| Lapurreta Atxuri aldean |
|
|
|
| Berton - BegoƱeraz | ||||||||||
| H.O.-k idatzia | ||||||||||
| ostirala, 2010 urriak 01. 11:27 | ||||||||||
![]() Ez zen sekulako lapurreta izan, filmetan agertzen diren horietakoa. Etekinari begira, 200 pezeta, nahikoa apala. Egiteko moduagatik, ostera, badauka mamin gehiagorik, lapurrak pistola eskuetan agertu ziren eta. Azkenik, biktimei erreparatuz gero be, ez dugu banketxerik edo oligarkiako handi-mandirik topatuko, okindegiko behargin bat eta bere seme gaztea baino ez. Horregatik, segurutik, lapurreta hori ez da historia liburuetan agertuko. Baina guretzat, balio handiko ezaugarria dauka. 1935ean, gerra zibila piztu baino urte bete arinago, BegoƱako errepublika zaharrean pistolak eskuetan egindako lapurreta hura euskaraz gertatu baitzen. Soziolinguistika historikoaren ikuspegitik, interesgarria. Parte ofiziala Lapurreta 1935eko urtarrilaren 30ean gertatu zen, iluntzeko zortziak eta laurdenean. Bizkaiko Gobernadore Zibilak berak kazetariei jakinarazi zienaren arabera, honelaxe gertatu zen: ordu horretan, La Antigua okindegiko gurdi bat gorantz doa. Gurdian, Pedro Azkuenaga behargina -gurdizain eta kobratzailea, gobernadorearen berbetan, okina, kazetari batzuen idatzietan; beraz, ogia banatu eta kobratzen zuen langilea-, 48 urtekoa, eta haren seme Ramon, hamabi urtekoa. Mirafloresko errepidetik Korrejidorearen pasealekuaren -gaur egun Kainuetako pasealekua- bidegurutzera heldutakoan, gaztetxoa gurditik jaitsi zen eta aitak diru-zorroa eman zion. Denetara, 200en bat pezeta, txanpon, billete eta zilarrean. Orduantxe agertu ziren lapurrak. Artean ezkutaturik egondako hiru gizon okinarengana eta semearengana hurreratu ziren, eskuetan pistolak zeuzkatela. Euretako batek gaztearengana jo zuen eta āen vascuence le decĆa que le diese la cartera y el dinero, y que no dijera una palabra, porque, si no, caerĆa muerto en el mismo momentoā. Jarraian, diru-zorroa kendu zion gazteari eta, badaezpada, mutila miatu ere egin zuen, diru gehiago ba ete zuen. Ondoren, hiru lapurrek Bilborantz egin zuten ihes. Geroago Guardia Zibila eta polizia agertu ziren. Okinaren semeak argi esan zuen euskaraz egin eta diru-zorroa ostu ziona ondo baino hobeto ezagutuko zuela, hiru lapurrak aurpegia agerian azaldu zitzaizkien eta. Gobernadore Zibilarena ematen duen esaldia ere argitaratu zuten kazetariek, kronikaren erremate gisa: āLa policia trabaja con gran ahinco para dar con los atracadoresā. Ondorioak Gertakizun horrek badauka hainbat alde interesgarri. Alde batetik, lapurrak non azaldu ziren ondo ulertu badugu, Mirafloreseko -gaur Larreagaburu- errepidearen eta Korrejidorearen pasealekuaren -gaur Kainuetako pasealekua- arteko bidegurutzean, paraje hori, orduan leku bakartia gauaz, Atxuritik irten eta Boluetarako bidean zegoen, baina Atxuritik hur. Bestetik, lapurreta euskara hutsez gertatu zen. Ezin jakin kasualitatea zen ala lapurrek bazekiten okina eta semea euskaldunak zirela. Itxura baten, behintzat, ez ziren elkarren ezagun, lapurrak aurpegia agerian azaldu ziren eta. Baliteke aita-semeak euskaraz egiten joatea eta, horiek entzundakoan, lapurrek ere euskaraz egin izana. Kontuan eduki lapurreta baino lehen aitak semeari diru-zorroa eman ziola eta, segurutik, zer edo zer esango zioten elkarri. Parte ofizialaren arabera, Pedro Azkuenaga 48 urteko gizona zen. Horren arabera, 1887an jaio zen. Bizkaiko Elizaren Artxiboan bataio agiriak begiratuta, urte hartan Pedro Azkuenaga bakarra aurkitu dugu: Igorreko Pedro Azkuenaga Arriortua, bataioa 1887ko abenduaren 5ean hartu zuena. Ez dakigu gizon hori non bizi zen baina behar Bilbon egiten zuen eta, lapurretaren ordua ikusirik, oso urruti ez zen biziko. Bera euskalduna zen, beraz, baita hamabi urteko semea ere, lapurrak berari egin baitzion euskaraz. Eta ez berba bat edo bi, trantze larrian esaldi konplexuak esan zizkion eta. Ezin dugu ahaztu 1936 urtea baino lehen, BegoƱako errepublika zaharreko baserritar aldeak -Artxandako hegiak, Txurdinaga, Otxarkoaga, Bolueta, Santutxuko alde bat- hein handi batean euskaldun segitzen zuen, erdarak aurrerakadak eginagatik ere. Eta hiri barruko auzoetan ez zen euskaldun hutsik falta. Atxurin, Uribarrin, Iturribiden euskaldun hutsak ere baziren, Bizkaiko barrualdetik etorritakoak. Ezin ahaztu, hortaz, XIX. mendearen amaieran Atxurin tabernari zeuden Arraibi ama-alabak, eurak ere euskaldun hutsak, eurak ere jatorriz igorreztarrak. Beraz, oraingoz dakigunaren arabera, ondoriozta dezakegu gauzarik naturalena izan zela, 1935eko urtarrileko iluntze hartan, Atxuritik gorako aldatsean, lapurreta euskaraz egitea. Ostu behar zutenak eta dirua zeukatenak euskaldunak zirelako.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



