Jabetza intelektualaren defentsan, dakigunez, SGAE bezalako erakundeak ezkontza batean sartu eta bertan kamarak instalatzeko gai dira. Datuak Babesteko Espainiako Agentziak, halako trikimailu txukunak erabiltzeagatik, 60.000 euroko isuna jarri dio SGAEri, besteak beste, ezkongaien intimitaterako eskubide konstituzionala urratu dutelako. Erakundeak detektibe bat bidali zuen ospakizunera eta, ezkutuan, kamarak jarri zituen, babestutako musika erreproduzitu behar zutelakoan ezkontzan, kanona ordaindu gabe. Helegitea aurkeztu du SGAEk isuna ekiditzeko, ea zer gertatzen den.
SOS Arrazakeria elkartetik bidalitako berria bitxia:
Errege magoei bidaiatzeko bisa ukatu zaie eta ezin izango dituzte opariak banatu. Pajeak euren jatorrizko herrietara itzuli dituzte adin txikiko atzerritarrak direlako eta hemen ez dagoelako eurentzako lekurik. Maria eta Jose poz-pozik daude euren jaioberriarekin, baina kezkatuta, ez dutelako eskubiderik umeko ematen diren 2.500€ko laguntzak izatera. Egin diren beste lege berriak etzaizkie aplikatuko: halaber;dependentzia legea, banaketarengatik ondorioztatzen den dirulaguntza, etab.
Maria bere garbitzaile lanetik bota egin dute eta paperik ez duenez eta irregulartasunean lan egiten duenez ez da ausartzen ezer galdatzera. Josek zurgin laguntzaile bezela egiten du lan, kontraturik gabe, hilean 600€ kobratuz. Horrelaxe jarraitu beharko du gutxienez 3 urtez erregularizatzeko aukera izan arte.
Olentzeroak bere laguntasuna eskeintzen die eta GUZTIONTZAKO ESKUBIDE BERDINTASUNA ALDARRIKATZEN DU. ATZERRITARTASUN LEGEAREN ABOLIZIOA!
Euskal Herrian gertatu izan diren gerra modernoetako irudi gutxi heldu da gaur egunera, izan ere, XX. mendearen hasieran argazkilaritzak muga handiak zituen eta, horrez gain, askoz garestiagoa zen egungo kamera digitalek dituzten aukera aniztasunen eta salneurri apalen aldean. Horregatik zaila da pentsatzea XIX. mendeko gerretako argazkiak ere badirela, egunotan Durangoko (Bizkaia) Arte eta Historia Museoan ikusgai jarri dituztenak kasu, Jose Lejarreta Arregi (1838-1895) iurretarrak bigarren gerra karlistan eginikoak, 1873. urtean gerra hasi zenetik Alfontso XII.a Durangon sartu arte, 1876an.
Duela hogei urte inguru hasi ziren museoko ikerlariak Lejarretaren lanaren inguruko ikerketak egiten, Jose Maria Uriartek erakusketaren dokumentazio lanak egin ditu, eta, esan zuenez, duela urte asko ekin zioten historialariek bigarren gerra karlistako irudiak biltzeari, «80ko hamarkadan hasi ziren halako gauzak egiten, Enrike Saez Sanpedro eta Jose Mari Tuduri izan ziren aitzindariak». Durangoko museoan ikusgai dauden irudi guztiak Victor Sierra-Sesumagak bildu ditu azken hamarkadetan, «harena da egungo bildumarik handiena, kopiak eta originalak lortu ditu, gehienak oso formatu txikian egiten ziren garai horretan».
Uriartek azaldu zuenez, lanaren kalitatearen gainetik dago argazkiek islatzen dutena, «garai hartako lekukotza da, artearen aldetik gutxi eskain dezakete Lejarretaren argazkiek, baina gerra karlistako protagonistei aurpegia jarri zien, horregatik da hain garrantzitsua guretzat». Zortea izan zuen bidaide Iurretako argazkilariak; izan ere, «herriko argazkilari xumea» besterik ez zenak, Karlos VII.aren buruzagi militar gehienak erretratatzeko aukera izan zuen. Gerra hasi aurretik Durangon bazegoen beste argazkilari bat, Pedro Jose Landazuri, «hura hil zenean, 1871n, uste dugu Lejarreta hasi zela argazkilari moduan». Handik gutxira hasi zen gerra eta Durango izan zuen gerrako protagonisten bilgune nagusia, karlisten alderdietako buruzagiena behintzat. Izan ere, Durango erabiltzen zuen Karlos VII.ak Bizkaira etortzen zen bakoitzean, «harekin batera etortzen ziren batailoi guztiak».
