Artxiboak: Maiatza 2010

2010/05/18

Khmer orlegiak

08:52:08 | Atalak: hordago txikira | 162 hitz  

Itxaro Bordari irakurrita kontzeptu hori jaso dot lelengo aldiz eta izugarri gustau jat: "Khmer berdeak", ekologistak alegia. Holan sentitzen naz neu euria egiten dauanean eta jente guztia jota eta kexaka dabilanean neu nahikoa pozik nagoenean. Baskistanen orain dala urte batzuk erraza zan turista madrildarrak antzematea, euria egiten ebanean makurtuta eta baldres xamar ibilten ziran horiek. Gaur egun baskistandar gehienak holan ibilten dira geurean, turista madrildarren sindromeak jota, erabat abduzituta, "eguzkia behar dot" eta "zein eguraldi nazkagarria" gora eta behera.

Gatxa da gaur egun natibo anfibiorik topatzea, baserritarren bat edo beste eta gitxi gehiago. Neuri be fotosintesia egitea gustatzen jat, baina eskolan txikitatik ikasi neban landareek bizitzeko argia ez ezik ura be ezinbestekoa deukiela. Alferrik da, natura zientzien lezioak urrun gelditzen jakie abduzituei, mendiak eurak be bai. Terrazak nahi dituzte abduzituek, eta sandalietan ibiltzea. Otsailean? Be bai. Eta neuri bitartean orlegitasuna gero eta gehiago gustetan jat, eta gero eta gehiago khmer orlegia sentizen naz...

2010/05/09

Azken egunak Gandiagagaz

14:03:48 | Atalak: doministikuak | 227 hitz  

"Emakumeak eta Osasuna" jardunaldiak antolatuko ditugu beraz hilabete bat baino gitxiago barru, Arantzazuko Gandiaga Zentroan. Lekuari jagokionez zalantzak piztu jakon bateri baino gehiagori talde antolatzaile barruan urruntasuna dala-eta, lekutan ei dago Oñatiko auzoa...

Joxe Azurmendi filosofo handiak lan mardula (500 orrialde inguru) eduki izan dot esku artean, "Azken egunak Gandiagarekin" izenburukoa. Liburuaren mamia erabat dentsoa da, eta behin baino gehiagotan erraz gal zaitezke berton. Baina ganetik begiratuta harribitxiak topa ditzakezu, adibidez honako hauek:

"Arantzazu autopista prehistoriko handien erdi-erdian dago, ez munduaren bazter zokoan", Azurmendik hauxe dino, hasteko, urruntasunarena gezurtatuz. Izan be, San Adriango tunela auzotik gertu gelditzen da, eta ingurune osoan hainbat trikuharri, tumulu eta historiaurreko harri dago, kokagune estrategikoa izan dalako seinale.

Bestela, Azurmendik (Gandiagak?) hurrengo deskribaketa eder hauek laga ditu liburuan, Arantzazuk zein usain, soinu eta irudi eskaintzen dituen maisuki idatzita:

"Arkume usain gatx eta samurra udaberrian, elorri lore usaina eta erleak eguzkitan, kamamilo usaina Urbiako zelaian, udagoen usaina, belar ihar usaina, ipar usaintsua, ardi eta elur usaina neguan".

"Iturria ur eta ur, nonahi txoriak txori, kilkerren jardun handia, txirtxilen kanta, ardien txilinak, ezkilak, intxarri eta zaunkak, dorreko kanpaiak, fraidekien kantuan airean, euriaren hotsa hostoen gainean, errekaren zarata apartsua, uren hots sakona".

Hori guztia eta gehiago da Arantzazu, Pello Zabalaren "Mendiko behatokia". Leku ezin aproposagoa emakumeen osasun kontuak euskaraz konpartitzeko.

2010/05/04

Hiru gauza ei dagoz bizitza honetan

09:17:29 | Atalak: doministikuak | 441 hitz  

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen izenean aurton XX. Osasun Jardunaldiak antolatuko ditugu Debagoienean lan egiten dogun talde batek, ekainaren 4 eta 5ean eta "Emakumeak eta Osasuna" gaia hartuta. ("Sustatu"n informazino gehiago).

