|

Prentsan eta irratian jardun da lanean, UPV/EHUn klaseak ematen, EAEko hauteskundeei hedabideek egiten dieten jarraipena neurtzen eta azken zazpi urteak kazetari gisa frogatu ez duen komunikabide bakarra aztertzen, telebista. Hain zuzen, pertsonen esperientziak oinarritzat dituen generoa; telerrealitatea, alegia. Doktore-tesia defendatu baino aste bete lehenago egin dugu hitzordua Estefania Jimezekin (Santutxu, 1979), gaiarekiko maitasun-gorroto une larrian.
Zer dela eta hautatu zenuen telerrealitatea zure doktore-tesiko gai bezala? Tesia egiteko proiektu bat aurkeztu behar duzu eta epaimahai batek aztertzea merezi duela ebatzi behar du. Nik oso argi nuen telebista zela nire gaia. 2000. urtean denon ahotan zegoen fenomenoa zen telerrealitatea Esta es mi gente eta El diario de Patricia bezalako programekin. Oso interesgarriak iruditzen zitzaizkidan ikusleen artean oso arrakastatsu eta ideologia igorle ziren neurrian. Esta es mi gente aintzindaria izan zen, erlatiboki berritzailea. Lekukotzen programa kate guztietara hedatu zuen. Telerrealitate barruan, zein gairi erreparatu diozu zehazki? Hartzaileari. Audientziaren faktoreak interesatzen zaizkit, jasotze fenomenoak. Bestela esanda, zelan kontsumitzen den telebista ezagutzea, ikusleek bertatik ateratzen dutena. Horretarako pertsona talde ezberdinak hautatu nituen jubilatuak, gazteak, etxeko andreak… eta hizketan jarri nituen telerrealitateko programei buruz. Nolakoak izan dira talde dinamika horiek? Sei, zortzi pertsonako eztabaida sesioak izan ziren. Jendea bere bataila kontatzeko desiatzen dago. Gainera, denon bizitzan dagoen zerbait da telebista. Zoragarria izan zen fase hura. Datu horiek aztertzea askoz konplexuagoa izan da. Zein ondoriotara iritsi zara? Jendeak entretenimendu bide gisa ikusten du telebista, baina hori baino gehiago da, nahikoa tradizonalak diren familia-balioen igorlea ere bada. Familia aurkezten du ondo bizitzeko modu bakar moduan. Telebistak besteei buruzko aurreiritziak elikatzeko ere balio du. Adinekoek uste dute egungo gazteak telebistako gazteak bezalakoak direla eta gazteek uste dute etorkinak telebistako etorkinak bezalakoak direla. Aurreiritzi negatiboen zabaltzaile da orduan telebista? Era guztietako aurreiritzien zabaltzaile. Telebistak estereotipatu egiten du jendea. Lehen mailako irudi hornitzailea da eta jasotzen dugun berrien iturri nagusia, eta entretenimendu programetan arreta jaisten dugu. Zergatik diozu telebistari buruz hitz egitean askok beren burua zentsuratzen duela? Ezer ez egitearekin lotzen dugulako telebista, prestigio gutxi duen komunikabidea da. Arratsaldeko programak, batik bat, ez daude ondo ikusiak. Lotsa dugu telebista ikusle gisa gure buruari buruz jendartean hitz egiteko. Bada, jendeak barra-barra hitz egiten du telebistari buruz? Bai, jendeak asko hitz egiten du baina jakintza mugatuarekin. Gazteak kritikoagoak dira telebistarekin, adinekoek aldiz uste dute programak jendearen gustuaren arabera egiten direla, benetan programazioa erabakitzen dutenak telebistako enpresak direnean. Sálvame-ko programa batek 80.000 euro balio du eta Aguila Roja-ko kapitulu batek 700.000 euro. Sálvame jendearen gustukoa dela pentsatzeko joera du askok, baina egiteko erraza baino ez da. Adinekoek ikuspuntu hori falta dute. Negozio hutsaren menpe dago telebista? Negozioaz gain, amets fabrika ere bada eta baita beste errealitate batzuk ezagutzeko leihoa ere. Ezagutzen ditugun gauza gehienak komunikabideen bitartez ezagutu ditugu eta batik bat telebista bidez. Biztanleriaren ia %90ak egunero pizten du telebista. Espainian batez besteko telebistaren kontsumoa 227 minutukoa da eguneko, 209 minutukoa Euskadin. Tontotuta bukatuko dugu hainbetse telebistarekin? Ikusleen alde egin beharrean nago. Audientzia gai da ikusitakoarekin barre egiteko, entrenetitzeko edota nahi duen eran interpretatzeko. Adibidez, jasotakoari buelta eman eta bere behar izanetara egokitzeko. Kritikoak izan behar dugu eta emanda datorkiguna zalantzan