Toki eta une egokian zegoen, beraz, Jose Lejarreta bigarren karlistaldia hasi zenean, eta «Karlos VII.aren buruzagietako asko pasatu ziren argazkilariaren estudiotik, ofizialak, funtzionarioak eta jeneralak batez ere. Orduko argazkilaritzarako tresnak oso garestiak ziren eta dirudunen eskuetan baino ez zegoen argazkiak egitea, «horregatik ez dago soldadu xumerik Lejarretaren irudien artean».
PSOEren Gobernuak euskal mugimendu independentistari «gerra deklaratu» eta Euskal Herrian «salbuespen egoera» ezarri duela salatu du Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak. Asteotan haien kontra eginiko «eraso ugariak» arbuiatzeko agerraldia egin dute, Bilbon, ezker abertzaleko berrogei bat kidek, hala nola Batasuneko mahaikideak eta Batasuneko edo HBko buruzagi izandakoak. «Kideak, lagunak, bikoteak eta gurasoak atxilotu, espetxeratu eta torturatu dizkigute, azkenak, 18/98 auziko 47 espetxeratuak eta gure kide Marije Fullaondo». Horiekin batera, Gorka Lupiañezek bere atxiloketan jasandako «torturen kontaketa hunkigarria» azpimarratu zuen Barrenak, «oraindik ere polizia desberdinek zer- nolako tortura basatiak egiten dituzten erakutsi digu Gorka Lupiañez gazteak».
Eraso guztien aurrean, alabaina, «aski da» esateko garaia dela ohartarazi du Batasuneko mahaikideak, «hemendik ez zarete pasatuko esateko ordua da, Euskal Herriaren kontra edozer zilegi dela ideiari muga jartzeko». Herritarrei, halaber, «erantzun politikoa emateko» deia zabaldu die, «herriak pairatzen dituen erasoen neurrira erantzuteko prestatu beharra dago, independentziaren ateak zabaltzen hasteko». Bestetik, haien kontrako erasoen gainetik, ezker abertzaleak bere «lanean aurrera egiteko kemena eta konpromisoa» berretsi du: «Kolpatzen eta gure kideak zein gu geu atxilotzen jarrai dezakete, nahi beste basakeria egin, baina ezker abertzalea inoiz baino sendoago dago, inoiz baino irmoago politikoki». Erasoek, hartara, haien «ildoaren defentsan tinkoago» eusteko lagundu dietela gaineratu du.
Espainiako Gobernuak, Barrenaren ustez, baimena eman dio «Rubalcabaren ministerioari» ezker abertzalearen ekimen politikoaren aurkako borroka «estalkirik gabe» gida dezan. Borroka horretan, nabarmendu duenez, «ezin dugu ahaztu Nafarroako Sanzen Gobernuak gustura kolaboratzen duela». Era berean, EAJri eta NaBairi leporatu die PSOEren «helburu berbera» bilatzea, «Ibarretxe, Urkullu, Balza eta Zabaletaren laguntzarik gabe erasoaldi errepresibo hau ulertu ezin» delako. Horren harira, PSOEren estrategiarekin bat egitea egotzi zien EAJ eta Nafarroa Bairi eta, hiru alderdi horiek «iruzur politikoa» egin nahi dutela salatu du Barrenak, «haien posizioak indartu eta ezker abertzalearena ahultzeko». Frantziako Gobernuak ere, «Espainiaren eskutik» diharduela gaitzetsi du eta Ipar Euskal Herrian «mespretxu eta umilazio politikarekin» jarraitzen duela gogorarazi du. Bilbon bildutako ezker abertzaleko kideen artean, besteak beste, Karmelo Landa, Eusebio Lasa, Mikel Etxaburu, Tasio Erkizia, Karmele Aierbe, Jose Luis Elkoro, Joserra Etxebarria, Periko Solabarria, Esther Agirre, Txomin Ziluaga, Karlos Rodriguez, Loren Arkotxa, Josu Iraeta, Julen Aginako eta Itziar Aizpurua izan dira.
Unibertsitatean eskolak eman eta politikan eta Euskal Herri osoan zehar hitzaldi ugarietan parte hartu izanaren ondorioz, hizlari trebea da Iñaki Antiguedad (Bilbo, 1955). Esaten duen guztia, alabaina, ondo prestatu ohi du, bere ikerketen emaitzak zabaltzearekin batera, ideietan sakontzeko aukera ematen diolako solasaldi berri baterako prestatzeak, «erronka» delako bere buruarentzat. Kargu eta zeregin ugari izan baditu ere, unibertsitateko ikertzaile eta aditu gisa aurkezten dute komunikabideek, urteotan, batez ere, klima aldaketari eta ingurumenari lotutako bestelako gaien inguruan iritzia eskatzeko.
