Artxiboak: Otsaila 2008

2008/02/14

Espainiako bandera apirilaren 7rako jartzeko agindu dio Auzitegi Nagusiak Azkunari

Mikel | 22:03:21 | Atalak: Euskal Herria | 228 hitz  

EAEko Auzitegi Nagusiak duela bi hilabete, abenduaren 21ean, jakinarazi zion Bilboko Udalari Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzera behartuta dagoela. Epaia bete ez duela ikusita, epaitegiak eskakizuna helarazi zion otsailaren 7an Udalari, bi hilabeteko epean aginduari men egin beharko diola gogorarazteko. Iñaki Azkuna alkateak, hartara, apirilaren 7a izango du Espainiako sinboloen legeak agindutakoa betetzeko azken eguna. Gainera, epaiketaren kostua, 1.512 euro, ordaindu beharko dituela jakinarazi diote Udalari.

Espainiako bandera Aste Nagusiko ostiraletan bakarrik jartzea erabaki zuen Udalak 1998ko uztailaren 14ko udal batzan. PPren garaiko Espainiako Gobernuak, alabaina, bandera egunero jartzea eskatu zuen eta Estatuaren abokatuari arrazoi eman zion Bilboko Administrazioarekiko Auzietako laugarren aretoak 2005eko apirilean. Udalak helegitea jarri zuen, baina Auzitegi Nagusiak epaia berretsi zuen iaz. Azkunak, orduan, Espainiako bandera «behartuta» jarriko zuela esan zuen, eta «ez debozioz».

Horren harira, Mikel Arana Ezker Batuko Presidentetzarako bozeramaileak bere taldearen «sostengu osoa» eskaini zion atzo Iñaki Azkunari, esan zuenez, «bilbotarrek banderarik gabeko udaletxea nahiago» dutelako. EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari, bestetik, «eskusartze argia» deritzo, bere ustez «banderak noiz, non eta nola jarri udal batzari erabakitzea dagokiolako». Epaia, beraz, «1998ko udal batzan hartutako erabakiaren kontrakoa» dela eta, horregatik, Ezker Batuak «Azkunaren erabakia errespetatuko» duela esan zuen Aranak, «azken unean bandera ez jartzea erabakitzen badu ere, horrela liskarrak saihestu egin daitezkeela uste dugulako».

2008/02/13

Ontzien zarata, baleen egungo ehiztaria

Mikel | 15:53:13 | Atalak: Euskal Herria | 455 hitz  

Betidanik harreman estua izan du Euskal Herriak itsasoarekin. Azken hamarkadetan, alabaina, gero eta euskal arrantzale gutxiago dabil Bizkaiko Golkoan, eta, dagoeneko, denbora dezente igaro da bertoko kostaldean balea bat harrapatu zuten azkeneko aldiz. Arpoiekin zerikusirik ez duten bestelako arriskuei aurre egin behar diete gaur egun zetazeoek: ikusezintasunari eta, batez ere, kutsadura akustikoari. Lehenengoari «bitxia» deritzo Pablo Cermeñok, Ambar itsas fauna ikertzeko eta babesteko elkarteko presidenteak: «Gure kostan baleak edo izurdeak agertzen direnean nondik datozen galdetzen du jendeak, eta gugandik oso gertu bizi direla esaten diegunean, harrituta azaltzen dira».

Ambar elkarteak hamar urte daramatza Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertzak arakatzen zetazeoen bila. Kutsadura akustikoa deritzon fenomenoa dute, hain zuzen ere, ikergairik nagusietakoa, besteak beste animalia hauen arriskurik handiena delako. «Argi daukagu haientzat kaltegarria dela, baina orain zenbaterainokoa den jakin behar dugu». Helburu horrekin, Kantauri itsasoko kutsadura akustikoaren mapa egiteko proiektua abiatu du Caixa fundazioak. Ibero belaontzia ikerketarako tresna guztiekin hornitu dute, eta, asteotan, euskal kostaldeko hogei lekurik adierazgarrienak aztertuko dituzte. Besteak beste, Pasaian, Donostian, Zarautzen, Lekeition, Bermeon, Santurtzin eta Getxon ari dira lanean, Ambarreko biologoekin batera.

