Etsai beste jarraitzaile utzi ditu bidean Bill Gates (Seattle, AEB, 1955) Microsoften sortzaileak. Windows sistema eragilea mundu osoko ordenagailuen %90etara eramatea lortu du eta, ondorioz, software konpainia gehienak Gatesen erabaki eta asmoen menpe bizi izan dira azken bi hamarkadetan. Duela 33 urte sortutako informatikaren erraldoiari esker, Forbes aldizkariaren munduko biztanlerik aberatsenen zerrendan hirugarrena da. Urteotan, alabaina, ordenagailuekin zerikusirik ez duen esparruan murgildu da Gates, filantropiaren eremuan alegia. 2006ko ekainean iragarri zuen Microsoft utzi eta Melinda French emaztearekin batera sortutako Bill & Melinda Gates fundazioa gidatzeari ekingo ziola. Joan den ostiralean bete zuen orduan agindutakoa.
Albisteak ez du inor harritu, baina Microsoft konpainiaren gainbehera aurreikusi dute askok Gatesen agurrarekin, besteak beste, konpainiak ez dituelako bizi bere unerik gozoenak. Batetik, Yahoo erosteko eskaintzak porrot egin zien eta, bestetik, Google eta Steve Jobsen Apple, gero eta indartsuago ari direlako teknologiaren sektorean. Europan ere topatu dituzte oztopoak, Bruselak isun handiak ezarri baitizkio Microsofti monopolioa leporatuta.
Ez dago, alabaina, krisialdirik. Microsoftek 51.120 milioi dolarreko irabaziak izan zituen iaz eta sistema eragileetan ez ezik, Officerekin bulego softwarearen errege da oraindik. Egia da, ordea, bere azken sistema eragileak, Vistak, ez duela espero zuten arrakasta izan eta erabiltzaile gehienek, Mac Os edo Linux hautatu ez dutenek, Windows XP erabiltzen jarraitu nahiago dutela. Erabiltzaileen eskaera ugariek lortu dute, hain zuzen , XP sistemaren bizitza 2014ra arte luzatzea, Microsoften asmoen kontra.
Adiorik ez. Ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. 2000n egin zuen lehen urratsa Gatesek, kontseilari ordezkari kargua Steve Ballmerren esku utzi zuenean. Zortzi urte behar izan ditu Ballmerrek Gatesen bulegoa eskuratzeko. Agurra, alabaina, ez da erabatekoa izan, astean behin Redmondeko egoitzara bueltatuko baita aholkulari aritzeko. Horrez gain, konpainiako kontseiluko presidente karguari eutsi dio.
Teknologiaren guruetako bat izan da Gates urteotan, baina beste aditu askok, Paul Graham kasu, Internetek irekitako garai berriari moldatzen jakin ez izana egotzi diote. Grahamek Microsoft hilda dagoela esatera heldu da, Google, Apple eta Gatesen beraren estrategiaren erruz. Banda zabaleko konexioei esker, ordenagailuetan instalatu beharreko softwarea desagertuko dela uste dut askok eta, horrekin batera, Microsoft bera.
Hemeretzi urte zituen Gatesek Harvard utzi eta Microsoft sortu zuenean 1975ean. Berea ez zen softwarea saltzeko gai izan zen, nori eta IBMri. Salmenta egin eta gero, 50.000 dolarren truke eskuratu zuen MS-DOS. Ondoren, Apple aurkariren abantailak bere egiteko modua asmatu zuen, Steve Jobsen oniritziarekin. Garai hartan, inork ez zuen uste ordenagailuen etekinak sistema eragileetan egon zitezkeenik, Gatesek, aldiz, ederki aurreikusi zuen.
Super Mario, Sonic edota Megaman izeneko heroiekin ezkerretik eskuinera aurrera egin eta bidean azaltzen ziren arerioak garaitzea zen duela hogei urteko kontsolek eskaintzen zuten esperientzia. Ez zen gutxi, baina ume eta nerabeen aisialdia besterik ez zen orduan. 1990eko hamarkadaren bukaeran, berriz, bestelako kontsola eta jokoak azaltzen hasi ziren merkatuan; Sony, Microsoft eta beste konpainia batzuk sartu ziren bideo jokoen merkatuan eta publiko helduagoa erakartzeko moduko jokoak sortzeari ekin zioten enpresek. Azkenaldian plazaratu dituzten bideo jokoen salmentek agerian utzi dute kontsolen erabiltzaileak adin mugarik ez duela. Rockstar konpainiaren Grand Theft Auto IV jokoaren sei milioi ale saldu zituzten dendetan jarri eta astebetera, eta 400 milioi euro inguru irabazi. Nintendoren Wii Fit berritzaileak, berriz, bi hilabetean milioi bat ale baino gehiago saltzea lortu zuen Japonian bakarrik.
