«Zer hobetuko zenuke Etxebarriko jaien antolakuntzan? Zeintzuk jarduerak proposatuko zenizkieke batzordekoei?». Halako itaunak dituen galdetegi bat jaso dute egunotan Etxebarriko (Bizkaia) biztanle guztiek jai batzordearen partez. Helburu nagusia, noski, herriko jaien inguruko iritziak eta proposamenak biltzea da, «ahalik eta pertsona gehien asetzeko prestatu beharreko jaiak» egiteko, hain zuzen ere. Egitasmoak, halaber, festen inguruan izaten diren ika-mikak isildu nahi ditu. Aitor Romeo Udaleko kultur teknikoaren esanetan, «urteotan ohikoa bihurtu da jaien inguruan saltsa eta eztabaidak egotea; batzuek diote ez direla haien gustukoak, eta besteak kexu dira zaratak edo dena delakoagatik».
Urtero, herriko elkarte eta bizilagunek osatzen dute jai batzordea, baina, «batzordea edozein dela eta jaiak modu batean zein bestean eginda, kexak izaten dira beti». Festak antolatzeko bilerak aspalditik egiten dituzte Etxebarrin, baina, aurten lehenengo aldiz, sei puntuko galdetegi bat bidali zaie herritar guztiei, «guztien parte-hartzea bermatzeko». Postontzietan ez ezik, etxebarritarrek Udalaren webgunean eskuratu ahal izango dute dokumentua. Erantzuna jai batzordeari helarazteko, era berean, posta elektronikoa eta eraikin publikoak izango dituzte aukeran, CIME informatika zentroa eta San Antonioko liburutegia.
Galdera nagusia jaien dataren ingurukoa da; izan ere, hiru proposamen ditu batzordeak. Romeok esandakoaren arabera, askok «inguruko herrietako jaien itzala kontuan hartzekoa dela diote eta beste batzuk uztailaren bukaeran oporretan doazela». Santiago, Santa Ana eta San Inazio; hiru zaindarien egunen arabera mugitu dituzte jaiak egutegian azken urteotan.
PARTE-HARTZEA. Maiatzaren 5era arteko epea eman dute proposamenak biltzeko, orduan jakingo dute jai batzordearen ekimenaren bigarren zatia gauzatzen den, «jendearen erantzunak jasotzea». Herritarren parte-hartzea, «hitz polita izateaz gain, gauza zehatzetan gauzatu behar da», kultur teknikariaren ustez, eta Etxabarriko politikariak «joera horrekin sentsibilizatzen» hasiak direla dio. Duela urte batzuk ekin zioten halako gaiak herritarren iritzia eskatuta jorratzeari, aparkalekuekin hain zuzen.
Internet horretarako «lanabes aproposa» bilakatu da, Romeoren ustez, eta «erabiltzaile kopurua handitu ahala, eraginkorragoa izango da». Jaiei buruzko proposamenak zenbatek bidaliko dituzten ikusteke dago, «ontzat jo arren, askotan utzikeria nagusi delako». Iritzia emateko aukera, behintzat, badute Etxebarrin.
Hezeguneak non, paradisua han, naturak eskain dezakeena behintzat. Bizitzaren eta paisaiaren aberastasunak jantzi dituzte padurak, eta Euskal Herrian daudenetatik Urdaibaikoa da garrantzitsuena, Bizkaiko Busturialdean, hogei udalerri ingururen artean zabaltzen dena. Oka ibaiak itsasorantza eginiko bidaiak sortzen du nonbait Urdaibaiko miraria, Gernika-Lumora heldu eta, handik, Mundakako itsasadarretik gora egiten duenean, hareatzak eta basoak atzera utzi eta, Izarorekin topo eginda, Kantauri itsasoan hiltzen denean. Egunero egiten duen ibilbide horretan sortzen du urak duela ia 25 urte Unesco erakundeak Biosferaren Erreserba izendatu zuen ingurunea.
Pixkanaka aldatzen omen da natura, gizakiak ikusteko gai ez den moduan, baina Urdaibaiko paisaiak oso bestelakoak dira horretan; izan ere, itsasgora eta itsasbeheraren arabera aldatzen ditu jantziak babesguneak; hondartzak erakutsi edo ezkutatu egiten ditu, eta hezeguneak ureztatu edo azalarazten ditu egunero.
Biosferaren erreserbak 230 kilometro koadroko eremu zabala hartzen du, eta, horregatik, aberatsa da oso landare zein animalietan. Guztien artean, alabaina, hegaztiak dira jaun eta jabe. Europako iparraldetik eguraldi epelagoen bila ihesean bidaiatzen duten txori migratzaileen babesgune bilakatzen da Urdaibai. Horietako asko nahiko bitxiak dira, branta, eider edo zerra kasu. Horiekin batera, ohikoagoak diren lertxun hauskarak, ubarroiak eta kurlintak daude.
Kostaldean eta itsasoan ere ematen die ostatu hegaztiei Urdaibaik; izan ere, Ogoño lurmuturra eta Izaro uhartea belatz handien eta, batez ere, kaioen erresuma dira. Babesguneak itsasoan duen gotorlekuak, alabaina, bestelako biztanleak izan ditu iraganean. 1422an Izaro uhartean sortu zuen komentua frantziskotarren anaidiak, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko, azkenean, Forura eraman zituzten XVIII. mendean.
Arrantzaleen historiaren berri ere ematen du itsasoak, babesguneak Bizkaiko Golkoarekin bat egiten duen tokian, hain zuzen ere. Matxitxako eta Ogoño artean balea arrantzan aritu ziren euskaldunak XVIII. mendera arte. Balea arrantzari aspaldian utzirik, zetazeoak ikusteko talaiak dira orain lurmutur horiek. Kostaldean, halaber, gero eta kirol portu gehiago daude arrantzaleen sareak konpontzen zituzten kai berberetan. Mundakako hondartzetan, bestalde, surflariak azaltzen dira, olaturik ospetsuenak azaltzen direnetan behintzat. Hala ere, turistek portuko kaleak betetzen ez dituztenean, lasaitasuna da nagusi herriko portuan eta Laida zein Laidatxuko hondartzetan.
GIZAKIAREN ESKU. Naturak ez ezik, gizakiak ere moldatu ditu Urdaibaiko bazterrak historiaren bilakaeran. Busturialdeko lehenengo gizakien aztarnak dira, seguruenik, eskualde osoko ezagunenak, Santimamiñeko leizean ageri direnak, Kortezubin. Duela 13.000 urte baino gehiago egin zituzten margolanak, baina egungo gizakiak XX. mendearen hasieran topatu zituen. Bisitek kalte handia egin diote leizeari, eta, horregatik, Santimamiñe ixtea erabaki zuten 2006an. Kalte horiek aztertu ondoren, bisitak egiteko aukera zabaldu berri dute, baina aurrerantzean bisita birtualak bakarrik egin ahal izango dira.
Kobazulotik gertu, gizakiak eraldatutako beste toki bat bisita daiteke, Agustin Ibarrola artistak margotutako Omako basoa, hain zuzen ere. Aspaldi egin zuen eztabaida handiak sortu zituen obra. Duela urte gutxi zaharberritu zuten, eta oraindik murgildu daiteke bisitaria zuhaitzek eskainitako giro magikoan. Animaliak nahiago dituztenek basabereen babeslekua topatuko dute Basondoko baserrian. Xabier Maiztegi fundazioak kudeatutako aterpetxean, Bizkaiko basoetan galtzear diren espeziak zaintzen dituzte, basurdea, azeria, basakatua, orkatza eta igaraba, besteak beste.
Erdi Aroko altxorrak ere ezkutatzen ditu Urdaibaik, Arteaga gaztelua bezalakoak, Gautegiz-Arteagan. XIII. mendean eraiki zuten bertan lehenengo gotorlekua, egungoa XIX. mendean eraberritu zuten arren.
Autoa eta hegazkina baino askoz zaharragoa den arren, trenak zaleak ditu XXI. mendean ere. Dohainak baditu: garaiz iristen da, erosoa da eta bidaia osoan inguruko paisaiari begiratzeko aukera ematen duen garraiorik bakarrenetakoa da. Trenek, ordea, zerbitzu berriak eskaini behar dituzte etorkizunari aurre egiteko, alokairua, esateko baterako. Ohikoa da asteburu-pasa joateko autoa alokatzea, edota autobusa alokatzea sagardotegirako joan-etorria egiteko. Era berean, itsasontzietan festak antolatzeko aukera badago aspaldi. Zergatik ez, hartara, trenak alokatzeko zerbitzua eskaintzea? FEVE eta Euskotren enpresek ateak ireki zizkioten duela urte batzuk trenen alokairuari, eta, ordudanik, gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu.
