Ispiluaren aurrean bere gorputza biluzik ikusten duen emakumeak irudi bi hartzen ditu; argiak islatutakoa batetik, hezur, haragi eta azalak osatutakoa eta, aldi berean, egungo gizarteko moda eta arketipoen arabera sortutakoa. Erakusleiho eta aldizkarietako manikiekin bere itxura alderatzen duenean ikusten duena da azken hori. Maniki horiek, alabaina, ez dute zerikusi handirik benetako emakumeekin, eta antzera gertatzen da arropa dendetan aurki daitezkeen neurriekin.
Horiek hala, gaur saltoki batean erositako prakak 40 tailakoak izan eta hurrengo batean beste saltoki batera joan eta 42 tailakoak behar izatea gerta daiteke. Nahaste horrekin batera bestelako arazoak datoz, hala nola neurri bereziak deritzotenak edota manikien ezinezko neurriak. Horrek osasun arazoak eragin ditzake, edota eritasun jakin batzuk areagotu. Halako joerak gelditu eta emakumearen irudi osasungarriagoa sustatzeko asmoz, akordioa izenpetu zuten urtarrilean modaren industriako enpresa handienetako batzuek Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioarekin.
Angeles Heras Kontsumo zuzendariak argitu duenez, akordioaren helburu nagusia emakumeen arropen neurriak bateratzea izan da: "Mundu osoan ez dago eredu bateraturik eta, horregatik, ekoizle bakoitzak bere kabuz egin izan ditu neurriak orain arte". Bateratze hori lortzeko, 10.400 emakumeren neurriak hartuko dituen azterketa abiatu dute. Bilbon astebetez aritu dira neurketak egiten, gaur arte, eta Hego Euskal Herrian, guztira, 700 emakume inguru neurtu dituzte. Arroparen neurriak bateratzeko ituna sinatu duten enpresen artean, Europako ekoizlerik handienetako batzuk daude, hala nola Inditex, Mango, Cortefiel, El Corte Ingles eta Carrefour.
Herasek jakinarazitakoaren arabera, ikerketaren emaitzak 2008ko otsailean izango dituzte eta, handik aurrera, enpresek bost urteko epea izango dute neurriak bateratzeko. Beranduenik 2013an iritsiko dira aldaketak dendetara. Neurriak bateratu ez ezik, erakundeekin hartutako konpromisoaren arabera, etiketetan ematen den informazioa ere aldatuko da: "Taila bakoitza zer-nolako gorputz neurriri dagokion modu ulergarrian azaldu beharko dute etiketetan, besteak beste".
Emakumeen itxura osasuntsua bultzatzeko, bestelako konpromiso batzuk ere hartu dituzte. Hala, moda desfileetan parte hartzen duten modeloek eta dendetako manikiek kaleko emakumeen neurriak izan beharko dituzte eta, manikien kasuan, 38 taila izan beharko dute gutxienez. Horrez gain, taila bereziaren muga aldatuko dute, 46koa normaltzat joko dute aurrerantzean.
EZ DA SENDABIDEA. Elikaduraren inguruan urteotan ugaritu diren gaitzak gainditzeko ibilbide luzea egin beharko du oraindik medikuntzak. Gurutzetako ospitaleko Endokrinologia Saileko buru Sonia Gaztanbidek, hala ere, garrantzitsu deritzo emakumeen benetako neurriak ezagutzeari, horri esker «edertasun errealean oinarritutako eredu osasungarriak eraiki ahal izango direlako.
Eritasun jakin batzuk sendatzeko, alabaina, halako akordioak eraginkortasunik ez dutela uste du: "Ez da ahaztu behar anorexiaren jatorria, hein handi batean, psikologikoa dela". Edonola ere, mota honetako neurriek anorexia eta bulimiaren gainean eragin positiboa izan dezakeela iritzi dio. Eritasun horien gorakada gelditzeko edozein egitasmo epe luzera begira egin beharra dago, halere: "Kasu honetan egin dituzten hipotesiak errealitatean eraginik duten aztertu beharko dute etorkizunean". Horren emaitzak ikusteko, 2013. urtea arte itxaron beharko da oraindik.
Bizkaiko hiriburura errepidetik sartzeko azpitik igaro beharreko mendia delako ezagutzen dute gehienek Malmasin mendia. Garaiera txikikoa eta paisaia ederrik gabekoa izan arren, historiaren ikuspegitik garrantzi handiko lekua izan beharko litzateke euskal herritar guztientzat. XII. mendean, Iruñeko erresumak egungo Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Errioxa eta Nafarroa hartzen zituenean, gotorleku indartsua sortu nahi izan zuten mendebaldeko mugak babesteko asmoz. Horretarako, Antso VI.ak (1150-1194) Malbezingo gaztelua eraikitzeko agindua eman zuen, Ibaizabalgo harana eta inguruko lurraldeak defendatzeko.
Gaur egun mendizale eta kirolariek zapaldutako zelaietan, beraz, Nafarroako erresumako soldaduak aritzen ziren Bilboko hiribildua bera sortu aurretik ere. Oraindik ere, Nabarraldeko lagunek sustatuta, Nafarroako Bizkaitarrak izeneko taldea biltzen da urtero, Ollargan parkean lotu eta, Malmasineraino igota, 1199. urtean Gaztelako erasoen kontra euskal lurraldeak babesten zituzten gudariei omenaldia egiteko. Duela hiru aste, urriaren 20an, egin zuten azken irteera eta, horrez gain, hitzaldiak antolatu zituzten erresuma zaharraren inguruan.
XII. mendearen azken urteetan hasi zen mendebaldeko Nafarroako erresumaren gainbehera, 1198an Aragoiko eta Gaztelako koroek Nafarroa haien artean banatzea erabaki zutenean. Urte horretako maiatzaren 20an bildu zen Gaztelako Alfontso VIII.a Aragoiko Pedro II.arekin, eta ituna sinatu zuten. Historialariek azalpen desberdinak eman dituzte akordio horren inguruan, baina gehienak bat datoz Akitaniarako merkataritzarako bideak bereganatu nahi zituztela. Herri askok erasotzaileei aurre egin bazieten ere, 1200. urterako Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa Gaztelako koroari lotu zitzaizkion.
Nafarroako erregea, Antso VII.a, kanpoan zen erasoak hasi zirenean, Afrikako iparraldeko erresumetan laguntza bila baitzebilen Al-Nasir sultanarekin, Gaztelako erregearen aurka lehiatzeko, hain zuzen ere. Erasotzaileen nagusitasuna nabarmena izan zen soldadu kopuruaren aldetik eta, gainera, zenbait historialariren ustez herri batzuek ez zuten borrokarik egin gaztelarren aurka. Urteak igaro arren, Nafarroako errege-erreginek askotan eskatu zituzten 1199. urteko erasoetan galdutako lurrak, erresumak zutik iraun zuen bitartean behintzat.
Musikagintzan edozer egiteko prest dagoela frogatu zuen aspaldi Quique Gonzalez kantautore madrildarrak. Urteotan, besteak beste, Varsovia disketxe propioa jarri zuen martxan, pelikula bat grabatzera ausartu da lan berriarekin zabaltzeko eta, duela gutxi, euskaraz abestera ausartu zen, Bide Ertzean taldearen Non dira diskoari izena ematen dion abestian. Ubeda anaien adiskide bilakatu denetik, lotura sendoak egin ditu Gonzalezek Euskal Herriarekin: Gipuzkoan grabatu ditu Averia y redencion #7 diskoko kantuetako batzuk, Bizkaiko promozio agentzia ezagun batekin egin du kontratua eta, orain, Fito Cabrales bilbotarrarekin batera ari da honen kontzertu biraren amaieran. Diskoari dagokionez, inoiz sortu duen oparoena dela esan daiteke, izan ere, hamazazpi kantu berri eta benetako harribitxia den dvd bideoa bildu ditu bilduma berrian. Donde estan las gafas de Mike izenekoan ohiko making off bat baino askoz gehiago topatuko dute zaleek. Diskoak askotariko doinuak biltzen ditu eta, gitarra abesti guztietan ageri bada ere, erritmo lasaiak biziagoekin partekatu ditu, azken hauek nagusi direla. Dagoeneko, zuzenekoetan taularatzen hasi da madrildarrak Averio y redencion #7 honetako kantuak. Bilbon abenduaren 23an ikusi ahal izango dugu, Arriaga antzokiko oholtza gainean.
Quique Gonzalez
Averia y redencion #7
Dro Atlantic
Mendeetan aldaketa handiak ezagutu dituzte Euskal Herriko kostaldeko herriek. Besteak beste, arrantzarako ontzi eta txalupak desagertuz joan dira eta, horiekin batera, kaietako paisaia bera eraldatu egin da. Bermeon badira, alabaina, denbora luzez aldaketarik pairatu ez duten gauzak, frantziskotarrak kasu. Frantzisko Asiskoaren jarraitzaileak 1357. urtean sortu zuten Bermeoko anaidia eta, gaur arte, han izan dira. Egunotan ospatzen ari dira herrira heldu zireneko 650. urteurrena eta, horretarako, haien historiari buruzko hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte Bermistorian jardunaldien harira. Frantzisko Asiskoa (1182-1226) Italian jaio zen eta, gaztetik, behartsuenei laguntzeko bizi izan zen. Kristautasuna mundu osoan zabaldu eta frantziskotarren anaidia sortu zuen, eliza katolikoaren barnean komunitaterik handiena dena gaur egun ere.
