GARIKOITZ GOIKOETXEA: “Udalarekin batasun espiritua berreskuratu behar dugu” PDF Inprimatu E-posta
Berton - Bakarka
Lur Mallea-k idatzia   
osteguna, 2010 irailak 30. 10:00

 

Urte gogorra eta jai neketsuak izan ditu Bilboko Konpartsen bozeramaile gisa. Bileraz bilera, azken zazpi hileetan bi arratsalde soilik izan ditu libre. Pozik eta harro dago jai herrikoien defentsan eginiko lanarekin, oraindik egiteko asko geratzen den arren. Ekinean jarraituko du Bilboko jai batzorde mixtoa berriz ere lanean jarri asmoz. 

Aurtengo Aste Nagusiaren ostean, geratzen zaizu jaietarako gogorik?
Hainbeste gauza izan dugu egiteko… baina beti geratzen da jaietarako gogoa, ardura gutxiagorekin, lasaiago gozatzeko, batik bat.
Zenbat puntu emango zenizkioke aurtengo Aste Nagusiari?
Zalantzarik gabe, 10 puntu. Komunikabideetan sortu den iskanbila kontutan hartuta, txosnak jendez beteta egon dira, Bilboko Konpartsen ekitaldietan parte-hartzea handitu egin da, jaigunean batzen den jende pilarekin ez da istilu handirik izan; oro har jendeak ondo pasa du. Guzti honek Aste Nagusiaren jai eredua indartzen du. Poz handia sentitu dugu. Beti dago zer hobetua, noski.
Jaiak bukatzean, Bilboko Konpartsek Azkuna alkatearekin batzartzeko beharra azaldu zenuten. Bildu zarete?
Bai, baina alkatetzako ordezkari den Andoni Aldekoarekin, Azkunak aspaldi ez gaitu hartu. Konpartsek eta hiritarrek dugun iritzia jai ereduaren eta jai batzorde mixtoaren inguruan eta udalaren iritzia ez datoz bat, hori da gure ustea. Aurten jaiekin gertatu dena hurrengo urtean ez dugu errepikatzerik nahi eta udalak ere Aste Nagusi normalizatua nahi du. Orain arte ez dugu ezer ere zehaztu. Komunikazio bidea eta elkar ulertzeko bidea zabaldu dugu Inauteri eta Aste Nagusira begira.
Poliziaren presentzia itogarria salatu duzue jaigunean. Bigarren hizketagai nagusia izango al da?
Aste Nagusiko lehen urteetako akordio tazitoaren arabera, polizia ez da jaigunean sartzen, bere presentziak tentsioa eta liskarrak sor ditzakeelako jendartean. Aurten, Bilboko Konpartsekin zerikusirik ez duen arrazoiagatik, polizia eta kaleko jantzia zeramaten agenteak agertu ziren jaigunean eta tentsio uneak izan ziren. Momentu horretan jai giroan dabilen jendearen ardura dugu eta udalak ez du ardura hori bere egiten. Gai honi buruz ere hitz egin beharra dago.
Txori Barrote konpartsako lau kideren aurkako epaiketan izan zinen Audientzia Nazionalean. Zer nolako esperientzia izan zen?
Konpartsero izateagatik inor epaitzen duten lehen aldia da. Konpartsen federazioko kide direnez gero, gure babes eta elkartasuna adieraztera joan ginen Madrilera. Bilboko Konpartsek debekatuta dagoena ez dute egiten, beti errespetatu ditugu legeak. Baina Bilboko Udalak delitua den edo ez den argitu baino lehen eskatu zigun erantzuteko eta debekuak jartzeko. Guri ez dagokigu lan hori. Jaietako ordenantzak ere ez du aipatzen zehatz-mehatz presoen argazkiak jarri ezin direnik. Txori Barrote euskal preso politikoen eskubideen defentsan lan egiten duen konpartsa da eta orain arte ez Txorik ez beste inork ez du udalaren salaketarik jaso. Argazki horiek bizi osoan jarri dira. Aurten, baina, ez dira jarri.
Txosnarik ez dute muntatu, baina Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsen presentzia handia izan da jaietan.
