Aurreko testuan morfinaren aldeko apologia egin ostean, oraingo honetan munduan farmako horren inguruan beldurrak bizi-bizi daudela onartu behar dugu. Txinan adibidez, non medikuen %60-80ak beldur horiek badituzten. Non akupuntura edo bestelako metodo tradizionalak (eraginkorrak ere ziur aski) erabiltzen dituzte oinarrizko beste farmako horiek baino. "Morfina erabiltzen badut hilgo naiz", pentsatzen dute gaixo askok, edozein modutan hilgo direla kontuan hartu barik, min gabe hiltzeko era errazak alboratuta.
Hemen honi buruzko bideo laburraren linka ("Life before Death. Pain in China" 3'37''): http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=l7o6yhlGueE
PD.- Mila esker, beste behin ere, "Carreteras Secundarias" blog berriki sarituari, eta zorionak!
Lo belarra edo opioa (Papaver somniferum) morfina eta beretik eratorritako substantziak ekoizteko baliatzen du gizakiak antzinako garaietatik. Lehenengo aipamenak Indiako testu batzuetan agertu ziren, k.a. 1.500. urte inguruan, baina belarraren arrastoak topatu dituzte arkeologoek Neolitoko kobazulo batzuetan eta ondorengo aroetako herriska edo finkamendu batzuetan. Sumeriarrak, asiriarrak, babiloniarrak eta egiptoarrak izan ziren lehenengo zibilizazioak opioaren erabilera garatu zutenak. Bestela, Grezia klasikoan Hypnos (Loa), Nyx (Gaua) eta Thanatos (Heriotza) jaungoikoekin lotu egin zuten.
Minaren aurkako ezaugarriak ondo ezagutzen zitutzen haiek guztiek, hala edanda nola erreta harturik, baina Islamiar Inperioen mendeetan zehar modu zientifikoan sakon aztertu egin zuten. Hala ere, helburu medikoetatik haratago aisialdirako ere hartu izan dute musulmanek eta txinatarrek XIV.-XV. mendeetatik aurrera. Europarrek ere geroago ikasiko zuten erabilera ludikoa, eta ezagunak dira XIX. mendean gertatutako "Opioaren Gerrak", Txina eta Britainiar Inperioaren artean.
1920ko hamarkadan lehenengo aldiz arautu zuten morfina eta heroinaren erabilera terapeutikoa, Britainia Handian (BH) hain zuzen ere. Hala ere, kontrolik gabeko hedapena gertatu zen ondorengo hamarkadetan, menpekotasunak eragindakoa eta bereziki gazteek pairatutakoa eta heroinarekin lotuta. Substantzia honek Euskal Herrira eta munduko beste leku batzuetara batik bat 1970-1980ko hamarkadetan ekarritako hondamendia oso ezaguna da, tamalez.
Dena den, morfina Medikuntzarako zer nolako "arma" terapeutiko bikaina den mina eta arnastestuaren aurka badakigu profesionalek, erabiltzaileek eta euren senideek, eta gizartean oro har jendeak ezagutzen ditu bere onurak. Gaur egun lo belarraren ekoizle nagusiak Afganistan, Pakistan, Indiako Iparraldea, Tailandia, Turkia, Laos, Burma, Mexiko, Kolonbia eta Hungaria dira. Landaketak legalak dira BH-n 2006tik bestalde, eta EH-n ere Araban hasi dira landatzen orain dela 10 urte, herrialdeko hegoaldean hain zuzen ere, Gasteiz, Trebiñu, Berantevilla, Langraiz Oka, Erriberabeitia, Armiñon eta Zanbranan.
Ez dugu ahaztu behar farmako gutxi izango direla munduan morfina bezain merkeak eta onuragarriak, eta beretik eratorritako oxikodona, fentanilo eta metadona bera azken urteotan garapen handia izaten ari dira geure ospitale eta osasun zentroetan.
Beste testu hau "Goiena"-tik erreskatatu dut. Joxan Larrañagak sinatzen du, eta bertan osasun arloan edukitako bi esperientzia oso desberdinak elkarren artean kontatzen ditu. Lan honetan gabiltzanontzat hausnartzeko modukoa:
"Neuk izandako esperientzia kontatuko dizuet osasun arloan ezagutu ditudan sendagile ezberdinekin. Orain urtebete lagun batekin tokatu zitzaidan ebakuntza baten ondorengo egunetan ospitale batean egotea. Ebakuntza egin aurretik etorri zitzaigun sendagileen taldeko nagusia ebakuntza nolakoa izango zen argibideak ematera. Oso ondo egon zen eta argi eta garbi esan zigun. Ebakuntza egin eta ondorengo egunetan etortzen zitzaizkigun sendagileen talde horretako beste sendagile batzuk, eta zenbat eta gazteago izan, orduan eta antipatikoago. Nola zihoan galdetu egin behar eta sakakortxorekin egiten den modura informazioa atera behar. Mesede bat eskatuko bazenu bezala. Normala al da?
Beste esperientzia zeharo desberdina izan dut amaren azkeneko egunetan izan duen atentzioa, arreta eta tratuarekin. Bere familiako sendagilea egunero, 15 egunez gutxienez, deitu goizean, etorri eguerdian eta berriro deitu ilunabarrean. Haren goxotasuna eta arreta; haren argibideak ama zaintzen genuenentzat; haren ardura zaintzaileen osasunagatik… Zerikusirik ez zeukan aurreko esperientziarekin."
Luze eta zabal komentatu dute Twitterren eta bestelako hedabideetan Harkaitz Canok idatzitako testua Joxan Lizarribarren heriotza dela-eta. Oihartzuna ez da gutxiagorako, neuri ere izugarri gustatu zitzaidalako irakurri nuenean bezain pronto. Topikoetatik eta ohiko hitzetatik haratago lagun bati agur esateko modu bikaina eta hunkigarria da. Hona testuaren pasarte bat:
"Euskaraz modu asko dauzkagu joan direnak izendatzeko. Ezkutatu egin direla esatea gustatzen zait niri. Haren izaera konspiratzaileak hala iradokitzen dit. Bere ezkutalekutik erantzungo digula nolabait, zer esan eta nola jokatu, harekin akordatzen garen bakoitzean. Izaten direlako lagunak oroitzapenetan oroitzapen bezala agertzen direnak. Eta izaten direlako lagunak oroitzapenetan orainaldia interpretatuz agertzen zaizkigunak. Kargu hartuz, aholkuak emanez."
Zer gertatzen da maite dugun pertsona bat hiltzen denean? Zenbat irauten du minak? Noiz kezkatu beharko nintzen eta psikologoarengana joan? Inoiz iristen da bakea? Hobe da ahaztea? Hiltzeko moduak eragiten du doluaren prozesuan? Gizonek eta emakumeek berdin sentitzen dugu? Eta joandakoa ume baldin bada? Hitz egiteak laguntzen du? Eta idazteak?
Sorg. Trauer. Grief. Duelo. Deuil. Lutto. Rouw. Denok laster edo berandu, modu batean edo bestean, egin beharreko bidea. Eta bidea errazteko eta galderak erantzuteko blog bat topatu dut aste honetan. Artmemori-ren egitasmoa da eta gonbidatuta zaudete begiradatxo bat emateko.
Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
| 8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
| 15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
| 22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
| 29 | 30 | |||||
Blog hau sindikatu