Duela hamarkada gutxi, hogei ziren Bermeoko anaidian jardunean zeuden fraideak. Egun, aldiz, zortzi baino ez dira, «osasuntsu behintzat». Horietariko bat da Jose Mari Bilbao, «beste zortzi erretiroan daude eta hemen bizi dira oraindik». Urtemugaren ospakizunak prestatzen ari direla, gogoratu beharrekoa frantziskotarren etorrera gogoratu behar dela nabarmendu du; izan ere, «komentuaren eraikina sortzeak denbora luzeagoa behar izan zuen». Euskal Herriko kostaldeko lurraldeetan frantziskotarrek eginiko lehenengoa izan zen Bermeokoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste edozein baino lehenagokoa baita. Era berean, Bizkaiko jaurerriko gizonezkoen lehenengo komentua izan zen.
Arrantzaleen herria izanda ere, fraideei Almike auzoko baselizaren inguruko lurrak eman zizkieten, «bizitzeko modua izan zezaten baratzak landuz». Baserritik itsasora aldendu ziren fraideak ere izan ziren Sollube aldean. 1422an Izaro uhartean sortu zuten komentua frantziskotarrek, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko; baina Forura eraman zuten anaidia XVIII. mendean, gaur egun Erromako Inperioko aztarnak antzeman dituzten lur eremura, hain zuzen ere.
ITSASORA BEGIRA. Bermeotar belaunaldi gehienek ezagutu dituzte frantziskotarrak herrian eta, horregatik, «bertokoak sentitzen gaituzte, gainera, eskola izan dute gurean urte luzez». Arrantzarekin lotutako zerbitzua ere eskaini izan zuten frantziskotarrek; izan ere, «herritar gehienek ez zeukaten ontzi patroi titulurik itsasoratzeko, eta fraide bat ibili zen jendea horretarako prestatzen; lan handia egin zuen». Iraganeko kontua dela dio Bilbaok, izan ere, «orain inork ez du itsasoan lan egin nahi, gogorra delako». Egungo itsasoko langile asko «beltzak dira, etorkinak, oso langile onak». Horietako batzuk «Afrikara misiolari joandako fraideekin» egondakoak dira.
Erdi Aroa berpiztu dute Bermeon joan den asteburuan, azoka ospatuta. Jatorriz «gure etorreraren inguruan izan zen azoka hori, gero jendeak ahaztu badu ere». Horren barnean, frantziskotarren urtemugaren inguruko hitzaldiak antolatu dituzte. Gaurko, mahai ingurua antolatu dute Ertzilla dorrean, Alberto Zulueta eta Josean Apraiz hizlari izango direla. Hitzaldi biak arratsaldeko zazpietan hasiko dira. Larunbatean frantziskotarren eliza, klaustroa eta komentua ezagutzeko aukera izango da Bermeoko turismo bulegoak antolatu dituen bisita gidatuei esker. Igandean azkenik, meza nagusia egingo dute San Frantzisko elizan, erakunde desberdinetako goi karguak bertan izango dira.
Fraideen ezinbesteko lanetako bati ekin zion aspaldi Martin Mendizabal Mujika (Zaldibia, 1933) frantziskotarrak, dokumentazioa jorratzeari. Arantzazun 21 urte eman ditu eta komentu ugariri buruzko lanak argitaratu ditu. Horrez gain, bi parrokia ditu bere kargu eta, egunotan, Bermeon izan da, Bizkaiko anaidiaren historiari buruzko hitzaldia eskaintzeko.
Noiz eta non sortu ziren frantziskotarrak Euskal Herrian?
Lehenengoa, tradiziorik luzeena daukana Zangozako San Bartolome da, 1214an sortua, San Frantzisko bera handik pasa zen eta, ondoren, komentua egin zuten bertan. Gerora, Gasteiz izan zen lehenengoa, 1236an egin zuten. San Frantzisko hil eta hamar urtera hor zegoen komentua. 1247an moja klaratarrak hasi ziren eta handik zabaltzen hasi ziren Kantabria eta Burgos aldera XIII. Mendetik aurrera.
Nola egin zituzten lehenengo komentuak?
Kontuan hartu behar dugu fraideak zabaldu nahian zebilela aita santua . Hau bizimodu berria zen, San Frantziskok ez zeukan ezer, ez lurrik ez eta bestelakorik ere. Komentuak dorre baten inguruan edo hiribilduetan egiten zituzten. Eliza, komentua eta baratze bat, besterik ez zegoen. Zertarako ziren komentuak? Kristautasuna ondo zabaltzeko, aita Santo Domingok esaten zuen San Frantziskoren garaian: 'Kristautasuna ondo zabaltzea nahi baduzue, komentuak egin itzazue herri txikien ondoan, jendea sermoiak entzutera joan dadila beti'.
Zeintzuk ziren garaiko frantziskotarrek herriari eginiko ekarpenak?
Herrietan komentua egiteko baimena emateko, beti eskatzen zuten gramatika irakats zezatela, eta gramatika latina zen. Zertarako? Aberatsek unibertsitatera joan edo apaiz karrera egin nahi bazuten, latina ikasi behar zuten, gauza guztiak latinez irakasten zirelako. Hizkuntza hori ondo ikasteko fraideak behar zituzten. Gero, baziren filosofia eta teologia eskolak ematen zituztenak, bai fraideentzat, bai eta kanpokoek apaiz ikasteko ere. Herriari begira, bestalde, bi sermolari izan behar ziren komentuan. Horrez gain, bestelako lanak ziren komentuetan, hiletak egiteko, esate baterako.
Nola bizi izan zituzten esklaustrazio garaiak?
27 anaidi izatera heldu ginen, esklaustrazioa aurretik eta mojak, berriz, 30. Sekularizazioaren aurreko garaitik ez dugu ia komenturik berreskuratzerik izan. Fraide guztiak etxera bidali zituzten eta goi fraideen mende jarri zituzten. Komentuak gelditu ziren, agindua zuten kanpaia kendu, liburutegiak hustu, eta artelanak artxibo nazionalera eramateko, baita eskuizkribuak ere. Egun Madrilen, Salamancan edo auskalo non egongo diren. Vatikanoko konkordatuaren ostean, 1851an, pixkanaka bueltatu ziren mojak eta fraideak komentuetara.
Arantzazuko santutegia frantziskotarren sinbolo bilakatu da? Zergatik?
Frantziskotarrak 1514an heldu ziren Arantzazura. Musikaren alorrean oso garrantzitsua izan zen. Hemen egiten zituzten fraide ikasketak, mezarako, eta organoa jotzen ikasi behar zuten. Koru irakasleak atera behar ziren handik, liturgia ezagutu behar zuten, baina baita musika ere. Horrez gain, Arantzazuko musika artxiboa ere garrantzi handikoa zen.
Bokazio berririk sortzen al da?
Pixkanaka komentuak husten ari dira, fraide zaharrak bakarrik gelditzen garelako. Hemen bertan, hiru bakarrik daude 60 urtetik beherakoak. Etortzen direnak, karreradunak izaten dira, eta misioetara joatea nahiago dute. Baditugu oso zaharrak ez direnak, baina Ameriketara joandakoak.
Hogei urte dira Bizkaiko ikastolen elkartearen euskararen aldeko jaia Zornotzan egin zutela. Orduan, Andra Mari ikastolako ikasle, guraso eta irakasleek antolatu zuten Ibilaldia eta, laster, sei hilabete barru,
bigarrenez egingo dute horietariko askok, izan ere, Zornotzan ospatuko dute 2008ko Ibilaldia, Amore bi eta gehiago lemapean. Maiatzaren 25erako asko falta bada ere, dagoeneko motorrak berotzen hasi dira
sustatzaileak eta, bidean, askotariko ekitaldiak antolatuko dituzte, aurkeztu berri duten Ibilarte erakusketa bezalakoak. Bilboko BBKren erakusketa gelan ikus daitezke, azaroaren 15era arte, 26 artistek sortutako margolan, eskultura eta argazkiak. Artelanekin lortutako diruarekin, Ibilaldian bildutakoarekin bezala, bigarren lerroa aurrera ateratzeko asmoa dauka Andra Mari ikastolak.
Joera eta teknika desberdineko artistak bildu ditu Ibilarte erakusketak
baina guztiek agertu dute prestasun bera euskararen alde lan egiteko.
Horrexegatik, bereziki eskertu zien BIE Bizkaiko Ikastolen Elkarteko
lehendakari Juan Carlos Gomezek haien artelanak eskaini izana, «artista
hauek bere lana laga digute, Bizkaiko ikastolei eskaini diete eta
horregatik eskerrik asko esaten diegu». Urte batzuk dira Ibilaldiaren
antolaketaren baitan arte erakusketak egiten dituztela eta, horregatik,
Andra Mari ikastolako lehendakari Itxaso Gerediagak azaldu zuenez,
«BIEk kudeatzen du prozesua, haiek ezagutzen dituzte urterik urtera
parte hartu dezaketen artistak». BIEko ordezkariak dira, halaber,
artistei laguntzeko proposamean egiten diena. Urteotako
esperientziarekin «errotutako ekitaldia bilakatu» dela uste du eta,
horrez gain, Ibilaldi batetik bestera hobetzen doala gaineratu zuen,
«gero eta lagun gehiago azaltzen da laguntzeko prest».
