Hiru urte baino gutxiago falta dira eskoziar askoren ametsa, 300 urteren ondoren, gauzatzen hasteko. Baikor azaldu zen atzo Lachlan Muir SNP Scottish National Party alderdi abertzaleko kidea Bilbon. Eusko Alkartasunaren fundazioak autodeterminazio eskubidearen inguruan antolatutako hitzaldian parte hartu zuen, Eskoziak 2011n independentziari buruzko herri galdeketa egiteko asmoa duela berretsi eta prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. Euskal Herriak ere bide berari ekin behar diola esan zuen eta espero zuela, etorkizunean, Eskozia Euskal Herriaren independentzia aitortzen duen munduko lehen estatua izatea.
Erreferenduma eta independentziaren auzia kalera ateratzea lortu du Eskoziako alderdi abertzaleak iazko maiatzeko bozak irabazi eta gobernua osatu ondoren. Komunikabideek egindako inkestak aipatu zituen Muirrek, «independentziaren aldekoak %35 direla diote, baina aurka daudenen kopurua %50etik %43ra jaitsi da», nabarmendu zuen. «Gero eta hurbilago gaude, eta erabakirik hartu ez dutenak gureganatuko ditugula uste dugu».
Erresuma Batuko legeek ez diote Eskoziako Legebiltzarrari batasunari buruzko erabakitzeko eskubiderik ematen, baina bai, ordea, galdeketak egiteko independentzia, edo bestelako helburuekin negoziazioak abiatzekoa.
Botere gehiago. Gaur egun, abertzaleak ez diren alderdiek ere Eskoziarentzako «botere gehiago» nahi dutela esan zuen, esaterako ekonomia gaietan. Dagoeneko, alderdi guztiak ari dira «esparru berria» lortzeko proposamenak biltzen.
Eskoziako Gobernuak herri galdeketa deitzeko eskubidea dauka, baina gutxiengoan daude abertzaleak eta besteen aldeko botoa beharko dute horretarako. Gainerako alderdien proposamen guztiak «entzuteko prest» daudela esan zuen, «ikusiko dugu zer lortzen dugun gero».
Historian atzera egin zuen SNPko ordezkariak, Eskozia eta Ingalaterra bat egin zutenekoa gogoratzeko. Ingelesek inoiz ez zituztela garaitu azaldu zuen, baina Eskoziak Panama menperatzeko asmoan porrot egin zuenean, «inglesek urrearen truke aberria saldu» zutela salatu zuen, «guda baten ondorioz galdu izana baino okerragoa dena». Parlamentua galdu arren, Eskoziak bere erlijioari, hezkuntza sistemari eta lege zuzenbide sistemari eutsi zion.
Euskal Herriko egoerarekin alderatuta, eskoziarrek abantaila handia dutela nabarmendu zuen Mikel Irujo EAren europarlamentariak, «lurraldetasunari buruzko eztabaidarik ez dute eta, gainera, nazio bat direnik ez du inork zalantza jartzen, ezta independentzia nahi ez dutenek ere».
Alksejs Dimitrovs Europako Parlamentuaren aholkulariak, berriz, autodeterminazio eskubideak nazioarteko erakunde eta legeetan izandako islaren berri eman zuen. Nazio Batuek edota Europako Batasunak autodeterminazioa jasotzen dutela esan zuen, baina estatuek, aldi berean, «mugak» ezartzen dizkiotela. Edonola ere, «autodeterminazioaren inguruan eztabaidatzeko eskubidea ukaezina» dela nabarmendu zuen.
Joxerramon Bengoetxea EHUko irakasleak autodeterminazio printzipioaren eta eskubidearen arteko desberdintasunak nabarmendu zituen: «Askok printzipio gisa onartzen dute, baina ez dute onartzen eskubideetan jasotzea. Askatasuna bezala, autodeterminazioa ez da ezer lege sistema batetik kanpo eta eskubide gisa garatzen ez badugu». Arazo nagusia, azaldu zuenez, beste eskubideen kontra egin dezakeela, eta «eskubidearen jabe nor den eta ondorioak nork pairatzen dituen» aztertu behar dela.
Autodeterminazio eskubidearen historian hiru une mugarri direla azaldu zuen Bengoetxeak: AEBen independentzia, deskolonizatze prozesuak eta nortasunaren aldia, gerra hotzetik gaurdaino. Azken horretan kokatu zituen azken urteetan sortutako estatuak. Euskal Herriaren autodeterminazioari buruz, «zer-nolako helburuak ditugun» argitu beharra dagoela uste du, Europako Batasunak subiranotasunaren ideia aldarazi duelako.
Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako lan sailburuei arreta handiagoa eta, batez ere, «arduraz jokatzeko» eskatu die LABek enplegua erregulatzeko dosierrak baimentzerako orduan. Izan ere, «irabaziak dituzten enpresen espedienteak inolako eragozpenik gabe onartzen hasi dira», Garbiñe Aranburu sindikatuko industria saileko arduradunak atzo adierazi zuenez.
«Azkenaldian, enpresak ekoizpenaren beherakadarik txikiena ere baliatzen hasi dira lanpostuak murrizteko», salatu zuen. Lan Zuzendaritzak horretarako «erraztasunak» ematen dizkiela gehitu zuen LABeko ordezkariak. Horren harira, sindikatuak «maltzurkeriaz aurkeztutako erregulazio planak» ukatu egingo dituela iragarri zuen eta ez dituela enpresetan eztabaidatu ere egingo. Kasu askotan, enpresaren iraupena arriskuan ez dagoela eta errentagarritasunaren jaitsiera «langileen kontura» ordaindu nahi dutela ohartarazi zuen.
Enplegua erregulatzeko dosierren ondorio larriak laster azalduko direla aurreikusi zuen Aranburuk, azken asteotan gero eta espediente gehiago aurkezten ari direlako, industrian batez ere. Administrazioak enpleguari buruzko datuak ematerakoan martxan dauden espedienteen errealitatea «ezkutatzen» ari direla gaineratu zuen.
Administrazioak enplegua erregulatzeko dosierren gainean emandako azken datuek benetako kopuruak ez dituztela islatzen azaldu zuten LABeko ordezkariek, eta, horregatik, eskualdeka orain arte jaso dituztenak zabaldu zituzten atzo. Horien arabera, Hego Euskal Herriko 44 enpresak aurkeztu berri dituzten edota iragarri dituzten espedienteek 3.464 langileri eragingo die. Horren barrenean aldi baterako ekoizpenaren etenaldiak egitera behartutako zein kaleratutako langileak azaltzen dira.
Lan baldintza kaskarragoak. Kalteak, alabaina, lan baldintzetan ere nozituko dituzte lanpostua galtzen ez duten beharginek. Izan ere, Aranburuk esan zuenaren arabera, «lan hitzarmenak negoziatzeko orduan langile batzordeari xantaia egiteko erabiltzen dituzte enpresaburuek enplegua erregulatzeko dosierrak». Mota horretako presioaren inguruan ez direla kikilduko nabarmendu zuen LABeko ordezkariak.
Laster bere ordezkariak bilduko dituztela iragarri zuen, egoera berri horren aurrean zer-nolako jokabidea agertu behar duten eztabaidatzeko eta argitzeko. Horren harira, aldarrikapena «inoiz baino beharrezkoagoa» dela berretsi zuen.
Krisi ekonomikoaren zama «langileek bakarrik» pairatu behar izatea salatu zuen Aranburuk, «besteek eragin duten arren». «Hipoteka ordaindu ezin duten langileak erreskatatzeko plana noiz abiatu behar dute?», galdetu zien administrazioei.
Egoera ekonomikoaren harira hartutako neurriak salatu eta bestelako politika ekonomikoa egin daitekeela aldarrikatzeko informazio kanpaina aurkeztu zuen atzo, Bilbon, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Krisiari aurre egiteko erakundeen jarrera gaitzetsi zuen, banku eta enpresei lagunduta, «etekinak pribatizatu eta galerak sozializatzearen» alde egin dutelako. Egoera ekonomikoak gehien kaltetutakoak, aldiz, «langileak eta gizarte zerbitzuen beharrean daudenak, alde batera utzi dituzte», Etxaideren arabera.
Krisialdiak Hego Euskal Herrian utzitako emaitza eta datu «kezkagarri» batzuk zabalduko ditu LABek egunotan: eraikuntzan eta industrian azken hiru hileotan galdutako 12.500 lanpostuak, pobrezia egoeran bizi diren 307.600 pentsiodunak, aldi baterako kontratuen portzentajeak emakumezkoen (%33) eta gazteen (%66) artean, etorkinen kaleratzeak biderkatu izana, familien %10 pobrezia oso larrian bizitzea, Euriborraren igoerek urtero 768 euroan hipotekak garestitzea eta oinarrizko produktuen prezioak igotzea.
Horiek dira, Etxaidek esan zuenez, «gehiengo sozialak bizi dituen baldintza kaskarren» adierazleak. Horregatik, erakundeek hartutako neurrietan «haien burua ikusten ez dutenak mobilizatu nahi» ditu sindikatuak.
Herritarrei zabaldutako mezuak ere arbuiatu zituen LABekoak: «Gerrikoa estutu behar dugula esaten digute, baina ezinezkoa dugu dagoeneko». Horren beharrik ez dagoela gaineratu zuen, «aberastasun nahikoa» dagoelako. «Hura banatzeko borondate falta da arazoa». Bitartean, diru publikoarekin bankuak salbatzeko «plan lotsagarriak» egiten dituztela esan zuen, «munduko osoko lapurreta» batean.
Mobilizazio nazionala. Aberastasuna banatzeko bidezko sistema eta «bizi baldintza duina bermatuko duen kalitatezko enplegua» eskatzeko kanpaina, karteletara ez ezik, kalera ere eramango dutela iragarri zuen LABeko idazkari nagusiak: «Enpresetan eta herrietan sozializatu beharko da». Horrekin batera, azaroaren 6an «propaganda eta mobilizazio egun nazionala» egingo dutela gaineratu zuen.
Euskal Herriko langileek arazo garrantzitsua dutela esan zuen, bestetik, Etxaidek: «Balizko lan erreforma eta pentsioei buruzko Toledoko Ituna berregin nahi dutela», Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek ezer erabakitzeko «ahalmenik ez» dutelako. Hori ikusirik, tokiko erakundeen politiketan zerbitzu sozialen alde egitea eta aberastasuna banatzeko neurriak hartzea ezinbestekoak izango direla azaldu zuen.
Jaurlaritzak iragarritako enpleguari buruzko datuen inguruan, azkenik, Lakuaren argudio bakarra «auzokoa okerrago dagoela esatea» dela deitoratu zuen.
Etxe Zuriak, Munduko Bankuak, Nazio Batuek eta Nazioarteko Diru Funtsak aitortu izan diote Paul Krugmani (Long Island, AEB, 1953) egungo ekonomiaz duen jakinduria, aholkulari izan baitute 80ko hamarkadatik gaur egunera arte. Atzo, baina, Europatik heldu zitzaion merezimendua, nazioarteko merkataritza eta geografia ekonomikoaren inguruan aztertu eta sortutako teoria berritzaileengatik ekonomia arloko Nobel saria emango diola iragarri baitu Suediako Zientzietako Akademiak.
Krugmanen teoriek antzeko jarduera ekonomikoak mundu osoan testuinguru berdinetan zergatik gertatzen diren azaltzeko baliagarriak dira. Hiriguneetako eta periferien arteko aldea hiri guztietan nola gertatzen den aztertzeko, esaterako. Globalizazioa eta merkataritza askearen benetako ondorioak zeintzuk diren aztertu nahi izan du Keynesen jarraitzaile horrek eta, horretarako, nazioarteko merkataritzak eta geografia ekonomikoak emandako datuak alderatzeko formulak baliatu ditu, ondorio argigarriekin.
Princetoneko Unibertsitateko ekonomia irakasle da gaur egun Krugman, baina AEBetako zutabegile ezagunetarikoa izateagatik da ospetsuagoa. The New York Times kazetan argitaratzen dituen iritzi eta analisietatik, George Bush presidentearen politikaren eta neoliberalismoaren kontrako kritika zorrotzak plazaratzen ditu. Atzoko egunkarian, adibidez, AEBetako presidenteak nazioarteko finantzen krisiari irtenbidea emateko neurrien aurka egin zuen, eta Erresuma Batuko Gobernuak iragarritako plana, aldiz, txalotu egin zuen.
2000. urtean ekin zion komunikabideetan ekonomiaren gorabeherak epaitzeari baina, aurretik ere, dibulgatzaile joera nabarmena erakutsi izan du estatubatuarrak, izan ere, hogei liburu inguru argitaratu ditu, ekonomia fakultateetarako eskuliburuak tartean. Krugmanen saiakeretako batek, The Great Unraveling (Iruzur handia) izenekoak, arrakasta itzela izan zuen 2003an. AEBetako sistema osoa kritikatzen zuen hor, botere politiko, judizial eta ekonomikoa muturreko eskuindarren esanetara dagoela salatuta.
Nobel saria izango da Krugmani emandako aipamenik garrantzitsuena, baina izan ditu beste batzuk, Asturiasko Printzea (2004) esaterako, eta, batez ere, 1991n irabazitako John Bates Clark domina; domina hori AEBetako ekonomialarien elkarteak ematen du bi urtean behin, eta ekonomiari ekarpenik handiena egiten dion 40 urtetik beherako ekonomialariari ematen dio.
55 urte dituela emango diote saria Princetoneko irakasleari, abenduaren 10ean egingo duten ekitaldi ofizialean eta orduan bilakatuko da azken urteotako ekonomia alorreko Nobel saridun gazteenetariko bat.
Onartuko didazuelakoan, Gite-Ipes elkarteko lagunek bidalitako ohartxo zabalduko dut hemen:
Kaixo, pasa den astean hasitako Historia hitzaldi ziklo bat antolatu dugu Portugaleten. Aurreko saioan Jose Mari Lorenzo Espinosa eta Eduardo Renobalesek egunean jarri ziguten II Errepublikara bitarteko historia garaikidea. Oso interesgarria izan dela pentsatzen dugu.
Datorren ostegunean, urriak 16, Martzelo Alvarezek "Memoria Historikoa" delakoaz hitz egingo du. Bere tesi nagusia da "Memoria historia baino gehiago da". Martzelok Ahaztuak 36-77 elkartean dihardu.
Hitzaldiak GITE-IPESek eta Narria Kultur elkarteak antolatzen dituzte. . Hona hemen, egunak eta hizlariak.
URRIAK 16 - Martzelo Alvarez - Memoria es mucho más que Historia - Memoria de la represión post-franquista.
URRIAK 23 - Francisco Letamendia “Ortzi” - Periko Solabarria - Los modelos económicos y de producción posfranquistas - La lucha por la democracia de la Izquierda Abertzale
Internet menperatzen duenak herrialde bateko ekonomia kontrolatzen du. Teknologiaren munduko guruetako baten hitzak dira, baina ez nolanahiko aditu batenak, David Perry Trend Micro segurtasun enpresa ezaguneko zuzendariarenak baizik. Badu zertan oinarritu: Datuz beteriko munduan bizi gara. Munduko diruaren %90 ordenagailuetan dago, airean. Horregatik doaz kriminalak Internetera, dirua bertan dagoelako. AEBetan, 2007an, 90.000 milioi dolar ostu zituzten sareko lapurrek 15 milioi banku kontutatik, FBIren arabera. Horren atzetik nor ote dagoen galdetuta, Parryk argi dauka: Bankuetan lapurtzen edo pertsonak bahitzen dituzten berberek egiten dute; aldea bakarra da orain ordenagailuak erabiltzen dituztela.
Bankuetara ez ezik, phishing delakoa bestelako erakunde batzuetara ere heldu da. Espainiako Ogasunaren izenean bidali izan dira aurten datu pribatuak lapurtzeko asmoa zuten mezu elektronikoak. Errenta aitorpenari zegokion diru kopuru jakin bat bueltatu behar zitzaiola esaten zioten hartzaileari, eta hark bere bankuko datuak eman behar zituen ustezko ogasunaren webgunean, lapurrek moldatutako gunean, alegia. Antzeko mezuak zabaldu dira nortasun agiria berritzeko bulegotik edota loteria agentziaren batetik, balizko sari baten berri emanda
Bankuetako gakoekin bezala, kreditu txarteletako datuen bila ere aritzen dira lapurrak. Horretarako, phishing-a baliatzen dute, besteak beste, futbol partidetarako sarrerak edo sakelakorako kreditua erosteko gezurrezko guneak sortuta. Kreditu txarteletako datu eta kodeekin erosketak egiten dituzte gero. PayPal ordainketa sistemak ere izan ditu mota horretako iruzurrak, baita eBay webguneak ere.
Erreklamazioa egin Lapurreta gertatu ondoren, erabiltzaile gehienek bankura jotzen dute kontu eske, ahal bezain pronto, Internet bidezko eragiketei traba jar diezaieten. Bankuek, gehienetan, gertatutakoa Poliziari salatu behar diotela esaten diete bezeroei eta, salaketa eskuan, bulegora bueltatzeko, lapurtutako dirua buelta diezaieten. Bankuak ikerketa propioa egiten du, eta hilabete inguruko epean erantzuna eman.
EKE Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoko Karmele Oleagaren esanetan, halakoetan, "banku gehienek beren segurtasun arazo bat dela aitortu eta diru guztia bueltatzen diote bezeroari, datuak babesteko erantzukizuna bankuarena baita". Edonola ere, EKEra mota horretako kasu gutxi heltzen direla dio Oleagak eta, izan direnetan, "erraz konpondu" dituzte.
Izan dira, alabaina, epaitegietara heldu diren erreklamazioak, bankuek lapurretaren erantzukizuna bezeroarena dela diotenean. Horixe argudiatu du Bancaja kutxak haren kontra bi bezerok jarritako salaketaren inguruan. Castelloko Lurralde Auzitegiak bankuaren aurka jo zuen abuztuan eta bezeroei 6.000 eurotik gora bueltatzera zigortu zuen.
Bancajak, ordea, banku bati dagozkion segurtasun neurriak dituela berretsi du, eta, horregatik, helegitea aurkeztu zuen. Esan zuenez, Interneten diru transferentziak egin aurretik, bezeroei kode jakin batzuk bidaltzen dizkie SMS mezuen bitartez. Pasahitzak behar bezala ez zaintzea bezeroen arduragabekeria dela uste du bankuak.
Adicae bankuetako erabiltzaileen elkarteak ohartarazi duenez, "banka elektronikoaren gainean Espainian emandako lehen epaietarikoa izan da", eta aurten mota horretako salaketak ugaritu egin direla gaineratu du.
1Nola heltzen dira mezuak ordenagailura? Spam-ari esker milioika erabiltzaileen helbide elektronikoak dituzte lapurrek, eta banku kontuetatik dirua ebatsi nahi dutenean, banku eta kutxen izenean mezuak bidaltzen dituzte. Segurtasun arazoren bat dela-eta bezeroak Interneten eragiketak egin ahal izateko erabiltzaile izena eta kodeak eman behar dituela dio mezuak. Sinesgarria izateko, bankuaren webgunearen itxura eta logoak ditu mezuak. Eskaintzen duten esteka benetakoaren antzekoa izan ohi da, esaterako, www.lacaixa-es.org, bankuaren helbide zuzena www.lacaixa.es izaki. Milioika bezero dituzten bankuak dira eraso horien helburu nagusiak, baina txikiek ere izan dituzte inoiz, Kutxak eta BBK-k kasu.
2Askotan lortzen al dute lapurrek bere asmoa? Erasoak ondoriorik izateko, hiru baldintza bete behar ditu balizko biktimak: Iruzurraren mezu elektronikoa jasotzea, bertan ageri den bankuko bezero eta Interneten eragiketak egitea eta, azkenik, mezuari sinesgarritasuna ematea. Bankuak bidalitako mezua dela uste duenean, bezeroak datu guztiak ematen dizkio lapurrari gezurrezko -baina bankuaren itxura bereko- webgune baten bidez, pasahitzak barne.
3Zer egiten dute lapurtutako diruarekin? Kodeak eskuratu ondoren, lapurrak horiek erabili eta diru transfrentzien bidez, ahal bezain beste diru ateratzen saiatzen dira. Horretarako, bitartekariak erabiltzen dituzte, Interneten aldez aurretik bilatutakoak. Spam mezuek, inoiz, lanpostu zoragarriak eskaintzen dituzte, eginkizun bakarra diru transferentziak jaso eta dirua bidaltzea dutenak. Western Union bezalako sistemen bidez bidalitako diruaren arrastoa galtzen da eta, horrela, poliziak errudunik aurkituz gero, transferentzia jaso duen bitartekari hori izango da.
Modan daude ezpata, gaztelu eta armadurak. Erdi Aroa berpizteko gero eta aitzakia gehiago topatzen dute hiri eta herri guztietan eta, ondorioz, Euskal Herriko leku gehienetan antolatzen dute garai hartan girotutako azokaren bat. Azoka horiek bisitatu ondoren, alabaina, asko galdera batekin bueltatzen dira etxera: hauxe al da euskaldunen arbasoek bizi izan zuten Erdi Aroa? Ezezkoan dago Gabirel Ezkurdia Basque Power taldeko kidea eta, horregatik, Euskal Herriko Erdi Aroari buruzko lehen azoka tematikoa antolatu dute Berangon, Udalarekin batera.
Erdi Aroko ohiko azoketan «erasotua» sentitzen du bere burua Ezkurdiak, «ikur eta erreferentzia guztiak gure historiarekin zerikusirik ez dutelako eta, gainera, saldu eta erosteko leku hutsak bilakatu direlako». Euskal Herriaren historia Nafarroako Erresumari lotuta dagoela erakutsi nahi die Basque Power taldeak Berangoko azokara bertaratuko direnei, eta horrek «gaurko errealitatea ulertzeko zer nolako pisua duen».
Horregatik, ikuskizunen eta eskulangileen azoka ez ezik, antolatu duten jaialdia «didaktikoa» ere izango da. Historia kontalaria ekarri dute horretarako, Bizkaiko jaurerriak nafar erregeekin zuen lotura edota euskaldunen lehenengo ikurrak zeintzuk izan ziren azaltzeko: «Iñigo Aritzaren arrano beltza eta Nafarroako ikurrina ikus daitezke hemen».
Irakaspenak, baina, jaki gozo, musika eta ekitaldi ikusgarriekin jantzi dituzte Berangoko azokan. Besteak beste, Bizkaiko Esgrima Zaharreko elkartearen ezpatariak, falkoneria erakustaldiak eta errementarien lana zuzenean ikusteko aukera eskaintzen du azokak atzotik gaur arte.
Ezpatak dantzan Mendeetan galdu da ezpata jokoaren artea, baina bada esgrima berreskuratzeko lan egiten duen taldea. Santos Morondo Bizkaiko Esgrima Zaharreko elkarteko kideetako batek azaltzen duenez, izkribu zaharretan bilatzen dituzte esgriman aritzeko irakaspenak, «XIII. mendetik XVII.era bitartekoetan» eta ezpatarekin trebatzen dira gero. Azokan erakusten dutena «ez da aldez aurretik prestatutako koreografia». Armadurekin eta bestelako babesekin egiten dituzte borroka ikusgarriak.
Saltzaile eta eskulangileak ere ez dira Moreaga parkean falta. Leongo uxuala eta Toledoko ezpatak ekarri ditu Luis Pereira asturiarrak. Bildumazaleek armak «izugarri estimatzen» dituztela dio eta, krisialdia eta guzti, «urtean bat edo bi eros daitezkeela». 40 eurotan saltzen ditu dagak eta 90 euro ingurutan ezpatak
Europako Batasuneko herrialdeek merkatu bakarra osatu zuten moduan, herritarrek azoka bakarrean erostea ahalbidetu nahi du Europako Batzordeak. Horretarako, saltokiek eman beharreko informazioa, produktuak bidaltzeko epeak, bermeak eta bestelako neurriak bateratu nahi dituzte. Enkante webguneen -eBay, esaterako- jardunaren gaineko legeak ere ezarriko ditu zuzentarau berriak, eta, oro har, merkataritza elektronikoa arautu eta sustatuko du.
Batzordeak jakinarazi duenez, Europako Batasuneko 150 milioi herritarrek egiten dituzte erosketak Interneten, baina horietatik 30 milioik bakarrik jotzen dute EBko beste herrialde bateko saltokietara. Urtero, batez beste, 800 euroko erosketak egiten ditu bakoitzak, 24.000 milioi euro guztira. Zuzentarau berriak eskainiko dituen eskubide eta bermeei esker, erosleen «konfiantza areagotu» eta, era berean, «eskaintza lehiakorragoa» sustatu nahi dute. Batzordeak bost urterako aurreikuspenak egin ditu, eta 2013rako %230 hazkundea espero duela dio, 291.000 milioi euroko sarrerekin.
Meglena Kuneva Europako Batzordeko Kontsumitzaileen Babeserako komisarioak esan duenez, «azken 30 urteotan egin den kontsumitzaileen eskubideen erreformarik handiena» da proposatutakoa. Krisialdia ate-joka duen ekonomiak eskertuko duen zuzentaraua dela uste du, gainera, Kunevak: «Familiek arazo gehien dutenean eskertuko dute salneurriak alderatu ahal izatea eskaintzarik onenak topatu ahal izateko». Frantzian, Benchmark-Brandalley agentziaren inkestaren arabera, kontsumitzaileen %85ek eskaintza eta prezio hobeak aurkitzen dituzte sarean.
Kontsumitzaileen eskubideak Interneten egiten diren erosketak bereziki sustatu eta babestuko dituen arren, proposatutako neurriek kaleko zein sareko erosketak arautuko dituzte. Hogei urte inguru dituzte kontsumitzaileen eskubideen inguruan Europako Batzordeak eginiko lau zuzentarauek, eta, urteekin, estatu bakoitzak arau propioak sortu ditu. Esate baterako, erositako produktu bat saltzaileari bueltatu ahal izateko epea 7 egunetik 15era luzatzen da herrialde bakoitzaren arabera. Desberdintasun horiek orekatuko ditu lege berriak Europako Legebiltzarrak eta Gobernu guztiek berretsi ondoren.
1. Informazioa Saltzaileak produktuaren ezaugarri nagusiak eta prezioa argi azaldu beharko dizkio bezeroari, bidaltze gastuak eta zergak barne. Horrez gain, salerosketa batean egiten den edozein kontratutan saltzailearen datuak azaldu beharko dira.
2. Bidaltzeko epea Kontratua sinatzen denetik, erosketa egiten denetik alegia, saltzaileak 30 eguneko epean helarazi beharko dio produktua bezeroari. Atzerapenik izanez gero, kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du kontsumitzaileak astebeteko epean. Eskubide berria izango da hau herrialde gehienetan.
3. Hausnartzeko epea Bi asteko epea izango du erosleak hausnarketarako eta, hala erabakiz gero, atzera egiteko. Horretarako, erraz erabiltzeko moduko inprimaki bat sortuko da.
4. Bermea Salgai akastunik jasoz gero, kontsumitzaileak aukera guztiak izan beharko ditu: konpondu, aldatu edota dirua itzul diezaioten.
5. Gehiegizko klausulak EB osoan debekatuko diren gehiegizko klausulen zerrenda beltza sortuko dute.
6. Enkante webguneak Enkante bidezko saltokietan ere beteko du saltzaileak informazioari dagokion klausula. Hausnarketarako eperik ez da egongo, aldiz, eBay-ren moduko dendetan.
Aurkaria garaitu ezin baduzu, eros ezazu. Gatesen esaldirik gogokoena bere egin dute Google edo ebay bezalako enpresak. eBayk bere webgunean gehien erabiltzen zen ordainketa sistema, PayPal, erosi zuen duela sei urte. Urteotan aurkari berria azaldu zitzaion, Bill me later estatubatuarra. Enkante webguneak 735 milioi euroren truke erosi berri du. Bitartean, langileen %10 kaleratzeko asmoa iragarri du eBayk eta mezu batean adierazi dutenez, Europan izano dira kaleratzen gehienak. Askok uste dugu nahiko gutxi zaintzen duela eBayk bere saltokia eta ez dirudi etorkizunean hobeto egin ahal izango duenik langile gutxiagorekin. Eskerrak irabaziak aurkeztu dituztela azken emaitzetan...
Alemaniako epaitegi batek 30 hileko kartzela zigorra ezarri dio eBay webgunean 4.000 erosle ingururi iruzurra egin zien gizonari. Auzipetuak ehunka mila euro lapurtu zituen, Interneten salgai jarri eta inoiz bidaltzen ez zituen produktuekin. Kaltetutako bezeroei 400.000 euro eman behar izan dizkie eBayk.Dakigunez, konfiantza da ebay salerosteko gakoa eta Poloniako gizon honek ederki baliatu zuen, izan ere, denbora batez produktu onak eta merkeak salzten ibili zen. Boto positibo ugari lortu ostean, erosleen konfiantza irabazita alegia, iruzurrari ekin zion. Eskerrak harapatu dutela eta, eskerrak, ebay ere zigortu dutela dirua bueltatzera, dirudienez, 1.500 salaketa izan zuen enkante webgunean saltzaileak eBayko arduradunek ezer egin arte.
Ingelesa hizkuntza unibertsala dela diote baina jakin badakigu gezurra dela, esperantoa da (edo beharko luke) mundu osoko biztanleen bigarren hizkuntza, errazena litzateke guztiontzat. Horregatik zabaldu nahi dut erredakziora heldu zaiguna aukera hau, ea harrera ona duen:
Aupa lagunak:
Mezu honen bidez Bilboko Esperanto-Elkarteak esperanto-ikastaroa antolatu duela jakinarazi nahi dizuegu.
Ikastaroa ostiraletan 19:00etatik 20:30etara izango da eta ostiral honetan (urriaren 3an) hasiko da.
Ikastaroa gure egoitzan egingo dugu (Barrenkale Barrena 7, 1.esk)
Argibide gehiagorako: 944164492 edo esperantobi@gmail.com
Gero arte!
EUSKARA NAZIO-HIZKUNTZA
ESPERANTO NAZIOARTEKO HIZKUNTZA
Aspaldiko ametsa zuen Googlek bere negozioa ordenagailuetatik haratago eramatea. Android izenekoa sortu zuen horretarako, sakelako telefono guztietara eraman nahi duen sistema eragilea. Kalifornian aurkeztu zuten atzo Googleren sistema darabilen munduko lehenengo telefonoa, G1. HTC enpresa taiwandarrak sortu du, eta T-Mobilek urriaren 22an AEBetan salgai jarriko du. Erresuma Batura azaroan salduko dute, eta Europako gainerako herrialdeetara, 2009an ekarriko dute.
Apple erraldoiaren aurka lehiatzera dator, besteak beste, G1 telefonoa, baina askok uste zutenaren kontra, ez da bilatzailerik arrakastatsuenaren konpainiak berak sortutako telefonoa, HTCk sortutako baizik. Googleren asmoa hardwarea sortzetik urrun dago, oraingoz. Aitzitik, bere softwarerik ezagunena mundu guztiaren esku jartzeko asmoz garatu du Android. Gmail, YouTube, Calendar, Google Maps eta StreetView ikusgarria izango dira, besteak beste, G1 telefonoan eskuragarri.
Orain arte, publizitatea izan da Googleren diru sarrera nagusia, eta sakelakoetarako garatu dituen aplikazioetan negozio eredu berari eusteko moduak aztertu dituzte dagoeneko Larry Page eta Sergey Brin Googlen sortzaileek.
Ezustekoan azaldu ziren Googleko sortzaileak HTCren telefono berriaren aurkezpen ekitaldian Android babesteko, batez ere. Kode irekiko sistema eragilea garatzeko enpresa ugari ari da lanean Open Handset Alliance izenekoan. 34 konpainiak sortutako taldean Samsung, LG eta Motorola bezalako enpresak daude, munduko telefono ekoizlerik handienetako batzuk, alegia. Guztiek egingo dituzte Android darabilten sakelakoak, HTCrena lehenengoa besterik ez da izan.
Sakelako sagarraren etsai
Hilabete eskas falta da telefono berria AEBetako dendetara heltzeko, baina, dagoeneko, aldez aurretik eskatzeko aukera eskainiko die T-Mobilek Google zaleei. 180 dolarrean (125 euro) salduko dute, bezeroa konpainiarekin lotuko duen kontratua sinatuz gero, iPhonerekin gertatzen den antzera, deiak eta Interneten aritzeko gutxieneko kontsumoarekin. Appleren telefonoa izango du aurkari nagusietako bat G1 berriak eta Steve Jobsen azken asmakizuna ederki saltzen ari da mundu osoan.
HTCk 600.000 eta 700.000 telefono bitarte ekoitziko ditu 2009. urterako eta T-Mobilek, berriz, 2008a bukatu aurretik 300.000 sakelako saltzeko asmoa iragarri du. Hirugarren enpresek ere egin dituzte aurreikuspenak, Amazon Interneteko saltokiak esaterako. Kantuak erosteko aukera eskainiko du Android sistemadun telefonoetatik.
Hasieratik, 6 milioi abesti eskuratu ahal izango dituzte telefonoaren jabeek, Appleren iTunes ezagunarekin modura. Aplikazioak sortu eta partekatzeko aukera izango dute, halaber, Android darabilten telefonoek, Android Market izeneko webgunean. iPhone telefonoaren App Store saltokiaren antzekoa izango da, baina aplikazioak doan eskuratu ahal izango dira.
Berez, antzeko ezaugarriak ditu G1ek iPhone baten aldean: 3 hazbeteko pantaila ukigarria, Wi-fi eta 3G konexioak, argazki kamera, eta hainbat multimedia aukera. Azpialdean ezkutatzen duen Qwerty motako teklatua da ezberdintasunik handienetako bat.
Datu kezgarri bezain laburra. Inteco Espainiako Komunikazioaren Teknologiaren Institutuaren arabera, gora egin dute ordenagailuen kontrako erasoek. Duela bi aste esan zuenez, hamarretik zortzik dute birusen bat edobestelako software gaiztoa. Segurtasunaren merkatuak, 2006an, 617 milioi euroko salmentak izan zituen Espainian.
Barkaidazue baina gezurretan ari naiz, edo, hobe esanda, gezurretan ari zen Euskaltel iazko azaroan aurten 70 Mbps-ko Internet konexioa eskainiko zutela iragarri zutenean. Gogoratuko duzue, Ardanzateleko bezeroek behintzat, orduan aurkeztu zituztela konexioen abiadura berriak baina, gehienok, handik hilabete ugarira izan genuela agindutako bizkortzea, iragarri eta urte erdira baten batek.
Tira, ez dut 70 megako konexioa behar eta, batez ere, ez nengoke ordaintzeko prest, baina gogorarazi nahi nuen denbora gutxi falta zaiela agindutako abiadura eskaintzeko. Datorren urterako, 2009rako, promesa ere egin zuten, 200 megako konexioarena, ez dakit nik lortuko duten... ezezkoan nago.
Bitartean, Espainiako erresumako ONOk eta telefonicak, 100 megako konexioari salneurria jarri dio bere 100 megako konexioari, 80 eurokoa (BEZarik gabe baina telefonoa barne). Telefonica ere ari da lanean hirigunerik garrantzitsuenetan abiadura bereko zerbitzua eskaintzeko.
Gure mundu, gizarte eta herri honetan zer arraroa zer eta zein den epaitzea nahiko zaila bada ere, batzutan ikus daitezkeen asmakizunak frikiek (freak gurera moldatu al du Euskaltzaindiak?) zalantzarik ez dute uzten. Wi-fi seinalea antzematen duen kamiseta sortu dute eta honen indarraren arabera argiak pizten zaizkio. Interneteko denda ugarietan salgai dago, baita Bilboko Mod Pc informatika dendan ere (San Mames inguruan), 30-35 eurotan. Askok dioten moduan Wi-fi uhinak ere kaltegarriak badira, ez dakit oso gomendagarria den, koadrilako informatika zaleari oparitzeko bikaina da, edonola ere.
Urdangarinen azken diskoari titulua ematen dion abestiaren doinuarekin irakurri behar da titularra eta, ondoren, honako hau egin: Firefox nabigatzailearen azken bertsioan ari zaretela, hasi Arguiñano idazten bilaketen lehiatilan (helbideen laukitxoaren ondoan, goialdeko eskuinaldean). Abizenaren zati bat, 'arguiñ' idatzi duzuela, Gomendioak azalduko zaizkizue, hiru, hain zuzen ere:
1. Arguiñano (zuzena alegia)
2. Arguiñano recetas (zuzena hau ere)
3. Arguiñano eta (...zalanzarik izanez gero, ez da euskal juntagailuaz edo latinezko letrari buruz ari, salbuespenen batekin)
Gora gu ta gutarrak! Arazorik ez Googlekin, badakit ez dela haien errua, sarean dagoena jaso egiten baitute besterik gabe. Emaitzak arakatu eta Hazteoir eztabaidaguneko lagunak azaltzen dira sukadlari ezaguna ETAri zerga iraultzailea ordaintzen diola ziurtatuz. Tesi berbera darabil LibertadDigital argitalpen agurgarriak, zeinetan Argiñano Batasunako kide dela baieztatzen dute...
Nire harridurak aurrera egin du aipatu azken foro horietako lerroak irakurtzen. Benetako loreak eskaintzen dizkiote sukaldariari eta, bide batez, Mondragon taldeari eta, oro har, euskaldunei. Barkatuko didazue bere horretan kopiatzea hemen, itzulpenarekin galduko lukete.
Me acabo de enterar que el hijoputa-sicario De Juana C(h)aos ha sido recibido como huésped en el Hotel de Karlos Arguiñano, sito en Zarautz. El otrora simpático cocinero acaba de traspasar el umbral de lo permisible en democracia, adquiriendo una nueva dimensión, la de CABRÓN. Acabo de tirar todos los libros de cocina publicados por este mangante a la basura. Para mí se ha terminado el seguimiento de su periplo televisivo.
Continuará…
no voy a visualizar nda de este tipejo al que ni su nombre pronunciare, y por supuesto no pienso engrosar sus ingresos con la compra de sus libros, un dia fui al pais vasco quede enamorada de todo su paisaje pero seguro que no volvere eso ya esta escrito, pa los restos palabra de honor, lo que no tienen todos estos CERDOS.
Que no se ofenda ningún vasco de bien pero siempre he pensado que los deportes practicados allí son primitivos y de gente primitiva. Ser pelotari, cortar troncos y levantar piedras es de los “picapiedra”. ¿Alguna de estas disciplinas puntúa en Beijing ‘08?
El problema es ¿HASTA DONDE LLEGA SU JEFATURA?...... porque no creo que existan muchos que se crean que el dinero de su PROPIA PRODUCTORA DE TV ha salido de su restaurante......... Quien sabe a lo mejor un dia se descubre al contable de ETA y de su BLANQUEADOR
En mi casa no entra un artilugio del grupo Mondragón...ni aunque me lo regalen y la ultima bronca que tuve con mi mujer...fué porque se presentó con una cafetera “fagor”...que la convencí para cambiarla por otra mas cara.Bueno, yo propongo que no hablemos tanto y tomemos medidas, para que lo pongan de patitas a la calle de Tele-5. O dejarlo en evidencia frente a toda España. Que se vaya a una cadena autonómica Vasca. No es de recibo que un personaje como este, tenga un programa en una cadena de televisión nacional.
.... Tira, askoz gehiago daude, aspertuz gero eta eguna umoretsu hasteko, badakizue zer irakurri. Animo!
Zaila da dagoeneko Google erraldoiaren egitasmo berri bakoitzarekin zer nolako asmoak dituen asmatzea. Don’t be evil (Ez izan gaiztoa) izan ohi da Larry Page eta Sergey Brin informatikariek sortutako enpresaren lelo nagusia baina, azkenaldian, Interneteko zirrikitu guztiak kontrolatzeko nahia sumatzen diete erabiltzaile askok. Bill Gates izan da, urte luzez, software librearen aldekoen etsai nagusia baina, orain, Windows sistema eragilearen jabeei baino ahalmen handiagoa ikusten diote gehienek Googleri.
Bilatzailerik erabiliena ez ezik, Interneteko publizitatearen kontrol nagusia dauka Googlek. Gaur egun, gainera, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu, doakoak beti ere: posta elektronikoa (Gmail), irudiak eraldatzeko softwarea (Picasa), mapak (GoogleMpas), ofimatika aplikazioak (Docs), sakelakoetarako sistema eragilea (Android), bideoak partekatu eta ikusteko zerbitzua (YouTube) eta abar luze bat. Chrome deritzo Googlek bere asmakizun berriari. Interneten ibiltzeko nabigatzaile bat da eta, besteak beste, Microsoften Internet Explorerrari aurre egitera dator.
Nahi gabe filtratu ei du enpresak bere produktu berriaren albistea eta irailaren 1ean baieztatu behar izan zuen Googleren blogean, aplikazioari buruzko gorabeherak komiki bitxi batean azaldu dituztela. Asteartean jarri zuten Chrome eskuragarri eta, dagoeneko, Google zaleek nabigatzaile berria frogatzeko aukera izan dute. 100 herrialdeetan eta 40 hizkuntzetan, euskaraz ez momentuz, eskaintzen dute softwarearen beta bertsioa, behin behinekoa alegia. Sistema eragile guztietara zabalduko dutela iragarri duten arren, Windows XP eta Vista sistementzako bakarrik eskura daiteke. Mac OS sistemako erabiltzaileek zerrenda batean izena eman dezakete, haiek erabili ahal izango duten bertsioaren garapenari buruzko berriak jaso ahal izateko.
Egun, Microsoft enpresaren Internet Explorer da erabiltzaile gehienek erabiltzen duten nabigatzailea, %72ko merkatu kuotarekin. Ia erabateko kontrola izan du Bill Gatesek sortutako konpainiak Interneteko nabigatzaileetan, Netscape Navigator aitzindaria gainditu zuenetik. Aurkariaren errautsetatik sortutako Firefox da urteotan Microsoftek nabigatzaileen lehian izan duen aurkari nagusia, %20ko kuotarekin. Mozilla fundazioaren Firefox izan da, hain zuzen ere, Googlek orain arte babestu duen nabigatzailea eta, Chrome kaleratu dutela, azeri gorria umezurtz utziko dutela esan daiteke.
Hutsetik diseinatua Internet sortu zenetik zeharo aldatu dira webguneak eta sarea erabiltzeko moduak. Horrexegatik sortu nahi izan du Googlek bere nabigatzailea, «hutsetik hasita» esan dutenez. Sundar Pichai eta Linus Upson enpresako goi karguen hitzetan, «sareak bilakaera handia izan du, aplikazio eta programa berriekin, nabigatzailea berri bat baino, plataforma berria behar dugulaz jabetu ginen». Bilatzailaren aplikazio guztiak bezala, erabilterraza eta azkarra da Chrome baina, hala ere, Interneteko aplikaziorik zailenak hartzeko gai da. Mota bereko aplikazio guztiek baino sendoagoa dela diote sortzaileek, zabalik dauden leihoetako batek huts egiten duenean, gainerakoak kaltetuko ez dituela agintzen dute, erabat isolatuta daudelako.
Kode irekiko aplikazioa da Chrome. Horrek esan nahi du erabiltzaileek eraldatu eta hobetzeko aukera izango dutela. Googlek berak aitortu du beste nabigatzaile batzuetatik hartu dituela ainbat ezaugarri eta Appleren WebKit motorra erabiltzen duela Chromek, Safarik darabilena, alegia. JavaScript hizkuntzarako motorra izan da Googlek hasieratik ete bere baliabideekin garatu izan duena eta funtsezkoa da konpainiaren etorkizuneko asmoak gauzatzen hasteko.
Sistema eragilearen bila Askotan ezeztatu du Googlek Windowsekin lehiatzeko moduko sistema eragile bat kaleratzeko asmoa duenik. Inork ez du uste Microsoften moduko sistemarik garatzeko asmorik dutenik baina bai, ordea, ordenagailuan instalatu gabe Interneten dauden aplikazioak erabiltzeko aukera erraztuko duen euskarri bat. Googleren estrategia bide horretatik doala baieztatzen du urteotan kaleratu dituen software motak.
Testu dokumentu bat idatzi nahi duen erabiltzaileak, gaur egun, ez du zertan Microsoften Office ofimatika software garestia erabili behar, ezta Open Office doakoa aplikazioa instalatu behar. Aski du Googlek doan eta sarean eskaintzen duen Docs deritzona erabiltzea. Mota horretako hamaika aukera daude Googlen baitan, askok bilatzaile soil bat besterik ez dela uste badute ere.