Burdinbideetako ibilbideak itxiak dira, baina, hala ere, bezeroak egin nahi duen festaren arabera, ederki molda daitezke ibilbideak eskakizunetara. FEVEren trenbideak Espainiako zenbait lurralderekin eta Galiziarekin lotzen dute Bizkaia, eta Euskotreneko bideak Gipuzkoan ere aloka daitezke, Lapurdiraino, hain zuzen ere, Hendaiakoa baita azken geltokia. Aukerarik bitxiena, alabaina, Euskotran garraioak eskaintzen duena da, Bilboko tranbia alokatzekoa, alegia. 2004an erabili zuten lehenengo aldiz ezkontza baterako, eta, gaur egun, alokairuak biderkatu egin dira, ezkontzetarako batez ere; 10 bikotek kontratatu zuten iaz gonbidatuak garraiatzeko, eta 9 enpresak kongresu edo bestelako ekitaldiak antolatzeko.
Tranbia bera da aloka daitekeen trenik merkeenetarikoa; izan ere, bidaia bakarrerako 415 euroko prezioa dauka. Egunez egin beharrekoa litzateke, eta, joan-etorria egiteko asmoa izanez gero, 570 euro ordaindu beharra dago. Gauez bidaiatzeko aukera ere eskaintzen dute, 985 euroren truke. Tranbiako bagoietan 150 lagun sar daitezke eta bidaia batetik bestera ezin dira 5 ordu baino gehiago igaro. Bidaian, kanpotarrek Bilboko toki batzuk ezagutzeko aukera dute, Guggenheim ,useoa bera, esaterako.
Bestelako trenak alokatzeko aurrekontua eskaeraren arabera egiten dute Euskotrenek eta FEVEk. Bigarrenaren ordezkariek esandakoaren arabera, bidaiarien, ibilbidearen, egutegiaren eta trenaren araberakoa izaten da, baina, oro har, 2.000 eurotik gorakoa izaten da kontratazioa. 200 kilometroko bidaia batean, 3.000 eurokoa ere izan daiteke. Euskotrenek Azpeitiko museoan biltzen dituen tren zaharretako bati jartzen dio gutxieneko prezioa: makina eta bagoi birekin, 350 eurokoa da. Filmak grabatzeko erabiltzen dira sarritan mota honetako trenak.
EGUNEROKO BIDAIAK OZTOPATU GABE. Trenbidearen Euskal Museoko ibilbide turistikoetan ez bezala, gainerakoetan eguneroko garraioarekin batera koordinatu behar dituzte alokatutako trenak. Alokatzeko eskaera guztiek, beraz, ezinbesteko baldintza bete behar dute, tren ibilbide arrunten joan-etorria ez oztopatzea.
Iazko uztailaren 14a egun ahaztezina izango da beti Jon Sanchez alonsotegiarrarentzat, ezkontzaren eguna baitu hori. Ohiko ekitaldia egin zuten arren, gonbidatuentzat prestatu zuten garraioa erabat ezohikoa izan zen: «Trenzaleak gara biok, eta, horregatik, bidaia trenez egitea bururatu zitzaigun». Alonsotegin bizi dira, eta, horregatik, FEVE enpresara jo zuten, zer-nolako trenak aloka zitezkeen galdetzera. «Ahal izanez gero, tren berezi batean egin nahi genuen bidaia, eta, azkenean, tren historikoa aukeratu genuen». Erabakirik egokiena hartu zutela uste du oraindik Sanchezek; izan ere, «barrutik bagoi dotoreak ditu, ezkontzetarako oso egokiak».
Bidaiariren batek, 75 inguru ziren, autoa hartzea nahiago izan zuela dio, baina gehienak «pozik eta gustura joan ziren trenez». Ezkongaiek txartel bereziak prestatu zituzten, eta bidaiari bakoitzarengana joan ziren hura zulatzera. Batetik bestera joateko ez ezik, FEVEk taberna moduko bat erabiltzeko aukera ere ematen du: «Guk ez genuen erabili, bidaia besterik ez genuelako egin nahi, oso erosoa baita ospakizunetan autorik gabe ibiltzea». Sanchezek gomendagarria deritzo zerbitzuari, «gauza berezietarako izan behar du, prezioagatik ez baita egunero egiteko; edonola ere, merezi du».
Trenez bidaiatzeko beste modu batzuk. Goizean goiz, geltokiko nasan minutu batzuk zain egon ondoren, lanera edo ikastera joateko hartzen den garraio hori baino askoz gehiago izan daiteke gaur egun trena. FEVEren Transkantabrikoa izenekoa da horren adibiderik onena, turistentzat sortutako ibilbide luzeko lehenen trena izan baitzen Euskal Herrian, 1983. urtean. Tamalez, 1920an egindako luxuzko bagoietan bidaiatzeko diru nahikotxo behar da. Bi eguneko bidaiak, merkeenak, 590 euro balio ditu, eta zortzi egunekoak 1.700 euro balio ditu. Aukera merkeagoak badaude turismoa eta trena uztartzeko, FEVEk berak eskaintzen dituen tren historikoak kasu, Bilbotik Balmasedara edota Karrantzara. Euskotrenek, berriz, lurrun trenetan bidaiatzeko aukera ematen du Azpeitiko Trenbidearen Museoan.
Hauxe da Gite-Ipes elkarteko lagunen mezua:
Larunbat honetan SOZIALISMOA EUSKAL HERRIAN? saioari ekingo diogu. Larunbat honetan gizartearen oinarri politikoa delako gaiarekin segituko dugu. Mario Zubiagak testu xume bat bidali digu. Interesgarria da galderak eta ardatzak agertzen dira eta.
NOIZ 2008ko apirilaren 26an, larunbata
NON La Boltsa Auzo Etxean, Bilboko Zazpi Kaleetan
ORDUA goizeko 10:00etan
GAIA Gizarte parte hartzailea eta sozialismoa. Gizartea eta politika eraikitzeko ereduak
HIZLARIA Mario Zubiaga
Ia egunero topatzen dituzte erabilera berriak munduko sarerik handienerako; informazioa trukatu, posta bidali, edozein produktu erosi eta unean uneko albisteak irakurtzeko erabiltzen dute milioika lagunek Internet egunero. Horrelakoetan, alabaina, oso jende gutxik erabiltzen du ordenagailuak eskaintzen dion prozesatzeko ahalmen guztia; eta are gutxiago P2P sareetara konektatuta utzi eta ordenagailua egun osoan piztuta edukitzen dutenek. Bitartean, zientzialariek superordenagailu gero eta hobeak behar dituzte ebatzi nahi dituzten arazoetarako. 90eko hamarkadan sortutako Grid konputazioak konponbide bat topatu zuen ikertzaileen beharrizanetarako, eta, aldi berean, Internetara konektatuta dauden eta ezer gutxi egiten duten ordenagailu horien guztien ahalmena ez alferrik galtzeko: ikerketa zientifikorako proiektuetan partekatzea.
Duela 35 urte inguru abian jarritako SETI egitasmoak unibertsoa ikertzea du helburu, izaki adimentsuak bilatzea. Programa horretarako erabili zuten lehenengo aldiz konputazio partekatua deritzona. AEBetako David Gedye informatikariak 1999. urtean abiatu zuten Seti @home sistema, mundu osoko erabiltzaileek proiektuaren ikerketan parte har zezaten. Erantzuna denborarekin, izugarria izan da: 485.000 ordenagailuk laguntzen diote espazioan zehar adimena bilatzen duen programari. David Andersonek zuzentzen du egitasmoa gaur egun, BOINC (Berkeley Open Infrastructure for Network Computing) plataformako azpiegituraren gainean. Iazko abenduan segundoko 745 bilioi eragiketako (teraflop) gaitasunarekin prozesatzea lortu zuten: Blue Gene munduko superordenagailurik ahaltsuenak baino gehiago. Euskal Herriko superordenagailurik onena ere gainditzen du BOINC softwareak osatzen duen sareak, EHUk kudeatzen duen Arinak 668 gigaflopeko (mila milioi eragiketa segundoko) ahalmena baitauka.
Gaur egun, baina, ikerketa gehiagotan parte hartzeko aukera dute Interneteko erabiltzaileek, Kaliforniako Berkeley unibertsitatean gordetzen duten BOINC proiektuko zerbitzariari esker. Jose Miguel Alonso EHUko Informatika Fakultateko irakaslearen arabera, konputazio partekatuaren dohainak erabili ahal izateko, ezinbesteko baldintza bete behar dute ikerketa zientifikoek: «Proiektuak ebatzi nahi duen arazoak zatigarria izan behar du, sarean haren ahalmena partekatuko duten milaka ordenagailuen artean ariketak banatu ahal izateko». Erabiltzaileek beren ordenagailua partekatzen dutenean, «sarean konektatuta daudela baina ezer egiten ez dutenean», aurretik instalatu behar duten softwarea martxan jartzen da bere kabuz; «ordenagailuak zerbitzariari esaten dio libre dagoela, eta hark eragiketa batzuk helarazten dizkio, eta amaitu ondoren, zerbitzarira bueltan bidaliko ditu».