Askotariko lanak eta euskarriak aurkeztu dituzte 26 artistek:
grabatuak, akrilikoak, egurrezko eskulturak eta argazkiak, besteak
beste. Gaietan ere, aniztasuna izan da nagusi; Xabier Morrasek
Buffaloko tren geltokiaren margolana egin du, Jesus Mari Lazkanok
Denboraren geometria izeneko koadroa eta Alberto Urkizak Kalentura
tituludun akrilikoa, batzuk aipatzearren. Artelanetan ageri diren
sinaduren artean, Adrian Caparros delako bat dago eta,
parte-hartzaileetatik, bitxiena dela esan daiteke. Batetik, artista
gehienak euskal herritarrak diren bitartean, bera madrildarra delako
eta, bigarrenik, Bilboko Athletic futbol taldeko entrenatzaile Joaquin
Caparrosen semea delako. Biak izan ziren erakusketaren inaugurazio
ekitaldian, Bizkaiko beste kirolari ezagunekin batera, Ibilarte
babesteko.
MUNDURA ATERA. Datorren urteko Ibilaldia antolatzen ari direnentzat, ez
da hainbeste denborarik falta jaialdiaren egunerako eta, horregatik,
egunero dute buruan festarekin lotutako zer edo zer, «bide onean
gabiltza, gauza batzuk aurreratuz goaz eta Ibilarte horietariko bat
da». Honetan zein bestelako ekitaldetan, Gerediagak aitortu zuenez,
BIEren laguntza ezinbestekoa dute, «erakusketa bat egiteko, adituak
behar dira beti eta guk, Ibilaldia antolatzeko asmoarekin, leku
guztietatik hartu behar dugu dagoen onena»
Gertuagotik hartu dute 2008ko Ibilaldiaren leloa, izan ere, Zornotzako
izen ofizialetik, Amorebieta, dator Amore bi lema, «ikastolako gurasoak
bi amore eta gehiago dituzte, artea da horietariko bat, baina guztien
gainetik gure seme-alabak elkarlan batean hezi nahi ditugu». Euskara
ere, amore horietariko bat dute Andra Mariko ikastolakoek. Horren
harira, hizkuntzak eremu berriak irabazi behar dituela nabarmendu zuen,
«duela urte batzuk baserriko hizkuntza zela zioten, baina orain
enpresaren edota kirolaren eremura zabaldu da, mundura zabaldu da,
euskaraz bizi gaitezke, hemen eta edonon». Ibilartek, Juan Carlos
Gomezen esanetan, ezaugarri garrantzitsu bat dauka, «artea, herria eta
hizkuntza batzen ditu, euskara gure kulturaren tresna komunikatzaiela
da eta hura bultzatzeko artea erabiltzen dugu».
Laster, Ibilarteren baitan, umeei zuzendutako marrazki lehiaketa egingo
dute, gaztetxoek ere erakusketa gela batean haiek sortutako lanak
ikusteko aukera izan dezaten. Laugarren urtez egingo dute euskararen
aldeko Bizkaiko festarik handienaren harira antolatutako txapelketa.
Gero eta handiagoa da Internet sarearen baitan batetik bestera garraiatzen diren bideo kopurua, askotariko iturrietatik gainera: Youtube motako webguneetatik, Zattoo bezalako programetatik edota P2P sareetatik. Egongelako telebista, zaharrak zein modernotasunaren ikur bilakatu zaizkigun TFT zein LCD pantailadunak, baztertzen hasi garen aparailua da, hori diote behintzat ikerketa batzuek. Telebistako programak Interneten jarraitzearen abantail nagusia, seguruenik, iragarkeak sahiestea da eta, askorentzat, nahi duten momentuakn nahi dutena ikusteko askatasuna izatea. AEBetan, dagoeneko, Interneterako konexioa duten etxebizitzen %16ak ordenagailua erabiltzen du telebistak saioak ikusteko. Egia da denetarik aurkitu daitekeela sarean eta, askotan, hemen ordainpekoak diren futbol partiduak doan ikusteko aukera, besteak beste.
Musikagintzan inoiz egin den hamarkadarik oparoenetarikoa itxi du Ismael Serranok plazaratu berri duen Sueños de un hombre despierto diskoarekin. Ibilbide luze honetan zazpi kantu bilduma eta milaka zale egin ditu, kantautoreen eskola zaharberritu zuen belaunaldiko gidaria bilakatuta. Aurreko lanekin alderatuz gero, doinu akustikoagoak topatu daitezke honetan, izan ere, tresna guztiekin aldi berean grabatu dituzte 13 abestiak eta, ondoren, konponketarik ez dute egin. Greziako filosofia eta mitologia uztartu ditu Serranok diskoaren hitzetan, Aristotelek esan baitzuen itxaropena dela esna dauden gizakien ametsa. Kaleratutako lehenengo singlea, bestetik, Troyako Casandra du protagonista, hiriaren hondamena aurreikusi zuen zorigaiztoko neskatxa. Tartean, ohiko ardura eta gaiei heldu die madrildarrak kantuetan: Hegoamerikatako indigenak, ezkertiar ideologiaren egungo egoera edota etorkinen mina, Zamba del emigrante izenekoan. Argentinako ahotsik ederrenetarikoa izan du lagun azken honetan, Mercedes Sosarena. Lotura sendoak egin ditu Serranok Argentinan, 2001. urtean hiriburuari kanta bat eskaini zionetik dozenaka kontzertu egin ditu bertan eta, duela gutxi, aktore aritu da Buenos Airesen grabatu duten film batean. Gertuago izango da kantautorea kontzertu sorta berria abiatzeko, Donostian hasi baitu bira, hilaren 20an. Hurrengo egunean Iruñean ariko da eta 27an, azkenik, Bilboko Euskaldunan aurkeztuko du Sueños de un hombre despierto.
Ismael Serrano
Sueños de un hombre despierto
Universal
Ez dakit zenbat urte dira Euskaltelek mugimendurik egiten ez duela Interneteko konexioetan eta, dagoeneko, aspertuta egongo dira 300 Kb eta 3 megako sareen erabiltzaileak. Erabat ulergarria da hau, ikusita ADSL eta inguruko kable konpainia guztiek konexio askoz ere azkarragoak eskaintzen dituztela, zerbitzu gehiagorekin eta salneurri merkeagoetan gehienetan. Ardanzaren konpainia Telefonicaren atzetik ibiltzearekin konformatu egin da hasieratik. Garai batean TESAk eskainitakoa gainditzea zen bere eskaintza (512 Kb ematen zituenean Telefonikak mega batekoa prezio berean eskaintzen zuen Euskaltelek) baina, azkenaldian, 10 megako Duo deritzona aurkezten hasi dela, tximeleta laranjaren enpresak ez du ezertxo ere iragarri. Bezeroek, ordea, aukera berria dute orain Euskaltel lagatzeko, izan ere, konpainiaz aldatzeko oztoporik handiena zen, orain arte, Telefonicara bueltatu behar izatea, hirugarren batera pasatu aurretik. Tele2-ek zuzenean aldatzeko aukera ematen hasi zen duela hilabate batzuk eta, aurrerantzean, Jazztel-ekin ere posible izango da. Migrazioa egitearen truke, kable konpainietako bezeroek 22,50 euro ordaindu beharko dituzte eta inolako telefono sarrerarik ez dutenek, 90 euro.
Aurrekoaren jarraipena.
Historia berregiteko zaletasuna dutenak, Clan del Cuervoko lagunak kasu, inor baino zorrotzagoak dira iraganeko garaietan egokitutako film bat ikusteko orduan. Zineko lan gehienetan akats larriak ikusten dituzte, «jantzietan batez ere». Silvia Carnicerok azaldu zuenez, zuzendari gehienek haien gustuen araberako janzkera egokitzen diete protagonistei edo, askotan, «egungo kulturak Erdi Aroaren inguruan duen irudiaren araberakoa». Iritzi berekoa da Yeyo Balbas, eta adibide gisa Kingdom of Heaven (Ridley Scott, 2005) filma jarri zuen, «heroiari larruzko arropak jarri zizkioten, eta horrela, Erdi Arokoa baino, XX. mendeko 60ko hamarkadako itxura hartzen zuen, ez zen batere egokia historiaren ikuspuntutik».
Balbasek, edonola ere, badaki zaila dela film batean errealitate gordina erakustea, askotan, «benetakoa dena arraroa iruditzen zaiolako ikusleari». Gladiator (Ridley Scott, 2000) pelikula arrakastatsuan zuzendariak zera esan zuen, «gladiadoreak Vietnamen aritutako marine-ak bezala irudikatu nituen». Horrela, itxura zikinarekin ageri zituen gerlariak, «logikoa dirudi, soldaduen nekea islatu nahi izaten denean». Jendeak ez daki, alabaina, historia oso bestelakoa dela, «Erromako Inperioaren garaiko testuak irakurtzea aski da jakiteko militar guztiek garrantzi handia ematen ziotela armak eta armadurak garbitu eta zaintzeari, hondatzen zirelako bestela». Erromako gerlariek benetan eginikoa horrela izan arren, film batean «ez litzateke sinesgarria izango».