Belaunaldi berriko kontsolen izarrik berrienak dira GTA IV eta Wii Fit, guztiz desberdinak beren artean baina, salmentei dagokionez, aisialdi elektronikoak musikak edo zinemak baino diru gehiago mugitzen hasi dela erakusten dutenak. Hollywoodeko film ezagunenek baino diru gehiago egin du GTA IVk lehenengo egunetan; esaterako, J.R.R.Tolkienen The Lord of the Rings liburuetan oinarritutakoek baino gehiago. Kontuan izan behar da, gainera, 18 urtetik gorakoentzat dela jokoa (17tik gorakoentzat AEBetan).
Joko honek mafiako kide baten rola ematen dio jokalariari, eta ia erabateko askatasuna dauka jokalekuan, New Yorken antz handia duen hiri erraldoi batean, mugitu eta ankerkeriak egiteko. Sexua eta indarkeria ez dira falta istorioan eta, horrexegatik, eztabaidak sortu dira eta zentsura jasan du. Play Station 3 edo Xbox 360 kontsoletarako atera dute jokoa, eta inoiz sortu dituzten grafiko errealistenak ageri ditu Rockstar taldearen lanak. Quentin Tarantinoren filmetan murgiltzea bezala da jokoak eskaintzen dituen ehun orduetan aurrera egitea, baina mafia buruen eginkizunak bete ondoren ere aukera amaigabeak ezkutatzen ditu jokoak.
Kirolaren osagarri. Nintendok, Wii kontsola merkaturatu zuenetik, bideo jokoekin jolasteko modua irauli du. Japoniarrek apustu garbia egin zuten dibertsioaren eta jolasteko erraztasunaren alde. Microsoftek eta Sonyk makina ahaltsuenak sortu nahi izan zituzten; Super Marioren gurasoek, berriz, helburu harrigarri bezain xumea jarraitu zuten: jokatzeko modua aldaraztea. Horretarako, aginte berritzailea sortu zuten eta, denborarekin, beste tresna batzuk gehitu izan dizkiote kontsolak berez ematen dituen aukerei. Wii balance board izeneko taula da plazaratu duten azken asmakizuna, eta Wii Fit jokoarekin batera garatu eta jarri dute salgai. Ohiko bideo jokoa da, baina ariketa fisikoa egiteko, norberaren gorputzaren jarrera eta oreka aztertzeko eta bizitza osasungarria eramateko gonbita da Nintendok egindakoa. Aurretik ere izan dira horrelakoak -Play Station kontsoletan dantza egiteko eta webcam batekin pantailako elementuetan eragiteko tramankuluak aspaldi atera dituzte-, baina lehenengo aldia da bideo joko batek sasoian jartzeko aukera ematen duela.
Baskula baten itxura duen taula da Wii Balance eta erabiltzailea taula gainean egin behar ditu ariketa guztiak. Hasieran, jokoari norbere altueraren berri emanda, Gorputzaren Masa Indizea kalkulatzen du. Ondoren, pisua gutxitzeko ariketa programa presta daiteke. Horrez gain, gorputzaren oreka eta jarrera zuzentzeko ariketak proposatzen ditu softwareak. Pantailan monitore moduko bat izango du bidaide erabiltzaileak, eta ariketak nola egin behar dituen erakutsiko dio horrek. Edonola ere, taulak berak oinen kokapena eta presioa antzeman ditzake eta, horren arabera, zuzen edo oker egiten ari den ohartarazi.
Jatorri anitzeko jendea bizi da gaur egungo hirietan, eta askotan, arrotzak ditugu bizilagunaren ohitura eta bizimoduak. Horrexegatik ekin zioten duela urte batzuk Munduko Arrozak izeneko festa ospatzeari, norberak bere herrikoaren berri gainerakoei emateko, hain zuzen ere. Musika, dantza eta, noski, arroza erabiliko dituzte larunbatean asmo horrekin, Bilbon eta Iruñean egingo dituzten egun osoko jaietan. Bizikidetza eta elkartasuna sustatzea dira jaialdiaren beste helburu nagusiak.