Halako sareak esparru murritzagoetan erabili izan dira orain arte. «Zientzialari taldeek ordenagailuak partekatzen dituzte sare itxietan. Prozesatzeko ahalmen jarioa izango litzateke sistema honen erabilera teorikoa: uraren txorrota nahi dugunean zabaltzen dugun moduan, prozesatzeko ahalmenarekin gauza bera egingo genuke». Konputazio herritarrak, baina, ordenagailu askoz ere gehiago eskain diezazkioke zientziari, eta, horri esker, «egungo superordenagailu ahaltsuenak gainditu».
BOINC softwarea edozein ordenagailutan erabil daiteke; «egungo ordenagailu guztiek gainditzen dituzte gutxieneko eskakizunak, eta sistema eragile guztietan erabil daiteke». Programa, gainera, «demokratikoa» dela dio Alonsok; izan ere, «nahiago duzun egitasmorako laga dezakezu zure ordenagailua; softwarea ordenagailura jaitsi ondoren, aski da nahiago duzun ikerketa aukeratzea». Espazioa arakatzeko ez ezik, proteinak aztertzeko eta klima aldaketa ikertzeko proiektuak ere badaude martxan, besteak beste.
Gustuko dut Kerobiaren musika. Ezer gutxi nekien haiei buruz Matrakarako elkarrizketa egin behar izan nien arte. Atseginez entzun nuen haien bigarren diskoa zen Rose Escargot eta gogoa daukat euren lan berria entzuteko. Guzti honegatik poztu naiz SGAE laga eta proiektu berriari askatasunez ekingo diotela jakinda. Hiru zatitan banatuko dute Materia organikoa eta gainerekoak diskoa eta, haien webgunearen bidez, doan banatuko dute. Nahi duenak diruz lagunduko du taldea eta, noski, kontzertuetatik lortuko dute nola bizi. Nik behintzat, zortea opa diet. Hona hemen kaleratu duten komunikatua:
Kaixo guztioi,
Hitz hauekin, Kerobia taldeko partaideok murgilduta gauden proiektu honen berri eman nahi dizuegu. Proiektu berritzailea da forma eta edukian eta batez ere, ilusio handiz eta lan handiz burutzen ari den egitasmoa.
2007ko azken egunetan, Rose Escargot diskoko girako kontzertuak jotzeari utzi genionetik iragartzen ari dugu 2008ko Apirilean gure lan berria kaleratuko genuela. Lan honen lehen eta berezitasun nagusia TRILOGIA bat dela da. Hau da, orain kaleratuko den lana, hiru diskoko lehen zatia baino ez da. Disko hauetako bakoitzaren iraupena 20 minutukoa da, lan osoak 60 minutu inguru iraungo duelarik (disko arrunt bat baino luzexeagoa). Trilogia honetako ale bakoitza, denboran espazio batekin kaleratuko da; lehenengoa 2008ko apirilaren 29an, bigarrena 2009ko Otsaila partean eta hirugarrena 2009ko Urriaren inguruan. Beraz, urte eta erdiko epean kaleratuko da trilogia osoa.
Hirukote honek, ardatz nagusi bat izango du dena kontextualizatzen, eta hildo nagusi hori kontenedoreak dira. Horrexegatik trilogiaren lehen diska Materia organikoa eta gainerakoak deituko da, hurrengoak paper eta kartoiei eta plastikoei egongo direlarik zuzenduak. Bizitzan zehar gauzak eta momentu ezberdinak erabili, gorde edo ezeztatzen ditugu. Han jasotzen dira jendeak ahaztu edo kontsumitu dituen gauzak, ideiak... Norberaren unibertsoaren fitxategi bat bilakatzen da, apalategi soil bat almazen batean, bizitzaren zatiak dituelarik stock moduan. Horrexegatik aukeratu dugu kontenedorearen ideia, begirada bat bota nahi diogulako horri guztiari. Zer aurkituko dugu, zer ikusiko dugu kontenedore ezberdinetan? Guzti hau isladatuko da lan ezberdinetan.
Edukiaz aparte, forman ere aldaketa asko daude. Hasteko lan hau Kerobiaren autoprodukzioa da. Bere zirgilu propioarekin kaleratutako lana. Gainera SGAEtik geure burua bajan eman dugu. Proiektu berri honen filosofiarekin bat ez datorrelako eta beraiek betetzen duten funtzioarekin eta lanarekin bat ez datozelako, gure aurreko diskoen etekinei uko egin diogu eta hemendik aurrera SGAEtik kanpo lan egiteko asmoa daukagu.
Era berean, gure musika eta autoprodukzioa izanik, libreki erreproduzitzeko aukera eman nahi diogu entzule guztiei, beraz disko osoa, kalitate onean, audio, irudi eta datu guztiekin libreki jendeak web orrialdetik hartu dezan utziko dugu. Gure lana edonork dohainik jeisteko aukera dagoen arren, bakoitzak gure lana baloratu eta gure proiektu honetan laguntzeko dirua aportatzeko aukera izango du, proiektu hau bere osotasunean burutzeko aukera emateko eta hori aurrera eramateko medio nahikoak ahalbideratzeko.
Honekin batera, ohi den bezela, gure lana dendetan ere erosteko aukera izango da GOR disketxeak banaketa egingo duelarik, baina esan bezela internetek hartu duen indarra ikusita, disko berriarekin batera gure web orrialde berria martxan jarriko da. Bertan, abesti eta material guztia jeisteko aukera emateaz gain, kontenedoreen kontzeptua isladatu eta informazio guztia eskeitzen saiatuko gara, jadanik martxan dagoen eta indartzeko asmoa dugun BLOG-aren funtzioarekin batera.
Guzti hau azalduta, gure trilogia honen lehen lana Apirilaren 29an aurkeztu dugu prentsaurreko batean. Ordurako dendetan egongo da eta gure web orrialde berria zabalik izango da deskarga eta informazio guztiarekin. Era berean lan berri hau zuzenean ere aurkeztuko dugu, Apirilaren 30ean hasi, eta Iraila amaierarate iraungo duen kontzertu epean. Aurrerapen moduan Asteroideen antzokian artista eraila abesti berriaren bideoklipa ikusgai jarri dugu.
Natura maite duten gazteek biologia, geologia eta halako ikasketak hautatzen dituzte. Eskoletan hasita, alabaina, teoria gehiegi ikasi eta mendi eta erreka gutxi aztertu behar zituztela ikusi zuten Antton Alberdik (Elgoibar, 1987) eta haren bost ikaskidek. Horrexegatik, Euskal Natura proiektua sortu zuten 2006-2007 ikasturtean, www.euskalnatura.net webgunearen inguruan; «Euskal Herriko landareak identifikatzeko gida egitea izan zen gure lehenengo asmoa, euskaraz Interneten ezer ez zegoelako». Pixkanaka, bestelako lanekin hasi ziren, Euskal Herriko espezieen zerrenda kasu, eta, urte bi igaro ondoren, I. Natur Astea antolatzea lortu dute EHUko Leioako campusean. Horren barruan, argazki erakusketa berezia prestatu dute: Objektibotik, Euskal natura argazkitan izenekoa; bederatzi argazkilarik Euskal Herriko naturari buruz eginiko kalitate handiko 32 argazki ditu.
Euskal Natura taldearen webgunearekin lotura zuzena dauka campuseko liburutegi zentralean jarritako erakusketak: «400 argazkitik gora bildu ditugu gure galerian dagoeneko, 25 bat argazkilarik eginikoak. Euskal Herriko landare, animalia eta paisaiak ageri dira irudiotan, eta batzuk oso onak dira. Orduan pentsatu genuen aukera zegoela webgunetik atera eta erakusketa antolatzeko». Unibertsitatean saiatu ziren eta zailtasunak gaindituta -«aspaldi nahi izan dugu elkarte bat sortu, baina oraindik ez dugu lortu»-, baimena eman zieten. Argazkiekin helburu nagusi bat dute, «Euskal Herriko bioaniztasuna eta paisaia aniztasuna erakutsi nahi dugu».
Argazki gehienak, Alberdik berak eginiko bat izan ezik, argazkilari profesionalek edo zaleek eginikoak dira. «Estetika zaindu nahi dugu; artea, argazkilaritza alegia, eta zientzia uztartzen ahalegindu gara. Alderdi zientifikoa argazki bakoitzaren ondoan jarritako deskribapenarekin landu dute; «Euskal Herrian non topa daitekeen eta bakoitzari buruzko historia azaltzeko aitzakia». Erakusketarako 31 irudi bildu zituztela ikusita, 32.a izateko, Pirinioetan katamotz bati Alberdik eginiko argazkia aukeratu zuten: «Euskal Herrian baziren katamotzak, eta, oraindik ere, Iparraldean badirela uste dute, haien aztarnak atzeman dituztelako».