Eremu askotan ibili zaren arren, hidrologian katedradun gisa aurkezten zaituzte ia beti. Zergatik? Uste dut jende askok ez dakiela hidrologia zer den ere, baina egia da batzuetan horrela aurkezten nautela, berdin dio zeri buruzko hitzaldia ematera noala. Hidrologia irakaslea eta ikertzailea naiz, bai eta une batean katedradun izateko jauzia ere egin nuela. Zelan heldu nintzen horretara? Orain jaio izan banintz, agian beste modu batean egingo nuen, baina momentuan hori erabaki nuen. Garai batean bazirudien halabeharrez unibertsitate ikasketak egin behar zirela, karrera bat lortzeko. Egon nintzen begiratzen ikasketen eskaintza eta nik beti pentsatu dut ez nuela bulego batean egon nahi. Lanean ikusten nuen neure burua, baina basoan, ez leku itxi batean, ez hirian. Hasi nintzen begiratzen; matematika, biologia... eta geologia bakarrik gelditzen zitzaidan. Argi neukan zientzien arlotik joan behar nuela, naturarekin lotura zuen zerbaitetan, eta, esan nuen, zer da harri bat baino naturalagoa?
Baina hidrologian lortu zenuen gero katedra. Geologia bost urteko karrera zen eta bidearen erdian pentsatu nuen harriak baino interesgarriagoa zela ura. Alaiago ikusten nuen ura harria baino, mugikorragoa, eta garai hartan oso gauza gutxi egiten ziren hemen eremu horretan. Bosgarren ikasturtera helduta, aukera izan nuen unibertsitatean bertan jarraitzeko. Nahiko bide erreza izan zen nirea, oso laster izan nuelako aukera tesi bat egin eta hemen gelditzeko. Uraren bidea hartu nuen gauza bizia delako eta, bestalde, horrek aukera ematen zidalako basotik ibiltzeko. Gainera, dena egiteko zegoen, nolabaiteko erronka zegoen. Gerora, bizitza eman dut uraren ikerketan, eta horrek ate asko zabaltzen ditu, ez bakarrik zientziaren ikuspegitik.
Atsegin al duzu ikerketa eta unibertsitatea munduan aritzea? Ni ikerketan sartu nintzen basoan ibiltzea nahi nuelako, erloju eta ordutegirik gabe. Horregatik hartu nuen bide hori, harriena lehenengo eta urarena gero. Gehiago ukitu ninduen urak harriak baino. Gaur egun oso gustura nabil, eta zure lana atsegin duzunean berdin zaizu egun batean 14 ordu sartzea halako gauzetan. Gainera, ordaindu egiten didate eta, alde horretatik, pribilegiatua sentitzen naiz, nire gustuko lan ordaindua egiten dudalako. Hemen aukera daukat guztia kritikatzeko eta hori ez da erraza edo, behintzat, ez da ohikoa. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile bezala ere, pribilegiatua naiz, nik ematen ditudan irakasgaiak nire ikerketarekin zerikusia badutelako.
Urak ate ugari zabaldu dizkizula diozu. Zer nolako ateak? Ura ezinbesteko gauza den gizarte guztietan, eta horrek ematen du uraren ikuspegitik aztertzeko beste hainbat eremutan gertatzen diren gauzak. Orain modan dagoen garapen iraunkorrarena uraren ikuspegitik ikusten denean konturatzen zara badagoela azalkeria handia horretan. Urak ematen dizu aukera gauzak transbertsaltasunez ikusteko, natura bera, hiriak eta landa eremuak ulertzeko modu bat. Uraren bidez, gizarte eredua bera ulertzeko adierazle bat aurkitu dut.
Horrek eraman al zaitu ikuspegi kritikoa jorratzera? Lasai topatu daitezke beste hidrogeologo batzuk batere kritikoak ez direnak gaurko sistemarekin. Esaten dute ura ura besterik ez dela, agian ez dutelako beste modu batean ikusten edo ados daudelako sistemarekin. Nik amodiozko harremana daukat urarekin, baina kritiko izateko nolabaiteko beharra lehenagotik ere daukat, geologian sartu baino lehen, frankismo garaikoa naiz, azken boladakoa bada ere. Ura eta uraren mundua eta mundu soziala eta ekonomikoa bildu ditut nire baitan. Horregatik aipatzen dut uraren transbertsaltasuna.
