Cioran-en xanpai kopa

Cioran-en zale amorratua zen, filosofo errumaniarra Pariseko festa batean xanpaia edaten ikusi zutela esan zioten arte.

permalink Erantzun

Ezker bularraren erakusketa zintzoa

Esperoan gaude Chian Mai-en, euripean. Emakume italiarrak, orain ez dut bere izena gogoratzen, ezker bularra erakusten die balkoitik auzokideei...

permalink Erantzun

Herodotok ibai anitz zeharkatu zituen


permalink Erantzun

Akupuntura Burmari

Azken egunotan Chiang Mai-en gabiltza noraezean. Ez dago kontatzeko askorik: pasioak, kafea, masajeak, ingeles jubilatuen historio errepikatuak (guztiek ezkondu dira Thailandiako emakume gazteago batekin eta gehienak dibortziatu ere). Laos-eko emozioen ostean, atseden spleen-atua hartzeko unea heldu zaigu. Hala ere, eta nagi guztien gainetik,  Birmania por la Paz erakundearen bitartekaritza lanari esker, elkarrizketa bat egingo diogu Aung Zaw Burmako kazetari eta opositoreari, Irradawy mediako zuzendaria da. L.-k betiko moduan ez du intelektuan geratzeko asmorik eta zerbait gehiago burutzeko asmoa azaldu du, apika, Resonance Repartening saio bat: esaten baitu Burma munduaren garapenaren isla izan daitekeela. Planetak akunputura puntuak dituela, gizakien gisa, eta Burma puntu horietako garrantzitsuenetarikoa omen da.

permalink 4 erantzun

Sasoirik egokiena

Beste batzuk hil ziren, baina iraganean jazo zen,
heriotzarako sasoirik egokiena dena (inork ez du zalantzan jarriko).
...

Almotasin magrebartarra

(XII.gizaldia)

permalink Erantzun

Ispiluaren alde hau

Berriro zeharkatu dugu Mekong ibaia. Berriro gara Thaiandian. Diruak agintzen du berriro. Dirua energia omen da. Irribarreak nonnahi, hutsalagoak agian. Izen espainiarra duen Micasa guest house lirainean hartu dugu ostatu Chiang Mai-en. Igaro ditugun hondoratzeen aiduru gara.

permalink Erantzun

Hondokarri ustekabeak

Hondokarriak deitzen genituen herrian txikitan. Lagun bat zure gainean jartzen zen uretan eta, bortxaz, hondoratzen zuen zure burua. Gogoan dut Aritxatxuko hondartzan lagun indartsuago batek behin kasik ito ninduela. Gaur, Nam Luan ibaian, hondokarri haiek eragin zidaten itoteko sentsazio berbera sentitu dut. Kayak-etik erori gara ur lasterretan eta une itogarriak igaro ditugu. Ez zegoen hondora eramateko eskurik, ibaiak noraezean utzi gaitu.

permalink 3 erantzun

Nam Tai-ko tatuaiak

Azkenean Nam Tai-ko herrira heldu gara. W.G. Sebald-en hitzak erabili nahi nituzke azken lauzpabost egunetan bizi izan ditugun esperientzien berri eman ahal izateko. Baina ezingo ditut erabili eta ezin izango ditut inoiz erabili. Eta berbok, ohiko moduan, ezin izango dute kontzientziaren sakonean mamitzen denaren berri eman, literaturaren borroka antzua. 

Esan bezala, Luang Prabang-etik abiatu ginen direla lauzpabost egun. Egunak eta orduak bigarren mailako protagonistak bilakatu dira orainaren presentzia xumearen aurrean. 26 lagun inguruk eta oilo batek partekatu genuen Luang Prabang eta Nam Bak-en arteko ibilbidea. Ordubete inguru egon ginen gauza sinestezinak kargatzen autobus txiki hartan: era guztietako janari sakuak, hormigoia egiteko burdinak, boltsa lohiak...  Nam Tai-ra heltzeko beste tuk-tuk bat hartu genuen salneurria gure neurrira finkatu ondoren. Dagoeneko falang jakintsuak bihurtu gara eta jakin dakigu ez dugula eskatzen digutenaren erdia baino gehiago ordaindu behar.

Nam Tai-en Noy-en gurasoak genituen zain. Herriska honetan bizi izan ditugun bi egunak nire bizitzako egunik sakonenen artean kokatu daitezke. Tawone jaunak ongi prestatu zigun etxolan ez genuen dutxarik baina gure zibilizazioan aspaldi galdu ditugun hainbat gauza berreskuratu ditugu: gizakion eskuzabaltasuna, naturaren nagusitasuna, eguna azkena izan daitekeenaren uste garbia, mundu errealarekiko inkomunikazioa. V.S. Naipaul-ek esaten zuenaren arabera, Indian, kasta ezberdinen arteko sekretu aipatu ezinak krudelegiak dira, ikutu ezinak jasaten duten zama larregizkoa da berbetan laburbildu ahal izateko. Berriro ere literaturaren antzutasuna. Laos-en kasuan, nire irudiko, miseriak haurpegi zoriontsuak ditu, Noy-en gurasoek eta bere familiak erakutsi didatenez. Azken gauean, harrera zeremonia animista baten barruan Nong familiako semea hamar urteren buruan herriskara bueltatzen zelako, beer-lao eta arrozez egindako likorra tarteko, hartu genuen parte guk ezer jakin gabe. Tatuatutako agure batek gidatzen zuen erritualak gaueko ordu txikietara arte iraun zuen: kotoi sokak meheak jarri zizkiguten eskumuturretan aspaldi galdua genuen eskuzabaltasunaren presentziaz ohartu gintezen.