NATURAREN ARGAZKILARIAK. Alberdirekin batera, zortzi argazkilarik laga dituzte beren argazkiak erakusketarako: Joxerra Aihartza, Pedro Aierbek, Ander Olaizola, Luis Llavori, Jose Mari Llavori, Peio Romatet, Mikel Tapia eta Felix Urrutiak. «Naturari buruzko beste webgune batetik ezagutzen nuen haien lana, eta proposamena egin nien». Oraingoan gai orokorra hautatu dute -«denetarik hartu dugu, intsektuak, basamortuak, mendiak, basoak...»-, baina hurrengo baterako gai zehatza jorratu nahi dute; «hegaztien ingurukoa izan daiteke hurrengoa».
Erakusketa ez ezik, I. Natur Astearen jardunaldietan bestelako ekitaldiak antolatu dituzte Euskal Natura taldekoek; lau hitzaldi eta mendi irteera, besteak beste. Gaur Malen Vilches izango dute hizlari, eta bihar Joxerra Diez irakaslearen txanda izango da.
Inflazioa eta bestelako adierazle ekonomikoak mendi, baso eta paisaiekin trukatu ditu Iñaki Rekaldek (Bilbo, 1968), eta gustura dago aldaketarekin. Iazko irailean hartu zuen Euskal Herria eta El Mundo de los Pirineos aldizkarietarako erredakzioa bere gain, eta, orain, zuzendaritzaren ondoko kargua hartu berri ditu. Jauzia emateko arrazoiak baditu, «bidaiei buruzko aldizkariak dira, fisikoak zein literarioak, eta bidaiak, beti, %90 planifikazio dira eta %10 abentura». Hamar urtez ekonomiari buruz idatzi ondoren, planifikazioaz badakiela uste du, «horixe da nire lana». Irakurleari dagokio «abenturaren zatia».
Ehunekoetan adierazteko joera ez ezik, bestelako ohiturak gorde ditu Empresarios del Pais Vasco eta Estrategia Empresarial agerkarietan aritutako urteetatik, «ezinezkoa dut egunkari bat hartzea lehenengo ekonomiako orriak begiratu gabe». Rekaldek ez du nahi, alabaina, inork bulegotik mendira atera berria denik pentsatzea; izan ere, kirola eta mendia betidanik izan ditu gustuko, «mendizalea naiz txikitatik; zaletasun gisa daukat». Gurasoak Arratiakoak ditu, baina Bilbon jaio zen Rekalde; Eskolapioetan ikasi zuen eta, bertan, Mikel Deuna eskaut taldean izan zen, «10 urterekin hasi eta 16 bete arte izan nintzen, horrela izan zuen mendi nagusiekin lehen harremana, haiekin ezagutu nituen lehenengo aldiz Pirinioak».
Eskaut taldea kristaua zen, eta berak ere, halabeharrez, kristaua izan behar zuen. Orain, ordea, ez du inolako federik erlijioan, «gauza askotan sinesten dut, baina jainkoetan ez». Filosofiarekin harreman hobea dauka, «bizitza bidaia dela» dio eta bizitzeko zein bidaiatzeko modu bi daudela uste du, «batzuetan bidaiari izan behar dugu eta, inoiz, turista izan behar da». Edonola, bidaiatzeak inplikazioa dakar, eta, alde horretatik, zalantzarik ez du, «bizitzan bidaiaria naiz».
EZAGUTU. Erabat planifikatutako bidaiak ez ditu atsegin bilbotarrak. «Ez dut nahi inork esatea zer egin behar dudan ezta zein ordutan joan behar dudan museo batera». Kalean norbere kontura ibili eta jendea ezagutzea, hori da «herriak ezagutzeko modu bakarra; hoteletik ontzira egiten dutenek ez dute ezer ikusten». Mundu osoan zehar bidaiatuz, hainbat toki ezagutu ditu: New York, Laos, Kanputxea eta Vietnam, besteak beste. Egiptora egin du azken bidaia neska-lagunarekin, eta, bidaia haien kabuz eginda, gustura ibili direla dio.
Euskal Herria aldizkarian, Bidaiatzeko Lerroak deritzona eskaintzen dituzte bi hilabetean behin, irakurleek haien abentura bizi dezaten. Mundua ezagutzeko, bestela, «abenturarako zabalik» egotea da funtsezkoena, «gogoa izatea azken finean», baina planifikazioa ere ezinbestekoa dela berresten du arriskuak kontrolpean izateko. Bestelako bidaiak egiten ditu Rekaldek, eta, noski, zuzentzen duen aldizkarian eskaintzen ditu halakoak, «Euskal Herria ezagutzeko» egiten diren beste horiek.
Bertokoa ondo ezagutu gabe atzerrian egondakoak daude, «gehienok egon gara Moskun baina ez Nafarroako bihotzean». Horri, «gure herriko lurraldearen %60 berdea denean», penagarria deritzo. Berari ere gertatu zaio, «lagunak datozenean nora eraman ez dakigu». Gehienetan kostaldea hautatzen dute, «Bermeora, esaterako, leku ezagunak besterik ezagutzen ez delako, hiruzpalau toki eta hiriburuetara besterik ez goaz». Gabezia horri aurre egiten saiatzen dira aldizkarian, «Euskal Herrian leku izugarriak daudela ezagutarazteko». Bidea erraztea da haien ardura, «gako batzuk eta mapak» ematea, baina abenturan murgiltzeko erabakia norberarena da.
Askotariko azoka eta ikuskizunak antolatu izan dituzte Barakaldon, BEC eta hango merkataritza gune erraldoiak sortu zituztenetik. Besteak beste, nagusien aisialdia, saskibaloi partida jendetsuak, umeen gabonetako parkea edota informatika zaleen topaketak egin izan dituzte. Asteburu honetarako antolatu dutena, alabaina, oso bestelako aisialdiari buruzkoa da. Euskalsex aretoan, erotismoa eta pornografia dira aitzakia nagusiak; behin hara joanez gero, eta, ostiraletik gaur arte, askotariko ikuskizunak eta lehiaketak izango dituzte bisitariek hainbat saltokitan.
Bisitari kopuruaren aldetik, aurtengo aretoa arrakastatsua izaten ari dela esan daiteke. Natalia Kim Euskalsexeko komunikazio arduradunak atzo esan zuenez, aurreikuspenak betetzen ari dituzte, «oso gustura gaude, etorri den jende kopuruagatik baino gehiago giro aparta sortzen ari delako eta etorritako guztiek primeran pasa dutelako». Megaparkeko gasolina zerbitzugune ondoko pabiloian jarri dute aurten aretoa, eta ikurrinaren koloreak ageri dituen kartel erraldoi batek ematen die ongietorria hara doazenei. Atean, txarteldegien aurrean sortzen diren ilara txikietan, gizonezkoak dira nagusi; baina emakumeak ere ikus daitezke, bikotekidearekin gehienbat. Lagun taldeen artean, bestalde, zaila da emakumezkorik ikustea. Antolatzaileen arabera, guztientzat dago zabalik aretoa, karteleko argazkian keinu lizunak eginez ageri den bakarra emakumea bada ere.
Barruko ikuskizunen artean, agertoki nagusian, emakumeak dira dantzan eta biluzten azaltzen diren lehenengoak ere; film pornografikoetako izarrak horietako batzuk, Sonia Baby edota Anastasia Mayo kasu. Goiko solairuan, aldiz, gizonezkoen striptease ikuskizunetan aritu ziren arratsaldez. Guztietan, ikusleen parte-hartzea eskatzen dute, eta, ausartenek, dantza egin edota joko berezietan parte hartzera gustura igotzen dira oholtza gainera.
Giro ederra dago Euskalsexen, arratsalde edo gau batez sexu ikuskizunekin gozatu nahi dutenentzat behintzat. Marta Vega eta Unai Larrea bilbotarrek gustura ari ziren saltoki eta agertokien artean: «dibertigarria da, baina garestiegia dela esango nuke, ikuskizunak ikusten ez baituzu egun osoa emango». Neska-lagunak esandakoa berretsi zuen Larreak, eta gaineratu: «eskerrak taberna ere badagoen».
Gasteiztar batek izan zuen sexuaren aretoa Euskal Herrira ekartzeko ideia, iaz egin zuen lehenengo aldiz eta bigarrenez zuzentzen du aurten Euskalsex Carlos Resak. Euskalduna ez bada ere, pornografiaren industrian euskararen erabilera sustatzea jarri zuen iazko aretoaren helburuetako bat, «eremu honetan normalizazioa lortzea zaila da, baina gutxieneko ahalegin batzuk egiteak ez du esfortzu handirik eskatzen, aretoko saltokiak eta kartelak euskaraz jartzea esaterako». Sex-shop denden eta ekoizleen artean euskara sustatzen saiatzen dela dio; baina, gehienetan, ez du gauza handirik lortzen, «enpresa pribatuak dira eta ezin duzu askorik egin».
