Atala: botxokaria

2011/04/15

Ariadna izeneko tranbia

23:50:34 | Atalak: botxokaria | 222 hitz  

1996an izan zan, Barakaldora bizitzera joan nintzan urtean, “Malena es un nombre de tango” filmean ikusi neban eta seko maitemindu nintzan. Honen atzetik saiatu nintzan pelikula bat bera be ez galtzen, gazte orlegi eta maitabera nintzanez, baina Malenarena izan zan iltzatuta geratu jatana.

 

Hamabost urte geroago Bartzelonako metroan iragarki handi batean ikusi neban orain dala aste batzuk, beti bezain ederra, gas naturalaren erabilera sostengatzeko kanpaina zan, eta neure harridurarako kartel guztiak katalan hutsez egoazan. Maitemina gora-behera gaztelaniadun-mundukouritar-moderno-sozialista itxura hartu deutsat beti neska honeri, eta kanpaina elebakar batean bere irudia erabiltzen laga izana zelabait katalanistagoa agertzen jat neure begietara.

 

Arestian baina aboa bete hortz gelditu naz, katalanista ez ezik baskista be ez da ba Ariadna Gil? Dakizuenez, “Sortu” alderdiaren alde bere sinadura gehitu eban beste hainbategaz batera, eta horrek zeharo deskolokatu nau. Noski, “ultranacionalista” eta “proetarra” moduko adjektibo txit originalak eskaini deutsiez, eta Julio Medem handiaz gogoratu naz. Jakina. Uste dodalako hala Julio nola Ariadna nazionalistak be ez dirala, benetako askatasun, demokrazia eta justiziaren defendatzaileak baizik.

 

Azken geltokia, momentuz, Arriaga antzokia izango da. 1996an “Tranvía a la Malvarrosa” zineman egin baeban, orain “Un tranvía llamado deseo” antzezlanean ikusteko aukera edukiko dogu. Barriro maitemintzeko aukera. 

Buzzin' in my head: T’estimo molt

2011/02/08

In-de-pen-dentzia, in-de-pen-dentzia!

13:33:45 | Atalak: botxokaria | 413 hitz  

Karreraren bigarren urtean izango zan, ez naz ondo gogoratzen, 1989 edo 1990ean, orain dala 20 urte gitxi gora-behera (oh, my god! a long time ago!). Madrilgo Complutensean nengoan Medikuntza ikasten eta aukera sortu jatan Afrikara aste batzuk juteko, kooperazino lanetan. Lelengo aldia izango zan holakorik egingo nebala eta egia esan alde batetik "akojonauta" negoan eta beste alde batetik irrika bizian. Sudan zan neure helmuga, eta egia esan oso gauza gitxi nekian herrialdeari buruz: anglofonoak zirala, oso lurralde zabala eukiela eta ezer gitxi gehiago. Halandabe, apuntauko nintzan "bonbardaketara"...

Patuari esker, erabagia hartu baino lehen, neure eskuetara ailegau zan aldizkari bat, azalean Sudango gerra zibilari buruzko aitamena ekarrena. Aboa bete hortz, barruko artikulua irakurri neban eta Iparralde musulman eta zuria eta Hegoalde baltz eta animista/kristauaren arteko gudaz irakurri neban. Asuntoa oso serioa zan, eta haserre bizian jun nintzan herrialde hartara bialduko ninduan erakundeko arduradunaren bila azalpenak eskatzera. Neska hura (ganorabako xamarra bera) saiatu zan neu lasaitzen, esanez jungo nintzan ingurua lasai egoala (Juba izeneko uria, Hegoaldeko uriburua hain zuzen be) eta abar. Ez ninduan konbentzidu, noski, eta abentura berton behera gelditu zan.

20 urte horiek igaro ostean, zorionez, guda hori ofizialki amaituta dago (1983-2005). Eta munduko beste toki batzuetan ezinezkoa dana herrialde txiro, atzeratu eta garatu gabeko hartan posible izan da pasa dan hilabetean, erreferendumaren bidez independentziaren aldeko bidea zabaltzea alegia, egunkarietan ziur aski irakurri dozuenez. Erreferendumaren emoitzak gaur jakin ditugu ofizialki eta gehiengo zabal-zabal batek bide hori sostengatu dauala jakin dogu, pozez. Gauzak ondo, aurtongo uda partean Hego Sudan izeneko herrialde barria sortuko dabe. Omar al-Bashir Sudango presidente musulmanak erabagia onartu dau eta ez ei dau trabarik ipiniko herriaren nahiari. Harrigarria, are gehiago hegoalde hartan petrolio sudandarraren erreserben gehien-gehiena dagoala jakinda.

Baina gauzak, noski, ez dira hain errazak izango. Petrolio horregaz hegoaldetarrak ez gelditzeko akoridioak sinatu dituzte, eta beste alde batetik mugako lurralde batzuekin oraindino arazoak dagoz eta borrokak esperokoak izango dira...