Antolatzaileek diotenez, munduan gehien erabiltzen den jakietako bat da arroza, eta horrexegatik, nazio bezainbeste errezeta dago munduan arroza prestatzeko. Valentziako erara, begetarianoa, haragiarekin, eta Coca Cola edari ezagunarekin prestatutakoak ere ikusi izan dira urteotan Munduko Arrozen jaialdian. Bosgarren urtez antolatu dute Bilbon jaia, eta azken lau urtetan Gasteizen eta Iruñean ere egin izan dute. Aurten, gainera, Gipuzkoan egiteko asmoa gauzatuko dute lehenengo aldiz.
KULTURA KALEAN. Sukaldaritza aitzakia nagusia izango bada ere, musika, dantza eta bestelako kultura adierazpenak ez dira faltako larunbateko festetan. Goizeko hamarretan hasiko dituzte Bilbon antolaketa lanak, jaialdian parte hartzeko izena eman duten taldeko kideek lekua hartzera joan beharko dute. Eguerdira bitarte, umeentzako tailerrak eta askotariko jolasak prestatu dituzte. Gainera, San Frantziskoko komentuko indusketa lanak edota Artelanen errepliken museoa ezagutu nahi dutenek, horretarako aukera izango dute bisita gidatuetan, aldez aurretik (34) 944 157 673 telefonora deituta. Epaimahaiak 13:30etatik aurrera dastatuko ditu arrozak, eta arratsaldez, kalejirak eta kontzertuak egingo dituzte Bilbo Zaharrean.
Iazko ekainaren 9an aurkeztu zuen Mac ordenagailuen sortzaileak sakelako telefonoetan iraultza ekarri behar zuen iPhone eta, urtebete igaro denean, asmakizunaren bertsio berria aurkeztu zuen atzo San Frantziskon Steve Jobs Apple konpainiako zuzendari nagusiak. Diseinu berria, kamera hobea, iraupen luzeagoa duen bateria, GPS sistema eta, batez ere, Interneten ibiltzeko 3G motako konexioak dira iPhone 3G bataiatu dutenaren berritasun nagusiak.
«Hobea» ez ezik, merkeagoa ere izango da Appleren tramankulua, 200 dolarretan jarriko baitute salgai 8 Gb-ko bertsioa, egun balio duenaren erdian, alegia. 16 Gb-ko telefonoa, berriz, 400 dolarretan salduko dute. Horrez gain, telefonoa mundu osora zabaldu nahi duela esan zuen Jobsek, «mundu guztiak nahi du iPhone bat eta eskuragarriagoa egin behar dugu» Horretarako, orain arte izan duten estrategiarekin hautsi eta 70 herrialdeko konpainiekin itunak sinatu dituztela iragarri zuen. Uztailaren 11n, momentuz, iPhone 3G berria 22 herrialdetako dendetara helduko da, tartean, Euskal Herriko saltokietara.
Telefonoen eremuan iPod-ekin lortu zuena errepikatzeko bidean da Apple, mundu osoan sei milioi iPhone saldu baititu dagoeneko. Konpainiako zuzendariak aitortu zuenez, «salgai ez dagoen tokietan ere erabiltzen dute».
HEGOALDEAN SALGAI. AEBetan bakarrik hasi ziren saltzen iPhone . Iparraldera iazko azaroan heldu zen baina Hegoaldean oraindik ez dute salgai jarri. Askotariko zurrumurruak zabaldu ondoren, Telefonicak Apple-ekin kontratua sinatu duela baieztatu du. iPhone 3G bat eskuratu nahi dutenek, beraz, Movistarrera jo beharko dute, hasiera batean behintzat.
Zazpikaleetako bihotza da Plaza Barria. Bertan, tabernaz taberna ibiltzeko, umeak jolasten ibiltzeko eta askotariko azokak egiteko tokia izan dute bilbotarrek azken bi mendeetan. Aurrerantzean, gainera, bisitari berriak izango ditu plazak, ordenagailu eramangarriak besapean hurbilduko zaizkion Internet zaleak. Wi-Fi bidez konektatu eta sarean ibiltzeko aukera emango duen Bilboko lehenengo tokia bilakatu zen atzo Plaza Barria. Orain arte, barruti guztietako liburutegietan eta udal bulegoetan jarri du Udalak haririk gabeko konexioa, baina lehenengoz egin du eraikinetatik kanpo. Plazaren erditik edo banku batean eserita egonda konektatzea dago.