Horren harira, euskarazko sexu hiztegia sortzen saiatu zen aurreko Euskalsex aretoaren harira, baina ez zuen arrakasta handirik izan;«webgunean ekarpenak egiteko aukera eman genuen; ez zen lagun asko animatu, ordea». Beste egitasmo bat ere gauzatu nahi izan zuen, film pornografiko bat euskarara bikoiztea. Orduan ezinezkoa izan zitzaion lana burutzea, «Euskalsexera eramateko denborarik ez genuen izan». Aurtengoan lortu dute, ordea, lo«burugogorra naiz eta oraingoan bai egin behar zela erabaki nuen».
Marranas con ganas, Resaren arabera, Euskal Herrian filmatutako lehenengo film pornografikoa izan zen. 2003ko udan grabatu zuen Gasteizen, Divafilms ekoiztetxearekin. Huraxe bera da aurtengo Euskalsex aretoan euskarara bikoiztuta aurkeztu dutena. Aretoaren webgunean ikus daiteke euskaratutako filmaren aurrerapen txiki bat eta, asteburua osoan, Barakaldoko pabiloian salgai jarri dute, Producciones Xfilmsen saltokian.
Resak Bartzelonako areto erotikoan lan egin izan du, eta eredu horri jarraituta pentsatu zuen Euskalsex bezalako jaialdia Euskal Herrira ekartzea. Berez, kazetaria da, baina duela urte batzuk, Gasteizko nazioarteko zinema jaialdian proposamen bitxia egin zioten, «sexua eta zinemari buruzko mahai inguru bat zuzentzeko eskatu zidaten eta onartu egin nuen». Egun horretan, gainera, aktore eta zuzendariekin hitz egin eta film pornografiko bat grabatzera animatu zuten, «aurrekontu handirik ez zela behar eta dibertigarria izango zela sinetsarazi zidaten».
LAGUNTZARIK EZ. Euskarazko ekoizpenek diru laguntzak izaten dituzte, baina Marranas con ganas euskaratzeko ez dute inolako laguntzarik izan; «saiatu ginen , baina esan ziguten ez zegoela ezer egiterik». Mota honetako lanak ekintza pribatuekin aurrera atera dira betidanik, «Eusko Jaurlaritzak ez du pornografiarekin zerikusirik nahi». Katalunian ere, Resak dakiela, ez dago halako filmak bikoizteko diru laguntzarik; baina bai, ordea, film erotikoak katalanez egiteko laguntzak, «nik ezagutzen dut lortu izan duenik».
Zazpi laguneko taldeak hartu zuen filma euskaratzeko lana, Jose Miguel Villaltak zuzenduta. Bilbon bikoiztu zuten, eta bitxikeriak sartu dituzte jatorrizkoaren gainean; «sexu eszenetan, aurpegiak ikusten ez direnean, ohean adierazten diren esapideak sartu ditugu».
Gizakia inguruan daukan guztia apaintzeko ohitura dauka, artelanen bidez testuingurua bere nahietara egokitzeko asmoz. Azaletik hasita, tatuajeak direla medio, eta autoekin egiten den tunning-arekin amaituta, denetarik eraldatu daiteke norberaren gustuaren arabera eraldatzeko. Teknologia berrien erabilerak, tresna berriak egunero erabiltzera behartu edo bultzatzen gaitu, ordenagailuak batez ere. Etxean erabiltzeko makina hauek PC sigla ezagunekin bataiatu zituzten aspaldi, ingelesezko personal computer hitzei dagozkienak. Askok, pertsonal adjektiboan, jabetzaren adierazlea baino gehiago ikusten dute eta, horren arabera, ordenagailua haien gustuen arabera eraldatzen dute, barrutik zein kanpotik.
Tresna elektroniko guztiekin bezala, ordenagailu ekoizleek gero eta gehiago zaintzen dute merkaturatzen dituzten aparailuen itxura, baina, hala ere, orain arte saldutako ordenagailu gehienak nahiko kaskarrak dira, metalezko kutxa handikoteak, DCD irakurgailua eta bestelako tresnetarako sarrerak aurrealdean ageri dituztenak. Mahai gehienetan ezkutatuta gelditzen dira kutxa hauetako albo biak eta atzealdea. Modding izenekoaren zaleek, ordea, inoiz ez lukete haien ordenagailua ezkutatuko, izan ere, ordu ugari ematen dituzte kutxa ikusgarriak sortzen, denda berezietan saldutako elementuei esker edota, eskulanetan eskarmentua dutenek, haiek egindako moldaketen bidez.
Modding delakoaren bitartez, ordenagailuaren itxura eraldatzea eta ahalmena handitzea dute helburu. Kutxa moldatzea da erabiltzaile gehienek ematen duten lehenengo urratsa eta, handik aurrera, askotariko moldaketak egiten hasten dira: LED argiak jarri kutxan, IDE kable borobilak erabiltzea, haizagailu berriak gehitu eta abar luze bat. Modding zaleak talde bitan banatzen dira, apainketak egiteko eskulanetan trebatzen direnak, batetik, eta elementu berriak modding dendetan erosten dituztenak. Zaletasunaren hastapenetan lehenengo aukera besterik ez zegoen ordenagailua moldatzeko. Ohikoa zen overclocking tekniketan aritzea baina kutxa moldatzeko tresnarik ez zen saltzen. Azken urteotan, aldiz, biderkatu egin dira apaingarriak eta moldaketak egiteko elementuak saltzen dituzten ekoizle eta dendak.
JATORRIA. Adituek diotenez, Interneten zabaldu da batez ere modding-a eta, horren arabera, ez luke izango abiapuntua ezarri duen herrialderik. Teknologia eta informatikaren eremu gehienetan bezala, alabaina, AEBetan hasi ziren zaletasun honen lehenengo agerraldi publikoak, non eta party-etan, informatika zaleen topaketetan alegia. Mila ordenagailu areto berean sartzean konturatuko ziren askok ez zuela batere itxura onik ematen makina gehienek ageri zuten kolore zuri eta horixka mahai guztietan errepikatzea, ordenagailuaren kutxan zein monitoreetan. Merkatuak, alabaina, ez zuen aukera handirik eskaintzen, PC makinetan behintzat, Apple konpainiaren oinarrietan betidanik egon baita diseinuaren gaineko arreta. Mac ordenagailuek edertasuna dute funtsezko ezaugarrietako bat.
Egun, topaketak dira modding zaleen ezinbesteko erakusleihoa, Interneteko webgune eta eztabaidaguneetan elkar ezagutzen dutenek zuzenean elkartzeko duten aukera paregabea baita, bakoitzak ikasitakoa besteari erakutsi eta halako jaialdietan eskaintzen dituzten tailerretan parte hartzeko. Modding lehiaketak ere egiten dituzte, Euskal Encounter topaketan esate baterako, urtero ospatzen dute eta gero eta parte-hartzaile gehiago biltzen ditu. Nerea Munitxak duela bi urteko txapelketa irabazi zuen Barakaldoko topaketan, Alien itxurako ordenagailuarekin, «finaletara 30 lagun inguru heltzen dira, parte hartzeko baldintza gogorrak izanda ere, ordenagailu berbera ezin da urte batetik bestera aurkeztu, aurrekoan irabazi ez arren, berriro moldatu ezean».
Informatikaren beste esparru gehienetan bezala, gizonezkoak dira zaletasun honetan aritzen diren gehienak, «ezagutzen ditut neskak baina gutxiengoa dira». Horrela izanda ere, topaketetako lehiaketara urtero azaltzen diren emakumezkoak ezagutzen ditu Munitxak eta, berak egin bezala, irabazteko gauza direla egiaztatzen dute.
Duela bost urte ireki zuten Mod PC, modding-erako Bilbon dagoen denda bakarrenetarikoa. Ordenagailuak moldatzeko tresnak ez ezik, tailerrak ere eskaintzen dituzte, eta parte hartzen dute inguruko zaleen topaketa zein lehiaketetan. Sabino Arana kalean ireki dute egoitza berria, Termibus geltokitik gertu. Han hartzen ditu bezeroak Sergio Itxasok (Bilbo, 1971), dendako arduradunak.
Ezinbesteko galdera: zer da modding-a? Autoekin tuning-a dena da modding-a ordenagailuetan. Funtsean, ordenagailua eraldatzea da modding-a, norberaren gustuen arabera moldatzea. Bestelako itxura ematea da, batetik, baina baita makinaren ahalmena handitzea ere. Autoekin gertatu zen bezala, gero eta zaletasun zabalagoa da hau.
Modding zale ugari al da Euskal Herrian?Oraindik ez dira milaka, pixkanaka doa. Edonola ere, modding-arekin hasten direnak, muturreraino sartzen dira honetan. Zaletasun honek, baina, denbora eta dirua behar du, eta, horrez gain, estetika eta elektronikari buruzko gutxieneko ezagutza eskatzen du. Diruarena aldakorra da, baina argi dago mundu guztiak ezin duela gehiago gastatu ordenagailua moldatzen hura erosten baino. Ezaugarri hauek bete behar ditu zaleak, eta horregatik ez dira hainbeste. Edonola ere, kalean ezin da, tuning-arekin bezala, zenbat zale dauden ikusi. Informatika topaketetan, aldiz, gero eta gehiago direla antzematen da, uste baino gehiago.