Amaitzeko, fribolitate handikoa izango zan Hego Sudango egoera Hego Euskal Herriagaz konparatzea, lehenik eta behin lurralde bietako uritarren bizi-itxaropena, renta per capita eta abar luzea kontuan hartuta. Beraz ez dot egingo. Baina deigarria da Euskal Herriaren barruan lurralde txikia dan Trebiñu be ez izatea bere buruaren jabe eta erreferendumaren bidez erabagiak hartzea debekatuta edukitzea. Trebiñun, neuk dakidala, petroliorik ez dago, eta uritar gehienak, neuk dakidanez, ez dira euskal nazionalistak, beste barik pertsona praktikoak dira. Baina eurek be debekatuta deukie autodeterminazinoa.

Ez deukot galdera gehiagorik, su señoría.

2010/10/14

De las Cuevas + Pascuas

13:00:14 | Atalak: botxokaria | 167 hitz  

Abizen horiek akaso mundu osoan ezagunak egin diran txiletar meatzari horietako batzuenak izan leikez. Baina ez, askoz be kontu hurbilagoak ekartzen ditu gaurko "Botxokaria"k. Botxotik oso hurbil, hain zuzen be, Nerbioi-Ibaizabal itsasoruntz hartuta ezkerraldean dagoan herri batekoak dira abizen horien jabeak, gentlemen and ladies.

Izan be, aurtongo Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa nork eta sestaoar bikote batek irabazi dau. 34 edizino eduki baditu txapelketa honek behin bakarrik irabazi dau bizkaitar bikote batek aurton arte, eta zaldibartarrak ziran. Gainontzeko irabazleak beti gipuzkoarrak izan dira, gol zaparrada batez irabazi dabe-eta orain arte (32-1). Eta oso bitxia da, baina bost udalerrietatik atara dira beti garaileak, Hernani, Azkoitia, Bergara, Donostia eta Errenteriatik hain zuzen be. Hortik beti Zaldibarko salbuespena kenduta.
 
Eta hara non aurton erdal eremu espainazalea ei dan Ezkerraldetik jun diran Arkaitz Pascuas eta Nagore De las Cuevas Goierri aldera, eta lehiatu ez ezik txapelagaz be itzuli diran Sestaora. Ederrak ahuntz hauek! Susmoa deukot aurtongo "Ahuntza Sariak 2010" lehiaketa ospetsuan zeozer irabaziko dabela... Bejondeizuela!

2010/08/31

Mari Jaiak aurton irakatsi deustana hamaika puntu laburretan

08:44:36 | Atalak: botxokaria | 233 hitz  

01. Edalontzi birziklagarriak eskaintzean asmatu dabe bete-betean. Ekarri asko!

02. Gero eta atzerritar gehiago etortzen dira Aste Nagusira. Flipau behar dabe hamen ikusten dabenagaz. Ez dago argi zer deukon Bilbok berezi eta desbardin?

03. Inork gehiago ez dau ikusten sakrilego xamar Mari Jaia bera, geure Mari Jaia, festen amaieran erretzea?

04. Zergaitik tematzen dira pregoilari batzuk kristolako testu luzeak irakurtzen? Pare bat esaldi herrikoi bota eta emon sua suziriari, txo!

05. Bilbon zezenketak arrakastatsuak dirala zalantzarik ez dago. Eta zalantza barik San Mamesera edo La Casillara juten diranen batez besteko adina Vista Alegrera doiazenena baino dexente baxuagoa da.

06. Beteranoak baino beteranoagoak ziran Kaskagorri eta Txori Barrote barik Aste Nagusi normalaz berba egin leikezu? Aurton talo goxo barik laga deuskue inkisidoreek, eta horregaitik bakarrik parkaezina da. 

07. Bilbon ez dala euskara entzuten? Zoiaz otorrinoarengana, macho, edo ornitorrinkoarengana.

08. Ez naz harritzen espainiar futbol selekzinoak hainbeste jarraitzaile edukitzea Botxon. Aste Nagusiko ekitaldirik jentetsuena zein da ba? Su artifizialak, hau da, ekitaldirik mediatikoena eta ekitaldirik pasiboena.

09. Planto eguna ez zala ezertan igarri? Zoiaz oftalmologoarengana, macho. Bestela, segi ostrukarena egiten, "The Spanish Post" eta "ETB-2" hedabide txit normalatzaileek egin eben moduan.

10. Ezin badozu nahi dozun tragoa ganoraz aboskatu, ez eskatu. Adibidez, "Gon Jacique Joja-Jolagaz" ateratzen bajatzu, hoba dozu ur botilatxo bat eskatu eta etxera joan, txo.

11. Ez San Ferminak ezta Rio de Janeiroko aratusteak be. Aste Nagusia bakarra dago, hamar gauekoa munduan.

2010/06/29

O Ano da Morte de J.S.

12:59:56 | Atalak: botxokaria | 43 hitz  

Aurton hiru urte izango dira, etzi hasiko dan hilabetean, aita hil jakula.

Aurton lau urte dira Pello jaio zala, urte bat Aiora, 34 Maider eta 39 neu.

Aurton Jose Saramago hil dan urtea da.

Aurton Erreala Lehen Mailara igo dan urtea da.

MMX.

:: Hurrengo orrialdea >>

L'esternut de migdia de la cabra

Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.


| Hurrengoak >

Azaroa 2014
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Bilaketa

Besterik

XMLBlog hau sindikatu

What is RSS?

powered by
b2evolution