Historiarekin bat datozen pelikulak ere egin dituzte Hollywooden azkenaldian, onenak, historia berregitea zaletasuna dutenentzat, behintzat, Alexander (Oliver Stone, 2004) eta Master and commander (Peter Weir, 2003) dira. Europako bat ere nabarmendu zuten, Girl with a pearl earring (Peter Webber, 2004). Hauek guztiek ezaugarri komuna dute, «historiako une jakin bateko teknologia ondo berregin izan dute, baina denboraren eta erabileraren aztarnak ageri dituzte».
Zinemagintzaren bilakaeran aldi desberdinak sailkatu daitezkeela uste du Balbasek, «50eko hamarkadan Erdi Aro perfektua islatu nahi zuten, akatsik gabekoa eta, ondorioz, erabat sinesgaitza zen. 80ko hamarkadatik aurrera kontrakoa egin zuten, hondamena eta zikinkeria besterik ez zuten erakusten». Braveheart (Mel Gibson, 1995) filmak hondamen horren berri ematen du, «etxoletan bizi ziren herritarrak, bai, baina sinpleenak ere, pilatutako lastoa baino askoz txukunagoak ziren». Jantzietan ere, «zarpailak baino ez ditu erakusten pelikulak», Carnicerorentzat, ez zuten batere kontuan hartu Erdi Aroan «arropak luxuzko produktuak zirela eta, horregatik, jendeak oso ondo zaintzen zituela, mila aldiz konpondu arren».
Gizakia nondik datorren ikertzea eta haren bilakaera aztertzea aspaldiko helburua du gizarteak, eta horien inguruan sortu dira mendeetan, historia, filosofia eta arkeologia bezalako jakintza arloak. Badira, alabaina, ikerketa teorikoarekin nahikoa ez dutenak eta, horregatik, historia ikastearekin batera, iraganeko arbaso urrunen bizimodua berregiten saiatzen direnak. Europako zenbait herrialdetan, batzuen lanbidea da birsortze historikoa deritzona, baina, gehiengo handi batentzat, zaletasuna besterik ez da; ordu luzeak eta egungo erosotasunei noizean behin uko egitea eskatzen dituen zaletasuna bada ere.
Historia birsortzea zertan den azaltzea da Clan del Cuervo (Erroiaren klana) izeneko elkartearen helburua. Yeyo Balbas taldeko kideetako bat da, duela hamar urte hasi zen lan horretan, eta historiari lotutako lanetan ere esperientzia dauka. Memoria aldizkariko erredaktorea da, eta irudiak ere egiten ditu. Horrez gain, zenbait dokumental eta film labur zuzendu ditu, historikoak horietako batzuk. Kantabriakoa (Espainia) bada ere, Euskal Herrian askotan ibiltzen da, bateko hitzaldiak direla, eta besteko talde berean diharduen neska-laguna, Silvia Carnicero, Basaurikoa (Bizkaia) delako. Elkartea Europako iparraldeko herrien Goi Erdi Aroa birsortzen aritzen da batez ere, Erromako Inperioa desagertzen hasi zenetik X. mendera arteko garaia, alegia.
Bere zaletasunik gogokoena zer den ederki azaltzen daki Balbasek, entziklopedia batean jasotzeko moduko definizioa eman baitzuen: «Aldez aurretik aukeratutako aro bateko teknologia, janzkera eta, orokorrean, bizimodua berregiten saiatzea da». Horretarako beharrezkoa duten ezagutza eskuratzea, baina, ez da horren sinplea. Arkeologiak eta historiak eskainitako iturrietara jotzea besterik ez dute, baina, askotan, ia ezinezkoa da: «iraganean zenbat eta atzerago jo, informazioa topatzea gero eta zailagoa» delako. Errekreazio historikoa benetan maite dutenek, ordea, historia liburuetako zirrikiturik txikiena aztertzeko prest egoten dira, iragana modu ahalik eta zehatzenean berregiteko. Zehaztasuna ezinbestekoa baita.
ARMAK BAINO GEHIAGO. Errekreazio historikoaren barnean askotariko adarrak aurki daitezke, eta elkarte askok, Erroiaren klanak ez bezala, eremu militarra besterik ez dute jorratzen. «Gurean, aldiz, eguneroko bizimoduaren alderdi guztiak aztertzen ditugu, hala nola ehungintza, sukaldaritza, eskulangintza eta, orokorrean, garai hartan erabiltzen zuten teknologia guztia». Horrez gain, alabaina, Goi Erdi Aroko borrokarako tekniketan trebatzen dira, eta armagintza lantzen dute: «Burdina forjatzeko burdinola txiki bat daukagu, eta metala lantzen ikasi duten taldekideak».
Iragana berregiteko, azken batean, ikertzen duten garaiko teknologia nola sortzen zuten asmatzen saiatzen dira, «zer-nolako zailtasunekin egiten zuten topo eta arazo horiek nola ebazten zituzten jakiteko». Horrela, ekoizten zituzten armak eta bestelako tresnak jatorrizkoen parekoak lortzeaz gain, garai hartakoen «pentsaera ezagutu» dezakete.
Silvia Carnicero auzitegiko medikua da, eta betidanik izan du gustuko historia. Arkeologoek antzemandako gorpuen aztarnetan ere informazioa aurkitu daitekeela dio; esate baterako, «ezpatarekin nola borrokatzen ziren jakin dezakegu zauriaren arabera». Armak baino nahiago du janzkera ikertu: «Taldean ehundegi txiki bat daukagu, eta gure arropa guztiak egiten ikasi dugu». Kontu handiz aukeratzen dituzte materialak eta, horrez gain, «bakoitzak aukeratzen duen gizarte mailaren araberako jantziak eta apaindurak» erabiltzen dituzte. Taldean emakume ugarik parte hartzen dutela azaldu zuen Carnicerok, «parekidetasunetik gertu egongo gara», besteak beste, borro- katzeaz gain beste alor batzuk jorratzen dituztelako. Hala ere, «nahi duten emakumeek armagintzan eta borrokan ikasten aritzen» direla gaineratu zuen Balbasek.
Urte osoan teknologia berregiten trebatzen ibiltzeaz gain beste aukera handirik ez badute ere, uda partean eta oporrak dituztenean, Erroiaren taldekoek topaketak egiten dituzte: «Zaletasun honen alderdi ludikoa da hori, egun batzuk mendian edo basoan ematea Erdi Aroan bizi ziren moduan». Benetako kanpalekua egiten dute eta egungo elementu guztiak baztertzen saiatzen dira, «errezeta zaharrak prestatzen ditugu lapikoan eta eskulangintza zein borroka tailerrak egiten ditugu, besteak beste». Europan topaketa handiagoak egiten dira urtero, iraganeko batailak berregiteko askotan, Hastings izenekoan 3.500 lagun inguruk hartu zuten parte iaz, eta, bi egunetan, 24.000 ikusle bertaratu ziren.
Erroiaren klanaren inguruko informazioa nahi dutenek www.complvtvm.com/clancuervo webgunera jo dezakete.
Calatravaren zubia eta bestelakoa kontuak alde batera utzita, Bilboko zonalde eraberritu honek eguneroko buruko mina bilakatu da BERRIA egunkariko Bilboko langileontzat, izan ere, ondoan ditugu obra madarikatuak. Eragozpenik ez genioke jarriko Osamaren jarraitzaile bati dorreak hondatzeko asmoa entzungo bagenio, benetan. Esan ohi da, alabaina, gauzarik ilunetan ere argirik badela, hori ekarri dit gogora FotoDistrito izeneko argazki lehiaketa baten irabazle suertatu den irudi hau, Isozaki dorreei eginikoen artean ikusi dudan onena. Buruko mina ahaztu egiten dut ere begiratzen dudala... lastima laburra dela efektua.
Artxanda mendia bilbotar askoren ihesgunea izan da hamarkadetan. Batetik, hiriko mugimendu geldiezinetik aldentzeko lekurik hurbilena da, eta, bestetik, aisialdirako aukera ugari eskaintzen ditu. Bilbotarren ohiturak aldatu direlako akaso, gaur egun ez dabil hainbeste jende han, eta, horri esker, noizean behin han ibiltzea gustuko duten bisitariek lasaitasun osoz gozatu ditzakete Artxandaren altxorrik preziatuenak, begiratokiak. Rafa Ruedak (Mungia, 1972) Funikular plazatik gertu dagoena atsegin du, «Bilboren ikuspegi osoa» jaso daitekeelako handik. Ikusmena ez da, alabaina, behatoki horretatik gehien trebatzen duen zentzumena; izan ere, «hiria entzutera» joaten da gehienetan.
Etxebarria parketik Zorrotzaraino, Bilbo osorik ageri zaio ikusleari Artxandako begiratokitik: «Benetan ikusgarria da hori, baina niretzat askoz erakargarriagoa da hemendik entzuten dena». Unerik lasaienak bilatzen ditu horretarako, «ondoko errepidetik autorik igarotzen ez denean». Halakoetan Bilbo entzuten du musikariak, «auzoetako zaratak eta obretako langileen oihuak entzun daitezke, esate baterako». Hiriburu bizia delako, «dibertigarria» deritzo, halaber, Ruedak Bilboko «ikuspuntu akustikoaz» jabetzeari, handik atera daitekeen soinu eta zaraten zerrenda «itzela» delako. Mendiz inguratutako hiria izanik, ikuspuntu horretaz gozatzeko leku gehiago izango direlakoan dago, baina ezagutzen duen onena ei da hori.