AISIALDIKO ONTZI TXIKI ASKO. Zetazeoak ezinbestekoa dute entzumena. Josep Maria Alonso egitasmoko koordinatzaileak gogorarazi duenez, soinua «komunikatzeko, ingurunea aztertzeko eta elikadura lortzeko» darabilte. Gizakiek itsasoan sortutako zaratak, hartara, kalte egiten dietela uste dute. «Kontuan hartu behar da, gainera, ur azpian soinua 25 aldiz azkarrago mugitzen dela». Itsasontzi handiek ez ezik «aisialdirako ontzi txikiek ere etengabeko zarata sortzen» dutela eta horrez gain «askoz gehiago» direla ohartarazi zuen Cermeñok.

Kutsadura akustikoaren ondorio lazgarriak askotan azaldu dira munduan, baita euskal kostaldean ere. Duela hiru urte inguru, Matxitxako lurmuturrean, Bermeon (Bizkaia), balea bat hil zen itsasertzean. Larriagoak ere gertatu izan dira: «Kanariar Uharteetan (Espainia) itsasoko ariketa militarrak egin zituztenean, esate baterako, 15 moko-balearen gorpuak agertu ziren kostan». Biologoaren ustez, ariketa militarren eragina «eztabaidaezina» da, itsaspekoak direla eta: «Benetako bonba akustikoak erabiltzen dituzte ontziak topatzeko eta soinu hauek zetazeoengan eragina dute».

Arduradun militarrak, «beren kontura» badoaz ere, AEBetan ohartzen hasiak direla esan zuen Ambarrekoak: «NATOri ere presioa egiten ari zaizkio nazioartean, zarataren eragina kontuan har dezan». Petrolio bila itsasoan prospekzioak egin nahi dituztenean ere, enpresek «leherketa akustikoak» egiten dituzte. «AEBetan eta Erresuma Batuan, gutxienez, zetazeoen begirale bat egotea eskatzen du legeak, eta animaliak mugitu arte ekintza geldiarazteko eska dezake horrek. Hemen, aldiz, nahi dutena egin dezakete enpresek».

Kutsadura akustikoaren mapari esker, zarataren eragina ezagutu eta etorkizunari begirako urratsak egin ahal izango dituzte; «merkataritza ontziek ibilbide jakin bat aldatu beharko dute, eta aisialdirako ontziek abiadura moteldu, akaso». Horretarako, baina, «legeak sortu beharko dituzte», eta, Cermeñoren ustez, luzerako kontua izango da hori.

2008/02/11

Ibaizabal itsasadarraren ingurumenaren berri izateko

Mikel | 23:57:09 | Atalak: Euskal Herria | 69 hitz  

Bilbo Itsasadarraren bilakaera aztertuko dute etzi, ekoeskolen harira antolatutako ibilbidean. Alex Zearreta EHUko irakaslearen esku, Ibaizabaleko Itsasadarraren ingurumen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute etzi, Ekologistak Martxan elkarteak antolatutako irteeran parte hartu nahi dutenek. Ekoeskolen harira egingo dute txangoa eta ibilbidea, autobusez egingo dute, besteak beste, Artxanda, Enekuri, Astrabudua eta Areetatik. Izen ematea doakoa da eta, horretarako, ostirala izango da azken eguna Bilboko Zazpikaleetako Ekoetxean zein 944790119 telefono zenbakian.

2008/02/10

Estralurtar pixeldunak Bilbon

Mikel | 19:51:24 | Atalak: Teknologia | 144 hitz  

Orson Wellsek asmatutako istorioan bezala, estralurtarrek kaleak hartu dituzte. Paris, Londres, Bartzelona, New York eta, azkenaldian, Bilbon agertu dira haien aztarnak. Eskerrak mundua suntsitzeko asmorik gabe etorri direla, izan ere, balizko erasoa Space Invaders ezizeneko artistak burutu du. Bilbo Arte fundazioak antolatutako Percepcion [S]tencible erakusketaren harira, bideo joko zaharren pertsonaiekin, pixel itxurako 40 mosaiko jarri zituen duela aste batzuk hiriburuko karriketan. Besteak beste, Bubble Bobble, Pac-Man eta Space Invaders bideo joko arrakastatsuen irudiak dira performance bitxi honetan ikus daitezkeenak. Gehienak txikiak dira, Zabalbide, Henao, Bertendona, Lutxana eta Andres Isasi kaleetan jarritakoak kasu; baina baten bat, Guggenheim museoaren ondoan jarritakoak, esaterako, tamaina handikoak dira, Pac-Man jokoaren lau mamuak ageri dira, Uribitartetik pasatzen diren guztiei begira. Space Invaders 1978. urtean kaleratu zuen Taito konpainia japoniarrak, duela 30 urte. 80ko hamarkadan ume eta gazte askok ezagutu zuten lehenengo bideo jokoa izan zen, eta, oro har, inoiz sortu den ezagunetarikoa.

