2012/01/29

Lanean lagunak egiteaz

Txikitan gurasoek Oñati ezagutzera ekarri gintuzten, eta horren lekuko zuri-baltzezko argazki batean agertzen gara behintzat hiru anai-arrebok 3-6 urtegaz lokomotora baltz zaharraren ondoan. Baina ordutik urte larregi pasa behar izan ziran ingurune hauetatik barriz be igarotzeko, Madrildik gentozan hiru lagun Zarautzerako bidean, Leintz Gatzaga eta Bergarako bariante egin barritik hegoaldetik iparralderuntz.

Are urte gehiago jun ziran itzuli arte, Aramaixoko landetxea, Aizkorri mendia eta Ruperren kontzertua Santa Anan. "Pozik lan egingo nuke holako ingurune euskaldun batean". Esan eta izan. Halako egun batez CVa ekarri eta Udalatxera igo, gurasoekin batera. "Holako ingurune euskaldun horrek" Debagoiena izena eukan, hizkera eta jente berezi eta mendi bazter zoragarriak. 

Hamar urte geroago "lanera lagunak egitera ez gatozela" esan eustan buruzagiak. Baina oker eta alperrik zebilen. Ordurako lagunak ez ezik emaztea eta seme-alaben ama be banituan eginda, bai eta harribitxiren bat edo beste topau be. Baina are okerragoa dana, lankideen artean ez ezik "bezeroen" (berba itsusiagorik!) artean be harreman politak egin ditut. Parkaezina, pekatu mortala!

Araotz, Mendiola, Apotzaga, Goroeta, Bedoña, Udala, Etxaguen, Barajuen, Elgeta, Angiozar, Degurixa, Alabitta, Aloña, Duru, Gorla… eta Arantzazu, jakina. Eta Arantzazuko XX. Osasun Jardunaldiak, ekimen guztien ganetik. Eta OEEko batzar nazionalak. Eta Goienako blog komunitatea, "Osasun Tartea" eta "Zabalik". Eta AEDko 25. urteurrena. Eta Zelai-Zabalgo bazkariak eta Arteagakoak…

Izen-abizenekin ez naz hasiko, espazio faltagaitik, baina oso posiblea da zeure izena eta abizenak bihotzean gordeko dodan zerrenda horretan egotea. Banoia, baina tarteka itzuliko naz. Osasuna!

http://goiena.net/iritzia/show/lanean-lagunak-egiteaz/#comments

Permalink-aPermalink . patxilurra . 21:14:54 . 259 Hitzak . Goienkaria . Erantzun

2012/01/25

Seme bat galtzeaz

Seme bat izan eta seme hori galtzea oso gogorra da: ez bilatu seme hori haren lagunetan. Ez pentsatu haien zimurrak eta haien seme-alabak eta ile zuriak direnik. Zure hildako semea, inon izatekotan, zure hitz egiteko posturan dago, zure ibiltzeko posturan eta zure etorkizunari begiratzeko modu etsituan. Eta etorkizunari begiratzeko modu etsitu horri aurre egiteko indarrean ere badago zure seme galdua.

Hirugarren pasartea, liburu hau ("Twist" ) meategi hutsa da!

Permalink-aPermalink . patxilurra . 13:44:41 . 70 Hitzak . Osatzetik Arintzera . Erantzun

2012/01/22

Rotuladorie

Gitxitten kenduten dostie txapela, jeneralien kajoi baten sartute bixi naz, neure moduko beste hiru, lau edo bostegaz, edo gehidxao igual, ez dakit, kajoien ez dago argirik, kaputxoie ifinitte dekogu ta ganera batzuk zikitu ta aspaldidxen hildde dagozela pentsaten dot. Holan ez dago ez modurik ez animorik inor ezegutu edo haregaz berba egitteko.

Oingo denboran ixiten da kaputxoie kentzekoa, eneron.

Esku bet sartuten da kaxoien, hartu ta argitarantza eroaten nau. Han kaskoa kendu dosta ta prezidxoak tatxaten ta kanbiaten ifinten nau. 99 tapau ta 59 eskribidu ta holan.

Ta aurtengoan zozer barruntau dot, txarra. Igual inoz baino gauze gehiagon prezidxoa tatxau dogula, edo eskribidu dogun numeroa asko txikidxagoa izan dala, edo ... Ez dakitt baina ez dot bibrazino onik euki, tintie zikituten hasi jata.

Permalink-aPermalink . mahats . 18:21:25 . 120 Hitzak . Bertonekoak . Erantzun

2012/01/18

Zenbakiek medikuak ikaragarri lasaitzen dituzte

- Ez nuen uste gaixotasunak zenbakiekin hainbeste zerikusi zuenik. Dena dira indizeak.

- Zenbakiek lasaitu egiten dute jendea.

- Jendea ez dakit, baina medikuak ikaragarri.

"Twist" (Harkaitz Cano) liburutik ataratako bigarren harribitxia.

Permalink-aPermalink . patxilurra . 13:20:42 . 33 Hitzak . Osatzetik Arintzera . Erantzun

2012/01/10

Hutsunea nola bete

Pasa den igandeko "Berria"n alargunen buruhauste animikoak eta ekonomikoak errepasatu zituzten erreportaje zabal batean. Zazpi emakume alargunen alde animikoan fokusa ipiniko dut nik hemen eta euren testimonioen pasarte batzuk blogeratu. Osasuna!

MJA (Lesaka): "Gero eta garbiago daukat Lurrera zerbait ikastera etortzen garela, eta zure ikasketa beterik dagoenean joaten garela bertze plano batera" (...) "Aurten bost gauza berri egiten ari naiz: ingelesa, tai txia, koru berri batean hasi naiz abesten, makrobiotika janaria prestatzen ikasten ari naiz...".

AA (Elgeta): Lau seme-alabak aurrera atera beharrak eman zion indarra alarguntasunari aurre egiteko.

CP (Urduña): "Egun batean pentsatzen duzu: 'Honaino iritsi naiz. Aski da; aurrera egin behar dut'. Eta aurrera egiten duzu, Pegaso zaldiak bezala".

CA (Zeanuri): "Senarra zendu, eta arrautza oskol baten barruan sartzen zara etxetik irten barik. Arriskua handia da".

EM (Santurtzi): Herriko alargunen elkarteko kidea da, eta horrek bizipoza ematen diola adierazi du. (...) "Elkartean esaten dugun bezala: bizitza gaur hasten da".

RS (Lasarte-Oria): Orain bi hilabete alargundu da, eta badaki oraindik hasi besterik ez dela hasi bere dolua.

PS (Lasarte-Oria): Bere ustez erakunde ofizialetan "gizatasun falta handia" dago.

Permalink-aPermalink . patxilurra . 19:18:09 . 192 Hitzak . Osatzetik Arintzera . Erantzun

:: Hurrengo orrialdea >>