Bilboko kaleetatik ibiltzean, Artxanda mendira begira eta han goian ikus daitezkeen piramide bitxi batzuk zer ote diren galdetu dute askok urteetan. 30 urteren bueltan dauden gehienek berehala erantzun diezaiokete itaunari: Artxandako jolas parkearen aztarnak direla esango dute. Bilbon eta aldameneko herrietan industriaren eta ontzigintzaren loraldia bizi zen 1970ko hamarkadan eta Bizkaiko Aldundiak jolas parkea eraikitzeko erabakia hartu zuen, eta handik gutxira gauzatu. Artxanda mendiko 300.000 metro koadro lur irauli behar izan zituzten lurzorua prestatzeko, eta 270 beharginen urtebeteko lanaren ondoren, 1974ko irailaren 14an Bizkaiko Jolas Parea ireki zuten. Garai hartako komunikabideek Irrien hiria deitu zioten eta arduradunek, urtero, milioi bat bisitari erakartzea espero zuten. Bilbo zerbitzu hiri bilakatzeko lehenengo saioa izan zen hura, baina ez zuen luzaro iraun.
Bizkaiko klimak ez du inoiz kaleko ikuskizunekin gozatzeko bermerik eskaini; horregatik akaso, sustatzaileek aurreikusitako arrakasta ez zen inoiz izan. Bisitariak, unerik gorenetan, ez ziren inoiz 450.000 baino gehiago izan eta, errentagarritasuna lortzeko bestelako aukerak bilatu arren, 1990. urtean parkea itxi egin behar izan zuten. Bazkideak zituen banketxeak eta bestelako konpainiak, baina haiek bakarrik laga zuten ordurako Aldundia. Iñigo Urkullu EAJko EBBko bozeramailea garai hartan Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria saileko zuzendaria zen, eta hark iragarri zuen itxiera. Atrakzio mekaniko guztiak Portoko (Portugal) jolas parkeari saldu zizkioten 50 milioi pezetaren truke (300.000 euro); Artxandako lurzorua bere hartan utzi zuten erakundeek.
Dagoeneko, hamazazpi urte bete dira parkeak ateak itxi zituenetik eta, denbora zein naturaren kalteak nabarmenak dira. Hala ere, zutik daude aspaldiko eraikin asko, piramideak adibidez, herdoildutako metala erortzen hasia bada ere. Urte hauetan, inork ez du parkean sartzeko aukerarik izan, segurtasun pribatuak gau eta egunez zaintzen dituelako inguruak. Aldundiak 200.000 euro xahutzen ditu urtean lan horretan.
2005ean, Consonni ekoizpen etxeak nazioarteko zenbait artisten proiektuak Artxandako parkean egiteko baimena eskuratu zuten. Orduan bururatu zitzaion Marta Mur Consonniko egungo zuzendariari herritar askok izan zezakeela parkearen aztarnak ikusteko gogoa. Saioa Olmo artistarengana jo zuen, ideia azaldu eta egitasmo bat abiatzeko.
Marta Murren eta Saioa Olmoren elkarlanaren esku, Bilboko Jolas Parkea izandakoa bisitatzeko aukera dute urriko asteburu guztietan gidariek zuzendutako ordu eta erdiko ibilaldietan; izena aldez aurretik eman behar zen, eta berehala bete ziren 480 laguneko zerrenda. Irailean iragarri zuten proiektua eta, egun gutxitan, espero baino askoz jende gehiagok agertu zien bisitak egiteko interesa. Joan den ostegunean hasi ziren bisitak eta hilaren 28an egingo dute azkena.
Taldeak txikiak dira eta izena eman nahi zuten lagun guztiak ezin izan dira Artxandako parkera joan. Antolatzaileek esan dutenez, 300 baino gehiago gelditu dira kanpoan. Murrek ez du baztertu bisita gehiago antolatzea, baina ez du uste aukera egongo denik: «Gurea ez da zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa, eta, edonola ere, laguntzaile berriak beharko genituzke». Dirua ez da, alabaina, oztopo bakarra, hasierako helburua lortuta, bisitaldiak luzatu beharra ez baitu beharrezkoa ikusten: «Proiektu berrietan daukat burua dagoeneko».
Egitasmoari buruz aztarna garaikideak ere artea izan daitezkeela dio Consonnikoak: «Bilboko itxura garbitzen ari diren garaian, hondakinak aldarrikatzen ditugu guk, nortzuk garen eta nortzuk izan garen azaltzen digutelako, hain zuzen ere». Murren ustez, inork ez du zalantzan jartzen Partenoia artea denik eta bai, aldiz, jolas parke bateko hondakinak ikustea merezi duenik. «Artea egiteko ikuskizun handiak eta dirutzak gastatzea ezinbestekoa dela uste dute askok, baina badira beste modu batzuk. Parkea ikuskizunaren sinboloa zen, eta ikur hori irauli egin dugu». Duela bi urte Luna Park izeneko proiektuari ekin zionetik, hamaika aldiz izan da Mur parkeko hondakinetan. Txikitan behin baino gehiagotan izandakoa dela badaki, baina ez du gogoan: «Ikastolakoekin hitz eginda jakin izan dut». Haren ustez, bisitari gehienek nostalgiak bultzatuta egin nahi dute bisita eta, egungo eraikinetatik paseatzen, «bakoitzak jakingo du zer hartu gogoan».
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | ||