jarri. Telerrealitateak errealitatea kontatzen du narrazio parametro batzuetara egokituta. Ni horretaz konturatzeko gai naiz, baita ikusleak ere. Zerbaitek harritu al zaitu tesia egitean? Bai, eduki zatikatuak ikustera zein ohituta gauden ziurtatzeak. Sketch-ak, programa laburrak… indarrean dagoen joera da eta areagotu egin da telebista pribatuen agerpenarekin. Lekukotzen programek ere horixe egiten dute; bost minututan testuingurutik ateratzen dute historia, erabat gidoi bihurtzen dute eta alderik dramatikoena kontatzen dute, segian beste historia batera salto eginez. Ez dago arrazoiak emateko eta gaiak sakontzeko interesik. Telerrealitateko programetan eduki batzuk gustu eskasekoak dira. Adineko pertsonak haserretu egiten dira moral gutxiko izaera duten edukiekin. Ardura gehiagorekin jokatzeko eskatzen diote telebistari. Gazteek onartu egiten dituzte edukiak eta, gustuko ez dituztenean, paso egiten dute eta Internet, bideo-joko eta pelikuletara jotzen dute. Telerrealitatea fikzioari gailendu zaio? Ez, ziklikoa da dena. Biek dute istorioak kontatzea ardatz, fikzioan, pertsonaiak sortuz eta, telerrealitatean, moldeetara egokitzen diren benetako pertsonak erabiliz. Guzti hori hunkitzeko, negar eragiteko, irakasteko… Dena dagoen asmatuta? Ez dena. Itzalaldi analogikoaren ostean hobetu al da telebistaren kalitatea? Kate berriek ez dute garrantzia handirik lortu oraindik eta kate generalisten bigarren kateen artean, Antena3 hobeto ari da Tele5 baino. Indartsu dago Neox, ikusle gazteei begira erreferentziazko edukiekin ahalegintzen ari delako eta horri esker lortu du bereiztea. LTD sistema edukiak baino askoz arinago iritsi zaigu orduan. Zergatik? Lizentzien banaketa egitea onartu delako. Oraintsu, esaterako, La Sextak hirugarren katea sortzeko lizentzia eskuratu du, La Sextaren lehen kateak eduki errepikatuak ematen dituenean. Ez du zentzurik. Zergatik da Tele5 Euskadin kate ikusiena? Oso fenomeno bitxia da. Zergatia ez dakit. Tele5-koak oso trebeak dira mezuak igortzen, ez dira berritzaileak ez dibulgatzaileak, baina engantxatu egiten dute. Sortzen dituzten produktuak errentagarri egitea da beraien ikur nagusia: Belen Esteban, Gran Hermano… ni asko aspertzen naute. Nahiago dut, Granjero busca esposa. Dibertigarria da, gertatuaz barre egin dezakezu, protagonisten larruan jar zaitezke… horixe da telerrealitatearen gauzarik erakargarriena. Gainera, errespetu gehiagorekin egina da. ETB-ren audientziaren beherakadaren zergatia zein izan daiteke? ETB2-ren egoera larria da, azken urteetako batez besteko %18ko audientzia %8ra jausi da, kate nagusiekin izatetik ia telebista lokal izatera pasa da, eta dituen tresna, aurrekontu eta langileekin, arduratzeko modukoa da. Zuzendaritzaren nahiko kudeaketa eskasa izan dela uste dut, penagarria da. Zer dela eta hasi zinen http://blogs.deia.com/elaudimetro blogean telebistari buruz idazten? Dibulgaziozko zerbait egiteko gogoa nuen, errealitateari estuago lotua, pertsona askorengana heltzekoa. Deia egunkarian telebistari buruz idatziko zuen norbaiten bila ari ziren eta irailetik ari naiz El audimetro izeneko atala egiten bertan. Telebistaren inguruan agertzen diren berriei forma ematen ahalegintzen naiz, hausnarketa ariketa da niretzat eta jendeak gustuko duela dirudi. Osasuntsu ikusten duzu euskarazko kazetaritza? Berria egunkariak lan ona egiten du Interneten eta nabarmentzekoa da ETB1-eko Arratsaldero saioko lan taldearen esfortzua egunero bost orduko programa aurrera ateratzeko. Eusten ari den proiektua da. UPV/EHUko irakasle zaren neurrian, Boloniako planak kazetari prestatuagoak egiteko balioko du? Baiezkoan nago, baina bere denbora beharko du fruituak emateko. Gerta daiteke Boloniak hobetzeko egokitzapenak behar izatea. Zelan irtengo den? Ez dakit. Zein da zure hurrengo lana? Hedabide katalanek Kataluniako parlamenturako hauteskundeei egingo dieten jarraipenaren azterketa egitea (www.eleccionescatalanas2010.com). Euskadiko parlamenturako hauteskundeetan egin genuen lanaren jarraipena da.
|