. Egilearen eskubidea non hasi eta non bukatzen da? Korrespontsabilitate kontua da. Calatravari zubia hobetu egin diote. Nagelen Patata izugarri gustatzen zait. Alkatetzako arduradunak aldatu direnean, kendu egin nahi izan dute Patata eta, arrazoi guztiarekin, esan die Nagelek ‘Ya os vale’. Pieza hori hobetzeko Nagelekin jesarri eta hitz egitearekin nahikoa litzateke. Errotondak eta autopistak leku aproposak al dira eskulturak kokatzeko? Autopistak zerrikeriaz beteta daude, eta gehienak ez dira eskultoreek eginak, autopista horretan ibili diren ingeniariek baizik. Katxarroz betetzea oso erraza da, beteta dugu ingurua. Horregatik, Nagelen lanari Patata edota katxarro esaten diotenean haserretu egiten naiz, Nagel oso ona da eta pieza hori ere bai; katxarro bezala tratatu dute. Ulertzen dut bere haserrea eta epaitegietara jotzea, eta irabazi egin du gainera. Krisi ekonomikoa inspiragarria izan daiteke sormen lanerako? Prestigeak sortu zuen marea beltzak arte plastikoan eragingo zuela uste zen, eta ez zuen izan, behintzat, sortu zuen eragin mediatikoaren neurri berekoa. Krisiak inori ez dio ez kalte ez mesederik egin arte plastikoan. ETAren amaiera eta etor daitekeen aldaketa izango al dira inspirazio iturri? Ez dakizu noiz zerk emango duen. Emakumeen gaiak ematen du emakume asko dagoelako hemen inguruan, gay munduak asko ematen du, Bosniako gerrak asko eman zuen, arabiar herrietako askapen mugimenduek zer eman duten ez dut oraindik ikusi… Zer gogoratzen duzu Santutxu aldizkarian kolaboratzen egindako lanaz? Collageak egiten nituen argazkiak moztuta. Gauza barroko samarrak ziren. Eta Asfaltoan ere bai eskultura sortaz? Bilbo euskalduntzen taldeko Ibon Arbulu, Fernando Otxoa eta beste batzuk etorri zitzaizkidan euskara sustatzeko kanpaina bat egin nahi zutela esanez. Haritzezko lan batzuk eskatu zizkidaten, betiko topikoa. Nik haritzezkoak ezetz esan nien, Bilbon geundela eta asfaltozkoa behar zutela izan. Eta egin genuen eta funtzionatu zuen. Hurrengo, zer? Zuhaitz batzuk jaso nahi ditut, bainanorenak diren jakin behar dut horretarako. BOST GALDERA LABUR Eskulturarako materiala: edozein Eskultore bat: Mendiburu Eskultura bat: Penoneren zuhaitzak Eskultura lantzeko lekua: ez dago leku bat Eskulturak ezartzeko lekua: nireak derrigorrez barruan
|