Jalgi hadi zelaira
Zapatu arrastia zapingean pasatzen duzunean futbola aurkituko duzu botoi sakadaren batean. Berdearen gainean kolore biziko kamisetak ikusi eta ez diot mandoko botoiari deskantsua ematen normalean, baina gaur irudi batek gelditu du rafaga. Hau:

Edo hobeto esanda kamiseta hau futbolari baten lepoaren gainean.
Hasikera batean halango kaligrafia ausarta erabili dutela pentsatu dut, diseinatzailearen kapritxoak edo, baina taldeko beste jokalarien izenak tipografia latindar argiarekin idatzita egon dira. Zer da ba?
Futbol taldea identifikatu behar izan dut lehenengo. Almeria. Eta jokalaria? Ez dut jakin zein izan den, azal beltzekoa zela bakarrik. Plantila arakatu, eta hiruzpalau jokalari beltz dabiltza Almerian: M'Bami Kamerundarra, Uche nigeriarra eta Goitom suediarra.
Alfabeto hori? Nik dakidala ez Kamerunen, ez Nigerian ez Suedian ez da horrelakorik erabiltzen. Lehenengo bietan alfabeto arabiarra espero zitekeen akaso, baina ez du arabea ematen, eta Suedian, ba... Eskandinabiako idazkera runikoaz zerbait entzunda nago, baina Goitom horrek, suediarra izan arren, bikingo planta handirik ez dauka..
Tira, sareari astindutxoa eman eta kamisetaren jabea konfirmatu dut: Goitom suediarra, baina 23 horren gainean dagoenak ez du bikingoekin zer ikusirik, Afrikako ekialdera joan behar dugu. Eritrea eta Etiopia estatuen artean banatuta dagoen tigrinyera hizkuntza da, Ge'ez alfabetoan idatzita. Eritrean du jatorria Goitomek, familiako norbaitek iradokita eta irakasle batzuen laguntzaz bere izena tigrinyeraz jartzea pentsatu eta Federazioak onartu egin dio bistan denez.
Hor dabil beraz suediarra munduan Tigrayren berri ematen. Ze, seguru nago ez naizela bakarra izan Goitomen kamiseta ikusi eta hizkuntza horren berri izatera ailegatu dena. Zelaietako harmailetan bertan ohiko berriketagaietan jakin min linguistikoari tartetxoa egin dio Goitomek seguraski, jokoaren gorabeherak eta berdeguneko pertsonajeen familiaren ondraren artean.
"Euskara jalgi hadi plazara" esan zuen batek 500 urte inguru dela. Tigrayarren batek ere esan du antzeko zerbait duela gutxi "jalgi hadi zelaira", eta zelatik mundura, zenbaki baten gainean letra batzuk jarrita.
6 milioi hiztun inguru ei ditu tigrinyerak. Eritrean eta Etiopian ez ezik, jatorrizko lurraldeetan, diaspora handia dute. Suedian edo Kanadan adibidez, kolonia handiak daude. Hizkuntzak Interneten zer presentzia duen tamaina hartzen ibili naiz eta zerbait badago, Wikipediaren bertsioa adibidez, edo ikasteko metodo eta material batzuk: hau, hau edo hau adibidez. Ematen du Interneten ez duela hedapen zabalik eduki oraindik, baina hor dabiltza. Ka
Portzierto, euskarak askoz hiztun gutxiago (datuak datu) eta zenbat jenderi piztu dio jakin mina kirolari baten kamisetan edo izenean X, TX, TZ edo K grafien presentziak?
Tira ba, ez dezagun burua psikolasto linguistikoekin nekatu. Kantu eta dantzako hizkuntza ere bada tigrinyera (danak legez):

