Karreraren bigarren urtean izango zan, ez naz ondo gogoratzen, 1989 edo 1990ean, orain dala 20 urte gitxi gora-behera (oh, my god! a long time ago!). Madrilgo Complutensean nengoan Medikuntza ikasten eta aukera sortu jatan Afrikara aste batzuk juteko, kooperazino lanetan. Lelengo aldia izango zan holakorik egingo nebala eta egia esan alde batetik "akojonauta" negoan eta beste alde batetik irrika bizian. Sudan zan neure helmuga, eta egia esan oso gauza gitxi nekian herrialdeari buruz: anglofonoak zirala, oso lurralde zabala eukiela eta ezer gitxi gehiago. Halandabe, apuntauko nintzan "bonbardaketara"...
Patuari esker, erabagia hartu baino lehen, neure eskuetara ailegau zan aldizkari bat, azalean Sudango gerra zibilari buruzko aitamena ekarrena. Aboa bete hortz, barruko artikulua irakurri neban eta Iparralde musulman eta zuria eta Hegoalde baltz eta animista/kristauaren arteko gudaz irakurri neban. Asuntoa oso serioa zan, eta haserre bizian jun nintzan herrialde hartara bialduko ninduan erakundeko arduradunaren bila azalpenak eskatzera. Neska hura (ganorabako xamarra bera) saiatu zan neu lasaitzen, esanez jungo nintzan ingurua lasai egoala (Juba izeneko uria, Hegoaldeko uriburua hain zuzen be) eta abar. Ez ninduan konbentzidu, noski, eta abentura berton behera gelditu zan.
20 urte horiek igaro ostean, zorionez, guda hori ofizialki amaituta dago (1983-2005). Eta munduko beste toki batzuetan ezinezkoa dana herrialde txiro, atzeratu eta garatu gabeko hartan posible izan da pasa dan hilabetean, erreferendumaren bidez independentziaren aldeko bidea zabaltzea alegia, egunkarietan ziur aski irakurri dozuenez. Erreferendumaren emoitzak gaur jakin ditugu ofizialki eta gehiengo zabal-zabal batek bide hori sostengatu dauala jakin dogu, pozez. Gauzak ondo, aurtongo uda partean Hego Sudan izeneko herrialde barria sortuko dabe. Omar al-Bashir Sudango presidente musulmanak erabagia onartu dau eta ez ei dau trabarik ipiniko herriaren nahiari. Harrigarria, are gehiago hegoalde hartan petrolio sudandarraren erreserben gehien-gehiena dagoala jakinda.
Baina gauzak, noski, ez dira hain errazak izango. Petrolio horregaz hegoaldetarrak ez gelditzeko akoridioak sinatu dituzte, eta beste alde batetik mugako lurralde batzuekin oraindino arazoak dagoz eta borrokak esperokoak izango dira...
Amaitzeko, fribolitate handikoa izango zan Hego Sudango egoera Hego Euskal Herriagaz konparatzea, lehenik eta behin lurralde bietako uritarren bizi-itxaropena, renta per capita eta abar luzea kontuan hartuta. Beraz ez dot egingo. Baina deigarria da Euskal Herriaren barruan lurralde txikia dan Trebiñu be ez izatea bere buruaren jabe eta erreferendumaren bidez erabagiak hartzea debekatuta edukitzea. Trebiñun, neuk dakidala, petroliorik ez dago, eta uritar gehienak, neuk dakidanez, ez dira euskal nazionalistak, beste barik pertsona praktikoak dira. Baina eurek be debekatuta deukie autodeterminazinoa.
Ez deukot galdera gehiagorik, su señoría.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...
Ahuntzen doministikuei adi bazabilz eguerdiro. Hordago txikira botateko prest bazagoz. Botxotartasun alternatiboetan sinesten badozu. Harrikaldiak irakurteko ausartzen bazara... Aquest és el nostre lloc de trobada, baby.
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | ||
| 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 11 | 12 |
| 13 | 14 | 15 | 16 | 17 | 18 | 19 |
| 20 | 21 | 22 | 23 | 24 | 25 | 26 |
| 27 | 28 | 29 | 30 | 31 | ||
Blog hau sindikatu