Udako gauetan ere, behatokira jotzen du Ruedak, Aste Nagusiko egunetan batez ere: «Momentu bereziak eskaintzen dituzte Bilboko festek». Areatzara jaitsi aurretik, Artxandan geldiunea egiten du maiz, «txosnetako zarata eta hiriaren bor-bor hori handik entzun ahal izateko». Hiriari tenperatura hartzen dio horrela, «uretara bota aurretik egiten dugun bezala». Minutu luzeak eman ditzake ikusten eta entzuten hiriak igorritako guztia.
Zenbaitetan bere buruarekin egoteko gotorlekua bilakatzen du begiratokia: «Ordubete eman dezaket han, irakurtzen edo lasai egoteko, beste barik». Inoiz bisitari bitxiak izaten ditu bertan dagoela: «Turisten autobusak etortzen dira eta gidariek hiriari buruzko azalpenak nola ematen dizkieten entzuten dut». Autoz ere bertaratzen da Rueda askotan: «Gidatzea benetan atsegin dut».
Artxandako parkea, Bilbo ikusi eta entzuteko ez ezik, iragana gogoratzeko baliagarria zaio Ruedari. Bizkaiko jolas parkea bisitatzeko txangoak egiten ari direla jakin izan du eta ideia ona iruditu zaio: «Bete-betean asmatu dute sustatzaileek, gustura egingo nuke nik bisita, parkeko oroitzapen zoragarriak ditut».
Txikitan gurasoekin joaten zen jolas parkera, eta Etxe sorgindua eta halako atrakzioak ditu gogoan: «Mitifikatu dudan lekuetariko bat da». Getxoko musika talde batek parkeko auditoriumean bideoklip bat grabatu zuen: «Ederra izan zen irudietan jolas parkea ikusi ahal izatea».
Bestela ere, herritik gertu duen mendia da Artxanda, eta, horregatik, kafe bat hartzera ere joaten da inoiz. Erritmo lasaiagoa darama bizitzak inguru hartan, eta, harentzat, berezia da, «Bilbon egotea eta, aldi berean, hiritik kanpo egotea» delako.
Musikari gisa ere oparoa deritzo Bilbo ondoko mendiari: «Ideiak nonahi izaten ditut, eta, noski, hemen ibilita gauza batzuk atera ditut». Edonon dagoela sortzeko joera horrek lekua guztietara «grabagailua aldean» izatera behartu du: «Etxean ahaztuta lagatzen badut, normalean bueltatu egiten naiz, gero damutu egiten naizelako ideia on bat izanda grabatzerik ez badut». Ahaztu zuen batean, etxera deitzea bururatu zitzaion: «Erantzungailu automatikoan grabatu nuen, eskerrak».
Zeharo aldatu da Ibaizabaleko itsasadarreko paisaia azken urteetan, are gehiago, Bilboko bihotzetik Abraraino doan bidean, Kadagua ibaiarekin topo eginda Ezkerraldeko herrialdeak zeharkatzen dituen arte. Ke arteko egunak utzi zituzten lantegietako tximiniak aspaldi itzali zituzten eta ontzioletako lana, bestetik, Euskaldunako nasa eta garabietatik urrundu egin zuten duela urte asko. Iragan horren aztarnak, alabaina, bizirik diraute Bilboko bazter batzuetan, Zorrotzaurren esate baterako.
Penintsula da gaur egun Zorrotzaurreko ibarra, laster uharte bilakatuta eraberrituko badute ere. Deustuko ubideak eta itsasadarrak inguratuta dago. Hiru gune hartzen ditu bere 60 hektareako eremuak. Botika Zaharra da lehenengoa, urteotan Aste Nagusiko kontzerturik handienak hartu dituen esparrua, Fito Cabralesek 2004ko abuztuan eskaini zuena kasu, 60.000 ikusle baino gehiagorekin. Deustua auzoko jaiak ere, hara eraman dituzte azkenaldian. Industrialdearen itxura hartzen hasten da Zorrotzaurre atari horretatik, handik zenbait biltegi, tailer eta lantegi txiki pilatzen direlako. Hiriko garraiorako autobusak ere, hango udal aparkalekuan gordetzen dituzte gauez.
Deustuibarrerako bidean, skate pistarekin egingo du topo ibiltariak, egunero zaleez gainezka egoten dena. Grafitigileen gustuko lekua da hura, mila aldiz margotutako hormek ageri dutenez. Hantxe hasten da XXI. mendeko Bilbo berriak ahaztutako auzo bazterra. Izan ere, oso gertu daude Euskaldunako ontziola izandako kaiak, egungo ikuskizun eta kongresuetarako jauregia, baita Bilboko Itsas Museoa ere. Etorkizunaren helburu bilakatu da, hala ere, Zorrotzaurre eta, onerako zein txarrerako, iraganeko aztarnak ezabatzera sartuko dira makinak hara. Horrela iragarri zuen Bizkaiko ahaldun nagusi izandako Josu Bergarak: «Ate-joka dugun etorkizun hurbilean, portuko egituretako lurrez jabetzera helduko da. Helduko zaie une egokia Zorrotzaurre, Olabeaga, San Inazio eta Zorrotzari ere». 2000. urtean esandakoa ia hamar urte geroago gauzatuko da eta, berriz ere, mendeetan San Antongo zubitik aldendu egin den bezala, Abrarako bidean jarraituko du Bilboko portuak.
Guggenheim museoarekin hirian burututako aldaketak hainbestetan kritikatu izan dituen Iñaki Uriarte arkitektoak miresten duen eremua da Olabeaga eta San Inazio artean amiltzen den penintsula. Deustuibarretik Zorrotzaurreko muturreraino zenbait etxebizitza daude, industrialde artean sakabanatuta. Egun, 500 biztanle inguru ditu Zorrotzaurrek, gehienak duela hamarkada asko sortutako eraikinetan bizi direnak. Uriartek laguntza eskaini izan die askotan, auzoa zaharberritzeko lanetan egungo auzoa erabat desegin ez dezaten erakundeei eskatzeko orduan, «penagarria litzateke espekulatzaileek auzoa bere egitea betiko biztanleak kanporatuta, garairik latzenak bizi izan dituztenek auzoaren unerik gozoenak bizitzeko eskubide osoa dute».
Agur berezia eskaintzen die auzotarrei Euskal Herria ontzian, Txinbito xelebrean, egiten dituen txangoetan itsasadarretik. Lantegi zaharren eraikinek «oraindik ere ageri duten edertasunaz» ohartarazten die bisitariei: Artiach galleta ezagunen lantegia, Metal Duro fabrika, Manuel Maria Smith arkitektoak 1923an eginiko Coromina Industrial, Beta, Cromoduro, Consoni, Mefesa eta beste hainbat fabrika zaharretako lantoki izandakoak. Era berean, aspaldi bota zituzten eraikin garrantzitsu batzuk faltan sumatzen ditu Uriartek, XIX. mendeko jauregi neoklasiko bat kasu, «aparkalekuak egiteko 1992an Vicinay enpresak eraitsi zuena».
Herri txikietan aspaldi egiten zuten bezala, kaleko plaza txikietan bildu eta auzokoen artean aritzeko ohitura bizirik dago Zorrotzaurren. Arratsalde partean da nabarmena bizimodu lasai hori, goizez etengabeko jarduera baitago zabalik dauden lantegi txikien lanagatik. Errepide bakarra dago Botika Zaharretik Deustuko ubidearen bukaeraraino eta, bertan, papera bildu eta birziklatzen duen Nervion enpresaren egoitza dago. Horrek bakarrik, dozenaka kamioi goitik behera ibiltzea eragiten du. Aparkaleku gisa ere erabiltzen dute inguruko askok Zorrotzaurreko muturra.
Abrarako bidean ezkerreko aldean bertatik ikus daitekeen auzoa ere, Bilboko iraganaren aztarnak gordetzen ditu. Olabeagakoek sutsu eutsi diote haien auzoa salbatzeari, etxebizitzetako fatxadak haien kabuz berritzen eta elkarteetan antolatzen. Gaztetxea eta Noruega taberna lekurik esanguratsuenetarikoak dira. Aurrera eginez Renfe eta FEVEko trenbideekin topo egiten du auzoak, Zorrotzako portu zaharrera heldu arte. Penintsula bataiatzeko aurrean zuen ispiluaren izena eman zioten Zorrotzaurreri, Bilbon bertan lanean izandako azken portuarena. Zorrotzako portuan aspaldi ez dago langilerik, baina ehunka izan ziren duela berrogeita hamar urte, Gabriel Aresti poeta bera. Bere olerkietan behin baino gehiagotan aipatu zituen nasak eta beharginak Zorrotzakoak ziren.
Itsasadarreko urak gero eta orlegiagoak dira itsasorako bidean eta, zaindu gabeko bazterrak izan arren, Zorrotzaurreko tartean nasa eder eta ugari ikus daitezke oraindik, txalupak konpontzeko ontziola txikien arrastoekin batera. Zaha Hadid arkitektoak laster eraldatuko duen auzoa, hein batean, Bilboko nortasuna eta bihotza gorde izan du hamarkadetan.
