Bon courage
Konbentzio sozial antzeko bat dabil gurean, paseoan gabiltzala, kale erdian elkarri begitu ere egin barik ibiltzen garen bitartean, baso edo kamino bakartietan begitu eta epa! esaten diogu berehala bidean suertatzen zaigunari. Komunikazioa ere errazago dator.
Lehengo egunean paseoan hasi nintzen Santutxu eta Boluetan behera, errekarantz, Boketeko zubia pasatu eta eskuinera jo nuen Gurugun gora egiteko asmotan. Hantxe, beste paseante bat arrimatu zitzaidan (kamera neraman aldean) - E! Badakizu etxe hauek laster botako dituztela? Errepide berria egin behar dute eta hau dena fuera doa. Zergatik ez dizkiezu argazki batzuk egiten? Bestela pena bat izango da.
Egia esanda ez nien etxeoi asko erreparatu, goiko basoa edo handik ikusten den paisaia neukan objektiboaren begi puntuan jarrita, hala ere, gizalegea gizalege (biok ginen gizonezkoak alegia), kamera atera eta argazki pare bat egin nituen. Ez nintzen pozik geratu argazkiokin hala ere.
Gaur lehengo eskaera hura eduki dut hor bueltan. Eguraldi ona egiten du, tira, egingo dut osteratxoa haraino, kamera txikiarekin baina sikiera airea hartuko dut.
Boluetan behera berriro eta han plantatu naiz. Zubitik hasi eta etxeotara arrimatzen hasi naiz. Han orduko, konturatu naiz Ertzaintzaren kontrola egon dela errebueltan. Horrelakoetan ez du ematen itxura onekoa kamara eskuan aurrean ibiltzea, eta barrurantz sartu naiz, eta argazkiekin segitu.
Mutil bat egon da han barruan, niri begira geratu da. Halako batean hurreratu eta zertan nabilen galdetu dit. "Nor zara zu?", urruneko azentuarekin eta amable. Istorioa kontatu diot. Polizia edo zerbait arraroa nintzela pentsatu izan du, errezeloz dabilela barruntatzen zaio. Berak ere zerbait entzunda eduki du etxeak bota behar dituztela-eta. Lasaitu eta irribarre egin du, etxeon historiaz ez du ezer jakin (geure antzera seguruenik), eta agur esan dit: "Bon courage!".
Bide bakartietan zabiltzala arrimatzen zaizkizun horiekin zorretan-edo ere errazago geratzen zarela dirudi.
