Atala: Goienkaria

2012/09/26

Gora Galeusca (m)!

06:43:05 | Atalak: Goienkaria | 241 hitz  


Lelengo topaketak S. Aranaren disidente batzuk politikari kataluniar eta galiziar batzuekin egin zituzten 1923ko udan, baina M. Primo de Rivera diktadoreak festa amaiarazi eutsen. 1944an erbestaldian, “Galeuzca”-ri ekin eutsien barriro be, iberiar bazter honetan beste diktadore bat egoanez. 2004an, azkenik, europar hauteskundeetarako plataforma eratu eben BNG, EAJ eta CiU-k.


Politikatik at, literatura esparruan, 1984an hiru lurraldeetako idazle talde batek lelengo jardunaldiak antolatu zituzten, izen bardina hartuta, eta ordutik urtez urte txandakatu dituzte. Aurton Euskal Herrian izango da, udagoien honetan. Azkenak 2009an izan ziran, Arantzazuko hor goiko paradisuan.


Baina literaturatik eta politikatik kanpo, badago Galeusca izeneko mini mendi taldea, Gasteizen bizi diran ourensetar eta bartzelonar banak eta Bilbon bizi dan ahuntz transprobintzial honek osatzen doguna. Debagoieneko ospitalean alkarregaz ibili izan gara eta, lan egiteaz gain, naturaz gozatzea eta kirola praktikatzea be bururatu jakun. Hasteko Gorbeialdeko Usategieta eta Arralde tontorretara iritsi ginan, behelainoa eta euria lagun. Hirugarrenean Pagasarrira igo ginan, eta neure lagunek konprobatu ahal izan eben asfaltoaz gain Botxoan bazter natural politak dagozala. Laugarren edizinoan Urkulutik Kurtzebarrira, behelainopean barriz be. Galdutako pertsona maite baten omenez egin genduan, eta berak lagundu ei euskun hortik goitik kurtzea aurkitzen, geu be nahikoa galduta gengozan-eta!


Azken hiruetan autokarabaneagaz jun gara. Sanabria aldetik Pena Trevinca egin genduan, Galiziako sabaia. Betelu aldetik Malloetan barna gustura baino gusturago ibili ginan. Eta barriki Palentziako erraldoiak konkistatu izan ditugu, Peña Prieta eta Espigüete hain zuzen be. Bizi gara!


*(m) = montañeiro, mendizalea, muntanyer.

2012/08/16

Martutene

09:49:13 | Atalak: Goienkaria | 242 hitz  

Udan egin ditzakegun gauza atsegin guztien artean irakurtzea dago. Ez esan ez dozuela inoiz sentidu harrapatzen zaituen liburu horietako bat irakurtzeko plazera urrutiko kanpin batean, edo hondartzan lasai-lasai eta itzalean egunkaria. Ganera uda partean jaiei buruzko albisteak, kirolak, kontzertuak eta kontu arinak erraz sartzen jakuz, barriemoile jatorrak izaten dira Joan, Kepa eta Fermin Deunak, Celedon jauna eta Mari Jaia andrea, besteak beste. Aurton ganera Londresko Olinpiar Jokoak izango ditugu, ez gara Wimbledon, Frantziako Tourra edo Errealeko aurredenporaldiagaz bakarrik elikatuko ba!

Baina mendi apaletara igotzeaz gain, denpora eta gogoa edukiz gero mendi garaietara iristen be saiatu geinke. Neuk behinik behin 8.000 metrokoa baino 658 orrialdeko Lur bat haratago liburukotea jatea lortu neban aspaldiko uda batean. Munduko beste musturrean nengoan, baina Joan Mari Irigoienek ekarri ninduan bueltan Nafarroa eta Lapurdi aldera eta denporan XVII. mendea arte atzera egin neban bere eskutik, bidaia luzean baina erabat entretenigarrian.