Zein da zaletasun honen jatorria?Interneten zabaldu da batez ere, sarea sortu zutenetik, zaila da gauza jakin baten jatorria zehaztea. Hala ere, party-ak (informatika zaleen topaketak) modding-arekin zerikusi handia dute. Gure inguruan, Europako iparraldeko herrialdeetan hasi ziren lehenengo topaketak egiten eta bertan garatu da hemen baino gehiago. Herrialde batzuetan ohikoagoak dira etxe barruko zaletasunak, guk kalean bizitzeko ohitura dugun bitartean. Edonola ere, eskulanetarako zaletasunak ere hemen garrantzi handia dauka eta ezaugarri kulturala da hori ere. Azkenik, AEBak aipatu behar dira, gai hauetan guztietan aitzindariak direlako beti.
Modding zaleari bere lana erakustea gustatzen al zaio?Bai, noski, horretarako daude topaketak. Norberak egindakoa besteei erakustera eta besteek eginikoa ikustera ere joaten dira modding zaleak. Zoragarria da party-etan paseatzea ordenagailu batetik bestera, askok benetako artelanetan eraldatzen dituzte ordenagailuak.
Euskal Herriko jaialdirik ospetsuena Euskal Encounter da. Zer-nolako modding maila dago bertan?Nahiko maila ona dugula esango nuke. Beste topaketa ugarietan gamer-ak (bideojoko zaleak) leku handiagoa dute, hemen ez bezala. Euskal Encounterrean overclocking, modding eta bestelako gaiek garrantzi handia dute. Lehiaketak egiten dira bertan eta sari garrantzitsuak banatzen dituzte. Urte batetik bestera, gainera, gero eta maila hobea azaltzen dute zaleek.
Ordenagailua barrutik eta kanpotik moldatzean datza modding-a. Biak al dira beharrezkoak?Denetarik egin daiteke ordenagailuaren itxura aldatzeko. Normalean, apaingarriak jartzeko zaletasuna hartzen duenak, barruko gauzak aldatzeko gogoa izaten du momenturen batean, barrualdeko zarata ahalik eta gehien gutxitzea, esaterako. Aldaketa txikiak ere egiten dira, kutxaren torlojuak eskuz kentzekoak izatea, bihurkinaren beharrik ez izateko. Itxurarekin ez ezik, erabilgarritasunarekin zerikusia dute moldaketa asko. Hasieran, aldez aurretik moldatutako kutxa bat erostea aski izaten da, gero argiak jartzen hasten zara. Momenturen batean, ordenagailuak zure gela apaintzen duela ikusten duzu eta azkenean, zaletasunaren muga gainditzen duzu. Ordenagailua egunero zabaltzen duzu edota zuzenean zabalik uzten duzu. Orduan, kanpokoak ez ezik, barruko elementuak aldatzen dituzu eta elektronika kontuekin ere ausartzen zara. Handik aurrera ez dago modding-aren mundutik ihes egiterik, nolabaiteko menpekotasuna sortzen du.
Zeintzuk dira moldaketarik ohikoenak?Overcloking-a, isiltasuna lortzea eta argiztapena. Asko modelatze lanetan ere trebatzen dira. Argiztapenerako argi ultramoreak erabiltzen dira. CPUren ahalmena handitzean, bestetik, bero itzela sortzen da eta, orduan, hozte sistema ere aldatu beharra dago.
Garestiak al dira moldaketa hauek? Gauzarik arruntenak nahiko merke eskuratu daitezke, adibidez, leihoa duen kutxa bat arrunten salneurrian dago gaur egun. Neon argiak, bestetik, 7 eurotan eros daitezke. Bi horiek jarrita modding-a egin duzu. Hortik aurrera denetarik dago eta salneurri guztietan. Uraren itxura duten neon argiek bikoitza balio dute, kutxaren barruko tenperaturaren berri izateko aurre panelak 30 euro ingurutan dago. Hasieran ez da garestia, baina zaletasunean murgiltzen zaren heinean, gero eta gehiago.
Heriotzak, pertsonak ez ezik, aroak ere berdintzen ditu, norberaren fedeak agindutakoak alde batera utzita, betiereko atsedena ekarri izan duelako beti. Hilobiak dira, hain zuzen ere, gizarte eta garai gehienetan, historiak etorkizunari laga dizkion ondarerik garrantzitsuenetako bat. Sinesmenik ez da behar hilerri batean errespetu berezia sentitzeko, are gutxiago aurrean dauden hobiak iraganak utzitako aztarnak direnean. Arkeologo, antropologo edo historialari izan gabe ere, liluragarria da iraganeko nekropoli batean sartzea, hilarri eta hilobien artean ibiltzea. Horixe bera eskaintzen du Argiñetako nekropoliak, Elorrion (Bizkaia), naturak inguratuta, Erdi Aroko arrastoak biltzen dituena, Euskal Herri osoko garrantzitsuenetarikoak.
Arte eta arkitekturaren historian, ezinbesteko garrantzia izan du erlijioak Euskal Herrian, baita Elorrion ere. Horrexegatik antolatu dute asteotan, Apasionarte izeneko jardunaldiak, Elizaren inguruan herrian eta inguruetan sortutako ondarearen berri emateko. Gaurkoa izango da Elorrioko altxorra erlijioan erakusketa ikusteko azken eguna, Iturri kultur etxean. Herri txikia bada ere, zazpi mila biztanle ingurukoa gaur egun, duela mende bi 25 baseliza zituen Elorriok, baina horietatik 19 baino ez daude zutunik orain.
Baseliza horien artean, Mendraka auzorako bidean dagoen Argiñetako San Adriangoa da bereziena. Bertan, Erdi Aroko hainbat hilobi eta hilarri batu zituzten XIX. mendean, egungo Argiñetako nekropolia sortzeko. Toki txikia da, tenis zelai baten tamainakoa, baina herriko altxorrik preziatuena gordetzen du, Elorrioko hiribildua bera baino askoz zaharragoa delako, besteak beste.
Herriko erdigunetik kilometro batera dago nekropolia, eta ondare historiakoaren seinaleak aurki daitezke bidean. Argiñetako Etorbideari jarraituta, erraz iristen da bertara, oinez zein autoz. Errepideko bihurgune batean ageri zaio San Adrian baseliza bisitariari. Baselizako ate nagusia haritz enborrekin eginikoa da eta, alboko atean, 1666. urtekoa dela irakur daiteke. Edonola ere, zaharberritutakoa da. Argiñetako San Adrian abuztuaren lehenengo igandean ospatzen da, meza eta erromeria egiten dituzte bertan, eta gero herritar guztiek elkarrekin bazkaltzen dute. San Adriango Kofradiaren ohiturak dio bakoitzak bere sardexka, koilara eta ogia eraman behar duela egun horretan.
Hogei sarkofago daude Argiñetan, eta bikoitza da horietako bat; senar-emazteentzat egindakoa, ikerlariek diotenez. Hobion artean, berriz, bost hilarri daude. Guztiak batu zituzten baselizaren ondoan Elorrioko apaizaren aginduz, XIX. mendeko bigarren zatian. Oiz mendiko harrobietatik ateratako harriekin egin zituzten hilobiak, IX. mendean. Guadaleteko borrokaren ostean, 711. urtean, musulmanengandik ihesi zihoazen bisigodo kristauek eurentzat egin zituzten. Guztien artean, sarkofago bi dira garrantzitsuenak, latinezko inskripzioak dituztelako. Ez dira oso ondo ikusten, eta zaila izan daiteke hilobi zuzenak topatzea. Baselizatik begiratuta, ezkerreko ilarako bigarrenean eta hirugarrenean irakur daitezke, estalkietan.
Hilarriak dira, ordea, nekropoliko elementurik zaharrenak, inguruetan kristautasuna ezarri baino lehenagokoak baitira. Horiek ere Oiz mendiko hareharriarekin egin zituzten, lau borobilak dira eta bestea, berriz, hiruki formakoa da. Guztiek ageri dituzte astrologi ikurrak. Adituek diotenez, VII. eta IX. mende artean sortutakoak dira.Argiñetako nekropoliak Otto Pette edota Erdi Aroan oinarritutako misteriozko eleberriak ekartzen ditu gogora, ikurrak, hilobiak eta inskripzioak dituelako. Elorriora hurbiltzeko aitzakia ona da, eta batez ere gainerako auzoetatik osteratxoa egiteko. San Adriango baselizatik gertu dago, esate baterako, Mendrakakoa, San Tomasi eskainitakoa. Bertan, beste nekropoli batekin egiten du topo bisitariak; Argiñetakoa baino askoz txikiagoa. Miotako baselizak ere aspaldiko hilobiak ditu, eta Santa Eufemiakoak, berriz, X. mendeko hilarri bat dauka.
