Artxiboak: Iraila 2011

2011/09/22

OБAБAKOAK

13:08:17 | Atalak: bizi gera! | 170 hitz  
Munduko euskal idazlerik ezagunena den Bernardo Atxagaren libururik ezagunena koreerara itzuli dute berriki, eta laster errusierazko bertsioa egingo dute ere bai. Horrela, 25 hizkuntzatara itzulita edukiko genuen "Obabakoak" ipuin liburua, 1989an Espainiako Narratiba Saria eman ziona Atxagari eta 2005ean zinemara eraman zutena ("Obaba", Montxo Armendariz).

Mari Jose Olaziregik bildu ditu beste hizkuntza batzuetara itzulitako euskal liburuak, eta bertan ikus dezakegu Atxaga dela geure idazlerik itzuliena alde handiz, bigarren postuan Mariasun Landa dagoelarik. Baina lehen aipatutako lan famatura itzuliz, hizkuntza horien guztien artean geure blogaren 3 (4) ditugula gogorarazi nahi nizuen: katalana (Ed B, 1990; La Magrana, 1999; eta Edicions 62, 2005), asturiera (Editora del Norte, 1995), galiziera (Factoria K, 2008) eta portugesa (Quetzal, 1992).

Alderantzizko norabidean, blog honetan aurreko artikulu batean komentatzen genuen beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarritako liburuak ere oso kontutan hartzekoak direla. Eta amaitzeko, "Llengües Vives"-ek beste garai batean barne hartzen zuen komunitatea, sardinierazkoa alegia, islatuta agertzen da neurri handi batean "Giltzurrun-harriak" lanean (Milena Agus, 2010), jatorrizkoa italieraz idatzita egon arren hainbat sardinierazko hitz jasotzen dituena. Guztiz gomendagarria.

2011/09/13

Bon Nadal!

02:51:54 | Atalak: hordago txikira | 172 hitz  


Ezeren aurkakoa izatea oso gauza negatiboa eta gaitzesgarria da, badakit, hoba zeozeren aldekoa izatea, positiboan. Baina praktikan Anbotoko belak Anbotora gura. Hispanofoboa naz, eta ez nago harro, baina ezin dot ebitau. Uda honetan berton Wimbledonen Djokovicek Nadaleri eta Contador Frantziako Tourraren txapelduna ez zan izan eta neu poz-pozik. Egia osoa esateko La Rojaren balentriaren urteurrena dala-eta emon daben kaparradeak ez deusta asko lagundu hispanofobia sendatzen. Alderantziz, areagotu besterik ez dau egin. Gaur jakin dot Djokovicek ostera be Nadal “akabatu” dauala US Openen. Egia esan uda bikaina izan da neure moduko batentzat…


 


Halandabe Espainiako Vueltagaz ez dot hainbeste sentimendu negatiborik eduki, kezkatuta nago. Ez dot gorrotorik sentidu izan, Esait-egaz ez dot guztiz bat egin. Kezkagarria da. Vueltak indiferentzia sortzen deusta aspalditik, txirrindularitzak orokorrean legez, Armstrongen sasoiko diktadurak eta dopinen asuntoak eraginda. Eta pasa dan astean horixe bera sentidu neban, indiferentzia. Lasterketak sortutako trafiko arazoak eta “ez nazionalisten” hipokrisia gora-behera ezaxolakeria nagusia izan da neugan. Agian izango da Gabonak gero eta gertuago dagozalako.


 


Bon Nadal a tothom!

2011/09/09

2018

02:24:44 | Atalak: Goienkaria | 239 hitz  


Urte hartan bertan Errusian Munduko Futbol Txapelketa egingo dute. Bi urte lehenago, Europako kultura hiriburuak Wroclaw eta Donostia izango dira, eta urte bat lehenago Korrikaren 20. edizioak beste behin ere Baskistan zeharkatuko du. Eta hizkuntzarekin jarraituz, 2018an ere oso urteurren garrantzitsua ospatuko dugu geurean. Izan ere orduan 50 urte beteko dira 1968ko urrian Arantzazun Mitxelena, Gandiaga, Villasante eta koadrila hura guztia batzartu eta Euskara Batua izeneko tresnaz erditu zirenetik.


 


Fermin Etxegoien oñatiar-bilbotarrak “Neurona eta Zeurona” liburu guztiz gomendagarrian Batuaren aldeko aldarria egiten du, bestelako mezuekin batera, eta bat nator berarekin etorkizunari begira euskalkietatik haratago joateko garrantziaz. Baina erronka hortxe dago hain zuzen ere, oreka mantentzean alegia. Hizkuntzaren polifonia eta batutako musikaren arteko oreka.


 


Koldo Zuazo eibartar-bilbotarra sekulako lana egiten ari da azken urteotan euskalkien inguruan, horiek hizkuntzaren “sendabelar”-tzat hartuz. Eta bat nator berarekin ere bai, jakina. Elkar hobeto ulertzeko eta hainbat arlotan komunikatzeko hiztun gutxitu guztiok eredu batuak behar ditugula bistan da, hemen gurean edo munduko antzeko beste bazter batzuetan ere. Normalena da EiTBko albistegiak batuaz entzutea, eta “Berria”n, “Sustatu”n eta Wikipedian artikuluak batuaz irakurtzea. Baina ederra da Bizkaia Irratian, Goitb-n edo Oier Gorosabel eibartar-lekeitiarraren blogean Mendebaleko euskara entzutea eta irakurtzea, Bilbon, Lekeition, Eibarren eta Oñatin egiten den euskalkia. Batua bai, euskalkiak ere bai. 2018an ez da faltako saltsarik honen guztiaren inguruan, Arantzazun eta Baskistan osoan. Beharrezko saltsa eta eztabaida, zalantzarik gabe. Bizi gara!

L'esternut de migdia de la cabra

Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.


Iraila 2011
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30    

Bilaketa

Besterik

XMLBlog hau sindikatu

What is RSS?

powered by
b2evolution