Jardunaldietako parte-hartzaileei banatzeko liburua argitaratzen da urtero ponentzia, komunikazino, poster eta bestelako ekitaldien laburpenekin. Sarrera moduan, testua idaztea eskatu geuntsan Katixa Agirreri, haren ikuspuntutik, andrazko begiradatik. Idazlearen trebezia emoteaz gain, azkar erantzun eta testu eder hau oparitu deusku, zuekin konpartitu nahi dodana. Zorretan laga nau...

"Hiru gauza omen daude bizitza honetan, abesti zahar bati kasu eginez gero: dirua, maitasuna eta osasuna. Eta hirurak lortu, zaindu eta mantendu dituenak jainkoari eman behar omen dizkio eskerrak.

Kantuak ez du horrelakorik aipatzen, baina historikoki, hirurak ukatu zaizkie emakumeei. Dirua, maitasuna eta osasuna.

Dirua, emakumeak beti lan egin izan duen arren, bere lana jakintzat eman delako, trukean soldatarik behar eta merezi ez zuena. Azken mende honetan gauzak aldatu badira ere, gure lehenengo mundu honetan oraindik gosaldu behar dugu soldata-diskriminazioaz hitz egiten diguten berriekin. Ez dakigu noiz arte.

Maitasunarekin antzeko gauza gertatu da, izan ere pertsona berdinen artean  baino ez delako posiblea benetako maitasuna, eta hala ez bada, maitasuna barik, beste izen bat bilatu beharko genioke  desberdintasunean oinarritutako harreman makurrari. Horrelako ez-maitasun istorioak ere egunkarietako lehengai izan ohi dira, zoritxarrez.

Eta horrela ailegatzen gara bizitza honetako hirugarren oinarrira. Osasuna. Zer gertatzen da emakumeen osasunarekin? Dirua eta maitasunaren ukatzea emakumeak desberdin kontsideratzearen ondorioa da. Osasunarekin, ordea, kontrakoa gertatzen da. Emakumearen osasun propioaren ukazioa emakumea berdin kontsideratzeagatik etorri da. Gizonaren kopia bat, saihets batetik ateratako bere erreplikantea. Apur bat ahulagoa, baina erreplikantea azken finean.

Halako batean, zientzia medikoak erabaki zuen emakumea eta gizona berdinak zirela osasunaren esparruan, ugalketari dagozkion desberdintasun ñimiño batzuk kenduta. Eta horrela, gizona eta bere fisiologia ikertzeari lotu zen, ikerketa horien emaitzak gero emakumearentzat, alegia, bere erreplikante ahularentzat ere baliogarriak izango zirelakoan.

Berdintasun bortxatu horren ondorioak oraindik pairatzen ditugu, azken hamarkada hauetan askotan salatu denez, baita prentsan ere. Zaila omen da gaixotasun kardio-baskularrak detektatzea emakumeengan, hauek sintoma propioak dituztelako, eta ez gizonen sintomak, beharko lukeen moduan. Gaixotasun batzuek emakumeengan eragin handiagoa baldin badute, ziurrenik gaixotasun psikosomatiko baten aurrean gaude, bestela nola azaldu gizon eta emakumeen arteko desberdintasun hau? Eta abar.

Ez da xamurra, ez, egunkariak irakurtzea gaur egun. Noizean behin, ordea, berri onak ere agertzen dira. Gutxinaka, bi hankekin (gizonaren bi hankekin) egindako bideak desegiten ari gara. Hasi gara gainera bide berria egiten, lau hankekin oraingo honetan (gizon eta emakumearen lau hankekin). Jardunaldi hauek horren lekuko dira.

Dirua, maitasuna eta osasuna. Abesti zaharrak, akaso, arrazoia zuen. Merezi ditugu. Eta nahi duenak, eman diezazkiola eskerrak jainkoari. Nik gizon eta emakume onei ematea nahiago dut."

L'esternut de migdia de la cabra

Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.


Maiatza 2010
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31

Bilaketa

Besterik

XMLBlog hau sindikatu

What is RSS?

powered by
b2evolution