Magia beltza erabiltzen omen zuten sorginek haien bilera sekretuetan. XXI. mendeko Euskal Herrian, oraindik ere, akelarreak izaten dira, ahalmen misteriotsuen lekua teknologia berriek hartu badute ere, bihartik etzira Gernika-Lumon gertatuko den bezala. Bertan, Astra lantegi zaharrean sortutako gaztetxean Hackmeeting 2007: Hackelarre izeneko topaketak egingo dituzte bihartik igandera. Ohiko informatika zaleen jaialdietan ez bezala eta, topaketaren webgunean ohartarazi dutenez, hackmeeting bat «ez du antolatzailerik, ezta gonbidaturik ere, parte hartu nahi duenarentzat dago zabalik».
Euskal Encounter gisako topaketa jendetsuetan on line jokoak eta Internetera konektatzeko aukera izaten dira aitzakiak, baina gutxitan jorratzen dituzte informatikaren inguruan egon daitezkeen pentsaerak eta jokabideak. Astran egingo duten Hackelarrean, berriz, horiek izango dira kezka eta mintzagai nagusiak: «Sotware askea eta pentsamendu askea ditu ardatz nagusi». Gernika-Lumoko gazte asanbladak bere egin ditu helburu biak, izan ere, software askea, haientzat «elkarteak eta harremanak askatasunez kudeatzeko erabili beharrekoa da».
Topaketan, 400 lagun inguruk parte hartuko dutela espero dute, Euskal Herritik eta kanpotik etorritakoak. Antolaketan laguntzeko, parte-hartzearen berri emateko edo egitarauaren barruan proposamenak egiteko aukera dago topaketaren webgunean.
Informatika zale arrunten aldean, adituak izan ohi dira hackerrak. Haien ezagutza kalte egiteko edo lapurtzeko erabiltzea leporatu izan diete maiz, baina, gehienek askatasuna besterik ez dute helburu, teknologiak sortutako mugak gainditzeko askatasuna, hain zuzen ere. Horren bila bakoitzak bereganatutako jakintza beste hacker batzuekin zuzenean trukatzeko aukera paregabea izango dute bihar hasiko diren jardunaldietan. Horixe bera da topaketa horrek eskaintzen dien aukerarik berezienetariko bat, askotan Interneten topo egin duten adituek aurrez aurre hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko aukera izaten dutela, alegia.
Hackelarrean parte hartzeko aski da Astrara joatea, baina bazkarira joan eta lo egiteko tokia behar dutenek, hobe dute joateko asmoa aurretik iragartzea. Iazko topaketak Mataron (Herrialde Katalanak) egin zituzten, eta Euskal Herrian antolatu zituzten azken aldia 2003an izan zen, Iruñeko Euskal Jai gaztetxean.
Asteburu honetan askotariko tailerrak, mahai-inguruak eta hitzaldiak egingo dituzte, eta guztiak zabalik egongo dira. Linux sistema eragilearen aldaerak izango dira ezinbesteko protagonista, eta, horrez gain, Wi-Fi sareen segurtasunaren inguruko eztabaidak izango dira. Era berean, hacker erronkak eta esperientzia praktikoak ikusteko aukera izango dute Astrara joaten direnek. Teknologiarekin lotutako gai filosofikoak ere jarriko dituzte mahai gainean, hala nola Copyright eskubideen afera eta kultura askearen mugimenduaren egoera. Tartean, noski, herria ezagutu eta pintxoak dastatzeko aukera izango dute bisitariek.
Errealitatea izoztu eta, argiari esker, irudi bilakatzeko ahalmena dauka argazkilariak. Diotenez, ahalmen hori edozeinen eskura dago gaur egun, are gehiago, kamara digitalen erabilera zabaldu denetik. Noizean behin argazkiren bat egiten duena ez da, alabaina, argazkilari. Irudiak hautatu, landu eta eraldatu behar ditu argazkilariak, eta profesionala zein zalea izan, gutxieneko ezagutza eta, batez ere, trebezia behar ditu. Euskal Herrian badira argazkilaritza jorratzen duten lagun ugari, eta zale asko elkarteak osatzen hasi ziren aspaldi. Horiek guztiek Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartea osatzen dute, eta gaur, Bilbon, artxiboan gordetzen dituzten irudirik onenak erakusgai jarriko dituzte, Bilbo Argazki 07 egitasmoaren harira.
Zortzi urte baino gehiago eman ditu elkarteak bere artxiboa txukuntzen, Donostiako lokal batean pilatuta zeuden ehunka argazki, inolako zerrendarik gabe. Zer geneukan ere ez genekien. Juan Armentia elkarteko presidente izendatu zutenean ekin zioten lanari, "artxiboa berreskuratu dugu, argazkiak txukundu, eskaneatu eta sailkatu egin ditugu". 2006. urtera arte, 1.200 argazki bildu dituzte, eta horiek guztiak erakusketa batean erakutsiko dituzte gaurtik azaroaren 9ra arte Bilbon, BBKren Kultur gelan, guztiak proiektatu egingo ditugu, baina, horrez gain, 77 onenak paperean jarriko ditugu. Teknologia berriak baztertzen ez baditu ere, harentzat argazkiak behar bezala gozatzeko bitartekaririk onena da papera. Hautatutako horien artean, besteak beste, Rafa Salaverri, Gines Asensio, Daniel Arce, Iñaki Markaida, Benito Cantero, Isabel Diez, Aitor Ortiz, Carlos Canovas eta Andres Indurain argazkilari ezagunen lanak topa daitezke.
Erakusgela berean Gabriel Brauren Afrikaren argiak izeneko argazki sorta ere jarri dute. Espainiako Argazkigintza Konfederazioaren Biltzarraren 2007ko sari nagusia jasoko du Brauk, Bilbon, datorren astean, erakundearen XXII. biltzarran. Urriaren 19an, bestetik, bere lana aurkezteko hitzaldia emango du. Bilbo Argazki 07 egitasmoaren barruan, beste hitzaldi bat egingo dute, Ricky Davilak egingo du, hilaren 26an. Davilak berak argazkigintza tailer bat zuzenduko du, Ikuspuntua leloduna, urriaren 26tik 28ra. Hitzaldi eta tailerrekin batera, beste erakusketa bi antolatu ditu Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak, hilaren 15etik aurrera ikus daitezkeenak: Santiago Bernalen Begi bizia izenekoa, batetik, eta 2007ko Argizaiola saria Javier Fernandez Ferrerasen Bilboko itsasadarrari buruzkoa, bestetik.
Bilboko kaleetatik ibiltzean, Artxanda mendira begira eta han goian ikus daitezkeen piramide bitxi batzuk zer ote diren galdetu dute askok urteetan. 30 urteren bueltan dauden gehienek berehala erantzun diezaiokete itaunari: Artxandako jolas parkearen aztarnak direla esango dute. Bilbon eta aldameneko herrietan industriaren eta ontzigintzaren loraldia bizi zen 1970ko hamarkadan eta Bizkaiko Aldundiak jolas parkea eraikitzeko erabakia hartu zuen, eta handik gutxira gauzatu. Artxanda mendiko 300.000 metro koadro lur irauli behar izan zituzten lurzorua prestatzeko, eta 270 beharginen urtebeteko lanaren ondoren, 1974ko irailaren 14an Bizkaiko Jolas Parea ireki zuten. Garai hartako komunikabideek Irrien hiria deitu zioten eta arduradunek, urtero, milioi bat bisitari erakartzea espero zuten. Bilbo zerbitzu hiri bilakatzeko lehenengo saioa izan zen hura, baina ez zuen luzaro iraun.
Bizkaiko klimak ez du inoiz kaleko ikuskizunekin gozatzeko bermerik eskaini; horregatik akaso, sustatzaileek aurreikusitako arrakasta ez zen inoiz izan. Bisitariak, unerik gorenetan, ez ziren inoiz 450.000 baino gehiago izan eta, errentagarritasuna lortzeko bestelako aukerak bilatu arren, 1990. urtean parkea itxi egin behar izan zuten. Bazkideak zituen banketxeak eta bestelako konpainiak, baina haiek bakarrik laga zuten ordurako Aldundia. Iñigo Urkullu EAJko EBBko bozeramailea garai hartan Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria saileko zuzendaria zen, eta hark iragarri zuen itxiera. Atrakzio mekaniko guztiak Portoko (Portugal) jolas parkeari saldu zizkioten 50 milioi pezetaren truke (300.000 euro); Artxandako lurzorua bere hartan utzi zuten erakundeek.
Dagoeneko, hamazazpi urte bete dira parkeak ateak itxi zituenetik eta, denbora zein naturaren kalteak nabarmenak dira. Hala ere, zutik daude aspaldiko eraikin asko, piramideak adibidez, herdoildutako metala erortzen hasia bada ere. Urte hauetan, inork ez du parkean sartzeko aukerarik izan, segurtasun pribatuak gau eta egunez zaintzen dituelako inguruak. Aldundiak 200.000 euro xahutzen ditu urtean lan horretan.
2005ean, Consonni ekoizpen etxeak nazioarteko zenbait artisten proiektuak Artxandako parkean egiteko baimena eskuratu zuten. Orduan bururatu zitzaion Marta Mur Consonniko egungo zuzendariari herritar askok izan zezakeela parkearen aztarnak ikusteko gogoa. Saioa Olmo artistarengana jo zuen, ideia azaldu eta egitasmo bat abiatzeko.