Wi-Fi konexioa martxan da dagoeneko eta atzoko aurkezpenean Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak azaldu zuenez, «oso modu errazean erabil daiteke». Aski da haririk gabeko konexioak abian jartzea horretarako aukera ematen duen ordenagailuan, «Bilbao izeneko konexioan klikatzean, inolako pasahitzaren beharrik gabe, Udalaren webgunea azalduko zaio erabiltzaileari eta, handik aurrera, webgunearen helbidea idaztea nahikoa izango du».
Comunicaciones alternativas Euskadi taldeak jarri du martxan konexioa eta, Fernando Presa enpresako teknikoak esan zuenez, Wi-Fi konexioaren ezaugarri teknikoak betetzen dituzten tresna guztiekin izango da eskuragarria Plaza Barrian jarritakoa, «PDA zein ordenagailu eramangarriekin». Abiadura zehaztu gabe, konexioaren banda zabalerak aldi berean nahi beste erabiltzaile hartzeko ahalmena izango duela ziurtatu zuen. Bestetik, Interneten ibili eta posta elektronikoa, Pop bidezkoa barne, mugarik gabe ikusteko aukera egongo den bitartean, konexio mota eta protokolo jakin batzuk galarazi dituztela ohartarazi zuen, «P2P sareetan musika zein bideoak deskargatzea galarazita dago eta, horrez gain, ezegokiak diren edukiak, pornografia eta indarkeria sustatzen dutenak batez ere, iragaziko ditu sistemak».
Jon Aldaiturriaga Zazpikaleetako merkatarien elkarteko ordezkaria pozik azaldu zen konexioarekin, «duela 3 urte proposatu genion Udalari eta orain izan dugu ideia gauzatzeko aukera». Zazpikaleak «modernizatzeko» urratsa dela uste du eta, bide batez, «herritarrei zerbitzu berria emateko». Plaza Barrian kokatu izanari, gainera, zoragarria deritzo, «oso leku bizia da eta turistak ere ibiltzen dira hemendik, Guggenheimera joaten direnen artean, inkesten arabera, %85 inguru hona dator ere». Hemendik aurrera, tabernetako terrazak «ordenagailuz beteak» ikustera ohitu beharko dela gaineratu zuen Aldaiturriagak.
GUZTIEN ESKU. Bilboko Agenda Digitala 2012 egitasmoaren harira ekin dio Udalak mota honetako konexioak egiteari eta, etorkizunean, «ekimen honek zer nolako harrera duen eta bere bilakaera aztertu ondoren», antzeko ekimenak egin ahal dituztela iragarri zuen Bengoetxeak. Esan zuenez, «herritar guztiek Internetera konektatzeko aukera izan dezaten» lanean jarraitzeko asmoa dute.
Kultura zinegotziak, bestetik, oker larria izan zuen atzoko aurkezpenean Wi-Fi konexioa «Bilboko hiriak izan zuen lehenengo plazan» jarri dutela iragarri zuenean, izan ere, Plaza Barria berria da Bilbon zaharragoa bazegoelako . Udaletxe zaharra eta San Anton elizaren artean zegoen Plaza Nagusia deitutakoa eta, gerora, Plaza Zaharra bataiatu zutena. Plaza Barria XIX. mendekoa da eta 708 urte laster beteko dituen hirian plaza zaharragoak izan dira.
Herritarrek eginak herritarrek gozatzeko. Asmo horrekin antolatu zituzten lehenengo konpartsetako kideek Bilboko festak, duela 30 urte inguru. Herri jaien iraultza izan zen hura, eta, garai hartakoak ez ezik, etorkizuneko Aste Nagusien oinarriak ezarri zituzten jai batzorde parekideari esker. Urteetan, Udalaren ordezkariek eta konpartsetako kideek, herritarren bestelako ordezkariekin batera, jaietako egitaraua prestatzen zuten.
Azken urteotako errealitateak, aldiz, oso bestelako egoera ekarri die Bilboko auzoetako jaiak eta Aste Nagusia antolatzeko ardura duten batzordeei. Udalak, Auzotarrak elkarteko eta Konpartsen Federazioko ordezkarien esanetan, «Udalak inposizioaren bideari ekin dio»; edozein ekitaldi antolatzeko, gaur egun, askotariko trabak jartzen dizkie auzo eta herritar elkarteei. Egoera dagoeneko «eramanezina» dela eta «jai ereduaren aurkako eraso zuzena» abiatu dutela salatu du Gerardo Perezek, Bilboko Konpartsetako kideak.