Hurrengo erronkari ez dakit uda honetan ekingo deutsadan edo Durangoko egunetara itxarongo. 784 orrialde neurtzen da mendia, eta Martutene izena deuko. Gertu-gertuko lekuak, sasoiak eta kontuak ei dakartza, euskal gatazka politikoa fondoan. Eta aperitibo moduan, txakolin hotza eta pintxo goxoa adibidez, hausnarketa hauekin lagako zaituztet. Lelengoa idazlearena berarena da, Ramon Saizarbitoriarena Berria-n: "Uste dut fikzioak errealitateak berak baino hobeto adieraz dezakeela egia, fede onez idazten denean behintzat". Eta bigarrena Idurre Eskisabelena, egunkari berean: "Negozio gizonen logika irentsi, eta fede onekoa tonto bihurtu dugu. Nago fede onaren bandera ez ote den gaur egungo ikurrik irreberenteena".

Ondo ibili oporretan!

2012/06/07

Ez artea ez kultura

11:21:47 | Atalak: Goienkaria | 236 hitz  


Animaliekin krudeltasuna adierazten txiki-txikitatik hasten gara, danok modu batean edo bestean egin izan dogu. Basakeria txikiak izan leikez, inurritegiak erasotzea edo sugandilei buztana moztearen modukoak, edo handiagoak, txakurrei alkohola edanaraztea, katuen ipurtzuloetan petardoak ipintzea. Edo kontu basatiagoak.


 


Adinean aurrera, suposatzen da eboluzionatu eta zibilizatu egiten garela. Baina hori suposatu bakarrik egiten da. Kasu batzuetan geure burua “sofistikatu” besterik ez dogu egiten. Lekeitioko jaietan egiten dan antzara-jokoa adibidez ez da ume jolasa, helduek egindako basakeria baizik. Eta atara kontuak orain dala urte batzuk antzarak bizirik egoazala burutik tira egiten eutsienean...


 


Antza danez oso dibertigarria da animaliekin “jolastea”, eta noz eta herriko jaiak baino momenturik egokiena hori egiteko. Mari Jaiaren sasoia iritsi arte, esate baterako, Bilboko festen erdigunea zezenketak ziran. Gaur egun, zorionez, interesgune bat baino gehiago dagoz Aste Nagusian: su artifizialak, musika kontzertuak, txosnagunea, txikigunea, bilbainadak, gastronomia lehiaketak, herri kirolak eta abar. Noski, zezenketa zale ugari eta batzuk txit sutsuak dagoz Bizkaiko uriburuan eta inguruetan, zezen plazaren aurreko kontzentrazinoetan urtero konprobatzen dogun legez. Baina, inkesten arabera, zaleen adinaren batezbestekoa gora doia, gero eta jente gazte gitxiago doia ikuskizun odoltsu hauetara alegia.


 


Halandabe, pasa dan asteburu honetan Zestoan erreferenduma antolatu dabe herrian zezenketak egiten segitzeko ala ez erabakitzeko, eta emoitza oso argia izan da baiezkoaren aldekoa. Argia bezain harrigarria. Hurrengo bataila Bilbon berton izango da, ekainaren 17ko manifestazinoan, tradizino basati honen diru-laguntzen aurka. Borrokak aurrera darrai. Eta beti izango dogu Bartzelona.

2012/04/27

Dissidenten

11:38:03 | Atalak: Goienkaria | 262 hitz  

Ez, ez dot ezer idatziko Ezenarro, Erostarbe eta Basabe kritikoei buruz, ez naz sartuko politikaren ur handietan… are ur handiagoetan murgilduko naz, ordea! GOIENAren 504. zenbakiak Eutsi Berrituz talde gipuzkoar matxinoaren barri ekarri eban, eta Elexaren esparru ez ofizial horreri buruz ariko naz hain zuzen be (glups!).

Lelengo disidenteak orain dela 500 urte agertu ziren Alemanian (Martin Luther), Holandan (Erasmus), Suitzan (Jean Calvin) eta Eskozian (John Knox), besteak beste, Inkisizinoa eta Elexaren beste gehiegikerien aurka, Humanismoaren alde, apaizen ezkontzen alde edo latinaren ordez lurralde bakoitzeko hizkuntzen alde. Euskal Herrian, adibidez, Joanes Leizarraga kalbinistak Itun Barria euskaratu eban 1571n.