Hurrengo egunetan: Nam au errekan gora, Txinako muga xede.



permalink Erantzun 1

Falang-ak, monje budistak eta Mekong

Luang Prabang-etik irtengo gara gaur. Hiru hitzetan laburbildu daiteke hemen bizi izan dugun esperientzia: turistak monjeak baino gehiago dira Mekong ibaiaren ertzetan. Eta gu turista horien parte gara. Nam Bak-eko barrutira abiatuko gara: hiru orduko autobus bidaia Noy-en gurasoen etxean edo etxolan lo egiteko xedez. Hurrengo egunean, Mekong ibaian gora egitea deliberatu dugu: Txinako mugaren inguruko paraje isolatuetan murgilduko gara.

permalink Erantzun 1

Off Laos, zugaz egon nahi dot gaur gabaz


permalink Erantzun

Luang Prabang 'cool'

Sabbadie. Luang Prabang-en gaude. Egia esatera, Luang Prabang cool-ean gaude. Izan ere, Mekong ibaiaren alde honetan falang-entzat egindako guess house-ak dira: kale garbiak, kafe eta erropa saltokiak, janari usaina darien ehundaka leku... Izan ere, Paul Bowles-en antzera turistak gara eta turista izan nahi dugu, beste aukerarik ezean.

Mekong-ak Nam Khang errekarekin bat egiten duen lekuan zurezko zubi bat zeharkatu eta gero, Luang Prabang erreala agertzen zaigu: azoka umilak, motoak lur gorria hautsa bihurtu duen errepidea, jendea lanean eta ez turistaren esperoan... Txirrinduz zeharkatu dugu zubia eta zalantzak jo gaitu: mundu errealean murgildu ala falang-en erosotasunera bueltatu? Bowles-en pausuak jarraitu ditugu.

Bihar, Noy-en gurasoen herriskara joan nahi dugu. Bertan txinatarrek sarraski ekologikoa egin omen dute; bertako goma-zuhaitz guztiak moztu baitituzte eta herritarren superbizitzarako aukera guztiak suntsitu, bide batez.

permalink Erantzun

Zorionak L., edo 9 ordu autobusean

Gaur L.-ek urteak bete ditu eta bederatzi orduko autobus bidaiarekin ospatu dugu, besteak beste. Vientiane-tik Luang Prabang-erako errepide malkartsua eta oihanez betea zeharkatu dugu telebista interaktibo bat ikusiko bagenu modura: ume biluziak errepideen alboetan, bufalo lokartuak, txakur askeak, oihanaren orro entzunezina... Luang Prabang falangez (atzerritarrak) gainezka dago eta hemendik aldegiteko gogoa piztu zaigu L.-ri eta biori. Dena den behar den moduan ospatuko dugu bere urtebetetzea: Luang Praban-eko merkadilloetan erositako soineko koloretsua oparitu diot eta izugarri gustatu zaio.

Atzo, Brendan lagun irlandarra eta bere emaztegai eskoziarra ezagutu nituen xake taula bat eskuetan zutela, xakeari ekin baino lehen Irlandaz eta Euskal Herriaz ari ginen sutsuki Beerlao batzuen aurrean. Supitoki bi neska korear elkartu zitzaizkigun eta Chanta Guess House-eko kaleko tabernan, falang-ez eta ustezko prostitutaz betea, amaitu behar izan genuen gaua ez baitzegoen besterik Vientiane osoan gure herrien arteko elkartasuna ospatzeko. Prostitutak giza sakrifizioen ordezkariak ote diren pentsatu nuen.

Italo Calvinoren iritziz, Cesare Pavesek bere buruaz beste egiteko arrazoi nagusia historian zehar gizakiok jainkoei eskaini dizkiegun giza-sakrifizioen zama jasangaitza izan zitekeen, Pavesek ezin baitzuen onartu jainkoei eskainitako opari odoltsua. Ekialdeko Hego Asian ugariak izan dira aipatuen gisako safrifizioak: Pol Pot-en Khemer gorrien triskantza ulertezinak, USA-k jaurtitako napalm eta bonbak Laosen eta Vietnamen...

permalink Erantzun

Vientiane-ko emakumeak

permalink 2 erantzun

Witaya, zientzialaria

Laostarren gainean izan nuen lehen inpresioa asko aldatu da azken egunotan. Egunak igaro ahala lasaitasun profetiko batek hartzen gaitu. Mekong ibai ondoko karrikak ibiltzen ditugu arratsean. Atzo, hiriaz kanpoko merkatu labirintiko batean izan ginen erosketak egiten,  Noy eta bere familiaren (Kam emaztea, honen ahizpa Noe eta seihilabeteko Witaya semea)  etxean afaltzeko. Merkatura ailegatzeko motorrez egindako txangoa egunotako esperientziarik zirarragarrien artean kokatu daiteke: duela 10 urte esistitzen ez ziren milaka motor eta autoen abarrotsak zorabio gozagarria eragin zuen gure burmuinean. Tuk-tuk gidariek marihuana eta opioa eskaintzen zizkiguten.