2008/02/09

Kepa Junkera eta zubiak

Mikel | 00:45:47 | Atalak: Kulturan | 505 hitz  

Urte askoan Euskal Herri osoko toki ugariei eskaini izan dizkie bere trikiti doinuak Kepa Junkerak (Bilbo, 1965). Besteak beste, bere jatorri Errekalde auzoari, Urdaibaiko paisaiari eta, askotan, Bilboko hiribilduari. Beharbada horregatik bizi da hiriaren bihotzean gaur egun, Zazpikaleetan, Ibaizabalen itsasadarreko urek iraganaren arrastoekin bat egiten duten lekuan. Bilbotarrek errekari bizkarra eman ez ote dioten itauntzen dio musikariak bere buruari: «Ez diogu agertu merezi duen arreta, eta gure bihotzari begiratzeko ezinbestekoa dugu itsasadarrari so egitea».

Atxurin eta Bilbo Zaharrean bizi izan zen luzaroan Junkera, orain Erribera inguruan bizi bada ere. Etxe izan dituen horien artean hiriko elementurik adierazgarrienetako batzuk daude; esaterako, Zazpikaleak eta San Frantzisko auzoak lotzen dituzten zubiak. «Edozein kale edo plaza baino adierazgarriagoa da zubi bat, eta Erriberako honek, gainera, historia berezia dauka». San Frantzisko zubia izandakoa behin baino gehiagotan eraitsi eta berregin izan dute, «Napoleonen eta karlisten esku». Frantziskotar fraideek ere sustatu zuten zubia eraikitzea XVIII. mendean, uholde batek desegin zuen arren.

Zazpikaleetan jarri berri dituzten plakei esker, toki bakoitzaren historiari buruz ikas dezake bisitariak. «Ideia bikaina izan da, turistak ez ezik, gu ere inguruan dugunaz jabetzeko; bertokoak izan arren, askotan ezer ez baitakigu». Hiriak gero eta turista gehiago erakartzen dituelako, garrantzitsua da, trikitilariaren ustez, «hiriko alde zaharra ezagutzera ematea, auzo honek XXI. mendean ere lekua izan nahi baitu». Guggenheim fenomenoaren atzetik dator altxor zaharrak estaltzeko arriskua, alabaina, bertan dago. «Zaila da parke tematikoen, merkataritza gune handien eta multinazionalen munduan ez erortzea».

Bertan bizitzeari, edonola ere, «zorte» deritzo, «auzoetan bizitzeak Bilboko ikuspegi desberdina ematen dizulako». Irribarrez gogorarazi du haurtzaroko Errekalde nolakoa zen: «Bizilagun guztiak ezagutzen zenituen, eta etxeko atea ixtea ere ez zen beharrezkoa».

Erriberako zubia, inguruan dituen San Anton eta Mesedeetakoa ez bezala, oinezkoentzat baino ez da, eta «garai batean Bilboko auzorik garrantzitsuenak izandakoak» lotzen ditu. San Frantzisko auzoa gainbehera luzean egon den arren, bertan «iraultza txiki bat» pizten ari dela uste du Junkerak. «Indar berriak sartzen ari dira, baina garrantzitsua da nortasuna galdu gabe aurrera egitea».

BAZTERRAK ELKARTU. Zubi baten funtsezko helburua da errekako bazter biak elkartzea, «garai honetan batez ere, zubiak eraiki behar direlako alde batetik bestera joan ahal izateko». Bilbora etorritako etorkin askok zeharkatzen dute egunero Erriberako zubia. «Jatorri ezberdinetako taldeak integratzeko dira zubiak». Baikor begiratzen dio trikitilariak immigrazioari: «Zaila da, gune jakin batzuetan bildu izan delako, baina atea ireki behar zaie beharrak bultzatuta etorri diren etorkinei». Egoera hobetzea gazteen esku dagoela pentsatzen du, «alternatibak sortzeko indarrak haien esku daudelako». Etorkinen kultura Euskal Herrikoarekin bat egitea, gainera, onuragarria izan daiteke: «Ekarpen handiak egin diezazkigute; musikagintzan, esate baterako». Sormenari lotutako munduko hiririk garrantzitsuenetan, «Londres, New York eta Parisen, arte eskoletan jatorri desberdinetako ikasleak ikus daitezke».