Mota horretako aplikazioak Java teknologia darabilte eta horixe izan da Googlek bere nabigatzailearekin bultzatu nahi duena. V8 izeneko motorra garatu dute Java bidezko aplikazioei azkartasuna eta egonkortasuna emateko.
Microsoft garaitzea ez du erraza izango Chromek. Windows sistema eragilea berez instalatuta dago Interner Explorer aplikazioa eta erabiltzaie gehienek, kostata eskuratzen dute behar beharrezkoa ez duten aplikazio berri bat, doakoa eta hobea izanda ere. Nekez heldu da Firefox egun duen bigarren postura eta, askoren ustez, Googleren asmakizun berriak Mozillari egingo dio kalte, Microsofti baino. Edonola ere, lasai egingo du bidea Googlek, ohi bezala, zuzen eta lasai.
Lehiakideak
Internet Explorer. Erabiltzaile gehienek ez dakite beste aukera batzuk direnik, Windows sistema eragilearekin dator aspaldi Explorerra eta, horri esker, merkatuaren %72 kontrolatzen du. Duela urte batzuk ia %95eko kuota zuen, baina Firefox lehiakidea azaldu zitzaion bidean. Explorerraren 8. kaleratzeko bidean da Microsoft, behin behineko bertsioa kaleratu berri dute.
Mozilla Firefox. Netscape Navigator desagertu zenean bere oinarriak hartu zituen Mozilla fundazioak Firefox ezaguna sortzeko. Erabiltzaile kopuru handia eta gogotsua batu zaio kode irekiko proiektuari eta Chrome agertu arte behintzat, Google beraren babesa zuen. Aurtengo ekainaren 17an plazaratu zuten Firefox 3 eta 8 milioi erabiltzaileek eskuratu zuten Interneten, Guiness errekorra lortu zutela.
Opera. Askorentzat onena da eta egun nabigatzaile guztiek dituzten berritasunetako batzuen aitzindaria. Opera Group taldearen nabigatzailea sistema eragile guztietan eskura daiteke eta Nintendoren bideo kontsoletan ere. Merkatuaren laugarren postuan dagoela diote zenbait iturrik, baina hirugarrenean kokatzen dute beste askok.
Safari. Mac OS sistemarako Applek garatu zuen nabigatzailea Windowsen erabili daiteke gaur egun. Motorrik onenetarikoa du eta horregatik aukeratu du Googlek Chromerekin erabiltzeko. Laugarrena da %6,4ko kuotarekin eta iPhone sakelako arraskatatsuan erabiltzen denez, baliteke gora egitea.
Nazioarteko ekonomiaren krisialdiak ez dauka ageriko eraginik aisialdi elektronikoaren merkatuan, orain arte behintzat. Aski da Nintendo erraldoi japoniarraren mozkinak ikustea horretaz jabetzeko. Inoiz baino diru gehiago irabazten ari da bideojoko dendetan salgai dituen Wii eta DS arrakastatsuei esker. Bien artean, 110,5 milioi bideokontsola baino gehiago saldu ditu dagoeneko, Microsoft eta Sony aurkarien Xbox 360 eta Playstation 3 zein PSP baino dezente gehiago.
Azken belaunaldiko bideokontsolen 65 milioi bideokontsolatik gora saldu dira munduan 2005eko abenduan Microsoft enpresak bere Xbox 360 kaleratu zuenetik. Ia urtebete beranduago heldu ziren enpresa japoniarren bideokontsolak eta, Nintendorena azkena izan arren, 2006ko azaroaren 19an jarri zuten salgai Japonian, oso denbora laburrean menderatu zituen beste biak. Egun, merkatuaren %46,9 bereganatu du Super Marioren etxeak. Microsoftek, berriz, %30 kontrolatzen du orain arte saldutako 20,4 milioi makinekin. Aurreko belaunaldian errege izandako Sony da hirugarren, bideokontsolarik onenaren sortzaile izan arren.
PS3 garestiena da hiruren artean, baina zale berriak lortu ditu Sonyk bereizmen handiko bideo euskarrien lehia irabazi duenetik; izan ere, Blu-ray diskoak ikusteko tresnarik merkeena da momentuz, ordenagailuetako irakurleez aparte. 400 eurotan dago PS3rik merkeena.
Adin mugarik ez
Belaunaldi berriko bideo jokoen salmentek agerian utzi dute kontsolen erabiltzaileak adin mugarik ez duela. Rockstar konpainiaren Grand Theft Auto IV jokoaren sei milioi ale saldu zituzten dendetan jarri eta astebetera, eta 400 milioi euro inguru irabazi. Nintendoren Wii Fit berritzaileak, berriz, bi hilabetean milioi bat ale baino gehiago saltzea lortu zuen Japonian bakarrik. Aisialdi elektronikoak musikak edo zinemak baino diru gehiago mugitzen hasi da azkenaldian. Hollywoodeko film ezagunenek baino diru gehiago egin du GTA IVk lehenengo egunetan; esaterako, The Lord of the Rings liburuetan oinarritutakoek baino gehiago. 2008ko lehen sei hilabeteetan, GFK agentziaren arabera, %26 igo dira bideo jokoen salmentak Europako merkatuetan.
Benetako loraldia bizi du bideo jokoen industriak. iaz, 1.454 milioi euroko salmentak izan zituen Espainian eta 2.458 milio eurokoak Frantzian, aurreko urtean baino %50 eta %54 handiagoak, hurrenez hurren. Epe berean, ikusentzunezko aisialdiaren gainerako mota guztien artean (musika, zine aretoak eta euskarrietan saldutako filmeen artean) baino diru gehiago sortu dute bideojokoek Espainian, 164 milioi euro gehiago. Europako Batasunean, bestetik, 13.000 milioi euroko etekinak izan ziren bideo jokoen merkatuan, %45eko hazkundearekin.
Salmenten erdia bideo kontsolei dagokio eta Nintendo da horrekin gehien irabazten ari dena, izan ere, Wiik ahalmen handirik ez duen arren, bete betean asmatu du jokalari berriak erakartzeko estrategiarekin. Inork espero ez zuen arrakasta lortu du eta, orain arte, 31,5 milioi kontsola saldu dira munduan. Sony eta Microsoften arazo bakarra, ordea, ez da aurkariaen arrakasta, haien produktua ekoizteko kostua baizik. Teknologiarik onena zeinek eskaini behar zuen borrokoan murgildu ziren biak eta, ondorioz, produktu garestiak egin zituzten. Sonyk, PS3 salgai jarri zutenetik ia bi urte igaro arren, dirua galtzen du saltzen duen kontsola baikotzarekin.
Howard Stringer Sony Americako zuzendariak aurkari nagusiaren negozioa estrategia Sonyrena baino hobea «izan daitekeela» aitortu du, baina ez du uste, aldiz, Wiiren arrakastak PS3 kontsolaren salmentei kalte egiten dienik: «Target berria aurkitzen asmatu du Wiik. SingStar jokoarekin antzeko jokalariak bilatzen genituen guk, baina bide hori ez dugu zaindu. Playstation asko jolasten diren zaleentzat egina dago, estrategia desberdina da gurea». Edonola, softwarearen salmentekin hardwarean galtzen dutena baino gehiago irabazten dutela nabarmendu eta Nintendok, aldiz, kontsolak saltzen bakarrik irabazten duela gaineratu du. Askok uste dute PS2arekin eskuratu zuen nagusitasuna (120 milioitik gora saldu dira 2000. urtetik), baina ezkorragoak ere ditu Sonyk aurrean, David Perryrena kasu. Joko diseinaitzaileak argi eta garbi adierazi zuen: «Sonyk ez dauka PS3arekin dirua irabazteko aukerarik».
Hitz goxoak, asmo onak eta promesak ez dira aski munduko pobreziaren arazoari aurre egiteko. Hala ere, herrialde askok agintzen dutena baino laguntza txikiagoa ematen dute GLO Garapenerako Laguntza Ofizialari, horrela jakinarazi du asteon UNCTAD Merkataritza eta Garapenari Buruzko Nazio Batuen Konferentziak. Herrialde gehienen ekarpenek gora egin duten arren, «emaile gehienek ez dute GLOerako agindutakoa eman». Halaber, Garapenerako Laguntza Ofizialean benetan dagoena eta Milurteko Helburuak gauzatzeko ezinbestekotzat jo zuten laguntzaren artean oraindik ere «alde nabarmena» dagoela nabarmendu du Supachai Panitchpakdi UNCTADeko idazkari nagusiak.
Milurtekoaren Helburuei eusteko, gutxienez, urteroko laguntza 50.000 milioi dolarrera handitu beharko dela azaldu du Panitchpakdik, horrela egin ezean, garatzeko bidean dauden herri gehienek ez dute txirotasuna erdira murrizteko aukerarik izango.
Aurreikuspenaren berri eman du UNCTADek ostegunean aurkeztutako Oinarrizko produktuen salneurriak, kapital fluxuak eta inbertsioaren finantzaketa txostenaren bidez. Ondorio nagusi bat azpimarratu zuen erakundeko buruak: «Urtero 50.000 edo 60.000 milioi dolar sistemari txertatzen ez badizkiogu, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako helburuak betetzerik ez dugu izango».
Gizartea lehentasun Txostenaren arabera, laguntzaren eraginkortasuna «ondo zehaztutako helburuen arabera» kalkulatu beharko litzateke eta Milurteko Adierazpenak, bestetik, gizarte garapenari lehentasuna eman ziola gogorarazi du, epe luzerako hazkunde ekonomikoaren kalterako. Horrela, osasunerako, hezkuntzarako eta bestelako gizarte zerbitzuetarako emandako laguntza nabarmen handitu dela baieztatu dute UNCTADeko adituek. Haatik, azpiegitura ekonomikoa eta produkzio sektoreak alde batera utzi dituzte GLOek.
Erakundeak ez du zalantzan jartzen laguntzak ondo erabili direnik, «gizarte zerbitzuetarako laguntzari ezinbestekoa deritzogu eta ondo justifikatuta dago, baina txirotasuna murrizten joateko sarrerak eta enplegua sortu beharra dago», esan zuen Panitchpakdik. UNCTADeko ekonomialarien ustez, laguntzaren eraginkortasuna handitzeko herrialde bakoitzean inbertsio publiko zein pribatuak laguntzeko agentziak sortu eta indartu behar dira.
NBEko agentziak eskatutako Garapenerako Laguntza Ofizialaren hazkunde osoa, bestetik, herrialde txiroenetara bideratu behar dela uste dute, «inbertsiorako eta hazkunderako prozesuak abiatzeko zailtasunak handienak haiek izaten dituztelako».
Urte erabakigarria Munduko txirotasuna murrizteko neurriak ere izan ditu mintzagai asteon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek. Esan duenez, herri emaileek, urtero, garapenerako 12.500 milioi euro gehiago eman beharko dituzte 2010. urtera arte, agindutakoa bete nahi badute eta Garapenerako Milurteko Helburuak erdiesteko. NBEko hogei bat agentzia, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako lan taldeak erabakigarritzat jo du 2008. urtea, Ban Ki-moonek esandakoaren arabera, «Garapenerako Milurteko Helburuak lortzeko bidean mugarri» izan behar duelako.
NBEko taldeak herri aberatsen garapenerako laguntzari dagozkion konpromisoak eta herrialde pobreenen zorrak aztertu ditu. Horrez gain, azken hauen merkatuetara, botika merkeetara eta teknologia berrietara duten sarbidea ikertu dute. Herrialde txiroenetako zorra arintzeko helburuan «aurrerakada nabarmena» eman dela azaltzen du txostenak. Ez da berdin gertatu, aldiz, merkataritza eta garapenerako laguntzarekin.
NBEko idazkari nagusiarentzat lan taldearen txostena «lanabes baliotsua» izango da munduko agintariek hilaren 25ean New Yorken egingo duten goi bilerarako. 2015 urtera bitarte ezarritako helburuak lortzeko jorratu beharreko alderdiak zeintzuk diren erabaki beharko dute bertan: «Agindutakoa bete beharra dago horrela milioika pertsonen bizi baldintzak hobetu ahal izateko». Halaber, Milurteko Helburuak betetzeko «zazpi urte besterik ez» direla falta gogorarazi zien herrialde aberatsenei.Urtea hasi denetik, LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, Euskal Herrian lanean hildako 65. behargina da Gil Churra, Itsasondon (Gipuzkoa) atzo arratsaldean mila kiloko hodi batek jota hil zen gaztea. 16:05ean gertatu zen ezbeharra. Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek azaldu zutenez, Jaso garabi enpresak Itsasondon duen zelaigunean zegoen langilea, tona bateko hodiak ondoan zituela. Goialdean zegoen hodietako bat askatu zen eta behargina buruan jo zuen. Hodiak hankak zapaldu bazizkion ere, kolpeak momentuan hil zuela argitu zuen Osalan Eusko Jaurlaritzako Lan Osasunerako Institutuak.
Gas instalazioak egiten zituen 25 urte inguruko gazteak, eta Madrilgo Cap Welding enpresarentzat egiten zuen lan. Suhiltzaileek 17:45ean kendu zioten hodia gainetik Churraren gorpuari eta Donostiara eraman zuten, autopsia egin ziezaioten.
Beste lan istripu bi Bizkaian Larri zauritutako behargin bi izan ziren atzo Bizkaian, Bilbon eta Gordexolan izandako lan istripuetan. Goizeko seietan gertatu zen lehenengoa. Osalanek aditzera eman zuenez, P. F. A. 27 urteko gaztea Bilboko Larraskitu auzoan Supersur deituriko saihesbideko tuneletako hormak bulondatzen ari zen, eta lau metroko buloietako bat gainera erori zitzaion. Kolpe gogorra hartu zuen, lepo inguruan batez ere, eta bizkar muina hautsi zitzaion. Bularraldean eta buruan, halaber, zauriak izan zituen. Basurtuko erietxera eraman zuten, oso larri .
Bigarren ezbeharra goizeko bederatziak aldera gertatu zen, Gordexola inguruko baso batean. Zuhaitz bat gainera erori zitzaion A. O. R. beharginari. Lur orotariko ibilgailu bat behar izan zuten San Kosme gainera hurbildu eta basotik ateratzeko. Handik anbulantzia batek Gueñesko futbol zelairaino gerturatu zuen eta, bertan, Osakidetzako helikoptero batek jaso zuen BECeko heliporturaino eramateko. Azkenik, DYAko anbulantzia batek Gurutzetako erietxera lagundu zuen.
Enpresaburuen erantzukizuna Bestalde, abuztuan izandako lan istripuen inguruan hitz egin zuen herenegun Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, eta, besteak beste, ordezko langileen esperientzia faltari egotzi zion udako lan istripuen kopuruen gorakada. Esandakoarekin «enpresaburuen erantzukizunari aurpegia zuritu» nahi izatea leporatu zion atzo Azkarraragi Jesus Uzkudun CCOOko lan osasunerako idazkariak. Halaber, gaineratu zuen Osalaneko txostenetan istripu guztiak neurririk ez hartzeagatik gertatzen direla baieztatzen dela.
LABek ere egin zuen Lan sailburuak esandakoaren kontra. Joan den ostiraleko lan istripuak eragindako heriotza arbuiatzeko atzo egindako elkarretaratzean, enpresaburuek segurtasun neurrietan ez dutela inbertitzensalatu zuen eta, era berean, Administrazioari «arduragabekeria» egotzi zion, abuztuan ikuskatze gutxiago egiten dituelako.
Antzekoak dira Bilboko jaiak urte batetik bestera, baina, hala ere, badago beti zer nabarmendu. 2008ko Aste Nagusi honetan, festen 30. urteurrena da aipatu beharreko gauzarik garrantzitsuena, baina bada besterik. Urtero, Bilboko Udalak Espainiako bandera jartzen zuen udaletxeko balkoian ikurrinarekin batera. Zeharo desberdina izan da aurtengo egoera; izan ere, Espainiako bandera apiriletik dago udal eraikinaren goialdean paratuta. Horrexegatik, Bilboko konpartsek inoiz baino ozenago egin dute ikurrinaren aldeko aldarria, atzoko omenaldian aditzera eman zutenez.
Arriaga plazan zuten hitzordua konpartsakide eta herritarrek, handik abiatu behar baitzuten ikurrinari eskainitako kalejira koloretsua. Konpartsetako kolore aniztasunak lagundu zien ikurrinaren zuri, gorri eta berdeari udaletxerako bidean, baina, aldi berean, trikitilari, txistulari eta gainerako musikariek alaitu zuten ibilaldi laburra. Guztien aurretik, ikurrina handi bat, konpartsakideek eutsitakoa.
Ohi bezala, udaletxeko plazan jarri zuten ikurrina. Aste Nagusiko txupinerak eta pregoilariak ere eusten zioten ordurako banderari. Marijaia zuten ondoan, eta bertsotan hasi zen. Eskuak ikurrina jasotzeko altxatzen dituela esan eta jai euskalduna nahi duela ohartarazi zuen.
Espainiako banderaren itzalean egin behar izan zuten atzoko omenaldia, baina udaletxeko teilatutik gora igo zuten ikurrina, puxikei lotutako ikurrina txikiek zerurako bidea hartu baitzuten.
Ohorezko aurreskua ere egin zioten ikurrinari eta dantzarien artean aurreko urteetan txupinera izandako bat ere agertu zen.
Tanta batzuk baino ez, zorionez. jaietako lehenengo gauak euriaren mehatxua ekarri zuen Bilbora, baina ez zuen luzerako busti Marijaiaren 30. urtebetetze festa. Gogoan zuten konpartsa kideek iazko eguraldi kaskarra, eta bilbotar askok, berriz, duela 25 urteko Aste Nagusia, uholdeek zapuztutako hura. Baina, aurten, urak ez du halako ezusteko txarrik eman, oraingoz behintzat. Alkondara busti nahi dutenek, ordea, Hor Dago Abante! konpartsaren txosnara hurbiltzea dute, elefantetxo arrosaren tronpak txorrota ederra jaurtitzen baitu, urtero legez.
Aldaketa txikiak ekarri ditu aurtengo Aste Nagusiak, txosnen tokia, esaterako. Erreka ondora eraman dituzte, eta aurreko urtean aparkalekuetako obrek kendutako tokia berreskuratu bazuten, oraingoan datozen urteetarako ipini dituzte. Konpartsa eta txosna berriak sortzen ez badituzte behintzat; izan ere, Tas-Tas irrati libreko lagunek duela bi urte abiatutako konpartsak txosna propioa dauka behingoz. Berton jartzen duten musika da haien dohainetako bat, irratigintzan aritzen direnen esku espero daitekeenez.
Dantza, lehia eta oroimenerako festak Asterix eta Obelix galiarren antzera, konpartsetako kideek edabe magikoren bat hartzen dutela pentsatuko dute askok. Izan ere, bederatzi egunetan parrandan ibiltzeko gai diren gizon eta emakumeek sekreturen bat izan beharko dute. Ekitaldiz ekitaldi eta txosna batetik bestera dabiltza konpartsakideak; txandak egin behar dituzte, bazkariak prestatu, konpartsen arteko kirol eta jolasetan parte hartu, ekitaldietan egon, Udaleko jai batzordekoekin borrokatu eta haien agenda luzea osatzen duten beste hamaika gauza egin. Soberan duten denbora apurrean, gainera, lo egin beharko dute, agian.
Gainerako bilbotarrak ez dira atzean gelditzen. Goizeko diana eta txupin jaurtiketara jende gutxi animatzen da, baina eguerdiko bertso saio, antzerki eta bestelakoetara gogoz joaten dira. Arratsaldea izaten da, seguruenik, jaietako unerik lasaiena, gaueko martxarako prestatzen baita jendea, kontzertu eta tragoetarako, besteak este.
Omenaldiak Tintigorrikoek galera handia izan dute aurten, apirilean Amalai Jauregizar Ameli konpartsakidea galdu baitzuten, 82 urte zituela. 1994. urteaz geroztik, gainera, ohorezko txupinera izendatu zuten Ameli konpartsek. Horrexegatik, omenaldia egin diote jaietan, aurtengo pregoilari, txupinera eta, noski, Marijaiarekin.
Egiten duten lanagatik baino gehiago haien barrenean nozitu dituzten iskanbila eta desadostasunengatik izan dira albiste aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde soziolaboralak. Horixe uste eta deitoratzen du datorren martxora bitarte EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente izango den Jose Luis Ruizek (Venta de Baños, Espainia, 1950). Haren sindikatuak (CCOO) eta UGTk aukeratu dute Ruiz, orain arteko presidente Antxon Lafonten dimisioaren ondoren. Sindikalismoan 30 urte egin ditu, azkenak, Jose Unanue fundazioko presidente gisa. KESen agintaldi laburra egingo duen arren, lan egitera eta, batez ere, «adostasunerako bideak handitzera» datorrela dio.
Erronka zailegia dirudi presidentzia hartzea hain denbora laburrerako. Sindikatuei zegokien aukeratzea, eta niri egin zidaten proposamena. Ez zegoen nire asmoetan kargu hau hartzea, eta lasaiago biziko nintzateke onartu gabe. Baina KES erakunde garrantzitsua da, eta arduragatik kezkatuta banago ere, ohore handia da nigan izan duten konfiantza.
Lehendakariarekin hitz egiteko aukerarik izan duzu? Ez, uste dut oporretan egongo dela, ni bezala. Gertu nabilenez, noizbehinka Bilbora nator gauzaren bat lortzeko. Irailaren 1etik aurrera KESeko jende guztia itzuliko da, eta ohiko jarduera hasiko da. Une honetan zeharo itxita dago, baita egoitza ere.
Normaltasuna berreskuratu nahi duzula diozu. ELA eta LAB kanpoan izanda, ba al dago hori lortzerik? Nik uste dut KESek ondo zehaztutako eginkizun jakin batzuk dituela, erakundea bera sortzeko legeak jasotzen dituenak. Normaltasuna berreskuratzea KESek Legebiltzarreko legeek ezarritako funtzioak betetzea da, Jaurlaritzak bidaltzen dituen txostenak aztertzea. Argi dago bi sindikatuen hutsunea ez dela desiragarria, eta niri gustatuko litzaidake ELA eta LAB ere bertan egotea. Nire esku dagoena egiteko prest nago itzul daitezen , baina haiena da azken erabakia.
Horretarako aldaketarik egon denik uste al duzu? Kontseiluari ezin zaio eskatu bere araudietan ez dagoen gauzarik. Alde egin dutenek ikusi beharko dute zer egin.
Alde egiteko eman zituzten arrazoiak aintzat hartuta, pentsa daiteke agintaldia bukatu baino lehen bueltatuko direnik? Oraindik KES lagatzeko eman zituzten arrazoiak ez ditut ezagutzen. Esan bezala, KESi bere eskumenetatik kanpo dagoen zerbait eskatzeak zailtasunak sortzen ditu. Desberdina litzateke politikariek Kontseiluari beste zeregin batzuk emango balizkiote, baina, egun, dagoena besterik ez dago. Eta dagoenari ahalik eta etekin handiena ateratzea da garrantzitsuena. Orain arte hori lortu ez dugula uste dut. Are gehiago, KESeko desadostasunek indarra kentzen diote erakundeari Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren aurrean.
Lan hobea egin daitekeela uste al duzu? KESi buruzko gatazka jakin batzuk ezagunagoak izan dira egindako lana baino, baina KESen aditu talde bikaina dago, eta lan garrantzitsua egiten dute.
Beto eskubidea erakundearen arazo handienetako bat dela zioen Antxon Lafontek. Horrela al da? Niretzako beto sistema ez da ona halako erakundeetarako. Espainiako kontseiluen artean ezohikoa da EAEkoa, bakarra baita beto eskubidea darabilena. Ondorio txarrak ditu beto eskubideak zenbait momentutan. Baina egia da, halaber, talde guztiek erabili izan dutela, baita enpresaburuek eta sindikatuek ere, ELAk eta LABek batez ere, gehiengoa baitzuten sindikatuen taldean. Ados jartzeko borondateak bakarrik gaindi dezake betoa. Ulertu behar dugu KESi adostasunak ematen diola indar politikoa eta soziala; desadostasunak, aldiz, debaluatu egiten du. Edonola ere, Legebiltzarrak bakarrik alda dezake bozkatzeko sistema.
Zerga politika aldundien eskumena izanda, KESek ez du aztertu inoiz. Ez litzateke interesgarria izango zergen inguruan iritzia ematea? Egia da EAEko KESek lurraldearen egitura administratiboak berak ezarritako muga duela. KESek erkidego osoari dagozkion gaiez bakarrik eztabaida dezake, eta zerga politika aldundien eskumena da. Hutsune bat da, baina erkidegoaren egitura onartzen duenak aldatu beharrekoa da. KESek zerga politikari buruz hitz egitea ona izango litzateke, baina ez dago bere esku. Esan behar da aurrekontu legeari buruz ere ez duela iritzirik ematen, baina hau gai eztabaidagarriagoa da. Inoiz politikariek hori aldatu nahi badute, egin dezatela. Oraingoz, honi buruz pentsatzen dudana niretzat gordeko dut.
Jaurlaritzak bakarrik bidaltzen dizkio txostenak KESi, Legebiltzarrak ez du baliatu oraindik. Zergatik? KESen lanik handiena Jaurlaritzaren ekimenetatik dator, eragin sozioekonomikoa duten dekretuak edo lege proiektuak direla. Bigarren lana da hainbat gairi buruzko txostenak egitea. Faltan dugu Legebiltzarrak KESi gauzak eskatzea. Uste dut Legebiltzarrak berak akordioak lortzeko dituen zailtasunengatik izan daitekeela, eskatzeko ere ez baitira ados jartzen. Legebiltzarrari dagokio hutsune hori betetzea, KESi lana zergatik ematen ez dion aztertzea. Alabaina, izan daiteke ezer adosteko gai ez garela uste izatea eta, hori hala izanez gero, zertarako txostenak bidali?
Hamarkada inguru igaro da Napster izeneko softwareak P2P sareen
iraultza abiatu eta, horrekin batera, musikaren industria birsortzera
eraman zuenetik. Mp3 algoritmo ezaguna izan zen, alabaina, iraultza
horri ateak ireki zizkiona, musika Interneten zabaldu ahal izateko
moduan eskaini zuelako lehen aldiz. Urte gutxiren buruan, sarean
ibiltzen direnen kopuru handi batek ohikoa du kantu bat Interneten
bilatu eta doan eskuratzea. Iaz, SGAEren arabera, 1.200 milioi kantu
deskargatu ziren Espainian sortzaileei ezer ordaindu gabe.
Teknologia berriek ekarritako testuinguru berriaren aurrean, disketxeen
jarrera aspaldiko diskogintzaren industriari eusten saiatzearena izan
da, baina, urtetik urtera, aurkari garaitezinaren aurrean daudela ikusi
dute. Bitartean, musika saltzeko eredu berriak proposatu izan dituzte,
Apple konpainiaren iTunes Store dendarena, besteak beste. Bost urte
dira Steve Jobsen enpresak musika digitala saltzeko webgunea martxan
jarri zuenetik bere Ipod ezaguna, munduan gehien zabaldutako Mp3a,
kantuz hornitzeko asmoz. Urteotan, 5.000 milioi abesti baino gehiago
saldu ditu sagartxoaren enpresaren Interneteko dendak eta, egun, musika
ez ezik, audio liburuak, bideoklipak, filmak eta bestelakoak saltzen
ditu, arrakasta handiarekin gainera.
Applek musika digitalaren salmenta guztien %80 bereganatzen du eta
iPhone bezalako tramankuluen arrakasta ikusita, telefono berriaren
milioi bat ale saldu ditu egun gutxitan, ez dirudi merkaturaren gaineko
kontrola laster galduko duenik. Aurkariak, alabaina, dozenaka dauzka,
Industria Fonografikoaren Nazioarteko Federazioak (IFPI) zabaldutako
datuen arabera, 500 saltoki inguru dago sarean gaur egun, duela bost
urte 50 bat zirenean. Appleren apustuak, alabaina, ez du parekorik
izan, orain arte behintzat. Mp3a entzuteko teknologia (iPod),
ordenagailuan musika entzun eta kudeatzeko softwarea (iTunes) eta
saltokia (iTunes Store) batera garatu ditu, milioika erabiltzaileen
harrera bikainarekin. AEBetan, AT&T telefono konpainiak arazoak
izan ditu iPhone 3G berriak martxan jartzeko, esan zuenez, erabiltzaile
gehiegi ari zelako iTunes zerbitzura aldi berean konektatu nahian.
Musika digitalaren hazkundea. Dendak ez ezik etekinak ere hazi dira musika digitalaren merkatuan.
IFPIren iazko txostenak 2.900 miloi dolarreko (2.000 milioi euro
inguru) irabaziak jaso zituen, aurreko urtean baino %40 gehiago. Doan
deskargatutako kantuak askoz gehiago badira ere, 2007an 1.700 milioi
abesti saldu ziren Interneten, %53 gehiago 2006ko kopuruekiko.
Interneten eta sakelako telefonoen bitartez erositako kantuak,
dagoeneko, mundu osoan saldutako musikaren %15 dira. 2004an %2 besterik
ez ziren eta 2006an, aldiz, %11ra igo zen portzentaia. Munduko zenbait
herrialdeetan leku garrantzitsua dauka musika digitalaren merkatuak,
AEBetan, esate baterako, saltzen duten musika guztiaren heren bat
sarean edo telefonoen bidez zabaltzen dute eta Hego Korean, berriz,
%60tik gora daude kopuru horiek.
Musika sortzaile, konpositore eta editoreen Frantziako elkarteak
(Sacem) ere aitortu du legezko musika deskargen kopurua gora doala eta,
ondorioz, jabetza intelektualari eskubideari dagozkion diru sarrerak
era handitu direla. 2006an ia 2 milioi euro jaso zituzten horren truke,
aurreko urtean baino %150 gehiago. Sakeleko telefonoetatik eskuratutako
doinu eta abestien truke, berriz, 5,4 milioi euro bildu zituzten. Disko
konpaktuen salmentak, bitartean, behera egin dute, munduko herrialde
gehienetan bezala. Espainian, 2007an, %22,7 jaitsi ziren CD euskarrian
saldutako kantu bildumak, baina musika digitalaern merkatua %24,3 hazi
zen.
Erosteko bideak aldatu dituzten bezala, musika entzuteko ohiturak
aldarazi dituzte iTunes eta enparauek. Aspaldiko disko konpaktuekin,
talde edo bakarlarien lana osorik erostea beste aukerarik ez zegoen
baina, orain, abesti bakoitzaren 30 segundu aldez aurretik entzun eta
entzuleak gustuko dituenak bakarrik erosteko aukera dauka, euro baten
truke gehienetan. Baina diskoak eskuratu daitezke ere Interneteko
saltokietan. Alicia Keys kantariaren No one lanak 200.000 ale
digitaleko salmentak izan zituen iaz.
Eredu berrien bila. Interneten musika digitala saltzen duten saltoki nagusien artean
desberdintasun txikiak badira ere, antzeko eredua jarraitu dute
gehienek, Applek iTunes dendarekin ezarritakoak, hain zuzen ere. Hala
ere, egitasmo berriak ugariak dira, sustatzaileek espero duten
arrakasta beti lortzen ez badute ere. Frantziako Deezer.com webgunearen
apustua musika doan entzuteko aukera emateraena izan da. Streaming
deritzon teknologiaren bidez, erabiltzaileak nahi beste kantu entzun
ditzake, baina kantua ordenagailuan deskargatu gabe. Egun, 2,5 milioi
abesti eskaintzen ditu zerbitzuak eta Sacem elkartearekin lortutako
akordioari esker, legearen baitan jokatzen dute. Haien diru sarrerak
publizitatetik datoz eta horren zati bat jabetza intelektualaren
eskubideak kudeatzen dituzten erakundeekin partekatzen dituzte.
Bestelako aukerak ere aztertu ditu Applek berak, hilero kutoa jakin bat
ordaindu eta nahi beste kantu eskuratzearena kasu, zenbateko salneurria
ezar dezakete argitu ez badute ere. Nokiak eta Applek berak jorratutako
beste bide bat Mp3ak zerga moduko batekin kargatzearena da, esaterako,
musika entzuteko aukera eskaintzen duen telefono baten truke 60 euro
inguru behin ordaintzea, mzokinak disketxeen artean banatzeko.
Telefonicak, bitartean, musika, telesailak eta filmak bere ADSL
konexioen bezeroei doan eskaintzeari ekin dio Pixbox zerbitzuaren
bitartez. Urtebetez doan izango dute aukera hori eta, gerora, abiatu
zutenean bezala, ordainpeko zerbitzua izango da. Dagoeneko, 1,3 milioi
artxibo eskuratu dituzte erabiltzaileek Pixbox webgunearen bitartez.
Erostera joatea gero eta mingarriagoa da erosleentzat, prezioen etengabeko gorakada dela eta. Baina, aldi berean, lehen sektoreko ekoizleak kexu dira, gero eta gutxiago jasotzen dutelako haien uztaren truke. Salneurri horretatik saltokietako apaletan ikus daitekeeneraino «gero eta alde handiagoa» dagoela azaldu zuen atzo Bizkaiko EHNEko arduradun Ainhoa Iturbek, eta, ondorioz, Euskal Herriko nekazari eta abeltzainak «desagertzeko bidean» daudela ohartarazi zuen. Ekoizpen kostuen azpitik saltzen dutelako, «askok laga» egiten dutela esan zuen, eta, horren emaitza, Bizkaiko lurraldean kontsumitzen diren produktuen jatorrian ikus daitekeela gaineratu zuen. «Bizkaian ekoitzi ahal dugunaren %5 bakarrik ekoizten dugu, kontsumitzen ditugun gainerako elikagaiak kanpotik ekartzen dituzte».
Behin baino gehiagotan eskatu dio EHNEk Eusko Jaurlaritzari prezioen behatokia martxan jartzeko, baina orain arte ez dutela erantzunik izan diote.
Atzo Bilbon egin zuten agerraldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontsumitzaile elkarteek bat egin zuten EHNEren aldarrikapenarekin. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak (EKA), Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoak (EKE) eta Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunak (UCE) elikagaien garestitzearen zergatiak argitzeko eskatu dute, «honetatik guztitik etekinak nork ateratzen dituen kontsumitzaileek jakin behar dutelako», Ana Collia UCEko kideak esan zuenez.
Elikagai batzuekin banaketa enpresek lortzen dituzten «gehiegizko irabazi tarteak» gaitzetsi zituen EHNEko lehendakari Mikel Kormenzanak; «%300 eta %500ekoak ere izaten dira», azaldu zuen. Litro bat esneren truke ekoizleak 0,32 euro inguru jasotzen duela esan zuen Kormenzanak, eta, horren arabera, saltokietan euro batean saltzen den esne litroak %300etik gorako garestitzea izan du ekoizpenetik salmentarako bidean.
Banaketa enpresa horiek, gainera, produktuak ahalik eta merkeen eskuratzeko kanpora jotzen dutela azaldu zuen, «nolakoa izango den egoera eze, Eroski moduko enpresa batek Euskal Herri osoan zein Espainian fruta hornitzaile bakar bat ere ez duela». Hori dela eta, zuzeneko salmenta sareen alde egin zuen EHNEkoak, eta saltoki handien ereduaren kontra.
Azoka gardena Bilbon. Azaldu ez ezik, EHNEk etekin tarteak noren esku gelditzen diren erakutsi nahi dio gizarteari eta, horretarako, Azoka gardena deritzotena egingo dute etzi Bilboko kaleetan. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean saltoki bitxiak jarriko dituzte, baserritik zuzenean ekarritako produktuen jatorrizko salneurriaren eta, ondoan, supermerkatuetan bildutako prezioen berri emango diote erosleei, «zenbateko aldea dagoen ikus dezaten». Gainera, saltokietan «egunotan» bildutako prezioak erakutsiko dituztela esan zuten, «eguneratutako argazki bat plazaratzeko asmoz».
Horrez gain, bertara joaten direnei poltsa bat erosteko aukera emango diete, hiru eurotan, eta poltsan sar dezaketen guztia eraman ahal zaingo dute salneurri horretan. Iragarri dutenez, azoka eguerdiko hamabietan irekiko dute, eta produktuak amaitu arte egongo da zabalik.
Etsai beste jarraitzaile utzi ditu bidean Bill Gates (Seattle, AEB, 1955) Microsoften sortzaileak. Windows sistema eragilea mundu osoko ordenagailuen %90etara eramatea lortu du eta, ondorioz, software konpainia gehienak Gatesen erabaki eta asmoen menpe bizi izan dira azken bi hamarkadetan. Duela 33 urte sortutako informatikaren erraldoiari esker, Forbes aldizkariaren munduko biztanlerik aberatsenen zerrendan hirugarrena da. Urteotan, alabaina, ordenagailuekin zerikusirik ez duen esparruan murgildu da Gates, filantropiaren eremuan alegia. 2006ko ekainean iragarri zuen Microsoft utzi eta Melinda French emaztearekin batera sortutako Bill & Melinda Gates fundazioa gidatzeari ekingo ziola. Joan den ostiralean bete zuen orduan agindutakoa.
Albisteak ez du inor harritu, baina Microsoft konpainiaren gainbehera aurreikusi dute askok Gatesen agurrarekin, besteak beste, konpainiak ez dituelako bizi bere unerik gozoenak. Batetik, Yahoo erosteko eskaintzak porrot egin zien eta, bestetik, Google eta Steve Jobsen Apple, gero eta indartsuago ari direlako teknologiaren sektorean. Europan ere topatu dituzte oztopoak, Bruselak isun handiak ezarri baitizkio Microsofti monopolioa leporatuta.
Ez dago, alabaina, krisialdirik. Microsoftek 51.120 milioi dolarreko irabaziak izan zituen iaz eta sistema eragileetan ez ezik, Officerekin bulego softwarearen errege da oraindik. Egia da, ordea, bere azken sistema eragileak, Vistak, ez duela espero zuten arrakasta izan eta erabiltzaile gehienek, Mac Os edo Linux hautatu ez dutenek, Windows XP erabiltzen jarraitu nahiago dutela. Erabiltzaileen eskaera ugariek lortu dute, hain zuzen , XP sistemaren bizitza 2014ra arte luzatzea, Microsoften asmoen kontra.
Adiorik ez. Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. 2000n egin zuen lehen urratsa Gatesek, kontseilari ordezkari kargua Steve Ballmerren esku utzi zuenean. Zortzi urte behar izan ditu Ballmerrek Gatesen bulegoa eskuratzeko. Agurra, alabaina, ez da erabatekoa izan, astean behin Redmondeko egoitzara bueltatuko baita aholkulari aritzeko. Horrez gain, konpainiako kontseiluko presidente karguari eutsi dio.
Teknologiaren guruetako bat izan da Gates urteotan, baina beste aditu askok, Paul Graham kasu, Internetek irekitako garai berriari moldatzen jakin ez izana egotzi diote. Grahamek Microsoft hilda dagoela esatera heldu da, Google, Apple eta Gatesen beraren estrategiaren erruz. Banda zabaleko konexioei esker, ordenagailuetan instalatu beharreko softwarea desagertuko dela uste dut askok eta, horrekin batera, Microsoft bera.
Hemeretzi urte zituen Gatesek Harvard utzi eta Microsoft sortu zuenean 1975ean. Berea ez zen softwarea saltzeko gai izan zen, nori eta IBMri. Salmenta egin eta gero, 50.000 dolarren truke eskuratu zuen MS-DOS. Ondoren, Apple aurkariren abantailak bere egiteko modua asmatu zuen, Steve Jobsen oniritziarekin. Garai hartan, inork ez zuen uste ordenagailuen etekinak sistema eragileetan egon zitezkeenik, Gatesek, aldiz, ederki aurreikusi zuen.
Super Mario, Sonic edota Megaman izeneko heroiekin ezkerretik eskuinera aurrera egin eta bidean azaltzen ziren arerioak garaitzea zen duela hogei urteko kontsolek eskaintzen zuten esperientzia. Ez zen gutxi, baina ume eta nerabeen aisialdia besterik ez zen orduan. 1990eko hamarkadaren bukaeran, berriz, bestelako kontsola eta jokoak azaltzen hasi ziren merkatuan; Sony, Microsoft eta beste konpainia batzuk sartu ziren bideo jokoen merkatuan eta publiko helduagoa erakartzeko moduko jokoak sortzeari ekin zioten enpresek. Azkenaldian plazaratu dituzten bideo jokoen salmentek agerian utzi dute kontsolen erabiltzaileak adin mugarik ez duela. Rockstar konpainiaren Grand Theft Auto IV jokoaren sei milioi ale saldu zituzten dendetan jarri eta astebetera, eta 400 milioi euro inguru irabazi. Nintendoren Wii Fit berritzaileak, berriz, bi hilabetean milioi bat ale baino gehiago saltzea lortu zuen Japonian bakarrik.
Belaunaldi berriko kontsolen izarrik berrienak dira GTA IV eta Wii Fit, guztiz desberdinak beren artean baina, salmentei dagokionez, aisialdi elektronikoak musikak edo zinemak baino diru gehiago mugitzen hasi dela erakusten dutenak. Hollywoodeko film ezagunenek baino diru gehiago egin du GTA IVk lehenengo egunetan; esaterako, J.R.R.Tolkienen The Lord of the Rings liburuetan oinarritutakoek baino gehiago. Kontuan izan behar da, gainera, 18 urtetik gorakoentzat dela jokoa (17tik gorakoentzat AEBetan).
Joko honek mafiako kide baten rola ematen dio jokalariari, eta ia erabateko askatasuna dauka jokalekuan, New Yorken antz handia duen hiri erraldoi batean, mugitu eta ankerkeriak egiteko. Sexua eta indarkeria ez dira falta istorioan eta, horrexegatik, eztabaidak sortu dira eta zentsura jasan du. Play Station 3 edo Xbox 360 kontsoletarako atera dute jokoa, eta inoiz sortu dituzten grafiko errealistenak ageri ditu Rockstar taldearen lanak. Quentin Tarantinoren filmetan murgiltzea bezala da jokoak eskaintzen dituen ehun orduetan aurrera egitea, baina mafia buruen eginkizunak bete ondoren ere aukera amaigabeak ezkutatzen ditu jokoak.
Kirolaren osagarri. Nintendok, Wii kontsola merkaturatu zuenetik, bideo jokoekin jolasteko modua irauli du. Japoniarrek apustu garbia egin zuten dibertsioaren eta jolasteko erraztasunaren alde. Microsoftek eta Sonyk makina ahaltsuenak sortu nahi izan zituzten; Super Marioren gurasoek, berriz, helburu harrigarri bezain xumea jarraitu zuten: jokatzeko modua aldaraztea. Horretarako, aginte berritzailea sortu zuten eta, denborarekin, beste tresna batzuk gehitu izan dizkiote kontsolak berez ematen dituen aukerei. Wii balance board izeneko taula da plazaratu duten azken asmakizuna, eta Wii Fit jokoarekin batera garatu eta jarri dute salgai. Ohiko bideo jokoa da, baina ariketa fisikoa egiteko, norberaren gorputzaren jarrera eta oreka aztertzeko eta bizitza osasungarria eramateko gonbita da Nintendok egindakoa. Aurretik ere izan dira horrelakoak -Play Station kontsoletan dantza egiteko eta webcam batekin pantailako elementuetan eragiteko tramankuluak aspaldi atera dituzte-, baina lehenengo aldia da bideo joko batek sasoian jartzeko aukera ematen duela.
Baskula baten itxura duen taula da Wii Balance eta erabiltzailea taula gainean egin behar ditu ariketa guztiak. Hasieran, jokoari norbere altueraren berri emanda, Gorputzaren Masa Indizea kalkulatzen du. Ondoren, pisua gutxitzeko ariketa programa presta daiteke. Horrez gain, gorputzaren oreka eta jarrera zuzentzeko ariketak proposatzen ditu softwareak. Pantailan monitore moduko bat izango du bidaide erabiltzaileak, eta ariketak nola egin behar dituen erakutsiko dio horrek. Edonola ere, taulak berak oinen kokapena eta presioa antzeman ditzake eta, horren arabera, zuzen edo oker egiten ari den ohartarazi.
