Benito 2010/02/22 11:40:34. Atalak: aurrekoak,
Ez ohiko saioa izango dugu hil honetan, idazlea bera ez da etorriko, izan ere liburu honen egilea, Raul Zelik alemaniarra da eta alemaneraz idatzi zuen liburua. Lagun armatua euskaratuta dago berriz, Edorta Mataukok egin ditu itzulpen lanak eta bera izango da gurekin, baina ez bakarrik. Edortarekin batera Petra Elser dator, Petra alemaniar euskaldunak Zelikekin batera itzuli zuen Sarrionaindiaren Lagun izoztua alemanierara, eta obra zein egilea bera ondo baino hobeto ezagutzen ditu.
Nobedadea beraz Tartean, lehenengo aldiz beste hizkuntza batean idatziriko obra baten itzulpena hartuko dugu mintzagai. Lan horretan Uxue Alberdik gidatuko gaitu. Ez dezagun pentsa hala ere, obra hori urrunekoa dugunik.
Alemanieraz idatzita baina Euskal Herria du mintzagai liburuak. Irakur dezagun Txalapartakoek eman diguten laburpena:
Liburu honetako protagonista, Alex, Bilbora itzuli da, lehenago oporrak igaro ohi zituen hirira. Itzulerak iraganarekin jarriko du aurrez aurre; lekuak, kantak, lagunak… eta itxuraz amaierarik ez duen gatazka. Baina, batez ere, Zubietarekin jarriko du aurrez aurre. Aspaldiko laguna, Joseba Sarrionandiari kartzelatik ihes egiten lagundu zionetik sasian dabil.
Poliziaren esanetan, egun ETAko buruetako bat da; Europako terrorista bilatuenetako bat, baina, aldi berean edo oroz gain, Alexentzat iraganeko laguna da Zubieta. Penintsula zeharkatzen laguntzeko eskaria jasoko du Alexek eta, zalantza politikoak gora behera, adiskide zaharra laguntzeko beharra sentituko du. Hala, bada, klandestinitatearen beldurrek, lagunaren uste politikoen tinkotasunak eta aspaldiko oroitzapenek goitik behera inarrosiko dute seiehun kilometro luzetan.
Europaren bihotzetik euskal gatazkaren muinera jo du Raul Zelikek. Road movie edo eta eleberri beltz baten jantzian, esangura politiko sakona duen liburua utzi digu alemanak.
Interesgarria, ezta? Badakizue beraz. Otsailaren 24an hitzordua dugu Edorta Matauko eta Petra Elserrekin. Uxue Alberdik gidatuta.
Auzoan antolatzen dugun irakurlearen tartearen albisteak eta zer esanak batzeko bloga.
| www.flickr.com |
