Irune Zuluaga: “Zer egin dugun jakitea ezinbestekoa da etorkizuna eraikitzeko” PDF Inprimatu E-posta
Berton - Bakarka
Dabi Piedra-k idatzia   
asteartea, 2011 abenduak 13. 14:41

 

 

Sabino Arana Fundazioak Mahatserrian batu ditu bere alor guztiak, hau da, bulegoak, Hermes aldizkaria, hitzaldi-aretoak eta abar, Mandobide kalean daude, funikularraren alboan. Orain arte Artean egon diren euskal nazionalismoaren museoa eta agiritegia ere, eraikin horretara datoz eta GOAZ Museum izenarekin, laster zabalduko dute. 30.000 argazki, bandera eta jantzi historikoak, kartelak eta pegatinak, artelanak, idazki baliotsuak, 38.000 liburu, Sabino Arana Fundazioaren fondoen neurria ikaragarria da. GOAZ museoa noizko egongo den prest jakiteko, eta Fundazioari buruz hitz egiteko, Irune Zuluaga bertako zuzendariarekin batu gara.

Zein fasetan dago GOAZ Museum sortzeko prozesua?
Apiril-maiatz inguruan, Arteatik gauzak ekartzen hasi ginen. Orain, obra egiten gabiltza, arotzak, elektrikariak eta abar dabiltza lanean eta, bestetik, gu plan museologikoa eta museografikoa egiten gabiltza, beharrezko baldintza guztiak betetzeko. 2012an, uda ostean museoa zabaltzeko asmoa daukagu, lehenengo erakusketa iraunkorra jarriko dugu. Orain abenduan aldi baterako erakusketen gunea zabalduko dugu bakarrik, eta Hermes pentsamendu aldizkariaren hamargarren urteurrenaren gainean izango da lehenengoa.
Zeintzuk dira museoa Arratiatik Mahatserrira ekartzeko arrazoiak?
Arteakoa txiki geratu zaigu, nahi genuen guztia egiteko lekurik ez dago, hemen erosoago egongo gara. Gainera, Bilbon bertan egotea abantaila nabarmena da, museoen ikuspuntutik eta jendearen mugimenduari begiratuta, Bilbo erdigunea da; argi dago Arteara doan bisitari mota desberdina dela, Gorbeiara begira dago eta ez horrenbeste historiara edota museoetara. Hori bai, gu gustura egon gara Artean.
Mandobide kaleko eraikin batean kokatu duzue GOAZ museo berria, nola aukeratu duzue eraikin hori?
Inguru hau zehazki ez genuen aukeratu, baina gutxieneko neurri bateko instalazioak behar ditugu eta eraikin honek tamaina egokia dauka, 3.000 metro koadro, hori ez da edonon topatzen. Buelta askorik ez genion eman. Museoaz gain, artxiboa, Sabino Arana Fundazioaren bulegoak eta batzar aretoa jarri ditugu hemen.
Zein da GOAZ museoaren helburua edota asmoa?
Museoa berezia eta bakarra da, euskal abertzaletasunaren museoa da gurea eta horretaz hitz egiteko ez dago besterik, ez hemen ezta beste inon ere. Kontatu nahi duguna da, gure herriaren azken 150 urteotako ibilbidea. Ez da historia museo hutsa izango, gizarte museoa ere bai, horregatik, ICOMen (Nazioarteko Museoen Elkartea) gizarte museoen alorrean sartzeko eskaera egin dugu. Bestetik, abertzaletasuna ideologia bat ere bada, hori ere aztertzen dugu.
Zeintzuk dira museoko altxorrak?
Egia esan, denetik dago, asko oso bereziak; oso garrantzitsuak dira oihalak, hau da, ikurrinak, jantziak... margolanak, Sabino Arana eta Agirre Lehendakariaren altzariak ditugu, gerrako gauzak, hemen bakarrik aurki daitezkeen objektu asko.
Iraganari begiratzen zaio museoan, etorkizuna eraikitzeko politikari eta eragileek gehiago aztertu beharko lukete hemen dagoena, historiak utzitakoa?