Afarian, herri honen etorkizunaz eta bere egoera pertsonalaz kezkati azaldu zitzaigun Noy: bere nagusi japoniarrak aspaldi utzi zion soldata ordaintzeari (hileroko 50 dolarretara mugatutakoa) tamaina izugarriko jauregi bat erosteko gai den arren. Jauregi horren garajean bizi dira Noy eta bere familia, eltxoz eta zizt egiten duten inurri txikiz inguratuta. Noy-ek Jauregiko gelatxo batera mugitzea eskatu dio bere nagusi japoniarrari, bere semeagatik bederen, baina ugazabak ez dio erantzun Japoniatik. Falang-ek (atzerritarrek) kontrolatzen dute laostarren egoera ekonomikoa. Ugazaba japoniarrak japoniar jatorriko ezizena jarri dio Witayari: Tayo deitzen omen dio, bere pernada zigilua adierazi nahian.

Laos-en nolabait pribilegiatua den arren, ingelesa eta informatika baitakizki, ezin dio aurre egin bere familiaren sostenguari: Witaya jaiotzean emazteari egin behar izan zioten ebaketa ordaintzeaz gain, Estatuak ez baitu oinarrizkotzat jotzen, eguneroko gastuak  pilatzen zaizkio etenik gabe: janaria, gasolina, informatika tresnak bere lanerako, langabezian diren bere emaztea eta honen ahizpa, Luang Prabangetik gertu dagoen nekazal herriska xumetik etorri berria...

P.S. Hurrengo postean Noy-en familiaren herriskan txinatarrek egin berri duten sarraski ekologikoaren berri emango dizuet.

Beheko argazkian Witaya (zientzialaria, Laoko hizkuntzan) eta bere izeba Noe.

permalink 3 erantzun

Vientiane, hiri merkea

Vientiane-ra (Lao) heldu gara.  Hiri hau izugarri merkea dela esan beharra dago, Euskal blogari farozale baten titularra sarrera gisa profitatuz. Thai-en landa abegikorrean bete-betean murgildu ostean, Christian lagun espainar eta bere emazte tailandiar Ann-i esker herri honen egunerokotasunaren berri izan genuen, atsekabe galanta hartu dugu Vientiane-ra ailegatzerakoan: jende hotza edo lar berotua, pasotismoa nonnahi (norbaitek harrotasuna deituko lioke), turistak lotan, turista izateagatik triste baleude gisa.. Ez da erreza azaltzea izatez herri bereko (nahiz eta herrialde ezberdinak diren) biztanleen arteko jarrera anitz ezberdina eta momentuz horretan utziko dugu (agian frantziarren eraginak izango du zerikusirik).

Merkea baino merkea hiria, esan bezala, ostatua adibidez 5 eurotan bi lagunentzako gela eta jatekoa eta edatekoa nahi beste salneurri izugarri baxuetan (beti ere mendebaldeko herritar baten ikuspegitik). Alderdi marxista-leninistak izena besterik ez du mantendu Marx eta Lenin-ek sortutako ideologian oinarritu arren, kapitalismoa nonnahi barreaitzen da Laos-en eta 60.hamarkadako alderdi neutralistaren "ustezko oinordekoak" dira nagusi egun.

permalink Erantzun

Khon Kaen-eko aire egokitu etnozentrikoa

Thailandiako Khon Kaen-en gaude, Laos-erako bidean. Ressonance saio bat agintzen didazu, nire dohai faltaren karira. Mugak zeharkatzera etorri gara hontara. Singha bat edaten duen emakume horrek ez daki ezer gutaz. Lotan geratzen naiz saioaren erdian eta aire egokitua piztea besterik ez duzu. Beheko garbitzaileak ez gaitu aditzen, halandabe, angurri zatiak eskaintzen dizkiogu. Ezerk ez du zentzurik baina mugak zeharkatu beharrean gaude. Mediterraneo aldetik hotsak datozkigu, beti ere interneten bidez. Erantzun hutsalak ditugu zain mugaz bestaldean eta ezin diegu hutsik egin.

permalink Erantzun

Atalak

Estekak

    Bilaketa

    Abuztua 2009
    Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
    <<  <   >  >>
              1 2
    3 4 5 6 7 8 9
    10 11 12 13 14 15 16
    17 18 19 20 21 22 23
    24 25 26 27 28 29 30
    31

    Besterik

    Blog hau sindikatu XML