Bestelako hidrologoekin eztabaidatzean, beraz, zer-nolako argudioak erabiltzen dituzu? Ez noa esatera abantaila daukadanik, baina bai sentitzen dut uraren inguruko eztabaidetan jendeak baduela ikuspegi sektoriala, bakoitzak bere ur zati horrena, alegia. Nik uste dut lortu egin dudala, horretara joan naizelako, ura zehar lerro batean moduan hartzea. Uraren gainean nabilenean, badaukat beti ikuspegi zabala, ez dela errekatik errekara edo urtegitik urtegira doan hori bakarrik. Gaurko eredu ekonomikoa ere aztertu behar dut eta lurralde antolaketa, hori funtsezko kontua da, askotan ahaztu egiten bada ere, lurralde antolaketa da hemen giltza. Hainbat gauzez ari gara, ari gara etxegintza politikaz, baso politikaz, nekazaritzaz, harrobi politikaz eta azpiegituren gainean, guztiak dauka eragina uraren gainean.
Ulertzen al dute gainerakoek zure ikuspegi hori? Transbertsaltasunaren alde ona da ahalbidetu egiten duela osotasuna ikustea zehar lerro batean, zatitako ikuspegia gainditzea. Baina, bestalde, askotan arazoak izaten ditut buruan hain argi ikusten ditudan gauzak jendeari azaltzeko, ikuspegi bakarra dutelako. Uste dute ura erreka dela eta erreka uholdea dela. Baina ez da horrela, faktore asko daude hor. Hain da konplexua, arazoak izaten ditudala entzuleak nik esandakoa ulertzeko. Konplexutasun hori ona da arazoak agerian uzteko baina, batzuetan, esandakoa praktikara eramatea ezinezkoa dirudi. Politikarekin gauza bera gertatzen da.
Zerekin parekatzen duzu hori? Politikan askotan gertatzen da hori. 18/98 auzian, esate baterako, argi dago zein den egin beharrekoa: Auzipetuak askatu. Hori oso sinplea da, ulertzen duena ondo eta ulertzen ez duenak bost. Baina gure gizarte hau eraldatzea zaila da, batzuetan badakizu zer ez den ona, baina ez dakizu ondo zer nolako pausuak eman behar diren. Erreferentzia argirik ez daukagu, ez dago egin beharreko urratsak azaltzen dituen eskulibururik.
Baina gizartea eraldatu beharra dago ela diote, esaterako, ekologistek. Garapen jasangarriarekin adibide ona dago. Ez da jasangarria ukitu berdea ematea gaurko antolaketari, sakonera jo beharra dago, gizartea astindu beharra dagobenetako aldaketa gauzatuko bada. Oso zaila da, ez delako egun batetik besterako kontua. Kazetariek, askotan, galdera oso sinpleak egiten dituzte eta badirudi bai ala ez erantzutea bilatzen dutela: Urtegi hau bai ala ez? Eta erantzuna ezin da sinplea izan, beharbada bai, beharbada ez, agian handia edo txikia, beharbada hemen edo han, edo inon ez.
Orduan ezin da inoiz erantzun jakinik eman ingurumen kontuen inguruan? Askotan arazoa planteatzen den unean baino lehenagokoa da, abiapuntuan egon daiteke akatsa. Gizarteko sektore guztiek behar dute ura, eguneroko elementua baita. Askotan egiten dira kalkuluak modu okerrean, esaten dute hainbeste ur beharko dugula datozen 20 urterako, eta gaur ez dugunez hori, egin behar dugu urtegi bat urtemuga horretan ahalmen hori izateko. Pentsa daiteke, horren beharra izango badugu, egin beharko dela urtegia. Berdin gertatzen da energia edo garraioarekin, hainbesteko beharra izango dugula esaten digute. Beti esaten dut aurreikuspenak bete egiten direla, planifikatzaileek horrela nahi dutelako. Esaten da beharra egongo dela, baina ez da hala, esaten duen horrek nahi du behar hori izatea. Aurreikuspen esaten diogu benetan atzeikuspen denari. Nonbaiten saihesbide bat jarri nahi dutela 15 urte barru trafikoa bikoiztuko delako... ez, zuk nahi duzuna da saihesbide horrekin 15 urtean trafikoa bikoiztea, gero ez dakit zer egiteko han, etxebizitzak edo dena delakoa. Zintzotasun osoz aurkeztu behar dira proiektuak.