Laster berrekingo dio marinelak itsasoko abenturari, baina, bitartean, Unai Basurko (Portugalete, 1973) herrikoen zein etxekoen berotasunaz gozatzen ari da. Irribarretsu, beti bezala, baina paisaiak liluratuta igo da Bizkaiko Zubiaren goialdera, ezin konta ahala aldiz bertan izan den arren, Abrako «behatokirik onena» delako. Esanahiaz beteriko lekua da Portugaleteko zubia Basurkorentzat. «Bizkaiko sinboloa da, itsasoaren sarbide eta, gainera, gure mendietatik ateratako burdinarekin egindakoa». Itsasoratu eta etxera bueltatzeko atea du burdinazko zubia, Velux 5 Ozeano lasterketan kasu: «Galean zegoen helmuga, baina nik beti esan dut nire munduko bira zubi esekiaren azpian bukatzen zela».
Zailtasunak izan zituen Bizkaiko Golkoan azken egun horietan, baina zubian aurkitutako harrera beroak «itsasoan izandako une latz guztiak» gainditu zituen. Mila zale eta lagun inguru bildu ziren itsasadarraren bazter bietan marinela babesteko. Laster beteko da urtebete ahaztu ezingo duen egun horretatik: «Bizitzan inoiz izan dudan unerik ederrena izan zen». Munduaren bira amaitzea lortu zuen; ametsa bete zuen, non eta txikitatik hainbestetan zeharkatu duen lekuan.
Bilboko portua etxe ondoan izan du beti marinelak, eta, horregatik, zorteko sentitzen da. «Izan ere, nire bizitzako egun guztietan itsasoa ikusi ahal izan dut eta ez dut gogoratu ere egiten noiz hasi nintzen gurasoekin nabigatzen». Zubiko behatokitik ikus daitezkeen kaiak askotan zeharkatu zituen haurtzaroan: «Zubitik beste aldera egiten genuen, handik autobus geltokiraino joan eta ikastolarako autobusa hartzeko». Duela hogei urte denboraleak ugariagoak ziren, eta Portugaleteko zubian «hezetasuna eta hotza ziren nagusi». Basurkok uste du garai hartan jasandako eguraldi kaskarrak lagundu egin ziola «itsasoko haizeari aurre egiteko» prestatzen.
Pakea ontzitik kanpo ere, bestelako loturak dauzka Bizkaiko Zubiarekin. Itsasoa garaitu baino lehenago, heroi izan zen 1890ean eraiki zuten burdina erraldoiaren magalean. Duela lau urte gertatu zitzaion, neguan: «Futbol partida batetik nentorren, eta neska batek bere burua zubitik behera bota zuen, bere buruaz beste egin nahian». Flotagailu bat jaurti zioten, baina ia konorterik gabe zegoela, Basurkok uretara jauzi egin zuen. «
enbora luze eman genuen biok errekan, Gurutze Gorrikoak etorri ziren arte». Neska ospitalera eraman zutela besterik ez daki. Zubiaren historia luzean horrelako hamaika gertatu izan direla uste du. «Langileek diote liburu bat idazteko beste istorio dituztela».
ABRAN, BEREIZKETARIK EZ. Portugaleten jaio eta Getxon ikasi zuen. Itsasgizonak ez du sinesten bazter bien arteko bereizketan. Bietan ditu lagunak, eta zubiak «elkartzeko» direla gogorarazi du. Ezkerraldeko industria gainbehera ez dauka ahazteko, eta, «umea besterik ez» zen arren, «garai grisak» ditu gogoan: «
ena zen zaila, zikina; arazoak nonahi zeuden, eta umetan jabetzen ez nintzen arren, denborarekin ulertu egiten duzu». Azken hogei urteotan hobera egin dela uste du, baina, oraindik, Unescok ondare izendatutako zubiak «industrializazioaren loraldia gogorarazten du, burdina eta langileen ahalegina». Aurrera egin beharra aldarrikatu du, iragana aintzat hartuta betiere: «Izan ginena ahaztu gabe».
Itsasoan dago marinelaren nortasuna eta zubi esekia abiapuntu eta helmuga izango du beti: «Ate bat da hau, itsasoratzeko eta urrunetik bueltatzeko». Aukeratzekotan, baina, etxeratzeko nahiago du Bizkaiko Zubia; «abiatzeko eguna tristea delako, besteak beste azken agurra izan daitekeelako; itzulerak, aldiz, helburua bete duzula eta maite dituzunak berriz topatuko dituzula esan nahi du».
Eraikin zein garraio gehienetan debekatuta egoten da animaliekin sartzea eta, salbuespenak salbuespen, inori ez zaio bururatzen nortasun agiria berritzera txakurra eramatea. Badira, alabaina, lau hankadun hauen beharra dutenak, ikusmen urritasuna dutenak hain zuzen ere. Legeak, aspaldi, txakur gidariak onartzera behartzen ditu bai garraio publikoak, bai jatetxe zein bestelako eraikinak. Animalia hauek, baina, behar bezala trebatu behar dituzte gidari lanetan hasi aurretik, eta, horrez gain, jabeak behar bezala zaindu eta garbitzen duela eta albaitariaren azterketak gainditu dituela egiaztatu behar dute. Baldintza horiek ederki gainditzen dituzte, esaterako, Agustin Merinok eta bere laguntzaile Suso-k, «sei urte egin berri ditugu elkarrekin, eta inoiz ez dut izan bi minutuko azalpenak emanda konpondu ezin izan dudan arazorik».
Taxia da itsuek gehien erabiltzen duten garraioetako bat, «erosotasunagatik batez ere, etxeko ateraino eraman zaitzake», eta gidariek txakurrekin autoan sartzeko oztopo handirik jartzen ez badiete ere, ONCE itsuen elkarteak Zabal iezazkidazu ateak leloa duen kanpaina jarri du martxan. Javier Dominguez erakundeko Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidentearen arabera, «gidariak are gehiago sentsibilizatzea» da helburu nagusia. Orain arte egondako arazoak «anekdotikoak» izan badira ere, Hego Euskal Herriko taxi gidarien artean 3.000 liburuxka banatuko dituzte, txakur gidariak «beste edozein pertsona moduan hartu behar dituztela» jakin dezaten.
Suso-k «independentea» izateko aukera ematen dio Merinori, «nahi dudan leku guztietara joateko aukera eskaintzen dit, baita taxian eta metroan ibiltzeko ere». Bi urte inguru itxaron behar izan zuen orain ezinbestekoa duen laguntzailea eskuratu arte, eta lagun mina bihurtu den arren, hemendik urte gutxira banandu egin beharko direla badaki, txakur gidariak sasoian egon behar baitira jabeari laguntza emateko; «zortzitik hamar urtera artekoa izan daiteke harremana». Ondoren, albaitariak txakur gidaria izateko gaitasunak galdu dituela esaten duen egunean, «ikusmena galtzen hasi delako adibidez», beste bat eskatu beharko du Merinok.
Oraingoz, Suso-rekin kalean topatzen dituen oztoporik handienak gainerako txakurrak dira, «oso garrantzitsua da txakur arrunten jabeek ulertzea gure animaliak lanean ari direla, nolabait esateko, eta haien txakurrak guregana datozenean, trabatu egiten gaituztela». Suso-rengana hurbildu zen beste txakur baten erruz erori zen behin Merino.
HOBETO TXAKURREKIN. Makila eskuan kalean ederki moldatzen diren itsuekin topatzea ohikoa da. Txakur gidariekin, alabaina, askoz hobeto aritzen dira batetik bestera mugitzeko ikusmen urritasuna dutenak. Maria Antonia Casellesek 15 urte daramatza lau hankadunen laguntzarekin -bere hirugarren txakurra da Lucero- eta, harentzat, «autonomia eta segurtasuna da, ez dauka makilarekin ibiltzearekin zerikusirik, txakurrari taxia edo metroko atea bilatzeko esan ahal diozu, esaterako».
Txakur gidariak, edonola ere, urriak dira, ONCE Fundazioaren eskolan prestatzen dituzte eta, urtero, ehun baino gehiago ateratzen dituzte kalera. Hego Euskal Herrian 43 txakur eman dituzte, eta zain dauden eskaerak egon arren, lehentasuna dute orain arte txakur gidari baten jabe izandakoek, erabili dutenentzat ezinbestekoa bihurtzen delako. Jaio direnetik hartzen dituzte animaliak, txakur gidari izandako gurasoengandik ezaugarri bertsuak jaso dituztenak. Txakurrak ez ezik, jabeak ere ikasi egin behar du laguntzaile berriarekin nola jokatu eta, horretarako, hiru aste eman behar dituzte ONCE Fundazioaren eskolan. Itsuen elkartearentzat, hezi eta ematen duen txakur bakoitzak 6.000 euroko gastua dauka, baina jabeei ematen dieten laguntza, haiek diotenez, «ez dauka salneurririk».