Inoiz, sorterriarekin komunikatzeko, zubi luzeagoak behar dituzte etorkinek, eta Junkerak, etxeko leihotik, horietako bat ikusten du: zubi ondoko telefono kabina. «Bertokoek ez dute erabiltzen, eta haientzat, aldiz, etxearekiko lotunea da, Afrika, Asia edo Hego Amerikarekin bat egiteko zubia».

2008/02/08

Eskuindarren arrazakeria eta El Mundo-ko irakurleena

Mikel | 23:48:07 | Atalak: Munduan zehar | 91 hitz  

Ez dakit zer den larriagoa, PPko eskuindar-austrolopitekusak etorkinen kontrako loreak botatzen ibiltzea edo El Mundo egunkariaren webgunean horren harira egin duten inkesta. Gehiengoak, bozkatu dutenen %85ek, alderdi popularraren neurriak txaloatu ditu. Bitxikeriak bilatuta, antzeko galdera ElPais.com webguen egin dutela ikusi dut. Halakoetan Pedro J-ren kazetan irakurri daitekeenaren kontrakoa espero izaten da, baina, hara non, oraingoan ez daude hain urrun, irakurleak behintzat. Honetan %43a azaltzen da inmigrazioari kontrol zorrotzagoak jartzearen alde. Ondorioa, guzti honetatik zer edo zer baliagarria ateratzeko asmoz, terrorismoa ez den gaietan ere espainiar gehienek bat egiten duela egiaztatzea.

2008/02/07

Arduraz gidatzen ikasteko

Mikel | 21:50:52 | Atalak: Euskal Herria | 392 hitz  

Hiriburuan etxebizitza erostea ia ezinezkoa dela eta, inguruko herrietara jo behar dute askok etxe bila. Lantokia hirian duten askok, alabaina, egunero hartzen dute autoa ibilbide laburrak egiteko. Etxetik lanerako eta lanetik etxerako bidean, gidariek errepidean funtsezko hiru gauza hauek zaindu behar dituzte: segurtasuna, kutsadura eta kontsumoa. Hirurak hobetzeko asmoz sortu dute Ecodriving deritzona, eraginkortasunez gidatzen ikasteko ikastaroak.

Asteotan, ia 500 lagunek izan dute Bilbon trebakuntza ikastaro horietan parte hartzeko aukera eta, ikasitakoari kasu eginez gero, atmosferara 1.500 kilo CO2 gutxiago isuriko dute ikasleek kotxean egingo dituzten hurrengo 10.000 kilometroetan. Erregai kontsumoari dagokionez, kilometro kopuru horretan %15 inguru aurreztuko dute. Xabier Linazisoro ikastaroetako monitorearen esanetan, azken horrek bultzatzen ditu gehienak eraginkortasunez gidatzen ikastera; «gasolina oso garestia da, eta gehienek gutxiago gastatzen ikasi nahi dute, urtean 250 euro aurreztera hel daitezke hemen ikasitakoarekin». Horrexegatik jo zuen Unai Martinek ikastarora; «zortzi litrotik seira pasatzea espero dut, dirutza ikaragarria gastatzen baitut autoan». Angelita Calvok, aldiz, gidatzeko modua gaurkotzeko eman zuen izena. «Orain dela 33 urte lortu nuen gidabaimena eta banuen berritzeko garaia; gainera, ingurumena zaintzen irakatsiko digute».

BIDAIA LABURRETAN. Hala ere, ez da dirua aurreztea arduraz gidatzen ikasteko arrazoi bakarra; izan ere, antolatzaileen esanetan, onurak asko dira. «Istripua izateko arriskua %10 eta %15 bitartean jaisten da, arreta handiagoarekin eta lasaiago goazelako eta, bestetik, gas kutsagarrien isurketaz gain, kutsadura akustikoa ere jaisten da». Eraginkortasunez gidatzeak, gainera, ez du abiadura moteltzearekin zerikusirik, «martxa luzeak biraketa abiadura baxuekin erabiltzea da gakoa». Emaitza hauek, edonola, hirian eta herrien arteko bidaia laburretan lor daitezke, autobideetan aldaketa gutxi baitago gidatzeko moduan, «autobidean azkarrago edo mantsoago joateko aukera besterik ez dago; ikastaroa 50 kilometro orduko abiaduratik behera ibiltzen garenerako da baliagarria».