Hain zuzen ere, Sabino Arana Fundazioaren leloa ildo horretan doa: Atzokoan finkatuz, gaur biharkoa bultzatu. Alderdi politikoren bati lotutako fundazio bakarra gara, artxiboa, museoa eta hemeroteka dituena eta funtsezkoa da hori kontuan izatea. Gure gizarteari ardura dioten gaiak azaleratzen ahalegintzen gara gure mintegietan, baina atzera begiratzea, zer egin dugun, nondik gatozen ikustea oinarrizkoa da. Inportantea da gaurko gizarteak jakitea zein den gure historia, zein izan diren gure akatsak eta bilakaera. Bereziki, abertzaleentzat izan daiteke baliagarria, gure ustez abertzaletasuna balio handiko pentsamendua da eta historian oinarrituta erakutsi nahi dugu etorkizunean ere lekua daukala.
Bilboko museo ezagunen ‘zirkuituan’, aisialdiko gidetan-eta, sartzeko asmoz dator GOAZ ala aparteko filosofia batekin ibiliko zarete?
Bai bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat ere, egoki ikusten dut museoa eta, beraz, besteekin batera egongo gara. Abertzaletasunak hemen zer garrantzia izan duen erakustea, kanpotarrentzat ere izan daiteke baliagarria, gu kanpora goazenean jakin nahi dugu non gauden, zein historia daukaten han; hemen ere, gurea erakutsi behar diegu.
Tailer didaktikoak antolatzeko asmoa ere baduzue?
Bai, hori Artean ere egiten genuen. Historia tailerrak egiten ditugu, azken urteetako historiaren protagonistak, gerrako lekukoak eta antzekoak, belaunaldi berriekin kontaktuan jartzen ditugu eta eraikin berrian berdin jarraitu nahi dugu. Gabonetan egingo dugu lehenengo tailerra, ikasleekin. Inguruko gazteekin lan egin nahi dugu, eurentzako jarduerak antolatu. Auzoari zabalik egongo den gunea da hau eta auzotarrek jakin behar dute, hemengo ekitaldiak guztientzat zabalik daudela, ez dela gonbidapenik behar.
Agiritegia ere ekarri duzue Mandobide kaleko eraikinera eta zabalik dago dagoeneko, zelakoa da?
Ikertzaileentzat dago zabalik batez ere, baina edonorentzat da. Hainbat alorretan banatutako dokumentuak dauzkagu, EAJri dagozkionak, politikarien dokumentazioa, gerrako informazioa eta abar. Egunero ibiltzen dira ikertzaileak hemen, euren ikerketetarako materialaren bila eta atzerritik ere etortzen zaizkigu; udan, esaterako, Estatu Batuetako ikertzaile asko etorri zaizkigu. Abertzaletasuna, gerra, erbestea eta antzeko gaiak aztertzeko aproposa da; gainera, jende partikular asko etortzen da, aitite, amama edota senideren baten arrastoaren bila.
Zein tamaina dauka agiritegiak?
Artxiboen neurria, antza, metroka neurtzen da, gureak ia 500 metro dauzka. Hori asko da, historia eta balio handiko dokumentuak daude.
GOAZ museoaren inguruan, Sabino Arana Fundazioaren bulego guztiak batu dituzue Mahatserrian, horrek zer onura ekarriko dio erakundeari?
Kanpora begira badauka garrantzia, Sabino Aranak zenbat gauza antolatzen dituen jakinarazteko, izan ere, erakundearen alorrak sakabanatuta badaude, ez da erraza jarduera guztia osotasun baten moduan gizarteratzea. Barrura begira, askoz erosoagoa da, orain arte banatuta egon gara langileok, batzuk Artean, besteak Bilbon. Orain, elkarren alboan gaude denok.
Ekitaldi handienak (Sabino Arana Sariak nagusiki), hona ekarriko dituzue?
Jendetsuenak hartzeko, hemen ere ez dugu areto aproposik, beraz Arriagan eta Euskaldunan egiten jarraituko dugu. Beste guztia bai, hemen egingo da, berbaldiak, mintegiak... horretarako daukagu Agirre Lehendakaria Aretoa eta esan behar da, areto hori, auzoko taldeek edo enpresek ere erabil dezaketela euren ekitaldietarako, ahal badugu lekua egingo diegu. Enpresaren batek batzarra egin du hor honezkero.
