|
Egunotan, Bilboko Udalaren esku, Juan Eustakio Delmas protagonista daukaten liburu garrantzitsu bi argitaratu dira. Zoritxarrez, liburu horietan Bilbo baino ez da ageri. Baina Delmasek asko idatzi zuen, baita albo-herrien eta Bizkaia osoaren gainean ere. Eta Begoñan bizi izan zen: Campo Volantinera aldatu zen lehenengo burgesa izan zen Delmas. Karlistadan galdu zen etxe hartan gorde zuen altxorra.
Azken asteotan, Seve Callejaren ardurapean eta Bilboko Udalaren eskutik, liburu berri bi plazaratu dira Juan Eustakio Delmas inprimatzailearen inguruan. Lehenengoak, Viaje por el Bilbao de antaño, XIX. mendean Delmasek –eta Francisco Hormaetxek– egindako Bilboren deskripzio zabalak batzen ditu. Bigarrena, ostera, Seve Callejak ehundu duen biografia da: El impresor Juan E. Delmas, un sueño incendiado. Delmas Bilbon jaio zen 1820an, aita italiarra eta ama gaztelarra zituela. Aitak kafetegia eduki zuen arren, bene-benetako ogibidea inprenta zuen. Semeak segida eman zion behar horri, kazetari, editore, historia ikertzaile eta grabatugile ere jardun zuen arren. Hamaikatxo lan argitaratu zuen Bilboko, Bizkaiko eta, oro har, Euskal Herriko kontuen gainean. Egunkarien artean, bere lanik kuttunena ‘Irurac Bat’ kazeta liberal foruzalea izan zen. Delmas Begoñan Bilbotarra izanagatik, Delmasek bazeukan zer ikusirik Begoñarekin, eta ez edozelakoa. Bera izan zen Campo Volantin aldean jauregia eraikiarazi zuen lehenengo burgesa, XIX. mendearen erdialdean. Orduan leku bakartia zen hura, Salbetik hur, ortu, estrata, solo eta zuhaiztien artean. Ez dago esan beharrik alderdi hura Begoña zela. Bilbo Zingirakalen (Sendejan) amaitzen zen. Handik aurrerakoa, Begoña zen (1870an Bilbok alderdi hori bereganatu zuen arte): Quintana jauregia, Kristoren ermita, San Agustin komentua (egun Bilboko udaletxea dagoen orubea), Campo Volantin osoa Salberaino… Bide batez: Campo Volantin baino lehen, inguru guzti horri Begoñako Ibarra auzoa esaten zioten agirietan (barrio de Ibarra, en Begoña). Hortik Euskaltzaindiak proposatu duen Begoñaibarra izena. Etxea eta altxorra erre Askotan gertatzen zaie aitzindariei garesti ordaintzen dutela euren ausardia. Delmastarrek behar baino arinago altxarazi zuten etxea. Jauregi dotorea zen, garaiko burgesen gustukoa, itxura frantseseko txaleta, pisu bikoa, inguruan lorategiak, zuhaitzak eta zelaiak zituela, dena ondo hesituta. Baina bigarren karlistada biztu eta gero eta indar gehiago hartu zuen, harik eta matxinatuek Bilbo setiatu zuten arte. Delmasen zoritxarrerako, setio lerroa bere etxean bertan hasten zen: karlistak Deustuko azken etxeetan zeuden (gaur egun Deustuko Unibertsitatea dagoen aldetik Salbera: Kaba, Arkotxa, Casamonte…). Delmasen etxea, ostera, liberalen lehenengo defentsa gunea zen. Eta, jakina, larrutik ordaindu zuen. 1874ko martxoaren 14ko gauean gertatu zen. Karlistek eraso jo eta jauregia defendatzen zuen guarnizio liberala garaitu zuten. Etxeari su eman eta oso-osorik erre zen txalet eder hura. Delmasek Bilbotik –hiriburuaren defentsan lagundu zuen– ikusi zituen bere etxeko suak eragindako garrak: “Nunca olvidaré la fecha cuando ví que se levantaban hacia cierto sitio donde jamás volvía los ojos sin temblar; comprendí que le había llegado el turno de arder a mi quinta”. Juan Eustakio Delmasentzat kolpe latza izan zen. Hala aitortu zuen urte batzuk geroago, gerra amaitu eta gero, Valdespina buruzagi karlistari bidali zion gutunean. Gehiegikeria izan zelakoan zegoen, etxeari su eman ziotela horretarako arrazoi barik. Karlistek eman zuten partean, ostera, gatazka gogorren ondorioa izan zela jakinarazi zuten. Edozelan be, asko izan ziren Bilbo inguruan (Begoñan, Deustuan, Abandon) eta Bilbon bertan karlistadetan erre edo galdu ziren baserri, etxe eta jauregiak. Delmastarrenak, ostera, bazeukan berezitasunik: etxearekin batera Delmasek urte askotan han eta hemen batutako agiri zaharren kopia piloa galdu ei zen. Bere bizitzako lana ei zen, Bizkaiko historiaren gaineko hamaika agiri zahar, bere eskutik egindako oharrez jantzita. Denetara 30en bat eskuizkribu ei zeuzkan, noiz zuzendu eta argitaratu zain.
|