|
Gaztediren agendan gorriz markatutako egun asko ditu 2011. urteak. Ekimenez beteriko urtea izan da hau, eta ez da gutxiagorako, izan ere, 60 urte bete ditu dantza talde mahatsorriak. Urtarrilean hasi ziren ospakizunekin, eta azaroaren 13an eman zioten bukaera Arriagan aurkeztutako ikusgarriarekin. Eusko ederti. Belaunaldiz belaunaldi izenburupean, Gaztedi dantzari taldetik pasatako belaunaldi guztiek ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuten.
Arriaga antzokia betetzeko adina jarraitzaile ditu Gaztedik. Azaroan nabarmen geratu zen dantza talde mahatsorriak jendea erakartzen duela, are gehiago, Arriaga bezalako antzoki batean dantzatzen badu. Belaunaldiz belaunaldi jaialdia ez da berria, dantza taldearen historian lehenagotik ere egin izan da. Tradizioan oinarrituriko taldea izaki, 60. urteurreneko ospakizunetan ere ez dituzte ohiturak bazterrean utzi nahi izan, eta ikuskizun horri heldu diote. Gaztediko kide diren eta izan diren musikariak eta dantzariak bildu ziren Arriagan. Ekitaldi hunkigarria prestatu zuten bilbotar dantzazaleentzat. Ikuskizunaren aurkezpenean horrela mintzatu ziren Gaztedikoak: āArriaga antzokia goraino bete nahi dugu gure mezua zabaltzeko, gure historia eta istorioak modu berezian kontatzekoā. Nahia errealitate bihurtu zen, eta hamaika lagunen begiradapean kontatu zuten dantzari taldearen historia. Belaunaldi bakoitzak bere zatitxoak prestatu zituen. Batzuek kantatzea nahiago izan zuten, eta koplak eskaini zizkioten Gaztedi dantzari taldeari. Beste batzuek, berriz, koreografia berriak taularatu zituzten. Antzerkia egiten ausartu zen talderik ere izan zen. Dena den, betiko dantzak izan ziren protagonistak azaroaren 13ko arratsaldean. Historia oparoa Arriagako ekitaldian Gaztedi dantzari taldearen historia laburbildu nahi izan zuten. Horretarako, belaunaldietan banatu zuten ikusgarria. Joseba Arrieta Txertudik eman zion hasiera ekitaldiari, aurkezpen hitzekin. āNahiz eta momentu txarretan sortua, gaur, oraindik, hemen irmo gaude; hirurogei urte igarota urak bere bideanā, esan zuen. Eskerrak eman zizkien belaunaldiz belaunaldi taldea osatu duten guztiei, eta dantzaren garrantzia ere azpimarratu zuen: āHorrelako ekintzekaz Herria egiten daā. Hasierako garaiak gogoan izan zituzten, baita borrokan murgildutako 70. hamarkada ere. Jazarpeneko egoeratik, nolabaiteko askatasunera igaro, eta 1978. urteko lehenbiziko Euskal Herriko Dantzari Eguna gogoan izan zuten. Larraindantza dantza nazional gisa aitortu zuten hurrengo eguneko egunkariek. 90. hamarkadan inauterietako dantzak izan ziren taldeko mugarriak, eta, horregatik, Luzaideko eta Zuberoako inauteriak plazaratu zituzten, 90ean eta 94an Santutxun egin zuten moduan. Txalo zaparradak aditu zitezkeen Arriagan, baina sorpresa Badator Marijaia kantua aditzearekin etorri zen. Ikusleen artetik 2001eko pregoia irakurri zuen Aitziber Irurtiak, Bilboko Aste Nagusiari hasiera eman ziotenekoa gogoratuz. Horren ostean, Badator Marijaia kantuarekin polka dantzatu zuten eszenatokian, eta konpartsa guztien elastikoak eskegi zituzten. Bertaratutakoek txaloekin jarraitu zuten 1997an sortutako kantu famatuaren erritmoa. Bukaeran, lokal aldaketa eszenifikatu zuten, Arriaga guztiz biluztu eta eszenatoki berria sortuz. Eskuz esku pasatako materialek ere lokal aldaketa bizi izan zuten. 2004. urtean utzi zuen Gaztedik ordura arte erabilitako lokala, baita Sorgintxulok ere. Lokal berri batekin, orain arteko ibilbideari jarraitu zion talde mahatsorriak. Lehenbizi agurra dantzatu zuten, lokal zaharrari omenaldia egin asmoz, eta ondoren Etorkizuna eraikitzen eta Karmelotik-Santutxura koreografiak dantzatu zituzten. Bestelako omenaldirik ere izan zen Arriagan. Ikusgarriaren amaieran belaunaldi zaharreneko kideei oroigarri bana eman zieten. Txema Gaztediko txistulariari ere omenalditxoa egin zioten, aurten zendu baitzen, eta berarekin batera gogoan izan zituzten hil diren kide guztiak. Urte osoko egitaraua Urtarrilean hasi ziren urteurreneko ekitaldiak. Musikariek eman zioten hasiera ospakizunari, eta Santutxuko kaleetan kalejira egin zuten, haien doinuak lau haizetara zabalduz. Otsailean āmaster classakā heldu ziren. Musika eta dantzari lotutako sei ikastaro labur eskaini zituen Gaztedik. Ibon Koteron, Kepa Junkera, Jose Mari Aguirre eta Sabin Bikandi musikariek parte hartu zuten apirilera bitarte luzatu ziren ikastaroetan. Dantzaren alorrean, berriz, Natxo Montero, Jon Maya, Patxi Laborda eta Kepa Artetxek zuzendu zituzten āmaster classakā. BegoƱako udaltegian izan ziren guztiak. Dantza taldeetan ezinbesteko osagai izan ohi dira haurrak, izan ere, etorkizuna ziurtatzeko aukera ematen dute. Gaztedik ere hainbat gaztetxo prestatzen ditu nagusi direnean dantzari trebe izan daitezen. Taldeko kide diren heinean, 60. urteurrenean ere protagonista izan ziren apirilaren 9an eskaini zuten ikusgarrian. Mirentriska eta kutxa magikoa ekitaldia Berrio-Otxoa ikastetxeko frontoian gorpuztu zuten. Apirilean ere, Korrikaren lekukoa eraman zuten dantzariek Santutxun. Maiatzean, herri ikastaroak antolatu zituen Gaztedik, plazako dantzak erakusteko. Karmelo plazan egindako erromerian trebatu ziren ikastaroko parte hartzaileak. Eguraldi onarekin, Bilboko Kalealdia heldu zen. Ekimen horri hasiera eman zion Gaztedik Alde Zaharreko kaleetan egin zuen erakustaldi folklorikoarekin. Santutxuko jaiak ere iritsi ziren, eta pregoia irakurtzeko ardura dantza taldearen esku egon zen. Udazkenean kalejira egin zuten Gaztediko musikariek Santutxuko kaleetan. Txistu kontzertua ere antolatu zuten urriaren 7an San Francisquito elizan. Gaztediko txistulariekin batera izan ziren Santutxuko txistulariak, Bizkaiko txistulariak eta Bilboko udal txistu banda ere. Biharamunean mendi irteera egin zuten, eta ospakizuna borobiltzeko, bazkaria prestatu zuten Arriagako ekitaldiaren ostean, belaunaldi guziak mahai inguruan biltzeko asmoz.
|