Hiztegia bera aldatu beharra daukagu orduan? Informazio autobideen gizartean badirudi hiztegiak gero eta balio gutxiago duela. Hemen dena nahasten da, beharra eta apeta, askatasuna eta guztiz kontrakoa, hitz berak erabiltzen ditugu guztiz gauza diferenteak esateko. Gora Euskadi sozialista egon gara esaten betidanik eta, tira, Madrilen gobernu sozialista dago orain. AHT bera jasangarritasunaren bidea dela esaten didate, eta ni tren horren kontra nago jasangarritasunaren aurkakoa delako, hain zuzen ere. Ur gatazkak azaltzen direnean ere agerian gelditzen dira desberdintasunak, ura behar dugula, bai, baina non amaitzen dira beharrak eta non hasten dira apetak? Zeintzuk dira egungo beharrizanak? Bushek inbaditu zuen Irak, esanez AEBetako gizarteak hidrokarburoen beharra zuela. Beste askok antzeko gauzak esango dituzte beste eremu batzuetan.
Gaur egun gehien saltzen diren diskoen zerrendetan gutxitan ageri den arren, kantu korala aitzindaria da musikaren historian. Euskal Herrian bertan, jarraitzaile ugari eta, batez ere, abesbatza ugari eta garrantzitsuak daude. Eguberriak gainean direla, gainera, ohikoak dira Gabon kantak batetik bestera ematen dituzten koruak, haurren ahots goxoek osatutakoak batez ere. Neguko ospakizun berezi hauek musikarekin girotzeko, beste urrats bat egin du Leioako Kantika Korala abesbatzak. Euskal Herriko zein nazioarteko hamabost konpositore garrantzitsurengana jo dute, leioaztarrentzat horrenbeste obra berri sortzeko eskaera plazaratzeko. Horren emaitza Gabon Kantika! izeneko diskoan kaleratu berri dute, askotariko herrialdeetako Gabonen berri ematen duen lana.
Hamar eta hamazazpi urte bitarteko haur eta gazteek osatzen dute Kantika Korala. Orotara, 55 dira, eta guztiek ikasi dute Leioako Udal Kontserbatorioan. Urteotan kontzertu ugari eman eta nazioarteko lehiaketa garrantzitsuetan parte hartzeko aukera izan du taldeak. Besteak beste, Mexikon, Katalunian eta Islandian aritu dira. Zenbait disko ere grabatu dituzte aurretik, eta, azken honetan, estudioko efektuekin lan egin beharrean, Azkoitiko Santa Kruz komentura jo zuten, urrian, diskoa grabatzera. Abenduaren 22an zuzenean aurkeztuko dute Gabon Kantika! lana, Leioako San Joan Bautista elizan, 20:30ean.
GABON ISTORIOAK. Urtebete luzeko lana ekarri die Leioako Udal Kontserbatorioko arduradunei bertoko zein kanpoko konpositoreei lan argitaragabeak eskatzea, baina, azkenean, Gabonetako ohitura eta istorioen berri ematen duen kantu bilduma osatu dute. Erlijiora jo dute egileetako batzuek kantu korala sortzeko, Josu Elberdin pasaitarrak kasu; Deikundearen momentua Angelus izeneko kantuan jaso du. Javi Busto hondarribiarrak, berriz, Anutxi Lazkano-tegi bere seme-alaben andere- ñoa izandakoak Olentzerori buruz eginiko olerki bat hartu eta Gizon on bat kantua sortu du. Eva Ugaldek Jose Ignazio Ansorena Mirri pailazoaren Gabonetako olerki goxo bat aukeratu du Dizdizka zeruan kantarako, Din-dan-don doinu ezagunari musika berria jarrita.
Euskal Herrikoak ez ezik, besteak beste Galizia, Argentina eta Japoniako konpositoreek Leioa Kantika Koralarentzat eginiko abestiak biltzen ditu diskoak, eta haiek ere oso gai desberdinak eta bitxiak jorratu dituzte Eguberrien inguruan. Xavier Pastrana kataluniarrak Tarragonako herri kantutegiari heldu dio eta, doinu zahar bat oinarri hartuta, hiru zatitan banatutako kantu korala idatzi du, Canço de Bressol. Katalana da, hain zuzen ere, diskoan entzun daitezkeen hizkuntzetariko bat, euskara, gaztelera eta latinarekin batera. Latina da kantu koralaren oinarrizko hizkuntza.
BASILIO ASTULEZ Leioa Kantika Koraleko zuzendaria
Bizitza osoa musika koralaren inguruan egin du Basilio Astulezek (Gasteiz, 1975), Leioa Kantika Koraleko zuzendariak. Umeen abesbatza sortu zuen duela sei urte, baina bestelako zereginetan dabil, musika koralaren irakaskuntzaren ingurukoak guztiak ere.
Abesti koraletan izanda ere, posible al da benetan berriak diren Gabon kantak sortzea?
Gabon Kantika! diskoak hori baieztatzera dator. Herritik datozen melodietatik edanez, testu bereziei musika jarriz eta literatura katolikoan oinarrituz, diskoan Eguberri musikaren beste interpretazio bat azaldu nahi izan dugu, berezia. Horregatik, egileei musika eskatzerakoan, haien sormen askatasunari garrantzi handia eman genion.