Jatorri anitzeko jendea bizi da gaur egungo hirietan, eta askotan, arrotzak ditugu bizilagunaren ohitura eta bizimoduak. Horrexegatik ekin zioten duela urte batzuk Munduko Arrozak izeneko festa ospatzeari, norberak bere herrikoaren berri gainerakoei emateko, hain zuzen ere. Musika, dantza eta, noski, arroza erabiliko dituzte larunbatean asmo horrekin, Bilbon eta Iruñean egingo dituzten egun osoko jaietan. Bizikidetza eta elkartasuna sustatzea dira jaialdiaren beste helburu nagusiak.
Antolatzaileek diotenez, munduan gehien erabiltzen den jakietako bat da arroza, eta horrexegatik, nazio bezainbeste errezeta dago munduan arroza prestatzeko. Valentziako erara, begetarianoa, haragiarekin, eta Coca Cola edari ezagunarekin prestatutakoak ere ikusi izan dira urteotan Munduko Arrozen jaialdian. Bosgarren urtez antolatu dute Bilbon jaia, eta azken lau urtetan Gasteizen eta Iruñean ere egin izan dute. Aurten, gainera, Gipuzkoan egiteko asmoa gauzatuko dute lehenengo aldiz.
KULTURA KALEAN. Sukaldaritza aitzakia nagusia izango bada ere, musika, dantza eta bestelako kultura adierazpenak ez dira faltako larunbateko festetan. Goizeko hamarretan hasiko dituzte Bilbon antolaketa lanak, jaialdian parte hartzeko izena eman duten taldeko kideek lekua hartzera joan beharko dute. Eguerdira bitarte, umeentzako tailerrak eta askotariko jolasak prestatu dituzte. Gainera, San Frantziskoko komentuko indusketa lanak edota Artelanen errepliken museoa ezagutu nahi dutenek, horretarako aukera izango dute bisita gidatuetan, aldez aurretik (34) 944 157 673 telefonora deituta. Epaimahaiak 13:30etatik aurrera dastatuko ditu arrozak, eta arratsaldez, kalejirak eta kontzertuak egingo dituzte Bilbo Zaharrean.
Iazko ekainaren 9an aurkeztu zuen Mac ordenagailuen sortzaileak sakelako telefonoetan iraultza ekarri behar zuen iPhone eta, urtebete igaro denean, asmakizunaren bertsio berria aurkeztu zuen atzo San Frantziskon Steve Jobs Apple konpainiako zuzendari nagusiak. Diseinu berria, kamera hobea, iraupen luzeagoa duen bateria, GPS sistema eta, batez ere, Interneten ibiltzeko 3G motako konexioak dira iPhone 3G bataiatu dutenaren berritasun nagusiak.
«Hobea» ez ezik, merkeagoa ere izango da Appleren tramankulua, 200 dolarretan jarriko baitute salgai 8 Gb-ko bertsioa, egun balio duenaren erdian, alegia. 16 Gb-ko telefonoa, berriz, 400 dolarretan salduko dute. Horrez gain, telefonoa mundu osora zabaldu nahi duela esan zuen Jobsek, «mundu guztiak nahi du iPhone bat eta eskuragarriagoa egin behar dugu» Horretarako, orain arte izan duten estrategiarekin hautsi eta 70 herrialdeko konpainiekin itunak sinatu dituztela iragarri zuen. Uztailaren 11n, momentuz, iPhone 3G berria 22 herrialdetako dendetara helduko da, tartean, Euskal Herriko saltokietara.
Telefonoen eremuan iPod-ekin lortu zuena errepikatzeko bidean da Apple, mundu osoan sei milioi iPhone saldu baititu dagoeneko. Konpainiako zuzendariak aitortu zuenez, «salgai ez dagoen tokietan ere erabiltzen dute».
HEGOALDEAN SALGAI. AEBetan bakarrik hasi ziren saltzen iPhone . Iparraldera iazko azaroan heldu zen baina Hegoaldean oraindik ez dute salgai jarri. Askotariko zurrumurruak zabaldu ondoren, Telefonicak Apple-ekin kontratua sinatu duela baieztatu du. iPhone 3G bat eskuratu nahi dutenek, beraz, Movistarrera jo beharko dute, hasiera batean behintzat.
Zazpikaleetako bihotza da Plaza Barria. Bertan, tabernaz taberna ibiltzeko, umeak jolasten ibiltzeko eta askotariko azokak egiteko tokia izan dute bilbotarrek azken bi mendeetan. Aurrerantzean, gainera, bisitari berriak izango ditu plazak, ordenagailu eramangarriak besapean hurbilduko zaizkion Internet zaleak. Wi-Fi bidez konektatu eta sarean ibiltzeko aukera emango duen Bilboko lehenengo tokia bilakatu zen atzo Plaza Barria. Orain arte, barruti guztietako liburutegietan eta udal bulegoetan jarri du Udalak haririk gabeko konexioa, baina lehenengoz egin du eraikinetatik kanpo. Plazaren erditik edo banku batean eserita egonda konektatzea dago.
Wi-Fi konexioa martxan da dagoeneko eta atzoko aurkezpenean Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak azaldu zuenez, «oso modu errazean erabil daiteke». Aski da haririk gabeko konexioak abian jartzea horretarako aukera ematen duen ordenagailuan, «Bilbao izeneko konexioan klikatzean, inolako pasahitzaren beharrik gabe, Udalaren webgunea azalduko zaio erabiltzaileari eta, handik aurrera, webgunearen helbidea idaztea nahikoa izango du».
Comunicaciones alternativas Euskadi taldeak jarri du martxan konexioa eta, Fernando Presa enpresako teknikoak esan zuenez, Wi-Fi konexioaren ezaugarri teknikoak betetzen dituzten tresna guztiekin izango da eskuragarria Plaza Barrian jarritakoa, «PDA zein ordenagailu eramangarriekin». Abiadura zehaztu gabe, konexioaren banda zabalerak aldi berean nahi beste erabiltzaile hartzeko ahalmena izango duela ziurtatu zuen. Bestetik, Interneten ibili eta posta elektronikoa, Pop bidezkoa barne, mugarik gabe ikusteko aukera egongo den bitartean, konexio mota eta protokolo jakin batzuk galarazi dituztela ohartarazi zuen, «P2P sareetan musika zein bideoak deskargatzea galarazita dago eta, horrez gain, ezegokiak diren edukiak, pornografia eta indarkeria sustatzen dutenak batez ere, iragaziko ditu sistemak».
Jon Aldaiturriaga Zazpikaleetako merkatarien elkarteko ordezkaria pozik azaldu zen konexioarekin, «duela 3 urte proposatu genion Udalari eta orain izan dugu ideia gauzatzeko aukera». Zazpikaleak «modernizatzeko» urratsa dela uste du eta, bide batez, «herritarrei zerbitzu berria emateko». Plaza Barrian kokatu izanari, gainera, zoragarria deritzo, «oso leku bizia da eta turistak ere ibiltzen dira hemendik, Guggenheimera joaten direnen artean, inkesten arabera, %85 inguru hona dator ere». Hemendik aurrera, tabernetako terrazak «ordenagailuz beteak» ikustera ohitu beharko dela gaineratu zuen Aldaiturriagak.
GUZTIEN ESKU. Bilboko Agenda Digitala 2012 egitasmoaren harira ekin dio Udalak mota honetako konexioak egiteari eta, etorkizunean, «ekimen honek zer nolako harrera duen eta bere bilakaera aztertu ondoren», antzeko ekimenak egin ahal dituztela iragarri zuen Bengoetxeak. Esan zuenez, «herritar guztiek Internetera konektatzeko aukera izan dezaten» lanean jarraitzeko asmoa dute.
Kultura zinegotziak, bestetik, oker larria izan zuen atzoko aurkezpenean Wi-Fi konexioa «Bilboko hiriak izan zuen lehenengo plazan» jarri dutela iragarri zuenean, izan ere, Plaza Barria berria da Bilbon zaharragoa bazegoelako . Udaletxe zaharra eta San Anton elizaren artean zegoen Plaza Nagusia deitutakoa eta, gerora, Plaza Zaharra bataiatu zutena. Plaza Barria XIX. mendekoa da eta 708 urte laster beteko dituen hirian plaza zaharragoak izan dira.
Herritarrek eginak herritarrek gozatzeko. Asmo horrekin antolatu zituzten lehenengo konpartsetako kideek Bilboko festak, duela 30 urte inguru. Herri jaien iraultza izan zen hura, eta, garai hartakoak ez ezik, etorkizuneko Aste Nagusien oinarriak ezarri zituzten jai batzorde parekideari esker. Urteetan, Udalaren ordezkariek eta konpartsetako kideek, herritarren bestelako ordezkariekin batera, jaietako egitaraua prestatzen zuten.
Azken urteotako errealitateak, aldiz, oso bestelako egoera ekarri die Bilboko auzoetako jaiak eta Aste Nagusia antolatzeko ardura duten batzordeei. Udalak, Auzotarrak elkarteko eta Konpartsen Federazioko ordezkarien esanetan, «Udalak inposizioaren bideari ekin dio»; edozein ekitaldi antolatzeko, gaur egun, askotariko trabak jartzen dizkie auzo eta herritar elkarteei. Egoera dagoeneko «eramanezina» dela eta «jai ereduaren aurkako eraso zuzena» abiatu dutela salatu du Gerardo Perezek, Bilboko Konpartsetako kideak.
Udalarekin izandako harremanetan «mugaraino» heldu direla esateko agerraldia egin zuten atzo Bilboko Konpartsen Federazioko eta Auzotarron elkarteko kideek Bilboko Zazpikaleetan, eta, Udal erakundeekin duten egoerari erantzuteko, Marra gorria izeneko ekimena aurkeztu zuten. Perezek adierazi zuenez, Udalaren jarrerari «mugak jartzeko garaia da; bestela, herri jaien eredua desagertu egingo da». Festetan herritarren parte-hartzea lortu nahi duten bezala, Bilboko jaien eredua babesteko bilbotarren laguntza lortu nahi dute: «Horretarako, egin dezakegun gauza bakarra egingo dugu: jai bat antolatzea».
Hilaren 15ean egingo dute festa, eguerdi partean, Bilboko Areatzan: «Baimena ukatzen ez badigute, behintzat; azkenaldian, inoiz ez dakizu Udaleko sail batean baimena ahoz eman dizunak horretarako ahalmenik benetan ote duen». Herritarrekin batera egin nahi duten festan ekimenaren marra gorria iradoki nahi dute, eta, horregatik, txorizoa banatuko dute hiriaren bihotzean. Gero, musika eta jai giroa izango dira nagusi.
OZTOPOAK UGARITU. Aste Nagusitik kanpo, hiriburuko auzo gehienetan ospatzen dituzte jaiak udako hilabeteetan, eta bakoitzeko jai batzordeetako kideek Auzotarrok elkartea osatu zuten duela urte batzuk, esperientzia eta baliabideak trukatu eta partekatzeko. Aspaldi salatu dute Auzotarrok elkartekoek Udalak gero eta diru gutxiago ematen diela, baina atzo egun jasotzen duten diru kopurua «barregarria» dela esan zuen Ruben Barcinak. Aldiz, ugaritu dieten gauza bakarra egin beharreko «eskabide eta izapideak» izatea deitoratu zuen.
Udalarekin hitz egiten saiatu diren arren, gauzak okerrera joan direla azaldu zuen Barcinak. «Urteak daramatzagu jaiak antolatzen, baina, hala ere, urtero eskatu behar ditugu baimenak, gero eta gehiago». Lurzoru publikoaren lege berria martxan dagoenetik, «trabak areagotu» dira eta, ordutegiak, urte batetik bestera murriztu egiten dituztela nabarmendu zuen. Udalak, gainera, Auzotarrok bezalako elkarteak gutxiesten dituela gaineratu zuen, «inor ez bagina bezala hartzen gaituzte, etsigarria da, herri bazkariak kalean egitea ere debekatzen digute legearen aitzakian».
Konpartsen aldetik ere, ezkor azaldu ziren atzo, «aurtengo jaiei buruz Udalaren jarrera ikustea besterik ez dago». Esan zutenez, jai batzordeari «eduki osoa kendu diote, kideak izanda ere, ezer gutxi dakigu hurrengo Aste Nagusiari buruz». Perezek uste du hemendik gutxira aurkeztuko dietela egitaraua, «guk ekitaldi oso gutxi antolatzeko aukera izan dugu bakarrik». Konpartsek iaz antolatu nahi izan zituzten ekitaldi gehienak atzera bota zituztela gogoratu zuen eta, horregatik, «aurtengoan bizpahiruetan batu ditugu gure esfortzuak».
Marra gorria ekimena, ekainaren 15eko festaz gain, datozen hileetan aurrera egingo duela azaldu zuten eta, horrez gain, adierazpen bat kaleratu dute Auzotarrok elkarteak eta Konpartsek, «udalak dekretu bidez inposatzen duen pribatizazio kanpaina» salatzeko: «Herritarren parte-hartzea eta udal inposaketa banatzen dituen marra gorria Udalak aspaldi gurutzatu» zuela diote zabaldutako dokumentuan eta, horren aurrean, «herritarren parte-hartzea ardatz duen hiri bizi baten alde egiteko, elkarteek ezin dugu isilik jarraitu».
Goyo Nadal izeneko kantariak sortu zuen 1939an Chimberos bilbainada taldea eta, urte luzeetan, Txikis, Cinco Bilbainos eta beste batzuekin batera, Bilboko eta Bizkaiko herri kantuak eraman zituzten batetik bestera. Belaunaldi desberdinak bildu izan ditu Chimberos taldeak eta, urteotan, Koldo Villar (Bilbo, 1968) eta Jon Basterra (Bilbo, 1961) izan ditu kantari. Musika irakasten aritzen zen lehenengoa eta bigarrenak, aldiz, odolean daramatza bilbainadak, gurasoa Chimberos taldeko kidea ere izan baitzuen. Bilboko tabernetan bat-batean kantuan hasteko ohitura galbidean dagoela uste dute baina, hala ete guztiz ere, bilbainadak inoiz ez direla desagertuko diote. Haiek, momentuz, atsedenaldia eman diote taldeari baina ez dute baztertu «egun hauetako batean» oholtza gainera itzuliko direnik.
Zuen lekua hartuko duten belaunaldi berririk etorriko al dira?
BASTERRA:Bilbainadetan kantuan aritzeko asmorik duen gazterik ez dago gaur egun, abeslari izateko ametsak dituenak bide komertzialagoak bilatzen dituelako. Kantu mota hau gehien bultzatu dutenak adin bateko jendea da, ohitura handia izan dutelako. Nik etxean ezagutu nituen bilbainadak eta musikaren beste alderdi batzuk ere atsegin ditudan arren, herri kantuak barruan daramatzat. Egon dira talde berriak egiteko saioak, baina gurea izan zen jende gaztearekin zaharberritu zen talde ezagun bakarra, gure atzetik ez du beste inork egin.
VILLAR:Gaur egun, halako musika mota ez zaio jendeari ezagutarazten, kantatzeko ohitura galdu delako, hain zuzen ere. Garai batean, oso arrunta zen kantatzea, baina zaletasun arraroa da orain. Ahozko kulturaren baitan dagoena gauza bat da eta belaunaldi batetik bestera transmisiorik ez badago, galtzeko arriskuan dago.
Aste Nagusian entzuten dira batez ere bilbainadak. Nolako zaleak dituzue?
VILLAR: Duela 40 urte bilbainadak entzun eta gustuko zituzten horiek dira egungo publikoa. Tamalez, egunkarietako eskeletan ikus ditzakegu egunero galtzen ditugun zaleak. Gazteen artean ez dago zaletasun handirik, jaietako kontzertuetatik aparte oso gutxitan taularatzen dira bilbainadak eta gainera, inork ez du beharrezko lana egiten bilbainadak berreskuratu eta zaletasuna sustatzeko. Erakundeen eta musika eskolen lana izan beharko litzateke agian.
BASTERRA: Gure publikoak 60 urte inguru izaten ditu batez bestez eta, gehienak, handik gorako adina dute. Horiek dira mota honetako kantuetan aritzea gehien maite dutenak eta herri abestien garrari eutsi izan diotenak.
Tabernetan sortu ziren bilbainadak, lagun arteko giroan kantatzen zenean. Hori desagertu dela uste al duzue?
VILLAR: Bai, desagertzen ari da eta ez bakarrik bilbainadak, baizik eta bat-batean kantuan hasteko edozein modu. Gero eta zailagoa da tabernan zaudela halakorik gertatzea, arraroa deritzogu horri eta baten bat ausartzen bada, gaizki begiratzen diote eta sakelako telefonoarekin grabatzen dute gero Interneten eskaintzeko. Harrigarria da gauzak nola aldatu diren ikustea.
BASTERRA: Antzina, tabernetan horrelako kartelak jartzen zituzten atean: Gaizki abestea debekatuta dago. Kantatzea, beraz, zilegi zen, txarto egitea zen arazo bakarra. Hori zeharo desagertu da, Bilboko Zazpikaleetako taberna gutxi batzuetan izan ezik.
VILLAR: Eremu pribatuetara baztertu den fenomenoa da herri musikarena. Txokoetan, etxean edota familiarekin mantendu dira horrelako kantuak, baina kalean aspaldi ez dago halakorik. Udalak edo beste erakunde batek antolatutako ikuskizun batean ez bada, ez duzu inon entzungo bilbainadarik. Nire ustez, lazgarria da gure gurasoek eta aiton-amonek zuten bat-batekotasun hori galdu izana.
Txapela eta txikiteroen kulturarekin lotzen ditu jendeak bilbainadak? Txikitoarekin batera jaio al ziren?
VILLAR: Bai, hala dela esan daiteke. Herritik jaio eta zabaltzen den arte adierazpen guztiekin gertatzen den bezala sortu ziren. Lanaldia bukatzen zutenean, beharginak tabernetan biltzen ziren lagunekin. Aisialdi modu bakarrenetarikoa zuten. Inauterietako koplak dira egungo bilbainaden aitzindariak, hirian gertatzen ziren kontuak hartuta, kantuak egiten zituzten, inauterietan abesteko. Denborarekin, urte osoan kantatzeko joera zabaldu zen eta zati desberdinak hartuta, doinua gehitu eta lehenengo bilbainadak jaio ziren. Istorio desberdinak biltzen zituzten kantuak zeuden eta ahozko transmisioari esker, belaunaldi batetik bestera pasa ziren. Horren ondorioz, askotan gertatzen zaigu kantu jakin bat modu batean ikasi dugula ete beste batek, modu desberdinean ezagutzen duela.
Chimberos historia luzeko taldea izan da beti eta gorabeherak izan ditu. Ondare hori guztia gorde al duzue?
BASTERRA: Bilbainadetan aritu zen lehenengo taldeetariko baten eszisioa izan zen. XX. mende hasierako Bilbo horretan elkar ezagunak ziren guztiak eta aitzindariak talde batean bildu ziren. Eztabaida desberdinak eman ziren, gerra piztu eta politika kontuak tartean sartu zirela, Bocheros taldea desegin zuten arte. Handik sortu zuen Goyo Nadalek Chimberos.
VILLAR: Izenarekin pasadizo ezaguna dago. Dirudienez, Zaragozan kontzertua egin behar zuten oraindik Bocheros taldean ari zirela eta, eszisioa gertatu zenean, karteletan ageri zen izena aldatzea bururatu zitzaion Goyori. Hitzaren bukaerari eutsi zion eta 'Bocho' 'Chimbo'-rekin aldatu zuen. Kondaira moduko bat besterik ez da baina, dakidala, benetan gertatu zen.
Zer pentsatu zenuten taldearekin jarraitzeko proposamena helerazi zizuetenean?
BASTERRA: Garai desberdinak izan zituen taldeak. Jesus Ibarra izan zen taldea zuzentzen urte gehien eman zituena. 50ko eta 70ko hamarkadetan ez bezala, Ibarraren garaian Bizkaian aritzen ziren lanean batez ere. Gizon horrek, alabaina, gaixotasun bategatik utzi behar izan zuen musika eta, ondoren, taldea noraezean ibili zen denbora batez. Egun batean, 1999. urtearen bueltan, taldearen sortzailearen ilobak deitu zidan, Chimberos berregiteko urratsak egiten hastea proposatzeko. Horrelako talde baten lekukoa hartzea gauza berezia zelako onartu nuen.
Zer nolako esperientzia izan zen zuentzat bilbainadekin agertokira lehenengo aldiz ateratzea?
VILLAR: Ondo gogoratzen dut, 2000. urtean izan zen, Arriaga antzokian eta bilbainada txapelketaren kantuak aurkezten diren egunean bertan. Abesti batzuk plazaratu genituen eta antzokia erori behar zela iruditzen zitzaigun, berritasun handia ginelako publikoarentzat, inork espero ez zuena.
BASTERRA: Berria zen pentsatzen zuten baino gazteagoak ginelako, hain zuzen ere. Bilbainada txapelketaren moduko ekitaldi batera joateko ohitura dutenek, adin bateko jendea topatzea espero dute, publikoan zein agertokian. Gu atera ginenean, beraz, berritasun handia izan ginen guztientzat.
Begoñako ama eta Athletic futbol taldea bezalako ikurrak askotan azaltzen al dira bilbainadetan?
VILLAR: Ez, askok uste dutenaren kontra, halakoak ez dira gehiegi azaltzen. Hauen inguruko kantu ugari, gainera, ez dira bilbainadak.
BASTERRA: Futbolari buruzko zaletasuna gehien bizi izan dituzten garaietan kantatuko ziren gehiago Athletic-en ingurukoak, txapelketak irabazten zituztenean, alegia.
VILLAR: Begoñako amatxuari buruzkoak ere, ez dira ugariak, Begoñako Andra mari kenduta. Ohikoagoa da hiriko kaleei buruz eskainitakoak topatzea, itsasadarreko urari, kaleko argiei eta norbearen haurtzaroa gogorarazten duten kontuei buruzkoak.
BASTERRA: Gauza umoretsuak dira bilbainadetan gehien jorratzen direnak, gertaera edo istorio jakin batzuk, loteria irabazi zuen ile-apaintzailearena kasu. Gauza serioei buruzko bilbainadak egiten saiatzen direnetan, urteotako txapelketetan gertatu izan den bezala, nahiko emaitza arraroak izaten dira.Esaterako, Guggenheim museoa goratzeko kantuak egiten saiatu izan dira, baina inolako graziarik gabeko bilbainadak atera dira. Halakoak ezin dira egin, umorearen ikuspegitik egiten ez badira behintzat. Bilbainadarik onenak irribarrea ahoan dugula egin eta kantatu behar dira.
Euskarazko bilbainadak egon badaude, baina ez al dira gutxi gaztelerazko ekoizpenarekin alderatuta?
BASTERRA: Euskarak badu lekua bilbainadetan baina gehienetan gaztelerarekin batera ageri da, alegia, esaldi edo lelo batzuk euskaraz tartekatzen dituzte bilbainada askok. Kontuan hartu behar dugu bilbainaden loraldian euskara debekatuta zegoela eta, horrekin batera, etorkin ugari etorri zirela Bilbora eta Euskal Herrira. Edonola ere, bilbainada gehienek dute euskarazko hitz edo esaldiren bat.
VILLAR: Bizkaiko hainbat herritan ez bezala, Bilbon ez zen euskara etxeetan mantendu. Horretan datza, besteak beste, Gipuzkoako herri kantuak eta gurearen arteko desberdintasuna. Haiek euskarazko abesti ugari gorde izan dituzte eta gurean, berriz,bilbainadak ditugu.
Desagertzeko bidean al daude bilbainadak?
VILLAR: Gauzarik tristeena da jendeak kantatzeari utzi diola. Haurrak ez dira kantuan hasten koruetan ez bada, edo telebistan ikusten dutena. Herri kantuak berreskuratu behar dira. Saioak egin dira, urteroko lehiaketa kasu, baina antolatzaileek badakite ez dutela kalitate handirik. Modu egokian bultzatuz gero, aurrera atera daiteke. Gauza asko zaintzen diren moduan, hau ere gorde daiteke.
Bilbotarra izatea ezinbestekoa al da bilbainadak behar bezala kantatzeko?
BASTERRA: Ez da ezinbestekoa, baina bilbotarra izateak izaera jakin bat ematen du. Edonola ere, Chimberos, Txikis eta beste talde batzuetan bilbotarrak izan gabe oso ondo kantatu izan dutenak egon dira. Bestelako kontua da abesten duzuna barruan sentitzen duzun edo ez. Bilbo milaka etorkinek zabaldu zuten eta zetorren bakoitzak bere ekarpena egiten zion bertoko kulturari, herri kantuetan ere.
Ba al dute bertsolaritzarekin zerikusirik bilbainadek?
BASTERRA: Nolabaiteko konexioa badaukate aisaildiarekin lotuta baitaude biak. Tabernetan koplak botatzen hasi ziren moduan, bat-batekotasuna da gakoa, askotan gertatzen da txoko edo festa berean euskaraz bertsotan aritzea batzuk eta bilbainadekin besteak.
Iaz plazaratu zuen FEVE konpainiak bere tren historikoetan egun bakarreko bidaiak egiteko proposamena, eta inork espero ez zuen arrakasta lortu zuen, eserlekuen %98 saldu baitzituen. Bilbotik abiatu eta, 39 euroren truke, larunbata edo igandea eskualde bat ezagutzen emateko aukera eskaintzen dute, eta, bidaiak ez ezik, bazkaria eta museoetarako bisitak salneurriaren barnean daude.
Berritasun nagusia larunbateko bidaian datza, Naturaren trena izenekoa Medina de Pomar (Burgos) herrirako bisitarekin aldatu baitute. Igandeetan Balmaseda ingurura egingo dute trenek, Pozalaguako kobazuloak edota Loizaga Dorretxeko gaztelua ezagutzeko, besteak beste. Bidaia luxuzko bagoietan egiten da, 1928. urtekoa da zaharrena, eta 1965koa bestea. Eserleku gehiago eskaini ahal izateko, aurten hirugarren bagoi bat ere jarri dute.
Hans Jensen (Thule,1950) Groenlandiatik etorri da. Inuita da, eta bere herrian klima aldaketak eragin dituen ondorioei buruz argibideak ematen ari da han eta hemen. Ipar poloan ez da bere herritik iparraldera bizi den besterik. Thulen 800 lagun inguru bizi dira, eta gehienak ehiztariak dira. Jensenek inguruetako ostatu bakarra zuzentzen du, eta bertan sortutako harremanak direla medio izan du aukera bere herriaren kezkak munduko hainbat lekutan zabaltzeko.
Klima aldaketak eragin zuzena du inuit herriarengan. Zer-nolakoa da eragina?Zailtasun handiak sortu ditu klima aldaketak gurean, ehiztariak garelako. Ehiztarien bizimodua aldatzen ari da; itsasoko izotzak oso hauskor bilakatu dira, eta hori da leran bidaiatzeko erabiltzen dugun bide nagusia. Izotza noiz apurtuko den aurrez ikusterik ez dago orain, eta ehizan aritzeko oztopo handia da hori.
Herriak ba al daki oztopo horiek klima aldaketak eragin dituela?Bai, egunero bizi dutelako, gero eta zailtasun gehiago dituztelako bere aspaldiko bizimoduan aurrera egiteko. Jendeak horretaz egunero hitz egiten du, eta badaki nondik datorren. Ehizan ibiltzea erraza zen iraganean, eta oso zaila gaur egun.
NBE Nazio Batuen Erakundeak berriki egin duen goi bileran, agerian gelditu da herri indigenek pairatzen dutela gehien klima aldaketa. Inuit herriak ez du kutsadurarik sortzen, baina ondorioak pairatzen ditu...Oso arduratuta gaude horrekin, eta badakigu herri aberatsenek egindakoaren ondorio lazgarriak pairatzen ari garela. Gorrotorik ez diegu, baina gosearen beldur gara, eta gehiegizko arriskuei aurre egin behar izaten diegu orain ehizan aritu ahal izateko.
Ipar poloan erregai fosilen bila jo duten multinazionalak ere badira. Horien beldurrik ba al duzu?Horrek ez nau kezkatzen. Groenlandia oso herri handia da, eta oso biztanle gutxi ditu; beraz, ez da ekonomikoki bideragarria. Kontsumorako hainbat eta hainbat gauza urrunetik ekarri behar ditugu, torlojuak eta esnea, esate baterako. Baina jendeak badauzka gauza horiek, Danimarkatik itsasontzian eramandakoak. Bi aste inguruko bidaiak izaten dira horiek, eta nire herrira -iparraldean dago- urtean behin heltzen da ontzi bat lehengai eta bestelako produktuekin, haraino joateko aukera dutenean. Hala izanda ere, Thulen esnea Groenlandiako beste edozein lekutan edo Danimarkan balio duenaren antzeko salneurrian saltzen da. Independenteak izateko defizit handia dugu, eta, horregatik, baliabide propioak izateko itxaropena da guretzat petrolioa.
Herrialde batzuetan, beren interesa besterik ez dute nahi petrolio konpainiek.Gure erakundeek ustiapen horiek kontrolatu eta kudeatzeko gai izango direla uste dut, eta, horrela, etekinak herriarekin partekatuko dituzte.
Nolako bizimodua duzue Thulen?Ehiztarien gizartea da, betidanik izan den bezala. Arrantza ere egiten dute, baina bestelako animaliak ehizatzen ditugu batez ere; gehienak ehiztariak dira gaur egun. Herri modernoen zerbitzuak ere baditugu: eskola, gasolindegiak, ospitalea eta posta zerbitzua, esaterako. Nire lanbidea bestelakoa bada ere, nire denboraren laurden bat ehizan aritzeko erabiltzen dut, karibu edo foken bila. Etxekoentzat bakarrik egiten dut, gero ez dut saltzen harrapatutakoa.
Inuit herria oso sakabanatuta dago. Ba al dauka nazio nortasunik?Bai, noski; nazio bat gara, eta milaka urteko kulturak batzen gaitu. Ez gara ez daniar eta ez besterik: inuitak gara, eta gure independentzia da gure helburuetariko bat. Kanadako inuitekin ere lotura sendoak ditugu, arbaso komunak eta senideak alde bietan. Garai batean, itsasoko izotza zeharkatu egiten genuen Kanadara joateko; orain, ia ezinezkoa da, klimagatik.
Hizkuntza bakarra al du inuit herriak?Hizkuntzalaritzaren aldetik, bakarra da, baina dialektoak biltzen ditu; hala ere, dialekto desberdina dutenek ez dute arazo handirik elkar ondo ulertzeko. Groenlandian bizpahiru dialekto daude, eta beste horrenbeste Kanadan eta Alaskan. Abestiak, liburuak eta filmak baditugu gure hizkuntzan. Kultur ekoizpen zabala dugu, herri txikia garela aintzat hartuta.
Egokia ez den hitz batekin izendatzen zaituztete: eskimal. Zure herriari buruzko zer-nolako ikuspegia topatu duzu munduan?Eskimal hitza ez da gurea; Kanadako indiarrek erabiltzen zuten. Frantsesek galdetzen zietenean iparreko herria nor zen, haiek eskimalak zirela esaten zieten, haragi gordina jaten dutenak. Mespretxuzko hitza da, baina kanadarrentzat. Groenlandian ez zaigu hainbeste axola eskimal esatea, baina Kanadako inuitentzat iraingarria da. Guk inuit deritzogu gure herriari; pertsona esan nahi du inuit hitzak.
Frankismoaren biktima eta haien senideekin harremanetan jarri, erakundeekin hitz egin eta artxiboetan arakatzea, horiek dira Martxelo Alvarezek (La Foz, Espainia, 1962) egunero dituen zereginetako batzuk. Ogibide batean baino gehiagotan aritutakoa da, eta ez da ikerketa jorratzen duen lehenengo aldia; izan ere, Hego Amerikan aritu zen 80ko hamarkadan Egin, Interviu eta Punto y Hora agerkarietarako berriemaile.
Zergatik erabaki zenuen diktadura garaiko biktimen alde lanean hastea? Familiaren historiatik datorkit: aitona herriko alkatea zen, eta 1937aren bukaeran atxilotu zuten, nazionalak sartu zirenean. Kartzelan izan zuten 38ko apirilaren 2an Oviedoko hilerrian fusilatu arte. Hango hobi komunean lurperatu zuten, beste 1.700 lagun ingururekin batera. Hau da nire familiaren memoria, etxekoek gorde izan dutena. Txikitatik entzun nituen kontakizunak; hasieran, ulertu ere ez nituen egiten, baina, nagusi egin ahala, hausnarketak egin eta galderak egiten dizkiozu zeure buruari. Gerora ere, horren guztiaren kontzientzia hartzen duzunean, zure familiaren historia eremu jakin batean kokatzen duzu, harik eta testuinguru askoz zabalago batean kokatzen duzun arte.
Eta noiz kokatu zenuen zure familiaren historia ikuspegi zabalago batean? Ezkerrekoa izan da nire familia betidanik, alderdi sozialistakoak eta komunistakoak. Oso gauza bizia izan da haiengan. Askotan galdetu diot neure buruari zergatik ez ote nintzen askoz lehenago hasi kontu hauetan, baina ez dakit zergatik izan den. Duela urte batzuk memoria historiakoaren gaiaz hitz egiten hasi ziren jendea eta komunikabideak. Santiago, Leon, Prioranza eta bestelako hobi komunak mugitzen hasi zirenean piztu zitzaidan interesa, baina liburu bat irakurtzean erabaki nuen zer edo zer egin behar nuela. Nolabaiteko katarsia eragin zuen nire baitan. Montse Armengou eta Ricard Belis Kataluniako kazetariek TV3 telebistarako Las fosas del silencio dokumentala prestatzeko egindako ikerketa zen liburua. Beste liburu batzuk ere irakurri nituen, eta, orduan bai, nire familiaren historia argazki askoz zabala eta bortitzago batean kokatzen hasi nintzen. Milaka eta milaka lagunen tragedien berri izan nuen, eta konturatu nintzen gurean behintzat aitona non lurperatu zuten bagenekiela, baina Espainiako errepide bazterretan 90.000 pertsona baino gehiagoren gorpuak daude, eta inork ez daki non dauden, ezta nortzuk diren ere.
Frankismoa amaitu zenetik, alabaina, urteak igaro dira. Nolatan ez da halakorik aurretik egin? Uste dut askori gertatu zaigula urte askoan ezkutuan egon den gaia, hedabideetan agertu ondoren, berpiztu egin dela. Berez, hor zegoen, baina trantsizio osoan egungo indarrarekin inork ez du jorratu. Belaunaldi berriek bereganatu dute lan hori.
Biktimen seme-alabak izan beharrean, hirugarren belaunaldikook ekin diozue lanari? Bai, hein handi batean behintzat, gerra pasatu zutenentzat oso esperientzia gogorra izan zelako. Aitonaren sei seme-alabetatik hiruk memoria historiko hori gorde izan dute, izeba batek batez ere. Txikia zen aitona eraman eta fusilatu zutenean, baina irudiak gordetzen ditu. Gauzak azaltzeko arazorik ez du izan; beldurraren gainetik ausardia erakutsi zuen horretan. Noski, etxe barruan kontatzen zituen aitonari buruzkoak, kanpoan ezinezkoa baitzen. Honetan guztian, gauza batek eragin handia izan du nire baitan, eta aitarekin zerikusia dauka: duela hiru urte hil zitzaigun, eta bizitza osoan ezinezkoa izan zuen aitonaren hilobira joatea lore bat bertan uzteko, non zegoen jakinda ere. Oso harreman estua izan zuten biek, baina hainbesteko mina zuen aitak, familiakoekin joatea ere ez zuen lortu. Errealitatea ikusteko modua ere aldarazi du horrek, eta, nolabait, neure buruari zin egin nion aitak lortu ez zuena beste askok lortuko zutela nire lanari esker, ahal dudan neurrian horretarako laguntza eskaini behar nuela.
Zeintzuk izan dira entzun dituzun kasurik hunkigarrienak? Niretzat, historia gogor eta ikaragarriak ugariak dira, baina badago baten bat, entzuten duzunean, malkoak ateratzen dizkizuna. Familia batean denboran luza daitekeen minaren eta horren ondorioen berri ematen du Bizkaiko herri batean gertatutakoak. Fusilatu behar zuten gizon baten bila joan ziren, baserrian zegoela, semearekin. Haurra besterik ez zela, aita nola eramaten zuen ikusi behar izan zuen. Urteak pasa eta pertsona arrunta zela dio familiak; unibertsitate ikasketak ere egin zituen. Baserritik pasatzen zen bakoitzean beti aipatzen zuen aitarena, baina bestelako arazorik ez omen zuen. Egun batean, uste dut aita eraman zuteneko urtemuga zela, gizona ez zen inon ageri. Familiak aita eraman zuten lekuan topatu zuen, zuhaitz batean hilda. Ondoan lore sorta utzi eta bere buruaz beste egin zuen. Bizitza guztian sentitutako minaren adibiderik ikaragarriena da.
Egiten duzuen lanak, beraz, zerikusi handia dauka sentimenduekin. Memoria historikoaren legea kritikatu edo omenaldiak antolatzeaz gain, bestelako lanak egiten ditugu elkartean, 36ko gerran edota frankismoan desagertutakoak topatzea. Hain zuzen ere, horrexek sentiarazten nau harro, alderik gizatiarrena hori baita. Edozeinek erabil ditzakeen mekanismoak abiatuta eta ardura pixka batekin, jendeak galdutako senideen berri izatea lortu dugu. Izugarria da 70 eta 80 urteko jendeari halako albisteak ematea, esatea: «Leku jakin honetara joan zaitezke, lore bat eramatera edota negar egiteko, 70 urtean egiterik izan ez duzuna orain egin dezakezulako, zure senidearekin hauxe gertatu zelako eta leku honetan dagoelako». Zauria ixteko modua dute horrela, eta garrantzitsua da hori.
Haur edo nerabe izan, frankismoa zuzenean ezagutu zenuen. Zer-nolako oroitzapenak dituzu? Etxean hitz egiten zutena gogoratzen dut; gorrien inguruan hitz egiten zuten, eta nik galdetzen nien nortzuk ziren horiek. Erantzun bakarra, nagusi egiterakoan ulertuko nuela. Umea izanda halakoak esaten dizkizutenean, gehiago jakin nahi duzu. Behin, etxean bakarrik gelditu nintzen 7 urte inguru nituela. Etxeko tiraderetan bila hasi nintzen, eta aitaren galtzerdien azpian Mundo Obrero aldizkariaren ale batzuk topatu nituen. Garai hartako tinta beltza berezia zen, iluna, eta hitz batzuk zirraragarriak ziren niretzat, piztia faxista esaterako, eta garai hartako komunismoaren marrazkiak ageri ziren, igitaia eta mailua. Gogoan daukadan beste gauza bat, hona etorri ginenekoa, 1974an, 12 urte nituenean. Carrero Blanco hil zutenean etxean zoriontasuna zen nagusi; «euskaldun hauek potroak badituzte», esaten zuten gurasoek. Gaztetxoa nintzen, baina galdetzen nion neure buruari zergatik pozten ziren. Baina gauzak ulertu ez arren, pixkanaka, lotzen dituzu.
Jaime Mayor Orejak esan zuenean frankismoa oso garai lasaia izan zela, zer pentsatu zenuen? Yolanda Barcinak, Mayor Orejak eta gisakoek esandakoek gure iritziak baieztatzen dituzte. Gizartean memoria demokratikoa berreskuratu eta eraiki behar dela diogu. Espainian gertatzen direnak ikusi besterik ez dago, eta Espainiako kontuak hemen aipatzen ditugu ni bezalako etorkin askok bere memoria historikoa Euskal Herrira ekarri eta bertako memorian uztartu dutelako. Salamancako Udalak Franco dauka omenezko alkate moduan, eta duela aste bi, PSOEk kargu hori kendu nahi izan duenean popularrak izan ditu kontra. Errealitatearen ispilua besterik ez da, azken 30 urte hauetan inork ez duelako ezer aldatzeko lanik egin.
Gizarte honetan eta garai honetan, ez al da idealismo hutsa biktimen duintasuna eta memoria historikoa aldarrikatzea? Idealismoa ez dago soberan; are gehiago: nire ustez, beharrezkoa da. Demokraziarako bidean atzera egiten duen gizartean gaudela ikusita, guztiz beharrezkoa da idealismoa, eskumaren eta elizaren diskurtsoei aurre egiteko. Eguneroko kontuetan dute eragina haiek inposatutako pentsamoldea, ezkontzak, sexua, hezkuntza eta askatasuna mugatu nahi dute haiek. Jendearen hezkuntza ezin da demokraziaren kontrako izaera duten erakundeen esku utzi. Iraganean bezala, elizak ez du demokraziarako asmorik ageri. Uztailaren 18ko altxamendua aurrera ateratzeko arrazoietako bat izan zen elizak babes ideologikoa eman ziola. Espainiako errepublikaren baloreak berreskuratu nahi ditugu eta ez bakarrik hezurrak edo historia. Hezkuntzarako erakunde independentea, emakumeen botoaren lehenengo aukera, eliza eta estatuaren arteko banaketa, nekazal erreforma eta bestelako askatasunak lortzeko bidean zegoen gizartea hautsi zuen estatu kolpeak.
Ezinezko ariketa bat. Demagun denboran atzera egiteko aukera duzula. Zertaz ohartaraziko zenien errepublikaren aldekoei kolpearen aurretik? Gauzak aldatzeko aukera zutenei abisatzea gustatuko litzaiguke guztioi, militarrak prestatzen ari zirenaren berri ohartarazi edota, gutxienez, herritarren artean armak bana zitzaten. Hainbat lekutan lagungarria izan zen hori nazionalak gelditzeko. Askok diote, alabaina, errepublikako gobernuari behin baino gehiagotan esan zitzaiola kolpe militarra prestatzen ari zirela baina kasurik ez zuten egin. Bestela ere, errepublikaren alde gerran parte hartu zutenengana jotzerik izango banu, badakit esandakoak esanda gehienek ez zutela ihes egingo, benetako heroiak izan zirelako.
Edozein hiri eta herritako kaleak leku egokiak izan daitezke hainbat kiroletan trebatzeko, futbolak eta saskibaloiak ez bezala berezko lekurik ez dutenetan trebatzeko batez ere, patin edo skatean adibidez. Halakoetan ibiltzea, alabaina, arriskutsua izan daiteke behar bezala moldatzen ez direnentzat. Horregatik, garrantzitsua da irristailuaren gainean ibiltzen behar bezala ikastea. Horregatik sortu dute Soda enpresak eta BBK-k skate eskola ibiltaria; 10 eta 16 urte bitarteko nerabe eta gazteei kirol horri buruzko irakaspenak eman eta trebatzen hasteko bitartekoak eskaintzeko, hain zuzen ere.
Skatean aritzeko lekuak badauden hirietan ohikoa da horretan aritzen diren gazteak topatzea, baina zenbait herrietan ez dago halakorik, eta horietara eraman nahi izan dituzte bereziki eskolak, «han skate mundua zer den ezagutu eta ibiltzen ikasteko aukera izan dezaten». Apirilaren 26an hasi ziren eskolak, Plentzian, eta ordudanik Karrantzan, Arrigorriagan, Sestaon eta Galdakaon aritu dira, besteak beste. Ekimen ibiltariaren geltoki guztietara skatean trebatzen hasteko bitartekoak eramaten dituzte: «Pistaren osagaiak eramaten ditugu, eta irristailuak ere bai, halakorik ez dakartenentzat». Juan Garcia egitasmoko koordinatzaileak esandakoaren arabera, «arrakasta handia dute eskolek gazteen artean, arreta jartzen dute eta gogoz hartzen dute». Proiektu berria izan arren, halakoak lehenago ere egin izan dira: «Umeentzako Gabonetako parkean antzeko eskola antolatu genuen eta askok parte hartu zuten».
Orain arte, Plentzian eta Arrigorriagan erakarri dute gazte gehien, baina gainerakoetan ere «oso erantzun ona» izan dutela dio Garciak: «Begiraleek ez dute atsedenik hartzeko tarterik, ia gainezka egin digu parte-hartzeak behin baino gehiagotan». Eskola ibiltariaren atzetik dabiltzanak ere topatu dituzte bidean: «3 eta 6 urteko bi anaia gazteren kasua da bereziena; gaitasuna badute eta herriz herri dabiltza gure atzetik, eskoletan egoteko». Beste asko, irristailu gainean trebeak izanda, tokiko lehiaketa guztietan izena ematera joaten dira. Herri gehienetan, eskolak hasi aurretik jendea zain aurkitzen dute Sodakoek.