XX. mendeko "protestanteak" Elexa Katolikoaren barruan, neurri handi batean, 1970eko hamarkadan eta nagusiki Latinoamerikan piztutako Askapenaren Teologiaren eskutik datoz, tartean Helder Camara, Oscar Romero, Samuel Ruiz, Ernesto Cardenal, Pere Casaldaliga, Hans Küng, Leonardo Boff, Ignacio Ellacuria eta Jon Sobrino.

Gaur egun be ez da falta hierarkiaren aurkako errebelderik, Michele Birch-Conery eta beste 9 andra iparamerikarrek Vaticanori desafiatu eutsien 2005ean eta abadetu ziren Kanadako paraje zoragarri batean. Geurean eta geuretik gertu "Eliza Gara", "Kristau Sarea, "Iglesia 2.0", "Justícia i Pau", "Col·lectiu de Dones en l’Església"…

Jose Antonio Pagola eta Joxe Arregiren ibilbideak be nahikoa ezagunak dira geurean. Eta Pello Zabala ikusi zenduten Xabier Euzkitzegaz ETB1en? Interneten ikus/entzungai dago, saio ederra da. Matxino ugari bai, baina gitxiengoan. Buruzagiak bitartean gor eta burugogor, hondamendiruntz eroaten dauan jarrera itxia da eurena, jendarteko gehiengoagaz sekula bat egingo ez dauana.

(Koldo R Bengoa, Felix Askasibar eta Loli Puenteri dedikauta).

2012/03/13

Twist

23:02:11 | Atalak: Goienkaria | 251 hitz  


Orain dala urte gitxi batzuk Ipar Euskal Herriko zoro batzuk, “The Sparteens” izeneko musika taldea, 70, 80 eta 90eko hamarkadaren kanta famatuak (Sex Pistols, La Polla Records, Kortatu,  Delirium Tremens, Su ta Gar, Nirvana, Kuraia,… ) bertsionatzen hasi ziran, abestiak ezinezko moduan aldatuz eta 60ko hamarkadaren ukitua emonez, “ye-ye” estetika alegia.


 


Frantzian abiatu eben pop musika mugimendu hori, tartean Johnny Hallyday, France Gall eta Serge Gainsbourg egoazala. Hortik “Ye-ye“-ak Italiara eta Espainiara (Massiel, Karina, Marisol,… ) jauzi egin eban, eta sasoi beretsuan, “Twist“ izeneko dantza modan ipini zan itsasoaz bestaldean, Estatu Batuetan, Chubby Checker, Bill Haley eta Sam Cooke-gaz, besteak beste. Baina kontu arraroa da twist abesti famatuenetarikoa Ingalaterran egin ebela, “The Beatles”-ek alegia, eta ez Ameriketan.


 


Halaber, “Twist” (Susa, 2011) Harkaitz Canoren azken nobelaren izenburua da, 400 orrialde pasatxo deukon lan mardula, baina hasiz gero ziur aski harrapatuko zaituena. Liburu borobila da, neure uste afizionatuan, orain arte oihartzun positiboa sortzen dabilena, euskal letretan gitxi ez dana. Are gehiago, azken urteotako elebarririk hoberentzat be jotzen dabe batzuk…


 


1980ko hamarkadan gertatutako hainbat kontu aipatzen ditu, fikzionatuta, horietako asko ezagunak baino ezagunagoak gaztetxoak ez garenontzat. Bestela, bitxia bada be, antzerkia, artea, sexua, politika, medikuntza, kirola, adiskidetasuna, bikoteak bai, baina musika aipamenik (ia) ez dago. Izenburua gora-behera.


 


Horra gomendioak beraz, musika eta literatura, “Sparteens” eta H. Cano. Eta hona agurra, “mikrofono” hau aprobetxatuta, Osintxuko lagun txuri-urdinei. Derbi guztien ganetik. Twist and Shout: Aupa Real!

:: Hurrengo orrialdea >>

L'esternut de migdia de la cabra

Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.


| Hurrengoak >

Abuztua 2014
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Besterik

XMLBlog hau sindikatu

What is RSS?

powered by
b2evolution