Gaur eguneko egoeran, behin betiko bakea lortzeko aukera begibistan, zein izango da Fundazioaren egitekoa?
Gure funtzioa da, zabaldu den prozesua bultzatzea; ETAk esan du ez duela oinaze gehiago eragingo eta horrek prozesua zabaldu du, baina luzea izango da eta guk bultzatu egin behar dugu. ETAk komunikatua atera eta astebetera, guk mintegi bat antolatu genuen eta horretan jarraituko dugu. Bakearen arloan mila gauza daude orain konpontzeko eta gu bide horretan beste pieza bat gara, ahalegina egingo dugu, guztion zeregina da. Lehenago ere, bakearen alde inplikatuta egon ginen eta, orain, zelan ez, berdin edo gehiago.
Museoak eta agiritegiak iraganari buruz erakusten digunak lagunduko du prozesu horretan?
Hemen daukagun altxorra horretarako dago, ikertzaileak etorri, aztertu eta aurrerantza pausoak egiteko. Onuragarria eta baliagarria izango delakoan nago.
Bakeaz gain, zein beste erronka dauzka Fundazioak etorkizunerako?
Gure erronkak eta helburuak gizartearenak dira, urtero aztertzen ditugun gaiak beti dira gizarteari lotutako kezkak. Esaterako, azkenaldian, ekonomia eta krisia, energia eta antzekoak jorratu ditugu. Bakea ere sarri agertu izan da. Gizartearen ardurei erantzuna eman nahi diegu. Abertzaletasunean sinisten dugu eta ikuspuntu horretatik ahalegintzen gara gizarteko gaiak aztertu eta konpontzen. Hori bai, guk jendea mintegietara gonbidatzen dugunean, ideologia guztietako jendea ekartzen dugu, ikuspuntu guztien berri izateko.
Krisiak eragin dio Sabino Arana Fundazioari?
Gure diruaren zati handi bat erakundeetatik dator, dirulaguntzak-eta. Murriztu egin zaigu hori, beste guztiei gertatu zaien moduan. Estutu egin behar ditugu aurrekontuak, baina indartsu gaude etorkizunerako.
Zuk zeuk, 12 urte daramatzazu Fundazioaren zuzendaritzan, etorkizunari nola begiratzen diozu?
Nahiago dut ez begiratu, badauzkat hemen ardurak, nire aspirazioa da eguneroko lana ondo betetzea, hori ez da makala.
Zer eman dizu Fundazioak zuri?
Asko, asko ikasi dut, pertsona interesgarri asko ezagutu. Hainbeste gairi buruzko ekimenak antolatzen ditugunez, egunero daukat aukera mundua zelan dagoen ikusteko. Gure herriak zelakoak pasatu dituen ere jakin ahal izan dut, pertsona anonimo batek museorako zer edo zer ekartzen duen bakoitzean, atzean bizipen pertsonalak, sentimenduak, sufrimendua daudela ikus dezaket.
Eta zuk zer eman diozu Fundazioari?
Ni hemen nagoenetik aldaketa asko egon dira, baina ez dut uste niri esker izan direnik, niri gauzak bideratzea tokatu zait.
Zer eskatzen diozu etorkizunari?
Museoa Bilbora ekarrita uste dut ezagunago egingo dela eta ondo dago hori, jendeak jakin behar du zein den bere aurrekoen historia eta ondorioak atera.

LABURREAN
Lehenagoko politikari bat:
Agirre Lehendakaria
Gaur egungo politikari bat: Iñigo Urkullu, noizbait onartu beharko zaio bakearen alde egin duena
20 urte barru, zein agiri nahiko zenuke artxiboan? Bake prozesuaren dokumentazioa
Europak iraungo du? Bai, abertzaleok beti sinestu dugu Europan
Noizko emakumezko lehendakaria? Ziur helduko dela

Iruzkinak
Berria gehitu Bilatu
Iruzkina idatzi
Izena:
Emaila:
 
Webgunea:
Izenburua:
UBB kodea:
[b] [i] [u] [url] [quote] [code] [img] 
 
 
:angry::0:confused::cheer:B):evil::silly::dry::lol::kiss::D:pinch:
:(:shock::X:side::):P:unsure::woohoo::huh::whistle:;):s
:!::?::idea::arrow:
 
Mesedez sar ezazu irudian agertzen den spamaren aurkako kodea.

3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."