Atala: Mediaberri

2007/04/30

Mediaberriren 5. urteurrena: Internetetik blogosferara

Mikel | 23:13:35 | Atalak: Mediaberri | 140 hitz  

Inoiz pentsatu dut ez dudala hemen Mediaberriren historiari buruz azalpen handirik eman (ez baita hori blogaren asmoa), baina Mahatsorrietan sartu nintzenetik egindako sarreratxoaz aparte, ez dut ezer esan, ezta webgune zaharraren aipamenik egin. Gaur, ordea, apirila bukatzear dela, atzean utziko dugun hilabete honetan Mediaberri martxan jarri genuenetik (taldea ginen orduan) 5 urte bete direla konturatu naiz. Egia da iaz hile luzez egon zela geldirik proiektua baina egia da, halaber, urte batzuk egin genituela egunero euskarazko informazio alternatiboa sareratzen. Gite-Ipes elkarteko lagunen webgunearen baitan, galduta nonbait, ikusi berri dut oraindik gordetzen dela iazko martxoan berritzeari utzi nion webgunea, hona hemen esteka. Eibarko lagun batek esan zidan nahiago zuela garai bateko orria, kutsu alternatiboagoa zuelako... Nire Dreamweaver progamaren eta HTML hizkuntzaren ezagutza apurrak ez zidan besterik egiteko aukerarik ematen eta, edonola ere, egunero lan ikaragarria eskatzen zuen berritzea. Bestelako garaiak ziren, bost urte...

2006/11/25

Euskararen aztarnak inperio zaharrean

Mikel | 23:57:42 | Atalak: Euskal Herria, Mediaberri | 181 hitz  

Aurreko mezuan esan bezala, Erroman izan berri naiz azken egunotan, Europako Inperio ohirik zaharrenetariko batean. Hiri ederra da, elizak maite dituztenentzat behintzat, eta baditu bestelako monumentu adierazgarriak, Coliseoa batez ere. Bertara bidaiatu aurretik, besterik ez nekien Italiako hiriburuari buruz. Orain, ordea, zer edo zer esan dezaket, italieraz ikasi ditudan hitz gutxietaz aparte.

Erroman, Vaticanok kontrolatzen ez dituen eraikinak ez dituzte batere ondo zaintzen, alegia, hiria edota Italiako gobernuaren menpe dauden monumentuak itxura txarra dute. Hori ez da, baina, gaitzik nagusiena, garraioa da okerrena. Trafiko araurik ez dagoela ematen du, semaforoek ez dute inolako errespeturik eragiten gidariengan, eta errepidea zeharkatzeko otoitz egin behar dute ibiltariek.

Metroa eta autobusak (tranbia egon badago, baina ez nuen frogatzeko aukerarik izan) ez dira, alabaina, konponbide baliagarriak. Izan ere, maiztasunez agertu arren, ordutegi eta ibilbide jakin batzuetan ez dago inon sartzerik. Gutxienez sei aldiz gertatu zitzaigun hurrengo tren edota autobusei itxaron behar izatea.

Ezustekorik ederrena Trastevere auzoko taberna batean ikusi nuen, urrunetik gainera: Kuraia taldearen kontzertua Erroman bertan, abenduaren 2an. Erasmus ikasle bati esker jakin nuenez, Associazione Culturale Euskara elkarteak antolatu duen Erromako euskal astearen ekimena da.

2006/11/02

Bueltan gara

Mikel | 13:22:05 | Atalak: Mediaberri | 129 hitz  

Laburrean bada ere, ongietorria eman behar diot Mediaberriri euskal blogosferaren eremura, baita nire buruari, aurrerantzean buru bakar bat osatuko badugu ere. Duela urte batzuk, lautik gora edo, informazio alternatiboa euskaraz jorratu zuen lehenengo webgunea izan zen Mediaberri.com. Talde bat ginen orduan, eta urteetan lagun berriak hurbildu zitzaizkigun arren, denborarekin bakarrik gelditu nintzen proiektuarekin. Atal ugari elikatzeko lan eta denbora gehiegi eskatzen zuen eta, horregatik, aurtengo martxoan etenaldi luzean utzi nuen Mediaberri.

Gaurko egunean, baina, bueltan gaudela pozik esan dezaket, Asapalako lagunen esku, eta luzerako izatea espero dut. Mediaberriren hasierako arima iraultzailea alde batera utzi gabe, niretzako interesgarriak diren askotariko gaien berri emateko asmoarekin nator euskal hiztunen (eta irakurleen) blogosfera txiki eta oparo honetara. Nire buruari ez ezik, hitz hauek irakurriko dituen lagun orori, ongi etorri Mediaberri berri honetara.

Mediaberri


Atalak


Artxiboak

Maiatza 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Besterik

Blog hau sindikatu XML

What is RSS?

powered by
b2evolution