Orain dela bi hamarkada sortu zuten Futuroscope, baina Dominique Hummel (Hangenbienten, Frantzia, 1954) parkeko presidenteak duela sei urte hartu zuen kargua. Haien zereginik garrantzitsuena «sentipenak eskaintzea» dela dio, eta parkearen arrakasta azaltzeko formula ekonomikoak erabiltzen ditu, 10/20/60 deritzona: «Urteroko etekinen %10 ikuskizunen %20 berritzeko erabili, horrela, bisitarien %60 bueltatzea lortzeko».
Iaz 20 urte bete zituen parkeak. Zertan aldatu da Futuroscope ordudanik? Asko hazi da; gaur egun 25 ikuskizun inguru daude, eta askoz ere pabiloi gehiago. Hasiera batean jendea egun bakarrerako etortzen zen. Hamar urte igarota, jendeak egun batzuk ematen ditu, bi egun gehienetan, atrakzio guztiak ezagutu ahal izateko.
Lehenengo garai hartatik ba al dago oraindik martxan dagoen ikuskizunik? Ikuskizun guztietatik, heren bat epe luzerako diseinatzen da, ia aldaketarik egin gabe, gainerako bi herenak berritzen dira jendeak berriro etortzeko aitzakia izan dezan. Epe luzerakoak direnak hamar urterako izan daitezke.
Etorkizuneko animalien ikuskizunetik zer espero duzue? Ahalmen handia duen ikuskizuna da. Alde batetik, nerabeak erakarriko ditu, areagotutako errealitate delako teknologiagatik batez ere, baina aldi berean helduagoak ere etorriko dira, gaiaren aitzakiarekin, espezieen bilakaera eta etorkizunean Lurrean zer gertatuko den jakitearren.
Eskualdeko erakundeen arteko lana bultzatzen duzue, nola lortzen duzue? Lehen esan bezala, egonaldiak luzatzen ari da jendea. Izan ere, Futuroscopek jendea erakartzen du, hasiera batean behintzat, baina orain jendea gelditu egiten da Poitiersen, dagoeneko ez da egun bakarra igarotzeko lekua. Horregatik, garrantzitsuagoa da Loirako eskualdeak daukan eskaintza: gazteluak edo Poitiers bera. Bestalde, aisialdirako eskaintza inguruan izatea, krokodriloen parkea eta tximinoena kasu. Beste era bateko turismoa bultatzen du horrek, denbora gehiagokoa.
Futuroscopen duzuen eskaintza zabaletik, zein da gehien gustatzen zaizun ikuskizuna? Begi itsuak izenekoa, 2005etik geroztik daukagun ikuskizuna. Itsu batek 30 minutuz ilunpean dagoen ibilbidetik laguntzen zaitu, ondorioz gainerako zentzumenak indartu egiten dira. Oso dibertigarria da, zeren ikusmena kenduta, gainerako zentzumenekin gidatzen duzu zeure burua. Urritasun fisikoak dituztenen mundua ezagutzeko aukera ematen duelako gustatzen zait. Itsuen larruan jartzeko aukera ematen dizu, haien bizimodua nolakoa den pixka bat ulertzeko.
Ba al duzue proiekturik buruan? Bi urtean behin proiektu handi bat garatzen dugu. Orain dela bi urte, Danse avec les Robots (Robotekin dantzatu) izan zen, orain Les animaux du futur (Etorkizuneko animaliak) dira eta 2010erako beste proiektu bat dugu buruan. Ikuskizun hau sortzeko Luc Besson zuzendariarekin ari gara lanean.
Jolas parke gehienetan, abiadura eta mugimendu bortitzak dira protagonistak eta, horregatik, ausartenek baino ez dute atrakziorik dibertigarrienetan gozatzeko aukera. Teknologiak, ordea, bestelako jolas eta ikuskizunak eskaintzen ditu. Hori uste zuten duela hogei urte, 1987an, Futuroscope parkea sortu zutenek, eta bi hamarkada hauetan lortutako arrakastak zuzen zeudela adierazten du. Dagoeneko, 35 milioi bisitari izan ditu parkeak eta, egun, etorkizunarekin jolastu eta askotariko abenturak bizitzeko atrakzioak biltzen ditu. Hiru dimentsiotako filmak egiteko darabilten Imax teknologian oinarritzen dira horietako asko, baina mota horretako zinema aretoetan ikus daitekeena baino askoz gehiago eskaintzen du Poitiersko parkeak (Frantzia). Laugarren dimentsioa deritzona erantsi diote atrakzio gehienei, sentikortasunarena, alegia; pantailan azaldutakoa ikusi, entzun eta sentitu ere egin daiteke bertan. Larunbatetik aurrera, Etorkizuneko animaliak atrakzio berrian, errealitatea eta irudi birtualak nahasiko dituzte.
Eurodisney parkearen atzetik, Frantziako bigarrena da Futuroscope. Iaz bakarrik 1,6 milioi bisitari izan zituzten, eta harrigarria bada ere, gehienak aldez aurretik parkean izandakoak dira. Urtero atrakzio berriak sortzen dituzte, eta parkeko arduradunen arabera, ikuskizun guztietatik, heren bat bakarra da munduan.
Hiru dimentsiotako filmak -Imax teknologia ezagunaren bidez- eskaintzeari ekin zion lehenetarikoa izan zen Futuroscope munduan eta, gaur egun ere, mota horretako zinema areto gehien biltzen duen parkea da. Irudi ikusgarriak eskaini ez ezik, Poitierseko parkean urrats gehiago egin dituzte ikusleari filmean murgilduta dagoela sentiarazteko. La Vienne Dynamique (Vienne dinamikoa) ikuskizuna da mota horretako ikusikuzun aitzindarienetarikoa. Ikuslea eserleku berezietan kokatu behar du filmeko protagonistak bizi duen abenturan parte hartzeko. Tren bateko bagoian ikusiko duen pertsonaiak bezala, dardara sentitzen du ikusleak, eserlekuak filmean gertatzen dena berregiten duelako, hain zuzen ere. Une horretan ulertzen du parkeko bisitariak zertarako jarri dioten segurtasun barra eserleku bitxiari, errusiar mendietan erabiltzen direnen antzera.
Handik aurrera oihuak ere entzun daitezke aretoaren iluntasunean, protagonista 1 Formulako lasterketa batean dago eta, harekin batera, ziztu bizian doa aurrera, bihurgune bakoitzean ikuslearen gorputza alde batera edo bestera mugitzen dela. Barre egiteko aukera ere badago bidaian, izaki bitxi bat azaltzen da bat-batean eta doministiku egiten du, filmeko protagonista eta, nonbaitetik ageri diren ur tantekin, ikuslea zipriztinduz. Aire beroa ere badatorkio aurpegira une batean.
Antzeko atrakzio ugari dago parkean, bakoitza bere aldaerekin. Esaterako, Atlantis izeneko ikuskizunean, espaziontzi baten moduko batean igo behar dira ikusleak, pantaila handi baten aurrean. Hor, eserlekuen mugimendua ez ezik, 3D betaurreko bereziak erabiltzen dira irudietan erabat murgiltzeko.
ETORKIZUNEKO ANIMALIAK. Filmetan oinarritutako atrakzioak ez ezik, urteotan bestelako aukera batzuk aztertu dituzte Futuroscopen; esaterako, ispiluak, bisitariari sabaian zehar ibili dabilela sentiarazteko Bertigoaren hiria izenekoan, edota musikaren erritmora dantzatzen ari den robot erraldoi baten eskuetan harrapatuta zer den erakusten duena. Aurtengo ikuskizun berriak, aldiz, errealitate osatua deritzon teknologia erabiltzen du, Total Inmersion garatutakoa eta, orain arte, medikuntzan eta suhiltzaileen trebatze saioetan, besteak beste, erabilitakoa. Larunbatean irekiko dute Les Animaux du Futur atrakzioa (Etorkizuneko animaliak), hemendik 100 edo 200 milioi urtera planetan izango diren espezieak bertatik bertara ezagutzeko aukera emango duena. BBCrako Wild future dokumentalerako sortu zituen John Adamsek etorkizuneko animalien ideia, aurreikuspen zientifikoen arabera.
Atrakzio horretan, bisitariak kameradun prismatikoak erabiliko ditu, eta ikusten ari den errealitatearen gainean, ordenagailuz sortutako animaliak azalduko zaizkio. Eskuan eramango duen sentsoreari esker, errealitatea eta mundu birtualaren arteko interakzioa sortzen da, eta hori da harrigarriena. Gerta daiteke, esate baterako, armiarma moduko bat ikuslearen eskuan agertzea, edota aldamenekoari begiratzea eta bere buruan olagarro bat azaltzea.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | |
| 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 |
| 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 |
| 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 |
| 28 | 29 | 30 | ||||
