Mezua: Wifi konexiodun tabernak Bilbon

2007/09/04

Wifi konexiodun tabernak Bilbon

Mikel | 20:38:40 | Atalak: Euskal Herria, Teknologia | 423 hitz  

Gogoratuko duzue duela hilabete batzuk galdezka hasi nintzela ea Wifi konexiodun tabernarik ezagutzen zenuten Bilbon. Egia esan, ez mezua ez nire ikerketa laburrak, ez zuten fruitu askorik eman, baina, hala ere, artikulutxo bat idatzi nuen, gaur (oraindik lanera itzuli ez arren) BERRIAn. Zerrendaz gain, pasarte interesgarrienak kopiatuko ditut hemen:

Egun, taberna ugarietan eskaintzen dute Interneten ibiltzeko aukera, baxoerdiren bat hartu bitartean, posta elektronikoa irakurri, bidaiak antolatu edota munduko beste puntako lagunekin txateatzeko. Bilboko taberna eta kafetegi askok eskaintzen diote bezeroari Internet sarera konektatzeko aukera. Zazpikaleetako Kalderapeko taberna eta askotariko ikuskizunak hartzen dituen Kafe Antzokiak izan ziren aitzindariak horretan. Antzokiko komunikazio arduradun Jabi Zabalak zentzuzkoa deritzo taberna edo kafetegi batean Internet eskaintzeari: «Pentsatu genuen kafe bat hartzen lasai daudela, interesgarria zela Interneten nabigatzeko aukera ematea». Duela bi urte jarri zuten doako konexioa martxan, «guztiz librea da, ez du inolako pasahitzik eskatzen eta, gainera, ez du gure lana oztopatzen, horretarako beste konexio bat dugu-eta». Wi-fi sarea jarri izanagatik urteotan bezero gehiagorik lortu duten ez daki Zabalak, baina, edonola ere, «badira batzuk horretara etortzen direnak eta, bide batez, trago bat hartzen dutenak».

Zazpikaleetan, San Nikolas elizatik gertu, El Tinglao eta Yamike izeneko tabernetan aurkitu daiteke doako haririk gabeko konexioa. David Ruiz, tabernetako jabeetako batek, 2005eko abenduan ekin zion Internet eskaintzeari, «ez nuen aparteko irabazirik lortzeko egin, baizik eta zerbitzu gehigarri bat eskaintzeko bezeroei, tabako makina jarri nuen bezala». Erabiltzaile kopuruagatik galdezka, udan beherakada nabarmena sumatzen dutela dio, «neguko bezeroa etxean konexiorik ez duen jendea da, ikasleak esate baterako, eta batzuk ia egunero ikus daitezke hemen». Haien tabernetan konektatu ahal izateko, tabernariari pasahitz bat eskatu beharra dute bezeroek, eta, ondoren, ez dute inolako mugarik Interneten ibiltzeko.

SARE PUBLIKOEN ZAIN. Teknologiaren munduan amets egiten dutenek, planeta osoa hartuko duen haririk gabeko konexioa dute paradisutzat eta badira, eremu murritzagoetan, halako proiektuak abiatu edo iragarri dituztenek, besteak beste, Fon zein Google enpresek eta Los Angeles, Paris eta San Frantzizko hirietako udalek. Euskal Herrian badira herri osoentzako konexioa eskaintzeko proiektuak, azkena, Eibarko udalak aditzera eman berri duena. Wi-fi sare publikoen ametsa, baina, zailtasun handiak ditu Espainiako CMT Telekomunikazioen Merkatuaren Batzordeak legez ezartzen dituen mugak direla medio. Erakunde horrek udal askoren proiektuak hondatu ditu, telekomunikazioen eremuan lehiakortasunaren kontrakoak direlakoan.

Egungo sareak bitarteko direla kaleko erabiltzaileengandik babesteko joera zabaldu den arren, oraindik ere badira Warchalking mugimenduaren bidez karriketan konexio puntuak markatzen dituzten erabiltzaileak. Bilbon, esate baterako, hitzordua jarri izan dute inoiz wi-fi sare askeak aurkitu eta markatzeko. Horretan datza Warchalking deritzona, ikur kode batekin kaleetan markak egin gainerako erabiltzaileei non konektatu daitezkeen ohartarazteko.

Erantzunak:

Bidaltzailea: jabetzen den hori [Kidea]
Aipatu taberna hoietako doaneko WIFI konexioan murgiltzeko norberak eraman behar al du ordenagailua?
Permalink-a 2007/09/05 @ 12:18
Bidaltzailea: Mikel [Kidea] · www.mediaberri.com
Bai noski, PDA edo ordenagailu eramangarria eramatea ezinbestekoa da, dakidala, hauetako guztietan. Bide batez, estekan agertzen bada ere, hauxe da aipatutako zerrenda:

Bilboko taberna batzuk:
Kalderapeko (Zazpikaleak)
El Tinglado (Zazpikaleak)
Yamike (Zazpikaleak)
Kafe Antzokia (Abando)
Da Vinci (Abando)
Sildavia (Bilbo Zaharra)
Bullit (Bilbo Zaharra)
Zubiarte merkatal gunea (Abandoibarra)
Kirruli (Indautxu)
La Riza (San Mames)
Poza 40 (San Mames)

Bizkaiko batzuk:
La Plaza (Algorta)
La Terraza (Portugalete)
Max Center merkatal gunea (Barakaldo)
Kafe Antzokia (Ondarroa)
Permalink-a 2007/09/05 @ 21:52
Bidaltzailea: Benito [Kidea] · http://www.asapala.org/mahatsorriak/troka
Beste bat: Izeki (Deustua, Ramon y Cajal kalean)
Permalink-a 2007/09/07 @ 13:38

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <a, p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Mediaberri


Atalak


Artxiboak

Maiatza 2013
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Bilaketa

Besterik

Blog hau sindikatu XML

What is RSS?

powered by
b2evolution