Kirmen Uriberen bigarren eleberria irakurtzen amaitu berri dut, bikaina iruditu zait, detaile guztiak zaintzen dituena, betiko moduan, eta amaiera zinez borobila. Izan ere, aspaldian ez dut horrelako bukaerarik irakurri. Literaturaterapia gehiago:
“2010eko azaroaren 28an jaio zen gure alaba Arane. 2011ko apirilaren 24an hil zen nire lagun Aitzol Aramaio. Elkarrekin egon ginen azken aldietako batean hauxe esan zidan Aitzolek:
- Heroi baten istorioa kontatu behar duk.
- Baina niretzat ez zagok heroirik. Pertsonen alde hauskorra gustatzen zaidak niri, ez balentriak. Beldurra ematen zidatek heroiek.
- Ez nauk halako heroiez ari. Jende arruntaz ari nauk. Heroiak zaudek hor zehar, lehen eta orain, hemen eta mundu zabalean; heroi txikiak, jendea laguntzen dihardutenak.
Isildu egin nintzen orduan. Gaur egun arrazoia ematen diot. Heroiak daude hor zehar, lantzean behin hil egiten zaizkigunak. Bada, hementxe duzu heroi baten istorioa, nire bihotzeko laguna ”
Zineterapia (hortan gabiltza). Literaturaterapia, klasikoen artean klasikoena. Eta musikoterapia, beste klasiko handi bat. Orain dela urte bat eta erdi lantoki dudan Gurutzetako Ospitaleak abiatu du ziklo bat, maiatzetik urrira luzatuko dena, "musika osasungarri" lelopean. Datorren asteazkenean (ekainak 19an), arratsaldez, mugikortasun mugatutako pazientearen zainketei buruz izango da hitzaldia, musikaz lagunduta.
Arteak ez du sendatuko, baina arintzeko boterea begi bistakoa da.
"- Maite zaitugu, benetan maite zaitugu. Baina mesedez hilko zara jada?
- Maite zaitut, benetan maite zaitut. Baina mesedez utziko nauzu hiltzen jada?"
Hitz gogorrak akaso, edo maitasunez betetakoak, nondik begiratzen duzun. Lawrence Weschler ('New York Institute for the Humanities' ) eta Diane Meier ('Center to Advance Palliative Care' ) arteko elkarrizketa honi buruz hemen duzue entzungai.
Buzzin' in my head: "Live and let die" (Guns 'n Roses).
Esango bazenidaten hitz bakar batez definitzeko zein izango zen ideia edo sentipen nagusia (ez bakarra) dokumentaleko protagonista bakoitzak bertan transmititzen duena (nire ustez), ariketa zaila dela erantzungo nizueke. Baina apur bat hausnartuz gero, akaso bai gailentzen direla kontzeptu batzuk beste batzuen gainetik: Koldo Martinezen kasuan "bizimina" izango zen berba hori. Julio Gomezena "oreka" izango zen ziur aski. Naiara Palacinena "oroimena". Arantzazu Ibarrondorena "bizipoza". Eta Eider Otxoa eta Iker Barandiaranena, "eraldaketa". Hauek dira orain arte elkarrizketatuak, ordenean, hurrengoekin laster egongo gara.
Bestela, Baskistan (agian) txikiegia dela badakigu. Proiektu honekin, beste behin ere, ikusten ari naiz zelan sarea bilbatuz joaten garen, nahi gabe, konturatu gabe, borobilak ixten, sentipen onak lagatzen. Adibidez, Lesakako nire lehengusina Miren Rubiok dokumentalaren berri badauka, eta lehengo egunean poema bat gomendatu zidan, gure gai honi erabat lotutakoa. Olerkiaren izenburua da "Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko", eta egilea Iñigo Astiz da. Hain zuzen ere Koldo Martinezen loba, beste borobil bat itxiz.
Azkenik, asteburu honetan Errenterian eta Lesakan grabatzeko asmoa daukagu larunbatean. Eta ostiralean, lehenengo herrian, Joseba Irazokik eta Pettik kontzertua emango dute, galdu nahi ez dudana. Borobila zarratuz, Petti da dokumentalaren epilogoan sartuko dugun abestiaren egilea.
Honela dio poemak:
ilaran paratu jantokiko lau aulkiak
egiaztatu seriean egin zituztela eta
beraz denak berdin-berdinak direla
tolestu belaunak eta eseri haietako batean
ipurdia ipurdiari dagokion gunean pausatuz
errepikatu prozesua beste hiru aulkiekin
eta haietako bat laxoago dagoela sumatuta
inguruko inork ez entzuteko moduan esan
«honetan eseri zen gure aita.
Aulki hutsetara hurbiltzeko beste modu bat. Kasu honetan musika eta literaturaren bidez. Eta, akaso gauza guztien gainetik, omenaldia. Lagun ezkutatua izango da omendua, gogoratuko zarete blog honetara ekarri genituela Harkaitz Canoren hitz zoragarriak Joxan Lizarribarren heriotza dela-eta. Ba idazle lasartearraz gain, adibidez Kirmen Uribe, Ainhoa Arteta, Jose Angel Irigarai eta Rafa Rueda ikusteko eta entzuteko aukera edukiko dugu datorren ekainaren 6an, ostegunean, arratsaldeko 8etan Andoaingo Bastero kulturgunean.
Basteroko webgunean ez dut aipamenik topatu, ezta Google-ren bidez ere. Gaurko "Berria"-n ikusi dut iragarkia, eta artisten zerrendaren azpian Eneko Olasagasti agertzen da. Beraz dokumental modukoa izango da ziur aski. Biderik onena joan, ikusi eta entzutea izango da.
Asteburu on!
Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | |||||
| 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
| 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
| 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
Blog hau sindikatu