Marta Murren eta Saioa Olmoren elkarlanaren esku, Bilboko Jolas Parkea izandakoa bisitatzeko aukera dute urriko asteburu guztietan gidariek zuzendutako ordu eta erdiko ibilaldietan; izena aldez aurretik eman behar zen, eta berehala bete ziren 480 laguneko zerrenda. Irailean iragarri zuten proiektua eta, egun gutxitan, espero baino askoz jende gehiagok agertu zien bisitak egiteko interesa. Joan den ostegunean hasi ziren bisitak eta hilaren 28an egingo dute azkena.
Taldeak txikiak dira eta izena eman nahi zuten lagun guztiak ezin izan dira Artxandako parkera joan. Antolatzaileek esan dutenez, 300 baino gehiago gelditu dira kanpoan. Murrek ez du baztertu bisita gehiago antolatzea, baina ez du uste aukera egongo denik: «Gurea ez da zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa, eta, edonola ere, laguntzaile berriak beharko genituzke». Dirua ez da, alabaina, oztopo bakarra, hasierako helburua lortuta, bisitaldiak luzatu beharra ez baitu beharrezkoa ikusten: «Proiektu berrietan daukat burua dagoeneko».
Egitasmoari buruz aztarna garaikideak ere artea izan daitezkeela dio Consonnikoak: «Bilboko itxura garbitzen ari diren garaian, hondakinak aldarrikatzen ditugu guk, nortzuk garen eta nortzuk izan garen azaltzen digutelako, hain zuzen ere». Murren ustez, inork ez du zalantzan jartzen Partenoia artea denik eta bai, aldiz, jolas parke bateko hondakinak ikustea merezi duenik. «Artea egiteko ikuskizun handiak eta dirutzak gastatzea ezinbestekoa dela uste dute askok, baina badira beste modu batzuk. Parkea ikuskizunaren sinboloa zen, eta ikur hori irauli egin dugu». Duela bi urte Luna Park izeneko proiektuari ekin zionetik, hamaika aldiz izan da Mur parkeko hondakinetan. Txikitan behin baino gehiagotan izandakoa dela badaki, baina ez du gogoan: «Ikastolakoekin hitz eginda jakin izan dut». Haren ustez, bisitari gehienek nostalgiak bultzatuta egin nahi dute bisita eta, egungo eraikinetatik paseatzen, «bakoitzak jakingo du zer hartu gogoan».
Ez da lehenengo aldia musika talde batek bere kantuak Interneten doan zabaltzen dituela, baina bada, aldiz, talde handi batek antzeko gauza egiten duen lehenetarikoa. Radiohead-en webgunean iragartzen dutenez, urriaren 10ean izango da eskuragarri kantu bilduma berria eta, zaleek nahi dutena ordaindu dezakete dute deskargaren truke. Berez, diskoa ohiko cd euskarrian erosteko aukera ematen dute, horretarako abendurarte itxaron beharko duten arren. Horrez gain, alabaina, mp3 artxiboak deskargatzeko aukera saltzen dute, baina salneurria zehaztu gabe. Ordainketari buruz informazioa eskatuta, galdera ikurraren gainean klik eginez, ordadindu nahi duzuna zuk erabakitzeko esaten dizu eta berriro galdetuz gero, berriro esaten dizu, "benetan, zuk erabakitzeko". Sistema bitxia musika saltzeko baina, seguruenik, arrakastatsua izango da.
Gure artean hain garrantzitsua ez bada ere, Interneteko saltokirik handienetarikoa da Amazon eta, dirudienez, abestiak ere eskaintzen ditu orain. Apple ahaltsuak merkatu honetan duen erregatzarekin bukatzeko asmoz dator, eta batek daki lortuko ez ote duen. Sagartxoaren konpainiak baino merkeagoak saltzen dituzte kantak (2 milioitik gorako katalogoarekin hasi dira) eta, horrez gain, DRMrik gabe. Horrek esan nahi du mp3 artxibo arruntak direla, edozein aparailuan entzuteko. Disketxe handi gehienen abestiak eskaintzen dituzte eta, frogatxo bat egitearren, euskal musikarik ageri den ikustea otu zait. Ez dira mila, baina badira batzuk, Oskorri eta Asier Serrano, esate baterako.
Nork esango du orain musika merkea denik... 158.400 euroko isuna ordaintzera zigortu berri duten Jammie Thomas Minnesotako emakumeak zalantzarik ez du izango, garesti atera zaizkio Kazaa P2P programaren bidez partekatu zituen 24 abestiak (6.600 euro bakoitzeko). Egileen eskubideak urratu zituela erabaki zuen herritarrek osatutako epaimahaiak. Honetan datza berririk handiena, izan ere, lehen aldia da herritarrek epaitzen dutela halakop auzia bat AEBetan.
Salaketa egin zuten disketxeen artean, Capitol Records (EMI Group), Sony BMG Music Entertainment, Arista Records, Interscope Records, Warner Bros Records eta UMG Recordings izan dira. Haien arabera, Thomasek 1.702 abesti partekatzera heldu zen, honek uneoro ukatu zuen arren. Disketxeen nazioarteko erakunde batek, IFPIk esan duenez, dagoeneko 50.000 salaketa jarri dituzte 18 herrialdeetan. Europako isunik handiena, 13.000 eurokoa, Danimarkan jarri zuten.
Ikusi:
-Alemaniako epaileek P2P sareetako erabiltzaileak babestu dituzte
-Kartzela zigorra telesail bat deskargan jartzeagatik
Teknologiaren seme-alabak dira egungo gazteak; izan ere, Nintendo, Apple, Microsoft eta Google bezalako erraldoien asmakizunekin jaio eta hazi dira. Hogei urte inguruko gutxik izango ditu, egun, Interneten ibiltzeko zailtasunak; baina, askotan, arduragabekeriaz murgiltzen dira sareak eskaintzen dituen baliabide eta aukera amaigabeetan. Ondorioak askotarikoak dira, menpekotasunetik hasi eta legez kanpoko jarduerak egitera heltzen direla.
Horiek aztertu eta zuzentzeko asmoarekin sortu zuten Getxoko B-Side elkartea, teknologia berriei lotutako jarrera negatiboak saihesteko, hain zuzen ere. Helburu horrekin antolatu dute Blogstival izenekoa jaialdia, on line gune gazteen lehenengo off line topaketa.
Gaurtik larunbatera bitarte, askotariko tailer, mahai-inguru, kontzertu eta bestelako ekitaldiak egingo dituzte Getxoko gune jakin batzuetan. The Piper´s Irish Pub tabernan egingo dituzte gaur, 19:30ean hasita, lehenengo hitzaldiak. Julen Iturbe sareko artisautzaz ariko da eta Beatriz Williams blogariak bere lana azalduko du. Ondoren, rock kontzertua eskainiko dute tabernan bertan.
Jaialdiko ekitaldi gehienak bertaratu nahi duen orori zabalik dauden arren, Getxoko ikastetxeetako 120 ikasle izango dira bihar goizean egingo dituzten tailerretako protagonistak. Bien bitartean, Villamonteko kultur aretoan, adituen hitzaldiak entzuteko aukera izango da. Besteak beste, Wii bideokontsola, Youtube webgunea eta blogak izango dituzte hizpide hitzaldi horietan.
Larunbateko tailerretan parte hartzeko izena eman beharra dago, Linux sistema eragilea eta gainerako software askea ezagutu eta trebatzeko aukera emango baitute Villamonten. Blogak sortzen ikasi nahi dutenek, aldiz, Tangorako KZgunera jotzea besterik ez dute beharko. Euskarazko webguneek ere lekua izango dute jaialdiaren baitan. Horretarako, B-Side elkarteko lagunek egitasmo bitxia prestatu dute, Villamonteko kultur aretoan panel handi bat jarriko dute, hara hurbiltzen diren gazte guztiek euskarazko webguneen zerrenda egin dezaten.
Duela hamarkada gutxi, itsasontzi erraldoien joan-etorria ohiko irudia zen Bilboko itsasadarrean, industriaren ke grisarena bezain ezaguna hiriburuko nahiz Ezkerraldeko herritarrentzat. XX. mendearen bukaerak, alabaina, oso bestelako etorkizuna diseinatu zion Bizkaiko bihotz industrialari, eta, pixkanaka, lantegien grisa titanio xaflen kolorearekin eraldatu zen. Ibaizabal itsasadarraren kolorea ere aldatu egin da, eta ez bakarrik zikintasunaren marroia gero eta orlegiagoa delako, baizik eta ontzi berri gero eta gutxiago jaio direlako haren magaleko ontzioletan. Laster aterako da itsaso zabalera Sestaoko Navalen sortutako azken gasontzia, Sestao-Knutsen, duela urte gutxi uretaratutako Bilbao-Knutsen-en bikia, eta hiru urte igaro beharko dira itsasadarreko uretan beste ontzi erraldoirik sortu arte, 2010. urterako aurreikusi bai-tute mota horretako hurrengo ontzia.
