Hitz goxoak, asmo onak eta promesak ez dira aski munduko pobreziaren arazoari aurre egiteko. Hala ere, herrialde askok agintzen dutena baino laguntza txikiagoa ematen dute GLO Garapenerako Laguntza Ofizialari, horrela jakinarazi du asteon UNCTAD Merkataritza eta Garapenari Buruzko Nazio Batuen Konferentziak. Herrialde gehienen ekarpenek gora egin duten arren, «emaile gehienek ez dute GLOerako agindutakoa eman». Halaber, Garapenerako Laguntza Ofizialean benetan dagoena eta Milurteko Helburuak gauzatzeko ezinbestekotzat jo zuten laguntzaren artean oraindik ere «alde nabarmena» dagoela nabarmendu du Supachai Panitchpakdi UNCTADeko idazkari nagusiak.
Milurtekoaren Helburuei eusteko, gutxienez, urteroko laguntza 50.000 milioi dolarrera handitu beharko dela azaldu du Panitchpakdik, horrela egin ezean, garatzeko bidean dauden herri gehienek ez dute txirotasuna erdira murrizteko aukerarik izango.
Aurreikuspenaren berri eman du UNCTADek ostegunean aurkeztutako Oinarrizko produktuen salneurriak, kapital fluxuak eta inbertsioaren finantzaketa txostenaren bidez. Ondorio nagusi bat azpimarratu zuen erakundeko buruak: «Urtero 50.000 edo 60.000 milioi dolar sistemari txertatzen ez badizkiogu, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako helburuak betetzerik ez dugu izango».
Gizartea lehentasun Txostenaren arabera, laguntzaren eraginkortasuna «ondo zehaztutako helburuen arabera» kalkulatu beharko litzateke eta Milurteko Adierazpenak, bestetik, gizarte garapenari lehentasuna eman ziola gogorarazi du, epe luzerako hazkunde ekonomikoaren kalterako. Horrela, osasunerako, hezkuntzarako eta bestelako gizarte zerbitzuetarako emandako laguntza nabarmen handitu dela baieztatu dute UNCTADeko adituek. Haatik, azpiegitura ekonomikoa eta produkzio sektoreak alde batera utzi dituzte GLOek.
Erakundeak ez du zalantzan jartzen laguntzak ondo erabili direnik, «gizarte zerbitzuetarako laguntzari ezinbestekoa deritzogu eta ondo justifikatuta dago, baina txirotasuna murrizten joateko sarrerak eta enplegua sortu beharra dago», esan zuen Panitchpakdik. UNCTADeko ekonomialarien ustez, laguntzaren eraginkortasuna handitzeko herrialde bakoitzean inbertsio publiko zein pribatuak laguntzeko agentziak sortu eta indartu behar dira.
NBEko agentziak eskatutako Garapenerako Laguntza Ofizialaren hazkunde osoa, bestetik, herrialde txiroenetara bideratu behar dela uste dute, «inbertsiorako eta hazkunderako prozesuak abiatzeko zailtasunak handienak haiek izaten dituztelako».
Urte erabakigarria Munduko txirotasuna murrizteko neurriak ere izan ditu mintzagai asteon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek. Esan duenez, herri emaileek, urtero, garapenerako 12.500 milioi euro gehiago eman beharko dituzte 2010. urtera arte, agindutakoa bete nahi badute eta Garapenerako Milurteko Helburuak erdiesteko. NBEko hogei bat agentzia, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako lan taldeak erabakigarritzat jo du 2008. urtea, Ban Ki-moonek esandakoaren arabera, «Garapenerako Milurteko Helburuak lortzeko bidean mugarri» izan behar duelako.
NBEko taldeak herri aberatsen garapenerako laguntzari dagozkion konpromisoak eta herrialde pobreenen zorrak aztertu ditu. Horrez gain, azken hauen merkatuetara, botika merkeetara eta teknologia berrietara duten sarbidea ikertu dute. Herrialde txiroenetako zorra arintzeko helburuan «aurrerakada nabarmena» eman dela azaltzen du txostenak. Ez da berdin gertatu, aldiz, merkataritza eta garapenerako laguntzarekin.
NBEko idazkari nagusiarentzat lan taldearen txostena «lanabes baliotsua» izango da munduko agintariek hilaren 25ean New Yorken egingo duten goi bilerarako. 2015 urtera bitarte ezarritako helburuak lortzeko jorratu beharreko alderdiak zeintzuk diren erabaki beharko dute bertan: «Agindutakoa bete beharra dago horrela milioika pertsonen bizi baldintzak hobetu ahal izateko». Halaber, Milurteko Helburuak betetzeko «zazpi urte besterik ez» direla falta gogorarazi zien herrialde aberatsenei.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | |||||
| 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
| 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
| 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
