Irrati egunak
- Honek idatzi du: jabetzen den hori
- Egun honetan: 2008/10/30 eta ordu honetan: 17:42:35
- Atalak: Memorien dietarioa,
Obamaren zantzuak inperioak markatzen duen distantziatik jarraitzen ahalegintzen garen honetan, marea neocon-etik salbatuko gaituen salbatzailerik salbatuena apika, geroz eta ozenago entzuten ditut mezu atzerakoien oihartzunak ustez "irekiak, pluralak eta demokratak" izan ohi diren zenbait mediotan. 1980. hamarkadaz geroztik R3 erreferentzia izan da nire egunerokoan: oraindik orain gogoan ditut Juan Frantziak eta Jesus Beltran mitikoek goizero gidatzen zuten Caravana de hormigas, nire institutuko irakasle izandako Jaime Romoren kolaborazioak, Juan Pablo Silvestreren ahots laranja, Manolo Ferrerasen ikonoklastia anti-sistema ...
Gaur goizean, autobusean Siglo XXI irratsaio post-modernoa entzuten nuela, konturatu naiz ez duela askorako balio izan urteetan irrati libreen ispilu izandako aintzindari haien lanak. Izan ere, aitatu programan erabiltzen duten kontestagailu elektronikoan grabatutako mezuetan ahots irainduak altxatu baitira poliziak jipoitu duen grafitti-egile gaixo baten kontra, poliziaren jipoia goraipatuz. Kontserbadore post-obamatarrak?, apokaliptikoak?, integratuak?, burbuila neocon.aren eztandaren ondorengo xaboi malutak? Gaur goizean gailendu zaidan beldurra beste ikara irrazionalago batekin bakarrik uxatu dezaket: Orson Wells-en War of the worlds entzuten bakarrik uxatu dezaket. Izan ere, gaur betetzen dira 80 urte komunikabideen botereak kontzientziak jipoitu ditzakeela frogatu zuen irratsaioa emititu zela.