Skatean aritzera edo ikastera biltzen direnen artean neskak ere badirela dio eskolako koordinatzaileak. «Oraindik gutxi dira, baina pixkanaka animatzen hasi dira eta beti dago baten bat». Alde horretatik, eskolak lan garrantzitsua egin dezakeela uste du Garciak; besteak beste, «neskek begiraleen laguntza maizago eskatzen dutelako; bere kabuz ibiltzea gehiago kostatzen zaiela ematen du». Haren ustez, denborarekin emakume skater gehiago izango dira, «surfean eta beste kirol batzuetan gertatu den bezala».
Eskola ibiltariaren gelditoki guztietarako egitarau berbera dute. Goizez, 11:30etik 13:00ak arte, skate eskolak ematen dizkiete gaztetxoei. Parte hartu nahi duten guztiek gurasoen baimena sinatuta eramatea ezinbestekoa dute; egitasmoaren webgunean bertan eskura daiteke dagokion agiria, www.skatexpresion.com gunean. Oinarrizko irakaspenak jaso ondoren, irristailu gainean ibiltzeko aukera dute umeek, antolatzaileek prestatutako skate pistan. Bazkalostean, 16:00etan, skater trebeeneek txapelketa batean parte hartzeko aukera dute. Azkenik, erakustaldia egiten dute, 19:00etan, Alain Saavedra eta Edu Muñoz skater profesionalek.
Bilboko portua eta itsasadarrak zeharkatzen dituen herriak babesteko eraiki zuten Galeako gotorlekua GetxonXVIII. mendean. Gaur egun, garai hartako harresia, kanoi bat eta aztarnak besterik ez dira gelditzen, eta borrokalari gutxik bisitatzen dute. Yahaira Agirre (Getxo, 1980) judoka horietariko bat da, baina inoiz ez du han borrokatu beharrik izan, oso bestelako oroitzapenak dakarzkio lekuak: «Haurtzaroan, zazpi urte inguru nituela, aitona-amonekin etortzen ginen askaria egiteko». Ordudanik, gotorlekuaren zirrikitu guztiak ezagutzen ditu, eta atea itxia egonda ere, badaki nondik sartu, «txikitan itsaslabarretik sartzen ginen». Gaztelua baino gehiago aldatu dira inguruan dauden larreak, «etxebizitza ugari eraiki izan dituzte azken urteotan; ederragoa zen orduan, berdeak erabat inguratuta».
Paisaia berdea eta itsasoaren artean ibiltzeko aukera paregabea eskaintzen du Galeak. Horrexegatik maite du Agirrek, «hemendik bost minutura bizi naiz, eta zoragarria da hau guztia hain gertu izatea». Bakarrik zein lagunekin egiten du maiz bidea, «Garai tabernan lotzen gara askotan kafea hartu eta, ondoren, Galeara joateko». Korrika egitera ere joaten da inoiz, «txakurrarekin ibili edo entrenatzera, horretarako aldapa gehiegi baditu ere».
Bizitza osoa egin du Getxon, eta gurasoekin Galeatik egindako lehenengo paseoak ere gogoratzen ditu. Gomutarik goxoenak, alabaina, inguruetan urtero ospatzen den jai ospetsu batekoak ditu, Aixerrotako paella lehiaketarenak, «Algortako lagun eta ezagun guztiekin topo egiten duzu han, koadrila guztiek hartzen dute parte festan, eta urtean behin ikusten dituzunen berri izateko aukera dago». Gehien atsegin duen egunetariko bat dela aitortzen du eta, horregatik, galtzeak «gogaitu» egiten du, «baina inoiz kanpora atera behar izan naiz». Judoan aritzeko bidaiatu beharra dauka, txapelketa batean parte hartu edo entrenatzeko. Gutxitan izaten da luze kanpoan, eta eskertzen du, herrian gustura sentitzen delako, «etxekoekin eta lagunekin egotea maite dut, kanpotik bueltatzen naizen guztietan berehala deitzen diet haiekin ateratzeko».
Sarritan bidaiatu arren, tokiak ezagutzeko aukera handirik ez duela dio, Londresen egon berri da -urrezko domina eskuratzera joanda- eta «aireportua, hotela eta lehiaketa besterik ez» ditu ezagutu. Udan Brasilera joango da eta, hango «hiriburua ezagutzeko itxaropena» dauka.
Galeako kostatik Bizkaiko golkoaren ikuspegi zoragarria dago eta, horregatik akaso, judoka getxotarrak «harreman estua» dauka itsasoarekin: «Neba eta biok arrantzara joaten ginen aitarekin eta ederki pasatzen genuen». Hondartza eta urpean igeri egitea «biziki maite» du eta, duela gutxi, kirol berriarekin trebatu da, «surfean hasteko gogoak nituen, neba aritzen delako, besteak beste, eta iaz hasi nintzen». Pixkanaka hartu zuen, uretan orduak eman eta gero, «oso burugogorra naiz, eta olatu gainean zutik jarri arte ez nuen atsedenik hartu». Askotan, baina, lasaitasun bila jotzen du Agirrek uretara, «itsasoan bakarrik egotea zoragarria da».
Titaniozko museoak, beirazko dorreak eta lur azpiko tunel erraldoiak ditu, besteak beste, Bilboko hiriak. Gastronomiari dagokionez, jatetxe eskaintza zabala dago, baina orain arte hutsune handia zegoen hiriko tabernetako barretan: talorik jateko aukerarik ez zegoen. Nork eta baserritar batek zuzendu behar izan du akatsa, Aitor Aurrekoetxea mungiarrak, eta erdiguneko leku onenetariko bat eskaini diote horretarako, La Granja kafetegi historikoa. Plaza Biribileko lokalaren barruan txoko berezia egin diote Urrutikoetxeari, Talotoki bataiatu dutena.
Talotokian, arratsaldero eta astelehenetik larunbatera, txorizoa eta taloarekin gozatzeko aukera dago; azoketan baino merkeago, gainera, lau euroan. Gainera, baten batek gehiegizkoa baderitzo ohiko taloen tamainari, talotxikia eska dezake, bi euroan. Hemendik aurrera, hamaiketakoa baserriko produkturik goxoenaren mokadutxoa hartzeko aitzakia izango da Bilbon. Duela aste bi ekin zion Aurrekoetxeak taloak prestatzeari, baina atzoko eguna erabili zuten produktu berria bilbotarren artean zabaltzeko. San Isidro baserritarren zaindariaren aitzakian, Taloaren eguna ospatu zuten La Granja kafetegian. Ospakizun hori hemendik urtebetera errepikatzeko prest dago mungiarra: «Askok hau jarri dugunik ez dakiten arren, arrakasta izan dugu orain arte, behin baino gehiagotan etorri izan dira batzuk».
Nekazari azoketan ere ibiltzen da Aurrekoetxea; baina, haren ustez, «jendeak taloak jateko toki finkoa nahi du». Ideia martxan jartzeko La Granjakoekin hitz egin zuen, eta ados jarri ziren txokoa han jartzeko. Bilbo eta antzeko hirietan, horrelako euskal produktu baten falta sumatzen zuen, «kebab, pizzak, hanburgesak eta bestelakoak saltzen dituzten tokiak dozenaka daude, baina bakar bat ere ez talo on bat hartzeko».
Eskaintzen duen taloa, gainera, kalitatekoa dela dio. «Hemengo artoa da, labean sartzen dugu errotara sartu baino lehen, eta hori nabaritu egiten du jendeak». Baserritik zuzenean etortzen da produktu guztiekin. «Han ekoizten duguna hona ekartzen dugu arratsaldez saltzeko». Txorizoak ere bere baserrian eginikoak dira, etxeko piper txorizeroarekin eta txerrikia bezala. «Beharrezko osasun kontrol guztiak dauzka ekartzen dugun guztiak». XIX. mendeko harrizko errota erosi zuen baserritarrak artoa birrintzeko; «1843. urtekoa da, osorik eraberritzen ari gara orain, osasun erregistroan izena emateko asmoz, zeliakoek jatekoa moduko artoa egiten dugula bermatzeko».
KANPOTARREN MOKADU. San Tomas eta bestelako azoketan, jendez gainezka izaten dira talo saltokiak eta, ondorioz, «hala-moduzko taloak egiten dituzte batzutan». «Talotokin, aldiz, gurekin hitz egin dezake jendeak, harreman estuagoa dauka, taloa gehiago edo gutxiago egiteko eska diezagukete, meheagoa edo lodiagoa». Hori guztia bezeroak eskertzen duela uste du Urrutikoetxeak eta, horregatik, proposamena «pozik» hartu dutela dio.
Bilbotarrek ez ezik, hiria ezagutzera hurbildutako turistek ere dastatu dituzte La Granjako taloak. Kanpotarrak baserri girora gutxitan hurbiltzen direnez, aukera berri hau baliatzen dute. «Bertoko produktuak probatu nahi dituzte eta, askok, haien herrietan antzeko opilak prestatzen zituztela esaten didate». Taloa dastatzeaz gain, Aurrekoetxeak nola prestatzen dituen ikus dezakete eta, horrez gain, taloa egiteko baserrietan erabiltzen zituzten tresnen eta osagaien erakusketa txikia dauka saltokiaren ondoan; zesterea, bahea, taloburdina eta talopalea ezagutzeko. Kafetegi dotoreko bitxikeria bilakatu da Talotoki; baina harentzat hor egotea «pribilegioa» den bezala, uste du kafetegiko jabeentzat aukera paregabea delataloak saltzea.
Noski, belaunaldi berria osatzen duen hirukoteaz ari gara, orain arte gehien saldu dena, dakidala, PS2 izan baita, ehun milioi makinarekin mundua osoan. Nintendo Wii, Microsoft 360 eta Playstation 3 makinen artean, berriz, Wii atera da, momentuz garaile, ia 25 milioi saldu dituela. Bill Gates jaunaren konpainiaren Xbox 360ak bigarren postuan dago, 19 milioi bideokontsola merkatuan jarri dituztela. Azkena, PS3 da, aurreko belaunaldietan errege bilakatutakoak, beraz, azken da orain sailkapenean. Egia da, alabaina, 'segurtasun kopieak' egiteko aukera zabaldu ahala, Blu-ray euskarria eta grabagailuak merkatu beharko dira horretarako, gero eta gehiago saludko dela, zalantzarik ez izan, aurrekoekin horixe gertatu baita.
Altzariak, arropak, koadroak, makilak, jostailuak, txanponak, eskulturak eta lanparak. Horiek dira BECeko Desembalaje azokan topa daitezkeen objektuetariko batzuk. Laburpen txikia besterik ez da, izan ere, milaka eta milaka dira 150 saltzaileek Europa osotik ekarri dituzten bitxikeriak, 70.000tik gora, antolatzaileek diotenez. Zerrenda amaigabe horretan, alabaina, ezaugarri komun bakarra bete behar dute antigoaleko azokan salgai dauden gauzek: gutxienez, 40 urte izatea. Antzinatasuna, noski, ordaindu beharra dago eta, horregatik, ez da zaila salneurri beldurgarriak topatzea saltokietan.
Kontraesana dirudien arren, antigoaleko objektuen merkealdia da Desembalaje eta, bertan, bitxikeri merke zein garestiak aurki daitezke. Jose Maria Camps azokako zuzendariak «orokorrean garestia» dela aitortzen du baina, aldi berean, «gauzatxo merkeak» ere salgai daudela dio: «euro bateko postal zaharrekin horma bat apainduko dute batzuek eta besteek 6.000 edo 12.000 euroko altzariak erosiko dituzte, denetarik dago».
Eskerrak salneurriak negoziagarriak direla, Maria Amor Garciaren saltokian behintzat: «Bezeroei tratua egitea gustatzen zaie eta nik arazorik ez daukat, tartea daukadanean, beherapen txiki bat egiteko». PM Estudio izeneko tailerra dute Derion eta, antigoaleko objektuak salerosteaz gain, panpina zaharrak konpondu eta zaharberritzen dituzte, «horixe da gure berezitasuna, berton ez dut horretan aritzen den beste inoren berri. Guregana etorri aurretik, bezeroek Madrilera bidaltzen zituztela esaten digute». Horrez gain, arropa saltzen dute, «XX. mende hasierako jantziak batez ere, baina baditugu XIX. mendeko poltsak eta kapelak». Saltokian dituzten altzari gehienak, berriz, «ehun urte inguru dituzte».
Jatorri anitzeko saltzaileak daude Desembalajen, Euskal Herrikoak ere, noski, baina Ingalaterra, Frantzia eta Alemaniatik etorritakoak daude. Kanpotar gehienak, ordea, Herrialde Katalanetakoak dira, Pedro Torra kasu. Manresatik urtero dator Bilboko azokara eta, dagoeneko, «ohiko bezeroak» ditu berton: «Buruan daukat zein den itsaso zalea eta, timoi bat lortuz gero, esaterako, hari ekartzen diot».
Euskal Herrian bildumazale ugari dagoela uste du Torrak, «horregatik, hona etortzeko besterik ez naiz ateratzen Kataluniatik». Azokak bezeroekin hartu-eman zuzena izateko ezinbestekoak direla dio, «harremanak sortzeko». Horri esker, abendurako salmentak ere lotu ditu asteburu honetan.
Frantzian sortu, Katalunian zabaldu. Frantziarrek desemballage deritzote antigoalekoen saltzaileek biltegian duen stock-a murrizteko egiten dituzten azokei. Jose Maria Campsek azaldu duenez, «handik hartu genuen desembalaje izena, kamioetatik atera berri dituzten gauzak direlako». BECen antolatu duten azokako zuzendariak beste mailegu bat hartzen du antigoaleko bitxikerien jaialdia zer den azaltzeko: «Lehenengo outlet-a izan zen gurea Katalunian hasi ginenean». Gauza zaharrek, baina, «ez dute mugarik ezagutzen, gustuak eta zaletasunak, besterik ez».
Bederatzigarren urtez antolatu dute Desembalaje Bilbon; hala ere, hau XVII. edizioa da. Urtean birritan antolatzen dute, eta hurrengoa abenduan izango da, 13an eta 14an. Aurten, alabaina, lehenengo aldiz irekiko dute azoka bi egunez, «saltzaileek eta bisitariek eskatu digute behin baino gehiagotan». Iazko abenduan bost mila bisitari inguru eta 160 saltzaile bildu zituen azokak.
Danbolinari eskainitako historia zahar bezain ederra itxi zuen Serafin Amezuak (1899-1973) duela 35 urte Gurutzetako ospitalean zendu zen egunean. Urte luzez alaitu zituen Arrazola, Mendata, Bolibar, Ibarruri eta inguruko herriko erromeriak, baina sustrai askoz sakonagoak zituen euskal doinuetan; izan ere, Hipolito Amezua aitarekin hasi zen txistulari nerabezaroan, eta hark, aldi berean, arbasoengandik ikasi zuen. Guztira, bost belaunaldi iraun du Amezuatarren txistu doinuak, eta, familiako lehenengo musikaria, Juan Bautista Amezua, jaio zela 250 urte igaro direla gogoratzeko, omenaldia egingo diete gaur Berrizko Udalak eta Gerediaga elkarteak Amezua danbolitteruei.
Amezuatarrek «meritu handia» zutela dio Jon Irazabal Gerediagako kideak; izan ere, «solfeorik ez zuten inoiz ikasi, ez ziren musika partitura bat irakurtzeko gai». Danbolina eta txistuarekin, hartara, «belarriz aritzen ziren, doinua ikasi eta buruan gordetzen zuten». Aitak semeari edo aitonak bilobari irakatsitakoari esker, «Bizkaian egun ezagutzen ditugun euskal dantza batzuek iraun izan dute». Antzeko transmisiorik izan duen beste familiarik ez da: «Abadiñon bazegoen aita eta semeek osatutako talde bat, baina ez honen modukoa, Amezuatarrena bakarra da; Bizkaian behintzat, bai».
Omenaldia ez ezik, Gerediaga elkarteak liburu bat egin du Berrizko danbolin familiari buruz dagoen informazioa biltzeko: «Ikerketa sakonik ez da egin, baina nortzuk ziren eta txistulari bakoitzari buruz dagoena bildu dugu 24 orriko liburuxka batean». Ale gutxi argitaratuko dituzte, 200 eta 300 artean, Irazabalen arabera.
Gaurko omenaldia iluntzeko zortzietan hasiko da, Berrizko Kultur Etxean. Bertan, Udalarekin eta Gerediaga elkartearekin batera, Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo dantza taldeak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko lagunak izango dira. Ekitaldiaren hasieran hitzaldi labur bat eskainiko dute Amezuatarrei buruz eta, ondoren, Serafin Amezuari 1973an egin zioten elkarrizketa eta bertan grabatutako doinuak plazaratuko dituzte. Ondoren, Manuel Intxaustik XX. mendeko 1920ko hamarkadan Euskal Herriko ohitura eta dantzen inguruan eginiko lau minutuko filmazio bat proiektatuko dute, non Amezuatarrak danbolina jotzen zuten. Azkenik, omenaldia erromeria giroan bukatzeko, Durangaldeko herri koplen kantaldia egingo dute.
HISTORIA LUZEA. XIX. mendeko agirietan azaltzen da lehenengo aldiz Berrizko Elizateak Amezuatarrei danbor jotzaile lanengatik egindako ordainketa baten berri. Vicente Urkizak Berrizko historiari buruzko liburu batean aipatzen du Juan Bautista Amezua herriko lehen txistulari ofiziala izan zela, eta Udalaren kontu liburuetan 1785. urtean San Pedro eguneko funtzioetarako danbolin jotzaile bat eramaten zutela azaltzen da. 1758an jaio zen bost belaunaldiko familiari hasiera eman zion Amezuatarra. Bost seme izan zituen Magdalena Gallastegirekin, eta, horien artean, Juan Domingo Amezuak jarraitu zuen aitaren ofizioarekin.
Juan Domingo 1805ean jaio zen eta hiru seme-alaba izan zituen. Hirugarrena, Francisco Maria Amezua, aitarekin batera aritu zen danbolin jotzaile. Iurretako Euskal Jaietan, 1891n, Anton Abadia eta Sabino Aranaren aurrean jo zuen. Bere zortzi seme-alaben artean, Hipolito Amezuak hartu zuen danbolinaren lekukoa, eta 75 urterekin hartu zuen erretiroa, 1945. urtean Serafin Amezua bere semearen esku uzteko.
Inuit herriak hamaika tonu desberdin antzematen ei ditu gainerako gizakiek zuria deritzoten kolorean. Munduak, izan ere, bizkarra eman die mapen muturretan azaltzen diren lurralde izoztu horiei, han gerta daitekeena guztiengan eragina duela ahaztuta. Hego poloa eta Ipar poloak ezagutzeko garrantziaren jakitun eta nazioartean poloen urtea ospatzen den aitzakiarekin, Bidaiatu poloetara izeneko jardunaldiak antolatu ditu Bilboko Alondegiak. Horregatik, maiatzaren 17ra arte, zientzialarien hitzaldiak, esperimentuak, bisitak eta proiekzioak egingo dituzte Bizkaia plazan eraiki duten karpan.
Antolatutako ekitaldiak mundu guztiari zabalik dauden arren, gaztetxoentzako egitaraua prestatu dute, erakusketa eta esperimentuei dagokienez batez ere. Horregatik, Bilbo eta inguruko ikastetxeetako DBHko mila ikasletik gora egingo dute poloak ezagutzeko bisita. Bertan, Euskal Herriko Unibertsitateko zientzietako doktoregaiak izango dituzte gidari. Hiriko erdigunean jarritako karpan erakusketa ikusgarria prestatu dute, Ipar poloa, Hego poloa: Lurra alerta egoeran! izenekoa. Horren helburua da, noski, gazteei ohartaraztea klima aldaketak poloetan duen eraginaz, eta, aldi berean, horren ondorioek mundu osoan sortuko dituzten kalteez.
IKUS-ENTZUNEZKOAK. Ozeano Artikoaren inguruan bizi den inuit herriaren berri izango dute erakusketa bisitatzera joaten direnek, esaterako, haiek eginiko kanoa eta arpoia ekarri dituzte Bilbora. Ion Erreak, egunotan begirale lanetan ariko diren doktoregaietako batek azaldu zuenez, inguru hartan egurra oso material eskasa da, «itsasoan aurkitutako enborrak baino ez dituzte», eta, horregatik, «ehizara ateratzen direnean armak haustea saihestu behar dute». Hori lortzeko sistemak garatu dituztela azaldu zuen, arpoiaren punta beste material batekin egiten dute, eta «tona bat pisatzen duen mortsaren kontra egiten dutenean, hori baino ez da apurtzen». Erreak dioenez, ehizarena da bisitan doazen umeek «gehien atsegin duten istorioetako bat».
Ikasle batzuek «interes handia» dutela esan zuen begiraleak atzoko bisitetan. Galdera interesgarriak egin zizkioten, «Antartikari buruz eta kontinenteen mugimenduen inguruan, esaterako» eta ikasleekin sortzen den hartu-emana «oso polita» dela gaineratu zuen. Esperimentuekin, bestalde, «primeran» pasatzen dutela azaldu zuen, «nitrogeno likidoa oso ikusgarria baita, lore bat izoztu eta nola desegiten den ikusten dute». Izozmendiak zergatik dauden igerian ere ikasten dute ikasleek bisitan. Erakusketaren beste atal batean, ikertzaileek poloetan erabiltzen dituzten kanpadendak ikus daitezke, iglu motakoak.
Horrekin guztiarekin batera, poloei buruzko informazioa eskaintzen dizkieten panelak eta pantailak dituzte karpa osoan zehar. Klima aldaketa zer den eta bere ondorioen berri gazteen artean zabaltzea da erakusketaren helburuetako bat, eta «nerabeak badira ere kontzientzia hartzen» dutela uste du Erreak, «gaur egun askotan azaltzen da gaia komunikabideetan, beraz, klima aldaketa badela badakitela esango nuke». Zientzialaria den aldetik, bestetik, begiraleak oso garrantzitsua deritzo dibulgazioari, «zientzia kalera atera behar dugu».
Askotariko euskarriak erabili dituzte poloen bizimodua eta ingurunea Bilbon irudikatzeko; izan ere, erakusketarekin batera, dokumentalak, filmak eta ordenagailu programak eskainiko dituzte egunotan. Horrekin batera, liburuxkak, umeentzako jolasak eta bestelakoak prestatu ditu Alondegiak. Erakundeko kontseilari delegatu Marian Egañak atzoko aurkezpen ekitaldian esan zuenez, «munduko geopolitikan zeresan handiko tokiak» izango dira poloak, eta, hartara, «eztabaidak eta ikerketak bere biziko garrantzia izango du poloetan».
Lurralde izoztuetan ikerlanetan edota espedizioetan aritu direnen hitzaldiak egingo dituzte egunotan, Ramon Larramendik, Jose Carlos Tamayok eta Juanjo San Sebastianek, besteak beste. Horrez gain, inuit herriaren kultura ekarriko dute, Tanya Tagaq kantariaren esku, Ugarte anaien txalapartarekin uztartuko baitu bere ahotsa.Bost urte igaro dira Urdaibai Fundazioak zikoina zuria Biosferaren Erreserban sartu eta berriz ugaltzeko asmoari ekin zionetik. Uzelai izan zen asmo horrekin Urdaibain askatu zuten lehenetarikoa, eta, ordudanik, urtero bueltatu izan da Forura. Duela urte batzuk, herriko haurrek Daphne bataiatutako bikotekidearekin batera azaldu zen Uzelai habia prestatzen hasteko. Iaz urrats berria egin eta kumeak izan zituzten; lau jaio ziren, baina bi bakarrik atera zituzten aurrera. Aurten, zorioneko albistea berriz izan da, beste lau kume izan dituztelako. Foruko habian jaio berri dira, duela astebete eskas.
Ehun urte inguru igaro dira Busturialdean zikoinarik ez zegoela, Uzelai eta Daphne-ren lehenengo kumeak jaio arte behintzat. Urdaibai Fundazioak 35 animalia askatu ditu urteotan espezieak sartu eta ugaltzeko asmoz, eta, emaitzei begira, lortzeko bidean daude. Zailtasunak, baina, asko dira; izan ere, Aitor Galarza fundazioko kidearen esanetan, askatutakoen herenak hilik aurkitu» dituzte. Trenak harrapatuta, elektrokutatuta eta tiroz hil egin dituztenak ere aurkitu dituzte proiektuko arduradunek.
Lau kume berriak Urdaibaiko etorkizuneko zikoinak izango dira, iaz jaiotakoak bezala. Iazko uztailean utzi zuten habia, Afrikarako bidean, eta egunen baten jaio ziren lekura bueltatuko diren itxaropena dute Urdaibai Fundaziokoek. Horretarako, baina, bizirik iraun beharko dute orain.
Eskubideak elkartearen eskutik izango da Gilberto Pagani (Milan, 1953) Bilbon, Europako Abokatu Demokratek (AED) 33/01 auziaren gainean onartu duten mozioaren berri emateko. Ezaguna egin zen duela urte gutxi, Europako Foro Sozialaren Genevako (Suitza) bileran izan ziren gertakizun larrietan kalteak eta zauriak jasan zituzten askoren abokatu izan zelako.
18/98 auziko epaiketan begirale aritu zinen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zer deritzozu han ikusitakoari? Ikusitakoagatik, lehenengo urratzea Auzitegi Nazionala bera existitzea da, epaile politiko batek balizko delituak gertatu diren tokian epaitu beharrean, Madrilen egitea. Honen ondorioz, auzipetuak egunero 500 edo mila kilometro egin behar dituenean epaiketara joateko, zeharo mugatzen da defentsarako eskubidea.
Euskal presoen aldeko taldeen aurkakoa bide beretik joango dela uste al duzu? Antzekoa izango den beldur naiz, kriminalak ez diren jardueretan oinarritu dutelako auzipetuen aurkako salaketa. Horregatik, 18/98 auziaren bidetik joango dela espero daiteke.
Auzipetuetako bat, Julen Arzuaga, AEDko kide duzue. Nolako harremana dauka zuen elkartearekin? AED elkarteek osatutako elkartea da. Eskubideak AEDren baitan dauden elkarteetako bat da, Bilbokoa eta Arzuaga hango kide da.
Esango al zenuke, zalantzarik gabe, Espainian eskubide eta berme juridikoak urratzen direla? Bai, baina ez bakarrik Espainian, eskubide juridikoen urratze ak herrialde guztietan egiten dituzte. Europako Batasuneko beste herri ugarietangertatzen den egoera da eta guztietan salatzen ditugu. Epaiketa politikoak herrialde ugarietan egiten ari dira, ekintza terroristarik egin ez dituzten pertsonak auzipetu dituztelako. Lan politikoa eta haien iritziak adierazi besterik ez dute egin. Epaiketa honetan, zehazki, oso larria da abokatuen egoera, abokatuek haien bezeroekin egin ohi duten lanaren gainean eraiki dutelako salaketa. Abokatuek egiten duten lana kriminalizatzen ari dira.
Euskal presoen aldeko taldeen aurkako auzia aztertuko duzuela iragarri duzu. Nola egingo duzue? Prozesuaren berri izaten dugu eta defentsako abokatuekin harremana badugu; baina, horrez gain, begiraleak bidaltzen ditu elkarteak. Haien lana da garrantzitsuena.
Oihartzunik izaten al dute zuena bezalako elkarte batek eskubideen urratzeari buruz egiten dituen salaketek nazioartean? Argi dago prozesu honetako auzipetuen kontra iritzi ezkorra dagoela, baina egia da, halaber, euskal gatazkari buruzko informazio zehatzik ez dagoela. Terrorismoa zer den eta zer ez den ere nekez desberdintzen da. Gurea elkarte oso handia ez bada ere, abokatuek bakarrik osatzen dutelako, hemen gertatzen denaren eta Espainian egiten dituzten eskubide urratzeen berri ematen dugu, zuzenbidearen eremuan batez ere.
Terrorismoa tartean dagoenean, ezikusiarena egiteko erraztasun handiagoa al dute Europako gainerako estatuek? Arazoa ez da, berez, terrorismoa, epaileak baizik. Herrialde ugarietan dituzte terrorismoaren nolabaiteko adierazpenak. Horiek nola epaitzen dituzten, hori da gakoa. Terrorismoa berme guztiekin epaitu behar da, eta kasu hauetan ez dago inolako bermerik. Espainiako Auzitegi Nazionalak berak ez du berme juridikorik eskaintzen, demokratikoa ez delako. Ohikoa da abokatuek tirabirak izatea epaileekin; baina hemen, epaile politikoak beste maila batean daude.
Auzitegi Nazionalaren moduko epaitegien joera goraka doala esan duzu. Auzitegi Nazionala jurisdikzio bereziko epaitegia da, pertsona bereziak epaitzeko. Frankismotik dator, baina gaur egungo elementu batekin lotu dute, arerioaren zuzenbide penalarekin. Guantanamon bezala, Auzitegi Nazionala honekin alderatu gabe, jurisdikzio berezia sortzen da pertsona jakin batzuk epaitzeko. Estatu askok etorkinekin antzeko gauzak egiten dituzte, herritarrek dituzten bermeak ez zaizkie aitortzen.
Abandoibarrako pasealekura hurbiltzea besterik ez da behar Bizkaiko hiriburuan azken hamarkadan gauzatu den aldaketa ikusteko. Milaka lagun hurbiltzen da egunero Bilbora titanioaren distirak erakarrita eta, horietako asko, gero eta gehiago, bidaia ontzietan etorritakoak dira. Gaur bertan helduko da Abrara Queen Elizabeth II itsasontzi ezaguna eta bihar, berriz, Royal Caribean taldeko Summit izango da Getxo inguruan porturatuko dena.
Apirilaren 2an hasi zen itsas bidaien denboraldia Bilboko portuan, Saga Ruby izeneko itsasontziaren bisitarekin, baina, aurten, guztira, 38 itsasontzi helduko dira euskal kostaldera. 40 izan behar ziren, baina horietako bik, egonaldiak bertan behera utzi dituzte. Guztien artean, alabaina, 40.000 bisitari inguru ekartzeko lekua dute. Horietako gehienek, porturatzean, agentziek antolatutako txangoak hautatzen dituzte Bilbo eta inguruak ezagutzeko. Ainhoa Garcia North Incoming Services (NIS) enpresako arduradunaren arabera, «%35ek aukeratzen dute bidaiatzeko modu hau eta, gainerakoak, haien kabuz ibiltzen dira». Haientzat, portutik Bilboko erdigunera joan etorrian ibiltzen den autobusa jartzen dute.
Bidaia ontzien ohiko portuetako bat bilakatu da Bilbo azken urteotan. NIS lehenengoa etorri zenetik ari da lanean, «duela hamar urte inguru» eta, ordudanik, gero eta itsasontzi gehiago datozela dio Garciak, «aurten, esaterako, iazko kopurua bikoiztera goaz». Turismoa erakartzen duen hiri bilakatu denetik, Bizkaiko hiriburuak aukera guztiak jorratzen ditu bisitariak bereganatzeko, beste hirietara joaten zirenak ere: «Santanderren (Kantabria, Espainia) porturatzen ziren itsasontzietako askok Bilbo aukeratzen dute orain».
Guggenheim ezagutzera datoz itsasontzietan heldutako bidaiari gehienak, bestelako txangoak eskaintzen dizkieten arren. Bilbo pintxoen bidez, Donostia eta Hondarribia, Bizkaiko kostaldea eta Arabar Errioxa dira turistek dituzten beste aukerak, baina, «arrakastatsuena, Bilbo eta museoa ezagutzeko irteera da». Queen Elizabeth II bezalako ontzietan datozenen batez besteko adina 70 urtekoa da NISeko kidearen arabera eta bikoteak dira gehienak. Egonaldiari dagokionez, egun bateko bisitak izaten dira Bilbon porturatzen diren ontziena, «salbuespenak salbuespen, goizeko zortzietan heldu eta arratsaldeko seietan alde egiten dute».
ERREGINAREN AGURRA. Gaurkoaz gain, aurten beste hiru aldiz porturatuko dute Queen Elizabeth II Bilbon. Laugarren bisita hori izango da, alabaina, azkena, 2009an hotela bilakatuko baitute munduko bidaia ontzirik ezagunena. Arabiar Emirerri Batuetako Gobernuak 75 milioi euroan erosi dio ontzia Cunard Lines konpainiari, Dubain sortu duten Palm Jumeirah uharte artifizialera eraman eta, bertan, ur gaineko hotela bilakatzeko. Luxuzko gela eta zerbitzuak eskaintzeaz gain, transatlantikoaren historiari buruzko museoa egingo dute ontzian.
Urteotan, 800 bidaia inguru egin ditu itsasontziak, 5 milioi itsas milia zeharkatu eta 2 milioi lagun garraiatu ditu. Gainera, ia 25 aldiz eman dio bira munduari. Hurrengo sei hilabeteetan egingo dituen azken bidaietarako txartel guztiak saldu ditu dagoeneko, garestienak ere bai. Queen Elizabeth II ontzian zortzi eguneko bidaia, sasoiaren arabera, 2.200 eurotik aurrera egin daiteke, baina gelarik onenen truke hiru aldiz gehiago ordaindu behar da. Munduari bira egiteko, berriz, 20.000 eurotik aurrera daude gelak eta luxuzko bidaia egiteko, 30.000 euro ere ordaindu izan dira.
Berrogei urterekin hartuko du erretiroa ontzi ospetsuak, baina, Dubaira abiatu aurretik, izena eman zion erreginak, Ingalaterrako Elizabeth II.ak alegia, bidaia egingo du Queen Elizabeth IIan, koroatu zutenetik 55. urtemuga ospatzeko, hain zuzen ere.
«Zer hobetuko zenuke Etxebarriko jaien antolakuntzan? Zeintzuk jarduerak proposatuko zenizkieke batzordekoei?». Halako itaunak dituen galdetegi bat jaso dute egunotan Etxebarriko (Bizkaia) biztanle guztiek jai batzordearen partez. Helburu nagusia, noski, herriko jaien inguruko iritziak eta proposamenak biltzea da, «ahalik eta pertsona gehien asetzeko prestatu beharreko jaiak» egiteko, hain zuzen ere. Egitasmoak, halaber, festen inguruan izaten diren ika-mikak isildu nahi ditu. Aitor Romeo Udaleko kultur teknikoaren esanetan, «urteotan ohikoa bihurtu da jaien inguruan saltsa eta eztabaidak egotea; batzuek diote ez direla haien gustukoak, eta besteak kexu dira zaratak edo dena delakoagatik».
Urtero, herriko elkarte eta bizilagunek osatzen dute jai batzordea, baina, «batzordea edozein dela eta jaiak modu batean zein bestean eginda, kexak izaten dira beti». Festak antolatzeko bilerak aspalditik egiten dituzte Etxebarrin, baina, aurten lehenengo aldiz, sei puntuko galdetegi bat bidali zaie herritar guztiei, «guztien parte-hartzea bermatzeko». Postontzietan ez ezik, etxebarritarrek Udalaren webgunean eskuratu ahal izango dute dokumentua. Erantzuna jai batzordeari helarazteko, era berean, posta elektronikoa eta eraikin publikoak izango dituzte aukeran, CIME informatika zentroa eta San Antonioko liburutegia.
Galdera nagusia jaien dataren ingurukoa da; izan ere, hiru proposamen ditu batzordeak. Romeok esandakoaren arabera, askok «inguruko herrietako jaien itzala kontuan hartzekoa dela diote eta beste batzuk uztailaren bukaeran oporretan doazela». Santiago, Santa Ana eta San Inazio; hiru zaindarien egunen arabera mugitu dituzte jaiak egutegian azken urteotan.
PARTE-HARTZEA. Maiatzaren 5era arteko epea eman dute proposamenak biltzeko, orduan jakingo dute jai batzordearen ekimenaren bigarren zatia gauzatzen den, «jendearen erantzunak jasotzea». Herritarren parte-hartzea, «hitz polita izateaz gain, gauza zehatzetan gauzatu behar da», kultur teknikariaren ustez, eta Etxabarriko politikariak «joera horrekin sentsibilizatzen» hasiak direla dio. Duela urte batzuk ekin zioten halako gaiak herritarren iritzia eskatuta jorratzeari, aparkalekuekin hain zuzen.
Internet horretarako «lanabes aproposa» bilakatu da, Romeoren ustez, eta «erabiltzaile kopurua handitu ahala, eraginkorragoa izango da». Jaiei buruzko proposamenak zenbatek bidaliko dituzten ikusteke dago, «ontzat jo arren, askotan utzikeria nagusi delako». Iritzia emateko aukera, behintzat, badute Etxebarrin.
Hezeguneak non, paradisua han, naturak eskain dezakeena behintzat. Bizitzaren eta paisaiaren aberastasunak jantzi dituzte padurak, eta Euskal Herrian daudenetatik Urdaibaikoa da garrantzitsuena, Bizkaiko Busturialdean, hogei udalerri ingururen artean zabaltzen dena. Oka ibaiak itsasorantza eginiko bidaiak sortzen du nonbait Urdaibaiko miraria, Gernika-Lumora heldu eta, handik, Mundakako itsasadarretik gora egiten duenean, hareatzak eta basoak atzera utzi eta, Izarorekin topo eginda, Kantauri itsasoan hiltzen denean. Egunero egiten duen ibilbide horretan sortzen du urak duela ia 25 urte Unesco erakundeak Biosferaren Erreserba izendatu zuen ingurunea.
Pixkanaka aldatzen omen da natura, gizakiak ikusteko gai ez den moduan, baina Urdaibaiko paisaiak oso bestelakoak dira horretan; izan ere, itsasgora eta itsasbeheraren arabera aldatzen ditu jantziak babesguneak; hondartzak erakutsi edo ezkutatu egiten ditu, eta hezeguneak ureztatu edo azalarazten ditu egunero.
Biosferaren erreserbak 230 kilometro koadroko eremu zabala hartzen du, eta, horregatik, aberatsa da oso landare zein animalietan. Guztien artean, alabaina, hegaztiak dira jaun eta jabe. Europako iparraldetik eguraldi epelagoen bila ihesean bidaiatzen duten txori migratzaileen babesgune bilakatzen da Urdaibai. Horietako asko nahiko bitxiak dira, branta, eider edo zerra kasu. Horiekin batera, ohikoagoak diren lertxun hauskarak, ubarroiak eta kurlintak daude.
Kostaldean eta itsasoan ere ematen die ostatu hegaztiei Urdaibaik; izan ere, Ogoño lurmuturra eta Izaro uhartea belatz handien eta, batez ere, kaioen erresuma dira. Babesguneak itsasoan duen gotorlekuak, alabaina, bestelako biztanleak izan ditu iraganean. 1422an Izaro uhartean sortu zuen komentua frantziskotarren anaidiak, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko, azkenean, Forura eraman zituzten XVIII. mendean.
Arrantzaleen historiaren berri ere ematen du itsasoak, babesguneak Bizkaiko Golkoarekin bat egiten duen tokian, hain zuzen ere. Matxitxako eta Ogoño artean balea arrantzan aritu ziren euskaldunak XVIII. mendera arte. Balea arrantzari aspaldian utzirik, zetazeoak ikusteko talaiak dira orain lurmutur horiek. Kostaldean, halaber, gero eta kirol portu gehiago daude arrantzaleen sareak konpontzen zituzten kai berberetan. Mundakako hondartzetan, bestalde, surflariak azaltzen dira, olaturik ospetsuenak azaltzen direnetan behintzat. Hala ere, turistek portuko kaleak betetzen ez dituztenean, lasaitasuna da nagusi herriko portuan eta Laida zein Laidatxuko hondartzetan.
GIZAKIAREN ESKU. Naturak ez ezik, gizakiak ere moldatu ditu Urdaibaiko bazterrak historiaren bilakaeran. Busturialdeko lehenengo gizakien aztarnak dira, seguruenik, eskualde osoko ezagunenak, Santimamiñeko leizean ageri direnak, Kortezubin. Duela 13.000 urte baino gehiago egin zituzten margolanak, baina egungo gizakiak XX. mendearen hasieran topatu zituen. Bisitek kalte handia egin diote leizeari, eta, horregatik, Santimamiñe ixtea erabaki zuten 2006an. Kalte horiek aztertu ondoren, bisitak egiteko aukera zabaldu berri dute, baina aurrerantzean bisita birtualak bakarrik egin ahal izango dira.
Kobazulotik gertu, gizakiak eraldatutako beste toki bat bisita daiteke, Agustin Ibarrola artistak margotutako Omako basoa, hain zuzen ere. Aspaldi egin zuen eztabaida handiak sortu zituen obra. Duela urte gutxi zaharberritu zuten, eta oraindik murgildu daiteke bisitaria zuhaitzek eskainitako giro magikoan. Animaliak nahiago dituztenek basabereen babeslekua topatuko dute Basondoko baserrian. Xabier Maiztegi fundazioak kudeatutako aterpetxean, Bizkaiko basoetan galtzear diren espeziak zaintzen dituzte, basurdea, azeria, basakatua, orkatza eta igaraba, besteak beste.
Erdi Aroko altxorrak ere ezkutatzen ditu Urdaibaik, Arteaga gaztelua bezalakoak, Gautegiz-Arteagan. XIII. mendean eraiki zuten bertan lehenengo gotorlekua, egungoa XIX. mendean eraberritu zuten arren.
Autoa eta hegazkina baino askoz zaharragoa den arren, trenak zaleak ditu XXI. mendean ere. Dohainak baditu: garaiz iristen da, erosoa da eta bidaia osoan inguruko paisaiari begiratzeko aukera ematen duen garraiorik bakarrenetakoa da. Trenek, ordea, zerbitzu berriak eskaini behar dituzte etorkizunari aurre egiteko, alokairua, esateko baterako. Ohikoa da asteburu-pasa joateko autoa alokatzea, edota autobusa alokatzea sagardotegirako joan-etorria egiteko. Era berean, itsasontzietan festak antolatzeko aukera badago aspaldi. Zergatik ez, hartara, trenak alokatzeko zerbitzua eskaintzea? FEVE eta Euskotren enpresek ateak ireki zizkioten duela urte batzuk trenen alokairuari, eta, ordudanik, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu.
Burdinbideetako ibilbideak itxiak dira, baina, hala ere, bezeroak egin nahi duen festaren arabera, ederki molda daitezke ibilbideak eskakizunetara. FEVEren trenbideak Espainiako zenbait lurralderekin eta Galiziarekin lotzen dute Bizkaia, eta Euskotreneko bideak Gipuzkoan ere aloka daitezke, Lapurdiraino, hain zuzen ere, Hendaiakoa baita azken geltokia. Aukerarik bitxiena, alabaina, Euskotran garraioak eskaintzen duena da, Bilboko tranbia alokatzekoa, alegia. 2004an erabili zuten lehenengo aldiz ezkontza baterako, eta, gaur egun, alokairuak biderkatu egin dira, ezkontzetarako batez ere; 10 bikotek kontratatu zuten iaz gonbidatuak garraiatzeko, eta 9 enpresak kongresu edo bestelako ekitaldiak antolatzeko.
Tranbia bera da aloka daitekeen trenik merkeenetarikoa; izan ere, bidaia bakarrerako 415 euroko prezioa dauka. Egunez egin beharrekoa litzateke, eta, joan-etorria egiteko asmoa izanez gero, 570 euro ordaindu beharra dago. Gauez bidaiatzeko aukera ere eskaintzen dute, 985 euroren truke. Tranbiako bagoietan 150 lagun sar daitezke eta bidaia batetik bestera ezin dira 5 ordu baino gehiago igaro. Bidaian, kanpotarrek Bilboko toki batzuk ezagutzeko aukera dute, Guggenheim ,useoa bera, esaterako.
Bestelako trenak alokatzeko aurrekontua eskaeraren arabera egiten dute Euskotrenek eta FEVEk. Bigarrenaren ordezkariek esandakoaren arabera, bidaiarien, ibilbidearen, egutegiaren eta trenaren araberakoa izaten da, baina, oro har, 2.000 eurotik gorakoa izaten da kontratazioa. 200 kilometroko bidaia batean, 3.000 eurokoa ere izan daiteke. Euskotrenek Azpeitiko museoan biltzen dituen tren zaharretako bati jartzen dio gutxieneko prezioa: makina eta bagoi birekin, 350 eurokoa da. Filmak grabatzeko erabiltzen dira sarritan mota honetako trenak.
EGUNEROKO BIDAIAK OZTOPATU GABE. Trenbidearen Euskal Museoko ibilbide turistikoetan ez bezala, gainerakoetan eguneroko garraioarekin batera koordinatu behar dituzte alokatutako trenak. Alokatzeko eskaera guztiek, beraz, ezinbesteko baldintza bete behar dute, tren ibilbide arrunten joan-etorria ez oztopatzea.
Iazko uztailaren 14a egun ahaztezina izango da beti Jon Sanchez alonsotegiarrarentzat, ezkontzaren eguna baitu hori. Ohiko ekitaldia egin zuten arren, gonbidatuentzat prestatu zuten garraioa erabat ezohikoa izan zen: «Trenzaleak gara biok, eta, horregatik, bidaia trenez egitea bururatu zitzaigun». Alonsotegin bizi dira, eta, horregatik, FEVE enpresara jo zuten, zer-nolako trenak aloka zitezkeen galdetzera. «Ahal izanez gero, tren berezi batean egin nahi genuen bidaia, eta, azkenean, tren historikoa aukeratu genuen». Erabakirik egokiena hartu zutela uste du oraindik Sanchezek; izan ere, «barrutik bagoi dotoreak ditu, ezkontzetarako oso egokiak».
Bidaiariren batek, 75 inguru ziren, autoa hartzea nahiago izan zuela dio, baina gehienak «pozik eta gustura joan ziren trenez». Ezkongaiek txartel bereziak prestatu zituzten, eta bidaiari bakoitzarengana joan ziren hura zulatzera. Batetik bestera joateko ez ezik, FEVEk taberna moduko bat erabiltzeko aukera ere ematen du: «Guk ez genuen erabili, bidaia besterik ez genuelako egin nahi, oso erosoa baita ospakizunetan autorik gabe ibiltzea». Sanchezek gomendagarria deritzo zerbitzuari, «gauza berezietarako izan behar du, prezioagatik ez baita egunero egiteko; edonola ere, merezi du».
Trenez bidaiatzeko beste modu batzuk. Goizean goiz, geltokiko nasan minutu batzuk zain egon ondoren, lanera edo ikastera joateko hartzen den garraio hori baino askoz gehiago izan daiteke gaur egun trena. FEVEren Transkantabrikoa izenekoa da horren adibiderik onena, turistentzat sortutako ibilbide luzeko lehenen trena izan baitzen Euskal Herrian, 1983. urtean. Tamalez, 1920an egindako luxuzko bagoietan bidaiatzeko diru nahikotxo behar da. Bi eguneko bidaiak, merkeenak, 590 euro balio ditu, eta zortzi egunekoak 1.700 euro balio ditu. Aukera merkeagoak badaude turismoa eta trena uztartzeko, FEVEk berak eskaintzen dituen tren historikoak kasu, Bilbotik Balmasedara edota Karrantzara. Euskotrenek, berriz, lurrun trenetan bidaiatzeko aukera ematen du Azpeitiko Trenbidearen Museoan.
Hauxe da Gite-Ipes elkarteko lagunen mezua:
Larunbat honetan SOZIALISMOA EUSKAL HERRIAN? saioari ekingo diogu. Larunbat honetan gizartearen oinarri politikoa delako gaiarekin segituko dugu. Mario Zubiagak testu xume bat bidali digu. Interesgarria da galderak eta ardatzak agertzen dira eta.
NOIZ 2008ko apirilaren 26an, larunbata
NON La Boltsa Auzo Etxean, Bilboko Zazpi Kaleetan
ORDUA goizeko 10:00etan
GAIA Gizarte parte hartzailea eta sozialismoa. Gizartea eta politika eraikitzeko ereduak
HIZLARIA Mario Zubiaga
Ia egunero topatzen dituzte erabilera berriak munduko sarerik handienerako; informazioa trukatu, posta bidali, edozein produktu erosi eta unean uneko albisteak irakurtzeko erabiltzen dute milioika lagunek Internet egunero. Horrelakoetan, alabaina, oso jende gutxik erabiltzen du ordenagailuak eskaintzen dion prozesatzeko ahalmen guztia; eta are gutxiago P2P sareetara konektatuta utzi eta ordenagailua egun osoan piztuta edukitzen dutenek. Bitartean, zientzialariek superordenagailu gero eta hobeak behar dituzte ebatzi nahi dituzten arazoetarako. 90eko hamarkadan sortutako Grid konputazioak konponbide bat topatu zuen ikertzaileen beharrizanetarako, eta, aldi berean, Internetara konektatuta dauden eta ezer gutxi egiten duten ordenagailu horien guztien ahalmena ez alferrik galtzeko: ikerketa zientifikorako proiektuetan partekatzea.
Duela 35 urte inguru abian jarritako SETI egitasmoak unibertsoa ikertzea du helburu, izaki adimentsuak bilatzea. Programa horretarako erabili zuten lehenengo aldiz konputazio partekatua deritzona. AEBetako David Gedye informatikariak 1999. urtean abiatu zuten Seti @home sistema, mundu osoko erabiltzaileek proiektuaren ikerketan parte har zezaten. Erantzuna denborarekin, izugarria izan da: 485.000 ordenagailuk laguntzen diote espazioan zehar adimena bilatzen duen programari. David Andersonek zuzentzen du egitasmoa gaur egun, BOINC (Berkeley Open Infrastructure for Network Computing) plataformako azpiegituraren gainean. Iazko abenduan segundoko 745 bilioi eragiketako (teraflop) gaitasunarekin prozesatzea lortu zuten: Blue Gene munduko superordenagailurik ahaltsuenak baino gehiago. Euskal Herriko superordenagailurik onena ere gainditzen du BOINC softwareak osatzen duen sareak, EHUk kudeatzen duen Arinak 668 gigaflopeko (mila milioi eragiketa segundoko) ahalmena baitauka.
Gaur egun, baina, ikerketa gehiagotan parte hartzeko aukera dute Interneteko erabiltzaileek, Kaliforniako Berkeley unibertsitatean gordetzen duten BOINC proiektuko zerbitzariari esker. Jose Miguel Alonso EHUko Informatika Fakultateko irakaslearen arabera, konputazio partekatuaren dohainak erabili ahal izateko, ezinbesteko baldintza bete behar dute ikerketa zientifikoek: «Proiektuak ebatzi nahi duen arazoak zatigarria izan behar du, sarean haren ahalmena partekatuko duten milaka ordenagailuen artean ariketak banatu ahal izateko». Erabiltzaileek beren ordenagailua partekatzen dutenean, «sarean konektatuta daudela baina ezer egiten ez dutenean», aurretik instalatu behar duten softwarea martxan jartzen da bere kabuz; «ordenagailuak zerbitzariari esaten dio libre dagoela, eta hark eragiketa batzuk helarazten dizkio, eta amaitu ondoren, zerbitzarira bueltan bidaliko ditu».
Halako sareak esparru murritzagoetan erabili izan dira orain arte. «Zientzialari taldeek ordenagailuak partekatzen dituzte sare itxietan. Prozesatzeko ahalmen jarioa izango litzateke sistema honen erabilera teorikoa: uraren txorrota nahi dugunean zabaltzen dugun moduan, prozesatzeko ahalmenarekin gauza bera egingo genuke». Konputazio herritarrak, baina, ordenagailu askoz ere gehiago eskain diezazkioke zientziari, eta, horri esker, «egungo superordenagailu ahaltsuenak gainditu».
BOINC softwarea edozein ordenagailutan erabil daiteke; «egungo ordenagailu guztiek gainditzen dituzte gutxieneko eskakizunak, eta sistema eragile guztietan erabil daiteke». Programa, gainera, «demokratikoa» dela dio Alonsok; izan ere, «nahiago duzun egitasmorako laga dezakezu zure ordenagailua; softwarea ordenagailura jaitsi ondoren, aski da nahiago duzun ikerketa aukeratzea». Espazioa arakatzeko ez ezik, proteinak aztertzeko eta klima aldaketa ikertzeko proiektuak ere badaude martxan, besteak beste.
Gustuko dut Kerobiaren musika. Ezer gutxi nekien haiei buruz Matrakarako elkarrizketa egin behar izan nien arte. Atseginez entzun nuen haien bigarren diskoa zen Rose Escargot eta gogoa daukat euren lan berria entzuteko. Guzti honegatik poztu naiz SGAE laga eta proiektu berriari askatasunez ekingo diotela jakinda. Hiru zatitan banatuko dute Materia organikoa eta gainerekoak diskoa eta, haien webgunearen bidez, doan banatuko dute. Nahi duenak diruz lagunduko du taldea eta, noski, kontzertuetatik lortuko dute nola bizi. Nik behintzat, zortea opa diet. Hona hemen kaleratu duten komunikatua:
Kaixo guztioi,
Hitz hauekin, Kerobia taldeko partaideok murgilduta gauden proiektu honen berri eman nahi dizuegu. Proiektu berritzailea da forma eta edukian eta batez ere, ilusio handiz eta lan handiz burutzen ari den egitasmoa.
2007ko azken egunetan, Rose Escargot diskoko girako kontzertuak jotzeari utzi genionetik iragartzen ari dugu 2008ko Apirilean gure lan berria kaleratuko genuela. Lan honen lehen eta berezitasun nagusia TRILOGIA bat dela da. Hau da, orain kaleratuko den lana, hiru diskoko lehen zatia baino ez da. Disko hauetako bakoitzaren iraupena 20 minutukoa da, lan osoak 60 minutu inguru iraungo duelarik (disko arrunt bat baino luzexeagoa). Trilogia honetako ale bakoitza, denboran espazio batekin kaleratuko da; lehenengoa 2008ko apirilaren 29an, bigarrena 2009ko Otsaila partean eta hirugarrena 2009ko Urriaren inguruan. Beraz, urte eta erdiko epean kaleratuko da trilogia osoa.
Hirukote honek, ardatz nagusi bat izango du dena kontextualizatzen, eta hildo nagusi hori kontenedoreak dira. Horrexegatik trilogiaren lehen diska Materia organikoa eta gainerakoak deituko da, hurrengoak paper eta kartoiei eta plastikoei egongo direlarik zuzenduak. Bizitzan zehar gauzak eta momentu ezberdinak erabili, gorde edo ezeztatzen ditugu. Han jasotzen dira jendeak ahaztu edo kontsumitu dituen gauzak, ideiak... Norberaren unibertsoaren fitxategi bat bilakatzen da, apalategi soil bat almazen batean, bizitzaren zatiak dituelarik stock moduan. Horrexegatik aukeratu dugu kontenedorearen ideia, begirada bat bota nahi diogulako horri guztiari. Zer aurkituko dugu, zer ikusiko dugu kontenedore ezberdinetan? Guzti hau isladatuko da lan ezberdinetan.
Edukiaz aparte, forman ere aldaketa asko daude. Hasteko lan hau Kerobiaren autoprodukzioa da. Bere zirgilu propioarekin kaleratutako lana. Gainera SGAEtik geure burua bajan eman dugu. Proiektu berri honen filosofiarekin bat ez datorrelako eta beraiek betetzen duten funtzioarekin eta lanarekin bat ez datozelako, gure aurreko diskoen etekinei uko egin diogu eta hemendik aurrera SGAEtik kanpo lan egiteko asmoa daukagu.
Era berean, gure musika eta autoprodukzioa izanik, libreki erreproduzitzeko aukera eman nahi diogu entzule guztiei, beraz disko osoa, kalitate onean, audio, irudi eta datu guztiekin libreki jendeak web orrialdetik hartu dezan utziko dugu. Gure lana edonork dohainik jeisteko aukera dagoen arren, bakoitzak gure lana baloratu eta gure proiektu honetan laguntzeko dirua aportatzeko aukera izango du, proiektu hau bere osotasunean burutzeko aukera emateko eta hori aurrera eramateko medio nahikoak ahalbideratzeko.
Honekin batera, ohi den bezela, gure lana dendetan ere erosteko aukera izango da GOR disketxeak banaketa egingo duelarik, baina esan bezela internetek hartu duen indarra ikusita, disko berriarekin batera gure web orrialde berria martxan jarriko da. Bertan, abesti eta material guztia jeisteko aukera emateaz gain, kontenedoreen kontzeptua isladatu eta informazio guztia eskeitzen saiatuko gara, jadanik martxan dagoen eta indartzeko asmoa dugun BLOG-aren funtzioarekin batera.
Guzti hau azalduta, gure trilogia honen lehen lana Apirilaren 29an aurkeztu dugu prentsaurreko batean. Ordurako dendetan egongo da eta gure web orrialde berria zabalik izango da deskarga eta informazio guztiarekin. Era berean lan berri hau zuzenean ere aurkeztuko dugu, Apirilaren 30ean hasi, eta Iraila amaierarate iraungo duen kontzertu epean. Aurrerapen moduan Asteroideen antzokian artista eraila abesti berriaren bideoklipa ikusgai jarri dugu.
Natura maite duten gazteek biologia, geologia eta halako ikasketak hautatzen dituzte. Eskoletan hasita, alabaina, teoria gehiegi ikasi eta mendi eta erreka gutxi aztertu behar zituztela ikusi zuten Antton Alberdik (Elgoibar, 1987) eta haren bost ikaskidek. Horrexegatik, Euskal Natura proiektua sortu zuten 2006-2007 ikasturtean, www.euskalnatura.net webgunearen inguruan; «Euskal Herriko landareak identifikatzeko gida egitea izan zen gure lehenengo asmoa, euskaraz Interneten ezer ez zegoelako». Pixkanaka, bestelako lanekin hasi ziren, Euskal Herriko espezieen zerrenda kasu, eta, urte bi igaro ondoren, I. Natur Astea antolatzea lortu dute EHUko Leioako campusean. Horren barruan, argazki erakusketa berezia prestatu dute: Objektibotik, Euskal natura argazkitan izenekoa; bederatzi argazkilarik Euskal Herriko naturari buruz eginiko kalitate handiko 32 argazki ditu.
Euskal Natura taldearen webgunearekin lotura zuzena dauka campuseko liburutegi zentralean jarritako erakusketak: «400 argazkitik gora bildu ditugu gure galerian dagoeneko, 25 bat argazkilarik eginikoak. Euskal Herriko landare, animalia eta paisaiak ageri dira irudiotan, eta batzuk oso onak dira. Orduan pentsatu genuen aukera zegoela webgunetik atera eta erakusketa antolatzeko». Unibertsitatean saiatu ziren eta zailtasunak gaindituta -«aspaldi nahi izan dugu elkarte bat sortu, baina oraindik ez dugu lortu»-, baimena eman zieten. Argazkiekin helburu nagusi bat dute, «Euskal Herriko bioaniztasuna eta paisaia aniztasuna erakutsi nahi dugu».
Argazki gehienak, Alberdik berak eginiko bat izan ezik, argazkilari profesionalek edo zaleek eginikoak dira. «Estetika zaindu nahi dugu; artea, argazkilaritza alegia, eta zientzia uztartzen ahalegindu gara. Alderdi zientifikoa argazki bakoitzaren ondoan jarritako deskribapenarekin landu dute; «Euskal Herrian non topa daitekeen eta bakoitzari buruzko historia azaltzeko aitzakia». Erakusketarako 31 irudi bildu zituztela ikusita, 32.a izateko, Pirinioetan katamotz bati Alberdik eginiko argazkia aukeratu zuten: «Euskal Herrian baziren katamotzak, eta, oraindik ere, Iparraldean badirela uste dute, haien aztarnak atzeman dituztelako».
NATURAREN ARGAZKILARIAK. Alberdirekin batera, zortzi argazkilarik laga dituzte beren argazkiak erakusketarako: Joxerra Aihartza, Pedro Aierbek, Ander Olaizola, Luis Llavori, Jose Mari Llavori, Peio Romatet, Mikel Tapia eta Felix Urrutiak. «Naturari buruzko beste webgune batetik ezagutzen nuen haien lana, eta proposamena egin nien». Oraingoan gai orokorra hautatu dute -«denetarik hartu dugu, intsektuak, basamortuak, mendiak, basoak...»-, baina hurrengo baterako gai zehatza jorratu nahi dute; «hegaztien ingurukoa izan daiteke hurrengoa».
Erakusketa ez ezik, I. Natur Astearen jardunaldietan bestelako ekitaldiak antolatu dituzte Euskal Natura taldekoek; lau hitzaldi eta mendi irteera, besteak beste. Gaur Malen Vilches izango dute hizlari, eta bihar Joxerra Diez irakaslearen txanda izango da.
Inflazioa eta bestelako adierazle ekonomikoak mendi, baso eta paisaiekin trukatu ditu Iñaki Rekaldek (Bilbo, 1968), eta gustura dago aldaketarekin. Iazko irailean hartu zuen Euskal Herria eta El Mundo de los Pirineos aldizkarietarako erredakzioa bere gain, eta, orain, zuzendaritzaren ondoko kargua hartu berri ditu. Jauzia emateko arrazoiak baditu, «bidaiei buruzko aldizkariak dira, fisikoak zein literarioak, eta bidaiak, beti, %90 planifikazio dira eta %10 abentura». Hamar urtez ekonomiari buruz idatzi ondoren, planifikazioaz badakiela uste du, «horixe da nire lana». Irakurleari dagokio «abenturaren zatia».
Ehunekoetan adierazteko joera ez ezik, bestelako ohiturak gorde ditu Empresarios del Pais Vasco eta Estrategia Empresarial agerkarietan aritutako urteetatik, «ezinezkoa dut egunkari bat hartzea lehenengo ekonomiako orriak begiratu gabe». Rekaldek ez du nahi, alabaina, inork bulegotik mendira atera berria denik pentsatzea; izan ere, kirola eta mendia betidanik izan ditu gustuko, «mendizalea naiz txikitatik; zaletasun gisa daukat». Gurasoak Arratiakoak ditu, baina Bilbon jaio zen Rekalde; Eskolapioetan ikasi zuen eta, bertan, Mikel Deuna eskaut taldean izan zen, «10 urterekin hasi eta 16 bete arte izan nintzen, horrela izan zuen mendi nagusiekin lehen harremana, haiekin ezagutu nituen lehenengo aldiz Pirinioak».
Eskaut taldea kristaua zen, eta berak ere, halabeharrez, kristaua izan behar zuen. Orain, ordea, ez du inolako federik erlijioan, «gauza askotan sinesten dut, baina jainkoetan ez». Filosofiarekin harreman hobea dauka, «bizitza bidaia dela» dio eta bizitzeko zein bidaiatzeko modu bi daudela uste du, «batzuetan bidaiari izan behar dugu eta, inoiz, turista izan behar da». Edonola, bidaiatzeak inplikazioa dakar, eta, alde horretatik, zalantzarik ez du, «bizitzan bidaiaria naiz».
EZAGUTU. Erabat planifikatutako bidaiak ez ditu atsegin bilbotarrak. «Ez dut nahi inork esatea zer egin behar dudan ezta zein ordutan joan behar dudan museo batera». Kalean norbere kontura ibili eta jendea ezagutzea, hori da «herriak ezagutzeko modu bakarra; hoteletik ontzira egiten dutenek ez dute ezer ikusten». Mundu osoan zehar bidaiatuz, hainbat toki ezagutu ditu: New York, Laos, Kanputxea eta Vietnam, besteak beste. Egiptora egin du azken bidaia neska-lagunarekin, eta, bidaia haien kabuz eginda, gustura ibili direla dio.
Euskal Herria aldizkarian, Bidaiatzeko Lerroak deritzona eskaintzen dituzte bi hilabetean behin, irakurleek haien abentura bizi dezaten. Mundua ezagutzeko, bestela, «abenturarako zabalik» egotea da funtsezkoena, «gogoa izatea azken finean», baina planifikazioa ere ezinbestekoa dela berresten du arriskuak kontrolpean izateko. Bestelako bidaiak egiten ditu Rekaldek, eta, noski, zuzentzen duen aldizkarian eskaintzen ditu halakoak, «Euskal Herria ezagutzeko» egiten diren beste horiek.
Bertokoa ondo ezagutu gabe atzerrian egondakoak daude, «gehienok egon gara Moskun baina ez Nafarroako bihotzean». Horri, «gure herriko lurraldearen %60 berdea denean», penagarria deritzo. Berari ere gertatu zaio, «lagunak datozenean nora eraman ez dakigu». Gehienetan kostaldea hautatzen dute, «Bermeora, esaterako, leku ezagunak besterik ezagutzen ez delako, hiruzpalau toki eta hiriburuetara besterik ez goaz». Gabezia horri aurre egiten saiatzen dira aldizkarian, «Euskal Herrian leku izugarriak daudela ezagutarazteko». Bidea erraztea da haien ardura, «gako batzuk eta mapak» ematea, baina abenturan murgiltzeko erabakia norberarena da.
Askotariko azoka eta ikuskizunak antolatu izan dituzte Barakaldon, BEC eta hango merkataritza gune erraldoiak sortu zituztenetik. Besteak beste, nagusien aisialdia, saskibaloi partida jendetsuak, umeen gabonetako parkea edota informatika zaleen topaketak egin izan dituzte. Asteburu honetarako antolatu dutena, alabaina, oso bestelako aisialdiari buruzkoa da. Euskalsex aretoan, erotismoa eta pornografia dira aitzakia nagusiak; behin hara joanez gero, eta, ostiraletik gaur arte, askotariko ikuskizunak eta lehiaketak izango dituzte bisitariek hainbat saltokitan.
Bisitari kopuruaren aldetik, aurtengo aretoa arrakastatsua izaten ari dela esan daiteke. Natalia Kim Euskalsexeko komunikazio arduradunak atzo esan zuenez, aurreikuspenak betetzen ari dituzte, «oso gustura gaude, etorri den jende kopuruagatik baino gehiago giro aparta sortzen ari delako eta etorritako guztiek primeran pasa dutelako». Megaparkeko gasolina zerbitzugune ondoko pabiloian jarri dute aurten aretoa, eta ikurrinaren koloreak ageri dituen kartel erraldoi batek ematen die ongietorria hara doazenei. Atean, txarteldegien aurrean sortzen diren ilara txikietan, gizonezkoak dira nagusi; baina emakumeak ere ikus daitezke, bikotekidearekin gehienbat. Lagun taldeen artean, bestalde, zaila da emakumezkorik ikustea. Antolatzaileen arabera, guztientzat dago zabalik aretoa, karteleko argazkian keinu lizunak eginez ageri den bakarra emakumea bada ere.
Barruko ikuskizunen artean, agertoki nagusian, emakumeak dira dantzan eta biluzten azaltzen diren lehenengoak ere; film pornografikoetako izarrak horietako batzuk, Sonia Baby edota Anastasia Mayo kasu. Goiko solairuan, aldiz, gizonezkoen striptease ikuskizunetan aritu ziren arratsaldez. Guztietan, ikusleen parte-hartzea eskatzen dute, eta, ausartenek, dantza egin edota joko berezietan parte hartzera gustura igotzen dira oholtza gainera.
Giro ederra dago Euskalsexen, arratsalde edo gau batez sexu ikuskizunekin gozatu nahi dutenentzat behintzat. Marta Vega eta Unai Larrea bilbotarrek gustura ari ziren saltoki eta agertokien artean: «dibertigarria da, baina garestiegia dela esango nuke, ikuskizunak ikusten ez baituzu egun osoa emango». Neska-lagunak esandakoa berretsi zuen Larreak, eta gaineratu: «eskerrak taberna ere badagoen».
Gasteiztar batek izan zuen sexuaren aretoa Euskal Herrira ekartzeko ideia, iaz egin zuen lehenengo aldiz eta bigarrenez zuzentzen du aurten Euskalsex Carlos Resak. Euskalduna ez bada ere, pornografiaren industrian euskararen erabilera sustatzea jarri zuen iazko aretoaren helburuetako bat, «eremu honetan normalizazioa lortzea zaila da, baina gutxieneko ahalegin batzuk egiteak ez du esfortzu handirik eskatzen, aretoko saltokiak eta kartelak euskaraz jartzea esaterako». Sex-shop denden eta ekoizleen artean euskara sustatzen saiatzen dela dio; baina, gehienetan, ez du gauza handirik lortzen, «enpresa pribatuak dira eta ezin duzu askorik egin».
Horren harira, euskarazko sexu hiztegia sortzen saiatu zen aurreko Euskalsex aretoaren harira, baina ez zuen arrakasta handirik izan;«webgunean ekarpenak egiteko aukera eman genuen; ez zen lagun asko animatu, ordea». Beste egitasmo bat ere gauzatu nahi izan zuen, film pornografiko bat euskarara bikoiztea. Orduan ezinezkoa izan zitzaion lana burutzea, «Euskalsexera eramateko denborarik ez genuen izan». Aurtengoan lortu dute, ordea, lo«burugogorra naiz eta oraingoan bai egin behar zela erabaki nuen».
Marranas con ganas, Resaren arabera, Euskal Herrian filmatutako lehenengo film pornografikoa izan zen. 2003ko udan grabatu zuen Gasteizen, Divafilms ekoiztetxearekin. Huraxe bera da aurtengo Euskalsex aretoan euskarara bikoiztuta aurkeztu dutena. Aretoaren webgunean ikus daiteke euskaratutako filmaren aurrerapen txiki bat eta, asteburua osoan, Barakaldoko pabiloian salgai jarri dute, Producciones Xfilmsen saltokian.
Resak Bartzelonako areto erotikoan lan egin izan du, eta eredu horri jarraituta pentsatu zuen Euskalsex bezalako jaialdia Euskal Herrira ekartzea. Berez, kazetaria da, baina duela urte batzuk, Gasteizko nazioarteko zinema jaialdian proposamen bitxia egin zioten, «sexua eta zinemari buruzko mahai inguru bat zuzentzeko eskatu zidaten eta onartu egin nuen». Egun horretan, gainera, aktore eta zuzendariekin hitz egin eta film pornografiko bat grabatzera animatu zuten, «aurrekontu handirik ez zela behar eta dibertigarria izango zela sinetsarazi zidaten».
LAGUNTZARIK EZ. Euskarazko ekoizpenek diru laguntzak izaten dituzte, baina Marranas con ganas euskaratzeko ez dute inolako laguntzarik izan; «saiatu ginen , baina esan ziguten ez zegoela ezer egiterik». Mota honetako lanak ekintza pribatuekin aurrera atera dira betidanik, «Eusko Jaurlaritzak ez du pornografiarekin zerikusirik nahi». Katalunian ere, Resak dakiela, ez dago halako filmak bikoizteko diru laguntzarik; baina bai, ordea, film erotikoak katalanez egiteko laguntzak, «nik ezagutzen dut lortu izan duenik».
Zazpi laguneko taldeak hartu zuen filma euskaratzeko lana, Jose Miguel Villaltak zuzenduta. Bilbon bikoiztu zuten, eta bitxikeriak sartu dituzte jatorrizkoaren gainean; «sexu eszenetan, aurpegiak ikusten ez direnean, ohean adierazten diren esapideak sartu ditugu».
Gizakia inguruan daukan guztia apaintzeko ohitura dauka, artelanen bidez testuingurua bere nahietara egokitzeko asmoz. Azaletik hasita, tatuajeak direla medio, eta autoekin egiten den tunning-arekin amaituta, denetarik eraldatu daiteke norberaren gustuaren arabera eraldatzeko. Teknologia berrien erabilerak, tresna berriak egunero erabiltzera behartu edo bultzatzen gaitu, ordenagailuak batez ere. Etxean erabiltzeko makina hauek PC sigla ezagunekin bataiatu zituzten aspaldi, ingelesezko personal computer hitzei dagozkienak. Askok, pertsonal adjektiboan, jabetzaren adierazlea baino gehiago ikusten dute eta, horren arabera, ordenagailua haien gustuen arabera eraldatzen dute, barrutik zein kanpotik.
Tresna elektroniko guztiekin bezala, ordenagailu ekoizleek gero eta gehiago zaintzen dute merkaturatzen dituzten aparailuen itxura, baina, hala ere, orain arte saldutako ordenagailu gehienak nahiko kaskarrak dira, metalezko kutxa handikoteak, DCD irakurgailua eta bestelako tresnetarako sarrerak aurrealdean ageri dituztenak. Mahai gehienetan ezkutatuta gelditzen dira kutxa hauetako albo biak eta atzealdea. Modding izenekoaren zaleek, ordea, inoiz ez lukete haien ordenagailua ezkutatuko, izan ere, ordu ugari ematen dituzte kutxa ikusgarriak sortzen, denda berezietan saldutako elementuei esker edota, eskulanetan eskarmentua dutenek, haiek egindako moldaketen bidez.
Modding delakoaren bitartez, ordenagailuaren itxura eraldatzea eta ahalmena handitzea dute helburu. Kutxa moldatzea da erabiltzaile gehienek ematen duten lehenengo urratsa eta, handik aurrera, askotariko moldaketak egiten hasten dira: LED argiak jarri kutxan, IDE kable borobilak erabiltzea, haizagailu berriak gehitu eta abar luze bat. Modding zaleak talde bitan banatzen dira, apainketak egiteko eskulanetan trebatzen direnak, batetik, eta elementu berriak modding dendetan erosten dituztenak. Zaletasunaren hastapenetan lehenengo aukera besterik ez zegoen ordenagailua moldatzeko. Ohikoa zen overclocking tekniketan aritzea baina kutxa moldatzeko tresnarik ez zen saltzen. Azken urteotan, aldiz, biderkatu egin dira apaingarriak eta moldaketak egiteko elementuak saltzen dituzten ekoizle eta dendak.
JATORRIA. Adituek diotenez, Interneten zabaldu da batez ere modding-a eta, horren arabera, ez luke izango abiapuntua ezarri duen herrialderik. Teknologia eta informatikaren eremu gehienetan bezala, alabaina, AEBetan hasi ziren zaletasun honen lehenengo agerraldi publikoak, non eta party-etan, informatika zaleen topaketetan alegia. Mila ordenagailu areto berean sartzean konturatuko ziren askok ez zuela batere itxura onik ematen makina gehienek ageri zuten kolore zuri eta horixka mahai guztietan errepikatzea, ordenagailuaren kutxan zein monitoreetan. Merkatuak, alabaina, ez zuen aukera handirik eskaintzen, PC makinetan behintzat, Apple konpainiaren oinarrietan betidanik egon baita diseinuaren gaineko arreta. Mac ordenagailuek edertasuna dute funtsezko ezaugarrietako bat.
Egun, topaketak dira modding zaleen ezinbesteko erakusleihoa, Interneteko webgune eta eztabaidaguneetan elkar ezagutzen dutenek zuzenean elkartzeko duten aukera paregabea baita, bakoitzak ikasitakoa besteari erakutsi eta halako jaialdietan eskaintzen dituzten tailerretan parte hartzeko. Modding lehiaketak ere egiten dituzte, Euskal Encounter topaketan esate baterako, urtero ospatzen dute eta gero eta parte-hartzaile gehiago biltzen ditu. Nerea Munitxak duela bi urteko txapelketa irabazi zuen Barakaldoko topaketan, Alien itxurako ordenagailuarekin, «finaletara 30 lagun inguru heltzen dira, parte hartzeko baldintza gogorrak izanda ere, ordenagailu berbera ezin da urte batetik bestera aurkeztu, aurrekoan irabazi ez arren, berriro moldatu ezean».
Informatikaren beste esparru gehienetan bezala, gizonezkoak dira zaletasun honetan aritzen diren gehienak, «ezagutzen ditut neskak baina gutxiengoa dira». Horrela izanda ere, topaketetako lehiaketara urtero azaltzen diren emakumezkoak ezagutzen ditu Munitxak eta, berak egin bezala, irabazteko gauza direla egiaztatzen dute.
Duela bost urte ireki zuten Mod PC, modding-erako Bilbon dagoen denda bakarrenetarikoa. Ordenagailuak moldatzeko tresnak ez ezik, tailerrak ere eskaintzen dituzte, eta parte hartzen dute inguruko zaleen topaketa zein lehiaketetan. Sabino Arana kalean ireki dute egoitza berria, Termibus geltokitik gertu. Han hartzen ditu bezeroak Sergio Itxasok (Bilbo, 1971), dendako arduradunak.
Ezinbesteko galdera: zer da modding-a? Autoekin tuning-a dena da modding-a ordenagailuetan. Funtsean, ordenagailua eraldatzea da modding-a, norberaren gustuen arabera moldatzea. Bestelako itxura ematea da, batetik, baina baita makinaren ahalmena handitzea ere. Autoekin gertatu zen bezala, gero eta zaletasun zabalagoa da hau.
Modding zale ugari al da Euskal Herrian?Oraindik ez dira milaka, pixkanaka doa. Edonola ere, modding-arekin hasten direnak, muturreraino sartzen dira honetan. Zaletasun honek, baina, denbora eta dirua behar du, eta, horrez gain, estetika eta elektronikari buruzko gutxieneko ezagutza eskatzen du. Diruarena aldakorra da, baina argi dago mundu guztiak ezin duela gehiago gastatu ordenagailua moldatzen hura erosten baino. Ezaugarri hauek bete behar ditu zaleak, eta horregatik ez dira hainbeste. Edonola ere, kalean ezin da, tuning-arekin bezala, zenbat zale dauden ikusi. Informatika topaketetan, aldiz, gero eta gehiago direla antzematen da, uste baino gehiago.
Zein da zaletasun honen jatorria?Interneten zabaldu da batez ere, sarea sortu zutenetik, zaila da gauza jakin baten jatorria zehaztea. Hala ere, party-ak (informatika zaleen topaketak) modding-arekin zerikusi handia dute. Gure inguruan, Europako iparraldeko herrialdeetan hasi ziren lehenengo topaketak egiten eta bertan garatu da hemen baino gehiago. Herrialde batzuetan ohikoagoak dira etxe barruko zaletasunak, guk kalean bizitzeko ohitura dugun bitartean. Edonola ere, eskulanetarako zaletasunak ere hemen garrantzi handia dauka eta ezaugarri kulturala da hori ere. Azkenik, AEBak aipatu behar dira, gai hauetan guztietan aitzindariak direlako beti.
Modding zaleari bere lana erakustea gustatzen al zaio?Bai, noski, horretarako daude topaketak. Norberak egindakoa besteei erakustera eta besteek eginikoa ikustera ere joaten dira modding zaleak. Zoragarria da party-etan paseatzea ordenagailu batetik bestera, askok benetako artelanetan eraldatzen dituzte ordenagailuak.
Euskal Herriko jaialdirik ospetsuena Euskal Encounter da. Zer-nolako modding maila dago bertan?Nahiko maila ona dugula esango nuke. Beste topaketa ugarietan gamer-ak (bideojoko zaleak) leku handiagoa dute, hemen ez bezala. Euskal Encounterrean overclocking, modding eta bestelako gaiek garrantzi handia dute. Lehiaketak egiten dira bertan eta sari garrantzitsuak banatzen dituzte. Urte batetik bestera, gainera, gero eta maila hobea azaltzen dute zaleek.
Ordenagailua barrutik eta kanpotik moldatzean datza modding-a. Biak al dira beharrezkoak?Denetarik egin daiteke ordenagailuaren itxura aldatzeko. Normalean, apaingarriak jartzeko zaletasuna hartzen duenak, barruko gauzak aldatzeko gogoa izaten du momenturen batean, barrualdeko zarata ahalik eta gehien gutxitzea, esaterako. Aldaketa txikiak ere egiten dira, kutxaren torlojuak eskuz kentzekoak izatea, bihurkinaren beharrik ez izateko. Itxurarekin ez ezik, erabilgarritasunarekin zerikusia dute moldaketa asko. Hasieran, aldez aurretik moldatutako kutxa bat erostea aski izaten da, gero argiak jartzen hasten zara. Momenturen batean, ordenagailuak zure gela apaintzen duela ikusten duzu eta azkenean, zaletasunaren muga gainditzen duzu. Ordenagailua egunero zabaltzen duzu edota zuzenean zabalik uzten duzu. Orduan, kanpokoak ez ezik, barruko elementuak aldatzen dituzu eta elektronika kontuekin ere ausartzen zara. Handik aurrera ez dago modding-aren mundutik ihes egiterik, nolabaiteko menpekotasuna sortzen du.
Zeintzuk dira moldaketarik ohikoenak?Overcloking-a, isiltasuna lortzea eta argiztapena. Asko modelatze lanetan ere trebatzen dira. Argiztapenerako argi ultramoreak erabiltzen dira. CPUren ahalmena handitzean, bestetik, bero itzela sortzen da eta, orduan, hozte sistema ere aldatu beharra dago.
Garestiak al dira moldaketa hauek? Gauzarik arruntenak nahiko merke eskuratu daitezke, adibidez, leihoa duen kutxa bat arrunten salneurrian dago gaur egun. Neon argiak, bestetik, 7 eurotan eros daitezke. Bi horiek jarrita modding-a egin duzu. Hortik aurrera denetarik dago eta salneurri guztietan. Uraren itxura duten neon argiek bikoitza balio dute, kutxaren barruko tenperaturaren berri izateko aurre panelak 30 euro ingurutan dago. Hasieran ez da garestia, baina zaletasunean murgiltzen zaren heinean, gero eta gehiago.
Heriotzak, pertsonak ez ezik, aroak ere berdintzen ditu, norberaren fedeak agindutakoak alde batera utzita, betiereko atsedena ekarri izan duelako beti. Hilobiak dira, hain zuzen ere, gizarte eta garai gehienetan, historiak etorkizunari laga dizkion ondarerik garrantzitsuenetako bat. Sinesmenik ez da behar hilerri batean errespetu berezia sentitzeko, are gutxiago aurrean dauden hobiak iraganak utzitako aztarnak direnean. Arkeologo, antropologo edo historialari izan gabe ere, liluragarria da iraganeko nekropoli batean sartzea, hilarri eta hilobien artean ibiltzea. Horixe bera eskaintzen du Argiñetako nekropoliak, Elorrion (Bizkaia), naturak inguratuta, Erdi Aroko arrastoak biltzen dituena, Euskal Herri osoko garrantzitsuenetarikoak.
Arte eta arkitekturaren historian, ezinbesteko garrantzia izan du erlijioak Euskal Herrian, baita Elorrion ere. Horrexegatik antolatu dute asteotan, Apasionarte izeneko jardunaldiak, Elizaren inguruan herrian eta inguruetan sortutako ondarearen berri emateko. Gaurkoa izango da Elorrioko altxorra erlijioan erakusketa ikusteko azken eguna, Iturri kultur etxean. Herri txikia bada ere, zazpi mila biztanle ingurukoa gaur egun, duela mende bi 25 baseliza zituen Elorriok, baina horietatik 19 baino ez daude zutunik orain.
Baseliza horien artean, Mendraka auzorako bidean dagoen Argiñetako San Adriangoa da bereziena. Bertan, Erdi Aroko hainbat hilobi eta hilarri batu zituzten XIX. mendean, egungo Argiñetako nekropolia sortzeko. Toki txikia da, tenis zelai baten tamainakoa, baina herriko altxorrik preziatuena gordetzen du, Elorrioko hiribildua bera baino askoz zaharragoa delako, besteak beste.
Herriko erdigunetik kilometro batera dago nekropolia, eta ondare historiakoaren seinaleak aurki daitezke bidean. Argiñetako Etorbideari jarraituta, erraz iristen da bertara, oinez zein autoz. Errepideko bihurgune batean ageri zaio San Adrian baseliza bisitariari. Baselizako ate nagusia haritz enborrekin eginikoa da eta, alboko atean, 1666. urtekoa dela irakur daiteke. Edonola ere, zaharberritutakoa da. Argiñetako San Adrian abuztuaren lehenengo igandean ospatzen da, meza eta erromeria egiten dituzte bertan, eta gero herritar guztiek elkarrekin bazkaltzen dute. San Adriango Kofradiaren ohiturak dio bakoitzak bere sardexka, koilara eta ogia eraman behar duela egun horretan.
Hogei sarkofago daude Argiñetan, eta bikoitza da horietako bat; senar-emazteentzat egindakoa, ikerlariek diotenez. Hobion artean, berriz, bost hilarri daude. Guztiak batu zituzten baselizaren ondoan Elorrioko apaizaren aginduz, XIX. mendeko bigarren zatian. Oiz mendiko harrobietatik ateratako harriekin egin zituzten hilobiak, IX. mendean. Guadaleteko borrokaren ostean, 711. urtean, musulmanengandik ihesi zihoazen bisigodo kristauek eurentzat egin zituzten. Guztien artean, sarkofago bi dira garrantzitsuenak, latinezko inskripzioak dituztelako. Ez dira oso ondo ikusten, eta zaila izan daiteke hilobi zuzenak topatzea. Baselizatik begiratuta, ezkerreko ilarako bigarrenean eta hirugarrenean irakur daitezke, estalkietan.
Hilarriak dira, ordea, nekropoliko elementurik zaharrenak, inguruetan kristautasuna ezarri baino lehenagokoak baitira. Horiek ere Oiz mendiko hareharriarekin egin zituzten, lau borobilak dira eta bestea, berriz, hiruki formakoa da. Guztiek ageri dituzte astrologi ikurrak. Adituek diotenez, VII. eta IX. mende artean sortutakoak dira.Argiñetako nekropoliak Otto Pette edota Erdi Aroan oinarritutako misteriozko eleberriak ekartzen ditu gogora, ikurrak, hilobiak eta inskripzioak dituelako. Elorriora hurbiltzeko aitzakia ona da, eta batez ere gainerako auzoetatik osteratxoa egiteko. San Adriango baselizatik gertu dago, esate baterako, Mendrakakoa, San Tomasi eskainitakoa. Bertan, beste nekropoli batekin egiten du topo bisitariak; Argiñetakoa baino askoz txikiagoa. Miotako baselizak ere aspaldiko hilobiak ditu, eta Santa Eufemiakoak, berriz, X. mendeko hilarri bat dauka.
Laster berrekingo dio marinelak itsasoko abenturari, baina, bitartean, Unai Basurko (Portugalete, 1973) herrikoen zein etxekoen berotasunaz gozatzen ari da. Irribarretsu, beti bezala, baina paisaiak liluratuta igo da Bizkaiko Zubiaren goialdera, ezin konta ahala aldiz bertan izan den arren, Abrako «behatokirik onena» delako. Esanahiaz beteriko lekua da Portugaleteko zubia Basurkorentzat. «Bizkaiko sinboloa da, itsasoaren sarbide eta, gainera, gure mendietatik ateratako burdinarekin egindakoa». Itsasoratu eta etxera bueltatzeko atea du burdinazko zubia, Velux 5 Ozeano lasterketan kasu: «Galean zegoen helmuga, baina nik beti esan dut nire munduko bira zubi esekiaren azpian bukatzen zela».
Zailtasunak izan zituen Bizkaiko Golkoan azken egun horietan, baina zubian aurkitutako harrera beroak «itsasoan izandako une latz guztiak» gainditu zituen. Mila zale eta lagun inguru bildu ziren itsasadarraren bazter bietan marinela babesteko. Laster beteko da urtebete ahaztu ezingo duen egun horretatik: «Bizitzan inoiz izan dudan unerik ederrena izan zen». Munduaren bira amaitzea lortu zuen; ametsa bete zuen, non eta txikitatik hainbestetan zeharkatu duen lekuan.
Bilboko portua etxe ondoan izan du beti marinelak, eta, horregatik, zorteko sentitzen da. «Izan ere, nire bizitzako egun guztietan itsasoa ikusi ahal izan dut eta ez dut gogoratu ere egiten noiz hasi nintzen gurasoekin nabigatzen». Zubiko behatokitik ikus daitezkeen kaiak askotan zeharkatu zituen haurtzaroan: «Zubitik beste aldera egiten genuen, handik autobus geltokiraino joan eta ikastolarako autobusa hartzeko». Duela hogei urte denboraleak ugariagoak ziren, eta Portugaleteko zubian «hezetasuna eta hotza ziren nagusi». Basurkok uste du garai hartan jasandako eguraldi kaskarrak lagundu egin ziola «itsasoko haizeari aurre egiteko» prestatzen.
Pakea ontzitik kanpo ere, bestelako loturak dauzka Bizkaiko Zubiarekin. Itsasoa garaitu baino lehenago, heroi izan zen 1890ean eraiki zuten burdina erraldoiaren magalean. Duela lau urte gertatu zitzaion, neguan: «Futbol partida batetik nentorren, eta neska batek bere burua zubitik behera bota zuen, bere buruaz beste egin nahian». Flotagailu bat jaurti zioten, baina ia konorterik gabe zegoela, Basurkok uretara jauzi egin zuen. «
enbora luze eman genuen biok errekan, Gurutze Gorrikoak etorri ziren arte». Neska ospitalera eraman zutela besterik ez daki. Zubiaren historia luzean horrelako hamaika gertatu izan direla uste du. «Langileek diote liburu bat idazteko beste istorio dituztela».
ABRAN, BEREIZKETARIK EZ. Portugaleten jaio eta Getxon ikasi zuen. Itsasgizonak ez du sinesten bazter bien arteko bereizketan. Bietan ditu lagunak, eta zubiak «elkartzeko» direla gogorarazi du. Ezkerraldeko industria gainbehera ez dauka ahazteko, eta, «umea besterik ez» zen arren, «garai grisak» ditu gogoan: «
ena zen zaila, zikina; arazoak nonahi zeuden, eta umetan jabetzen ez nintzen arren, denborarekin ulertu egiten duzu». Azken hogei urteotan hobera egin dela uste du, baina, oraindik, Unescok ondare izendatutako zubiak «industrializazioaren loraldia gogorarazten du, burdina eta langileen ahalegina». Aurrera egin beharra aldarrikatu du, iragana aintzat hartuta betiere: «Izan ginena ahaztu gabe».
Itsasoan dago marinelaren nortasuna eta zubi esekia abiapuntu eta helmuga izango du beti: «Ate bat da hau, itsasoratzeko eta urrunetik bueltatzeko». Aukeratzekotan, baina, etxeratzeko nahiago du Bizkaiko Zubia; «abiatzeko eguna tristea delako, besteak beste azken agurra izan daitekeelako; itzulerak, aldiz, helburua bete duzula eta maite dituzunak berriz topatuko dituzula esan nahi du».
Eraikin zein garraio gehienetan debekatuta egoten da animaliekin sartzea eta, salbuespenak salbuespen, inori ez zaio bururatzen nortasun agiria berritzera txakurra eramatea. Badira, alabaina, lau hankadun hauen beharra dutenak, ikusmen urritasuna dutenak hain zuzen ere. Legeak, aspaldi, txakur gidariak onartzera behartzen ditu bai garraio publikoak, bai jatetxe zein bestelako eraikinak. Animalia hauek, baina, behar bezala trebatu behar dituzte gidari lanetan hasi aurretik, eta, horrez gain, jabeak behar bezala zaindu eta garbitzen duela eta albaitariaren azterketak gainditu dituela egiaztatu behar dute. Baldintza horiek ederki gainditzen dituzte, esaterako, Agustin Merinok eta bere laguntzaile Suso-k, «sei urte egin berri ditugu elkarrekin, eta inoiz ez dut izan bi minutuko azalpenak emanda konpondu ezin izan dudan arazorik».
Taxia da itsuek gehien erabiltzen duten garraioetako bat, «erosotasunagatik batez ere, etxeko ateraino eraman zaitzake», eta gidariek txakurrekin autoan sartzeko oztopo handirik jartzen ez badiete ere, ONCE itsuen elkarteak Zabal iezazkidazu ateak leloa duen kanpaina jarri du martxan. Javier Dominguez erakundeko Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidentearen arabera, «gidariak are gehiago sentsibilizatzea» da helburu nagusia. Orain arte egondako arazoak «anekdotikoak» izan badira ere, Hego Euskal Herriko taxi gidarien artean 3.000 liburuxka banatuko dituzte, txakur gidariak «beste edozein pertsona moduan hartu behar dituztela» jakin dezaten.
Suso-k «independentea» izateko aukera ematen dio Merinori, «nahi dudan leku guztietara joateko aukera eskaintzen dit, baita taxian eta metroan ibiltzeko ere». Bi urte inguru itxaron behar izan zuen orain ezinbestekoa duen laguntzailea eskuratu arte, eta lagun mina bihurtu den arren, hemendik urte gutxira banandu egin beharko direla badaki, txakur gidariak sasoian egon behar baitira jabeari laguntza emateko; «zortzitik hamar urtera artekoa izan daiteke harremana». Ondoren, albaitariak txakur gidaria izateko gaitasunak galdu dituela esaten duen egunean, «ikusmena galtzen hasi delako adibidez», beste bat eskatu beharko du Merinok.
Oraingoz, Suso-rekin kalean topatzen dituen oztoporik handienak gainerako txakurrak dira, «oso garrantzitsua da txakur arrunten jabeek ulertzea gure animaliak lanean ari direla, nolabait esateko, eta haien txakurrak guregana datozenean, trabatu egiten gaituztela». Suso-rengana hurbildu zen beste txakur baten erruz erori zen behin Merino.
HOBETO TXAKURREKIN. Makila eskuan kalean ederki moldatzen diren itsuekin topatzea ohikoa da. Txakur gidariekin, alabaina, askoz hobeto aritzen dira batetik bestera mugitzeko ikusmen urritasuna dutenak. Maria Antonia Casellesek 15 urte daramatza lau hankadunen laguntzarekin -bere hirugarren txakurra da Lucero- eta, harentzat, «autonomia eta segurtasuna da, ez dauka makilarekin ibiltzearekin zerikusirik, txakurrari taxia edo metroko atea bilatzeko esan ahal diozu, esaterako».
Txakur gidariak, edonola ere, urriak dira, ONCE Fundazioaren eskolan prestatzen dituzte eta, urtero, ehun baino gehiago ateratzen dituzte kalera. Hego Euskal Herrian 43 txakur eman dituzte, eta zain dauden eskaerak egon arren, lehentasuna dute orain arte txakur gidari baten jabe izandakoek, erabili dutenentzat ezinbestekoa bihurtzen delako. Jaio direnetik hartzen dituzte animaliak, txakur gidari izandako gurasoengandik ezaugarri bertsuak jaso dituztenak. Txakurrak ez ezik, jabeak ere ikasi egin behar du laguntzaile berriarekin nola jokatu eta, horretarako, hiru aste eman behar dituzte ONCE Fundazioaren eskolan. Itsuen elkartearentzat, hezi eta ematen duen txakur bakoitzak 6.000 euroko gastua dauka, baina jabeei ematen dieten laguntza, haiek diotenez, «ez dauka salneurririk».
Orain dela bi hamarkada sortu zuten Futuroscope, baina Dominique Hummel (Hangenbienten, Frantzia, 1954) parkeko presidenteak duela sei urte hartu zuen kargua. Haien zereginik garrantzitsuena «sentipenak eskaintzea» dela dio, eta parkearen arrakasta azaltzeko formula ekonomikoak erabiltzen ditu, 10/20/60 deritzona: «Urteroko etekinen %10 ikuskizunen %20 berritzeko erabili, horrela, bisitarien %60 bueltatzea lortzeko».
Iaz 20 urte bete zituen parkeak. Zertan aldatu da Futuroscope ordudanik? Asko hazi da; gaur egun 25 ikuskizun inguru daude, eta askoz ere pabiloi gehiago. Hasiera batean jendea egun bakarrerako etortzen zen. Hamar urte igarota, jendeak egun batzuk ematen ditu, bi egun gehienetan, atrakzio guztiak ezagutu ahal izateko.
Lehenengo garai hartatik ba al dago oraindik martxan dagoen ikuskizunik? Ikuskizun guztietatik, heren bat epe luzerako diseinatzen da, ia aldaketarik egin gabe, gainerako bi herenak berritzen dira jendeak berriro etortzeko aitzakia izan dezan. Epe luzerakoak direnak hamar urterako izan daitezke.
Etorkizuneko animalien ikuskizunetik zer espero duzue? Ahalmen handia duen ikuskizuna da. Alde batetik, nerabeak erakarriko ditu, areagotutako errealitate delako teknologiagatik batez ere, baina aldi berean helduagoak ere etorriko dira, gaiaren aitzakiarekin, espezieen bilakaera eta etorkizunean Lurrean zer gertatuko den jakitearren.
Eskualdeko erakundeen arteko lana bultzatzen duzue, nola lortzen duzue? Lehen esan bezala, egonaldiak luzatzen ari da jendea. Izan ere, Futuroscopek jendea erakartzen du, hasiera batean behintzat, baina orain jendea gelditu egiten da Poitiersen, dagoeneko ez da egun bakarra igarotzeko lekua. Horregatik, garrantzitsuagoa da Loirako eskualdeak daukan eskaintza: gazteluak edo Poitiers bera. Bestalde, aisialdirako eskaintza inguruan izatea, krokodriloen parkea eta tximinoena kasu. Beste era bateko turismoa bultatzen du horrek, denbora gehiagokoa.
Futuroscopen duzuen eskaintza zabaletik, zein da gehien gustatzen zaizun ikuskizuna? Begi itsuak izenekoa, 2005etik geroztik daukagun ikuskizuna. Itsu batek 30 minutuz ilunpean dagoen ibilbidetik laguntzen zaitu, ondorioz gainerako zentzumenak indartu egiten dira. Oso dibertigarria da, zeren ikusmena kenduta, gainerako zentzumenekin gidatzen duzu zeure burua. Urritasun fisikoak dituztenen mundua ezagutzeko aukera ematen duelako gustatzen zait. Itsuen larruan jartzeko aukera ematen dizu, haien bizimodua nolakoa den pixka bat ulertzeko.
Ba al duzue proiekturik buruan? Bi urtean behin proiektu handi bat garatzen dugu. Orain dela bi urte, Danse avec les Robots (Robotekin dantzatu) izan zen, orain Les animaux du futur (Etorkizuneko animaliak) dira eta 2010erako beste proiektu bat dugu buruan. Ikuskizun hau sortzeko Luc Besson zuzendariarekin ari gara lanean.
Jolas parke gehienetan, abiadura eta mugimendu bortitzak dira protagonistak eta, horregatik, ausartenek baino ez dute atrakziorik dibertigarrienetan gozatzeko aukera. Teknologiak, ordea, bestelako jolas eta ikuskizunak eskaintzen ditu. Hori uste zuten duela hogei urte, 1987an, Futuroscope parkea sortu zutenek, eta bi hamarkada hauetan lortutako arrakastak zuzen zeudela adierazten du. Dagoeneko, 35 milioi bisitari izan ditu parkeak eta, egun, etorkizunarekin jolastu eta askotariko abenturak bizitzeko atrakzioak biltzen ditu. Hiru dimentsiotako filmak egiteko darabilten Imax teknologian oinarritzen dira horietako asko, baina mota horretako zinema aretoetan ikus daitekeena baino askoz gehiago eskaintzen du Poitiersko parkeak (Frantzia). Laugarren dimentsioa deritzona erantsi diote atrakzio gehienei, sentikortasunarena, alegia; pantailan azaldutakoa ikusi, entzun eta sentitu ere egin daiteke bertan. Larunbatetik aurrera, Etorkizuneko animaliak atrakzio berrian, errealitatea eta irudi birtualak nahasiko dituzte.
Eurodisney parkearen atzetik, Frantziako bigarrena da Futuroscope. Iaz bakarrik 1,6 milioi bisitari izan zituzten, eta harrigarria bada ere, gehienak aldez aurretik parkean izandakoak dira. Urtero atrakzio berriak sortzen dituzte, eta parkeko arduradunen arabera, ikuskizun guztietatik, heren bat bakarra da munduan.
Hiru dimentsiotako filmak -Imax teknologia ezagunaren bidez- eskaintzeari ekin zion lehenetarikoa izan zen Futuroscope munduan eta, gaur egun ere, mota horretako zinema areto gehien biltzen duen parkea da. Irudi ikusgarriak eskaini ez ezik, Poitierseko parkean urrats gehiago egin dituzte ikusleari filmean murgilduta dagoela sentiarazteko. La Vienne Dynamique (Vienne dinamikoa) ikuskizuna da mota horretako ikusikuzun aitzindarienetarikoa. Ikuslea eserleku berezietan kokatu behar du filmeko protagonistak bizi duen abenturan parte hartzeko. Tren bateko bagoian ikusiko duen pertsonaiak bezala, dardara sentitzen du ikusleak, eserlekuak filmean gertatzen dena berregiten duelako, hain zuzen ere. Une horretan ulertzen du parkeko bisitariak zertarako jarri dioten segurtasun barra eserleku bitxiari, errusiar mendietan erabiltzen direnen antzera.
Handik aurrera oihuak ere entzun daitezke aretoaren iluntasunean, protagonista 1 Formulako lasterketa batean dago eta, harekin batera, ziztu bizian doa aurrera, bihurgune bakoitzean ikuslearen gorputza alde batera edo bestera mugitzen dela. Barre egiteko aukera ere badago bidaian, izaki bitxi bat azaltzen da bat-batean eta doministiku egiten du, filmeko protagonista eta, nonbaitetik ageri diren ur tantekin, ikuslea zipriztinduz. Aire beroa ere badatorkio aurpegira une batean.
Antzeko atrakzio ugari dago parkean, bakoitza bere aldaerekin. Esaterako, Atlantis izeneko ikuskizunean, espaziontzi baten moduko batean igo behar dira ikusleak, pantaila handi baten aurrean. Hor, eserlekuen mugimendua ez ezik, 3D betaurreko bereziak erabiltzen dira irudietan erabat murgiltzeko.
ETORKIZUNEKO ANIMALIAK. Filmetan oinarritutako atrakzioak ez ezik, urteotan bestelako aukera batzuk aztertu dituzte Futuroscopen; esaterako, ispiluak, bisitariari sabaian zehar ibili dabilela sentiarazteko Bertigoaren hiria izenekoan, edota musikaren erritmora dantzatzen ari den robot erraldoi baten eskuetan harrapatuta zer den erakusten duena. Aurtengo ikuskizun berriak, aldiz, errealitate osatua deritzon teknologia erabiltzen du, Total Inmersion garatutakoa eta, orain arte, medikuntzan eta suhiltzaileen trebatze saioetan, besteak beste, erabilitakoa. Larunbatean irekiko dute Les Animaux du Futur atrakzioa (Etorkizuneko animaliak), hemendik 100 edo 200 milioi urtera planetan izango diren espezieak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango duena. BBCrako Wild future dokumentalerako sortu zituen John Adamsek etorkizuneko animalien ideia, aurreikuspen zientifikoen arabera.
Atrakzio horretan, bisitariak kameradun prismatikoak erabiliko ditu, eta ikusten ari den errealitatearen gainean, ordenagailuz sortutako animaliak azalduko zaizkio. Eskuan eramango duen sentsoreari esker, errealitatea eta mundu birtualaren arteko interakzioa sortzen da, eta hori da harrigarriena. Gerta daiteke, esate baterako, armiarma moduko bat ikuslearen eskuan agertzea, edota aldamenekoari begiratzea eta bere buruan olagarro bat azaltzea.
Porlanik ere ez zegoenean, duela 13.000 urte baino gehiago, kobazuloetan babesten ziren gizakiak. Egungo Busturialdean bizi zirenek Santimamiñeko leizea zuten babeslekurik garrantzitsuenetakoa. Historiaurreko margolanak topatu zituzten Kortezubiko koban XX. mendearen hasieran, eta, ordudanik, milaka eta milaka bisitari bildu da kobazuloko hormetan dauden artelan primitiboak ikustera. Hainbeste lagunen bisitek -milioi bat, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera- leizeari kalte egin diete eta, horregatik, Santimamiñe ixtea erabaki zuten 2006an. Kalte horiek aztertu ondoren, bisitak egiteko aukera zabaldu dute, baina euskal artelanik zaharrenak berriz ikusi nahi dituztenek, aurrerantzean, bisita birtualak egin beharko dituzte.
Film bat, hori aurkituko dute bisitariek Santimamiñerako bidaian, sarreratik hurbil dagoen baselizan, San Mames baselizan. Lau metro inguruko pantaila estereoskopikoan proiektatutako irudiek ez dute ondarearen inguruan eginiko ohiko dokumentalekin zerikusirik; izan ere, hiru dimentsiotan grabatutako lana da, puntako teknologiarekin Virtualware enpresak sortutakoa. Baseliza ilunpean jartzen dute bisitari ekin aurretik, eta irudietan barneratzeko, betaurreko bereziak banatzen dizkiete ikusleei.
Kobazuloko 6.000 milioi informazio puntu eta bereizmen handiko 1.500 argazki eskaneatu eta prozesatu dituzte eta emaitza ikusgarria lortu. Leizeko horma, zulo eta bazter guztiak ordenagailuan berregin dituzte teknikariek, bisitariei benetako ibilbidea egiten ari direla sentiarazteko. Irudia ez ezik, koban entzun daitezkeen soinuak ere grabatu dituzte. Proiektua gauzatzeko, sei hilabeteko lana egin behar izan dute, 6.000 ordu guztira.
Hamarkada luzeetan eginiko bisitetan gutxik ikusi dute Santimamiñeko azken aretoa, ikerlariek gehienbat. Ibilbide birtualari esker, areto hori ezagutzeko aukera dago. Azken metro horietan, emanaldian ageri den argi bakarra suarena izango da, kobazuloko jatorrizko biztanleek ikusten zuten moduan antzeman ahal izateko. Gidari batek zuzentzen du bisita eta, filmaketan erabili duten teknologiari esker, askatasuna dauka kobazuloan aurrera eta atzera egin, gelditu edo puntu jakin batera -bisonteen margo ezagunetara, esaterako- hurbiltzeko, koban murgiltzeko azken finean.
Zer: Santimamiñeko bisita birtualak. Noiz: Asteartetik igandera, 10:00-13:30 eta 15:30-18:30. Ordua eskatu behar da.
Eskaerak: (34) 94-465 16 57 eta (34) 94-465 12 60 telefonoetara deituta edo santimamine@bizkaia.net helbide elektronikoan.
Hori dirudi Sony enpresako Alemaniako lehendakariak iragarritakoaren arabera. P2P sareen aurrean Internet erabiltzaielak salatzea etorkizun handirik ez duela ulertu eta nazioarteko musika enrpesa handiak urrats berriak egiteko prest agertzen hasi dira. Tarifa laua da proposatu berri dutena, 6 eta 8 euro bitartean ordainduta (hileroko kuota izango da, zehazten ez badute ere) nahi beste abesti deeskargatzeko aukera izango du erabilztaileak. Zentzuzkoa dirudi, ezta? Ea mende honetan gauzatzen duten egitasmoa. Artikulu berean zurrumurru baten berri ematen dute, Sony BGM, Warner Music eta MySpace enpresek, Interneten musiak doan zabaltzeko proiektua prestatzen ari dira. Publizitatearen bidez irabaziak lortzea litzateke guzti honen muina. Urte bukaerarako prest egon daitekeela diote, egia izango al da?
Francisco Gonzalezek BBVAko akziodunen bilera Euskalduna jauregiko areto nagusian zuzentzen zuen bitartean, protesta ekitaldiak egin zituzten eraikinaren atarian. CGT, ELA eta LAB sindikatuek antolatu zuten elkarretaratzeetako bat, BBVAk lan harremanetan «prekaritate hutsa» bultzatzen duela salatzeko. Esan zutenez, zuzendaritza «bankuko egitura osoa berrikusten ari da, ahal den lan guztiak azpi kontratatzeko helburu nagusiarekin». Sindikatuen arabera, sail jakin batzuk Bilbotik kanpora eraman nahi dituzte eta, horrez gain, bankuak hiriburuan dituen «bi eraikinetako langileak bakar batean sartu nahi ditu luze gabe». Enpleguaren aurkako «eraso zuzena» deritzote langileen ordezkariek zuzendaritzaren jokaerari, eta «kostu sozial garrantzitsu hau ez zaiola doan aterako» gogorarazi zioten bankuari.
'BBVA HILTZAILE'. BBVAren aurkako plataforma osatzen duten gizarte eragileek ekintza ikusgarria egin zuten akziodunen batzarraren harira. Elkarretaratzearekin batera, BBVA hiltzaile leloa zuen pankarta eskegi zuten Euskalduna ontziola zaharreko Carola garabitik. Ekologistak Martxan, Kakitzat, Pakea eta Duintasuna, EILAS, Komite Internazionalistak eta beste erakunde batzuk antolatutako protestan, halaber, pintura gorria bota zuten akziodunez mozorrotutako bost lagunek odola irudikatu nahian, «BBVAk munduan sortzen dituen hilketak salatzeko».
Euskalduna jauregiaren aurrean bildutako dozenaka lagunek, aldi berean, BBVA Hiltzaile! Akzioak gerrarako lelodun pankarta ageri zuten, bankuak «giza eskubideen eta ingurugiroaren kontra» egiten dituen inbertsioak gaitzesteko. Besteak beste, BBVAk «munduko gatazka armatuak eta gudak» sustatzea, langileria «ustiatzea», ingurumenaren «hondamendia bultzatzea» eta «botere ekonomikoa areagotzeko» zerbitzuak eskaintzea leporatu zioten BBVAri.
Unibertsitatean klaseak ematea eta, aldi berean, mugimendu ekologista bateko ekintzaile izateak sortzen dion «eskizofrenia» gainditzea lortu du Iñaki Barcenak (Erandio, 1958). EHUko Leioako campusean, Gizarte Zientzietako Fakultatean, ematen ditu Zientzia Politikoak adarreko eskolak, eta, era berean, Ekologistak Martxan taldeko kidea da. Gizarte ikerketak ere egiten ditu unibertsitatean, eta, horrekin guztiarekin batera, haurrak zaintzea da bere agendako zeregin garrantzitsuenetariko bat. Egungo mundua aztertu, eta hemendik hamarkada batera, gazteek «datozen erronka ekologisten aurrean» beren burua prestatu beharko dutela uste du.
Kontzientzia ekologista deritzona pertsonarekin jaio edo norberak eraiki beharrekoa da? Nik uste dut hori ikasi egiten dela. Alde horretatik, oso marxistatzat jotzen dut neure burua. Uste dut izaera sozialak mugatzen duela kontzientzia. Kontzientzia ekologista esperientzien arabera sortzen da. Bitxia da zein irudi positiboa duen gizarteak, eta, oro har, ekologistek oso etsai ideologiko gutxi dute. Gizartean denok gara ekologistak, jende guztiak bere burua ekologistatzat du. Ehiztariak ere ekologista dela dio, ehiza betidanik izan delako. Hori ez da gertatzen feminismoarekin edo abertzaletasunarekin, ezta beste ideologia berriekin ere, antimilitarismoarekin kasu. Ekologismoarekin bai, eskatzen du ama lurra zaintzea; badirudi ideologia guztiek, ezkertiar zein eskuindarrek eskatzen dutela jagon behar dugula ama lurra. Gero, errealitateak kontrakoa dio.
Orduan, zeintzuk dira benetako ekologistak? Ekologismoan badira zenbait lerro, eta ez dut uste guztiek ama lurra modu berean ikusten dugunik: batzuek jainko gisa hartzen dute; beste batzuek urruntasunez, mundu naturala eta soziala bereiztu egiten dute. Ekologismo politiko edo sozialaren barruan mugitzen garenok, aldiz, gizarteko harremanak aztertzen ditugu. Gure harreman ekonomiko eta sozialen arabera izango ditugu naturarekiko harremanak. Ez badugu nahi naturarekiko harreman zapaltzailerik, gizartean harreman zapaltzaileak desagertu behar dute. Nolabait, justizia soziala eta ekologia batera doaz gure gizartean, irakasgai bera dira. Jendeari bereizketa horiek ulertzea kosta egiten zaio. Lehen Munduan bizi garenok, ez dugu onartu nahi gure bizimodua sostengaezina dela, ezin dugula luze jarraitu azken 50 urteetan egin dugun bezala. Espazio okupazioa, energia kontsumoa, isurketa eta pozoitze dinamika hauek ezin dira mantendu. Mugimendu ekologistak gizarte eta ingurumen injustizia horietatik sortzen diren taldeak eta kanpainak dira.
Zein da, beraz, ekologistaren definizioa? Ekologistak dira portaera aktibista eta portaera kontsekuentea daukatenak eguneroko bizitzan. Besteak asmo hutsak dira. Badira asko ekologismoa erlijio gisa ulertzen dutenak, baina hemen ekintzak dira garrantzitsuak, egunero egiten duguna, eta ez aspektu ideologiko, teoriko edo espiritualak, oso errespetagarriak diren arren. Ekologistak egin egiten dira praktikan. Zoritxarrez gure inguruan erakusleihoko ekologista asko dago, diskurtso antzu asko, azkeneko Nobel saria kasu. Bere diagnosia gurea da, klima aldaketarena modu unibertsalean hartuta, baina bere iragarpen eta konponbideetan ez gaude batere ados. Ez dugu pentsatzen klima aldaketa aldatzeko merkatuko mekanismoak direla nagusi, kontrakoa uste dugu. Izugarrizko porrota izan du merkatuak klima aldaketarekiko zereginetan, eta bide politikoak dira martxan jarri behar direnak.
Noiz hasi zinen zu ekologismo ekintzailean ? Hamazortzi urte nituela, Sestaoko komite antinuklearrekoek ikastaro bat antolatu zuten, ezin nuen parte hartu Deustuko Unibertsitatean ikasten ari nintzelako, baina gogoratzen dut ikastaroan hitzaldiaz aparte ibilaldi bat antolatu zela Portugaletetik Bilbora, itsasadarretik, gasolinoan. Han ikusi genuen oso gertukoa zen errealitatea: itsasadarraren egoera ekologikoa noraino zen zatarra eta eskasa. Horretaz eztabaida eta gogoeta arrazionala egiten duzunean, zergatiak, iturriak eta horren kontrako alternatibak zeintzuk izan behar duten aztertzen duzunean, orduan jauzi bat ematen duzu. Cambio 16 agerkariko Paloma Zuluaga kazetariak idatzi zuen artikulu bat, Paseo entre la muerte y la mierda izenekoa. 18-19 urterekin hori ikusi eta gero, nire konpromiso ekologista piztu zen. Ezkerraldean bizi nintzen, eta gure itsasadarrari emandako tratu hori itzuli behar zela konturatu nintzen, erreka estolderien modura ezin genuela erabili. Handik hona gauza asko aldatu dira.
Eta nolako aurrerapausoak egin ditu ekologismoak ordutik hona? Mugimendu ekologistak egindako ahalegina benetan handia izan dela uste dut. Batzuetan ez da ikusten, baina esango nuke emaitzak edo ondorioak izan direla. Badirudi ekologistek kanpainak galtzen dituztela bakarrik, baina aldaketa kulturalean izugarrizko aurrerapausoak eman ditugu. Mugimendu ekologistak baditu bere altxorrean garaipen dezente.
Irakaskuntzan zuzeneko harremana daukazu gazteekin. Ingurumen arazoei aurre egiteko prest ikusten duzu gazteria? Gazteen aldetik badago, gure garaian bezala, gutxiengo bat ekintzailea, kontzientzia alternatiboa eta ikuspegi eraldatzailea duena. Nire ikasleen artean horietarikoak ikusten ditut, gizarte mugimenduetan daudenak. Egia da euskal adarretan ematen dudala klase eta hor kopuruak handitu egiten direla. Ikusten ditut, halaber, gazte oso konbentzionalak. Esaten da gazte guztiek asmo bera dutela lehenengo soldatarekin, autoa erostea, askeak izatea edonora joateko. Hori da joera, merkatuaren logikarena, eta hor gaude sartuta, horren kontra mugitzen direnak badira ere. Itxaropena daukat, ikusten dudalako gero eta gazte gehiago mugitzen dela, AHTren kontra, esate baterako. Gazteriaren azterketa ez dut gaizki ikusten, baina hemendik hamar urtera egoera sozio ekonomiko txarragoa pairatuko dute. Askotan esaten diet ikasleei: zuek bost edo hamar urte barru autoa izango duzue, baina gasolina sartzeko diru nahikorik agian ez.
Zer-nolako egoera izango da topatuko duten hori? Lehenengo Munduan bizi gara, eta ez dakit noraino kaltetuko gaituen egoera ekonomikoak. Faktore sozioekologikoak ere badaude, petrolioa agortzen hasi da, adibidez. Etxebizitzaren arazoa da beste bat. Nik 22 urterekin alde egin nuen etxetik, baina 30 urterekin lana nuen, eta etxebizitza erosteko aukera nuen. Hori aldatzen hasi da. Dudarik gabe, hurrengo urteetan gazteek euren burua, diskurtsoa eta praktikak prestatu beharko dituzte datozen erronka ekologisten aurrean. Garraio formak eta politika energetikoak aldatu beharko dira. Ez dut ikusten 10 urte barru Leioan, egun bezala, bakoitza bere autoarekin etortzen. Hori aldatzen ari da munduan, eta aldatu beharko du hemen. Ez du emango bakoitzak bere autoan egunero 50 kilometro egiteko.
Zergatik aukeratu zenuen irakaskuntza? Kasualitatea izan zen. Zuzenbidea ikasi nuen Deustuan; eta karrera bukatuta, argi neukan ez nintzela legegizona izango. Justizia gauza bat dela eta legea beste bat ikusi nuen. Zuzenbidea ikasten hasi nintzen legea erabiliz justizia egin zitekeela uste nuelako, langileen alde, baztertuen alde. Karrera bukatu baino lehen, euskarazko klaseak ematen hasi nintzen 1979an, Sestaon. A ereduan euskarazko klaseak ematea txineraz edo japonieraz egitea zen garai hartan. Ez zen euskarazko telebistarik, ezta egunkaririk; euskara, gauza arrotza zen. Abokatua ez nintzela izango jakinda, kazetaritza ikasteko asmoz etorri nintzen, ikastera, baina hemengo irakasle batek esan zidan ikaslerik ez zela behar, irakasle euskaldunak behar zituztela. Ikasle matrikula egitera etorri nintzen, eta atera nintzen inprimakiak betetzen irakasle plaza baterako. Horrela sartu nintzen duela 25 urte, eta hemen nago, pozik. Pribilegiatua sentitzen naiz.
Unibertsitateak ba al dauka kontzientzia ekologikoa? Gure unibertsitate hau ez da batere progresista, ez dago txertatuta arazo soziopolitikoekin. Zer egiten du gure unibertsitateak bake prozesuaren alde? Zer ekarpen egiten du euskal arazoetan irtenbideak bilatzeko? Unibertsitario asko egoten dira, baina modu partikularrean, ez unibertsitatea bera erakunde moduan. Esango nuke gauza bera dela gai ekologikoetan, unibertsitarioek asko egiten dute, badaude asko zerikusia dutena ekologismoarekin, baina erakundea bera ez. Campus hau ikustea besterik ez dago konturatzeko, desastre ekologiko bat da. Gure fakultate honetan papera ere ez da biltzen oraindik. Campusak erronka ekologiko izugarriak ditu, garraioaren aldetik, uraren erabileraren aldetik, energiaren kontsumoaren aldetik eta hondakinen aldetik. Ez gara batere eredugarriak, eta izan beharko genuke.
Larrabetzun bizi zara orain. Zeintzuk dira herri txiki baten abantailak? Abantaila asko daude, eta desabantailak ere. Arrazoia familia izan zen, umeak dituzunean beti bilatzen duzu umeak naturan edo berdean bizitzea. Zoritxarrez, hirian, Bilbon, esaterako, ez dago espazio asko umeentzat. Kaleak autoentzat egin dira, eta ez pertsonentzat, are gutxiago umeentzat. Bilbo Zaharrean bizi ginen, eta bilatu genuen leku egokiagoa gure umeentzat. Goizez ateratzea eta eskolara oinez joatea, bizitza kalitate handiko kontua da. Berez, Txorierriko herriak ez daude gaizki komunikaturik, trenak asko laguntzen du, baina ez da heltzen Larrabetzura. Autoa gutxiago erabiliko genuke trena izanez gero. Horrez gain, Larrabetzu herri berezia da, nekazari herri bat da, baina hiria eta baserrien arteko desberdintasunak daude. Dinamika interesgarriak daude, badago gaztetxe bat, ekimen kultural eta gazteen jarduera oso interesanteak dituena. Nolabait esateko, Larrabetzuko kapital soziala inportanta da.
Autoarekiko menpekotasuna drogamenpekotasunarekin parekatu duzu. Horrenbestekoa denik uste al duzu? John Whitelegg Liverpooleko irakasleak dio hori, eta nik ere hala dela uste dut. Autoa oso asmakizun ona da, gizakiok daukagun muga bat gainditzeko. Baina motorizazioa eta erregaien kultura hori gure salbazioaren kontrako bihurtu da, gure krisi nagusia da, eta ikusiko dugu nola ateratzen garen hemendik. Egunkaria ireki eta autoen iragarkiak dira nagusi. Autorik gabeko eguna antolatzen ibiltzen den bati galdetu nion behin ea noiz izango den auto iragarkirik gabeko eguna. Ikaragarri nabarituko litzateke. Autoek izugarrizko arazo ekologiko eta sozialak sortzen dituzte, hildakoak asko direlako istripuetan; baina, beste alde batetik, gure ekonomia hazkundearen faktore nagusienetakoa da. Era berean, jendearen helburu garrantzitsuenetarikoa auto handia erostea da, estatus sozialari lotutako gauza bat da.
Menpekotasun hori aldatzerik badago? Hirietan behintzat autoak kaleetatik atera behar ditugu, hiri bizigarriak egin nahi baditugu; autoak bere lekuan ipini behar dira, hirien artean mugitzeko. Hiria jendearena izan behar du; eta hiri barruan, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan mugitu behar du, ez autoz. Politikariak, alabaina, oraindik beldurra diote autoari, balazta jartzeko politikak egiteari.
Urte oso bat igaro da Encartada museoa ireki zutenetik, baina Balmasedako eraikinaren historia askoz ere lehenago hasi zen: XIX. mendearen bukaeran txapelen lantegia ireki zutenean, hain zuzen ere. Ehun urteko ibilbidean dozenaka langile igaro ziren fabrikatik, gehienak emakumezkoak. Horregatik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, gidatutako bisita bereziak prestatu dituzte txapelen museoan, Mari Jose Gonzalez bertako langileak (El Berron, 1958) gidaturik. Haren azalpenekin batera, euskal industrian aritu ziren hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen bideoa ere ikusi ahal dute bisitariek.
Gazte hasi zinen lanean Encartadan. Zenbat urte egin zenituen bertan? Bai, 16 urte nituela hasi nintzen, eta itxi zuten arte han egon nintzen. Dena den, nik ez nuen seniderik bertan, arruntena hori bazen ere. Lau belaunaldiko familiak elkartzen ziren han lanean, lantegiko ugazaben antzera. Nire lankideek bazituzten han lan egindako gurasoak, aitona-amonak eta birraitona-amonak ere. Ni 18 urtez aritu nintzen Encartadan, nire bizitzako urterik onenak; orduan ez nintzen gaixotu ere egiten.
Eta orain museoko bisitak gidatzen dituzu. Zer-nolako esperientzia da zuretzat? Bisita hauek harrera ona izango zutela espero genuen, eta hala izaten ari da. Etxekoandreei eta adineko jendeari zuzendutako bisitak dira, haiek etekina ateratzen diotelako bidaiari. Gazteak ere ekartzen dituzte, baina haiek etorri, ikusi eta esandakoaz paso egiten dute gero.
Zer kontatzen diezu bisitariei? Gidoi baten gainean egiten ditugu bisitak. Bertan zer egiten zen erakutsi behar da, makina bakoitzak zertarako balio zuen, artilearen eraldaketa nolakoa zen hainbat gauza egiteko eta halakoak. Txapelak ez ezik, Encartadan tapakiak eta bestelakoak ere ekoitzi genituen. Gerraren ondoren lantegiko eremu bat itxi zuten, bertan Eusko Gudarostearentzat txapelak egiten zituztelako, baina gerora berriz zabaldu zuten.
Martxoaren 8a da gaur. Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen al zenuten lantegian? Lanean ospatuko dut nik gaur, bisitak gidatzen. Iraganean ez genuen kontzientzia handirik egun honen harira, langile gehienak, %75 eta %80 bitartean, emakumezkoak ginen arren. Lankideen artean aipatzen genuen, baina txantxa moduan.
Gizonezkoen soldata eta tratu bera al zenituzten?Ez, haiek baino gutxiago kobratzen genuen, eta, horrez gain, lanpostu batzuk gizonezkoentzat baino ez ziren, esaten zutenez ahalmen handiagoa zutelako. Ez zuten, gainera, indarragatik egiten, adimenagatik baizik. Baina emakumeek, gerra garaian, ederki frogatu zuten gizonezkoen lan horiek egiteko gai zirela eta edozein makina gidatzeko gaitasuna zutela. Selfactina mandoa zeritzon makina, esate baterako, emakume batek gidatu zuen 60ko hamarkadatik aurrera, eta lantegiko makinarik garrantzitsuetarikoa zen hura.
Lantegian bizitza osoa egin zituzten emakumeak izan zenituen lankide. Nolakoak ziren? Sartu nintzenean, 12 inguru ziren erretiroa hartzeko prest zeudenak, eta oso harro zeuden bertan lan egiteagatik, inoren menpekoa izan ez zirelako. Encartada oso garrantzitsua izan zen; fabrika honi esker emakume askok ez zuten gizonezkoen menpe bizi behar izan, aita, neba edo senarrengandik aske izan zirelako.
Zer deritzozu halako ondare industriala museo bilakatzeari? Ideia zoragarria iruditu zitzaidan, egitasmoaren berri izan nuenean. Bisita hauetan ondarea gordetzearen garrantziaz hitz egiten dugu, izan ere, ez dut nahi bisitariek makina zahar ugari beste barik gordetzen ditugula pentsatzea, makina horiek ekarri zuten aldaketa da azaldu nahi diedana, 1892. urte horretan ehungintzan ekarri zuen bilakaera, gorua erabiltzetik ekoizpen mekanikora igaro ginen.
Gogoan al duzu lantegiaren gainbehera? Irabaziak urriak ziren, eta galerak, berriz, gero eta handiagoak. Langileok ehungintzaren ituneko gutxienekoa kobratzen genuen, eta makinak zaharkituta gelditu ziren. Txapelik onenak haiek ziren, baina garestiegiak merkatuan lehiatzeko.
Epopeia baten soinu banda sortu du Mike Oldfieldek, eta biolinekin Tubular Bells laneko doinu ezagunak erantsi dizkio gitarraren akordeekin batera. Erabat sinfonikoa da Music of the Spheres, Oldfieldek garai batean oholtza gainean zuen protagonismoa zeharo desagerrarazten duena, koruek eta orkestrak partekatzen baitute orain protagonismo hori. Bilboko Koral Elkarteko 44 kiderekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko 61 musikarekin batera eman du bere lan berria Guggenheim museoan, eta Hayley Westenra sopranoaren ahotsaren laguntza ere izan zuen, On my heart kantuan. Harrera beroa egin zioten kontzertua dastatu zuten 200 inguru gonbidatuek.
James Horner edo John Williamsek abenturazko filmen soinu bandetarako sortu izan dituzten obra onenen mailan dagoen britainiarrak idatzitakoa. Musika ez ezik, istorio bat ere sortu du, bere musikaren nahiz musika sinfonikoaren jarraitzaileek goza dezaketena, gaur gauean Guggenheimen bildutakoek gozatu duten bezala.
Kontzertu bakarra eta errepikaezina izan zen Oldfieldek atzo Guggenheim egin zuena, euskal taldeekin behintzat, EOSekin eta Bilboko Koral Elkartearekin. Dena den, kontzertuaren grabazioa Interneten Apple-ren iTunes dendaren bidez zabaltzeko asmoa dute, atzo Guggenheimen izan ez zirenek dastatzeko aukera izan dezaten, eta gaur Guggenheimen zirenek gogoratzekoa.
Oldfieldek berak gutxitan esku hartu zuen emanaldian gitarrarekin. Txalo zaparrada handia jaso zuen emanaldiaren amaieran.
Tubular Bells ezagunaren laugarren atala izan behar zuen, baina Mike Oldfieldek Music of the Spheres bataiatu du gaur aurkeztu duen disko berria, teoria matematiko batek entzun ezin daitezkeen doinuak deskribatzen dituelako. Izenik egokiena rock elektrikoaren ibilbidea laga eta musika klasikoa besarkatzea erabaki duen musikariarentzat. Esferen musikarekin eginikoa ez da, ordea, britainiarrak musika sinfonikoari eginiko lehenengo hurbilpena, aurretik ere orkestra sinfonikoekin grabatu baitu, 1975ean lehenengoz, Tubular Bells diskoa Ingalaterrako Royal Philarmonic Orchestrarekin, David Bedford zuzendariaren aginduetara, berregin zuenean edota, duela hamarkada bat The Millenium Bell kaleratu zuenean.
Gaurko doinuak ez ziren, hartara, ezezagunak, zuzeneko kontzertu oso batean gitarra elektronikorik gabe azaltzen zen lehenengo aldia izanda ere. Askotariko musika joerak sortu eta garatu izan ditu Oldfieldek eta, dagoeneko, zaila da edozein ekoizpen berrik entzuleen artean harridura sortzea. Oraingoan, alabaina, konpositoreak izandako esku-hartze apalarekin. Gitarra akustikoa besterik ez zuen, anplifikagailu xume bati esker entzun zitekeena. Bestelako bozgorailurik ez zen Guggenheimeko areto nagusian. Museoko titanio xaflek Enrique Ugartek zuzendutako orkestraren doinuak eta emakumeen koruko ahotsak inguratu zituen eta Oldfielden irudia txiki utzi zuten.
TOKI BEREZIETARAKO JOERA. Aspaldiko ohitura dauka Mike Oldfieldek lan berriak toki berezietan aurkezteko. Tubular Bells II diskoaren aurreneko zuzenekoa Eskoziako hiriburura eraman zuen 1992. urtean, Edinburgoko gazteluaren atarira. Hodi itxurako kanpaien hirugarren atala, berriz, Londresen aurkeztu zuen 1998an, Buckingham jauregiaren ondoan, hain zuzen ere. Kontzertuaren iraupena Big Beng erlojuaren kanpai hotsekin bat egiteko neurtu zuen orduan.
Bilbon eskainitako zuzenekoaren desberdintasun nagusia publikoan izan da. Aipatutako kontzertu horietara milaka zale joan ziren eta, gaurkoan, gonbidatutako gutxi batzuk baino ez, kazetariak gehienbat. Ia ikusle beste musikarik osatzen zuten musikariaren taldea.
Bi kanoiekin hornitu zuten, baina bakailao-ontzia besterik ez zen Nabarra, Eusko Jaurlaritzaren itsas armada osatzen zuten gainerako bou-ek bezala. Juan Telletxeak (Ibarrangelu, 1917) hogei urte baino ez zituen Eusko Gudarostean izena eman eta Nabarra-ko sukaldean lanean jarri zutenean. Oso «une latzak» bizi izan zituen duela 71 urte, aurrez aurre topatu zutena 36ko gerrako matxinatuen benetako gerraontzia zelako, Canarias izenekoa. Euskal marinelek, alabaina, ez zuten ihesik egin. Itsasoaren garrasien gainetik kanoikada eta eztanden hotsa nagusitu zen Matxitxakoko lurmuturrean, 1937ko martxoaren 5ean. Orain 91 urte ditu Telletxeak, baina ondo gogoratzen ditu egun hartan entzundakoak: «Ikaragarria zen; negarrak, oihuak, tiroak eta laguntza eske ari zirenak». Hiruzpalau orduz aritu ziren elkarri tiroka itsasontzi biak, baina txikiak, azkenean, ez zuen izan handiaren haginkadatik onik ateratzeko inolako aukerarik, «guk eutsi besterik ez genuen egin gure bi kanoi txikiekin. Hura ez zen benetako bataila izan, bien arteko aldea izugarria zelako».
Azkenean, Nabarra boua hondoratu egin zuten frankistek, eta ontzian zeuden 49 itsasgizonetatik 30 hil ziren borrokan. Juan Telletxea bizirik atera ziren 19 lagunetako bat izan zen. Donostian espetxeratu zituzten gehienak eta, fusilatu behar zituzten arren, Canarias ontziko kapitain frankistak haien indultua lortu zuen, borrokan erakutsitako adoreagatik.
TENTUZ. Atzo jakin zuen Telletxeak Azti-Tecnaliako ikerlariek Nabarra ontzia izan daitekeenaren aztarnak aurkitu dituztela Matxitxakoko lurmuturrean. Iaz, gudaldi horretako 70. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan parte hartzeko aukerarik ez zuen izan, baina bere boua atzeman dutela pozik hartu du Telletxeak: «Nabarra pozik ikusiko nuke berriz». Itsas hondoan aurkitutako ontzia Nabarra dela egiaztatzen dutenean aztarnak ikustea «polita» litzatekeela dio, «osasunak uzten badit, mugitzea ikaragarri kostatzen zait eta».
Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak baieztatu zuen atzo aurkikuntza, baina, oraingoz, Nabarra ontzia dela zeharo egiaztatzea ezinezkoa dela ohartarazi zuen. Azti-Tecnaliak sonarrarekin itsas hondoaren azterketa egiten ari zela atzeman zituen aztarnak, eta otsailaren 15ean, urpekari mekanikoa bidali zuten ontziaren argazkiak hartzeko asmoz. Ikerlariek esan dutenez, barandak, aingurak eta bestelako elementuak bat datoz Nabarra-k zituenekin. Ontzia bi zatitan banatuta egoteak ere horren alde egiten du. Hala ere, brankako kanoia aurkitzerik ez dute izan eta, horregatik, beste ontzi bat izan daitekeela diote zenbait adituk.
Eguraldia hobetzen duenean, udaberrian egingo dituzte azterketa erabakigarriak. Samaniegok, edonola ere, esan du artxiboetan ez dela ageri inguru horretan hondoratutako beste ontziren erregistrorik.
Informatikaren munduan gero eta zailagoa da esatea zein den puntako tresna, ia minuturo agertzen baitira aurrekoak ordezkatzera datozen aurrerakuntza teknologiko berriak. Bi urtetik behin mikroprozesadoreen ahalmena bikoiztuko zela aurreikusi zuen Gordon Earl Moorek, Intel konpainiako sortzaileetako batek, 1965ean. Urteak pasatu ahala, aro digitalaren araurik garrantzitsuenetarikoa bilakatu zen, informatikaren bilakaerak joera hori egiaztatu zuelako, hain zuzen ere. Garai horretan, alabaina, ordenagailuak makina erraldoiak ziren, eta inork ez zuen uste enpresaren mundutik etxebizitzetara jauzia inoiz emango zutenik. Horixe bera pentsatu zuen 1943an Thomas Watson IBMko presidenteak munduan, gehienez ere, bost ordenagailuentzako merkatua zegoela esan zuenean. Baina urteak igaro ziren, eta 80ko hamarkadan, informatikaren lehenengo iraultza gertatu zen, Amstrad, Sinclair Spectrum eta Commodore enpresei esker, besteak beste.
Egungo ordenagailuak berehala zaharkitu egiten dira, eta inork ez du arazo handirik izaten tresna zaharra bota eta berria eskuratzeko, gero eta merkeago, gainera. Modernotasunaren gurpil geldiezin horren aurrean, alabaina, duela 25 urteko ordeganailuekin aritzea nahigo duten informatika zaleak badira, gaztaroan izandako oroitzapenak berreskuratzeko, batetik, eta egungo ordenagailuen arbasoak zeintzuk izan ziren gogoraraztea ezinbestekoa dela uste dutelako, bestetik. Retroinformatika deritzonaren mundua zabala da, Interneteko bilatzaileetan azaltzen diren milaka sarreretan egiazta daitekeenez. Askotariko arrazoiengatik hurbiltzen da jendea zaletasun horretara, iraganeko teknologiak aztertzeko, bildumazaletasunagatik, bideo joko aitzindariak ezagutzeko edo aspalditik ahaztutako tresnei erabilpen berriak emateko.
Retroinformatikan aritzen diren talde ugari dago munduan, eta, askotan, sarea darabilte haien arteko harremenatarako. Are gehiago, askok Interneteko webgune eta ezatabaidagunetan topatzen dute lagunik bere ezkutuko zaletasun hori partekatzeko. Informatika zaleen topaketetan ere sortzen dira mota horretako taldeak, Euskal Party (egungo Euskal Encounter) jaialdian orain dela urte batzuk RetroEuskal sortu zuten bezala. Urtero elkartzen dira, orain topaketaren harira, eta txoko berezia dute bertan.
AUKERA BI. Oro har, Personal Computer PC ordenagailuak informatikaren jaun eta jabe bilakatu aurretik agertutako ordenagailuak eta bideokontsolak dira retroinformatikaren jarraitzaileen aztergaia, baina bide oso desberdinak daude 80ko hamarkadako tresna horiek berpizteko. Lehenengoa, bigarren eskuko saltoki zein webguneetan erostea edo etxeko ganbaran gordetako makinak berreskuratzea. Bigarrenak, aldiz, ez du jatorrizko tresnaren beharrik, emulazioan oinarritzen baita. Egungo ordegagailuek eta bideokontsola gehienek iraganekoen funtzionamendua berregin dezakete, eta, horri esker, 1977an kaleratutako Atari 2600 edo 1982an merkaturatutako ZX Spectrum makinen software zein jokoak erabil daitezke PC edo PSP batean, esaterako.
Haurtzaroan eta gaztaroan ezagutu zituzten bideo jokoekin berriz gozatzeko aukerak erakarrita hurbiltzen dira asko retroinformatikara, eta, batez ere, emuladoreen mundura. Izan ere, 8 biteko makinetan jaio ziren egungo bideokontsoletan sortzen dituzten jokorik ezagunetariko batzuk; Donkey Kong (1981), Bomberman (1983), Super Mario Bros (1985), Zelda (1986) eta Arkanoid (1986). Arcade-etan ezagun egin ziren bideo jokoak ere berreskura daitezke, besteak beste, Mame izeneko emuladoreari esker: Pong (1972), Spave Indavers (1978) eta Pac-Man (1979), ezagunenak aipatzearren. Bideo joko zaharren remake-ak ere aurki daitezke sarean. Retroinformatika zaleek programatzailearen omenez jokoaren itxura zaharberritze lanak izaten dira gehienak, La Abadia del Crimen (1989), Barbarian (1987) eta Humphrey (1988), kasu.
XIX. mendearen amaieran egin zuten Bilbotik Plentziarako bidea betetzen zuen trenbidea, eta, ordudanik, gero eta bisitari gehiago bildu dira Uribe Kostako bazter honetara. Burdinbide hori, gaur egun, Bilboko metroko lehenengo ibilbidearen azken geltokia da, Plentzia Butroe ibaiak itsasoarekin bat egin aurretik zeharkatzen duen azken herria den bezala. Mende luzez itsasontziak eraiki eta baleak ehizatzea zeregin nagusia zen herrian, orain, turismoa dute ogibide. Horretarako, taberna eta jatetxe ugari eskaintzen ditu herriak baina, batez ere, itsasadarraren inguruko paisaiak eta Plentziako badiak erakartzen dituzte bisitariak herrira. Errekako urek itsasoarekin elkartzen diren hondartzan, Gorliz herriarekin egiten du topo Plentziak. Hareatza bik osatzen dute badia eta itsas behera dagoenean, bien artean ez dago inolako mugarik. Bisitari askok hondartza bakarra osatzen dutela uste dute, Gorlizkoa luzeagoa bada ere, ia kilometro bat hartzen baitu. Kostaldetik urrunduta ere, nahiko zaila da asmatzea non desagertzen den Plentzia aldameneko herriari lekua egiteko.
Eguraldi ona agertu arte, herri lasaia izaten da Plentzia, lau mila biztanle baititu hamar kilometro koadro inguruko eremu zabalean sakabanatuta. Azkenaldian garatutako hirigintzaren kontra azaldu dira eskualde horretako talde ekologistak. Paisaiaren kontrako gehiegikeriak salatu dituzte, besteak beste.
Udako hilabeteetan laukoiztu egiten da herriko populazioa eta horrek, zeharo aldatzen du giroa, jendez gainezka azaltzen dira itsasadarreko pasealekua eta hondartza, baita tabernetako terrazak ere. Gaueko giroa ere aldatzen da udan, uztaila eta irailaren hasieran batez ere, herriko jaiak ospatzen dituztenean. Hondartzaren ondoan parranda egiteari ez diote uko egiten milaka gaztek urtero.
Eguzki bila Plentziara hurbiltzen direnen artean, alabaina, hareazaleek ere naturaz gozatzeko aukera paregabea dute, itsasadarraren eskuineko bazterrean Gazteluondoko padura dagoelako. Atseden hartu, hegazti migratzaileen joan-etorria ikusi eta, bide batez, itsasadarraren historia hobeto ezagutzeko parada dute bisitariek, Gazteluondoko errota izandakoaren aztarnak baitaude bertan, duela 500 urte baino gehiago eginikoa.
ERDI AROKO HERRIA. Bizkaiko herririk zaharrenetarikoa da Plentzia, XIII. mendeko hasieratik bizi izan baita jendea han, lehenengo auzoa Gorlizko elizatearen baitan hartzen zenean. Haroko Diego Lopez Bizkaiko jaunak eman zien baimena plentziarrei hiribildua sortzeko, 1299. urtean, jauntxo berberak Bilbo sortzeko agiria sinatu baino urtebete lehenago, hain zuzen ere. Butroeko Plazentzia deitzen zioten orduan herriari, denborarekin egungo laburdura erabiliko zuten arren.
Erdi Aroan Butroe eta Muxika izenek eragin handia izan zuten hiribildu zaharrean, harik eta itsasoko merkataritzari lotutako burgesia gora egin zuen arte. Arrantzaleak ere izan ziren Plentzian, baleen bila aritutakoak tartean, baina lanbide hura inoiz ez zen herritarren lanbiderik garrantzitsuena izan, merkataritza eta ontzigintza gailendu baitziren denborarekin.
Pixkanaka, merkatarien eta marinelen herria bihurtu zen Plentzia. Azken horiek XVI. mendean elkartu ziren lehenengo aldiz San Pedro Jaunaren kofradian. Itsasgizonen jardueraren loraldiak herria handitzea ekarri zuen eta, ondorioz, alde zaharra inguratzen zuen harresia botatzen hasi ziren, kale eta etxebizitza berriak egiteko. XIX. mendean etorriko zitzaien gainbehera, karlistaldien eragindako krisialdiak ontzioletako jarduna eten egin zuelako.
EAEko Auzitegi Nagusiak duela bi hilabete, abenduaren 21ean, jakinarazi zion Bilboko Udalari Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera behartuta dagoela. Epaia bete ez duela ikusita, epaitegiak eskakizuna helarazi zion otsailaren 7an Udalari, bi hilabeteko epean aginduari men egin beharko diola gogorarazteko. Iñaki Azkuna alkateak, hartara, apirilaren 7a izango du Espainiako sinboloen legeak agindutakoa betetzeko azken eguna. Gainera, epaiketaren kostua, 1.512 euro, ordaindu beharko dituela jakinarazi diote Udalari.
Espainiako bandera Aste Nagusiko ostiraletan bakarrik jartzea erabaki zuen Udalak 1998ko uztailaren 14ko udal batzan. PPren garaiko Espainiako Gobernuak, alabaina, bandera egunero jartzea eskatu zuen eta Estatuaren abokatuari arrazoi eman zion Bilboko Administrazioarekiko Auzietako laugarren aretoak 2005eko apirilean. Udalak helegitea jarri zuen, baina Auzitegi Nagusiak epaia berretsi zuen iaz. Azkunak, orduan, Espainiako bandera «behartuta» jarriko zuela esan zuen, eta «ez debozioz».
Horren harira, Mikel Arana Ezker Batuko Presidentetzarako bozeramaileak bere taldearen «sostengu osoa» eskaini zion atzo Iñaki Azkunari, esan zuenez, «bilbotarrek banderarik gabeko udaletxea nahiago» dutelako. EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari, bestetik, «eskusartze argia» deritzo, bere ustez «banderak noiz, non eta nola jarri udal batzari erabakitzea dagokiolako». Epaia, beraz, «1998ko udal batzan hartutako erabakiaren kontrakoa» dela eta, horregatik, Ezker Batuak «Azkunaren erabakia errespetatuko» duela esan zuen Aranak, «azken unean bandera ez jartzea erabakitzen badu ere, horrela liskarrak saihestu egin daitezkeela uste dugulako».
Betidanik harreman estua izan du Euskal Herriak itsasoarekin. Azken hamarkadetan, alabaina, gero eta euskal arrantzale gutxiago dabil Bizkaiko Golkoan, eta, dagoeneko, denbora dezente igaro da bertoko kostaldean balea bat harrapatu zuten azkeneko aldiz. Arpoiekin zerikusirik ez duten bestelako arriskuei aurre egin behar diete gaur egun zetazeoek: ikusezintasunari eta, batez ere, kutsadura akustikoari. Lehenengoari «bitxia» deritzo Pablo Cermeñok, Ambar itsas fauna ikertzeko eta babesteko elkarteko presidenteak: «Gure kostan baleak edo izurdeak agertzen direnean nondik datozen galdetzen du jendeak, eta gugandik oso gertu bizi direla esaten diegunean, harrituta azaltzen dira».
Ambar elkarteak hamar urte daramatza Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertzak arakatzen zetazeoen bila. Kutsadura akustikoa deritzon fenomenoa dute, hain zuzen ere, ikergairik nagusietakoa, besteak beste animalia hauen arriskurik handiena delako. «Argi daukagu haientzat kaltegarria dela, baina orain zenbaterainokoa den jakin behar dugu». Helburu horrekin, Kantauri itsasoko kutsadura akustikoaren mapa egiteko proiektua abiatu du Caixa fundazioak. Ibero belaontzia ikerketarako tresna guztiekin hornitu dute, eta, asteotan, euskal kostaldeko hogei lekurik adierazgarrienak aztertuko dituzte. Besteak beste, Pasaian, Donostian, Zarautzen, Lekeition, Bermeon, Santurtzin eta Getxon ari dira lanean, Ambarreko biologoekin batera.
AISIALDIKO ONTZI TXIKI ASKO. Zetazeoak ezinbestekoa dute entzumena. Josep Maria Alonso egitasmoko koordinatzaileak gogorarazi duenez, soinua «komunikatzeko, ingurunea aztertzeko eta elikadura lortzeko» darabilte. Gizakiek itsasoan sortutako zaratak, hartara, kalte egiten dietela uste dute. «Kontuan hartu behar da, gainera, ur azpian soinua 25 aldiz azkarrago mugitzen dela». Itsasontzi handiek ez ezik «aisialdirako ontzi txikiek ere etengabeko zarata sortzen» dutela eta horrez gain «askoz gehiago» direla ohartarazi zuen Cermeñok.
Kutsadura akustikoaren ondorio lazgarriak askotan azaldu dira munduan, baita euskal kostaldean ere. Duela hiru urte inguru, Matxitxako lurmuturrean, Bermeon (Bizkaia), balea bat hil zen itsasertzean. Larriagoak ere gertatu izan dira: «Kanariar Uharteetan (Espainia) itsasoko ariketa militarrak egin zituztenean, esate baterako, 15 moko-balearen gorpuak agertu ziren kostan». Biologoaren ustez, ariketa militarren eragina «eztabaidaezina» da, itsaspekoak direla eta: «Benetako bonba akustikoak erabiltzen dituzte ontziak topatzeko eta soinu hauek zetazeoengan eragina dute».
Arduradun militarrak, «beren kontura» badoaz ere, AEBetan ohartzen hasiak direla esan zuen Ambarrekoak: «NATOri ere presioa egiten ari zaizkio nazioartean, zarataren eragina kontuan har dezan». Petrolio bila itsasoan prospekzioak egin nahi dituztenean ere, enpresek «leherketa akustikoak» egiten dituzte. «AEBetan eta Erresuma Batuan, gutxienez, zetazeoen begirale bat egotea eskatzen du legeak, eta animaliak mugitu arte ekintza geldiarazteko eska dezake horrek. Hemen, aldiz, nahi dutena egin dezakete enpresek».
Kutsadura akustikoaren mapari esker, zarataren eragina ezagutu eta etorkizunari begirako urratsak egin ahal izango dituzte; «merkataritza ontziek ibilbide jakin bat aldatu beharko dute, eta aisialdirako ontziek abiadura moteldu, akaso». Horretarako, baina, «legeak sortu beharko dituzte», eta, Cermeñoren ustez, luzerako kontua izango da hori.
Bilbo Itsasadarraren bilakaera aztertuko dute etzi, ekoeskolen harira antolatutako ibilbidean. Alex Zearreta EHUko irakaslearen esku, Ibaizabaleko Itsasadarraren ingurumen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute etzi, Ekologistak Martxan elkarteak antolatutako irteeran parte hartu nahi dutenek. Ekoeskolen harira egingo dute txangoa eta ibilbidea, autobusez egingo dute, besteak beste, Artxanda, Enekuri, Astrabudua eta Areetatik. Izen ematea doakoa da eta, horretarako, ostirala izango da azken eguna Bilboko Zazpikaleetako Ekoetxean zein 944790119 telefono zenbakian.
Orson Wellsek asmatutako istorioan bezala, estralurtarrek kaleak hartu dituzte. Paris, Londres, Bartzelona, New York eta, azkenaldian, Bilbon agertu dira haien aztarnak. Eskerrak mundua suntsitzeko asmorik gabe etorri direla, izan ere, balizko erasoa Space Invaders ezizeneko artistak burutu du. Bilbo Arte fundazioak antolatutako Percepcion [S]tencible erakusketaren harira, bideo joko zaharren pertsonaiekin, pixel itxurako 40 mosaiko jarri zituen duela aste batzuk hiriburuko karriketan. Besteak beste, Bubble Bobble, Pac-Man eta Space Invaders bideo joko arrakastatsuen irudiak dira performance bitxi honetan ikus daitezkeenak. Gehienak txikiak dira, Zabalbide, Henao, Bertendona, Lutxana eta Andres Isasi kaleetan jarritakoak kasu; baina baten bat, Guggenheim museoaren ondoan jarritakoak, esaterako, tamaina handikoak dira, Pac-Man jokoaren lau mamuak ageri dira, Uribitartetik pasatzen diren guztiei begira. Space Invaders 1978. urtean kaleratu zuen Taito konpainia japoniarrak, duela 30 urte. 80ko hamarkadan ume eta gazte askok ezagutu zuten lehenengo bideo jokoa izan zen, eta, oro har, inoiz sortu den ezagunetarikoa.
Urte askoan Euskal Herri osoko toki ugariei eskaini izan dizkie bere trikiti doinuak Kepa Junkerak (Bilbo, 1965). Besteak beste, bere jatorri Errekalde auzoari, Urdaibaiko paisaiari eta, askotan, Bilboko hiribilduari. Beharbada horregatik bizi da hiriaren bihotzean gaur egun, Zazpikaleetan, Ibaizabalen itsasadarreko urek iraganaren arrastoekin bat egiten duten lekuan. Bilbotarrek errekari bizkarra eman ez ote dioten itauntzen dio musikariak bere buruari: «Ez diogu agertu merezi duen arreta, eta gure bihotzari begiratzeko ezinbestekoa dugu itsasadarrari so egitea».
Atxurin eta Bilbo Zaharrean bizi izan zen luzaroan Junkera, orain Erribera inguruan bizi bada ere. Etxe izan dituen horien artean hiriko elementurik adierazgarrienetako batzuk daude; esaterako, Zazpikaleak eta San Frantzisko auzoak lotzen dituzten zubiak. «Edozein kale edo plaza baino adierazgarriagoa da zubi bat, eta Erriberako honek, gainera, historia berezia dauka». San Frantzisko zubia izandakoa behin baino gehiagotan eraitsi eta berregin izan dute, «Napoleonen eta karlisten esku». Frantziskotar fraideek ere sustatu zuten zubia eraikitzea XVIII. mendean, uholde batek desegin zuen arren.
Zazpikaleetan jarri berri dituzten plakei esker, toki bakoitzaren historiari buruz ikas dezake bisitariak. «Ideia bikaina izan da, turistak ez ezik, gu ere inguruan dugunaz jabetzeko; bertokoak izan arren, askotan ezer ez baitakigu». Hiriak gero eta turista gehiago erakartzen dituelako, garrantzitsua da, trikitilariaren ustez, «hiriko alde zaharra ezagutzera ematea, auzo honek XXI. mendean ere lekua izan nahi baitu». Guggenheim fenomenoaren atzetik dator altxor zaharrak estaltzeko arriskua, alabaina, bertan dago. «Zaila da parke tematikoen, merkataritza gune handien eta multinazionalen munduan ez erortzea».
Bertan bizitzeari, edonola ere, «zorte» deritzo, «auzoetan bizitzeak Bilboko ikuspegi desberdina ematen dizulako». Irribarrez gogorarazi du haurtzaroko Errekalde nolakoa zen: «Bizilagun guztiak ezagutzen zenituen, eta etxeko atea ixtea ere ez zen beharrezkoa».
Erriberako zubia, inguruan dituen San Anton eta Mesedeetakoa ez bezala, oinezkoentzat baino ez da, eta «garai batean Bilboko auzorik garrantzitsuenak izandakoak» lotzen ditu. San Frantzisko auzoa gainbehera luzean egon den arren, bertan «iraultza txiki bat» pizten ari dela uste du Junkerak. «Indar berriak sartzen ari dira, baina garrantzitsua da nortasuna galdu gabe aurrera egitea».
BAZTERRAK ELKARTU. Zubi baten funtsezko helburua da errekako bazter biak elkartzea, «garai honetan batez ere, zubiak eraiki behar direlako alde batetik bestera joan ahal izateko». Bilbora etorritako etorkin askok zeharkatzen dute egunero Erriberako zubia. «Jatorri ezberdinetako taldeak integratzeko dira zubiak». Baikor begiratzen dio trikitilariak immigrazioari: «Zaila da, gune jakin batzuetan bildu izan delako, baina atea ireki behar zaie beharrak bultzatuta etorri diren etorkinei». Egoera hobetzea gazteen esku dagoela pentsatzen du, «alternatibak sortzeko indarrak haien esku daudelako». Etorkinen kultura Euskal Herrikoarekin bat egitea, gainera, onuragarria izan daiteke: «Ekarpen handiak egin diezazkigute; musikagintzan, esate baterako». Sormenari lotutako munduko hiririk garrantzitsuenetan, «Londres, New York eta Parisen, arte eskoletan jatorri desberdinetako ikasleak ikus daitezke».
Inoiz, sorterriarekin komunikatzeko, zubi luzeagoak behar dituzte etorkinek, eta Junkerak, etxeko leihotik, horietako bat ikusten du: zubi ondoko telefono kabina. «Bertokoek ez dute erabiltzen, eta haientzat, aldiz, etxearekiko lotunea da, Afrika, Asia edo Hego Amerikarekin bat egiteko zubia».
Ez dakit zer den larriagoa, PPko eskuindar-austrolopitekusak etorkinen kontrako loreak botatzen ibiltzea edo El Mundo egunkariaren webgunean horren harira egin duten inkesta. Gehiengoak, bozkatu dutenen %85ek, alderdi popularraren neurriak txaloatu ditu. Bitxikeriak bilatuta, antzeko galdera ElPais.com webguen egin dutela ikusi dut. Halakoetan Pedro J-ren kazetan irakurri daitekeenaren kontrakoa espero izaten da, baina, hara non, oraingoan ez daude hain urrun, irakurleak behintzat. Honetan %43a azaltzen da inmigrazioari kontrol zorrotzagoak jartzearen alde. Ondorioa, guzti honetatik zer edo zer baliagarria ateratzeko asmoz, terrorismoa ez den gaietan ere espainiar gehienek bat egiten duela egiaztatzea.
Hiriburuan etxebizitza erostea ia ezinezkoa dela eta, inguruko herrietara jo behar dute askok etxe bila. Lantokia hirian duten askok, alabaina, egunero hartzen dute autoa ibilbide laburrak egiteko. Etxetik lanerako eta lanetik etxerako bidean, gidariek errepidean funtsezko hiru gauza hauek zaindu behar dituzte: segurtasuna, kutsadura eta kontsumoa. Hirurak hobetzeko asmoz sortu dute Ecodriving deritzona, eraginkortasunez gidatzen ikasteko ikastaroak.
Asteotan, ia 500 lagunek izan dute Bilbon trebakuntza ikastaro horietan parte hartzeko aukera eta, ikasitakoari kasu eginez gero, atmosferara 1.500 kilo CO2 gutxiago isuriko dute ikasleek kotxean egingo dituzten hurrengo 10.000 kilometroetan. Erregai kontsumoari dagokionez, kilometro kopuru horretan %15 inguru aurreztuko dute. Xabier Linazisoro ikastaroetako monitorearen esanetan, azken horrek bultzatzen ditu gehienak eraginkortasunez gidatzen ikastera; «gasolina oso garestia da, eta gehienek gutxiago gastatzen ikasi nahi dute, urtean 250 euro aurreztera hel daitezke hemen ikasitakoarekin». Horrexegatik jo zuen Unai Martinek ikastarora; «zortzi litrotik seira pasatzea espero dut, dirutza ikaragarria gastatzen baitut autoan». Angelita Calvok, aldiz, gidatzeko modua gaurkotzeko eman zuen izena. «Orain dela 33 urte lortu nuen gidabaimena eta banuen berritzeko garaia; gainera, ingurumena zaintzen irakatsiko digute».
BIDAIA LABURRETAN. Hala ere, ez da dirua aurreztea arduraz gidatzen ikasteko arrazoi bakarra; izan ere, antolatzaileen esanetan, onurak asko dira. «Istripua izateko arriskua %10 eta %15 bitartean jaisten da, arreta handiagoarekin eta lasaiago goazelako eta, bestetik, gas kutsagarrien isurketaz gain, kutsadura akustikoa ere jaisten da». Eraginkortasunez gidatzeak, gainera, ez du abiadura moteltzearekin zerikusirik, «martxa luzeak biraketa abiadura baxuekin erabiltzea da gakoa». Emaitza hauek, edonola, hirian eta herrien arteko bidaia laburretan lor daitezke, autobideetan aldaketa gutxi baitago gidatzeko moduan, «autobidean azkarrago edo mantsoago joateko aukera besterik ez dago; ikastaroa 50 kilometro orduko abiaduratik behera ibiltzen garenerako da baliagarria».
Ecodriving ikastaroak lau orduko saioak izaten dira, teorikoak eta praktikoak. Klasean sartu eta materiala jaso ondoren, ikasle guztiek aldez aurretik ezarritako ibilbide batean gidatu behar dute eta, bakoitzari zenbateko abiadura eta kontsumoa izan duen neurtzen diote. Ondoren, eraginkortasunez gidatzea zer den eta kontuan hartu beharreko aholkuak entzuten dituzte, gero praktikan trebatu ahal izateko. Monitoreen erakustaldiak ikusi eta berriz ere bakoitzaren emaitzak neurtzen dituzte, lehenengo saioan lortutakoarekin alderatzeko. Emaitzak eskuan, azkenik, ondorioak azaltzen dituzte.
Lehen martxa. «Saihestu ez, baina ahalik eta gutxien erabili».
Martxa luzeak. «Laugarrena, bosgarrena eta seigarrena ere erabili».
Biraketa abiadura baxuak. «Autoak ez du sufritu behar, jarraitu egin behar du».
Inertziaz baliatu. «Aldez aurretik emandako indarra erabili behar da».
Iaztik gabiltza promesarekin eta oraindik ez da gauzatu. Azaroaren 29an iragarri zuen Euskaltelek Interneteko abiadurak bikoiztu edo hirukoizten zituela, doan gainera. Ederra albistea, zoragarria zela pentsatu genuen askok. Orain, ordea, bi hilabete baino gehiago igaro direla eta agindutakoa oraindik bete ez dutela ikusita, betiko gorrotoa diot Ardanzaren konpainiari. Bandaancha webguneko foroetan jakin izan dut konpainiaren asmoa hilabete bakoitzean (urtarrilean hasi ziren) 20.000 bezeroen abiadura igotzea. Guztira 170.000 garela jakinda, horrek esan nahi du gutxienez urte erdi emango dutela prozesuan. Alegia, batzuk urte hasieratik ari dira mega bat 23ren truke eta beste askok, 300 K-rekin jarraitu beharko dutela ekainera arte, salneurri berean hori bai. Aurpegi gogorra, beti bezala, Euskaltelek duena. Gauza bat biharko iragarri eta urte erdi barru bete.
Otsailarekin batera etorri dira aurten inauteriak eta, dagoeneko, Euskal Herriko herri ugaritako kaleetan agerikoa da parrandarako gogoa dela nagusi. Zergatik? Pertsonaiarik harrigarrienak topa daitezkeelako nonahi: laminak, mojak, zaldunak, antzinako egiptoarrak, animaliak eta panpinak, gutxi batzuk aipatzearren. Toki askotan inauteriak duela egun batzuk abiatu zituzten arren, atzokoa izan zen desfile handi eta koloretsuak egiteko eguna. Bilbon, azken urteotan bezala, bi desfile izan ziren: Udalak antolatutakoa, batetik, eta konpartsek sustatutakoa, bestetik.
Azken horretan, aldarrikapenak ezinbesteko lekua izan zuen; izan ere, Bilboko konpartsek prestatutako 15 karrozetan, hirigintzarekin, ingurumenarekin, kapitalismoarekin eta bestelako gaiekin lotutako mozorroak prestatu zituzten. Jai batzordearen baitan izandako tirabirak, hein batean, aurre zentsurarik onartuko nahi ez zutelako gertatu ziren. Iragarritakoa egiaztatzeko, lehenengo ibilgailuan Azkuna alkatearen irudi barregarri bezain erraldoi bat jarri zuten. Guztira, 25 karroza prestatu zituzten desfilerako, bakoitzak musika eta apainketa bereziarekin: Kristoren prozesioa Life of Brian filmeko kantu xelebrea, Always look on the right side of life, entzuten zela, gospel koru beltz bat, diruaren ikurrak gidatutako Guggenheim ibiltari bat, ertzainek babestutako abiadura handiko tren bizia eta Kaskagorrikoen inurritegi borrokazalea, besteak beste.
Hurtado Ametzaga kaletik igaro arren, bilbotar ugarik babestu zuten konpartsen desfilea eta, nahi izan zuten guztiek, mozorroen kalejirarekin bat egin zuten. Kale Nagusian, beranduxeago, Udalak antolatutako desfilea abiatu zen eta, bukatu ondoren, aratustodromoa izeneko guneetan banatu zuten Bilboko erdigunea, bakoitzean joera desberdineko ikuskizunak eskaini zituztela.
Zaila omen da sinestea mundu osoan 20 milioi disko inguru saldu dituen musika talde batek euskarazko kanturik egin dezakeenik eta, horregatik akaso, Interneten erabiltzaile askoren harridura eragin du Agur jaunak abesti ezaguna The Kelly Family taldearen ahotsean ikusi eta entzun ahal izatea, YouTube webgunean jarritako bideo batean. Posta elektronikoaren bidez eta hainbat webgune zein komunikabidetan, bideoaren berria zabaldu da egunotan eta, dagoeneko, 30.000 bisitatik gora izan ditu Faustocrol ezizeneko erabiltzaileak sareratutako bideoak. Interneten sortutako eztabaidaren eta iruzkinen artean jakin izan dute askok ez dela kasualitatea Kellytarrek euskal kantuak abestea; izan ere, taldeak harreman zuzena dauka Euskal Herriarekin.
Bederatzi anai-arrebek osatutako talde ezaguna da The Kelly Family. 70eko hamarkadan hasi ziren eta, lehenengo Kellytarra, Daniel, irlandarra bera, Europako zenbait herrialdeetan ibili zen familia osoarekin. Bidaia ugari egin zituzten, besteak beste, Alemaniara, Italiara, Herbehereetara eta baita Euskal Herrira ere. Barby Kelly alaba Beraskoainen (Nafarroa) bizi zirela jaio zen, eta handik urte batzuetara, 1981ean, Angelo taldekiderik gazteena Iruñean sortu zen. Hurrengo urtean, 1982an, Barbara ama hil zitzaien, eta Beraskoainen lurperatu zuten.
TXIKIREN OMENEZ. Gerora arrakasta handia lortuko zuten, Alemanian batez ere, baina urte luzez kalean jotzen aritu ziren Kellytarrak, Donostiako Parte Zaharrean besteak beste. Bertan ikusi zituen lehen aldiz Mikel Paredes Manot, Jon Paredes Txikiren anaiak; «oso ondo kantatzen zuten, euskarazko abesti batzuk tartean, eta jendeak diru asko ematen zien». Frankismoaren amaieran fusilatu zituzten presoetako bat izan zen Txiki, eta hari buruz galdezka agertu zitzaion, hain zuzen ere, The Kelly Familyko taldekideetako bat Mikel Paradesi 1978. urte inguruan, «harrituta gelditu nintzen, bere arropa berde deigarriekin azaldu zen Zarautzen nuen etxean, eta Euskal Herriari buruzko kontuak azaltzeko eskatu zidan». Ez du gogoan taldeko zein izan zen, «16 urte izango zituen orduan, nagusietako bat izango zen beraz», baina arratsalde osoa hitz egiten eman zutela gogoratzen du. Agurtu ondoren, Paredesek ez zuen Kellytarren berririk izan, harik eta 1981ean haien kasete bat heldu zitzaion arte, What a wonderful world tituluduna, «Txikiri eskainitako kantua dauka, zintako bigarrena».
Loreley herrian (Alemania) kantatutako Agur jaunak abestia ez ezik, Interneten euskarazko beste kantu bat badago gutxienez The Kelly Familykoen ahotsetan, John Kellyk Maite Itoizekin abesten duen Laboaren Txoria txori . Horrez gain, taldeak Benito Lertxundirekin egindako saio bateko irudiak ere ikus daitezke.
san ohi da Internet sareari esker komunikazioak ez duela inolako mugarik. Zalantza handirik ez dago posta elektronikoari eta interneteko solasgune zein messengerren moduko softwareei esker, iraultza ikaragarria gertatu dela munduan, baina, egia da, halaber, Internetek dituen abantaila guztiak teknologiak berak mugatzen dituela. Ezinezkoa da, esate baterako, Internet konexiorik ez duen lagun bati posta elektroniko bat helaraztea, eta are zailagoa da munduaren beste aldeko herrixka bazter batean bizi den pertsona batekin messengerrean aritzea, informatikaren iraultza, agian, haraino heldu ez delako. XXI. mendeko teknologia ahalguztidunak bazuen, hartara, gainditu beharreko oztopo garrantzitsua, komunikazio digitaletik analogikora lotura ezartzea, eta, duela 5 urte, Skype izeneko konpainiak lortu zuen hori.
Aurreko mendearen bukaeran, Internet sarea zabaltzen hasi zenerako, aski ezagunak ziren bat-batean komunikatzeko tresnak, IRC eztabaida gelak, MSN messengerra eta hauen antzeko beste hamaika software. Garai batean, Interneteko atari eta bilatzaile nagusiek eskaintzen zituzten halakoak, baina P2P softwarerik ezagunetariko baten sortzaileei, Kazaa, bururatu zitzaien ordenagailu batetik bestera deitu ez ezik, ordenagailutik etxeko edo sakelako telefonoetara deitzea aukera berriztatzailea eta zoragarria izan zitekeela, are gehiago, ohiko telefonia enpresek kobratzen duten baino askoz ere merkeago eskainita. Horrela jaio eta zabaldu zen VoIP protokoloa, IP bidezko telefoniak darabilena alegia.
Azken urteotan, telefono konpainiak areagotu egin dira, eta gehienek ematen dute aukera, Internet konexioarekin batera gehienetan, telefono finkoetarako deiak doan egiteko. Bestelako kontua da sakelako telefonoetara edota atzerrira egiten diren telefono deiengatik kobratzen dutena. Horrelako deiak garestiak izaten dira, eta are gehiago beste herrialde batean dagoen lagunari sakelakora eginikoak. IP bidezko deiak egiten direnean, herrialde batetik besterako mugak desagertzen dira. Etxeko ordenagailutik Txinara deitzea ondoko bizilagunari deitzea bezalakoa da, ahotsak egiten duen ibilbidearen aldetik zein, konpainiaren arabera, salneurrietan.
AURREZTEKO. Consumer Eroski erakundeak duela hilabete gutxi zabaldutako ikerketa baten arabera, IP bidezko teknologiaren bidez deitzea, ohiko telefoniarekin baino askoz ere merkeagoa izan daiteke. Telefono finkoetara eginiko deietan, batez bestez %83 merkeagoa da Telefonicarekin deitzea baino (Euskaltelekin batera, Hego Euskal Herriko telefonia konpainia nagusia). Sakelako telefonoetara deitzeko orduan ere dira merkeagoak Gizmo bezalako softwareak erabilita eginiko deiak, %56 batez bestez. Alderik handiena atzerrira deitzen denean dute erabiltzaileek.
Euskal herritarren arteko deietan ere diru dezente aurreztu dezake IP bidezko telefoniak, Interneten muga administratiboak desagertzen direlako. Esaterako, Bilbotik Baionara ohiko konpainiarekin 5 minutuko deia egiteak 0,72 euroko kostua dauka. Yahoo Voice aplikazioarekin, aldiz, hamar aldiz gutxiago: 0,07 euro.
IP bidezko telefoniaren akatsik handiena, hasiera batean behintzat, ordenagailuaren aurrean hitz egin beharra zen, mikrofonoaren bidez eta bozgorailuak piztuta. Erabiltzaile asko, informatikan trebeak ez direnak batez ere, atzera egiten zuten ohiko telefonoaren bidez deitzea askoz erosoagoa dela ikusita. Pixkanaka, traba txiki horiek gailentzen joan dira Skype eta enparauak, izan ere, USB konexioarekin ordenagailuan erraz txerta daitezkeen telefono ugari salgai jarri dituzte. Egun, VoIP motako softwarea etxetik ere atera daiteke, ordenagailu eramangarri, PDA edo smartphone tramankuluei esker. Mundu osoan Wi-Fi sareak zabalduko balira, sakelako telefonoek egun darabilten teknologia soberan egongo litzateke.
Deiak egiteaz gain, bestelako zerbitzuak garatu dituzte aplikazio hauek: bideo bidezko deiak, ahots postontzia, deiak jasotzeko zenbakiak, SMS mezuak bidali eta diru transferentziak, bestek beste. VoipBuster, Yahoo Voice, Gizmo Project eta, noski, Skype dira IP bidezko deiak eskaintzen dituzten konpainia ezagunetariko batzuk, urteotan beste hamaika sortu dituzten arren, Jajah eta Peoplecall, esaterako.
Hamarkada luzez, muskiztarrak Petronorren tximinia garaien eta CLH enpresaren biltegi erraldoien aldamenean bizi behar izan dute. 60ko hamarkadatik aurrera jaiotakoek, gainera, inoiz ez dute ezagutu Somorrostroko harana industriarik gabe. Edukiontzi borobilak autobidetik ere ikus zitezkeen, orain dela gutxira arte behintzat, izan ere, azken hilabeteetan egindako lanekin, 40 bat urtez padurako errege izandakoak eraitsi egin dituzte. Hamar urte baino gehiago behar izan ditu enpresak aspaldi egin behar zuen lana bukatzeko, baina, oraingoan, eta, aspaldiko partez, naturak lekua ebatsi dio asfaltoari.
Egunotan, hondakinak besterik ez dira gelditzen CHLren biltegi izandakoaren lekuan, baina etorkizunari begira lurzoru horretan egingo dutena ez dago batere argi. Askok Barbadun ibaiaren iraganeko itxura berreskuratzeko egitasmoa eskatu dute, Somorrostroko paduran landare eta animalien aniztasuna berreskuratze aldera. Izate talde ekologistak hala eskatu du dagoeneko, eta, dirudienez, Udala hegaztien behatoki bat bertan jartzeko aukera aztertzen ari da.
Arenako hondartzak ere ikuspegi berria irabazi du edukiontziak desagertu direnetik eta, seguruenik, bisitari gehiago izango ditu udako denboraldian. Aurrerantzean, hareatza kutsatuta dagoela uste dutenek beldurrak uxatu ahal izango dituzte, hein batean behintzat, izan ere, CLHren biltegien bizilagunak, Petronorrek, zutik dirau handik gertu.
PLANTA BERRIA. Petronor enpresa duela 40 urte sortu zuten, 1968an eta, hasieran, Muskizko ikur bat aukeratu zuen konpainiaren irudia ordezkatzeko, Muñatoizko gazteluarena, hain zuzen ere. Horregatik ageri da dorre bat erregai enpresaren logotipoan. Bitxia bada ere, ordezkapena irauli egin da denborarekin eta, udalerriaren banderan ageri ez bada ere, Petronor Muskizeko ikur nagusietako bat bilakatu da.
Zazpi mila biztanleko herrian, askok bertan lan egiteko aukera izan dute, baina, betidanik, findegian gerta zitezkeen istripuengatik kezka handia izan dute bizilagunek. Behin baino gehiagotan piztu da sua lantegiko eraikinen batean, eta, halakoetan, gertutik sentitu dute arriskua aldameneko herrian, 2002ko urrian izandakoaren modura.
Azkenaldian, gainera, eztabaida berria sortu du Petronorrek, koke planta bat Somorrostron egiteko asmoa iragarri baitu. Muskizko, Abanto-Zierbenako eta Ortuellako hainbat herritarrek koke plantaren kontrako plataforma osatu dute, eta, dagoeneko, hiru mila sinaduratik gora bildu dituzte egitasmoaren aurka egiteko. Muskizko Udalak ere, azpiegitura herrian jartzearen kontra egin du. Duela astebete onartu zuen udalbatzak plantaren aurkako mozioa, besteak beste, etxebizitzetatik 2.000 metrora baino gutxiago egonda, herritarren osasunari kalte egingo diolakoan.
Bizkaian sortutako lantegi gehienak,industrializazio garaitik, hiri handien aldamenean ezarri zituzten, Ibaizabaleko Itsasadarraren inguruan batez ere. Badira, alabaina, salbuespenak, horietako bat, Muskizen eraiki zuten Petronorreko findegia. Somorrostroko haranean sortutako industriagunea, urteak pasatu ahala, paisaiaren parte bihurtu da, Bizkaian sartzeko edo Kantabriarako (Espainia) bidean A-8 autobidetik igaro diren milaka gidariek egunero ikusten dutena. Handik gertu, Barbadun ibaia itsasadar bilakatzen da, eta Kantauri itsasoarekin egiten du topo, Arenako hondartzaren ondoan, hain zuzen ere.
Muskiz eta Zierbena. Bizkaiko udalerri biren artean banatuta dago hondartzak duen kilometro eskasa, eta bi herrietakoek haiena bakarrik dela erantzungo dute galdetuz gero. Kokapen geografikoagatik, Muskizetik itsasora luzatzen diren paduren jarraipena dirudi, baina, distantziak aintzat hartuz gero, Zierbenako Arena auzoaren ondoan dago hondartza. Udako hilabeteetan hara hurbiltzten diren gehienek, ordea, trena eta autobusen ibilbidearen izenarekin lotzen dute Arena, eta, horregatik, Muskizen dagoela uste dute.
Tximiniak eta erregaien edukiontzi handiak paisaiarekin nahasten badira ere, eguraldi beroarekin batera jendez gainezka egoten da Arena, besteak beste, hondartza batek izan ditzakeen zerbitzu gehienak eskaintzen dituelako: salbamendu taldeak, komunak, dutxak eta jatetxe ugari. Horrez gain, hare finak eta inguruko mendiek, atsedenerako lekurik egokiena bilakatzen dute.
Hondartzari begira bazkaltzeko aukera ugari dago Arenan, hareatzaren atarian aspaldi sortu zuten kale moduko batean jatetxe ugari dagoelako. Horietako batzuk asteburuko bisitariei begira ireki zituzten ateak, baina, gainerakoetan, egunero dago itsasoaren ondoan menu on bat dastatzeko parada.
Kirolari ugariren helmuga izaten da Arenako hondartza, surflarienak, batetik, eta txirrindulariena, bestetik. Itsasoko olatuen bila joaten dira lehenengoak, eta, bigarrenek, Bizkaiko Ezkerraldeko herrietatik hondartzaraino luzatzen den bidegorria jarraituz hurbiltzen dira. Portugaletetik 11 kilometroko ibilbidea egin dezakete bizikletazaleek, errepide eta autoen arriskuak erabat ahaztuta. Bidean, gainera, ikusteko moduko tokiak bisita daitezke, Quintana dorretxea izandakoaren aztarnak, Erdi Aroko harresiak eta hainbat kobazulo. Bidegorriaren azken lau kilometroak Zierbenan bertan dira eta hondartzaraino luzatzen dira. Horregatik, erraza da bizikletarekin bertaratutako jendea egunero topatzea Arenan.