Udalarekin izandako harremanetan «mugaraino» heldu direla esateko agerraldia egin zuten atzo Bilboko Konpartsen Federazioko eta Auzotarron elkarteko kideek Bilboko Zazpikaleetan, eta, Udal erakundeekin duten egoerari erantzuteko, Marra gorria izeneko ekimena aurkeztu zuten. Perezek adierazi zuenez, Udalaren jarrerari «mugak jartzeko garaia da; bestela, herri jaien eredua desagertu egingo da». Festetan herritarren parte-hartzea lortu nahi duten bezala, Bilboko jaien eredua babesteko bilbotarren laguntza lortu nahi dute: «Horretarako, egin dezakegun gauza bakarra egingo dugu: jai bat antolatzea».
Hilaren 15ean egingo dute festa, eguerdi partean, Bilboko Areatzan: «Baimena ukatzen ez badigute, behintzat; azkenaldian, inoiz ez dakizu Udaleko sail batean baimena ahoz eman dizunak horretarako ahalmenik benetan ote duen». Herritarrekin batera egin nahi duten festan ekimenaren marra gorria iradoki nahi dute, eta, horregatik, txorizoa banatuko dute hiriaren bihotzean. Gero, musika eta jai giroa izango dira nagusi.
OZTOPOAK UGARITU. Aste Nagusitik kanpo, hiriburuko auzo gehienetan ospatzen dituzte jaiak udako hilabeteetan, eta bakoitzeko jai batzordeetako kideek Auzotarrok elkartea osatu zuten duela urte batzuk, esperientzia eta baliabideak trukatu eta partekatzeko. Aspaldi salatu dute Auzotarrok elkartekoek Udalak gero eta diru gutxiago ematen diela, baina atzo egun jasotzen duten diru kopurua «barregarria» dela esan zuen Ruben Barcinak. Aldiz, ugaritu dieten gauza bakarra egin beharreko «eskabide eta izapideak» izatea deitoratu zuen.
Udalarekin hitz egiten saiatu diren arren, gauzak okerrera joan direla azaldu zuen Barcinak. «Urteak daramatzagu jaiak antolatzen, baina, hala ere, urtero eskatu behar ditugu baimenak, gero eta gehiago». Lurzoru publikoaren lege berria martxan dagoenetik, «trabak areagotu» dira eta, ordutegiak, urte batetik bestera murriztu egiten dituztela nabarmendu zuen. Udalak, gainera, Auzotarrok bezalako elkarteak gutxiesten dituela gaineratu zuen, «inor ez bagina bezala hartzen gaituzte, etsigarria da, herri bazkariak kalean egitea ere debekatzen digute legearen aitzakian».
Konpartsen aldetik ere, ezkor azaldu ziren atzo, «aurtengo jaiei buruz Udalaren jarrera ikustea besterik ez dago». Esan zutenez, jai batzordeari «eduki osoa kendu diote, kideak izanda ere, ezer gutxi dakigu hurrengo Aste Nagusiari buruz». Perezek uste du hemendik gutxira aurkeztuko dietela egitaraua, «guk ekitaldi oso gutxi antolatzeko aukera izan dugu bakarrik». Konpartsek iaz antolatu nahi izan zituzten ekitaldi gehienak atzera bota zituztela gogoratu zuen eta, horregatik, «aurtengoan bizpahiruetan batu ditugu gure esfortzuak».
Marra gorria ekimena, ekainaren 15eko festaz gain, datozen hileetan aurrera egingo duela azaldu zuten eta, horrez gain, adierazpen bat kaleratu dute Auzotarrok elkarteak eta Konpartsek, «udalak dekretu bidez inposatzen duen pribatizazio kanpaina» salatzeko: «Herritarren parte-hartzea eta udal inposaketa banatzen dituen marra gorria Udalak aspaldi gurutzatu» zuela diote zabaldutako dokumentuan eta, horren aurrean, «herritarren parte-hartzea ardatz duen hiri bizi baten alde egiteko, elkarteek ezin dugu isilik jarraitu».
