Oporretatik bueltan, Itxaro Borda gurean

julen 2007/09/26 12:24:41. Atalak: aurrekoak,

Azken saioa Katixa Agirrerekin egin genuen, ekain urrunean. Are urrunago, martxoan, Uxue Alberdi izan genuen solaskide gurean. Orain, urrian, Irakurlearen Tartea berrikuntzekin helduko da: Katixaren eta Uxueren gidaritzapean, hain zuzen.

Saioa hileko azken asteazkenean egiteko ohiturari jarraituz, lehenengo saioa urriaren 31n izango da, ohi bezala 20:00etan (Arbidea kalea 21). Eta ikasturte berria indarrez hasteko, lehenengo gonbidatua izen handikoa izango da: Itxaro Borda ekarriko dugu Mahatserrira, Amaia Ezpeldoi detektibearen gorabehera berriak azaltzen dituen "Jalgi hadi plazara" nobela berriarekin.

Hitzordu erakargarria, liburu interesgarria eta idazle bikaina. Zer gehiago behar da udazkeneko arratsalde baterako?

permalink &bull Erantzun 1

Ekainean, Katixa Agirreren sua

julen 2007/06/01 12:41:56. Atalak: aurrekoak,

"Sua falta zaigu" (Elkar) ipuin-liburua argitaratu du berriki Katixa Agirre gasteiztarrak, oso kritika onekin.

Lehenengo zigarrotik lehenbiziko ezkontzara, aurreneko desilusiotik zaputzaldian instalatzera, intentsitate bereziz jantzitako zazpi istorio ehundu ditu Katixa Agirrek bere estreinako narrazio-bilduma honetan, gaztaro mitifikatuaren muga lanbrotsuak heldutasun harrigarriz marraztuz.

Saioa ekainaren 27an izango da, hilaren azken asteazkenean, 20:00etan, Txurdinagako AEK Euskaltegian.

Irakurri, gozatu, eta zatoz, sua falta ote zaigun ikustera.

permalink &bull Erantzun

Estatistika batzuk

julen 2007/01/29 17:00:07. Atalak: bestelakoak,

Jakingo duzuenez, aurten 5 urte betetzen ditu Irakurlearen Tarteak.

2003ko urtarrilean ekin genion, eta geroztik honetan gabiltza. Aurreko batean datuak errepasatzeari ekin nion, eta estatistikarako zenbaki txiki batzuk atera nituen gure Tartera ekarri ditugun liburu eta idazleei buruz. Ez dute balio handirik soziologikoki, baina datu objektiboak dira, eta tira.

Ekarri ditugun liburuen argitaletxeak hauxek izan dira, bakoitzari dagokion kopuruarekin:

  1. Susa           11
  2. Elkar           11
  3. Alberdania     5
  4. Pamiela         3
  5. Txalaparta      2
  6. Beste batzuk   2
Datu interesgarria dago hor: 2003an eta 2004an, Elkar izan zen nagusi dudarik gabe: 8 liburu. Kopuru horri neurria har diezaiogun, esan dezagun urte bi horietan Susa, Alberdania eta Pamielaren 8 liburu ekarri genituela.

Aldiz, 2005 eta 2006an, Susa izan da nagusi: 6 liburu. Bi urte horietan, Alberdaniaren 4 liburu ekarri ditugu, Elkarren 3, Txalapartaren 2 eta Pamielaren liburu 1.

Ekarritako liburuen generoari dagokionez:

  1. Nobela        18
  2. Narrazioak    9
  3. Saiakera      3
  4. Kronika        1
  5. Poesia         1
  6. Komikia       1
  7. Saski-naski  1
Argi dago zein den nagusi, baina esan beharra dago, era berean, nobela dela errazen manejatu daitekeen generoa mota honetako ekitaldi batean, nobelak berez duen hari narratibo bakar eta sendoagatik, batez ere.

Dena dela, 2005ean 3 nobela eta 3 narrazio-liburu ekarri genituen, eta 2006an ere nahiko parekatuta egon ginen alde horretatik (4 nobela eta 3 narrazio-liburu). Horren arrazoirik nabarmenena izan zen 2005ak sekulako uzta eman zuela narrazioen aldetik.

Idazleei dagokionez:

Gizonak            30
Emakumezkoak 4

Gogorra datua, ezta?

Idazleen jatorriari dagokionez:

Gipuzkoa       19
Bizkaia           8
Nafarroa         5
Lapurdi           1
Araba             1

Ez dakit nik datu hauek guztiek zerbait erakusten ote duten, ez soilik Irakurlearen Tarteari buruz, baizik eta euskal literaturari buruz, oro har. Agian uste duguna baino esangura handiagoa dute, agian egoera orokor baten datuak dira... momentuz, gure datutxoak dira, baina eztabaidarako balio dezakete. Nork egingo dio tira hari horri, eztabaidari ekiteko?

permalink &bull 3 erantzun

Otsailekoa ere badugu

julen 2007/01/26 11:42:33. Atalak: aurrekoak,

Barkatuko didazue, baina batzuetan, albiste onak etortzen direnean, eman egin behar dira, pozari eutsi barik eta une egokiari itxaron barik. Une egokia izango litzateke hurrengo asteazkenean, 21:30 inguruan, Joxemari Iturralderen solasaldia amaitu ostean. Izan ere, hurrengo liburua zein den aurreratzera nator, ezin izan diodalako pozari eutsi eta isilik geratu.

Bai, adiskideok: Aritzak azken 5 urteotan landutako abileziari esker, Irakurlearen Tarteak beste gailurtxo bat joko du otsailean: Anjel Lertxundi dator, "Ihes betea" (Alberdania) liburuarekin.

Baina ez gaitezen arinegi emozionatu. Momentuz, hurrengo asteazkenean zita dugu Irakurlearen Tartean, Joxemari Iturralderen azken nobelarekin, eta gero gerokoak. Edozelan ere, badakizue: Andu Lertxundiri galderak egin nahi badizkiozue, idatz itzazue gure wikian.

Bestetik, gaurko Berrian, elkarrizketa luzea egin diote Oriokoari. Hona hemen osorik.

permalink &bull 3 erantzun

Mahatserriko Irakurlearen Tartearen bloga

Atalak

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML