Zoaz infernura laztana. Andu berriro gurekin

Benito 2009/02/17 19:20:58. Atalak: aurrekoak,

Kostata, baina lortu dugu azkenean hil honetako saioa baiestea. Anjel Lertxundi izango dugu gurekin, bigarrenez. Aurreko bisita plazer handia izan bazen hau ez da gutxiago izango Zoaz infernura laztan liburuaren gaia goxoa ez izan arren.

Horrela aurkezten da Alberdania argitaletxearen webgunean liburua:

Bikote harremanak aztertzen ditu Lertxundik eleberri honetan. Gehienetan, botere harreman bihurtzen dira harreman horiek, eta gaur egungo edozein egunkari hartzea nahikoa da ikusteko ez dela gutxitan gertatzen boteretsuenak bere boterea baliatzea ahulena umiliatzeko eta tratu txarren bidez otzantzeko.

“Galdetzen dut: hitzekin —nire hitzekin, alegia— jaso dezaket emakumearen izaeraren isla bat, ez dakit zehatza, baina zehaztasunera hurbilduko dena?”. Honela aipatzen du eleberri honetako narratzaileak bere kezka, Rosaren barruan sartzeko gai izango den edo ez azaltzeko unean. Eta esan behar da maisutasun handiz lortzen duela eleberri honetako pertsonaia nagusiaren barne azpilduretan sartzea. Izan ere, generoko elementuak erabiltzeaz gainera –nobela beltzaren elementuak, intrigarenak…–, gaur gaurko kontakizun bat eraiki du Lertxundik, hizkera bizkor batean, eta gardentasun hotz bizi batez.

Otsailaren  25ean, eguastena, arrastiko 20.00etan Santutxuko AEKren Txurdinagako euskaltegian (Arbidea, 21) beraz. Uxue Alberdi izango dugu geurekin berriro moderatzaile lanetan.

permalink &bull 4 erantzun

Erantzunak, Pingback-ak:

Bidaltzailea: bruno [Bisitaria]
Aupa

Duda handi bat daukat liburu honekin, eta inork ez dit erantzuten jakin. Ea norbaitek galdetzea daukan hau Anduri.

Zergatik idatzi du liburua aditz aspektua nahita oker edo era ez tradizionalean erabiliz? Niri irakurketa asko zailtzen dit honek, eta ezinean nabil. Adibidez:
(...) Intermitentea pizten du bide ertzeko gasolindegira doala seinalatzeko.Errepidea zeharkaturik gasolio posteraino iristen da.

Motorraren burrundara itzaltzen da;bukatu da gurpil-gomek (...)

Nire ustez jarri beharko lukeena:

(...)Intermitentea piztu du bide ertzeko gasolindegira doala seinalatzeko. Errepidea zeharkaturik gasolio posteraino iritsi da.

Motorraren burrundara izali da; bukatu da gurpil-gomek(...)

Eskerrik asko, neuk egingo nioke, baina ezin naiz itzaldira joan!
Agur!
Permalink-a 2009/02/24 @ 13:04
Bidaltzailea: Bittor Hidalgo [Bisitaria]
Aupa Bruno. Nik eztet oraindik irakurri Andurena (badet asmoa eta horregatik sartu naiz orrian eta zurea ikusi), baina badet iritzia zuk galdetzen dezunaren gainean eta aipatuko dizut. Zure galdera da: "Zergatik idatzi du liburua aditz aspektua nahita oker edo era ez tradizionalean erabiliz?"

Eta OKER eta EZ-TRADIZIONAL kalifikatiboak darabilzkizu. Eta seguru asko hasi zaitezke pentsatzen Anduk (nolabaiteko ausardiaz) forma horiek baldin badarabiltza, dela, hain zuzen, bere ustez ere ZUZENAK eta TRADIZIOZKOAK direlako, eta aldiz, ZUZENA eta TRADIZIOZKOA ez dena dela XX. mende batez ere amaieran eta batuarekin batera saldu nahi izan den ASPEKTU BUKATU PERFEKTUAren erabili beharra narrazioetan. Erabili litekeela noski. Erabili dela noski. Baina erabili beharrekoa dela edota erabili den bakarra dala, ez da egia. Horrelako uste asko zabaldu XX. mende amaierako hegaoldean euskara batuaren zabaltzearekin batera, batez ere gure euskararen tradizioaren eta euskararen ezagutzaren zabal faltaren ondorioz.

Nolanahi interesgarri deritzaot ohartzeari zure esperientzia pertsonala, diozunean: "Niri irakurketa asko zailtzen dit honek, eta ezinean nabil." Niri behintzat ez didalako inoiz zaildu. Baina badakit gaur eguneko euskara batua irakurtzen ohitu diren gazteei ere etzaiela batere harrigarri gertatzen euskeraz modurik artifizialenean atzeratzen direnean aditzak, eta horrela bai (nire eta askoren) irakurketa bai asko zaildu, eta ezinean ibilarazi. Badirudi gure buruak ere ohitu egiten direla.

Ondo izan

Bittor
Permalink-a 2009/02/27 @ 09:27
Bidaltzailea: Benito [Kidea] · http://www.asapala.org/mahatsorriak/troka
Galderari erantzun zion Anduk saioan. Aditzaren aspektua horrela nahita erabili duela esan zigun. Arrazoia ere azaldu zuen, baina -barkatuko didazue- orain ez dut eman zuen azalpena gogoratzen (han egon zen baten batek nik baino memoria hobea baleuka..).
Edozelan ere, han geundenon artean inork ez zuen esan horrek irakurketa zaildu zionik, uste dut gehien-gehienok erreparatu ere ez diogula egin.
Permalink-a 2009/02/27 @ 15:35
Bidaltzailea: Bruno [Bisitaria]
Aupa Bittor!

Eskerrik asko erantzunagatik! Seguruenik arrazoi duzu, baina emango al zenidake horrela idatzitako liburu klasikoren baten izenburua? Etxean ditudan apurretan ez dut horrelakorik ikusi eta gaia ikaragarri interesatzen zait.
Dena den azkenean galdera Anjeli berari egitea erabaki dut, erantzuten badit jarriko dizuet.

Nire etxean behintzat, amamak eta, ez dute telefonoz deitu dutela esateko, telefonoz deitzen dutela esaten. (Nire ilobak ere ez)...
Gero arte!
Permalink-a 2009/02/28 @ 10:10

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <a, p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>


authimage

Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)

Mahatserriko Irakurlearen Tartearen bloga

Atalak

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML