Artxiboak: Abuztua 2008

2008/08/27

Langile gazte bat hil da Itsasondon, eta beste bi larri zauritu dira Bizkaian

Mikel | 22:25:47 | Atalak: Euskal Herria | 353 hitz  

Urtea hasi denetik, LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, Euskal Herrian lanean hildako 65. behargina da Gil Churra, Itsasondon (Gipuzkoa) atzo arratsaldean mila kiloko hodi batek jota hil zen gaztea. 16:05ean gertatu zen ezbeharra. Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek azaldu zutenez, Jaso garabi enpresak Itsasondon duen zelaigunean zegoen langilea, tona bateko hodiak ondoan zituela. Goialdean zegoen hodietako bat askatu zen eta behargina buruan jo zuen. Hodiak hankak zapaldu bazizkion ere, kolpeak momentuan hil zuela argitu zuen Osalan Eusko Jaurlaritzako Lan Osasunerako Institutuak.

Gas instalazioak egiten zituen 25 urte inguruko gazteak, eta Madrilgo Cap Welding enpresarentzat egiten zuen lan. Suhiltzaileek 17:45ean kendu zioten hodia gainetik Churraren gorpuari eta Donostiara eraman zuten, autopsia egin ziezaioten.

Beste lan istripu bi Bizkaian Larri zauritutako behargin bi izan ziren atzo Bizkaian, Bilbon eta Gordexolan izandako lan istripuetan. Goizeko seietan gertatu zen lehenengoa. Osalanek aditzera eman zuenez, P. F. A. 27 urteko gaztea Bilboko Larraskitu auzoan Supersur deituriko saihesbideko tuneletako hormak bulondatzen ari zen, eta lau metroko buloietako bat gainera erori zitzaion. Kolpe gogorra hartu zuen, lepo inguruan batez ere, eta bizkar muina hautsi zitzaion. Bularraldean eta buruan, halaber, zauriak izan zituen. Basurtuko erietxera eraman zuten, oso larri .

Bigarren ezbeharra goizeko bederatziak aldera gertatu zen, Gordexola inguruko baso batean. Zuhaitz bat gainera erori zitzaion A. O. R. beharginari. Lur orotariko ibilgailu bat behar izan zuten San Kosme gainera hurbildu eta basotik ateratzeko. Handik anbulantzia batek Gueñesko futbol zelairaino gerturatu zuen eta, bertan, Osakidetzako helikoptero batek jaso zuen BECeko heliporturaino eramateko. Azkenik, DYAko anbulantzia batek Gurutzetako erietxera lagundu zuen.

Enpresaburuen erantzukizuna Bestalde, abuztuan izandako lan istripuen inguruan hitz egin zuen herenegun Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, eta, besteak beste, ordezko langileen esperientzia faltari egotzi zion udako lan istripuen kopuruen gorakada. Esandakoarekin «enpresaburuen erantzukizunari aurpegia zuritu» nahi izatea leporatu zion atzo Azkarraragi Jesus Uzkudun CCOOko lan osasunerako idazkariak. Halaber, gaineratu zuen Osalaneko txostenetan istripu guztiak neurririk ez hartzeagatik gertatzen direla baieztatzen dela.

LABek ere egin zuen Lan sailburuak esandakoaren kontra. Joan den ostiraleko lan istripuak eragindako heriotza arbuiatzeko atzo egindako elkarretaratzean, enpresaburuek segurtasun neurrietan ez dutela inbertitzensalatu zuen eta, era berean, Administrazioari «arduragabekeria» egotzi zion, abuztuan ikuskatze gutxiago egiten dituelako.

2008/08/21

Aste Nagusiko bandera

Mikel | 23:55:43 | Atalak: Euskal Herria | 195 hitz  

Antzekoak dira Bilboko jaiak urte batetik bestera, baina, hala ere, badago beti zer nabarmendu. 2008ko Aste Nagusi honetan, festen 30. urteurrena da aipatu beharreko gauzarik garrantzitsuena, baina bada besterik. Urtero, Bilboko Udalak Espainiako bandera jartzen zuen udaletxeko balkoian ikurrinarekin batera. Zeharo desberdina izan da aurtengo egoera; izan ere, Espainiako bandera apiriletik dago udal eraikinaren goialdean paratuta. Horrexegatik, Bilboko konpartsek inoiz baino ozenago egin dute ikurrinaren aldeko aldarria, atzoko omenaldian aditzera eman zutenez.

Arriaga plazan zuten hitzordua konpartsakide eta herritarrek, handik abiatu behar baitzuten ikurrinari eskainitako kalejira koloretsua. Konpartsetako kolore aniztasunak lagundu zien ikurrinaren zuri, gorri eta berdeari udaletxerako bidean, baina, aldi berean, trikitilari, txistulari eta gainerako musikariek alaitu zuten ibilaldi laburra. Guztien aurretik, ikurrina handi bat, konpartsakideek eutsitakoa.

Ohi bezala, udaletxeko plazan jarri zuten ikurrina. Aste Nagusiko txupinerak eta pregoilariak ere eusten zioten ordurako banderari. Marijaia zuten ondoan, eta bertsotan hasi zen. Eskuak ikurrina jasotzeko altxatzen dituela esan eta jai euskalduna nahi duela ohartarazi zuen.

Espainiako banderaren itzalean egin behar izan zuten atzoko omenaldia, baina udaletxeko teilatutik gora igo zuten ikurrina, puxikei lotutako ikurrina txikiek zerurako bidea hartu baitzuten.

Ohorezko aurreskua ere egin zioten ikurrinari eta dantzarien artean aurreko urteetan txupinera izandako bat ere agertu zen.

2008/08/18

Jaietan zeharo murgilduta

Mikel | 10:39:14 | Atalak: Euskal Herria | 297 hitz  

Tanta batzuk baino ez, zorionez. jaietako lehenengo gauak euriaren mehatxua ekarri zuen Bilbora, baina ez zuen luzerako busti Marijaiaren 30. urtebetetze festa. Gogoan zuten konpartsa kideek iazko eguraldi kaskarra, eta bilbotar askok, berriz, duela 25 urteko Aste Nagusia, uholdeek zapuztutako hura. Baina, aurten, urak ez du halako ezusteko txarrik eman, oraingoz behintzat. Alkondara busti nahi dutenek, ordea, Hor Dago Abante! konpartsaren txosnara hurbiltzea dute, elefantetxo arrosaren tronpak txorrota ederra jaurtitzen baitu, urtero legez.

Aldaketa txikiak ekarri ditu aurtengo Aste Nagusiak, txosnen tokia, esaterako. Erreka ondora eraman dituzte, eta aurreko urtean aparkalekuetako obrek kendutako tokia berreskuratu bazuten, oraingoan datozen urteetarako ipini dituzte. Konpartsa eta txosna berriak sortzen ez badituzte behintzat; izan ere, Tas-Tas irrati libreko lagunek duela bi urte abiatutako konpartsak txosna propioa dauka behingoz. Berton jartzen duten musika da haien dohainetako bat, irratigintzan aritzen direnen esku espero daitekeenez.

Dantza, lehia eta oroimenerako festak Asterix eta Obelix galiarren antzera, konpartsetako kideek edabe magikoren bat hartzen dutela pentsatuko dute askok. Izan ere, bederatzi egunetan parrandan ibiltzeko gai diren gizon eta emakumeek sekreturen bat izan beharko dute. Ekitaldiz ekitaldi eta txosna batetik bestera dabiltza konpartsakideak; txandak egin behar dituzte, bazkariak prestatu, konpartsen arteko kirol eta jolasetan parte hartu, ekitaldietan egon, Udaleko jai batzordekoekin borrokatu eta haien agenda luzea osatzen duten beste hamaika gauza egin. Soberan duten denbora apurrean, gainera, lo egin beharko dute, agian.

Gainerako bilbotarrak ez dira atzean gelditzen. Goizeko diana eta txupin jaurtiketara jende gutxi animatzen da, baina eguerdiko bertso saio, antzerki eta bestelakoetara gogoz joaten dira. Arratsaldea izaten da, seguruenik, jaietako unerik lasaiena, gaueko martxarako prestatzen baita jendea, kontzertu eta tragoetarako, besteak este.

Omenaldiak Tintigorrikoek galera handia izan dute aurten, apirilean Amalai Jauregizar Ameli konpartsakidea galdu baitzuten, 82 urte zituela. 1994. urteaz geroztik, gainera, ohorezko txupinera izendatu zuten Ameli konpartsek. Horrexegatik, omenaldia egin diote jaietan, aurtengo pregoilari, txupinera eta, noski, Marijaiarekin.

2008/08/14

Jose Luis Ruiz, KESeko presidentea:«Beto sistema ez da ona, baina talde guztiek erabili dute»

Mikel | 23:51:04 | Atalak: Euskal Herria | 667 hitz  

Egiten duten lanagatik baino gehiago haien barrenean nozitu dituzten iskanbila eta desadostasunengatik izan dira albiste aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde soziolaboralak. Horixe uste eta deitoratzen du datorren martxora bitarte EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidente izango den Jose Luis Ruizek (Venta de Baños, Espainia, 1950). Haren sindikatuak (CCOO) eta UGTk aukeratu dute Ruiz, orain arteko presidente Antxon Lafonten dimisioaren ondoren. Sindikalismoan 30 urte egin ditu, azkenak, Jose Unanue fundazioko presidente gisa. KESen agintaldi laburra egingo duen arren, lan egitera eta, batez ere, «adostasunerako bideak handitzera» datorrela dio.

Erronka zailegia dirudi presidentzia hartzea hain denbora laburrerako. Sindikatuei zegokien aukeratzea, eta niri egin zidaten proposamena. Ez zegoen nire asmoetan kargu hau hartzea, eta lasaiago biziko nintzateke onartu gabe. Baina KES erakunde garrantzitsua da, eta arduragatik kezkatuta banago ere, ohore handia da nigan izan duten konfiantza.

Lehendakariarekin hitz egiteko aukerarik izan duzu? Ez, uste dut oporretan egongo dela, ni bezala. Gertu nabilenez, noizbehinka Bilbora nator gauzaren bat lortzeko. Irailaren 1etik aurrera KESeko jende guztia itzuliko da, eta ohiko jarduera hasiko da. Une honetan zeharo itxita dago, baita egoitza ere.

Normaltasuna berreskuratu nahi duzula diozu. ELA eta LAB kanpoan izanda, ba al dago hori lortzerik? Nik uste dut KESek ondo zehaztutako eginkizun jakin batzuk dituela, erakundea bera sortzeko legeak jasotzen dituenak. Normaltasuna berreskuratzea KESek Legebiltzarreko legeek ezarritako funtzioak betetzea da, Jaurlaritzak bidaltzen dituen txostenak aztertzea. Argi dago bi sindikatuen hutsunea ez dela desiragarria, eta niri gustatuko litzaidake ELA eta LAB ere bertan egotea. Nire esku dagoena egiteko prest nago itzul daitezen , baina haiena da azken erabakia.

Horretarako aldaketarik egon denik uste al duzu? Kontseiluari ezin zaio eskatu bere araudietan ez dagoen gauzarik. Alde egin dutenek ikusi beharko dute zer egin.

Alde egiteko eman zituzten arrazoiak aintzat hartuta, pentsa daiteke agintaldia bukatu baino lehen bueltatuko direnik? Oraindik KES lagatzeko eman zituzten arrazoiak ez ditut ezagutzen. Esan bezala, KESi bere eskumenetatik kanpo dagoen zerbait eskatzeak zailtasunak sortzen ditu. Desberdina litzateke politikariek Kontseiluari beste zeregin batzuk emango balizkiote, baina, egun, dagoena besterik ez dago. Eta dagoenari ahalik eta etekin handiena ateratzea da garrantzitsuena. Orain arte hori lortu ez dugula uste dut. Are gehiago, KESeko desadostasunek indarra kentzen diote erakundeari Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren aurrean.

Lan hobea egin daitekeela uste al duzu? KESi buruzko gatazka jakin batzuk ezagunagoak izan dira egindako lana baino, baina KESen aditu talde bikaina dago, eta lan garrantzitsua egiten dute.

Beto eskubidea erakundearen arazo handienetako bat dela zioen Antxon Lafontek. Horrela al da? Niretzako beto sistema ez da ona halako erakundeetarako. Espainiako kontseiluen artean ezohikoa da EAEkoa, bakarra baita beto eskubidea darabilena. Ondorio txarrak ditu beto eskubideak zenbait momentutan. Baina egia da, halaber, talde guztiek erabili izan dutela, baita enpresaburuek eta sindikatuek ere, ELAk eta LABek batez ere, gehiengoa baitzuten sindikatuen taldean. Ados jartzeko borondateak bakarrik gaindi dezake betoa. Ulertu behar dugu KESi adostasunak ematen diola indar politikoa eta soziala; desadostasunak, aldiz, debaluatu egiten du. Edonola ere, Legebiltzarrak bakarrik alda dezake bozkatzeko sistema.

Zerga politika aldundien eskumena izanda, KESek ez du aztertu inoiz. Ez litzateke interesgarria izango zergen inguruan iritzia ematea? Egia da EAEko KESek lurraldearen egitura administratiboak berak ezarritako muga duela. KESek erkidego osoari dagozkion gaiez bakarrik eztabaida dezake, eta zerga politika aldundien eskumena da. Hutsune bat da, baina erkidegoaren egitura onartzen duenak aldatu beharrekoa da. KESek zerga politikari buruz hitz egitea ona izango litzateke, baina ez dago bere esku. Esan behar da aurrekontu legeari buruz ere ez duela iritzirik ematen, baina hau gai eztabaidagarriagoa da. Inoiz politikariek hori aldatu nahi badute, egin dezatela. Oraingoz, honi buruz pentsatzen dudana niretzat gordeko dut.

Jaurlaritzak bakarrik bidaltzen dizkio txostenak KESi, Legebiltzarrak ez du baliatu oraindik. Zergatik? KESen lanik handiena Jaurlaritzaren ekimenetatik dator, eragin sozioekonomikoa duten dekretuak edo lege proiektuak direla. Bigarren lana da hainbat gairi buruzko txostenak egitea. Faltan dugu Legebiltzarrak KESi gauzak eskatzea. Uste dut Legebiltzarrak berak akordioak lortzeko dituen zailtasunengatik izan daitekeela, eskatzeko ere ez baitira ados jartzen. Legebiltzarrari dagokio hutsune hori betetzea, KESi lana zergatik ematen ez dion aztertzea. Alabaina, izan daiteke ezer adosteko gai ez garela uste izatea eta, hori hala izanez gero, zertarako txostenak bidali?

Mediaberri


Atalak


Artxiboak

Abuztua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Besterik

Blog hau sindikatu XML

What is RSS?

powered by
b2evolution