Mezua: Badoa itsasadarreko erraldoia

2007/10/03

Badoa itsasadarreko erraldoia

Mikel | 10:08:36 | Atalak: Euskal Herria | 453 hitz  

Duela hamarkada gutxi, itsasontzi erraldoien joan-etorria ohiko irudia zen Bilboko itsasadarrean, industriaren ke grisarena bezain ezaguna hiriburuko nahiz Ezkerraldeko herritarrentzat. XX. mendearen bukaerak, alabaina, oso bestelako etorkizuna diseinatu zion Bizkaiko bihotz industrialari, eta, pixkanaka, lantegien grisa titanio xaflen kolorearekin eraldatu zen. Ibaizabal itsasadarraren kolorea ere aldatu egin da, eta ez bakarrik zikintasunaren marroia gero eta orlegiagoa delako, baizik eta ontzi berri gero eta gutxiago jaio direlako haren magaleko ontzioletan. Laster aterako da itsaso zabalera Sestaoko Navalen sortutako azken gasontzia, Sestao-Knutsen, duela urte gutxi uretaratutako Bilbao-Knutsen-en bikia, eta hiru urte igaro beharko dira itsasadarreko uretan beste ontzi erraldoirik sortu arte, 2010. urterako aurreikusi bai-tute mota horretako hurrengo ontzia.

Norvegiako Knutsen OAS enpresarentzat ontziola bizkaitarrak eraiki duen bigarren gasontzia da hori; izan ere, ezaugarri bereko ontzia egin zuten Sestaon orain dela urte batzuk. Erraldoi berriak, hartara, Bilbo-Knutsen gasontziaren neurri eta edukiera berberak izango ditu: ia 300 metro luze, 42 metro garai eta 68.200 tonako pisua. Enbor sendo horrekin, 138.000 metro kubiko gas garraiatu ahal izango ditu, 163 gradu zero azpiko tenperaturan. Zama horrekin, hutsik dagoenean, batez beste 20 korapiloko abiaduran ibiliko da munduan barrena.

2005eko urtarriletik, Sestao-Knutsen egiteko kontratua sinatu zutenetik, 600 behargin baino gehiago aritu dira lanean. Ontzia ezerezetik sortzeko 1,8 milioi lan ordu inguru behar izan dituzte Naval ontziolako nahiz inguruko enpresetako langileek. 28.000 kilowatteko motorrak egunero probatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta orain, ostiral eguerdian, proba nagusia egingo dute, itsasora ateratzea, alegia.

Navaleko behargin ez direnek joan den asteburuan izan dute Sestao-Knutsen uretan ikusteko azken aukeretako bat, Iñaki Uriartek (Bartzelona, 1946) Bizkaiko Arkitektoen Elkargoko kideak Euskal Herria ontzian itsasadarrean egin ohi dituen bidaietan, hain zuzen ere.

Katalunian jaio arren, bilbotar gehienek baino askoz hobeto ezagutzen du Uriartek Bilboko eta Bizkaiko historia, are gehiago Ibaizabal itsasadarraren inguruan mendeetan garatu izan dena. Bilbo XXI. mendean sartu arren industrializazio garaiko sustraiak gorde behar dituela aldarrikatzen du, besteak beste, arkitektoak, «iragan industriala Bilboko hiriaren nortasunaren parte delako». Lantegiekin batera, itsasadarraren garrantzia ere nabarmendu du sarritan, eta erakundeei errekako uretan nabigazioa berreskuratzeko eskaera egin die maiz. Berak eskatutakoari jarraituz, aspaldi, Uriartek berak ibilbide gidatuak egiteari ekin zion, ontzi txiki batean, bisitariei itsasadarreko historia azaldu eta Bilbo zein inguruko herrien garapenari buruz bere ikuspegi «kritikoa eta subjektiboa» azaltzeko.

Urteotan 200 bidaiatik gora egin izan ditu Uriartek Bilboko errekatik Abraraino. Udako denborako azken hirurak asteburu honetan egin ditu, eta, horietan, bidaiariek Sestao-Knutsen gasontzira hurbiltzeko parada izan dute, Euskal Herria ontzian. Naval ontziolako garabiak, txangoetako gidariaren esanetan, elkarrizketan ariko balira bezala altxatzen dira Sestaoko lantegian. Azken bidaian, garabien antzera mintzatu ziren, aurrez aurre, ontzi bietako brankak. Txikienaren sirena hotsari erraldoiaren soinuak erantzun zion, bisitarien lilura artean. Azkenean, Euskal Herria ontziak atzean laga zuen gasontziaren krosko gorria, eta Santurtziko arrantza portu zaharrerako bidean jarraitu zuen, gizateriaren ondare izendatutako Bizkaiko Zubitik, munduko itsasoek Bilbora heltzeko duten burdinazko atetik.

Erantzunak:

Bidaltzailea: jabetzen den hori [Kidea]
Oker ez banago, Periferiak 07 programaren barruan ere txango polita gidatuko du IƱaki Uriartek Naxatik abiatuta. Ia bihar joaterik dudan.
Permalink-a 2007/10/04 @ 22:40
Bidaltzailea: Mikel [Kidea] · www.mediaberri.com
Bai, itsasadarretik eginiko bisiten oso antzekoa izango da, beraz, oso interesgarriak. Ea eguraldiak berea egiten duen.
Permalink-a 2007/10/05 @ 09:09

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <a, p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Mediaberri


Atalak


Artxiboak

Maiatza 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Besterik

Blog hau sindikatu XML

What is RSS?

powered by
b2evolution