Kristautasunean oinarritutako obrak ez ezik, hainbat tokitako folklorean oinarritutakoak ere sortu dituzte zuentzat konpositoreek. Zein gai jorratu dituzte?
Hainbat herrialdetako folklorean oinarrituz, bakoitzaren doinu herrikoiak dira nagusi zenbait kantatan. Hala, Katalunia eta Murtziako Gabon kantak topatuko ditugu diskoan, besteak beste. Era berean, Peruko doinuak eta Suediako Erdi Aroko melodiak daude diskoan. Aipatzekoa da, bestalde, atzerriko egile batzuek musika koralaren hizkuntza unibertsalean idatzi dutela: latinez.
Euskal Herriko egileek ere hartu dute parte diskoan. Zeintzuk izan dira haien Eguberrietako gaiak?
Junkal Guerrero donostiarrak, adibidez, Non degun, non? kantan egunerokotasunari lotutako mezu bat bidali nahi izan du, txalupetan iristen diren etorkinen egoeraren larritasuna azalduz eta Jesusen jaiotzaren pobreziarekin parekatuz. David Azurza egile tolosarrak, bestalde, Hiru Errege Kantak sortu ditu, biolinaren laguntza aberatsarekin jantzitakoak. Latinaren garrantziaren adibide, Xabier Sarasola beasaindarrak Ave Iesun kantuan Aita Donostiak jasotako testu erlijioso bat izan du oinarri.
Ahotsik onenak al dira umeenak Gabon kantuak interpretatzeko?
Ez dakit onenak diren, baina Gabonetako espiritu tradizionalarekin bat datoz, dudarik gabe. Gabonak eta haurrak oso lotuak daude eta freskotasun, xalotasun eta ilusioaren eroale izan daitezke haien ahotsak.
Datorren asteartean, abenduak 18, Alfonso Sastre eta Eva Forest-i omenaldi bat eskeiniko diegu GITE-IPESeko 30. urtemugan. Gauaren izenburu orokorra da "Antzerkia ere etorkizunez beteriko arma bat da" eta bertan anterki eskenak eta musika azalduko ditugu elkarren segidan. JAKINA GONBIDATUTA ZAUDELA
EGUNA Abenduak 18, asteartea
ORDUA Arratsaldeko 20:00etan
LEKUA Bilboko Kafe Antzokia
GAIA Antzerkia ere etorkizunez beteriko arma bat da
ARTISTA GONBIDATUAK Alfonso Sastre, El tenderete, Ez dok hiru, Fermin Valencia, Goloka, Herr Doktor Feming , Laressistance, Rogelio Betanz…
SARRERA LIBREA
Guggenheim museoaren aroan bizi bada ere, askoz ere ikur zaharragoak ditu Bilboko hiriak bere kaleetan. Zazpikaleetako bihotzean, esate baterako, badira bilbotar gehienek aski ezagunak dituzten tokiak; Arriaga antzokia, Boulevard urtebetez itxita dirauen kafetegia eta, haren ondoan, Azcarreta loteria saltokia. Areatzako toki berezi hauek ederki ezagutzen ditu Asun Azkarreta bilbotarrak, bere arbasoek sortutako negozioa gidatzen mende laurden bat baino gehiago daramalako, hain zuzen ere. «Zirraragarria da pentsatzea laster ehun urte beteko ditugula».
Banketxe moduko bat zen Azcarreta bere aitaren osabak sortu zuenean, «dibisak aldatu eta bestelako zerbitzuak eskaintzen zituen», baina 1914tik loteria saltzeari ekin zioten, eta horretan jarraitu dute, «gaur arte». Asun Azkarretak ez zuen familiaren negozioan lan egiteko asmorik: «Banuen beste lanbide bat, baina aitak nire esku utzi zuen zendu zenean». Damurik ez du izan, lehenengo urteak zailak izan zituen arren. 1983. urteko abuztuan Euskal Herrian izan ziren uholde handiak ondo gogoan ditu: «Zazpikaleetako denda guztietan sartu zen ura, eta gurean ere kalte larriak eragin zituen».
Urte gazi-gozoa izan zen hura harentzat. Izan ere, Gabonetan inoiz eman duten saririk handiena banatu zuten Espainiako Gabonetako loterian: 36 milioi euro inguru. «Pezeta zaharretako sei mila milioi ziren, ikaragarria izan zen guretzat». Loteriaren inguruko kondairek diote hondamendiak gertatzen diren lekuetan zoriak dirua banatzen duela beti. «Eta, orduan, zorteak ez zigun hutsik egin bilbotarroi; herriaren sineskeria bete egin zen». Uholdeen ondorioz, urrira arte itxaron behar izan zuten ateak berriz irekitzeko, «lanera bueltatzen lehenengoak izan arren», eta jende oldea etorri zitzaien Gabonetako loteria eske. «Hasi berria nintzen eta lanak gainezka egin zigula ondo gogoratzen dut».
