| Begoñako Ama Birjina eta lamiak |
|
|
|
| Berton - Begoñeraz | ||||||||||
| H.O.-k idatzia | ||||||||||
| osteguna, 2011 apirilak 28. 00:00 | ||||||||||
![]() Euskal erlijio zaharreko osagai ezagunak dira Mari, lamiak, jentilak, basajaun, sorginak eta gainerakoak. Gerora kristautasuna ailega eta nagusitu zen. Baina sinismen zaharrek iraun egin zuten. Begoña aldean be bai. Iraun egin zuten bai. Ia gaur arte. Euskal Herriko gainerako leku gehienetan bezalaxe, euskal sinismen zaharren transmisioa XX. mendean eten zen. Baina, zorionez, garaiz ibili izan dira ikertzaileak kontakizun horietako batzuk jasotzeko. Esate baterako, Iñaki Gamindek ale polit batzuk argitaratu zituen ‘Bilbotarron euskararen zuzuan’ liburuan.Lamiak, sorginak, igeltxoak (iratxoak)… euskal mitologiako izaki ezagunak gure bazter hauetan ere ei zebiltzan. Lamiak –laminak– esate baterako, Otxarkoagako elizaren azpiko errekan agertzen ei ziren andreak bertara joaten zirenean arropak garbitzen. Horrela gertatu ei jakon, gutxienez, Garate baserriko amamari. Begoñan kontatzen da, diosku Gamindek, ba ze gauez basoan beharrean ibiliz gero, kate zaratak entzuten direla. Sorginak be ez ei ziren apartean bizi. Gamindek batutako testigantzen arabera, “Arbolantxa aldeko Sorginzulo deritzon lekuan biltzen ei ziren Artxandatik baxatzen ziren sorginak”. Begoñako andre-gizon batzuek luzaro bizi izan ziren seme-alabarik eduki barik; halako batean, iratxoek andrea harrapatu eta hainbat egunetan galduta egon ostean, bederatzigarren hilabetean umeaz erditu ei zen iratxoei esker: “Horreik ez euren euki familiarik eta hori joan da botijuagaz, ardautan, Sisironera, eta igeltxoak koxi otzien”. Ama Birjina laminduta Beste ikertzaile batek, Anuntxi Aranak, euskal sinismen zaharren eta kristautasunaren arteko loturak aztertzerakoan –‘Euskal mitologiaz’ liburuan–, alderdi bi nabarmendu ditu. Alde batetik, kristautasuna nagusitu zen arren, ez zuela erabat ordezkatu edo ezabatu antzinako sinismenen indarra. Bestetik, elkarren arteko eraginak aipatu ditu. Gauza jakina da kristautasunak beretzat hartu zituela aurreko sinismen eta leku sakratu batzuk. Baina, era berean, sinismen zaharrek bere kontakizunetan integratu zituzten Ama Birjina eta demonioa bezalako pertsonaiak. Begoñako Ama Birjina horren adierazle izan daiteke, sinismen zaharren kontakizunetan integraturik gelditu baitzen, sarritan laminen ezaugarriz jantzita. Alde batetik, herri ipuinen arabera, Andra Marik berak nahi zuen lekuan eraikiarazi zuen eliza. Bestetik, Ama Birjina zigortzailea ere bazegoen. Hemen bertan argitaratu genuen lapurraren kontakizuna: bere koroa ostu gura izan zuenean, lehenengo Andra Marik berak oratu zion besotik. Gero, ihesi doala, ahari handi indartsu talde bat, zezenak eta erraldoi batek bidea oztopatu eta azkenean elizako kanpai hotsek salatu zuten bere ezkutalekua. Euskal sinismen zaharretako osagai ezagunak dira horiek. Anuntxi Aranak berak Orozkon entzundako kontakizuna da hurrengoa: Begoñako Ama Birjinak mirari handi bat egin zion baten bati eta hura zapatariarengana joan zen, Andra Marirentzako oparia enkargatzera. Zapatariak galdetu zion zein zen ba mirari handia. Besteak erantzun: “astoaren bastearen tamainakoa”. Eta hori esatean mutu para ei zen. Astoak sabelaren azpian daroa bastea. Eta holangoxe tipoan dauka Ama Birjinak uhala, euki be. Baina ‘astoaren’ esan izanagatik, mututurik laga zuen. Zigortzailearen arketipoa, berriro ere.
Powered by !JoomlaComment 3.26
3.26 Copyright (C) 2008 Compojoom.com / Copyright (C) 2007 Alain Georgette / Copyright (C) 2006 Frantisek Hliva. All rights reserved."
|
||||||||||