Ekitaldi askotan parte hartu dute eta, txosnarik ez izateagatik, beraien presentzia oso ikusgarria izan da. 20 urte daramate Aste Nagusian lanean eta eskertzekoa da beraien parte-hartzea isun handia zutela jakinik.
Aste Nagusiaren data aldaketa aztergai du Isabel Sanchez jaietako zinegotziak, besteak beste, ostalari eta hotelariak aurtengo bisitari kopuru handiagatik pozik daudelako. Zer deritzozu?
Hostalari eta zezen-plazako arduradunek jaiak noiz hasi behar duten eta oporretatik noiz bueltatu behar dugun erabakitzea, jai eredua hondatzen ari dela erakusten duen beste adibide bat duzu. Bilboko Konpartsek beti defendatu dute ezarritako data, abuztuaren hamabostaren osteko lehen larunbatean hasi behar du Aste Nagusiak.
Lau tona zabor gutxiago batu direla eta, Isabel Sanchezek goraipatu egin du konpartsek bultzatutako edalontzi berrerabilien ekimena. Zein da zuen balorazioa?
Jaietan pote bat hartu, edalontzia gorde eta berriz ere erabili dutenei eskertu behar diegu beraien ahalegina. Ez da erraza hainbeste jende mugitzen duten jaietan hori lortzea. Ingurugiroaren aldeko apustua izan da, denon mesedetan, hiriak egiten duen ur gastu handia murriztea lortu baitugu eta, bide batez, plastikozko edalontziz osatutako mendixken goizeroko irudia aldatzea.
Zein une berezi bizi izan duzu aurtengo jaietan?
Oso polita izan zen nire alaba txikiarekin Arriaga barrura igotzea txupinean eta Marijaiarekin argazkiak egitea. Jai batzordekideekin plante eguna ematea ere berezia izan zen. Egun gogorra izan zen, gogoratzekoa, Aste Nagusirik izan ez zen 1980ko urtea bezala. Bizitzea tokatu zitzaigun, nahiz eta horrelako neurririk hartzea ez genuen nahi.
Inauteriekin ere ados ezin jarrita zabiltzate udalarekin. Zelakoak izango dira 2011ko inauteriak?
Jaitsiera bateratua egiten ahaleginduko gara, horrela hiritarrak ez ditugu zatituko eta ekonomizatu egingo dugu inbertsioa. Konpartsek eta udalak nork bere jaitsiera egiten badu, nahi gabe, elkarren kontra lehiatzen gara eta bilbotarrak zatitzen ditugu. Iaz inauteriak laburtu egin zituen udalak eta sardina igandean erre zuten, asteartean egin ordez. Ulergaitza da. Tokatzen direnean ospatu behar dira jaiak.
Hurrengo urteko udaletarako hauteskundeek zein eragin izango dute Aste Nagusian?
Ez dakit, dena oso irekita dago. Hauteskundeak dauden aldiro aldatzen da jai batzorde mixtoko lehendakaria. Ikusiko dugu hobera edo okerrera doan. Politikarien eta hiritarren ordezkariak elkartzen dituen eredu mixto hau ez dago beste inon, eta defendatu beharrekoa da.
Zapi beltzak, kamiseta beltzak, txosna beltzak eta 24 orduko plantea errepikatuko dira hurrengo urtean?
Kolore beltzarekin eta plantearekin Bilboko jaietan arazoa dagoela ikusarazi diegu bilbotarrei eta kanpotarrei. Ez nuke nahi horrelakorik hurrengo urtean. Aurtengo jaiak hobetu eta udalarekin batasun espiritua berreskuratu behar dugu 2011an. Batasuna programazioan, ekitaldietan, txupinean… mundu guztiak ondo pasa dezan jaietan

Iruzkinak
Berria gehitu Bilatu
Iruzkina idatzi
Izena:
Emaila:
 
Webgunea:
Izenburua:
UBB kodea:
[b] [i] [u] [url] [quote] [code] [img] 
 
 
:angry::0:confused::cheer:B):evil::silly::dry::lol::kiss::D:pinch:
:(:shock::X:side::):P:unsure::woohoo::huh::whistle:;):s
:!::?::idea::arrow:
 
Mesedez sar ezazu irudian agertzen den spamaren aurkako kodea.

3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."