Loteriakoa denborarekin areagotu egiten den zaletasuna dela uste du Azcarreta loteria saltokiko jabeak: «Eguberrietako ohiko osagaietako bat bilakatu da, turroia eta opariak bezala». Bilboko Gabonak, hala ere, zeharo aldatu direla salatu du: «Egia da kaleko argiak lehenago piztu eta supermerkatuetan askoz ere lehenago hasten direla gozokiekin, baina giroaren falta sumatzen dut». Eguberriak «geroago» datozela sentitzen du orain, ezagunek kalean agurtu eta zoriontzen hasi aurretik ez du garai batean bizi zuen girorik ikusten. «Askoz ederragoa zen duela 20 edo 30 urte kalean sortzen zen mugimendua; orain, Gabon kantak ere ez dira entzuten». Egungo ospakizunak «kontsumoari begira» egiten direla uste du.
KAFETEGIA GOGOAN. Gabonetakoak ez ezik, bestelako aldaketak ere sumatzen ditu Asun Azkarretak Bizkaiko hiriburuan. Areatza bera, adibidez, oso bestelakoa zen txikitan bisitatzen zuenean: «Askotan etortzen nintzen etxekoekin, eta zeharo desberdina zen». Inguru «maitagarria» irudikatzen du duela zenbait hamarkadatako Areatza burura datorkionean. Jendearen ezinbesteko bilgunea zen orduan: «Boulevard kafea jendez gainezka egoten zen eta askoz denda gehiago zeuden. Sentipen bereziak sortzen zituen». Gaur egun, aldiz, bestelako adjektiboekin deskribatu behar du bere saltokiaren inguruan hiriak marrazten duen paisaia. «Arriaga antzokia oso hotza da orain, jendea elkartzeko tokia falta zaio».
Askoz ere larriagoa deritzo Boulevard kafetegiaren itxierak iaz utzitako hutsuneari: «Txundigarria izan zen niretzat itxita ikustea». Une gogoangarriak ditu Bilboko kafetegirik zaharrenarekin. «Sariak banatu izan ditugun guztietan haiek ekarri digute topa egiteko xanpaina, iaz izan ezik». Eraikineko jabeek agindu dutenez, kafetegia berriz ireki behar dute laster. «Zorioneko eguna» izango da hura Asun Azkarretarentzat.
Bere negozioan krisialdirik ez du sumatzen, baina gainerako denda txikien egoerari kezkagarri deritzo loteria saltzaileak, merkataritza gune handiei aurre egiteko «zailtasunak dituztelako saltoki txikiek», Zazpikaleetakoak tartean. Azkarretarentzat, «penagarria» litzateke inguruko dendak itxi behar izatea: «Tristea da kalera atera eta dendarik ez ikustea, itxitako lokalak besterik ez topatzea, inolako girorik gabe». Azcarretak, behintzat, luze iraungo duela agindu du bere jabeak, «etxekoen negozioa izango da aurrerantzean ere».
Hauxe da Gite-Ipes elkarteko lagunek zabaldutako deialdia, hitzez hitz:
Azken SOZIALISMOA EUSKAL HERRIAN? saioaz geroztik, azaroak 10, gauza asko gertatu dira eta denbora faltan ibili gara: Historia Ikastaroa, 18/98+ partaideen atxiloketa, Durangoko azoka, etab. Hala eta guztiz ere, datorren larunbatean abenduak 15, SOZIALISMOA EUSKAL HERRIAN? izeneko jardunaldiari jarraipena emango diogu, pentsatu bezala.
Dakizuenez, lehenengo hiruhilabeetan gizartearen arlo ekonomikoa aztertzen jardun dugu. Oraingoan Antton Mendizabalek (Tonino) zuzenduko du saioa. Saioaren gai orokorra izango da: Nuevas tecnologías y transformación social (aplicación a las nuevas tecnologías derivadas de la revolución de la microelectrónica).
NOIZ Abenduak 15, larunbata
ORDUA: Goizeko 10:00etan.
NON Otxarkoagako Auzo Etxean.
HIZLARIA Antton Mendizabal.
GAIA: Nuevas tecnologías y transformación social.