Ecodriving ikastaroak lau orduko saioak izaten dira, teorikoak eta praktikoak. Klasean sartu eta materiala jaso ondoren, ikasle guztiek aldez aurretik ezarritako ibilbide batean gidatu behar dute eta, bakoitzari zenbateko abiadura eta kontsumoa izan duen neurtzen diote. Ondoren, eraginkortasunez gidatzea zer den eta kontuan hartu beharreko aholkuak entzuten dituzte, gero praktikan trebatu ahal izateko. Monitoreen erakustaldiak ikusi eta berriz ere bakoitzaren emaitzak neurtzen dituzte, lehenengo saioan lortutakoarekin alderatzeko. Emaitzak eskuan, azkenik, ondorioak azaltzen dituzte.

Lehen martxa. «Saihestu ez, baina ahalik eta gutxien erabili».
Martxa luzeak. «Laugarrena, bosgarrena eta seigarrena ere erabili».
Biraketa abiadura baxuak. «Autoak ez du sufritu behar, jarraitu egin behar du».
Inertziaz baliatu. «Aldez aurretik emandako indarra erabili behar da».

2008/02/05

Euskaltelen promesak

Mikel | 00:05:17 | Atalak: Teknologia | 115 hitz  

Iaztik gabiltza promesarekin eta oraindik ez da gauzatu. Azaroaren 29an iragarri zuen Euskaltelek Interneteko abiadurak bikoiztu edo hirukoizten zituela, doan gainera. Ederra albistea, zoragarria zela pentsatu genuen askok. Orain, ordea, bi hilabete baino gehiago igaro direla eta agindutakoa oraindik bete ez dutela ikusita, betiko gorrotoa diot Ardanzaren konpainiari. Bandaancha webguneko foroetan jakin izan dut konpainiaren asmoa hilabete bakoitzean (urtarrilean hasi ziren) 20.000 bezeroen abiadura igotzea. Guztira 170.000 garela jakinda, horrek esan nahi du gutxienez urte erdi emango dutela prozesuan. Alegia, batzuk urte hasieratik ari dira mega bat 23ren truke eta beste askok, 300 K-rekin jarraitu beharko dutela ekainera arte, salneurri berean hori bai. Aurpegi gogorra, beti bezala, Euskaltelek duena. Gauza bat biharko iragarri eta urte erdi barru bete.

2008/02/03

Aldarrikapenaren inauteriak

Mikel | 17:14:34 | Atalak: Euskal Herria | 215 hitz  

Otsailarekin batera etorri dira aurten inauteriak eta, dagoeneko, Euskal Herriko herri ugaritako kaleetan agerikoa da parrandarako gogoa dela nagusi. Zergatik? Pertsonaiarik harrigarrienak topa daitezkeelako nonahi: laminak, mojak, zaldunak, antzinako egiptoarrak, animaliak eta panpinak, gutxi batzuk aipatzearren. Toki askotan inauteriak duela egun batzuk abiatu zituzten arren, atzokoa izan zen desfile handi eta koloretsuak egiteko eguna. Bilbon, azken urteotan bezala, bi desfile izan ziren: Udalak antolatutakoa, batetik, eta konpartsek sustatutakoa, bestetik.

Azken horretan, aldarrikapenak ezinbesteko lekua izan zuen; izan ere, Bilboko konpartsek prestatutako 15 karrozetan, hirigintzarekin, ingurumenarekin, kapitalismoarekin eta bestelako gaiekin lotutako mozorroak prestatu zituzten. Jai batzordearen baitan izandako tirabirak, hein batean, aurre zentsurarik onartuko nahi ez zutelako gertatu ziren. Iragarritakoa egiaztatzeko, lehenengo ibilgailuan Azkuna alkatearen irudi barregarri bezain erraldoi bat jarri zuten. Guztira, 25 karroza prestatu zituzten desfilerako, bakoitzak musika eta apainketa bereziarekin: Kristoren prozesioa Life of Brian filmeko kantu xelebrea, Always look on the right side of life, entzuten zela, gospel koru beltz bat, diruaren ikurrak gidatutako Guggenheim ibiltari bat, ertzainek babestutako abiadura handiko tren bizia eta Kaskagorrikoen inurritegi borrokazalea, besteak beste.