Norvegiako Knutsen OAS enpresarentzat ontziola bizkaitarrak eraiki duen bigarren gasontzia da hori; izan ere, ezaugarri bereko ontzia egin zuten Sestaon orain dela urte batzuk. Erraldoi berriak, hartara, Bilbo-Knutsen gasontziaren neurri eta edukiera berberak izango ditu: ia 300 metro luze, 42 metro garai eta 68.200 tonako pisua. Enbor sendo horrekin, 138.000 metro kubiko gas garraiatu ahal izango ditu, 163 gradu zero azpiko tenperaturan. Zama horrekin, hutsik dagoenean, batez beste 20 korapiloko abiaduran ibiliko da munduan barrena.
2005eko urtarriletik, Sestao-Knutsen egiteko kontratua sinatu zutenetik, 600 behargin baino gehiago aritu dira lanean. Ontzia ezerezetik sortzeko 1,8 milioi lan ordu inguru behar izan dituzte Naval ontziolako nahiz inguruko enpresetako langileek. 28.000 kilowatteko motorrak egunero probatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta orain, ostiral eguerdian, proba nagusia egingo dute, itsasora ateratzea, alegia.
Navaleko behargin ez direnek joan den asteburuan izan dute Sestao-Knutsen uretan ikusteko azken aukeretako bat, Iñaki Uriartek (Bartzelona, 1946) Bizkaiko Arkitektoen Elkargoko kideak Euskal Herria ontzian itsasadarrean egin ohi dituen bidaietan, hain zuzen ere.
Katalunian jaio arren, bilbotar gehienek baino askoz hobeto ezagutzen du Uriartek Bilboko eta Bizkaiko historia, are gehiago Ibaizabal itsasadarraren inguruan mendeetan garatu izan dena. Bilbo XXI. mendean sartu arren industrializazio garaiko sustraiak gorde behar dituela aldarrikatzen du, besteak beste, arkitektoak, «iragan industriala Bilboko hiriaren nortasunaren parte delako». Lantegiekin batera, itsasadarraren garrantzia ere nabarmendu du sarritan, eta erakundeei errekako uretan nabigazioa berreskuratzeko eskaera egin die maiz. Berak eskatutakoari jarraituz, aspaldi, Uriartek berak ibilbide gidatuak egiteari ekin zion, ontzi txiki batean, bisitariei itsasadarreko historia azaldu eta Bilbo zein inguruko herrien garapenari buruz bere ikuspegi «kritikoa eta subjektiboa» azaltzeko.
Urteotan 200 bidaiatik gora egin izan ditu Uriartek Bilboko errekatik Abraraino. Udako denborako azken hirurak asteburu honetan egin ditu, eta, horietan, bidaiariek Sestao-Knutsen gasontzira hurbiltzeko parada izan dute, Euskal Herria ontzian. Naval ontziolako garabiak, txangoetako gidariaren esanetan, elkarrizketan ariko balira bezala altxatzen dira Sestaoko lantegian. Azken bidaian, garabien antzera mintzatu ziren, aurrez aurre, ontzi bietako brankak. Txikienaren sirena hotsari erraldoiaren soinuak erantzun zion, bisitarien lilura artean. Azkenean, Euskal Herria ontziak atzean laga zuen gasontziaren krosko gorria, eta Santurtziko arrantza portu zaharrerako bidean jarraitu zuen, gizateriaren ondare izendatutako Bizkaiko Zubitik, munduko itsasoek Bilbora heltzeko duten burdinazko atetik.
Janariarekin lotura handia duen bizimodua darama egungo gizarteak, eta ez bakarrik bizirik irauteko elikatzea ezinbestekoa delako; izan ere, lagun eta senitartekoen arteko harremanak, askotan, bazkari edo afarietan ematen dira. Euskal Herrian, gainera, izen handiko sukaldari zein jatetxeak daude. Jakiei begira bizi den gizarte honetan badira, alabaina, nahi dutena jateko muga handiak dituzten pertsonak, elikagairen bati alergia diotelako, esaterako, edo glutena ezin dutelako jan, zeliakoak direlako, alegia.
Jan ezin dituzten elikagaiak edozein sukaldetan ohikoak
direlako, zeliakoentzat oso zaila da etxetik kanpo bazkaltzea, eta,
horregatik, haientzako menu egokiak prestatzera ausartzen diren
jatetxeak urriak dira. EZE Euskadiko Zeliakoen Elkarteak jatetxe horiek
bilatu eta zerrendatu ditu; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 33 bildu ditu
gidaliburu batean, bakoitzak eskaintzen dituen menuen adibideekin.
Askotariko aukerak bildu dituzte liburuan, eta oso aukera merkeak ez
badaude ere, denetarik aurki daiteke.
Nafarroako zeliakoen elkartea Nafarroan halako menuak
eskaintzen dituzten jatetxeen zerrenda prestatzen ari da. Lapurdi,
Baxenabarren eta Zuberoan, aldiz, ez da halako jatetxerik.
Medikuntzaren ikuspegitik, bitxia da zeliakoen gaitza, laburpen
gisa honela defini daiteke: glutena duten laboreak jateak atrofia
eragiten dio heste meharreko biloetan zeliakoari. Ondorioz, ezinezkoa
du jaten dutenaren proteinak, koipeak zein bitaminak xurgatzea. EZEko
zuzendari Mireia Apraizek azalpen errazagoa eman ohi du: «Zeliakoak jan
egiten du, baina ezinezkoa du elikatzea». Gluten deritzona uste baino
jaki gehiagotan dago; garia, garagarra, zekalea, oloa eta halako
laboreetan dagoelako, hain zuzen ere.
Irin ohikoenak eta, beraz, ogia bera kaltegarriak dira
zeliakoentzat, «okerrena da gero eta zailagoa dela salgai dauden
produktuek glutena duten jakitea; saltsetan, adibidez, osagarrien
zerrendan lodigarri edo aglutinatzaile moduan ager daitezkeelako».
Kontrako kasuak ere atzeman daitezke supermerkatuetako apalategietan
dauden zenbait produktuetan, «arazoak saihestu nahian, ekoizle askok
esaldi xelebre hau erabiltzen dute: 'Kontuz, gluten arrastoren bat izan
dezake'». Elkarteak berak ikertutako produktu gehienetan, ordea,
«oharra ez zetorren bat analisien emaitzekin, nahiago dute gezurretan
aritu arriskatu baino». Ekoizle handiek ez ezik, taberna eta
jatetxeetako jabeek ere, Apraizen ustez, «zeliakoentzat egokiak diren
menuak prestatzen dituztela esatea oso garrantzitsua da batzuentzat»,
eta, horregatik, gidaliburuan agertzen diren baino askoz gehiago dira
glutenik gabeko janaria eskaintzen dituzten jatetxeak. Liburuan ageri
diren 33ek, aldiz, «konpromiso sendoa agertu dute, eta gida egiteko
laguntza ere eman digute». EZEren asmoa da bigarren edizioa bi urteren
buruan kaleratzea, «ea orduan askoz jatetxe gehiago ausartzen diren
parte hartzera».
Adituek diotenez, biztanleriaren
ehuneko bata zeliakoa da, asko jakinaren gainean ez badaude ere.
Euskadiko Zeliakoen Elkartearen arabera, 20.000 gaixo egon daitezke
EAEn bakarrik eta, horietatik, 5.000 laguni baino ez diete egin
diagnosi egokia. EZE duela 25 urte sortu zuten, Bilbon dauka egoitza
nagusia, eta 1.800 bazkide ditu dagoeneko. Genetikak berak zehazten du
pertsona bat zeliakoa izango den, baina intolerantzia ez du zertan
jaiotzetik agertu, «ohikoena lehenengo hamar urteetan antzematea da,
baina 30 eta 50 urtetik gorakoei ere egin diete diagnosia». Azken
horien kasua, eguneroko ohiturei dagokionez, «zailagoa da eramateko,
umeek ez bezala, bizitza osoan egunero jan dituzten elikagaiei uko egin
behar dietelako bat-batean». Ume zeliakoen gurasoak dira arazo gehien
topatzen dutenak haien seme-alabak etxetik kanpo jan behar dutenean,
«eskolako jatetxean eta txangoetan, esate baterako, galdetu behar duzu
ea prest dauden umeek zer jaten duten ondo kontrolatzeko, eta ez daude
beti horretarako prest».
Supermerkatuan dute zeliakoek erronka nagusietako bat; izan
ere, glutenik gabeko oinarrizko elikagaiak erosteko, esnea edo ogia
esate baterako, gainerako pertsonek baino gehiago ordaindu behar dute.
Eskariak eta eskaintzak, noski, zerikusi handia dute horretan, baina
baita zergek ere, BEZ handiagoa ordaindu behar baitu zeliako batek jan
behar duen ogia erosteagatik. Apraizek «bidegabekeria» deritzo honi,
«nola da posible glutenik gabeko ogiak %7ko BEZa izatea, ogi
arruntarena %4koa denean?». Saltokietan aurki daitezkeen salneurrietan
nabarmena da zeliakoek esfortzu gehigarria egin behar dutela erosketak
egiteko. Ogi zati txiki bategatik, euro batetik gora ordaindu behar
dute, eta labean prestatzeko pizza batek bost euro baino gehiago balio
du, arrunten salneurriaren bikoitza baino gehiago, «ulertezina da,
zeliakoaren gaixotasunak ez du botikarik, zer jaten duen kontrolatzea
beste aukerarik ez dauka, baina erakundeek ez dute batere errazten
hori».
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | 31 | ||||
