Ekain eta uztailean Faustine egongo da gurekin ikasten Gurutzetako Ospitalean. Erizaina da eta Kamerundik etorriko da, “Paliativos Sin Fronteras” (PSF) erakundearen bidez, hau da Wilson Astudillo eta Donostiako beste jende baten bidez. Etorri bitartean, Zainketa Aringarrien arloan afrikar herrialde hartako egoera zehatzari buruz irakurri ahal izango dut. Izan ere, “Guide de poche de Soins Palliatifs. Yaoundé 2013” izeneko dokumentua prestatu dute PSF berak, CS Catholique de Bikop elkarteak eta Centre Hospitalier St Martin de Porres ospitaleak. Gainbegiratua baino ez diot eman orain arte, baina desberdintasun nabarien artean HIESak duen pisua antzeman dut, Afrikan orokorrean eta Kamerunen konkretuki. Europako bazter honetan GIB-arekin gauzak zelan aldatu diren konturatzeko balio digu, Afrikan gaur egun ere hilkortasun itzela duten bitartean. Bizitzaren azken fasean jende gazte mordoa zaintzea izango da euren zeregin handietakoa.
Bestela, geure eginbeharren artean morfinaren inguruan formakuntza zabala ematea izango dugu, eurek hala eskatuta. Opiophobiaren aurka, beste behin.
Buzzin’ in my head: “Iñaki, zein urrun dago Kamerun” (Zarama).
Beste horretan hitz egin nizuen berataz eta zeukan bizitzeko gogo itzela eta gordetako arma sekretua aipatu nizkizuen, bere umore britainiarra alegia. Duela urte bat eta piko Gurutzetara iritsi nintzen eta hasieratik bertatik ezagutu nuen. Betiko gogoan edukiko duzun gaixo berezi horietako bat. Liburu ireki bat bezala izan da ibilbide guztian, garden-gardena. 66. urtebetetzea ospatu du orain dela oso gutxi, pozik, bere familiak inguratuta eta maitatua. Eta atzo goizaldean hil da. Heriotzaren atarian eredugarria izan da, Errol Flynn bezain dotorea Little Big Horn-en milaka indiar horiek guztiek etengabean berari tiroka egin ostean.
Atzo bertan beste blog baten bidez liburu baten aipamena irakurri dut, Rosa Monteroren “La ridícula idea de no volver a verte” (Seix Barral, 2013) alegia. Dolu istorioak alegia. Liburuek ez dute sendatzen, noski, baina literaturak indar aringarri ikaragarria eduki dezake. Musikak bezala. Zinemak legez.
Gaur da Pelloren urtebetetzea, 7 udaberri gure artean antxumea.
Debagoienetik fan nintzan baina ez guztiz, agindutakoa zor. Gai delikatu bat hartuta dokumental bat egin behar dogu Atxabaltako "Arteman" kooperatibagaz. Doluaz. Edo zer gertatzen jakun maite dogun nonor hiltzen danean: Amesgaizto batean gagozala, ez dakigu noz sartu garen ezta noz atarako be, baina holako batean esnatu eta alboan ama, aita, emaztea, senarra, ahizta, anaia, alaba edo semea edukiko ditugula. Mina, hori holan ez dala gertatuko jabetzean. Eta hasarrea bizitzagaz, senideekin, medikuekin, jaungoikoagaz. Tristura, urdintasuna, burumakurtasuna. Eta azkenean, laster edo berandu, pakea. Ahanztura barik, baina pakea.
Hiru txantxikuk eta atxabaltar eta arrasatear banak parte hartuko dabe. Aloñako mendiek, Arantzazuko atxek, Urkuluk, Udalatxek eta Apotzagako bazter eder horrek be bai. Mondragoeko urteetan ezagututako jenteari esker izango da hau guztia hein handi batean, batzuk agertuko dira pantailan eta beste batzuk izpirituan. Botxotar erraldoi bi, easotar harribitxi eta aitabitxi bana, Errenteriako urrezko meategia eta kaliforniar euskalduna. Gurutzetako azken ibilbide honetan topautako horiek be eseriko dira aulki hutsen ondoan. Txagorritxuko lagunak. Eta aita, noski.
Iruñean etzi hasiko gara errodatzen beste erraldoi bategaz, zirraragarria da aizue. Amaitu ostean alkar ikusiko dogu, gura badozue, gonbidatuta zagozie.
Osasuna!
("Goiena"-n datorren astean argitaratzekoa)
Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | ||
Blog hau sindikatu