Goyo Nadal izeneko kantariak sortu zuen 1939an Chimberos bilbainada taldea eta, urte luzeetan, Txikis, Cinco Bilbainos eta beste batzuekin batera, Bilboko eta Bizkaiko herri kantuak eraman zituzten batetik bestera. Belaunaldi desberdinak bildu izan ditu Chimberos taldeak eta, urteotan, Koldo Villar (Bilbo, 1968) eta Jon Basterra (Bilbo, 1961) izan ditu kantari. Musika irakasten aritzen zen lehenengoa eta bigarrenak, aldiz, odolean daramatza bilbainadak, gurasoa Chimberos taldeko kidea ere izan baitzuen. Bilboko tabernetan bat-batean kantuan hasteko ohitura galbidean dagoela uste dute baina, hala ete guztiz ere, bilbainadak inoiz ez direla desagertuko diote. Haiek, momentuz, atsedenaldia eman diote taldeari baina ez dute baztertu «egun hauetako batean» oholtza gainera itzuliko direnik.
Zuen lekua hartuko duten belaunaldi berririk etorriko al dira?
BASTERRA:Bilbainadetan kantuan aritzeko asmorik duen gazterik ez dago gaur egun, abeslari izateko ametsak dituenak bide komertzialagoak bilatzen dituelako. Kantu mota hau gehien bultzatu dutenak adin bateko jendea da, ohitura handia izan dutelako. Nik etxean ezagutu nituen bilbainadak eta musikaren beste alderdi batzuk ere atsegin ditudan arren, herri kantuak barruan daramatzat. Egon dira talde berriak egiteko saioak, baina gurea izan zen jende gaztearekin zaharberritu zen talde ezagun bakarra, gure atzetik ez du beste inork egin.
VILLAR:Gaur egun, halako musika mota ez zaio jendeari ezagutarazten, kantatzeko ohitura galdu delako, hain zuzen ere. Garai batean, oso arrunta zen kantatzea, baina zaletasun arraroa da orain. Ahozko kulturaren baitan dagoena gauza bat da eta belaunaldi batetik bestera transmisiorik ez badago, galtzeko arriskuan dago.
Aste Nagusian entzuten dira batez ere bilbainadak. Nolako zaleak dituzue?
VILLAR: Duela 40 urte bilbainadak entzun eta gustuko zituzten horiek dira egungo publikoa. Tamalez, egunkarietako eskeletan ikus ditzakegu egunero galtzen ditugun zaleak. Gazteen artean ez dago zaletasun handirik, jaietako kontzertuetatik aparte oso gutxitan taularatzen dira bilbainadak eta gainera, inork ez du beharrezko lana egiten bilbainadak berreskuratu eta zaletasuna sustatzeko. Erakundeen eta musika eskolen lana izan beharko litzateke agian.
BASTERRA: Gure publikoak 60 urte inguru izaten ditu batez bestez eta, gehienak, handik gorako adina dute. Horiek dira mota honetako kantuetan aritzea gehien maite dutenak eta herri abestien garrari eutsi izan diotenak.
Tabernetan sortu ziren bilbainadak, lagun arteko giroan kantatzen zenean. Hori desagertu dela uste al duzue?
VILLAR: Bai, desagertzen ari da eta ez bakarrik bilbainadak, baizik eta bat-batean kantuan hasteko edozein modu. Gero eta zailagoa da tabernan zaudela halakorik gertatzea, arraroa deritzogu horri eta baten bat ausartzen bada, gaizki begiratzen diote eta sakelako telefonoarekin grabatzen dute gero Interneten eskaintzeko. Harrigarria da gauzak nola aldatu diren ikustea.
BASTERRA: Antzina, tabernetan horrelako kartelak jartzen zituzten atean: Gaizki abestea debekatuta dago. Kantatzea, beraz, zilegi zen, txarto egitea zen arazo bakarra. Hori zeharo desagertu da, Bilboko Zazpikaleetako taberna gutxi batzuetan izan ezik.
VILLAR: Eremu pribatuetara baztertu den fenomenoa da herri musikarena. Txokoetan, etxean edota familiarekin mantendu dira horrelako kantuak, baina kalean aspaldi ez dago halakorik. Udalak edo beste erakunde batek antolatutako ikuskizun batean ez bada, ez duzu inon entzungo bilbainadarik. Nire ustez, lazgarria da gure gurasoek eta aiton-amonek zuten bat-batekotasun hori galdu izana.
Txapela eta txikiteroen kulturarekin lotzen ditu jendeak bilbainadak? Txikitoarekin batera jaio al ziren?