Munduan inoiz izan den lanbiderik etsigarrienetariko bat omen da kriptozoologoena; izan ere, amets baten atzetik ematen dute bizitza osoa; haien ikerketan arrakasta lortzeko ia aukerarik gabe, gainera. Sasizientzialari horien jarduera du hizpide, besteak beste, Eduardo Angulo EHUko irakasleak (Bilbo, 1952) kaleratu berri duen Monstruos (Munstroak) liburuan. «Haiek bilatzen dutena ez da existitzen eta, existituko balitz ere, ez litzateke haien ikergaia izango». Aspaldi desagertutako edota mitologiari lotutako animaliak dira kriptozoologoek bilatzen dituztenak. Askotan, ustezko zantzuak eta lekukotzat aintzat hartzen dituzte kondairetan ageri diren izakiak benetakoak izan daitezkeela ziurtatzeko. Hala, aztarna berriak bilatzeari ekingo dio ikerlariak, munstroak topatzeko itxaropenarekin, «liburuetan eta herritarren ohituretan aurkitzen duen dokumentazioa izaten da haien lorpenik handiena», Anguloren iritzian, bestelako emaitzarik izan ez dutelako, eta, «izatekotan, zientziak ez luke arazorik izango aurkitutako animalia zoologiaren ikuspegitik aztertzeko».
Kriptozoologoentzat, munstro baten aztarna fisikoak bezain garrantzitsua da lekuko batek izaki horri buruz eginiko deskribapena, ikusi duena benetakoa ote den jakiteko modurik ez dagoen arren. Anguloren ustez, bi motatako ikerlariak sailkatu daitezke, «iruzurretan aritzen diren kriptozoologoak daude, komediante hutsak direnak, eta badaude, halaber, seriotasun osoz lan egiten dutenek, eta askok goi mailako ikasketak dituzte». Azken horiek egiten duten lanari, dokumentazioa biltzearen aldetik, «zoragarria» deritzo idazleak. «Lan horiekin ondorio okerrak ateratzen badituzte ere. Haiek bildutakoarekin, soziologo baten lana litzateke gero jakitea zergatik duten gizakiek munstroak sortzeko beharra».
Munstroen bila ibili izan direnen amaiera lazgarrien berri ematen du EHUko irakasleak bere liburuan. Nessieren lehenengo argazkia egin zuena, Robert Wilson, medikua zen. Denborarekin, irudia faltsutu egin zuela zabaldu zen eta, azkenean, «zaharren egoitza batean hil zen bakarrik, ia ezkutuan». Yetiren ustezko oinatzak aurkitu eta argazkietan jaso zituen Michael Wardek ere uko egin behar izan zion bizitza osoan sinetsitakoari, «urte luzeetan ikertzen aritu ondoren, azkenean aitortu zuen aurkitutako aztarnak sherpa batenak izan zitezkeela, behatzetan deformazioak izaten dituztelako elur gainean oinuts ibiltzeagatik».
DINOSAUROEKIN BATERA. Ness aintzirako izakia ez da kriptozoologoak bila ari diren dinosauro itxurako munstro bakarra. Berez, herensugeak dira sasizientzialari horien lanaren oinarrietako bat. «Teoria bitxia dute; haien ustez, herensugeak dira gizakia eta dinosauroak batera bizi izan direla frogatzen duten espeziea, kultura askok jaso dituztelako narrasti horiek». Biologo bilbotarrak ezinezkotzat jotzen du teoria hori, «dinosauroak duela 60.000 milioi urte desagertu zirelako eta gizakia duela gutxi agertu delako lurrean». Kriptozoologoek, ordea, ingurune bakartuen hipotesia darabilte, Nessieren kasuan bezala, toki jakin batzuetan iraganean desagertutako animaliak bizirik jarraitzen dutela berresteko.
Anguloren ustez, gizarte guztiek sortu dituzte munstroak, baina oso gutxik eutsi diote izaki horien izatearen sinesmenari. Gizon iletsu eta basatiaren kondaira aurkezten du adibide gisa: «Non-nahi topa daitezke, Katalunian, esate baterako, Jan del gel izenekoa dute eta gurean ere hortxe dugu Iratiko basajauna. Kontua da Euskal Herrian, gaur egun, inork ez duela sinesten basajauna existitzen denik eta Himalayan, aldiz, herri askok uste dute Yeti benetakoa dela». Munstro bati buruzko lekukotza asko egoteak ere azalpen erraza du zientzialariarentzat, «Ness aintzira inguratzen zuen errepidea eraiki arte, oso gutxik ikusi zuten munstroa, gerora etorriko zen iraultza. Himalayako tontorretara igotzea, noski, askoz zailagoa da».
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | |||||
| 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
| 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
| 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
| 31 | ||||||