Hurtado Ametzaga kaletik igaro arren, bilbotar ugarik babestu zuten konpartsen desfilea eta, nahi izan zuten guztiek, mozorroen kalejirarekin bat egin zuten. Kale Nagusian, beranduxeago, Udalak antolatutako desfilea abiatu zen eta, bukatu ondoren, aratustodromoa izeneko guneetan banatu zuten Bilboko erdigunea, bakoitzean joera desberdineko ikuskizunak eskaini zituztela.

2008/02/01

The Kelly familia nafarra

Mikel | 13:06:00 | Atalak: Kulturan | 366 hitz  

Zaila omen da sinestea mundu osoan 20 milioi disko inguru saldu dituen musika talde batek euskarazko kanturik egin dezakeenik eta, horregatik akaso, Interneten erabiltzaile askoren harridura eragin du Agur jaunak abesti ezaguna The Kelly Family taldearen ahotsean ikusi eta entzun ahal izatea, YouTube webgunean jarritako bideo batean. Posta elektronikoaren bidez eta hainbat webgune zein komunikabidetan, bideoaren berria zabaldu da egunotan eta, dagoeneko, 30.000 bisitatik gora izan ditu Faustocrol ezizeneko erabiltzaileak sareratutako bideoak. Interneten sortutako eztabaidaren eta iruzkinen artean jakin izan dute askok ez dela kasualitatea Kellytarrek euskal kantuak abestea; izan ere, taldeak harreman zuzena dauka Euskal Herriarekin.

Bederatzi anai-arrebek osatutako talde ezaguna da The Kelly Family. 70eko hamarkadan hasi ziren eta, lehenengo Kellytarra, Daniel, irlandarra bera, Europako zenbait herrialdeetan ibili zen familia osoarekin. Bidaia ugari egin zituzten, besteak beste, Alemaniara, Italiara, Herbehereetara eta baita Euskal Herrira ere. Barby Kelly alaba Beraskoainen (Nafarroa) bizi zirela jaio zen, eta handik urte batzuetara, 1981ean, Angelo taldekiderik gazteena Iruñean sortu zen. Hurrengo urtean, 1982an, Barbara ama hil zitzaien, eta Beraskoainen lurperatu zuten.

TXIKIREN OMENEZ. Gerora arrakasta handia lortuko zuten, Alemanian batez ere, baina urte luzez kalean jotzen aritu ziren Kellytarrak, Donostiako Parte Zaharrean besteak beste. Bertan ikusi zituen lehen aldiz Mikel Paredes Manot, Jon Paredes Txikiren anaiak; «oso ondo kantatzen zuten, euskarazko abesti batzuk tartean, eta jendeak diru asko ematen zien». Frankismoaren amaieran fusilatu zituzten presoetako bat izan zen Txiki, eta hari buruz galdezka agertu zitzaion, hain zuzen ere, The Kelly Familyko taldekideetako bat Mikel Paradesi 1978. urte inguruan, «harrituta gelditu nintzen, bere arropa berde deigarriekin azaldu zen Zarautzen nuen etxean, eta Euskal Herriari buruzko kontuak azaltzeko eskatu zidan». Ez du gogoan taldeko zein izan zen, «16 urte izango zituen orduan, nagusietako bat izango zen beraz», baina arratsalde osoa hitz egiten eman zutela gogoratzen du. Agurtu ondoren, Paredesek ez zuen Kellytarren berririk izan, harik eta 1981ean haien kasete bat heldu zitzaion arte, What a wonderful world tituluduna, «Txikiri eskainitako kantua dauka, zintako bigarrena».

Loreley herrian (Alemania) kantatutako Agur jaunak abestia ez ezik, Interneten euskarazko beste kantu bat badago gutxienez The Kelly Familykoen ahotsetan, John Kellyk Maite Itoizekin abesten duen Laboaren Txoria txori . Horrez gain, taldeak Benito Lertxundirekin egindako saio bateko irudiak ere ikus daitezke.

Mediaberri


Atalak


Artxiboak

Otsaila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29    

Bilaketa

Besterik

Blog hau sindikatu XML

What is RSS?

powered by
b2evolution