VILLAR: Bai, hala dela esan daiteke. Herritik jaio eta zabaltzen den arte adierazpen guztiekin gertatzen den bezala sortu ziren. Lanaldia bukatzen zutenean, beharginak tabernetan biltzen ziren lagunekin. Aisialdi modu bakarrenetarikoa zuten. Inauterietako koplak dira egungo bilbainaden aitzindariak, hirian gertatzen ziren kontuak hartuta, kantuak egiten zituzten, inauterietan abesteko. Denborarekin, urte osoan kantatzeko joera zabaldu zen eta zati desberdinak hartuta, doinua gehitu eta lehenengo bilbainadak jaio ziren. Istorio desberdinak biltzen zituzten kantuak zeuden eta ahozko transmisioari esker, belaunaldi batetik bestera pasa ziren. Horren ondorioz, askotan gertatzen zaigu kantu jakin bat modu batean ikasi dugula ete beste batek, modu desberdinean ezagutzen duela.
Chimberos historia luzeko taldea izan da beti eta gorabeherak izan ditu. Ondare hori guztia gorde al duzue?
BASTERRA: Bilbainadetan aritu zen lehenengo taldeetariko baten eszisioa izan zen. XX. mende hasierako Bilbo horretan elkar ezagunak ziren guztiak eta aitzindariak talde batean bildu ziren. Eztabaida desberdinak eman ziren, gerra piztu eta politika kontuak tartean sartu zirela, Bocheros taldea desegin zuten arte. Handik sortu zuen Goyo Nadalek Chimberos.
VILLAR: Izenarekin pasadizo ezaguna dago. Dirudienez, Zaragozan kontzertua egin behar zuten oraindik Bocheros taldean ari zirela eta, eszisioa gertatu zenean, karteletan ageri zen izena aldatzea bururatu zitzaion Goyori. Hitzaren bukaerari eutsi zion eta 'Bocho' 'Chimbo'-rekin aldatu zuen. Kondaira moduko bat besterik ez da baina, dakidala, benetan gertatu zen.
Zer pentsatu zenuten taldearekin jarraitzeko proposamena helerazi zizuetenean?
BASTERRA: Garai desberdinak izan zituen taldeak. Jesus Ibarra izan zen taldea zuzentzen urte gehien eman zituena. 50ko eta 70ko hamarkadetan ez bezala, Ibarraren garaian Bizkaian aritzen ziren lanean batez ere. Gizon horrek, alabaina, gaixotasun bategatik utzi behar izan zuen musika eta, ondoren, taldea noraezean ibili zen denbora batez. Egun batean, 1999. urtearen bueltan, taldearen sortzailearen ilobak deitu zidan, Chimberos berregiteko urratsak egiten hastea proposatzeko. Horrelako talde baten lekukoa hartzea gauza berezia zelako onartu nuen.
Zer nolako esperientzia izan zen zuentzat bilbainadekin agertokira lehenengo aldiz ateratzea?
VILLAR: Ondo gogoratzen dut, 2000. urtean izan zen, Arriaga antzokian eta bilbainada txapelketaren kantuak aurkezten diren egunean bertan. Abesti batzuk plazaratu genituen eta antzokia erori behar zela iruditzen zitzaigun, berritasun handia ginelako publikoarentzat, inork espero ez zuena.
BASTERRA: Berria zen pentsatzen zuten baino gazteagoak ginelako, hain zuzen ere. Bilbainada txapelketaren moduko ekitaldi batera joateko ohitura dutenek, adin bateko jendea topatzea espero dute, publikoan zein agertokian. Gu atera ginenean, beraz, berritasun handia izan ginen guztientzat.
Begoñako ama eta Athletic futbol taldea bezalako ikurrak askotan azaltzen al dira bilbainadetan?
VILLAR: Ez, askok uste dutenaren kontra, halakoak ez dira gehiegi azaltzen. Hauen inguruko kantu ugari, gainera, ez dira bilbainadak.
BASTERRA: Futbolari buruzko zaletasuna gehien bizi izan dituzten garaietan kantatuko ziren gehiago Athletic-en ingurukoak, txapelketak irabazten zituztenean, alegia.
VILLAR: Begoñako amatxuari buruzkoak ere, ez dira ugariak, Begoñako Andra mari kenduta. Ohikoagoa da hiriko kaleei buruz eskainitakoak topatzea, itsasadarreko urari, kaleko argiei eta norbearen haurtzaroa gogorarazten duten kontuei buruzkoak.