Udan bainua hartzeko asmoz biltzen diren gehienak, alabaina, Muskizetik egiten dute Arenarako bidea. Izan ere, Bilbo eta inguruko udalerrietatik askoz ere garraio gehiago abiatzen dira kostaldera. Renfek trenez joateko aukera eskaintzen du, eta Bizkaibuseko ibilbide ugarik Arenako hondartzan dute azken geltokia.
ERDI AROKO AZTARNAK. Herri zaharra da Muskiz, XIV. mendeko agirietan ageri baita Muskizko San Julian izenarekin. Bizkaiko Enkarterri osatzen zuten hamar errepubliketako bi haran horietan zeuden, eta gobernua Urrestietako juntetxean zuten. Garai hartakoak dira, hain zuzen, gaur egun zutik dauden eraikin zaharrenetariko batzuk, Muñatoizko gaztelua eta Pobaleko dorretxea. Azken hori XIII. eta XIV. mende artean eraikitako burdinola babesteko egin zuten.
Duela mila urte inguru eginiko eraikin baten gainean sortu zuten, Lope Garcia Salazar jaunaren aginduz, Muñatoizko gaztelua, XIII. mendean. Muñatoizko San Martin baselizarekin batera, gaztelua monumentu historiko artistiko izendatu zuten 1944an. Handik bost urtera,1949an, gotorlekua zaharberritzeari ekin zioten. Pobaleko burdinola uraren energia erabiltzen lehenetarikoa izan zen eta, zaharberritu badute ere, gurpil bertikala gorde izan duen Bizkaiko burdinola bakarra izan da. Egun, dorretxearekin batera, burdina lantzeko modu zaharrak azaltzen ditu museoak.
Zaila da hiri bat objektiboki deskribatzea, besteak beste, bakoitzak bere ikuspuntutik antzemandako ezaugarriak baino ez dituelako aipatuko bere kronikan. Askoz errazagoa da toki horretako ikurrak aurkitu eta nabarmentzea, denborarekin gizarteak berak eraiki egiten dituelako horiek. Bilbon, adibidez, badira hamaika ikur, berriak dira batzuk, Guggenheim museoa kasu, eta badira askoz ere zaharragoak diren beste hainbat: Begoñako Ama, Athletic taldea, Marijaia, itsasadarra, Artxandako funikularra eta San Anton zubia. Baina bada guztien artean ezinbesteko lekua duen ikur bat hiriburuko kaleetan, milaka herritarrek egunero erabili eta zapaltzen dutena: Bilboko baldosa.
Dirudienez, Udaleko Lan eta Zerbitzu Sailak berak argi ez baitauka, egungo baldosak 40ko hamarkadan du jatorria, gerraren ostean alegia. Gustura hartu zuten herritarrek berritasuna, baldosaren diseinuak ura isuri egiten baitu, eta hori eskertu egiten baita herrialde euritsuetan. Udala bere tailerretan hasi zen lauza ekoizten, Larraskitun, eta gero hainbat lantegiren esku utzi zuten. La Moderna izan zen horietako bat, Patxi Robredoren aitonak sortutako enpresa: «Tailer honetan jaio ziren Bilbo motako lehenengo baldosak». Egun, Bizkaian, Araban eta Nafarroan egiten dituzte.
Urtero, iturri ofizialen arabera, 25.000 metro koadro espaloi betetzen dituzte ohiko baldosarekin, oposizioko alderdiren batek gero eta gutxiago direla salatu duen arren. Duela aste batzuk, PPk ohiko baldosa «baztertzea» leporatu zion Azkunaren udal gobernuari: «Beharbada baldosaren kontra daude, merkea delako (93 euro metro koadroko) edo arkitekto, ingeniari edo diseinatzaile ezagunik sortu ez duelako». Salaketa egiteko, hirian eginiko azken lanetako batzuetan, Zabalburu eta Jado plazetan kasu, ez dutela betiko lauza erabili ohartarazi zuen. Udalak horiek salbuespenak baino ez direla erantzun zuen, eta gehienetan, Bilbao Ria 2000 eta beste erakundeen obretan, ageri direla gaineratu zuen.
OROIGARRIAK. Espaloietan ez ezik, toki askotan ikus daitezke baldosa ezagunak; izan ere, turistentzako oroigarriak sortu dituzte urteotan. Irrintzi Bi dendan, baldosaren itxurako produktu ugari saltzen dituzte: «Kandelak, matxardak, lepokoak, imanak, orratzak eta itsasgarriak». Silvia Marroquin dendariak gauza horiek eskaintzen dizkie Guggenheimerako bidean etortzen diren turistei: «Zer ote den galdetzen dute, ikur bitxia dela uste dute, eta harrituta gelditzen dira baldosak direla jakitean».
Horien aldean, baina, erakargarriagoak dira gozotegietan saltzen dituzten baldosa formako tarta eta txokolateak. Duela hiru urte hasi ziren saltzen Santutxuko Gernika gozotegian Bilboko pastela, bizkotxoa, mousse eta kafea osagai dituena; «formagatik erosten dute batzuek, eta beste baskok gustuko dutelako».
Galdera ergela dela esango dute askok, Googlek berak irudiak bilatu ahal dituela ondo baitakigu. Galdera, ordea, bestelakoa da, noizko benetako irudi bilatzaileak? Gaur egungo teknologia gehienek ezinezkoa dute argazki zein irudietan arakatzea, artxiboei atxikitutako etiketetan bilatzen dute eta, horregatik, emaitzak ez du beti erabiltzaileak nahi duenarekin bat egiten. Badira, alabaina, hutsune hau betetzera datozen proiektu berriak. Googlek berak Neven Vision erosi zuen irudiak aztertzeko lanabesaren bila eta Polar Rose enpresa suediarrak, berriz, zeregin horretan aritzeko gaiizango den softwarea laster salgai jarriko duela iragarri du.
Sarean artxiboak partekatzea sustatzeko, Green EFA koalizioak "Nik ez nuke lapurtuko" kanpaina abiatu du. Lehenengo aldia da Europako legeiltzarrean ordezkaritza duen talde batek (42 eserleku ditu) Interneteko feneomeno honen inguruan iritzi garbai ematen duela, kasu honetan, gainera, deskargak erabiltzaileen eskubide gisa agertzeko. Era berean, aisialdiaren industria desberdinen presioa eta manipulazioa salatu dute. Kanpainaren harira aldarrikatu dituzten leloen artean honako hudek daude: "Partekatzea bidezkoa da" edota "Artistak babestu, ez multinazionalak".
Txakur bat errepidearen erdian galduta. Tristura suma zitekeen haren aurpegian, jabeak bertan utzi zuelako. Irudi ezaguna izan zen hori duela urte dezente, enpresa batek animaliak zituztenei arduraz jokatzeko eskatzeko sortutako iragarkia baitzen. Milaka ikusleren bihotzak hunkitu zituelako akaso, urteak pasatu ahala jendea «gero eta arduratsuagoa» dela uste du Alberto Mamolar Bilboko txakurtegiko buruak. Hala eta guztiz ere, oraindik ere badira txakur edo katu bat etxera eraman aurretik inolako hausnarketarik egiten ez dutenek, «haien bizitzan izango duten eragina ez dute neurtzen, zaindu beharra, oztopoak, albaitariarengana egin beharreko bisitak», eta, azkenean, animalia lagatzen dute. Kalean utzitakoak, udal zerbitzuek txakurtegietara eramaten dituzte eta, bertan, familia izateko beste aukera bat izaten dute.
Azken urteotan, Bilboko txakurtegian adopzio sistema arrakastatsua garatzea lortu dute, besteak beste, SOS Bilbao elkarteko «boluntarioek egiten duten lan zoragarriari esker». Ia mila izan ziren Bizkaiko hiriburuan iaz kalean laga edo udal txakurtegira eraman zituzten animaliak eta, horietatik, %70 adopzioan ematea lortu zuten. Horietaz gain, jabeek galdutakoak baina etxera bueltatu zituztenak aintzat hartu behar dira. Txakurtegiko langileek 823 jaso zituzten kalean eta, beste ehun inguru, jabeek eraman zituzten txakurtegira, «duela hiru urte hasi ginen aukera hori eskaintzen; izan ere, batzuetan ezinezkoa dute txakurra zaintzea eta, halakoetan, tasa ordainduta txakurtegiari lagatzen dio». Era horretako entregak gero eta gehiago dira, «eta ez da halabeharrez abandonatzea, batzuk negarrez alde egin izan dute animalia ematera behartuta ikusi dutelako haien burua, bizitzaren gorabeherak direla eta».
Zorionez, eta legeak oraindik onartzen duen arren, oso animalia gutxi hil behar izaten dituzte Bilbon, «benetako sakrifiziorik, gaur egun, ez da egiten, larri zauritutako edo gaixotasun sendaezinak dituzten animaliak ez badira». Arraza arriskutsuetako txakurrak direnean ere bai; «adopzioan ematea ezinezkoa da, eta txakur helduak badira eta jarrera aldatzea ezinezkoa bada, beste aukerarik ez dago».
Bilbon, edonola ere, beste hiri askotan baino adopzio gehiago lortzen dituzte, Mamolarren arabera. «Madrilgo datuak ikusita, proportzionalki, hobeak dira gureak».
KATUAK ETA TXAKURRAK. Askok uste dutenaren kontra, txakurtegietara, Bilbokora bederen, heldutako animalietatik, kopuru berean banatzen dira txakurrak eta katuak. Bestelako espezieren bat ere ageri da inoiz, duela gutxi Begoñan agertu zen saia, edota asteon topatu duten faisaia, esate baterako. Guztiekin egiten dute animalia identifikatzeko prozesua: «Fitxa osatu behar dugu, oinarrizko ezaugarriak eta osasun egoeraren berri jasoko duena. Ondoren, argazkia egiten diegu, askotan oso zaila bada ere animalia horretarako prestatzea. Albaitariak, gero, azterketa medikoa egiten dio, eta zer- nolako jarrera duen ere aztertzen dugu, oldarkorra edo lagunkoia den». Pauso horien ostean, eta jabeak legeak ezarritako epea bukatuta agertu ez badira, adopzioan eskainiko dute, «txakur edo katu bat nahi dutenek aukera hori ere badutela jakin behar dute, erosi beharrean».
Hirian bertan adoptatzeko dauden animalientzat familiarik topatzen ez denean, SOS Bilbao elkartekoekin lankidetzan aritzen diren beste talde batzuei esker, askotan atzerrira bidaltzen dituzte txakurrak «Alemania, Suitza eta Austriara batez ere». Herrialde horietan eginiko adopzioei zor diete adopzio sistema arrakastatsu izatea, «haiek badakite baldintzarik onenetan bidaltzen ditugula animaliak, eskatutako proba guztiak eta azterketa medikoak egiten dizkiegulako».
Animaliak babesteko helburuarekin, duela zortzi urte hasi zen lanean Koldo Goioaga (Bilbo, 1975) SOS Bilbao elkarteko lehendakaria. Hasiera batean «inolako antolaketarik gabe» aritu ziren, eta 2002. urtean elkartea sortzea erabaki zuten. Egun, 40 lagun inguruk osatzen dute, eta haiek eginiko lan boluntarioari esker, Bilbo, Santurtzi, Abanto eta Portugaleteko txakurtegietara heltzen diren animaliek familia berria topatzeko inoiz baino aukera handiagoak dituzte.
Udal txakurtegietan dauden animaliekin lan egiten duzue, zer-nolakoa da zuen parte-hartzea? Animaliak zaintzera joaten gara txakurtegietara, baina, horrez gain, beste hainbat gauza egiten ditugu: harrera etxeak bilatu, informazio eta sentsibilizazio kanpainak, kanpoko elkarteekin harremanak sortu eta, batez ere, txakurrak eta katuak adopzioan hartzeko prest dauden pertsonak bilatu. Guztiok gara boluntarioak, eta bakoitzak ahal duen denbora eskaintzen dio honi.
Bilboko txakurtegiko datuek baikorrak dirudite, nolakoak dira ezagutzen dituzuen gainerakoak? Gu gauden txakurtegietan nahiko ondo gabiltza, egin dezakegun lana bakarrik hartzen dugulako gure gain. Ez daukagu beste batzuetara joateko baliabiderik, ezta jenderik ere. Gauden horietan egoteko baldintzetako bat da ezinbestekoak ez diren sakrifizioak ez egitea, bestela alde egingo genuke handik. Animaliei beste aukera bat bilatzea da gure helburua, txakurtegietara jo aurretik ere harrera etxeak bilatzen dizkiegu, jabe berria topatu bitartean. Askok guregana jotzen dute zuzenean.
Internet erabiltzen duzue zuen lanerako. Nola? Gure lan tresnarik onena eta eraginkorrena da Internet, gure artean hitz egiteko, egunero dauden txakur eta katuak erakusteko eta beste hainbat gauza egiteko. Elkartean arloka banatzen dugu lana, webgunean bospasei lagun daude, animaliei buruzko edozein orritara informazioa bidaltzen dutenak. Beste batzuek txakurtegietara doaz, besteek harrera etxeak bilatzen dituzte, informazioa zabaldu...
Adopzioa bultzatu beharra dagoela uste al duzu? Gutxienez aukera bat eman behar zaie txakurtegietan dauden animaliei. Bisita egin eta agian bilatzen zenuen hori topa dezakezu. Arraza jakin batekoa ez, akaso, baina alaia den bat edo bestelako ezaugarri batzuk dituena. Txakur jakin bat nahi izanez gero, ez naiz sartuko erosi behar den edo ez esaten, baina esan beharra dago itxaronez gero beharbada iritsiko dela. Interneten gu gaude, baina badaude inguruko herrialdeetan dauden elkarte asko. Gaur egun, edozein katu eta txakur topa daiteke txakurtegietan, baita mila euro balio duten horietakoak ere. Ia edozein aurki daiteke.
Beraz, dirua ere aurreztu dezakete adopzioa aukeratzen dutenek. Bai, eta, gainera, txakurtegietan dauden animalia gehienak askoz ere maitagarriagoak dira besteak baino, sufritu egin dutelako, adoptatzea haientzat kartzelatik ateratzea delako. Oso esker oneko txakurrak izaten dira. Gazteak direnean agian ez dira jabetzen, baina sei hilabete daramatzatenean, badakite non dauden eta zergatik dauden han, are gehiago etxe batean bizi izan badira aurretik. Oso gaizki pasatzen dute, eta handik ateratzen badituzu, eskertu egiten dizute. Ez da mito bat, nik hartu izan ditut txakurrak handik, eta asko ematen dutela esan dezaket, erositako edozein txakur baino gehiago.
Arduratsua al da jendea animaliekin? Behar baino gutxiago. Baina hori aldatzen ari dela esango nuke. Guk adopzioa egiten dugunean, elkarrizketa moduko bat egiten diogu jabea izango denari. Batzuetan ikaragarriak entzun ditugu. Ez zuten eragozpenik esateko haien auzokide batek persiar katua duelako nahi zdela berak halako bat. Alegia, ez du nahi familiaren parte izango den izakia, baizik eta bekaizkeriagatik edo dena delakoagatik nahi du.
Lelo horrekin (Save Windows XP) abiatu dute Interneten Microsoft enpresaren sistema eragilerik hedatuena. Gates jaunaren enpresak ekainaren 30ean utziko dio XP sistema saltzeari, iaz kaleratu zuten Vista software berria bultzatzeko asmoz. Erabiltzaileen artean, oso gutxik esaten dute Vistarekin onurarik izan dutenik eta, XPri buruz, aldiz, urteetan (Mocrosoftek) sortu duen SErik sendoena dela diote. Egitasmoak 100.000 sinadura bildu nahi ditu Windows guztien gurasoei aurkezteko. Ea arrakastarik duten.
Ikusi:
-Windows amaigabeak
Urte luzeak igaro dira telesail baterako castinga egitera Madrilera joan zenetik, «gripeak jota joan nintzen, sukar eta guzti» baina zortea bidaide izan eta antzerkigintzan ibilbide oparoa izateko giltza topatu zuen bertan Asier Etxeandiak (Bilbo, 1975). Ordudanik, hainbat film, antzerki lan, eta telesailetan ageri izan da aktore bilbotarra eta musikagintzan ere aritu da Blue Alien's Temple taldearekin. Kanpoan bizi bada ere, askotan bueltatzen da jaioterrira eta, joan den asteburuan, antzerkiak ahalbidetu zion etxera bueltatzea, Tomaz Pandurrek zuzendutako Barroco antzezlana Arriaga antzokian taularatzeko etorri baitzen, Etxeandiaren ustez, «inoiz egin duen lanik zoragarriena».
Getxoko antzerki eskolan ikasi zenuen. Zer-nolako oroitzapenak dituzu garai hartatik? Ikasi beharrekoa ikasi nuen, asko, baina profesionalki ez zen izan esperientzia aberasgarria niretzako, are gehiago, antzerkigintzaren lanbiderako oztopoak jarri zizkidala uste dut. Izenik ez dut aipatuko, baina uste dut aktore bat hezteko beharrezko maila ez dutela. Telebista eta besteen lana kritikatzen duen eskola zen, bere egia propioa duena eta haien lanpostua kenduko dieten beldurra oinarri zutela. Bertan nengoela beldurra nion lanbideari, ezinezkoa nuen ni neu izatea. Hala ere, bertan ezagutu nituen gaur egun lagun ditudan aktore asko eta irakasle batzuengandik asko ikasi nuela aitortu behar dut. Erakunde gisa, alabaina, ez nator bat eskola horren filosofiarekin, ez zait batere interesatzen eta uste dut kaltegarria izan dela, niretzako eta beste jende askorentzat ere. Izenik, baina, nahiago dut ez aipatzea.
Uste al duzu aktore batek ezinbestekoa duela antzerkigintza ikastea? Bai, norbere buruarekin ikastea zilegi izan daiteke, baina ulertu ahal izateko norainoko inplikazioa behar duen lanbide honek, ikasi beharra dago. Behar bezalako eskola batean diziplina ikas daiteke, egunero gorputza, ahotsa, emozioak eta bestelako elementuak astindu behar dituzula jakin. Horretan hasi arte ezin zara benetan horren garrantziaz jabetu. Diziplinarik gabe ezin da ezer egin, eta horretarako, antzerki eskolan ikastea beharrezkoa dela uste dut.
Noiz erabaki zenuen lanbide horretan ariko zinela? Betidanik jakin izan dut horretan ariko nintzela, ez dut gogoan erabakia hartu nuen une jakin bat, txikitatik dakit, oso txikitatik. Hitz egiten ikasi baino lehen abesten ikasi nuen nik, amak irratian entzuten zituen kantekin.
Barroco antzezlana aurkezteko agerraldian, «azkenean» bueltatu zarela esan zenuen. Zergatik? Bizitzan egin izan dudan lanik zoragarrienarekin etorri naizelako esan nuen azkenean. Aurretik ere, A Midsummer Night's Dream egiten izan nintzen Arriagan eta gustura izan nintzen, baina hau da niretzako antzerkitik gertuen dagoena, txikitatik aktore izateko nuen arrazoi nagusia. Tomazekin lan egitea atari bat izan da, aurrerantzean antzerkia izango denaren esperientzia. Eta era honetako antzezlan batekin etxera etorri ahal izatea, Arriagara, oso garrantzitsua da. Esan ohi da inor ez dela profeta bere sorterrian eta niretzako oso zaila izan da hemen ulertua izatea. Izan ere, Madrilen lan asko egin dut, eta nolabaiteko arrakasta izan dudala uste dut, arrakasta osoa erlatiboa bada ere. Lanik ez dut faltan izan, eta oso harro nago egin izan ditudan lanetako batzuekin. Bilbon, ordea, aktore lanetan ezin izan dut inoiz Arriagan sartu, Madrilera joan behar izan naiz, bertan lan batzuk egin eta orduan, Madriletik Arriagan antzezteko etorri. Oso adierazgarria da hori. Nire familia, lagunak eta lankide izan ditudanak hemen izatea oso berezia da niretzako.
Zergatik da hain antzoki garrantzitsua Arriaga bertako aktoreentzat? Ez da bakarrik euskal antzezleentzat, kanpokoentzat ere oso garrantzitsua baita. Bira luzeak egin izan ditut kanpoan, eta ziurta dezaket bisitatu izan dudan antzokirik ederrenetarikoa dela, eta berezienetakoa ere bai: eraikina, berez, plaza honetan bakar-bakarrik, adierazten duena, barrutik nolakoa den, eserlekuak, soinua, aldagelekin hasi eta historiarekin bukatu. Eta niretzat, horrez gain, izugarria da pentsatzea txikia nintzenean eserleku horietan egon nintzela oholtza gainean nire burua ikusi nahian.
Filmetan, telesailetan eta antzerkian aritutakoa zara, baita musika kontzertuetan ere, zein da zuretzat erosoena? Antzerkia da niretzat esparrurik erakargarriena. Baina artea, berez, komunikazio bitartekorik zintzoena dugu, burutik pasatu gabe bihotzeraino zuzenean heltzen den bakarra, edozeini erasotzeko gai dena eta mundu guztia elkartzeko gai dena, jatorria edo mailak kontuan izan gabe.
Antzerkian lan egiteko, alde handia sumatzen duzu zuzendari batetik bestera? Bai noski, oso zuzendari gutxi daude gurean, eta are gutxiago Tomaz Pandurren inplikazioa dutenak. Lehenengo egunetik ikusten duzu zer-nolako lana egiten duen, antzerkiari esker arnas hartzen duela eta bizi dela agerian uzten du. Mundua antzerkiaren bidez aldatu nahi duela dioenean, benetan ari da. Eta halako pertsona baten aurrean ezinezkoa da lan arrunta egitea, jarrera bera hartu behar duzula esaten diozu zeure buruari. Muga hori igaro bezain pronto ulertzen duzu zergatik erabaki zenuen antzezle izatea, ez bakarrik arrakasta izateko, horrek egoarekin zerikusi handiagoa dauka, bakarrik ez zaudela sentitu nahi duzu, besteak zeure burua ulertzea bilatzen duzu, eta uste dut hori ederki lortzen duela Tomazek. Argi dago ez garela batere normalak, aktore izan nahi duena ez da batere normala.
Izango duzu lan egiteko aukeratuko zenukeen beste zuzendaririk. Zinean badira batzuk. Nik lan egin izan dut hainbat filmetan, baina esan daiteke mundu horretan atarian baino ez naizela egon orain arte. Gaur egun, Alejandro Amenabar, Julio Medem, Isabel Coixet eta Pedro Almodovar dira antzerkian bilatzen dudan inplikazio horretatik hurbilen dauden zuzendariak. Haiekin gustura egingo nuke lan. Antzerkian, ordea, uste dut sendabidea aurkitu dudala Tomaz Pandurren eskuetan. Cabaret musikalean lan egiteko aukera izan dut, BT McNicholl zuzendariarekin, oso ondo egiten du lan, amerikarrak horretan ikaragarri onak direlako, beste gauza batzuetan ergel hutsak diren arren, baina Tomaz da lan egiteko nahi dudan zuzendaria. Gustatuko litzaidake harekin batera jarraitzea, izan ere, orain ez daukat batere gogorik hark duen inplikazioa sentitzen ez duen beste zuzendari batekin lan egiteko.
Euskal aktore ugari dago Madrilen lanean, ezinezkoa al da hemen bizitzea antzerkigintzatik?Hemen gertatu dena, aspalditik, bilbainada handia izan da. Nik bertoko eta hango aktoreak ezagutzen ditut, eta esan behar dut, Madrilen gauza asko ikasi ditudan arren, Bilbon neureganatu dudala antzezle izateko nahia eta antzerkigintzan aritzeko aipatu dudan inplikazioa. Hemen badira aktore, zuzendari, konpainia eta antzerkigile zoragarriak, baina Bilbon inork ez die ez aitorpenik egin, ez aukerarik eman, betidanik pentsatu izan dugulako hobe dela kanpokoa ekartzea oso hiri garrantzitsua garela erakusteko.
Ez al dago aukerarik Euskal Herriko taldeentzat? Hemengo konpainiak ezagutu behar ditugu oraindik, eta haiek bere bidea egiteko aukera izan behar dute. Baina horretarako, Arriaga bezalako antzokiak behar dituzte, antzezlan jakin bat gaizki atera daitekeen arren, horrek sortzen jarraitzeko eta bidea egiteko aukera emango dielako. Euskal kulturari hazteko aukera emango diolako. Baina aukera horren ezean, aktore askok alde egin behar izaten dute. Gelditzen direnek gauzak egiten dituzte, diru laguntzak bilatzen batzuetan, baina, hala eta guztiz ere, Arriagan sartzea betidanik izan da oso gauza zaila. Egoera hori laster aldatuko delakoan nago, hala espero dut behintzat. FTI Antzerkiola Imaginarioa eta Hortzmuga bezalako taldeek gauza pilo bat egiten dituzte, eta kanpoan ere aritzen dira, Egipton, AEBetan; ez dakit zenbat herrialdetara eraman dituzten ikuskizunak, baina Arriagan ez dira sartu.
Zeuk ere alde egin behar izan zenuen? UPA telesaileko castingerako deitu zidatelako joan nintzen Madrilera, nik ez nuen inoiz maleta hartu eta bertara joateko asmorik izan, Bilbon lan egin nahi nuelako, ezinezkoa bazen ere. Orain Madrilen lana daukat, probak egiteko deitzen didate, gidoiak bidaltzen dizkidate, hemen ez nuke halako aukerarik izango egunero, eta penagarria da, badakidalako Euskal Herrian badirela antzezle zoragarriak.Teknologia berriek eragina izan dute antzokietan. Zer pentsatzen duzu sakelako telefono bat antzezlanaren erdian entzuten denean? Jasanezina da, benetan, hil egingo nuke, horretarako gogoa behintzat izaten da telefono bat entzuten denean antzezten ari garela. Jendeak heziketa behar du, antzerkian sartzen denean telefonoa berehala itzali behar dela ikasi behar dute. Arreta galarazten dizu telefonoaren soinuak, eta zaila da berreskuratzea. Gainera, ez da bakarrik aktoreen kalterako, izan ere, badira une berezi batzuk, ikuslea antzezlanaren baitan murgilduta dagoela, sakelako batek magia hori guztiori hautsi egiten duela. Halakoetan etxera bidaliko nituzke ahal izanez gero.
Esaera zaharraren arabera, bizitza oparo baten emaitzak hiru izan behar dute: zuhaitza landatu, liburu bat idatzi eta seme-alabaren bat izatea. Bilbotarrek, gainera, badituzte bestelako eginkizun garrantzitsu batzuk, bizitzan behin, gutxienez, burutu beharrekoak: San Mames futbol zelaira joan, Begoñako basilika bisitatu eta, garrantzitsuenetarikoa, Pagasarri mendira igo. Urte osoan ibiltzen dira mendizaleak bertatik, eta milaka dira udako hilabeteetan. Urtean behin, abenduan, Bilboko Mendi Astearen barruan Pagasarrirako Ibilaldia antolatzen dute, 10.000 lagunetik gora biltzen dituen jaialdi ospetsua.
Ganekogorta mendigunean dago bilbotarrek gehien estimatzen duten mendia, parkean aspaldi eraldatutako Artxanda alde batera utzita, eta Bizkaiko hiriburua ez ezik, Alonsotegi eta Arrigorriagara zabaltzen ditu bere hegalak. Pagasarrik 671 metro ditu, eta Ganekogortak ia mila (998) ditu. Horregatik, mendizale traketsek lehenengoa hautatzen dute txango errazak egiteko. Izan ere, Bilboko auzoak mendirantz zabaltzen joan diren heinean, gero eta gehiago hurbildu da hiria mendi tontorrera. Hala, bi ordu inguru baino ez dira behar Zabalburu plazatik, abiapunturik ohikoena Pagasarrirako bidean, tontorreko aterpetxera heltzeko. Alferrenek, gainera, autoz egin ahal dute aldaparen tarte bat.
Mendi tontorrera erraz heltzearen abantailarik handiena da bertan lasai bazkaldu eta ordu batzuk inguruak aztertzeko erabili daitezkeela. Bizkaia eta Araba bereizten dituen Ganekogortaren tontor zoragarria ikus daiteke bertatik, eta inguruko mendiek osatzen duten ikuspegi zoragarria. Zenbait animalia topatuko dituzte bertan mendizaleek, behiak eta zaldiak batez ere, baina, zortea izanez gero, baita arranoren bat ere zeruan. Inoiz, basurdeak ere azaltzen dira Pagasarriko gailurrean, eta bisitariren batek ezusteko ederra hartu izan du.
Nekatuz gero, eta bazkalordua tontorrean egin nahi dutenek hobe dute jatekoa etxetik eraman, baina, udako hilabeteetan batez ere, aterpetxeko ateak zabalik topa daitezke, eta bertan sagardo freskoa edan edota gazta ogitartekoa jan daiteke. Erdi Arotik bertan etxola modukoak egin dituzte, baina Pagasarriko lehenengo aterpetxe modernoa 1914an egin zuen Bilboko Udalak eta handik bost urtera berregin zuten, taberna eta jatetxe gisa. Sabela bete ondoren, XVII. mendeko izoztegiak, Tarin iturria eta gailurreko postontzia bisita daitezke.
PAGOEN MENDIA. Ikerketa arkeologikoek ezagutzera eman dutenez, euskal artzainak duela milaka urte, Brontze Aroan, ibiltzen ziren Pagasarriko landetan euren artaldeekin. Garai hartan, pagadiek estaltzen zituzten gaur egun biluzik ageri diren Pagasarriko maldak. Euskal Herriko kostaldeko beste mendi ugarietan bezala, ontzigintzaren loraldiak, XVII. mendetik aurrera, basoen gainbehera ekarri zuen. Bilbon, Zorrotzako kaian 40 gerraontzi baino gehiago eraiki zituzten 1610. urtetik 1630era bitarte. Horietako bakoitzak 6.000 zuhaitzen egurra behar zuen eta, asko, Pagasarrin bota zituzten. Horrez gain, XVIII. mendeko Karlistaldietan inguru hartan gertatutako bataila eta suteek mendi honetako baso ondasunak desagerrarazi zituzten.
XIX. mendean ekin zioten erakundeek zuhaitzak landatzeari, baina bertako espezieen lekuan pinuak eta eukaliptoak jarri zituzten, eta aspaldiko aniztasuna erabat hautsi zuten. Mendizaletasuna zabaldu ahala, Pagasarriren egoerarekin kezkatzen hasi ziren bilbotar asko. XX. mendearen hasieran zenbait ekitaldi egin zituzten mendiaren egoera hobetze aldera, Zuhaitzaren Eguna, kasu, 1915ean. Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta zenbait lagunek doan emandako zuhaitz ugari landatu zituzten orduan. Aurretik ere, 1914an, izoztegien ondoan zegoen Udoi iturburuan, Tarin iturria egiteko elkartu ziren mendizaleak, .
Urteotan parke natural gisa Pagasarriko eremu jakin batzuk babesteko egitasmoak abiatu badituzte ere, Supersur autobideak eta bestelako proiektu handiek mendi zati garrantzitsuak hondatuko dituzten beldur dira talde ekologistak, Bolintxu harana, besteak beste. Mendizaletasuna bera Pagasarriren kalterako ez ote den galdetzen dute beste askok; izan ere, abenduan egin zuten Pagasarrirako Ibilaldia ospatzeko, karpa handiak jarri zituzten gailurrean eta, horretarako, kamioi eta furgoneta ugarik igo behar izan dute bertaraino, mendiko bideetan zehar.
Belaunaldi berriek horren berririk izan ez duten arren, zaharrenek aspaldiko elurtegiak ezagutuko dituzte, mendeetan izotza sortu eta mantentzeko erabiltzen zituzten mendiko biltegiak. Bizkaian, Aldundiaren arabera, XVII. mendean hasi zen izotzaren salmenta, neguko hilabeteetan botatako elurra gordetzeko zuloak egiten zituzten, bertan gogortu eta izotz zurruna lortzeko. Hasiera batean, mendi hegaletan aurkitzen zituzten leizeak erabiltzen zituzten horretarako, baina, gerora, elurra gordetzeko putzuak eraikitzen hasi ziren. Mota horretako bi ikus daitezke Pagasarriko tontorretik oso gertu, Tarin iturri ezagunaren ondoan.
Pagasarri I deritzon izoztegia 1648. urtekoa da, zilindro formako putzua da, zazpi metro inguruko sakonera dauka eta, isurbide gisa, 28 metrora azaltzen den tunela dauka. Zenbait urte geroago, 1674an, eraiki zuten Pagasarri II izeneko elurtegia, lehenengotik oso gertu. Antzeko ezaugarriak baditu ere, bigarren zuloa txikiagoa da, ia bost metroko sakonera eta 7,5 metroko zabalera dauka goialdean. Behealdean, berriz, metro bat estuagoa da eta isurbide tunela dauka. Putzu biek zuten teilatua eta, duela bost urte, 2003ko apirilean, zaharberritu zituzten.
IZOTZ GERUZAK. Izoztegi guztietan, ura kanporatzeko tunelak egiten zituzten eta, horrez gain, paretetan zulotxoak egiten ziren inoiz. Elurra putzuetan sartu eta zapaldu egiten zuten, gogortu eta izotz bihurtzeko. Luzaro kontserbatzen zuten horri esker. Neguko eguraldiaren laguntzarekin sortzen bazuten ere, izotza ia urte osoan saldu behar zuten, horregatik bilatu behar zuten ahalik eta denbora gehien iraunarazteko modua. Landareen hosto lehorrekin tartekatzen zituzten izotz geruzak eta, horri esker, erraztasun handiz ateratzen zituzten gero.
Izoztegia guztiz beteta zegoenean, orbelarekin estaltzen zuten eta, batzuetan, gatzarekin ere bai, goiko geruza kanpotik hobeto isolatzeko. Izotz geruzak zatikatzea zen egin beharreko azken lana eta, putzutik atera ondoren, mandoetan zein gurdietan Bilbora eta inguruko herrietara garraiatzea. Gaueko hotza baliatuta egiten zuten bidaia eta, hurrengo egunean, medikuen, izozkigileen edo bestelakoen eskuetara heltzen zen izotza. Sukarra apaltzeko eta mina arintzeko erabiltzen zuten izotza medikuntzan. Gozokigileek, berriz, edari freskagarriak eta izozkiak sortzeko behar zuten.
Horrela lortu zuten herritarrek beharrezkoa zuten izotza denbora luzez, harik eta XX. mendearen hasieran hozkailu eta izozkailu elektronikoak asmatu zituzten arte. Elurtegiak sortu eta ustiatzeko negozioa, ondorioz, pixkanaka desagertu egin zen Euskal Herriko mendietatik. Pagasarriko putzuak, hala eta guztiz ere, horren lekuko biziak dira.
Urte bi igaro dira Parisera lan egitera eta bertan bizitzera joateko erabakia hartu zuenetik. Gustura dabil Frantziako hiriburuan Ander Arzak (Irun, 1982) ETBko berriemailea, baina, aldiro, TGV trena hartu eta sei ordu eskasean etxera bueltatzen da, Irunera. Halaxe egin du Eguberrietan, lagun eta senideekin egoteko, besteak beste. Munduko hiririk ederrenetariko bat izan arren, sorterriko giroa faltan sumatzen du kazetariak, «jendearekiko harremana oso hotza da Parisen; hemen, egunkaria erosten egunero ikusten duzunarekin hitz egiten duzu, baina han ezinezkoa da». Baina kaleko giroa ez ezik, «tabernaz taberna ibiltzea zer den ere ez dakite frantsesek», bestelako gauzak ditu faltan kanpoan denean, Irungo bazter berezi batzuk, Plaiaundi, esate baterako. Leku «lasaia» delako atsegin du hezegunea eta, batez ere, «naturarekin bat egiteko aukera paregabea» eskaintzen diolako.
Ez da batere arrunta Irun bezalako hiri batean Plaiaundiren moduko leku bat aurkitzea, natura izanda, «ohiko hondartza edo mendia ez delako». Euskal Herriko paisaiaren betiko elementuak dira, «zuhaitza eta basoa, hondartza eta kostaldea», baina «naturak badauzka horrelako beste hamaika leku, hezeguneak eta padurak kasu». Hegazti migratzaileen paradisu hau da, Arzaken esanetan, Bidasoako eskualdeak duen berezitasunik handiena.
Aldaketa nabarmenak izan ditu Plaiaundik azken hamarkadan. «Aurretik ez dut esango zabortegi bat zenik, baina oso utzita zegoen, sasiak eta zikinkeria ditut gogoan». Baina denborarekin parke naturala sortzeko proiektua jarri zuten martxan, «aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte hau guztia berreskuratzeko, oraindik ere gauza batzuk egiteke daudela ikusten bada ere». Haurtzaroan joan zen lehenengo aldiz Plaiaundira, aita eta arrebarekin, «prismatikoak eta liburuekin etortzen ginen askotan, txori migratzaileak ikusteko». Orduan hasi zitzaion txorien inguruan duen zaletasuna. «Txikia bada ere, hemen dagoena ikusten ikasi nuen».
Gaur egun esku hutsik joaten da etxetik gertu duen hezegunera, «lagunekin edo neskarekin etorri izan naiz askotan, buelta bat ematera besterik ez bada ere», Irunen tamainako hiri batean leku lasaia iruditzen zaiolako. Horixe da, hain zuzen ere, bere herriaz gehien atsegin duena, «minutu gutxian hiritik ihes egiteko eta naturarekin harreman zuzena izateko aukera» badute, eta ez da gutxi.
Irundarrek, aspaldi, harreman berezia izan dute Hondarribikoekin, oso tankera desberdineko herriak izan direlako akaso. Lehia bitxi hori aitortu arren, Arzakek ez dauka arazorik ondoko herriak dituen alde onak aitortzeko. Pintxotan askotan joan izan da bertara, «lagun ditut etsai baino gehiago», baina berea ere «defendatu» beharra dauka. Hiri handi edo ertain batean bizitzeak, «denda eta zerbitzuen aldetik batez ere», abantaila handiak dituela uste du berriemaileak. Bestetik, inguruko tokirik ederrena Hondarribia dela esan ohi den arren, Irunen hobera egin dute azkenaldian: «Lankide batek baino gehiagok esan dit bertara etorri eta alde handia ikusi duela, museo berriaren aldea eta Kolon pasealekua ikaragarri aldatu dute». Mugak, alabaina, ondo bereizten ditu; «ez dut postaleko hiria denik esango, baina aurrerapausoak egin dituzte».
Irun zein Hondarribiko tabernak hautatuko lituzke Parisen daudenen aurretik; izan ere, hango jendearen arteko harremanak «hotzak» dira; «esaten dute euskaldunak hotzak garela, baina okerragoak dira haiek». Hilabetean behin izaten du aukera etxera bueltatu eta herriko tabernen giroa gozatzeko. Bestelakoetan, bisita ugari ditu Arzakek Frantziako hiriburuan: «Euskal etxe txikia ematen du nireak askotan».
Hau da. hitzez hitz, Gite-Ipes elkarteko lagunek bidalitako oharra ikastaroen harira:
Abenduaren 15ean burutu genuen ekonomiari buruzko azken saioa SOZIALISMOA EUSKAL HERRIAN? ikastaroan. Tonino Mendizabalek eskaini zigun hitzaldia interes handikoa izan zen eta, ohikoa denez, labur ibili ginen denboraz. Jarraitzeko aukera eman zigun eta data zehaztu barik egon arren, bigarren hitzaldia hitzartuta daukagu.
Datozen hilabeteotan gainegituraren azterketari ekingo diogu. Horretarako, ikasturte hasierako plangintzari eutsiz, bi multzotan egingo dugu: lehena, urtarrilaren 26an hasiko dena, gizartearen egitura politikari eskainiko diogu. Atxikituta doakizuen orrian duzuen koadroan duzue behin behineko proposamena hiru hitzalditan. Datorren astean zuekin eztabaidatu eta adostuko duguna.
Bigarren multzoa, guztion artean adosteko proposamena ere, kultura eta ideologiari eskainiko diegu; hiru hitzalditan ere. Proposamena adostu eta eztabaidatzeko zein lehenengo hitzaldiari buruzko planteaketa finkatzeko, bilera bat egingo dugu datorren asteazkenean, hilaren 16an, GITE-IPESen egoitzan, arratsaldeko 7:00etan. Etorriko zarela espero dugu.
EGUNA: Urtarrilaren 16an, asteazkenean
ORDUA: Arratsaldeko 7:00etan
NON: GITE-IPESen egoitzan
GAIAK: Ikastaroaren proposamena eztabaidatu eta onartu (gaiak, hizlariak, egunak...) Hilaren 26ko saiorako eskema eta metodologia erabaki
Eguraldi hotza aspaldi agertu bada ere, elurrak oraindik ez du arazo larririk sortu Euskal Herriko errepideetan. Ederki dakite hori Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko trafikoa kudeatzeko zentroan lan egiten duten teknikoek, izan ere, videowall erraldoi batean jarraitzen dute, egunero eta 24 orduz, EAEko errepideetan gertatzen dena. Altube, Etxegarate, Pasaia, Arrigorriaga, Biriatu eta gainerako puntu garrantzitsuak begibistan dituzte, guztiak 27 metro koadroko pantailan eta espaziontziak kontrolatzeko pelikuletan ageri diren moduko gela batean. Bilboko Txurdinaga auzoan dago trafiko kontrolerako zentro nagusia, Kale Nagusiko bulego zaharretik bertara eraman baitzuten duela bi urte inguru. Orain, bertatik artatzen dituzte trafiko zein SOS Deiak 112 larrialdi telefonoetara eginiko deiak, eta errepide sarean eman daitezkeen gorabehera guztiak kontrolatu daitezke.
Kamera sare horren helburua, Jon Joseba Aizpurua zentroko buruaren esanetan, «bikoitza» da, batetik, «trafikoan sor litezkeen trafiko arazoen aurrean ahalik eta informaziorik zehatzena izatea 902-11 20 88 telefonora deitzen duten gidarientzat» eta, bestetik, arazo jakin horiek «lehenbailehen bideratzea, trafiko fluxuak era egokian kudeatuz». Horretarako baliabideak badituzte kontrol gela nagusian lan egiten duten teknikoek, esate baterako, errepideetan sakabanatutako informazio paneletan gorabehera horien berri eman dezakete, «saihesbide bat hartzea gomendatu dezakegu edo aurki bideratuko den istripu arin baten aurrean pixka batean itxaron dezala aholkatu».
KAMERA SAREAK. Eguneroko lana ibilgailuen mugimenduak kontrolatzea duten arren, kamera sareen benetako zeregina elurte garaietan datorrela dio Aizpuruak, «errepide nagusien benetako egoera zer-nolakoa den jakiteko» funtsezkoak dira. Elurra agertzen den heinean, biderkatu egiten dira zentrora eginiko deiak. Istripuak gertatzen direnean ere, berehalako informazioa biltzen dute Txurdinagako bulegoan, Ertzaintzak bidaltzen dizkien argitze-agiriei esker. Gidariek www.trafiko.net webgunean irakurri ahal dituzte iturri horietatik guztietatik igorritako datuak, obrak edo ezbeharrak gertatu diren, non, errepidearen zenbatgarren kilometroan eta bestelakoak.
Eusko Jaurlaritzak ez ezik, aldundiek eta udalek badituzte trafikoaren inguruko kontrol zentroak. Bizkaiko Foru Aldundiak, esate baterako, Malmasin inguruan dauka bulegoa eta Bilboko Udalak, berriz, udaletxetik jarraitzen ditu hiriburuko kaleetan gertatzen diren gorabeherak. Erakunde bakoitzak kamera sare propioa erabiltzen du, eta, gaur egun, ez dituzte irudiak elkar trukatzen, horretarako egitasmoak badira ere. Eskumenak direla eta kontraesanak izaten dira; esaterako, Mungiatik Gernikara doan errepidea aldundiarena bada ere, errepide horren gaineko trafikoa Jaurlaritzak kudeatzen du. Gainera, arazo berberak hainbat irakurketa izan ditzake trafikoa kontrolatzeko zentro batetik bestera. Autobidean buxadura egoteak, adibidez, errepide sare nagusian arazoak eragin ditzake, eta, aldi berean, Bilboko trafikoaren barruan onuragarria izan daiteke, hiri barruko trafikoa moteldu eta arintzen delako.
| << | >> | ||
| Urt | Ots | Mar | Api |
| Mai | Eka | Uzt | Abu |
| Ira | Urr | Aza | Abe |