BASTERRA: Gauza umoretsuak dira bilbainadetan gehien jorratzen direnak, gertaera edo istorio jakin batzuk, loteria irabazi zuen ile-apaintzailearena kasu. Gauza serioei buruzko bilbainadak egiten saiatzen direnetan, urteotako txapelketetan gertatu izan den bezala, nahiko emaitza arraroak izaten dira.Esaterako, Guggenheim museoa goratzeko kantuak egiten saiatu izan dira, baina inolako graziarik gabeko bilbainadak atera dira. Halakoak ezin dira egin, umorearen ikuspegitik egiten ez badira behintzat. Bilbainadarik onenak irribarrea ahoan dugula egin eta kantatu behar dira.
Euskarazko bilbainadak egon badaude, baina ez al dira gutxi gaztelerazko ekoizpenarekin alderatuta?
BASTERRA: Euskarak badu lekua bilbainadetan baina gehienetan gaztelerarekin batera ageri da, alegia, esaldi edo lelo batzuk euskaraz tartekatzen dituzte bilbainada askok. Kontuan hartu behar dugu bilbainaden loraldian euskara debekatuta zegoela eta, horrekin batera, etorkin ugari etorri zirela Bilbora eta Euskal Herrira. Edonola ere, bilbainada gehienek dute euskarazko hitz edo esaldiren bat.
VILLAR: Bizkaiko hainbat herritan ez bezala, Bilbon ez zen euskara etxeetan mantendu. Horretan datza, besteak beste, Gipuzkoako herri kantuak eta gurearen arteko desberdintasuna. Haiek euskarazko abesti ugari gorde izan dituzte eta gurean, berriz,bilbainadak ditugu.
Desagertzeko bidean al daude bilbainadak?
VILLAR: Gauzarik tristeena da jendeak kantatzeari utzi diola. Haurrak ez dira kantuan hasten koruetan ez bada, edo telebistan ikusten dutena. Herri kantuak berreskuratu behar dira. Saioak egin dira, urteroko lehiaketa kasu, baina antolatzaileek badakite ez dutela kalitate handirik. Modu egokian bultzatuz gero, aurrera atera daiteke. Gauza asko zaintzen diren moduan, hau ere gorde daiteke.
Bilbotarra izatea ezinbestekoa al da bilbainadak behar bezala kantatzeko?
BASTERRA: Ez da ezinbestekoa, baina bilbotarra izateak izaera jakin bat ematen du. Edonola ere, Chimberos, Txikis eta beste talde batzuetan bilbotarrak izan gabe oso ondo kantatu izan dutenak egon dira. Bestelako kontua da abesten duzuna barruan sentitzen duzun edo ez. Bilbo milaka etorkinek zabaldu zuten eta zetorren bakoitzak bere ekarpena egiten zion bertoko kulturari, herri kantuetan ere.
Ba al dute bertsolaritzarekin zerikusirik bilbainadek?
BASTERRA: Nolabaiteko konexioa badaukate aisaildiarekin lotuta baitaude biak. Tabernetan koplak botatzen hasi ziren moduan, bat-batekotasuna da gakoa, askotan gertatzen da txoko edo festa berean euskaraz bertsotan aritzea batzuk eta bilbainadekin besteak.
Iaz plazaratu zuen FEVE konpainiak bere tren historikoetan egun bakarreko bidaiak egiteko proposamena, eta inork espero ez zuen arrakasta lortu zuen, eserlekuen %98 saldu baitzituen. Bilbotik abiatu eta, 39 euroren truke, larunbata edo igandea eskualde bat ezagutzen emateko aukera eskaintzen dute, eta, bidaiak ez ezik, bazkaria eta museoetarako bisitak salneurriaren barnean daude.
Berritasun nagusia larunbateko bidaian datza, Naturaren trena izenekoa Medina de Pomar (Burgos) herrirako bisitarekin aldatu baitute. Igandeetan Balmaseda ingurura egingo dute trenek, Pozalaguako kobazuloak edota Loizaga Dorretxeko gaztelua ezagutzeko, besteak beste. Bidaia luxuzko bagoietan egiten da, 1928. urtekoa da zaharrena, eta 1965koa bestea. Eserleku gehiago eskaini ahal izateko, aurten hirugarren bagoi bat ere jarri dute.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | ||||||
| 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 |
| 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 |
| 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 |
| 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 |
| 30 | ||||||
